Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2015eko abenduaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5120

EBAZPENA, 2015eko azaroaren 3koa, Hezkuntzako sailburuordearena, 2016. urtean irakasleen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako deia egiten duena.

47/1993 Dekretuak (1993-04-02ko EHAA) irakasleen HE1 eta HE2 hizkuntza-eskakizunak ezarri zituen. Gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1994ko urtarrilaren 10eko Aginduak (1994-01-26ko EHAA) Irale programaren ebaluazioa eta hizkuntza-eskakizunen azterketetako edukia eta forma arautu zituen. 1995eko apirilaren 10eko Aginduak (1995-05-11ko EHAA) eta 1998ko urriaren 22koak (1998-11-05eko EHAA) azterketaldi mota desberdinen kalifikazio-sistemak ezarri zituzten. Era berean, apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuak (2005-04-14ko EHAA) HLEA hizkuntza-eskakizuna sortu eta arautu zuen Hezkuntza Bereziko lan-legepeko heziketa-langileentzat.

Honako ebazpen honen xede nagusia irakasleen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen 2016. urterako deia egitea da.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ebazpen honen xedea irakasleen HE1, HE2 eta HLEA hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen 2016. urterako deia egitea da, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan.

2. artikulua.– Hezkuntza Sailak, 2016. urtean, hizkuntza-eskakizunen deialdi itxi bat egingo du, Iralen liberatuta dauden ikasketariei zuzendua, eta deialdi ireki bat. Deialdi bakoitzeko matrikulazio-baldintzak ebazpen honetan zehazten dira. Deialdi itxiak bi azterketaldi izango ditu, bat ekainean eta bestea irailean.

3. artikulua.– Hizkuntza-eskakizunen deialdi itxian ikasketari hauek matrikulatu beharko dute: 2015-2016ko ikasturtean Irale programan dagokien amaierako ikastaro-mota egiteko liberatutako ikasketariek, hau da, U2koek eta 3000koek HE1erako, U3koek edo 5000koek HE2rako, eta 4000koek HLEArako. Horretaz gain, kasuan kasuko azterketan matrikulatzeko aukera izango dute 3300, 4300, 5300 edo N040 ikastaro-mota egiten ari diren ikasketariek, baldin eta azterketa-eguna baino lehen 450 orduko txanda osoa tarteko etenik gabe ikasi izana egiaztatzen badute.

4. artikulua.– Deialdi irekian matrikulatu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan irakasle edo heziketa-lanean aritzeko 2015-2016ko ikasturteko hautespen-prozesu publikoetan parte hartzen dutenak, beren deialdiaren baldintzen barnean, eta prozesu horiek finkatzen dituzten arauen arabera, hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatu behar badute. Hautespen-prozesuen deialdia beranduegi deitzen bada, izangaiak hizkuntza-eskakizunen azterketetara joan ahal izateko, berariazko azterketak egin ahal izango dira geroago, deialdi irekiaren esparruan.

5. artikulua.– Hezkuntza Bereziko HLEA eskakizunerako, konkretuki, honako hauek matrikulatu ahal izango dira: 4. artikuluan aipatuez gain, Gizarteratzeko edota Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikariaren titulazioa edo baliokidea dutenak, bai eta Fisioterapeuta, Gizarte-langile, Lanbidezko Terapeuta eta Zeinu Hizkuntzako interpretearen titulazioa dutenak ere. Orobat Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Bereziko lan-legepeko heziketa-langile bezala aritzen direnak eta arlo horretan indarrean dagoen ordezkapen-zerrendan daudenak.

6. artikulua.– HE2ko deialdi irekirako, berriz, honako hauek ere matrikulatu ahal izango dira: 4. artikuluan aipatzen direnez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan edo pribatu baimenduetan 2014-2015eko edo 2015-2016ko ikasturteetan zerbitzuak egin dituzten irakasle eta heziketa-langileak, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten zentroetakoak barnean direlarik. Era berean, matrikulatzeko aukera izango dute beste autonomia erkidegoren batean irakaslanean ari diren karrerako funtzionarioek edo berriro laneratzeko eskubidea dutenek eta EAEko irakaskuntza publikoko indarreko ordezkapen-zerrendetan dauden irakasleek. Zerbitzu-egiteari dagokionez, aski izango da egun bateko zerbitzua egin izana, 2014ko irailaren 1etik matrikula-egunera arte.

7. artikulua.– HE1eko deialdi irekirako, aldiz, honako hauek matrikulatu ahal izango dira: 4., 5. eta 6. artikuluek eragindako pertsonez gain, irakaslan edo heziketa-lanerako beharrezko titulazioa dutela erakusten dutenak. HE1eko azterketari-nahiek maisu, lizentziatu, diplomatu, graduatu, Gizarteratzeko edo Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikari izan beharko dute, edota irakasle eta heziketa-lanerako balio duen tituluaren jabe. Izangaiok, maisuak, pedagogoak, Haur Hezkuntzako teknikariak eta 5. artikuluan aipatutako titulazioak izan ezik, titulazio hauetariko bat izan beharko dute: Didaktika Espezializazioko Titulua (TED), Pedagogia Gaitasuneko Ziurtagiria (CAP), Irakaskuntzan Gaitzeko Master Titulu Ofiziala, lanbide haueetan jarduteko balio duena: DBHko irakaslea, Batxilergokoa, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntza, edo baliokidea.

8. artikulua.– Arau orokor gisa, deialdi itxian hizkuntza-eskakizun jakin baterako matrikulatzen diren pertsonak ezin izango dira matrikulatu eskakizun horretarako deialdi irekian 2016ko urte berean, salbu eta, langileen hautespen-prozesu publikoen datek hala aholkaturik, Hezkuntza Sailburuordetzak espresuki hala erabakitzen duenean.

9. artikulua.– Arau orokor gisa, izangaiak hizkuntza-eskakizun bakar batean matrikulatu ahal izango dira deialdi bakoitzaren barnean, alegia, bai deialdi irekian eta bai itxian. Langileriaren hautespen-prozesuetan irizpide berbera aplikatuko da, prozesuaren araudiak besterik ezartzen ez badu.

10. artikulua.– Deialdi irekian matrikulatzeko, eskabide normalizatua egin beharko da Internet bitartez, helbide honetan (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/euskara). Horrez gainera, Hezkuntza Ordezkaritzan dokumentazio gehigarria aurkeztu beharko da: NANaren fotokopia, titulazio akademikoaren, Pedagogia Gaitasuneko Ziurtagiriaren (CAP) edo baliokidearen fotokopia konpultsatuak eta egindako zerbitzuen egiaztagiria. EAEko irakaskuntza publikoko zein pribatuko langile finkoek ez dute dokumentazio gehigarririk aurkeztu beharko, baldin eta datu horiek Hezkuntza Sailburuordetzan jasoak agertzen badira. Nolanahi ere, sare pribatuko aldi baterako lan-kontratudunen kasuan edota dokumentazio hori Ordezkaritzan ez dagoen beste kasu batzuetan, interesdunak agiri horiek aurkeztu egin beharko ditu matrikula gauzatzeko. Izen-ematea bide telematikoz egin izanak ez du esan nahi gainerako dokumentazio guztia aurkeztu behar ez denik.

11. artikulua.– Irale programan liberatuta dauden irakasleak deialdi itxian matrikulatzeko prozedura Iraleko irakastegiek egingo dute. Aldiz, 3300, 4300, 5300 edo N040 ikastaroetako ikastaroetakoek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu beharko dute beren eskabidea.

12. artikulua.– Matrikulatzeko epea 2016ko urtarrilaren 13an irekiko da, eta hil horretako 22an itxiko. Deialdi itxiko ikasketarien matrikulazioa epe horretan bertan egin beharko da, edota urtarrilean liberatu eta hamabost eguneko epean.

13 artikulua.– Aurreko artikuluan ezarritako matrikulazio-epeaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoan irakasle edo heziketa-langileen hautespen-probetara 2016an aurkezten diren izangaiek proba horietarako izen-emate nagusiarekin batera egingo dute hizkuntza-eskakizunen probetarako izen-ematea ere, hautespen-proba horien deialdiak ezartzen dituen baldintzetan.

14. artikulua.– Hizkuntza-eskakizunen azterketen ebaluazio-irizpide orokorrak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1994ko urtarrilaren 10eko Aginduaren I. eranskinean ezarritakoak izango dira (1994-01-26ko EHAA). Bestetik, HLEA hizkuntza-eskakizunean apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuan (2005-04-14) ezarritako irizpideak jarraituko dira.

15. artikulua.– Deialdi itxirako kalifikazio-sistema Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1995eko apirilaren 10eko Aginduan ezarritakoa izango da (1995-05-11ko EHAA). Deialdi irekian, berriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko urriaren 22ko Aginduan (1998-11-05eko EHAA) ezarritako kalifikazio-sistema aplikatuko da. HLEAko azterketaren eskemari eta kalifikazio-sistemari dagokienez, zati idatzian lehen hizkuntza-eskakizuneko eskemari jarraituko zaio eta ahozkoan bigarren eskakizunekoari.

16. artikulua.– Era berean, arau nagusi horiek garatze eta zehazte aldera, Azterketa-batzorde Bateragileak ezartzen dituen orientabideak eta irizpideak bere horretan jarraituko dira. Ahozko probaren grabazioa berariaz bultzatuko da, azterketaren material-erregistro osagarria eskuratu ahal izateko. Baldin eta azterketariak grabazioa egin nahi ez balu, errenuntzia sinatu beharko du. Izan ere, erabaki hori dela medio, bere ahozko proba ezin izango da birzuzendu erreklamazio kasuan.

17. artikulua.– Azterketak egiteko lekuak, egunak eta orduak, bai deialdi irekirako eta bai itxirako, sailaren webgune ofizialean argitara emango dira: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/euskara

18. artikulua.– Deialdi itxira aurkezteko obligazioa duen ikasketariren batek azterketaren zati idatzira ezin joana badu, eta hutsegite hori behar bezala justifikatzen badu, Euskara Zerbitzuak arrazoi horiek baloratuko ditu eta ikasketari horri hurrengo deialdi itxian azterketa egiteko aukera eman ahal izango dio. Ezin joana ahozko azterketaren kasuan gertatzen bada, azterketaldi bereko beste egun bat erabiltzeko aukera hobetsiko da. Hurrengo txandarako erreserbaren eskabidea azterketa aurretik egin beharko da edota ezin etorria gertatu den azterketa-egunetik hasi eta hamabost egun naturaleko epean.

19. artikulua.– Aurkeztu diren azterketarien kalifikazioak sailaren webgune ofizialean emango dira argitara. Bestalde, hizkuntza-eskakizunen bat lortu dutenen datuak Hezkuntza Sailburuordetzako ziurtagirien fitxategian integratuko dira eta pertsona horiek ziurtagiria eskuratu ahal izango dute Hezkuntzako ordezkaritzetan.

20. artikulua.– Lortutako emaitzarekin konforme ez badago, azterketari orok dauka dagokion erreklamazio idatzia aurkezteko eskubidea, emaitzak argitara eman eta hiru laneguneko epean, bere kalifikazioa berrikusteko. Horretarako, dagokion batzordeko lehendakariarengana zuzendu beharko du eta erreklamazioa lurraldeko hezkuntza-ordezkaritzan entregatu. Azterketa Batzordeak hilabeteko epean argitaratu beharko ditu berrikustearen ondoriozko kalifikazioak. Era berean, Azterketa Batzordeak gutun pertsonal bidez erantzun ahal izango die hala deritzen erreklamazioei.

21. artikulua.– 1.– Azterketetan iruzur egiten edo eragiten duen edozein azterketari edo bidezko ez diren laguntzak erabiltzen dituen nornahi prozesutik baztertuta geldituko da, eta ordura arteko kalifikazioak baliogabetuta geldituko dira, bere jarduerak sor ditzakeen erantzukizunez gain.

2.– Azterketari bat baztertzeko erabakia lurraldeko azterketa-batzordearen lehendakariari dagokio edozein azterketatan, bertan dauden batzordekideen proposamenez, interesdunari entzun ondoren.

22. artikulua.– 1.– Azterketa-material guztiak, alegia, erantzun idatziak, audio-grabazioak eta partezko zein guztizko emaitzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak gordeko ditu, emaitzak argitara eman eta handik urtebeteko epean gutxienez.

2.– Aipatutako materialak isilpean daudela garantizatu beharko da, eta ezin izango da horien kopiarik egin, azterketa-batzordeen baliorazio-lanerako eta gainerako zereginetarako ez bada.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari ebazpen honetan ezarritakoa garatzeko neurriak har ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, argitara eman eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 3a.

Hezkuntzako sailburuordea,

MIREN ARANTZA AURREKOETXEA BILBAO.


Azterketa dokumentala