Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2015eko abenduaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5369

AGINDUA, 2015eko abenduaren 2koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2015-2016 ikasturterako laguntzetarako deialdia egiten duena, zero eta hiru urte arteko umeentzako haur-eskolen titular diren toki-korporazioentzat.

2004ko azaroaren 19an argitaratu zen azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituena; hain zuzen ere, 2., 3., 4., 5., 6. eta 11.a, eta lehen, bigarren, hirugarren, seigarren eta zazpigarren xedapen gehigarriak. Azken dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan. Hain zuzen ere, abenduaren 17ko 297/2002 Dekretu horretan finkatzen diren lehentasun-irizpideen artean daude adin-tarte horretako eskaintza estaltzea eta titulartasun publikoko haur-eskolak sustatzea, gaur egungo eskaintza finkatzearren. Irizpide horiei jarraituz, honako hau ematen da aditzera 297/2002 Dekretu horretako bigarren xedapen gehigarrian: «Gaur egungo udal-titulartasuneko haurtzaindegien eta haur-eskolen eskaintza sendotu ahal izateko, dekretu hau indarrean sartu baino lehen, hezkuntzako Administrazioak hitzarmenak egingo ditu haur-eskolak edota haurtzaindegiak sortu dituzten toki-korporazioekin».

Era berean, bigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, «xede horrekin, ikasturte bakoitzaren hasieran Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deialdi bat egingo du 0-3 urte arteko haurrei arreta eskaintzen dieten haur-eskoletako arduradunak diren toki-korporazioekin lankidetza-hitzarmenak sinatzeko; bertan zehaztuko dira finantzaketaren kantitateak, horretarako aurreikusitako kontu-sailaren kontura izango direnak. Hitzarmen horien indarraldia ikasturte osoan luzatuko da, eta urtero berrituko dira. Finantzaketa jasoko duten kantitateak zehazteko, Haur Eskolan betetako plazak hartuko dira kontuan, bai eta ikasturtean izandako plazen bariazioa ere».

Xedapen horiek betetzeko, agindu honen helburua izango da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta haurtzaindegien eta/edo haur-eskolen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalen artean lankidetza-hitzarmenak garatzea, kostuak murriztu eta, bestalde, zero eta hiru urte arteko haurrentzako udal-titulartasuneko haur-eskolen gaur egungo eskaintza 2015-2016 ikasturtean sendotzeko.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hitzarmena sinatzen duen udal bakoitzari egingo dizkion ekarpen ekonomikoak udal-titulartasuneko haur-eskolan okupatutako postuen arabera finkatuko dira. Okupatutako plaza bakoitzarengatik emango den kantitatea zehaztutako moduluaren balioaren % 60 izango da 0-1 eta 1-2 tarteen kasuan, eta % 100, berriz, 2-3 tartearen kasuan, 2015eko irail-abenduari, biak barne, dagokion ekitaldian eta 2016ko urtarril-uztailari, biak barne, dagokion ekitaldian.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsiak, bere VI. tituluan xedatu duenarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuko diru-laguntzak arautu ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko den gastu espedienteen tramitazio aurreratua arautzen duen Ogasun eta Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa oinarritzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua da 0 eta 3 urte arteko haurrentzako haur-eskolen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak diruz laguntzea. 4.690.000 euro banatuko dira deialdiaren bitartez.

Aurreko paragrafoan aipatutako aurrekontu-baliabideak agortuz gero, laguntzen onuradunen arteko hainbanaketa egingo da.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Pertsona edo erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte, prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta burutzeko.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo helbide elektroniko honetara: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/haurmuni/y22-izapide/eu

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3. artikulua.– Helburua.

Agindu honi dagozkion diru-laguntzak zero eta hiru urte arteko haurrentzako udal-titulartasuneko haur-eskolen mantentze-kostuak finantzatzeko laguntza gisa emango dira.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Haurtzaindegi eta/edo haur-eskolen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalek hartu ahal izango dute parte deialdi honetan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen Haur Eskolak arautu dituen abenduaren 17ko 297/2002 Dekretua indarrean jarri aurretik sortutako haurtzaindegiak eta/edo haur-eskolak badira. Bere garaian Gizarte Laguntzako Institutu Nazionalak eskualdatutako haurtzaindegien titular diren udalek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta eskaerak aurkezteko epea hasten denerako Haurreskolak Partzuergora bildu ez badira.

2.– Laguntzarik eman edo ordaintzeko, amaituta egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak emandako izaera bereko laguntzak edo diru-laguntzak direla-eta hasi eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta haren erakunde autonomiadunak oraindik izapidetzen ari diren edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

3.– Agindu honen bidez araututako laguntzetan ezingo dute parte hartu zigor-arloko zehapena edo administrazio-zehapena dela-eta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten erakundeek, ezta horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioagatik zigortutakoak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

5. artikulua.– Betebeharrak, baldintzak eta haien akreditazioa.

1.– 2006ko ekainaren 19ko Aginduan ezarritakoaren arabera, EAEko toki-erakundeak salbuetsita daude zerga-betebeharrak beteta dituztela egiaztatzetik. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 52. artikulua betez, izapidetze elektronikoaren bitartez laguntzak eskatu dituen pertsonak edo erakundeak zergabetebeharretan egunean egon behar duela dioen baldintza betetzen duela organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki, behar bestetan. Horretarako, ez da beharko erakunde eskatzailearen oniritzirik.

2.– Eskabideetan jasota egongo da laguntza eskatzen duen pertsonak edo erakundeak beren beregi onartzen duela organo kudeatzaileak gainerako datu edo dokumentu horiek lortzea edo egiaztatzea, hala bide presentziala nola elektronikoa erabiltzen duenean. Hori gorabehera, Herri Administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko eskumenak ditu.

3.– Ez da berriro aurkeztu behar lehenagoko deialdietan Administrazioan aurkeztutako dokumentaziorik.

4.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso badira edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, hala adieraztea.

b) Erakunde eskatzailea ez dagoela zigortuta ez administratiboki ez penalki diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko, edo ez duela laguntzarik jasotzea eragozten dion inolako lege-debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bidez zigortutako sexuagatiko bereizketak barne.

Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta egon ezean, edo erregistro horretan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

6. artikulua.– Plaza bakoitzari esleituko zaion diru-kopurua.

Okupatuta dagoen postu bakoitzeko zenbatekoa agindu honetako 6. artikuluan ezarritako moduluaren % 60 izango da 0-1 eta 1-2 tarteen kasuan, eta % 100, berriz, 2-3 tartearen kasuan, 2015eko irail-abenduari, biak barne, dagokion ekitaldian eta 2016ko urtarril-uztailari, biak barne, dagokion ekitaldian; betiere, deialdi honetan ezarritako salbuespen eta baldintzen arabera.

7. artikulua.– Plaza-kopurua.

1.– Haur-eskolan okupatutako postuen kopurua zehazteko, 2015eko irailetik abendura bitarteko aldirako, biak barne, 2015eko irailaren 15ean inskribatuta dauden haurren kopurua hartuko da aintzat. 2016ko urtarriletik uztailera bitarteko aldirako (biak barne), berriz, 2016ko urtarrilaren 8an aurreinskribatuta dauden haurren kopurua hartuko da aintzat. Hori dela-eta, udalak data horietan inskribatuta dauden haurren zerrenda zehatza igorriko du, jaiotza-urtea adieraziz, eta horretarako udalaren edo organo eskumendunaren idazkariak ziurtagiria igorriko du. Dena den, Hezkuntza Ikuskapenak dagozkion egiaztapenak egin ahal izango ditu.

2.– Irailaren 15ean lau hilabete edo gehiago dituztela matrikulatutako haurrek ikasturte osoko diru-laguntza jasotzeko eskubide izango dute.

3.– 2015eko azaroaren 15ean matrikulatutako gainerako haurrek diru-laguntza jasotzeko eskubidea emango dute, lau urte baino gutxiago badituzte. Eskala honen arabera emango dira laguntzak:

a) Maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitartean jaiotakoek, 2015eko urritik 2016ko uztailera bitartean.

b) Ekainaren 16tik uztailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2015eko azarotik 2016ko uztailera bitartean.

c) Uztailaren 16tik abuztuaren 15era bitartean jaiotakoek, 2015eko abendutik 2016ko uztailera bitartean.

d) Abuztuaren 16tik irailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2016ko urtarriletik uztailera bitartean.

e) Irailaren 16tik urriaren 15era bitartean jaiotakoek, 2016ko otsailetik uztailera bitartean.

f) Urriaren 16tik azaroaren 15era bitartean jaiotakoek, 2016ko martxoaren uztailera bitartean.

8. artikulua.– Moduluak haur bakoitzeko.

Honako hauek dira 2015 eta 2016 urteetarako moduluak haur bakoitzeko eta adin-tarte bakoitzeko:

(Ikus .PDF)

9. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabide-orriak bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dira, euskadi.net egoitza elektronikoan sartuta (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/haurmuni/y22-izapide/eu)

2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Era berean, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

3.– Deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4.– Eskaerarekin batera, honako agiriak ere aurkeztu behar dira:

a) Haur-kopuruaren laburpena, adinaren arabera: 0-urtebete artekoak; 1-2 urte artekoak eta 2-3 urte artekoak zenbat diren 2015eko azaroaren 15ean, eta 2016ko urtarrilaren 8rako aurreikuspenak (I. eranskina).

b) Agindu honetako 7. artikuluan ezartzen diren datetan eta baldintzetan matrikulatuta dauden 2015. urtean jaiotako haurren zerrenda zehatza (II. eranskina).

c) Agindu honetako 7. artikuluan ezartzen diren datetan eta baldintzetan eskolatuta dauden 2014. urtean jaiotako haurren zerrenda zehatza (III. eranskina).

d) Agindu honetako 7. artikuluan ezartzen diren datetan eta baldintzetan eskolatuta dauden 2013. urtean jaiotako haurren zerrenda zehatza (IV. eranskina).

e) 2015-2016 ikasturtean eskatutako eta/edo jasotako laguntzen zerrenda (V. eranskina).

f) 2015-2016 ikasturtean zerbitzua garatu ahal izateko, udalak haur-hezkuntzako eskolari esleitu dion aurrekontu-esleipena. Bereizi egin behar dira sarrerak (familiek jartzen dituzten kuotak barne) eta gastuak, eta adierazi egin beharko da jardueraren ondorioz sortzen den defizita (VI. eranskina).

g) Haur-eskolako hezkuntza-langileen zerrenda (VII. eranskina).

5.– Hezkuntza-proiektua haur-eskolan gordeko da, eta agindu honen 18. eta 19. artikuluetan ezarritako jarraipen-batzordearen esku geratuko da. Hezkuntza-proiektu horrek honako hauek hartuko ditu bere baitan, besteak beste:

a) Haur-kopurua, adinaren arabera, taldekatzeko irizpideak, unitate-kopurua, adinaren eta hizkuntza-ereduaren arabera.

b) Unitate bakoitzeko haur-hezitzaileen zerrenda, ondokoak jasoz: lan-egoera, titulazioa eta hizkuntza-gaitasuna. Laguntza-langileen zerrenda ere jasoko da.

c) 0-3 urterako haur-eskolaren egutegi-ordutegiak eta eskainitako zerbitzuak: jantokia, mediku- eta osasun-laguntza, laguntza psikologikoa, gurasoen eskola...

d) Jarduketak hezkuntza-eremuan dituen balio, helburu eta lehentasunen definizioa.

6.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Haur hezkuntzako diru-laguntzak» izena duen fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau, bai eta deialdira biltzen diren udalei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Ikastetxeen Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna. Datuak aurkatu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Ikastetxeen Zuzendaritza erabili ahal izango dira. Horretarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailera jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek Ikastetxeen Zuzendaritzari baimena ematen diote, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko.

10. artikulua.– Prozedura aurrera ateratzea eta eskaeren zuzenketa.

1.– Ikastetxeen Zuzendaritzak eramango du aurrera prozedura.

2.– Ikastetxeen Zuzendaritzak eskabidean hutsik edo akatsik antzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, huts edo akats horiek zuzentzeko. Hamar egunak igarota zuzentzen ez baditu, eskatzaileak eskaerari uko egin diola ulertuko da, 4/1999 Legearen 42. artikuluak aurreikusitako moduan idatzi beharreko ebazpena eman ondoren.

11. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Hauek izango dira balorazio-batzordeko kideak:

– Ikastetxeen zuzendaria; presidentea izango dena.

– Hezkuntzako ikuskari nagusia edo haren ordezko moduan Hezkuntzako ikuskari bat, Hezkuntzako ikuskari nagusi horrek izendatuta.

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, zuzendaritza horretako titularrak izendatuta.

– Ikastetxeen Zuzendaritzako bi pertsona, zuzendaritza horretako titularrak izendatuta. Idazkari-lanak egingo ditu horietako batek.

12. artikulua.– Balorazio-batzordearen funtzioak.

Balorazio-batzordeak aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du, eta haur-eskola bakoitzari laguntza emateko proposamena aurkeztuko dio Hezkuntzako sailburuordeari, betiere agindu honetako 6., 7. eta 8. artikuluetan ezarritako irizpideen arabera.

13. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak emango du deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko ebazpena, balorazio-batzordeak egindako proposamena aztertu eta gero. Ebazpen hori udal eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta, denek jakiteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Epea amaitu eta interesdunei ebazpenik jakinarazi ezean, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

14. artikulua.– Hitzarmenak.

Onartutako eskabideak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta laguntza jaso duten udalen arteko hitzarmenaren bidez gauzatuko dira, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hilabeteko epean. Hitzarmen hori agindu honetako VIII. eranskinean jasota dago.

15. artikulua.– Laguntzak jaso eta dagozkion frogagiriak aurkeztea.

1.– Diru-laguntza bo epetan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa, % 30ekoa, 14. artikuluan aipatzen den hitzarmena sinatu ondoren gauzatuko da.

b) Bigarren ordainketa, % 70ekoa, diru-laguntzaren onuradunak 2015-2016 ikasturtean izandako gastu eta diru-sarreren agiri bidezko justifikazioa aurkeztu ondoren egingo da; justifikazio hori udal-idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiri bidez egingo da (IX. eranskina). Inprimaki-eredua https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/haurmuni/y22-izapide/eu egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

Frogagiri horiek baliabide elektronikoz aurkeztu behar izango dira, web gune honetan: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

2.– Frogagiriak aurkezteko epea 2016ko uztailaren 1etik 31ra arte izango da eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Ikastetxeen Zuzendaritzan aurkeztuko dira.

3.– Ikasleen datuak aztertu eta gero, Administrazioak eskubidea izango du Hezkuntzako sailburuordeak emandako kitapen-ebazpenean onuradunei emandako diru-kopuruak doitzeko, beti ere onuradunari entzun eta gero. Emandako laguntza gutxitzea beharrezkoa bada, 698/1991 abenduaren 17ko Dekretuaren prozesuarekin bat egingo da.

4.– Ikastetxeek 2015-2016 ikasturtean egindako ekintzei buruzko txostena Jarraipena Batzordearen eskura izango dute. Txosten horrek atala hauek izango ditu gutxienez.

a) 2015-2016 ikasturtean egindako ekintzen garapena.

b) Hezkuntza Proiektuan adierazitako helburuak zein neurritan lortu diren.

c) Emaitzen azterketak, programak nola egokitu edo aldatu behar diren proposatuz.

16. artikulua.– Bateragarritasunen araubidea.

1.– Deialdi honen bidez lortutako diru-laguntza bateragarria izango da hezkuntza-arloan eskumenik ez duten herri-administrazioen menpe dauden organoen edo entitate pribatuen bidez lortutako beste edozeinekin. Alabaina, diru-laguntza guztien batura ezin izango da gastuaren % 100 baino gehiagokoa izan. Halakorik gertatzen bada, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera dagokion diru-laguntzari.

2.– Dena dela, diru-laguntza hartzen duen udalak nahitaez eman beharko dio xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri diru-laguntza eman dion administrazioari, horrela xedatzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

17. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Eska daitekeen beste edozer, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 paragrafoan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

2.– Era berean, diru-laguntzaren onuradunak nahitaez lagundu beharko du administrazio emaileak egiten dituen egiaztapen-ekintzetan eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako kontrol-ekintzetan, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu horretako 50.2 artikuluak.

3.– Udal onuradunak emandako diru-laguntza onartu beharko du, diru-laguntza ematen zaion jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epearen barnean, diru-laguntzari espresuki eta idatziz uko egiten zaionean izan ezik. Halakorik gertatzen ez bada, beraz, onartu egiten dela ulertuko da.

18. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta kasuan kasuko udalak izenpetu behar duten eta 14. artikuluan aipatzen den hitzarmena behar bezala gauzatzen dela bermatzeko, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Honako kide hauek izango ditu batzordeak:

– Ikastetxeen zuzendaria edo haren ordezkoa, presidentea izango dena.

– Hezkuntzako ikuskatzaile bat, ikuskatzaile nagusiak izendatua.

– Ikastetxeen Zuzendaritzako teknikari bat, Idazkari jardungo duena.

19. artikulua.– Jarraipen-batzordearen funtzioak.

1.– Jarraipen-batzordeak, berak finkatutako prozeduraren arabera, hitzarmena eta hezkuntza-proiektua (haur-eskolak gordeko duena) noraino betetzen diren ikuskatu ahal izango du.

2.– Horretarako, jarraipen-batzordeak, 15.1 artikuluan aurreikusitako bigarren ordainketa egin baino lehen, udalek eskaerarekin batera aurkeztutako datuak aztertu ahal izango ditu. Batzordeak, hala behar izanez gero, bere egitekoak betetzeko beharrezko deritzen dokumentuak eskatu ahal izango dizkie udalei. Dokumentu horien arabera egin ahal izango du dagokion txostena. Txosten hori Ikastetxeetako Zuzendaritzara bidaliko da, eta aldekoa izanez gero, azken ordainketa egingo da. Nolanahi ere, txosten hori udal bakoitzaren eskura egongo da.

20. artikulua.– Ez betetzea eta itzultzeko prozedura.

Diru-laguntza emateko bide eman zuten baldintzetako bat ez dela betetzen egiaztatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio jasotako diru-zenbatekoa eta horren legezko interesak, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat. Eta, batez ere, honako kasu hauetan:

a) Justifikatzeko obligazioa ez betetzea.

b) Laguntza zertarako eman, horretarako ez erabiltzea.

c) Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.

d) Agindu honen 17. artikuluan ezarritako obligazioetarikoren bat ez betetzea.

e) Jardueraren kostua behar baino gehiago finantzatzea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2007ko apirilaren 26ko Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diren gatu-espedienteen aldez aurreko tramitazioa arautzen duenak, 5.3 artikuluan xedatzen dituen ondorioetarako, agindu honen diru-laguntzak ebaztea 2016. urterako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan kreditua egotearen menpe egongo da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek arautzen ez dituen prozedura-gaietarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko da, 4/1999 Legeak (urtarrilaren 14ko BOE) aurreikusitako aldaketak kontuan hartuz.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari baimena ematen zaio agindu hau betetzeko beharrezko diren jarraibide guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 2a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala