Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2015eko azaroaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
5096

AGINDUA, 2015eko azaroaren 20koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena. Honen bidez, «Arreta Soziala, Enplegua eta Lan-antolamendua» jakintza-arloko I-A, I-B, II-A, II-B, II-C eta III-A berariazko osagarri-mailetako lanpostuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioentzat gordeak, betetzeko lehiaketarako deialdia eta berariazko oinarriak onartzen dira.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2015eko uztailaren 9ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko lehiaketarako oinarri orokorrak onartu ziren.

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da «Arreta Soziala, Enplegua eta Lan-antolamendua» jakintza-arloko I-A, I-B, II-A, II-B, II-C eta III-A berariazko osagarri-mailetako lanpostuen deialdirako berariazko oinarriak deitzea eta argitaratzea, horietan zehaztuta lanpostu bakoitzaren berezitasunak.

Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 46. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioetan Funtzionarioentzako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua (190/2004 Dekretuak onartua) aintzat hartuta, lege horren 6.1.j) artikuluak esleitzen didan eskumenaz baliatuz eta organo eskudunek aginduzko txostenak eman ondoren, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– II. eranskinean azaltzen diren lanpostuak betetzeko berariazko lehiaketa deitzea.

Bigarrena.– Lehiaketa horretarako berariazko oinarriak onartzea (I. eranskinean daude).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera dago, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari helarazita, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioaren aurkako auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da zuzenean, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 20a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

I. ERANSKINA
«Arreta Soziala, Enplegua eta Lan-antolamendua» jakintza-arloko I-A, I-B, II-A, II-B, II-C eta III-A berariazko osagarri-mailetako lanpostuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioentzat gordeak, betetzeko lehiaketan bete beharreko berariazko oinarriak.

1.– Xedea.

Hauxe da oinarrion xedea: «Arreta Soziala, Enplegua eta Lan-antolamendua» jakintza-arloko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta erakunde autonomoetako lanpostuak, I-A, I-B, II-A, II-B, II-C eta III-A berariazko osagarri-mailetakoak, lehiaketa bidez betetzeko balorazio-batzordea, eskabidea, proba-mota eta lanpostuak zehaztea (II. eranskinean datoz zehazturik lanpostu horiek).

2.– Eskabideak aurkeztea eta onartzea.

2.1.– Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko, 15 egun balioduneko epea dago, berariazko oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Parte hartu nahi dutenek intranet bidez egin beharko dute eskabidea, lehiaketen atalean dagoen eredua betez. Eskabidea jaso izanaren agiri bat emango zaie eskabideak era horretan aurkezten dituztenei.

2.2.– Salbuespenez, deialdi honetako IV. eranskin modura datorren eredua aurkezteko aukera egongo da. Halakoetan, Funtzio Publikoko zuzendariari egin beharko zaio eskabidea. Lehiatzailea zerbitzu berezietan baldin badago edo seme-alabak zaintzeko lan-utzialdian baldin badago, lanpostua non duen gordeta, lanpostu horri dagokion sail, erakunde autonomo edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren erregistroan aurkeztu beharko du eskabidea; borondatezko lan-uztaldian badago, berriz, azken lanpostua izan duen sail, erakunde autonomo edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren erregistroan aurkeztu beharko du.

2.3.– Eskabide baldintzadunak.

Baliteke, lehiaketa honetan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten bi pertsonak, familia-elkarbizitza dutela-eta, herri berean eta hurbileko herrietan lortu nahi izatea lanpostua, lehiaketa honetan. Halakoetan, lanpostua biek ala biek lortu beharra adieraz dezakete eskabideetan, baldintza modura; hala, baldintza hori betetzen ez bada, indarrik gabe geratuko dira dena delako herriko lanpostuetarako egindako eskabide biak.

2.4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, ez da aldaketarik onartuko eskabideetan. Alabaina, lehiatzaileek, hala nahi badute, lehiaketan atzera egiteko eta ez parte hartzeko aukera ere izango dute, esleipenen behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioak egiteko epearen barruan.

2.5.– Lanerako baldintzak betez gero, iragarritako lanpostu hutsetatik nahi diren guztiak eska daitezke, lehentasunak zehaztuta betiere.

2.6.– Lehiaketa batean baino gehiagotan eskainitako edo kidego bateko baino gehiagoko lanpostuetara aurkeztu nahi izanez gero, lehentasunen arabera zehaztu beharko dituzte lanpostu horiek. Horretarako, iragarritako berariazko lehiaketa guztietako II. faseko behin betiko emaitzak argitaratutakoan, Funtzio Publikoko sailburuordearen ebazpenaren bidez, 5 egun balioduneko epea irekiko da, lehiakide horiek beren lehentasunen arabera erregistra ditzaten lanpostu horiek, bai berariazko lehiaketan bai lehiaketa orokorrean, eta ezin izango da aldaketarik egin lehiaketa bakoitzaren barruan zehaztutako lanpostuen ordenan.

2.7.– Bai lanpostuaren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak, bai merezimenduak egiaztatzekoak, eskabidearekin batera aurkeztu behar dira, oinarri orokorretako 8. oinarrian zehazturik datorren moduan, eta, eskabide elektronikoa egiten bada, eskabideak aurkezteko epe beraren barruan egiaztatu beharko dira merezimenduak edo baldintzak.

Epe barruan aurkezten ez badira, egiaztatu gabetzat joko dira.

3.– Merezimenduen balorazioa (II. fasea).

Fase honetan, lanpostu bakoitzaren ezagutza- eta trebetasun-garrantzitsuenen arabera baloratuko dira merezimenduak, oinarri orokorretako 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera.

Honako lanpostu hauetako bat lortu nahi dutenek lanpostuak berezkoak dituen atazei buruzko proba praktiko bat egin beharko dute.

510200. Enpleguko eta enplegurako prestakuntzako teknikaria.

510262. Gizarte-gaietako arloko arduraduna.

510268. Gizarte-gaietako arloko arduraduna.

510291. Lan-antolamenduaren arduraduna.

512130. Tokiko bulegoaren arduraduna (A).

Honako lanpostu hauetako bat lortu nahi dutenek lanpostuak berezkoak dituen atazei buruzko proiektu bat egin beharko dute.

510201. Enpleguaren eta enplegurako prestakuntzaren arduraduna.

510731. Generoaren arloko plangintza eta ikerketaren arduraduna.

510732. Generoaren arloko programen arduraduna.

510332. Droga-mendekotasunetako arlo-arduraduna.

4.– Balorazio Batzordea.

Hauek izango dira batzordekideak:

Batzordeburua:

Titularra: Patxi López Cabello.

Ordezkoa: Luis Sanzo González.

Kideak:

Titularra: Koldobike Maximiñe Uriarte Ruiz de Eguino.

Ordezkoa: Pablo María Martínez Larburu.

Kideak:

Titularra: Juan Ignacio Zuazagoitia Nubla.

Ordezkoa: Santiago Esnaola Sukia.

Kideak:

Titularra: Miren Izaskun Fernández Otegi.

Ordezkoa: M.ª Concepción Kerexeta Zulaika.

Idazkaria

Titularra: Bonifacio Justo Alonso Gómez.

Ordezkoa: Josu Abrisketa Liceranzu.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala