Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2015eko azaroaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5061

AGINDUA, 2015ko azaroaren 17koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eta 2015-2016 ikasturtean ikasleen nazioarte mailako mugikortasuneko programak dituzten unibertsitateentzako eta goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeentzako diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan zehazten denez, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek, zeinek bere esparruan, ikasleen mugikortasuna bultzatuko dute Europako unibertsitate-eremuan. Horretarako, bekak eta ikasketetarako laguntza eta kredituak emateko programak ezarriko dituzte, edo, kasua hala bada, Europar Batasunaren laguntza-programak osatuko. Gaur egun, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1288/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez, «Erasmus +» programa sortu da, hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kiroletakoa.

Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 12ko Europako Erkidegoaren Egunkari Ofizialean argitaratu zuen Erasmus+ Programaren EAC/S11/13 proposamen-deialdia (2012/C 232/04), eta bertan ezartzen da 2014ko ekitaldirako proposamen-deialdia.

Erasmus+ programako mugikortasunetarako Europako Erkidegoak edo Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak egiten dituzten diru-ekarpenen bidez ez da kostuen % 100 finantzatzen; beraz, finantzaketa zabaldu beharra dago. Era berean, unibertsitate-mugikortasunen parte bat Erasmus+ programan sartuta ez dauden lekuetara egiten da; horrela, bada, horiek ez dituzte aipatutako erakundeen laguntzak jasotzen, eta, beraz, beste mugikortasun-programa horietan dauden pertsonak finantzatu beharra ikusi da.

Aurrekoa aplikatuz eta mugikortasunak goi-mailako ikasketetan duen garrantziaz ohartuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak erabaki du mugikortasunerako laguntzen deialdia egitea lehen aipatutako markoa zabalduz. Hori dela eta, deialdi hau unibertsitateei eta goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeei egiten zaie, Erasmus+ programara eta nazioarteko izaera duten bestelako mugikortasun-programetara atxikitako pertsonen mugikortasunen finantziazioa hobetzeko asmoz.

Horregatik, eta kontuan hartuz diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan jasotakoa, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat etorriz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoan oinarrituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eta 2015-2016 ikasturtean ikasleen nazioarte mailako mugikortasuneko programak dituzten unibertsitateentzako eta goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeentzako diru-laguntzen deialdia egitea, I. eranskineko oinarrietan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. artikulua.– Helburu hori betetzeko, 1.071.200 euro ezarriko dira.

3. artikulua.– Finantzaketa ebatzi baino lehen, laguntza hauek finantzatzera bideratutako zenbatekoa handitu ahal izango da, legerian aurreikusitako kreditu-lotura edo aurrekontu-aldaketen araubidearen arabera. Hala gertatzen bada, hori jendaurrean jakinarazi beharko da, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Unibertsitateetako zuzendariari jarraibide zehatzak eman ditzan, agindu honetan xedatutakoa betetzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau egunkari ofizial berean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 17a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eta 2015-2016 ikasturtean ikasleen nazioarte mailako mugikortasuneko programak dituzten unibertsitateei eta goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeei diru-laguntzak ematea.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura, guztira, 1.071.200 eurokoa da, honela banatuta:

a) 371.200 euroko aurrekontua ezarri da Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak (SEPIE) edo Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak (MECD) emandako laguntzak osatzeko; 6.1.b) artikuluan ezarri dira zenbatekoak.

b) 700.000 euroko aurrekontua ezarri da Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) edo Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren (MECD) laguntzarik ez duten egonaldietarako; 6.1.c) artikuluan ezarri dira zenbatekoak.

2.– Unibertsitate Zuzendaritzak, arloetakoren batean ez bada adierazitako aurrekontua agortzen, beste arloan handituko du.

3.– Ikasketak amaitu dituztenen mugikortasunei legozkiekeen zenbatekoak eragotzi gabe, nahiz eta Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzak jasotzeko eskubiderik ez izan, mugikortasun horietarako bidaiako laguntza-aseguru bat egingo da.

3. artikulua.– Diruz lagundutako jarduerak.

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateek eta goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeek aurkeztutako nazioarte mailako mugikortasun eskabideei emango zaie laguntza, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Erasmus+ programaren esparruan aurkeztutako unibertsitateen eta eta goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeen proiektuek SEPIEren onarpena izan beharko dute; edo, nazioarte mailako gainontzeko mugikortasun-programen kasuan, dagozkion nazioarteko akordioen babesa izan beharko dute.

b) Mugikortasun-proiektuetan sartuta dauden ikasleek betekizun hauek bete beharko dituzte:

– Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea. Europako Erkidegokoak ez diren atzerritarrek, eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunerako, legezko bizilekua dutela egiaztatu beharko dute. Ez dituzte laguntza hauek jasoko ikasketak direla-eta bertan daudenek edo bertan bizilekua dutenek, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzko eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz.

– 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko administrazio-auzotartasuna izatea.

– 2015-2016 ikasturtean nazioarte mailako mugikortasun programaren bati atxikita egotea.

4. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Deialdi honetan unibertsitate hauek parte hartu ahal izango dute: Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitateko Ingeniarien Goi Eskolak, egoitza Donostian daukanak (TECNUN). Era berean, goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxe hauek parte hartu ahal izango dute: EASD-Vitoria-Gasteiz, Musikene, Kirolene eta Dantzerti.

2.– Unibertsitateek edo goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeek ezin izango dute diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galarazten dien zigor penalik edo administratiborik izan, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien lege-debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen araberako sexuaren ziozko bereizkeria barne dela.

3.– Unibertsitateak edo goi-mailako arte irakaskuntzen ikastetxeak ezin izango du diru-laguntzarik lortu, baldin eta diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. paragrafoan jasotako egoeraren batean badago.

4.– Unibertsitate Zuzendaritzak beste erakunde publiko batzuetan egiaztatu ahal izango du deialdi honetan ezarritako betekizunak betetzen diren.

5. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eskabide-eredua (II. eranskina) erakunde eskatzaileen esku jarriko da iragarki-oholean eta Euskadi.net-en egoitza elektronikoan; hona hemen helbidea: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2015/erasmus/y22-izapide/eu. Horrez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean ere argitaratuko da: www.hezkuntza.net

Eskabidea, behar den dokumentazioarekin batera, toki hauetan ere aurkeztu ahal izango da: Zuzenean herritarrei arreta emateko bulegoetan: Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia), eta Araba (Ramiro Maeztu 10 beh., 01008 Vitoria-Gasteiz).

Eskabideak aurkezteko lekuak izango dira, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehaztutako egoitzetako edozein edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan adierazten diren tokiak. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioari zuzendutako idazkiak udal-erregistroetan aurkezteko Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza-hitzarmena izenpetu duten udaletan ere aurkez daitezke.

2.– Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eta 2016ko urtarrilaren 31n bukatuko da, egun hori barne dela.

6. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearen inprimakia; honako atal hauek ditu:

a) Mugikortasun-proiektuaren identifikazioa. Proiektu horretan erakundeak eskatutako mugikortasun guztiak sartuko dira.

b) Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) edo Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren (MECD) finantzaketa duten mugikortasunak. Erakunde horietakoren batek emandako laguntza hileko 330 euro baino gutxiago bada, eskabidean adieraziko da zer kopuru falta den zehatz-mehatz hileko 330 euroraino iristeko erakunde horiek finantzatzen dituzten hilabeteetan zehar. Proiektuan adierazi beharko da, eskabidean sartutako ikasle bakoitzeko, zer laguntza eman dioten aurreko erakundeek eta zer zenbateko eskatzen zaion Eusko Jaurlaritzari. Era berean, proiektuan adieraziko da zer laguntza eskatzen den guztira deialdi honen kontura finantzatutako mugikortasun guztietarako.

c) Erasmus+ programak finantzatzen ez dituen egonaldi-zatiak egiten badira, programa horrek finantzatutakoez gain, gehienez ere, eskatu ahal izango dira lau hilabete eta 330 euro programa horrek finantzatzen ez duen hilabete bakoitzeko. Ikasle bakoitzeko kostua, gehienez, 1.320 eurokoa izango da. Nazioarteko beste programa batzuetarako, bederatzi hilabete eskatu ahal izango dira gehienez; hileko 330 euro, eta, guztira, gehienez ere, 2.970 euro ikasle bakoitzeko. Proiektuan adierazi beharko da, eskabidean sartutako ikasle bakoitzeko, zer kopuru eskatzen den, bai eta zer laguntza eskatzen den guztira finantzaketarik ez duten mugikortasun guztietarako.

2.– Diru-laguntzaren eskabidea eginez, eskatzaileak baimena ematen du Unibertsitate Zuzendaritzak zuzenean egiazta dezan eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, baina, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

3.– Aurkeztutako proiektuaren barruan mugikortasunetan parte hartzen dutenek 3.b) artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria.

4.– Aurreko paragrafoko b) eta c) idatzi-zatietako mugikortasunen eta kostuen banan-banako informazioa XML formatuan bidaliko da.

7. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Unibertsitate Zuzendaritzari dagokio diru-laguntza hauek kudeatzea.

8. artikulua.– Emateko prozedura:

1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, dagozkion zuzenketak egingo dira. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluaren arabera zuzen daitezkeen akatsak ikusten badira, bertan ezartzen den epea eskainiko zaie zuzenketak egiteko.

2.– Diru-laguntza emango zaie 3. eta 4. artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskabideei, baldin eta 5. eta 6. artikuluekin bat etorriz aurkeztu badira.

Dagoen aurrekontu-zuzkiduraren bidez ezin bazaie eskabide guztiei aurre egin, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera hainbanatuko da aurrekontu-zuzkidura.

3.– Emandako zenbatekoa eskabidean sartutako ikasle guztien artean berdin banatuko da, hurrengo artikuluan ezartzen den bezala.

9. artikulua.– Diru-laguntza zehaztea.

1.– Proiektuen % 100era arte finantzatuko da, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoekin, eta 6.1 artikuluaren b) eta c) idatzi-zatietan adierazitako gehienezko mugekin, baldin eta onartutako eskabide guztien kostuaren baturak ez badu ezarritako zuzkidura gainditzen.

2.– Onartutako eskabide guztien kostuaren baturak 2. artikuluan a) eta b) idatzi-zatietako bakoitzerako ezarritako zuzkidura gainditzen badu (horrela banakatu da deialdiaren zuzkidura osoa), proiektu guztien artean dagoen zuzkidura hainbanatuz ateratzen den zenbatekoa emango zaio proiektu bakoitzari.

3.– Eskabide bakoitzean emandako zenbatekoa eskabidean sartutako ikasle guztien artean berdin banatuko da.

4.– Eranskin honetako 2. artikuluko idatzi-zatietako baterako ezarri den aurrekontu-zuzkidura behar dena baino gehiago bada (eskatutako laguntza guztien % 100 ordaindu ondoren), eta beste idatzi-zatirako ezarri dena ez bada nahikoa, aurrekoan geratu den gaindikina erabiliko da bigarren horren zuzkidura handitzeko. Aurrekontu-zuzkidura handitu ondoren, aurreko paragrafoan ezartzen den bezala zehaztuko da zenbatekoa.

10. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabetera ebatziko du deialdia Unibertsitateetako zuzendariak.

Unibertsitateetako zuzendariak egingo du ebazpenaren jakinarazpena, ebazpena https://euskadi.net-eko egoitza elektronikoaren iragarki-oholean argitaratuta. Horrez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean ere argitaratuko da: www.hezkuntza.net. Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Deialdia ebazteko ezarritako epea igaro ondoren, erakunde eskatzaileei ez bazaie ebazpenik jakinarazi, laguntza-eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

3.– EHAAn argitaratuta emango da laguntzen berri, denek jakin dezaten; dena dela, epeak zenbatzeko orduan, egoitza elektronikoaren bidez egindako jakinarazpenak baino ez du balioa izango (artikulu honen 1. paragrafoan adierazitako jakinarazpenak).

11. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, hilabeteko epean.

2.– Agindu honetako diru-laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraituta.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek, orokorrean, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen diren betebeharrak bete beharko dituzte, eta, batez ere, honako hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, hamabost egun naturaleko epean –deialdiari buruzko ebazpena egoitza elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera–, berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Diru-laguntza egoki erabiltzea: xede zehatz baterako emandakoa da eta hura betetzeko erabili behar da.

c) Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betez eskatutako informazio guztia ematea.

d) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduerak onartzea.

e) Mugikortasun proiektuan sartuta daudenek deialdiko 3.b) artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

f) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eska daitekeen beste edozein betekizun betetzea.

13. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunek 2016ko azaroaren 15a baino lehen justifikatuko dituzte jasotako diru-laguntzak; honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute horretarako:

a) Jasotako laguntza aurrekontuan sartu dutela egiaztatzen duen agiria. Erasmus+ programaren barruan egindako mugikortasunei dagokienez, egindako mugikortasunen arabera SEPIEk egindako diru-sarraren ziurtagiria aurkeztuko da.

b) Deialdi honetara bidalitako proiektuan parte hartzen dutenei MECDk egindako finantzaketaren egiaztagiria.

c) Unibertsitatearen edo ikastetxearen ziurtagiri ekonomikoa, proiektuan zerrendatutako pertsonei egindako banan-banako ordainketena. Pertsona guztiak zerrendatuko dira, bakoitzari egindako ordainketa adierazita.

d) Mugikortasunak amaitu ondoren, erakunde onuradunek aurkeztutako proiektuaren memoria bat aurkeztu beharko dute. Bertan adieraziko dira helburuak, lortu dena eta egindako ekintzaren eta banan-banako mugikortasunen azken kostua (zenbat mugikortasun eta bakoitzaren iraupena).

Memoriarekin batera, 6. artikuluko 1.b) eta 1.c) idatzi-zatietako mugikortasunen eta kostuen banan-banako informazioa aurkeztuko da XML formatuan.

14. artikulua.– Baldintzak aldatzea eta diru-laguntza itzultzea.

1.– Unibertsitateetako zuzendariak, erakunde onuradunari entzun ondoren, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak, partez edo osorik, itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina–. Besteak beste, kasu hauetan itzuli beharko da:

● Ezarritako betekizunak (bat edo bat baino gehiago) betetzen ez dituzten ikasleei eman zaienean.

● Laguntza emateko baldintzak aldatu direnean. Proiektuan aurkeztutako mugikortasunetan aldaketak daudenean, mugikortasun horiengatik jasotako laguntza osoari edo parte bati dagokion zatia itzuli beharko da. Justifikatu ez diren mugikortasunen kasuan, dagozkien laguntzen zenbateko osoa itzuliko da; eta mugikortasunetako egonaldiak proiektuan eskatutakoak baino laburragoak izan direnean, dagokion zatia itzuliko da.

● Agindu honetan xedatutako edozer betetzen ez denean.

● Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako diru-laguntzen onuradunei dagokien eginbeharretakoren bat betetzen ez denean.

2.– Abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 17ko EHAA) araututakoaren arabera egingo da itzulketa.

3.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren bat jaso bada, baliteke diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea. Emandako diru-laguntza doituko duen ebazpena EHAAn, egoitza elektronikoan eta sailaren web-orrian argitaratuko da.

15. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

1.– Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari jarraituta, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak Unibertsitate Zuzendaritzaren 1 zenbakiko Fitxategian sartuko dira (fitxategi hori, «Laguntzak eta Diru-laguntzak» deiturikoa, jasota dago Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduan, zeinaren bidez Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen baitira).

2.– Datuak lortu, zuzendu, ezabatu eta aurkatzeko eskubideak Unibertsitate Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

3.– Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari behar diren egiaztapenak egin ditzan beste erakunde batzuetan, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla egiaztatzeko eta proiektuan azaltzen direnek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Proiektuetan sartutakoek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, unibertsitateek edo ikastetxeek beren proiektuetan sartu dituzten pertsonen baimena lortu beharko dute.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala