Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2015eko abenduaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5123

217/2015 DEKRETUA, azaroaren 24koa, Aspanogi-Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartea gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-interesekotzat aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen ere aitortzeko haien ibilbidea eta Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreak EAEko gizarte-zerbitzuen garapenaren alde ematen duen laguntza.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-interesekotzat aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko betekizunak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, Aspanogi-Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteak aipatutako aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak jakinarazi duenez, Aspanogi-Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta 1996an eratu zen. Elkarte horren xede nagusia da minbizia duten haurren eta haur horien gurasoen egoera medikoa, psikologikoa eta asistentziazkoa hobetzen laguntzea. Horrela, lan egiten du haurren eta familien garapen afektiboa egokiena izan dadin, bizi duten egoera berezia aintzat hartuta. Horrez gain, haur eta familia horien bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak egiten ditu, eta gaixotasun hori eta dauden tratamenduak hobeto ezagutzen laguntzen du. Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu izana 2010. urtetik hona, Gipuzkoako Lurralde Historikoan nagusiki.

Aipatutako urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluan erabakitako dekretu bidez aitortuko da gizarte-interesekotzat elkarte hau, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko azaroaren 24an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aspanogi-Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartea gizarte-interesekoa dela aitortzea, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Aspanogi-Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteak aitorpen honen berezko eskubideak merezi dituela onartzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko azaroaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala