Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2015eko abenduaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5364

AGINDUA, 2015eko abenduaren 2koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzekoa (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak).

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren (aurrerantzean, DBLO) 20. artikuluaren arabera, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko egunkari ofizialean argitaratutako xedapen orokorraren bidez bakarrik sortu, eraldatu edo ezaba daitezke Administrazio publikoen titulartasunekoak diren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak; aipatutako artikulu horrek eta hori garatzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren 54. artikuluak zehazten dute xedapen horren oinarrizko edukia.

Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa (DBEB) Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 18. artikuluak Datuak Babesteko Erregistroa sortzen du, eta, ezartzen duenaren arabera, bertan inskribatu beharko dira lege horren aplikazio-esparruak barne hartzen dituen fitxategiak.

Eusko Legebiltzarraren 2/2004 Legea garatzen duen urriaren 18ko 308/2005 Dekretuaren 2. artikuluak zehazten duenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izaera pertsonaleko datuen fitxategiak sortu, eraldatu edo ezabatzeko egindako eragiketen berri emango dio Datuak Babesteko Euskal Bulegoari (DBEB), Datuak Babesteko Erregistroan inskripzioa egin dezan, xedapena edo erabakia jasoz; hori guztia, izaera pertsonaleko datuen fitxategiak sortu, eraldatu edo ezabatu direla Datuak Babesteko Erregistroari jakinarazteko inprimaki elektronikoak onartzen dituen eta jakinarazpenak nola izapidetu arautzen duen Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariaren 2014ko urriaren 31ko Ebazpenari jarraituz (EHAA, 218. zk., 2014ko azaroaren 14koa).

Aurrez, Kultura Sailak kudeatutako datu orokorren fitxategiak arautu ziren; hain zuzen ere, Kulturako sailburuaren 2006ko uztailaren 27ko Aginduaren bidez (EHAA, 173. zk., 2006ko irailaren 11koa). Agindu hori, gerora, aldatu egin zuen Kulturako sailburuaren 2010eko azaroaren 9ko Aginduak (EHAA, 20. zk., 2011ko urtarrilaren 31koa).

Horrez gain, Kulturako sailburuaren 2011ko maiatzaren 24ko Aginduak (EHAA, 108. zk., 2011ko ekainaren 8koa), zinpeko itzultzaile eta/edo interprete gisa lanean aritzeko gaikuntza eskuratu duten pertsonen erregistroa arautzen duenak, «Zinpeko itzultzaile/interprete» fitxategia sortu zuen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta eraldatzeko abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Lehendakariarenak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila sortu zuen, eta hainbat zeregin esleitu zizkion hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloan. Horrez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak hainbat jarduketa berri jarri zituen martxan hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloetan. Izaera pertsonaleko datuak kudeatzeko beharrei buruzko barne-azterketa egin ostean hautemandakoaren arabera, beharrezkoa da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arlo horietan kudeatzen dituen fitxategiak eguneratzea.

Hori dela eta, aurrez aipatutako legeak betetze aldera (Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea), bai eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legea ere, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea izaera pertsonaleko datuak barne hartzen dituzten eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko hezkuntzaren, hizkuntza-politikaren eta gizarte-hedabideen arloek kudeatzen dituzten fitxategiak arautzea da.

2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak agindu honen IV. eranskinean jasotako izaera pertsonaleko datuen fitxategiak kudeatzen ditu. Eranskin horretan, fitxategi bakoitzaren izena dago adierazita, baita honako xehetasun hauek ere: helburua eta aurreikusitako erabilerak; datuen jatorria; zer pertsona-multzori buruzko datu pertsonalak eskuratu nahi diren; fitxategiaren oinarrizko egitura, identifikazio-datuen eta, hala badagokio, bereziki babestutako datuen eta gainerako datu pertsonalen kategorietako datuen deskribapen zehatzaren bidez, eta datuak antolatzeko erabilitako tratamendu-sistema; aurreikusitako datu-komunikazioak; datuen nazioarteko transferentziak; datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horiei aurka egiteko eskubideak zein zerbitzu edo unitatetan gauza daitezkeen; eta kasu bakoitzean eska daitekeen segurtasun-maila (oinarrizkoa, ertaina eta altua), Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20.2 artikuluaren eta hori garatzen duen araudiaren arabera.

2. artikulua.– Fitxategiak sortzea, eraldatzea eta ezabatzea.

Hurrenez hurren, sortu, eraldatu eta ezabatu egiten dira agindu honen I, II eta III. eranskinetan zerrendatzen diren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak.

3. artikulua.– Datuak lagatzea.

1.– Agindu honen IV. eranskinean fitxategi bakoitzari dagokionez aurreikusitako datu-lagapenak ezertan eragotzi gabe, fitxategietako datuak laga ahal izango dira, Administrazioaren esparruan, ordenamendu juridikoak agindutako funtzioak betetzeko, antzeko eskumenak edo gai berberei dagozkienak baliatu ahal izateko.

2.– Halaber, fitxategi horietako datuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoko eta bestelako Administrazio publikoetako estatistika-organo eta -zerbitzuei utzi ahal izango zaizkie; betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean eta Estatistika Funtzio Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legean xedatutakoaren babesean.

3.– Era berean, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2 artikuluaren arabera, izaera pertsonaleko datuak Herriaren Defendatzaileari, Fiskaltzari edo epaileei edo epaitegiei, Kontuen Auzitegiari edo antzeko funtzioak dituzten erakunde autonomikoei laga ahal izango zaizkie, beren egitekoak buru ditzaten, aldez aurretik interesdunaren baimena eskuratu behar izan gabe.

4. artikulua.– Segurtasun- eta kudeaketa-neurriak.

Fitxategi bakoitzaren ardura duten organoek behar diren neurriak hartuko dituzte, honako hauek bermatzeko: fitxategi horiek euren xederako erabiliko direla, izaera pertsonaleko datuak seguru daudela, eta datuok ez direla eraldatuko, galduko edo baimenik gabe tratatuko. Gainera, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta berau garatzeko arauetan aitortutako bermeak, betebeharrak eta eskubideak eraginkor egiteko neurriak hartuko dituzte.

5. artikulua.– Datuak tratatzeko zerbitzuak ematea.

1.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango ditu izaera pertsonaleko datuak tratatzeko xedearekin, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak datuen titularren bermeei eta babesari buruz ezartzen duena zehatz-mehatz beteta.

2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren kontura izaera pertsonaleko datuak tratatzeko zerbitzuak ematen dituztenek tratamenduaren arduradun gisa beteko dituzte agindu zaizkien eginkizunak, tratamenduaren arduradunak emandako jarraibideak beteta, eta hala jasoko da zerbitzuak eskaintzeko helburuarekin egiten den kontratuan. Aipatutako zerbitzuak ematen dituztenek ezin izango dituzte datuok beste xede baterako aplikatu edo erabili, eta ezin izango diote inori haien berri eman, nahiz eta datuak gordetzeko asmoarekin izan, horrela xedatzen baitu abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikuluak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean jartzean, indargabeturik geratuko dira bertan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko mailako xedapen guztiak, eta, batez ere, honako hauek:

Agindua, 2006ko uztailaren 27koa, Kulturako sailburuarena, eta 1995eko urriaren 5ekoa, Kulturako sailburuarena; horien bidez, Kultura Saileko eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABE) izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzen dira, HABEren fitxategiei dagokienez izan ezik.

Agindua, 2010eko azaroaren 9koa, Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez aldatu egiten den 2006ko uztailaren 27ko Agindua, Kulturako sailburuarena, Kultura Saileko eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABE) izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzen dituena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 2a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala