Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2015eko abenduaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
5359

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 1ekoa, Euskadiko Prezioen Batzordearena, Monte Igueldo SA enpresak ematen dituen zerbitzuen 2016. urterako tarifak onartzekoa.

Euskadiko Prezioen Batzordeak, 2015eko abenduaren 1an egindako bilkuran hartu zuen erabakiaren xedapenak argitaratzen dira, guztiek jakin dezaten.

ERABAKIA

Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzan sarrera eman zaio Monte Igueldo SA enpresak aurkeztutako eskariari. Eskari hori enpresa horren zerbitzuen 2016. urterako tarifak berrikustekoa zen.

Monte Igueldo SA enpresak ematen dituen zerbitzuei dagozkien tarifak prezioak kontrolatzeko araudiari loturik daude, «autonomia erkidegoko prezio baimenduak» modalitatean, ekainaren 7ko 7/1996 Errege Lege Dekretuaren 16.4 artikuluari jarraikiz, Izaera Fiskaleko eta Jarduera Ekonomikoa Sustatu eta Liberalizatzeko Presazko Neurriei buruzkoa (ekainaren 8ko BOE, 139. zenbakia).

Euskadiko Prezioen Batzordeari dagokio eskumen hori otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuak, Euskadiko Prezioen Batzordea arautzen duena (otsailaren 16ko EHAA, 31. zenbakia) eta 2010eko ekainaren 15eko Aginduak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, baimendutako prezioak eta jakinarazitako prezioak berrikusteko prozedurari buruzkoa, xedatutakoaren arabera (uztailaren 64ko EHAA, 128. zenbakia).

Aipatutako arauak ekonomia-oreka jakin bat lortzekoak dira. Gainera, bizitza-kostuarekiko prezioak osatzeko tresnak zaintzekoak ere badira.

2016. urterako aurkeztu diren tarifak berrikusteko espedientea aztertuta, Euskadiko Prezioen Batzordeak uste du proposatutako igoera ez dagoela justifikatua; izan ere, erabilera turistikoa izan arren, Monte Igueldo SA enpresak eskainitako zerbitzua izaera publikokoa da, eta hala kudeatzen da. Horregatik, hauek aintzat hartu dira: batetik, 2013an, erabiltzaile-kopurua igo da, eta, ondorioz, sarrerak ere bai; gainera, ez da inbertsiorik egin; beraz, superabita izan da azken urteotan. Enpresak aurkeztutako ikerketa ekonomiko propiotik ondoriozta daitekeenez, ustiaketa-kostuen ia bikoitza da indarreko tarifekin lortutako estaldura-maila; bestalde azken hamabi hilabeteotako KPI orokorraren garapena, negatiboa da (% -0,4 EAEn eta % -0,3% Gipuzkoan). Nahikoa arrazoi dira horiek guztiak adierazteko egokia dela 2015eko ekitaldirako onartutako tarifei eustea 2016an ere.

Horrenbestez, Euskadiko Prezioen Batzordeak honako hau erabaki du:

Lehenengoa.– Baimentzea Monte Igueldo SA enpresak ematen dituen zerbitzuen 2016. urterako tarifak, Balio Erantsiaren Gaineko Zerga eta Bidaiarien Derrigorrezko Asegurua barne direla. Hona hemen kontzeptuak eta zenbatekoak:

– Tarifa orokorra: 1,75

– Tarifa berezia (joan-etorria): 3,15

Bigarrena.– Erabaki honek 2016ko urtarrilaren 1etik izango ditu ondorioak.

Ebazpen honek administrazioko bideari amaiera ematen dio; beraz, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasi eta hilabete biko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 1a.

Euskadiko Prezioen Batzordeko burua,

JOSÉ M.ª BARRUTIA LEGARRETA.


Azterketa dokumentala