Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2015eko azaroaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
5018

AGINDUA, 2015eko azaroaren 18koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena. Honen bidez, beka-deialdia egiten da, 2015-2016 ikasturtean, nautikako eta arrantzako irakaskuntzen arloko ikasketak egiteko honako hauetan: Blas Lezo - Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxean; Bermeoko Itsas-Arrantzako Prestakuntzarako Eskolan, eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzarako Lanbide Heziketako ikastetxean.

Arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza-politika egokiari eustea da, besteak beste, Ingurumen, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren helburuetariko bat. Horregatik, arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuna emateko, beharrezkoa da itsas langileei eta, oro har, merkatuaren betekizunetara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiei bekak emateko deialdia egitea, Europatik eskatzen denari egokitutako prestakuntza jaso dezaten eta aipatutako arrantza-sektorearen mesedetan.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta 18.1.u) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari dagokio «nekazaritzako eta arrantza eta nautikako prestakuntza, eta arlo horietako prestakuntza profesionala sustatzea». Bestalde, 21.1.ñ) artikuluak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari esleitzen dio arrantzako eta nautikako gaitasun profesionala bultzatzea.

Eskumen-esparru horren barruan, eta lehen paragrafoan aipatutako helburu hori lortzeko, hain zuzen ere, egin dugu beken deialdi hau, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraikiz. Horrekin lotuta, 2014ko ekitaldian, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko urriaren 22ko Agindua argitaratu zen. Horren bidez, beka-deialdia egin zen, 2014-2015 ikasturtean, nautikako eta arrantzako irakaskuntzen arloko ikasketak egiteko honako hauetan: Blas Lezo - Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxean; Bermeoko Itsas-Arrantzako Prestakuntzarako Eskolan, eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzarako Lanbide Heziketako ikastetxean (2014ko urriaren 30eko EHAA, 207. zk.).

Halaber, deialdi honetan, lantokiko prestakuntzako moduluei –heziketa-zikloen parte (B eta C mailak)– bekak emateko aukera ezarri da, betiere 3. zerrendako arrantza-ontzietan egiten badira, Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua eta ezarpena arautzen dituen ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.).

Autonomia Estatutuaren 10.10. eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan ezarritakoarekin bat, Nekazaritza eta Arrantza Sailak proposatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2015-2016 ikasturteari dagokionez, nautikari eta arrantzari buruzko ikasketak honako hauetan egiteko beken deialdia egitea: Blas Lezo - Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxean; Bermeoko Itsas Arrantzako Prestakuntzarako Eskolan eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzarako Lanbide Heziketako ikastetxean.

Bigarrena.– Bekak zer gastutarako erabili ahalko diren.

– Ohiko bizilekutik kanpo bizitzeak eragindako gastuak.

– Ikastetxerako joan-etorriek eragindako gastuak.

– Mantenu-gastuak.

– Ikasketa-materialetarako gastuak.

Hirugarrena.– Bekak hautagaiek lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira, eta puntuazioa horretarako izendatutako Balorazio Batzordeak ezarriko du. Hautagaiek behar bezala matrikulatuta egon beharko dute dagokion kurtsoan, nautikari eta arrantzari buruzko ikasketen edozein ikastetxetan. Pertsona bakoitzari puntuazioa esleitzeko, irizpide hauek baliatuko dira:

1.– Egin beharreko ikasketen maila:

A maila.– Arrantzako kapitaina..........................................8 puntu.

B maila.– Goi-mailako heziketa-zikloak.............................8 puntu.

C maila.– Erdi-mailako heziketa-zikloak............................6 puntu.

D maila.– Kostako patroi balioaniztuna.............................6 puntu.

B eta C mailetan, eskatzaile hauek izan ahalko dira beken onuradun: 2016ko urtarrilaren 1ean 23 urte beteta dituztenak eta, beraz, ikasleak eskolatzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beka- eta laguntza-deialditik kanpo geratzen direnak (Agindua, 2015eko irailaren 2koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena – 2015eko irailaren 17ko EHAA, 177. zk.). Arrantzako kapitaina eta Kostako patroi balioaniztuna tituluei buruzko A eta D mailetan (36/2014 Errege Dekretua, urtarrilaren 24koa, arrantza-sektoreko lanbide-tituluak arautzen dituena – 2014ko otsailaren 17ko BOE, 41. zk.), ikasketa teorikoak egiteko bekak eman ahal izango zaizkie beka horiek eskatzen dituzten eta betekizunak betetzen dituzten guztiei, adina gorabehera.

Beste alde batetik, B eta C mailetan, agindu honetan deitutako bekak jaso ahal izango dituzte prestakuntzaren zati praktikoa (lantokiko prestakuntza) jarduneko arrantza-ontzidiaren erroldan 3. zerrendan inskribatuta dauden arrantza-ontzietan egingo duten pertsona guztiak, adin-mugarik gabe, Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua eta ezarpena arautzen dituen ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.). Kasu horietan, pertsona bakoitzari puntuak esleitzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

B maila.– Goi-mailako heziketa-zikloak............................4 puntu.

C maila.– Erdi-mailako heziketa-zikloak...........................3 puntu.

2.– Ohiko bizilekuko herriaren eta ikastetxea dagoen herriaren arteko distantzia. Irizpide hau emateko, herriaren erdialdetik ikastetxera dagoen distantzia hartuko da kontuan kalkulua egiteko, eta eskala honen arabera banatuko da:

1. taldea: 50 kilometrotik gorakoa..............................................................16 puntu.

2. taldea: 31 eta 50 kilometro artekoa.........................................................8 puntu.

3. taldea: 11 eta 30 kilometro artekoa.........................................................4 puntu.

4. taldea: 5 eta 10 kilometro artekoa...........................................................2 puntu.

3.– Eskatzailearen inguruabar pertsonal eta familiarrak:

Ezkontidearengatik (ez badu ordaindutako lanik egiten)...........................................2 puntu.

Seme edo alaba bakoitzarengatik.............................................................................2 puntu.

Anai-arreba bakoitzarengatik (baldin eta adingabeak eta ezkongabeak badira, edo langabezian badaude eta euren familia-unitatean ezkontide bakarrak egiten badu lan ordaindua)..puntu 1.

4.– Eskatzaileak aurreko urtean lortutako diru-sarrera gordinak, alde batera utzita nondik datozen, edo haren familiak lortutakoak, baldin eta eskatzailea ekonomikoki familiaren mende bizi bada.

0 eta 6.000 euro arteko diru-sarrerak:................................8 puntu.

6.001 eta 12.000 euro arteko diru-sarrerak:.......................4 puntu.

12.001 eta 18.000 euro arteko diru-sarrerak:.....................2 puntu.

Laugarrena.– Balorazio Batzordeak esleituko die puntuazioa hautagaiei, aurreko puntuan azaldutako irizpideei jarraikiz egiten duen balorazioaren arabera.

Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

Batzordeburua: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Egitura Zerbitzuaren arduraduna.

Idazkaria: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako teknikari-mailako pertsona bat.

Kideak: Pasaia, Bermeo eta Ondarroako ikastetxeetako zuzendaritzetan diren pertsonak.

Bosgarrena.– Agindu honen eranskinaren arabera aurkeztutako eskabideak aztertu ostean, Balorazio Batzordeak eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten lagunak hautatuko ditu, dagokien puntuazioa esleituko die, eta ebazteko proposamena igorriko dio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari, zeinek ebazpen bidez esleituko baititu agindu honen bidez deitutako bekak, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik harako hilabeteko epean. Onartutako hautagaien zerrenda, puntuazio zehatza eta esleitutako bekaren zenbatekoa: hori guztia jasoko du aipatutako ebazpenak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpen baten bidez egingo zaie jakinarazpena interesdunei. Ebazpena gehienez ere 10 eguneko epean argitaratuko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori igarota, eskabideak ezetsitzat jo ahalko dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako; nolanahi ere, aipatutako legearen arabera, Administrazioak berariaz ebazteko obligazioa dauka. Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean.

Seigarrena.– 1.– Gehienez ere, 133.815 euro baliatuko dira 2015-2016 ikasturterako deitutako bekak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.

2.– Agindu honetan azaldutako baldintzak betetzen dituzten hautagai guztiek izango dute beka jasotzeko eskubidea. Bekak 2.404,05 eurokoak izango dira gehienez, eta bekadun bakoitzari esleitutako puntuen arabera eta proportzioan kalkulatuko dira. Puntuaren balioa honela kalkulatuko da: bekei esleitutako zenbatekoa zati bekadun guztiek lortutako puntu guztien kopurua, agindu honen hirugarren puntuan ezarritako irizpideen arabera.

Zazpigarrena.– Bekaldiak ikasturte bat iraungo du.

Zortzigarrena.– 1.– Agindu honen eranskinean ezarritako beka-eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren edo AIZren fotokopia.

b) Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-auzotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia. Baldin eta familia-unitateko kideren batek ez badu aipatutako aitorpena aurkezten, aurkeztera behartuta ez dagoelako, horixe egiaztatu beharko du Foru Ogasunaren ziurtagiri baten bidez, eta, era berean, egiaztatu beharko ditu, nominen edo ordainagirien bidez, lanagatik, langabezia-subsidioarengatik, pentsioarengatik edo antzeko kontzeptuengatik jasotako zenbatekoak.

d) Familia-elkarbizitzaren ziurtagiria.

e) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

Datuak egiaztatzeko sistemaren bidez kontsultatu daitezkeen agiriak aurkeztu beharrik ez dago, hala ezarrita baitago Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan. Hala ere, horretarako, interesdunak baimena eman beharko du, Herritarrek zerbitzu publikoak eskuratzeko sarbide elektronikoari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 6.2b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Beka-eskabideak, beharrezko agiriak erantsita, ikastetxe hauetan aurkeztu beharko dira:

– Blas Lezo - Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxea, Marinos, 2 – 20110 Pasaia (Gipuzkoa).

– Bermeoko Itsas Arrantzako Prestakuntzarako Eskola, Ongintza z/g - 48370 Bermeo (Bizkaia).

Bederatzigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hamargarrena.– 1.– Ikasketa teorikoen kasuan, beka bakoitzari dagokion zenbatekoa gorabehera, emandako laguntza bi zatitan ordainduko da: lehenengo ordainketa, guztizko zenbatekoaren % 25, ikasturteko lehenengo hiruhilekoa amaitzean egingo da; eta bigarrena, guztizko zenbatekoaren % 75, ikasturtea amaitzean, betiere ikasleak probetxua atera badio eta matrikulatutako modulu edo irakasgai guztiak gainditu baditu.

Lantokiko prestakuntzaren kasuan, prestakuntza hori modu sinesgarrian justifikatu ostean (praktikak egin diren arrantza-ontziaren armadorearen idazkia aurkeztuta) ordainduko da laguntza. Ordainketa bakarra egingo da, emandako zenbatekoaren % 100ekoa.

Laguntza ordaintzeko, bekadunak hirugarrenei alta emateko inprimakia aurkeztu beharko du. Inprimaki hori beka-eskabidearekin batera aurkez daiteke.

2.– Bekaren gehieneko zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen batura izango da, eta onuradunak gastu horiek benetan egin dituela egiaztatu beharko du, honako hauetan xedatutuakoa betez: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.1 artikuluko e) eta g) letrak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen baitu; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Araudia onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

Hamaikagarrena.– Beka-eskabidea aurkezteak berekin dakar bekak deitzeko agindu honetan ezarritakoa formalki onartzeko konpromisoa. Bekadunak arau honetan ezarritakoa urratuz gero, onartu eta eman zitzaion zenbatekoa itzuli beharko du, bai eta aplikatzekoak diren legezko interesak ere.

Behar bezala justifikatutako arrazoi bat dela medio, bekari uko eginez gero, bekagatik kobratutako eskubide ekonomikoen parte bat itzuli beharko du. Garatzeke geratzen den bekaldia eta bekaren zenbatekoa kontuan hartuta kalkulatuko da zenbat diru itzuli behar duen.

Hamabigarrena.– 1.– Eskolara joan ezean, beka jasotzeko eskubidea galduko du ikasleak. Ez-bertaratzea honelaxe neurtuko da:

– Ikaslearen ez-bertaratze faltek eskola-orduen % 15etik gora egiten badute, beka galtzea ekarriko dio, eta, horretaz gain, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu.

– Justifikatutako falten kasuan, falta-kopuruak eskola-orduen % 30etik gora egiten badu, goiko lerroaldean zehaztutako ondorioak sortuko dira. Nolanahi ere, eskolara bueltatzen den unean bertan aurkeztu beharko du ikasleak eskolara joan ez izanaren justifikazioa.

2.– Ikasturtea errepikatzen ari diren ikasleek, hala balegokie, ohiko bekaren % 50eraino lortu ahalko dute, baldin eta aurreko ikasturteari probetxua ez ateratzeko arrazoia behar bezala justifikatzen badute, eskolaz kanpoko arrazoi larriengatik; arrazoi horiek kasuan kasu baloratuko ditu agindu honen ebazpen-zatiaren 4. paragrafoan ezarritako batzordeak.

3.– Halaber, ikasleek galdu egingo dute lantokiko prestakuntzarako beka jasotzeko eskubidea, baldin eta ez badute modu sinesgarrian egiaztatzen prestakuntza hori egin dutela. Horretarako, agindu honen ebazpen-zatiaren hamargarren paragrafoan adierazitako ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

4.– Beka galduz gero, jasotako kopuruak itzuli beharko dira, gehi kopuru horiei dagozkien berandutze-interesak.

Hamahirugarrena.– Ezin da aldi berean baliatu ikasteko beka hau eta funts publikoen kontura helburu bererako ematen den beste edozein laguntza, eta, horrenbestez, eskatzaileak, agindu honetan deitutako beketako bat esleitzen badiote, laguntzetako bati uko egin beharko dio.

Hamalaugarrena.– Bekadunak beka galduko du eta jasotako zenbatekoa gehi dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, gehienez ere bi hilabeteko epean, baldin eta agindu honetan eskatutako betekizunen bat, edozein dela ere, bete ez duela egiaztatzen bada, onuradunak aurkeztu zuen dokumentazioan jasotako datuak okerrak edo faltsuak badira, eskolari probetxurik atera ez badio eta/edo ez bada klasera joan; edo beste ez-betetzeren bat egin badu, bai bekaren xedeari dagokionez, bai eta laguntza emateko eskatutako baldintzei dagokienez ere. Horrelakorik gertatzekotan, ikastetxeko zuzendaritzek ziurtatu beharko dute. Hori guztia honako hauetan xedatutakoaren arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen baita; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Araudia onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, hilabeteko epean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 18a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala