Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2015eko azaroaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5104

AGINDUA, 2015eko azaroaren 25ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, iragartzen da hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeak dauden udal jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuak finantzatzeko deialdia (Udalaguntza-2015).

Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriak ezartzen du toki-korporazioek eta Hezkuntza Administrazioak lankidetzan jardun behar dutela ikastetxeak sortu, eraiki eta mantentzeko, betiere indarrean dagoen legediari jarraikiz.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 1. artikuluan jasotzen diren printzipioen artean aurreikusten da hezkuntza-administrazioen eta toki-korporazioen arteko lankidetza, hezkuntza-politikaren plangintzan eta inplementazioan. Era berean, 8. artikuluko 1. idatzi-zatian ezartzen duenez, hezkuntza-administrazioek eta toki-korporazioek beren jardunak koordinatuko dituzte (bakoitzak bere eskumenen eremuan), hezkuntzarako baliabideen eraginkortasun handiagoa lortzeko eta lege horretan ezarritako helburuak lortzen laguntzeko.

Bestalde, lankidetza horri esker, lehendik zeuden baliabide publikoak optimizatu ahal izan dira, bai eta administrazioak egindako ahalegin eta jarduerei ahalik eta etekin gehiena atera ere.

Beraz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak komenigarritzat jotzen du udalaren jabetzako zentroetan obrak egiteko jarduerak sustatzea, horrela hezkuntza hobetzen lagunduko baitu.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen izapidetze aurreratua arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoan oinarritu da.

Hori dela eta, hau:

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeek dituzten udal jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuak finantzatzeko deialdia iragartzea (Udalaguntza-2015).

2.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek izango dira finantzagai diren obrak.

a) Azaroaren 14ko 3/2011 Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 122. artikuluan aurreikusitakoak, salbu eta lehenengo eraikineko lanak, kontserbazioa eta mantentze-lanak.

b) Abenduaren 5eko 1537/2003 Errege Dekretua betetzeko obrak; errege-dekretu horren bidez, araubide orokorreko irakaskuntza ematen duten zentroen gutxieneko baldintzak ezartzen dira.

c) Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea betetzera bideratutakoak.

d) Jolastokiak sortu edo hobetzeko obrak, baita ikasgelak sortu edo eraberritzekoak ere.

3.– Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu aurreko deialdietan laguntza jaso duten obrek.

4.– Obrek 2015eko urtarrilaren 1a eta 2016ko abuztuaren 31 artean hasiak beharko dute, eta 2016ko abenduaren 31 baino lehen amaituak.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak amaitzeko epea luzatu ahal izango du –inola ere ez bi hilabete baino gehiago– hori justifikatzen duten arrazoiak daudenean, eta udal onuradunak amaitzeko data baino lehenago eskatu eta gero, betiere; horretarako ebazpena emango du.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Agindu honen xede diren diru-laguntzetarako (sei milioi euro) 6.000.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2016ko ekitaldirako horretarako ezarrita dagoen aurrekontuko partidatik.

2.– Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste laguntza-programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira, eta, betiere, diru-laguntzak ebatzi aurretik. Inguruabar hori Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradun izango dira hezkuntza-sistemaren menpeko ikastetxeak dauden udal jabetzako eraikinetan obrak egiteko proposamenak egiten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, eta obrak 1. artikuluan jasotakoak badira, betiere.

4. artikulua.– Zenbatekoa.

1.– Balorazio-batzordeak onartutako aurrekontuaren % 60 estaliko du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren diru-laguntzak.

2.– Obraren aurrekontuen artean ez dira sartuko proiektua idazteko, obra zuzentzeko eta obraren segurtasun eta osasun arloan koordinatzeko ordainsariak.

Halaber, ezin izango dira obraren aurrekontu horietan sartu udaleko plantilakoa den beste edozein pertsonaren ordainsariak.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharrak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezartzen direnez gain, hauek izango dira diru-laguntza eskuratzeko betebeharrak:

a) Obrak egiteko diru-laguntza zein eraikinetarako eskatzen den, haren jabe izatea.

b) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenik; eta, ez egotea laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege debekuen eraginpean, beren beregiko erreferentzia egiten zaielarik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetatik seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuei.

6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betebeharrak egiaztatzea.

Honela egiaztatuko dira aurreko artikuluan zehaztutako betebeharrak:

a) Titulartasuna ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, korporazioaren inbentarioaren zerrendarekin, eta idazkariak behar bezala emana.

b) Zehapenik betetzen ari ez izatearen betebeharra erantzukizunpeko adierazpenen bidez egiaztatuko da –eskabidean sartuko da–.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez arautzen da.

Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: (https://euskadi.eus/diru_laguntza/2015/udalaguntza/y22-izapide/eu).

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaera-orria eta gainerako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan: (https://euskadi.eus/diru_laguntza/2015/udalaguntza/y22-izapide/eu).

3.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta agiriak. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

4.– Ikastetxe batentzako baino gehiagorentzako finantziazioa eskatu nahi duten udalek ikastetxe bakoitzarentzako aurkeztu beharko dituzte agiriak.

5.– Ikastetxe bakarrean obra bat baino gehiago burutuko badira, ikastetxe horretan egingo diren obrako eskaera bat aurkeztuko dute.

6.– Eskaerekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Bi obra-mota bereiziko dira burutzapen-proiektua aurkeztu behar izatearen (edo ez) arabera, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2. artikuluaren 2. puntuan xedatutakoaren arabera:

– Proiekturik behar ez duten obrentzat: azalpen-memoria eta aurrekontu zehaztua, teknikari eskudunak izenpeturik.

– Proiektua behar duten obrentzat: burutzapen-proiektua, teknikari eskudunak izenpeturik eta elkargo profesionalak bisaturik.

Oinarrizko proiektua ere aurkeztu ahal izango da, teknikari eskudunak izenpeturik. Kasu honetan, eskatzaileak teknikari eskudunak izenpeturiko eta elkargo profesionalak bisaturiko dagokion burutzapen-proiektua aurkeztu beharko du, bi hilabeteko epean, eskaera aurkezteko epea amaitzen denetik.

Proiektuaren arkitekto idazlea udaleko langilea bada, elkargoaren bisatu behar izateko betebeharretik salbu geldituko da.

b) Dena den, agiri hauek erantsi beharko ditu:

– 6. artikuluan aipatutako agiriak.

– Aurkeztutako proiektua edo aurrekontua onartzeko udal-organo eskudunaren akordioa.

– Eskaerari edo obra bererako beste finantziazio iturri batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, euskadi.eus egoitza elektronikoko inprimakiaren arabera betea (https://euskadi.eus/diru_laguntza/2015/udalaguntza/y22-izapide/eu).

– «Data-orri» deritzon inprimaki normalizatua, euskadi.eus egoitza elektronikoan helbide honetan eskuragarri: (https://euskadi.eus/diru_laguntza/2015/udalaguntza/y22-izapide/eu).

9. artikulua.– Eskaerak ebaluatzea.

1.– Eskaerak behin betiko aukeratuko dituen balorazio-batzordea kide hauek osatuko dute:

– Baliabide Materialen eta Azpiegituren zuzendaria. Lehendakari jardungo du.

– Ikastetxeen zuzendaria.

– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak.

– Baliabide Materialen eta Azpiegituren Zuzendaritzako Eraikuntzen zerbitzuburua. Idazkari jardungo du, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako unitate-teknikoek balorazio-batzordera bidaliko dituzte bertan jasotako eskabide guztiak, behar bezala balioztatuta, dagozkien txostenekin batera. Txosten horietan 1. artikuluaren a, b, c eta d idatzi-zatietan adierazten diren obra edo obra-motak zehaztuko dira. Txosten horietan azaldu beharko da zergatik diren presazkoak aurreikusitako jarduerak eta zein motatakoak diren; hori fitxa bakar eta bateratu batean jaso beharko da, obra- eta presa-mota hauen arabera:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Lurralde-ordezkaritzetako atal teknikoek emandako txosten horiek aztertuko ditu balorazio-batzordeak, eta, kontuan hartuta jarduera-mota eta hori aurrera eramateko presa, «3» eta «26» arteko puntuazioa jarriko dio obra bakoitzari, lehentasun-ordena ezartzeko.

3.– Deialdi honetarako aurreikusitako aurrekontuko zuzkidura ez bada nahikoa aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, balorazio-batzordeak lehentasun-ordena bat ezarriko du: 2. puntuko balorazioak aintzat hartuz, beherantz ordenatutako puntuazioari jarraikiz esleituko ditu, 2. artikuluan jasotako aurrekontu-kreditua amaitu arte.

4.– Eskaera batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badu, irizpide hauek erabiliko dira berdinketa hausteko, zerrendatutako lehentasun-ordenaren arabera, betiere:

1) Burutu beharreko obraren presa-maila.

2) Deialdi honetan diruz lagundutako obra-kopuru txikiena.

3) Diruz laguntzeko obren kostu ekonomiko txikiena.

10. artikulua.– Bateragarritasuna.

Deialdi honen xede den finantzazioa bateragarria izango da bestelako finantza-iturriekin. Deialdi honen xede diren obrak hainbat administraziok laguntzen badituzte diruz, euren burutzapen-kostua baino diru gehiago emanez, agindu honen bidez emandako finantziazioaren gehiegizko zenbatekoari dagokiona gutxituko da.

11. artikulua.– Udalen betebeharrak.

Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14 artikuluan ezartzen direnez gain, agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren udalek, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Udalaren ardura izango da proiektu osoaren idazketa, obren esleipena eta horien zuzendaritza fakultatiboa, eta eraikuntzetako segurtasuna eta osasunari buruzko araudiaren betearazpena ere sartuko da bertan.

b) Emandako diru-laguntza onartzea. Honela, deialdiaren ebazpena –Platea– E-Administraziorako Plataforma Teknologikoaren bidez jakinarazi eta hamabost eguneko epean, dagokion erakundeak ez badio berariaz uko egiten baliabide elektronikoen bidez (Nire kudeaketak: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak), onartu egin duela ulertuko da.

c) Diru-laguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabiltzea.

d) Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren funtzioak betetzeko, eskatutako informazio guztia bidaltzea.

e) Obraren deskripzio-kartel bat Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari ematea.

f) Obra horiek egiteko laguntzak eskatu izana eta, hala denean, lortu izana jakinaraztea.

12. artikulua.– Ebazpena

1.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, eta honek ebazpena emango du, sei hilabeteko epean, deialdia EHAAn argitaratzen denetik. Ebazpen hori interesdunei –Platea– E-Administraziorako Plataforma Teknologikoaren bidez jakinaraziko zaie, eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, informazio gisa.

2.– Zehaztutako epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat jo ahal izango dira eskaerak, hala agintzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 44. artikuluan; hori horrela izanik ere, lege horren arabera, Administrazioak berariazko ebazpena egin beharko du.

3.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaitzea, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

4.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, –Platea– E-Administraziorako Plataforma Teknologikoaren bidez jakinarazitako ebazpena argitaratzen denetik.

13. artikulua.– Emandako laguntza ordaintzeko araubidea eta justifikatzeko betebeharra.

1.– Bi alditan ordainduko zaio diru-laguntza dagokion udalari:

a) % 15 deialdia ebaztean, agindu honen 11.b artikuluan ageri den epea igaro eta gero, eta uko egiterik izan ez bada.

b) Gainerako % 85a egindako inbertsioa justifikatu eta gero, Nire Kudeaketak-en bidez agiri hauek bidaliz (https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak):

– Obra-zuzendaritzaren azken egiaztagiria edo obra amaitutzat emateko udal-egiaztagiria, dagokion zenbatekoa zehaztuta, eta fakturak eta/edo behar diren justifikazio-agiriak aurkeztu beharko dira.

– Helburu bererako lortutako finantziazio-iturriak jaso izanari buruzko adierazpena, agindu honen 10. artikuluan xedatzen den bezala, eta, hala denean, kuantifikatuz. Adierazpen hori bestelako finantziazio-iturrien inprimakia betez egingo da; inprimaki hori euskadi.eus egoitza elektronikoan dago eskuragai https://euskadi.eus/diru_laguntza/2015/udalaguntza/y22-izapide/eu).

2.– Finantzatutako obra amaitu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da adierazitako justifikazio-agiria, eta 2017ko urtarrilaren 31 baino lehen, betiere.

Justifikazio-agiria euskadi.eus-eko helbide elektronikoko baliabide elektronikoen bidez aurkeztuko da, Nire Kudeaketak -en bidez, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.

Halaber, agindu honen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, luzapena eman zaien obren kasuan, justifikatzeko dokumentazioa beranduenik 2017ko martxoaren 31n aurkeztu beharko da.

3.– Udalak aurkeztutako justifikazioaren ondorioz egiaztatzen bada obren amaierako benetako kostua, kontzeptu guztietan, txikiagoa dela balorazio-batzordeak onartutako aurrekontua baino –zeinetan oinarrituz kalkulatu baitzen–, zenbatekoa aldatu egingo da amaierako benetako laguntzak agindu honen 4. artikuluan adierazitako ehunekoa onartutako aurrekontuarekiko ez gainditzeko gisan.

14. artikulua.– Egiaztatzeak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak gainbegiratzeak, ikuskapenak eta egiaztatzeak egin ahal izango ditu, emandako finantziazioaren arauak eta baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

Egiaztatzen bada diru-laguntza emateko baldintzaren bat ez dela bete, jasotako diru-kopuruak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dira, arau hauen arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Antolarauei buruzko Legea –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Testu Bategina–, Diru-laguntzei buruzko 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta hori garatzeko onetsitako Erregelamenduak eta abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretua, Administrazio honek aurrez ohartarazpena eginda.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen izapidetze aurreratua arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da 2016. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek aurreikusten ez duenerako, Herri Administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 legean xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 25a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala