Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2015eko azaroaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4886

AGINDUA, 2015eko azaroaren 11koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, giza kapital ikertzailea sartzeko laguntzetarako 2015eko deialdia egin eta laguntzak arautzen dituena. Berrikertu programa.

Euskadik I+G+b-ren arloko beste etapa bati ekin dio, zeina zehatz definituta baitago Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP). Etapa horren xedea hau da: «euskal gizartearen ongizatea, hazkunde ekonomiko jasangarria eta enplegua hobetzea, ikerketa- eta berrikuntza-politika egokiaren bitartez; politika horrek espezialitatean eta zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren efizientzia hobetzean oinarrituta egon behar du».

Honako hauen arteko konbergentzia lortu nahi da: batetik, merkatuaren eta gizartearen eskarira bideratutako ikerketa, eta, bestetik, zientziaren eta teknologiaren aurrerapenek bultzatutakoa, espezializazio adimendunaren bitartez Ikuspegi berri hori orain arte Eusko Jaurlaritzak I+G+b-ren arloan garatu dituen politiken osagarri beharrezkoa da, eta xede hau dauka: «ikerketa- eta berrikuntza-kate osoan zehar lankidetza handitzea, eta, horrela, ideia bat sortzen denetik merkatuan sartzen den arte igarotzen den denbora laburtu ahal izatea».

Gizarteak aurrera egin behar du ezagutzan eta berrikuntzan, eta, horretarako, beharrezkoak izango dira Euskadik dituen enpresen eta giza kapitalaren inplikazio zuzena eta garapena.

Planak euskal enpresetako talentu ikertzailearekin zuzenean lotuta dauden lan-ildoak jasotzen ditu, besteak beste:

– Ikertzaileak sartzea enpresa-egituran.

– Ezagutzaren transferentzia bultzatzea ZTBESeko eragileen eta enpresen artean.

– Generoen arteko desoreka txikitzea esparru zientifiko-teknologikoan.

– Generoaren zeharkakotasuna sartzea, printzipio bezala, I+G+b-ren arloko politika publikoetan, eta emakumeen okupazioa sustatzea teknologian intentsiboagoak eta aurreratuagoak diren sektoreetan. Beharrezkoa da integratzea emakumeen eta gizonen jakintza eta batzuen eta besteen eskubideen, erantzukizunen eta aukeren berdintasuna.

Halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea egokitzeko, antolatzeko eta eguneratzeko prozesua, Euskadin berrikuntza-estrategia berria zabaltzeko palanka nagusietakoa, sare horren osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan jaso da.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen antolamendu berria diseinatu du, helburu hauekin: merkatutik hurbilago egongo den jarduera zientifiko eta teknologikoa garatzea, herrialde lehiakorrenen ildotik; jarduera Euskadiko espezializazio adimenduneko arloetan kontzentratzea produktibitatea eta kalitatea handitzeko; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile guztien bikaintasuna hobetzea; eta merkatura bideratutako lankidetza-ikerketa sendotzea.

Antolamendu hori hiru ardatzen inguruan egituratu da: posizionamendua balio-katean, espezializazio-maila Euskadin lehentasuna duten ikerketa-arloetan, eta ikerketaren bikaintasuna. Ardatz horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen arteko eta horien eta ingurune globalaren arteko harreman-ereduan kokatzen dira, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak jasotzen duen bezala.

Aipatutako ardatzak oinarritzat hartuta, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren III. eranskinean argitaratzen dira, batetik, eragileen tipologietarako ezarritako adierazleen aginte-taula eta, bestetik, egiaztatzeko zein 2020rako bete behar dituzten baldintza zehatzak. Horien artean dago langileen gutxieneko kopuru batek doktore-titulua izatea kategoria hauetarako: teknologia-zentroak, ikerkuntza kooperatiboko zentroak eta enpresetako I+G unitateak.

Espezializazio adimendunean oinarrituta dagoen ikerketa- eta berrikuntza-politikaren ikuspegi berri horren ondorioz, laguntzak egokitu egin behar dira. Beraz, giza kapital eta talentu ikertzailea bultzatzeko laguntzek arauketa berria behar dute.

Berrikertu programak I+G babesten laguntzen du, eta, horretarako, giza kapital ikertzailea sartzen du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileetan eta euskal enpresetan. Horrela, teknologia-maila altuko taldeak eratzea lortzen du, lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onestea, eranskinean jasota dauden baldintzetan, Berrikertu programaren deialdia arautzeko oinarriak. Programa horren xedea da 2015eko ekitaldirako laguntzak ematea giza kapital ikertzailea sartzeko euskal enpresa-egituran eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Giza kapitala prestatu eta sustatzeko laguntzen Ikertu Programa garatzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2009ko urriaren 14ko Aginduan xedatutakoa zela bide egin zen 2014ko deialdia oinarri hartuta egin ziren eta indarrean dauden diruz lagundutako kontratazioak berritzeko eskaera egin ahal izango da, deialdi honen babespean, betiere agindu honen irizpideak betetzen badituzte.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 11.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
BERRIKERTU PROGRAMA ARAUTZEKO OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da laguntzen araubidea garatzea, giza kapital ikertzailea sartzeko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileetan eta enpresetan, itzuli behar ez diren diru-laguntzen bitartez, langile ikertzaileak kontratatzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 1. artikuluko helbururako erabiliko diren diru-baliabideak 2.000.000 eurokoak dira, eta EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako kontsignatutako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

2.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emango diren laguntzen zenbateko osoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo laguntzak ebatzi baino lehen hura berritzetik ateratzen den zenbatekotik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz. Hori gertatzen bada, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

3.– Deialdiaren aurrekontuaren % 60 enpresentzat eta enpresa-elkarteentzat gordeta egongo da, eta, gainerako % 40a, berriz, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileentzat, 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Laguntzak esleitu ondoren, ez bada agortzen 3. artikuluan definitutako erakunde onuradunen kategorietako bati hasiera batean esleitu zitzaion zenbatekoa, orduan, soberakina, hala badagokio, erakunde onuradunen beste kategoria finantzako erabili ahal izango da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun honako hauek izan daitezke:

a) Enpresak: ETEak edo enpresa handiak, bai eta enpresa-elkarteak ere.

Agindu honen ondorioetarako, honako hauek definitu dira:

Enpresa: irabazteko asmoarekin jarduera ekonomikoren bat egiten duen erakunde juridiko oro. De minimis laguntzak aplikatzeari buruzko 1407/2013 (EB) Erregelamenduari dagokionez, erakunde berak izatez edo zuzenbidez kontrolatzen dituen erakundeak enpresa bakartzat hartu behar dira.

Enpresa txiki eta ertainak (ETE): mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak zehazteko 2003ko maiatzaren 6an Batzordeak emandako 2003/361/EE Gomendioaren arabera.

Enpresa handia: enpresa txiki eta ertainen kategoriatik kanpo geratzen den edozein.

Enpresa-elkartea: irabazi-asmorik gabeko enpresa-elkarte sektoriala, eskaera aurkeztean eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoena eta baliozkoa, eta, besteak beste, bere sektorerako ikerketako eta garapeneko proiektuak eta jardunak egiten dituena.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kide diren eragileak, ikerkuntza kooperatiboko zentroen, teknologia-zentroen eta enpresetako I+G unitateen kategorietan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera egiaztatuak.

2.– Erakunde onuradunek EAEn kokatuta egon beharko dute, edo EAEn ekoizpen-zentro bat izan beharko dute.

3.– Erakunde onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izan behar dituzte.

4.– Ezin izango dira erakunde onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden erakundeak.

5.– Erakunde onuradunek ezin izan dituzte jaso estatuko laguntza-araubide hauetakoren baten ondoriozko laguntza bateraezinik eta legez kanpokorik: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00); eta Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00), salbu eta itzuli egin badituzte edo kontu blokeatu batean gordailutu badituzte interes eta guzti.

6.– Erakunde onuradunak ez dira egon behar zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ez eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

7.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak erakunde onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

8.– Laguntza hauen onuradun izateko baldintzak betetzeari eutsi egin beharko zaio, emandako diru-laguntza guztia likidatu arte.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Erakunde onuradunek egingo dituzten I+G proiektuetan lan egiteko langile ikertzaileen kontratazioa lagundu ahal izango da diruz.

Agindu honen ondorioetarako, I+G proiektuak izango dira, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako Estatuen Laguntzei buruzko Esparru Komunitarioan (2014 / C 198/ 01) definitzen denaren arabera, ikerketa eta garapeneko kategoria bat edo batzuk (oinarrizko ikerketa, ikerketa industriala eta garapen esperimentala) hartzen dituzten jarduerak garatzeko proiektuak. Kategoria horiek ere Esparru Komunitarioan definituta daude.

1.– Erakunde onuradunek behar bezala justifikatu beharko dute langile ikertzaileak kontratatzeko beharra, egingo dituzten I+G jarduerak garatzeko.

2.– Ikertzailearen kontratazioa ikerketa-jarduera garatuko duen EAEko ekoizpen-zentroan egin beharko da.

3.– I+G jarduerak EAEn dituzten instalazioetan egin beharko dituzte zuzenean erakunde onuradunek.

4.– Kontratatu beharreko ikertzaileak, agindu honen ondorioetarako, betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Enpresentzat eta enpresa-erakundeentzat: unibertsitate-titulua eta I+G proiektuekin lotuta dagoen eta froga daitekeen lanbide-esperientzia, gutxienez 2 urtekoa; edo, bestela, doktore-titulua izan beharko du.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileentzat: doktore-titulua izan beharko du.

5.– Kontratazioa kalitate-baldintzetan egin beharko da, kontratatutako pertsonaren profilarekin bat datorren ordainsaria bermatzeko. Zentzu horretan, urteko gutxieneko kostu hauek ezartzen dira (ordainsari gordina gehi Gizarte Segurantzako enpresa-kostua):

a) 20.000 euro, 2 urteko esperientzia duen ikertzaile batentzat.

b) 40.000 euro, 10 urtetik gorako esperientzia eta/edo doktore-titulua dituen ikertzaile batentzat.

6.– Horrez gain, kontratazio berriek hau bete beharko dute:

a) Ikertzaileak erakundearekin formalizatuko duten lehenengo kontratua aurkezten den deialdiaren urtean egin beharko da, eta gutxienez 12 hilabeteko iraupena izango du.

b) EAEko enpresa bateko ikerketa-talde batetik datorren eta aurretiaz gehienez ere hiru alditan diruz lagunduta egon den kontratua izan duen ikertzailearekin eginiko kontratuek ezin izango dute diru-laguntzarik jaso.

c) Erakunde onuradunek egiaztatu beharko dute kontratua formalizatu aurreko 12 hilabeteetan ez dutela lan-arloko kontratu-loturarik izan proposatutako ikertzailearekin.

d) Erakunde onuradunek kontratatzeko 3 pertsona aurkeztu ahal izango dituzte gehienez. Lehentasun-hurrenkera adierazi beharko dute, eta saiatuko dira emakumeen eta gizonen arteko oreka bermatzen, guztiak ere gaitasun, konpetentzia eta prestakuntza egokiarekin.

e) Gutxienez 2 lanpostu gordeko dira % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko.

5. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntza jaso dezakeen gastutzat hartuko da ikertzailea kontratatzeko kostua: soldata-ordainsari gordina gehi Gizarte Segurantzako enpresa-kuota.

6. artikulua.– Laguntzen izaera eta diru-laguntza emateko prozedura.

1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

2.– Diru-laguntza emateko, lehiarik gabeko konkurrentzia-prozedura erabiliko da, erakunde onuradunen kategoria bakoitzeko.

3.– Agindu honen 8. artikuluan aipatutako dokumentazio guztia behar bezala aurkeztu ostean, arau honetan eskatzen diren betekizun guztiak betetzen dituztenean, orduan onetsiko dira eskaerak, eta 7. artikuluan zehaztutako zenbatekoen arabera esleituko zaizkie diru-laguntzak.

7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.

1.– Onetsitako eskaera bakoitzari eman beharreko diru-laguntza honela kalkulatuko da: artikulu honen 2. paragrafoan aurrez ikusitako laguntzaren gehieneko intentsitatea aplikatuko zaio finantza daitekeen gastuaren aurrekontuari.

2.– Kontratazio bakoitzagatik erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzen ehunekoak hauek izango dira gehienez:

a) Enpresak:

1) % 60 ETEentzat.

2) % 50 gainerako enpresentzat: Enpresa handiak eta enpresa-elkarteak.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileak: % 50.

c) Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak, diru-laguntza jaso dezakeen kontratazio bakoitzeko, ezin izango ditu kopuru hauek gainditu:

1) 18.000 euro, 2 urteko edo hortik gorako ikerketa-esperientzia daukan ikertzaile batentzat.

2) 30.000 euro, 10 urtetik gorako ikerketa-esperientzia edo doktore-titulua duen ikertzaile batentzat.

3) Erakunde onuradunen kategoria bakoitza finantzatzera bideratutako diru-zuzkidura onesten diren eskaerei erantzuteko behar bestekoa izango da, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzetan, 10. artikuluan aurrez ikusitako eskaeren ebaluaziotik ondorioztatzen den hurrenkerari jarraituz, aurrekontu-kreditua agortu arte.

8. artikulua.– Eskaerak eta gainerako agiriak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, 2015eko abenduaren 18ko 12:00etan amaituko da.

2.– Eskabidea http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/ web-orrialdean beteko da, eta, bete ostean, inprimatu eta paperean aurkeztu beharko da Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetan eta Herritarrentzako Arreta Bulegoetan (Zuzenean).

3.– EAEko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta Sailarekin izaten dituzten ahozko zein idatzizko harremanetan hizkuntza horietan hartuak izateko eskubidea dute enpresek.

4.– Diru-laguntza eskaera bat aurkezten baldin bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

Artikulu honen 6. eta 7. paragrafoetan eskatutako agiriekin batera aurkeztu beharko da eskabidea.

5.– Erakunde kontratatzaileari buruzko dokumentazioa:

a) Eskaera egiteko inprimaki normalizatua.

b) Erakundearen deskribapen laburra: jarduera-memoria, ekoizpen-sektorea, langileen egitura (kategoria teknikoak eta sexua zehaztuta), I+Gren arloko aurrekariak, arlo horretan azken urteetan eginiko jarduerak, lortutako emaitzak eta dituen baliabide fisikoak eta giza baliabideak.

c) Kontratatutako langileak lan egingo duen proiektuaren edo proiektuen memoria. Memoriaren edukiak honako hauek jaso behar ditu:

– Kontratatutako langileak parte hartuko duen I+G proiektuen helburuen laburpena eta erakundearen estrategiak, zeinak proiektu horien oinarri baitira.

– Kontratatutako langileak garatuko dituen jardueren plan xehatua, izango duen eginkizuna eta bere espezializazioak erakundearen estrategian duen kokapena zehaztuta.

– Ikerketa-proiektuaren emaitzen azterketa eta izan ditzakeen onura ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak, eta horiek zer nolako eragina daukaten enpresaren lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko.

– Faseak, proiektuaren iraupena eta aurrekontua.

d) Kontratatutako langilea txertatuko den ikerketa-taldearen osaera.

– I+G arloaren edo ikerketa-taldearen arduradunaren CV eguneratua.

– Kontratatutako langilea txertatuko den taldearen CV kolektiboa.

e) Lanpostuaren, azpiegitura-zuzkiduraren eta esleituriko zereginen definizio zehatza.

f) Diruz lagundu beharreko lan-kontratuaren kopia, kontratuaren xedea eta eginkizunak argi adierazita, bai eta alderdi ekonomikoak eta denborazkoak ere.

g) Enpresaren erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:

• Enpresaren sailkapena, hauen arabera:

– ETE bat izanez gero, halako kalifikazioa izateko ezaugarriak bete behar ditu, Europako Erkidegoko arauei jarraituz, betiere.

– Enpresa handia edo ertaina baldin bada, ezin da egon berregituratze-aldian, eta, hala badago, jasotzen duen berregituratze-laguntzaren berri izan behar du Europako Batzordeak.

• Beste instituzio publikoetan edo pribatuetan, proiektu berarentzat eskatutako eta/edo emandako laguntzak.

• Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta unekoan jasotako de minimis laguntzak, de minimis laguntzei buruz Batzordeak emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduari lotuta daudenak, hain zuzen ere.

• Lana eta familia bateragarri egiteko planak edo berdintasunerako planak izatea, edo Emakundek aukera-berdintasuneko erakunde laguntzaile gisa aitortu izana.

• Enpresa handia bada, Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasuna bermatzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan xedatutakoa betetzen duela.

h) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiri ofizialak (sailari horiek eskatzeko baimena eman ez badio bakarrik).

i) Enpresentzat eta enpresa-elkarteentzat: administrazio edo organismo eskudunetatik azken bost urteetan I+G proiektuetarako jaso dituzten laguntzak eta/edo diru-laguntzak egiaztatzeko agiriak (ebazpenak, txosten arrazoituak).

6.– Kontratatutako langileari buruzko agiriak.

a) NANaren edo, hala badagokio, egoiliar-txartelaren fotokopia, behar bezala konpultsatua.

b) Unibertsitate-tituluaren kopia konpultsatua, noiz lortu den argi eta garbi adierazita.

Titulua atzerrikoa izanez gero, homologazioa edo baliozkotzea ere aurkeztu beharko da.

c) Curriculum Vitaea, erakunde kontratugileak proposatutako lanpostuarekin lotutako merezimendu garrantzitsuenak azpimarratuta, lan-arloari nahiz arlo zientifikoari dagokionez; eskabidearen unean, eguneratuta egon beharko du. Ikerketa-esperientzia egiaztatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira.

d) Ikerketa-arloko lanbide-esperientzia egiaztatzeko dokumentazioa (kontratuak, ikertzeko gaitasuna egiaztatzeko Ikasketa Aurreratuen Diploma, etab.).

e) Lan-bizitzaren ziurtagiria, eguneratuta.

f) Desgaitasun-ziurtagiria, hala badagokio.

g) Egokitzat jotzen den beste edozein informazio.

7.– Eskabideak behar bezala osatuta aurkezten ez badira edo eskatzen diren agiririk gabe aurkezten badira, onuradunari 10 egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzendu edo falta diren agiriak aurkezteko. Hori egiten ez badu, bere eskaria bertan behera utzitzat joko da eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedaturikoaren arabera jardungo da.

8.– Nolanahi ere, Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak beharrezko irizten dion dokumentazio edota informazio osagarri guztia eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko; arau honetan esanbidez aurreikusten ez den guztiari dagokionez, berriz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

9. artikulua.– Laguntzak ebaluatzeko eta kudeatzeko organoak.

1.– Horretarako sortutako ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskaerak aztertzea eta ebaluatzea, baita laguntzak emateko proposamenak egitea ere.

2.– Ebaluazio-organoa honako hauek osatuko dute: Teknologia eta Estrategia zuzendaria (organoaren lehendakariaren eginkizunak egingo ditu) eta Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzako talde teknikoko bi kide (horietako batek idazkari-lanak egingo ditu). Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da.

3.– Ebaluazio-organoak adituen iritzia eskatu ahal izango du gai espezifikoetan, betiere beharrezkotzat jotzen duenean.

4.– Ebaluazio-organoak aurkeztu diren eskaerak aztertuko ditu, agindu honetan ezarritako betekizunak betez eta, zehazki, 3., 4. eta 8. artikuluetan jasotakoa aintzat hartuta. Ondoren, txosten teknikoa egingo du, eta, txosten horretan, eskaeraren azterketaren emaitza zehaztuko du eta hautatutako eskaerak proposatuko ditu, bai eta atzera egin dutenak eta ukatu egin direnak ere.

5.– Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari dagokio laguntza hauek kudeatzea.

10. artikulua.– Eskaerak ebaluatzea.

1.– Aurkeztutako eskaeren hautaketa honako hauek aintzat hartuta egingo da, erakunde onuradunen kategoria bakoitzeko:

a) Espedienteko dokumentazioa zer egunetan dagoen osatuta.

b) Eskaeraren sarrera-hurrenkera Administrazioan (paperean).

c) Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzea.

2.– Edonola ere, berritzeek lehentasuna izango dute kontratazio berrien aurrean.

3.– Erakunde eskatzaile batek ikertzaile gizonezkoak eta ikertzaile emakumezkoak kontratatzeko eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, lehentasuna izango dute ikertzaile emakumezkoen hautagaitzek gizonezkoen aurrean, esparru zientifiko-teknologikoan generoen arteko desoreka txikitzeko.

4.– Erakunde onuradunei kontratu berri bat baino gehiago lagundu ahal izango zaizkie diruz, aurrekontuaren arabera erabilgarri dagoen diru-kopuruak horretarako aukerarik ematen baldin badu, eta, betiere, onuradun diren erakundeek eskatutako lehenengo kontratazioari laguntzak esleitu eta gero.

11. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.

1.– Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari dagokio hautatutako eskaerak ebaztea.

2.– Emandako ebazpenak honako hauek jasoko ditu:

i) Diruz laguntzea proposatzen diren eskaeren zerrenda. Zerrenda horretan, eskaera bakoitzerako, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, eskatutako kontratazio-kostu finantzagarria, proposatutako laguntzaren zenbateko globala, eta kontratatutako pertsonen nortasuna.

ii) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia.

iii) Eranskina, justifikazio-fasea amaitu arte egin behar diren urratsak eta fase horretan aurkeztu behar den dokumentazioa adierazita.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, laguntza-deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.

5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitara daiteke erakunde onuradunen eta emandako diru-laguntzen zerrenda, jendeak oro har horren berri izan dezan.

6.– Orobat, Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.

12. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, era honetan:

a) Emandako diru-laguntzaren % 50 diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da, ebazpena jaso eta 15 egun naturaleko epea igarota uko adierazirik ez bada.

b) Gainerako % 50a urteko programa amaitu ostean ordainduko da. Ordainketa egin ahal izateko, lehenengo, diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzan edo lurralde-ordezkaritzetan, diru-laguntza jaso duten jarduerak egin direla egiaztatzeko.

2.– Kontratazioaren osteko 12 hilabeteak amaitu eta hurrengo hiruhilekoan aurkeztu beharko da justifikazioa. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

Amaierako memoria, I+G saileko arduradunak, proiektuaren arduradunak eta ikertzaileak sinatuta. Memoriak honako hauek jaso beharko ditu:

i) Diru-laguntzak ematearen aldian eginiko lana eta emaitzak.

ii) Kontratatutako langileak egin dituen ikerketa-jarduerak. Diru-laguntza jaso duen proiektuari eta parte hartzen duen gainerako proiektuei eskainitako hileko orduak adieraziko dira. Horrez gain, proiektu bakoitzeko, beste edozein organismo publiko edo pribatutatik lortu dituen bestelako diru-laguntzak ere adieraziko dira. Dokumentu hau proiektuaren arduradunak eta kontratatutako langileak berak sinatu beharko dute.

iii) Nahi ziren emaitzak lortzea.

iv) Kontratatutako langileak etorkizunerako dituen aukerak.

v) Lanaren emaitzak argitaratu egin badira, argitalpen horien kopia bidaliko zaio Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari.

vi) Halaber, patenteak dokumentatu egingo dira.

vii) Lan-kontratu eguneratuaren kopia.

viii) Erantzukizunpeko adierazpena, zigilatuta eta proiektuaren arduradunak eta kontratatutako langileak sinatuta. Hauek zehaztuko dira:

– Ikertzaileak jasotzen duen ordainsaria, kostu gordina eta enpresaren kargurako gizarte-aseguruak banakatuta.

– Gutxieneko kontratu-loturaren konpromisoa enpresaren eta kontratatutako langilearen artean.

ix) Kontratatutako langilearen azken 10T agiria, enpresaren ordezkariak sinatuta.

x) Kontratatutako langilearen azken bi nominak, eguneratuta.

xi) Gizarte Segurantzako azken bi TC-2 agiriak.

Erakunde onuradunak Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzaren esku jarriko du datuak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia, laguntzak ordaindu aurretik eta dokumentazio hori eskatu eta gero.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak aparte utzi gabe; era berean, beste baldintza hauek ere errespetatu beharko dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

2.– Diru-laguntza jarduera jakin batzuetarako eman da eta horietarako bakarrik erabili behar da.

3.– Hautatutako ikertzaileei lan-kontratua egitea, indarrean dagoen lan-legediaren arabera.

4.– Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari jakinaraztea agindu honetan araututa dauden laguntzen kargura finantzatutako kontratuei buruzko uko egiteak, etenak eta gainerako gorabeherak.

5.– Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari horren berri ematea.

6.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntza edo laguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari.

7.– Behin betiko fakturak gorde eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urteko epean.

8.– Diru-laguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo bestelako ekintzen finantzaketa publikoari behar bezalako publizitatea ematea, erregelamenduz ezarrita dauden baldintzetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan jasotakoaren arabera.

14. artikulua.– Laguntzen bateragarritasunei eta laguntzak metatzeari buruzko araubidea.

1.– Laguntza hauek bateragarriak izan daitezke erakunde publiko edo pribatuetatik datozen eta xede bera duten beste laguntza edo diru-sarrera batzuekin, betiere Europar Batasunaren laguntzei buruzko araudian aurrez ikusita dagoen mugaraino.

2.– Erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzen zenbatekoa, banaka hartuta nahiz beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntza edo laguntzekin batera, ezin da izan onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa edo laguntzaren xedearen kostua baino handiagoa.

3.– Aurrekoa eragotzi gabe, de minimis laguntzak metatzeari buruzko araubidea aplikatuko da, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EB) xedatutakoaren arabera, zeina honi buruzkoa baita: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzea de minimis laguntzei, sarreraren 3) puntuan eta 3. puntuan. Horren arabera, enpresa bakar batek jaso beharreko de minimis laguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan (dagokion zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak).

4.– Halaber, de minimis laguntzei buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) 5.1 artikulua dela bide, de minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo diru-laguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi batean edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

15. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein Administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, onuradun izateko Agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotako jarduerak gauzatu behar dira. Nolanahi ere, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak aldaketak baimendu ditzake, aldez aurretik hala eskatuz gero Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatuz gero jarduerak amaitu aurretik, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoa desitxuratzen ez badira.

Kasu horien barruan jaso ahalko dira laguntza hauen babespean eginiko kontratuen etenaldiak, gutxienez hiru hilabeteko aldi baterako ezintasun-egoerak gertatzeagatik (amatasuna, aitatasuna, edoskitzea, arriskuko haurdunaldia, adopzioa...).

3.– Etenaldi horien ondorioz, diru-laguntzak ematearen baldintzak aldatu egin daitezke, beste ebazpen baten bidez. Etenaldian onuradunak sortuko dituen kontratazioaren ondoriozko gastuak (kostu gordina eta gizarte-segurantzako enpresa-kuota) ez dira diruz lagungarritzat hartuko.

4.– Aldaketek ez dute inolaz ere handituko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak agindu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarri diren baldintzak nahiz laguntzak esleitzeko ebazpenean ezarritakoak betetzen ez baditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko 4.1 artikuluak ezarritako kasuetan –dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezarri zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren–, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzunaldia eman eta gero, laguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du, eta, hala behar izanez gero, eskuratutako laguntzak eta horiei dagozkien legezko interesak itzultzeko obligazioa ezarriko du, hargatik eragotzi gabe bidezko beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak ireki eta ebatziko ditu ez-betetze espedienteak.

3.– Agindu honen xede diren laguntzen erakunde onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan ezarritako arau-hausteen eta zehapenen araubidea bete beharko dute.


Azterketa dokumentala