Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2015eko urriaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4288

205/2015 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Arabako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerentearena. Horren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko AOMS barruko Zabalgana Osasun Mentaleko Zentroaren (OMZ) Psikiatriako atalburu sanitario baten lanpostua, lehiaketa bidez, betetzeko deialdia egiten da.

Hauetan jasotakoarekin bat: Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen hirugarren arau komuneko 28. artikulua; Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua (I. eranskinean zerbitzuburu eta atalburu sanitarioen lanpostuak lehiaketa-sistemaren bidez beteko direla xedatzen duena); Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuko abenduaren 16ko 55/2003 Legea (zerbitzuburu eta atalburu sanitarioen lanpostuen hautatze-prozesuetarako beste honetara jo beharra xedatuta: urtarrilaren 8ko 1/1999 Legegintzako Errege Dekretuaren 14. xedapen gehigarria; eta EPOEren 79.1 artikulua ( lehiaketaren helburua da merezimenduak eta gaitasunak baloratzea izango dela eta, kasua balitz, kide anitzeko organo teknikoek egindako gaitasunen balorazioa egitea), AOMSko Zabalgana OMZaren Psikiatriako atalburu sanitarioaren lanpostua hutsik dagoenez, Zuzendaritza Gerentzia honek aipatutako lanpostua betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du, oinarri hauen araberako lehiaketa-prozedura egiteko:

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Estatutupeko, funtzionario edo lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan, edo estatutupeko langile finkoa izatea Osasun Sistema Nazionaleko erakunde sanitarioetan, eta A1 lanbide-taldekoa izatea.

b) Psikiatriako Fakultatibo Espezialistaren titulua izatea.

c) Gutxienez, 3 urteko lan-esperientzia izatea fakultatibo espezialista medikoaren lanetan psikiatrian.

2.– Merezimenduen baremoa (gehienez, 66 puntu).

Merezimenduen balorazioak honako fase hauek izango ditu:

2.1.– Proiektua eta haren defentsa (gehienez, 30 puntu), atalaren antolaketa eta funtzionamendua azaltzen duen memoria-proiektua epaimahai kalifikatzailearen aurrean publikoki azaltzean eta izangaiari egindako elkarrizketan datza.

Fase honen puntuazioa bi atal hauetan xehatzen da:

a) Aurkeztutako atalaren kudeaketaren memoria-proiektuaren edukiaren balorazioa (gehienez 15 puntu).

Kudeaketaren memoria-proiektuak, gutxienez, atal hauek garatu beharko ditu:

a.1.– Antolaketa- eta kudeaketa-atala:

Atalaren organigrama, bai burutzako lanpostuaren bai horri atxikitako beste lanpostuen eginkizunak zein diren adierazten duena.

Atalak erakunde bereko beste zerbitzuekin duen harremana.

Atalaren kudeaketa-plana, hobekuntzako arloak antolatzeko, aztertzeko eta detektatzeko helburuak zehaztuta, eta horiek lortzeko behar diren neurri egokiak identifikatuta. Eta horrekin batera, esleitutako giza baliabideak eta ekonomikoak eraginkortasunez erabiltzeko konpromiso edo plana.

a.2.– Asistentziari buruzko atala:

Zerbitzu asistentzialen zorroaren deskribapena.

Adierazle eta helburu asistentzialak ezartzea, horien jarraipena eta ebaluazioa etengabe egiteko sistemarekin batera.

a.3.– Irakaskuntza-atala:

Atalean irakaskuntzaren planifikazioa ezartzea.

b) Jendaurreko azalpena balorazio-batzordearen aurrean. (Gehienez, 15 puntu).

Proiektuaren jendaurreko azalpena baloratzerakoan, proiektua defendatzeko izandako argitasuna eta laburtasuna hartuko dira kontuan, baita haren arlo garrantzitsuenak azaltzeko gaitasuna ere.

2.2.– Merezimenduen balorazioa (Gehienez, 30 puntu).

Puntuazioa honela banatuko da:

2.2.1 Laneko esperientzia (Gehienez, 15 puntu).

– Psikiatriako espezialitatean fakultatiboaren zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,050 puntu.

– Psikiatriako atalburuaren zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,075 puntu.

– Psikiatriako zerbitzuburuaren zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,100 puntu.

– Zuzendari gerente, zuzendari mediko edo zuzendariorde medikoaren lanean jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,100 puntu.

Kontuan hartuko dira, laneko esperientzian, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetako edo edozein administrazio publikotako zerbitzu-erakundeetan emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan emandakoak ere.

Guztizkotik, lanean egindako egun naturalak oinarri izanik egin den horretatik, hilabetera iristen ez diren egunei balioa kenduko zaie. Hilabetea osatzeko, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da.

2.2.2 Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapena (Gehienez, 15 puntu).

Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua bakarrik agertzen denean, puntuazioa 0,1 puntukoa izango da kreditu bakoitzeko.

a) Prestakuntza kudeaketa arloan (gehienez, 3 puntu).

Osasun-kudeaketarekin lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:

– 20-30 ordu: 0,20 puntu.

– 31-50 ordu: 0,30 puntu.

– 51-100 ordu: 0,40 puntu.

– 101-200 ordu: 0,50 puntu.

– 200 ordutik gora: 1,25 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, baldin eta titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

b) Espezialitateko etengabeko prestakuntza (gehienez, 3 puntu).

Dagokion lanpostuaren espezialitatearekin lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:

– 20-30 ordu: 0,20 puntu.

– 31-50 ordu: 0,30 puntu.

– 51-100 ordu: 0,40 puntu.

– 101-200 ordu: 0,50 puntu.

– 200 ordutik gora: 1,25 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, baldin eta titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

c) Graduondoko prestakuntza (gehienez, 3 puntu):

– Doktorea: 2 puntu.

– Cum laude doktorea: 3 puntu.

– Graduondoko masterra: 1 puntu.

– Unibertsitate-aditua edo -espezialista: 0,5 puntu.

– Ikertzeko nahikotasuna edo diploma ikasketa aurreratuetan: 0,5 puntu.

– Doktoretza-ikastaroak: doktoretza-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,1 puntu.

Doktore titulua, cum laude doktore titulua, ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroak ez dira baloratuko.

d) Jarduera zientifikoa (gehienez, 3 puntu).

Dagokion espezialitatearekin lotutako lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak edo komunikazioak aurkezteagatik, eta hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik:

– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,25 puntu.

– Estatuko txosten bakoitzeko: 1 puntu.

– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 1,5 puntu.

– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,15 puntu.

– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,60 puntu.

– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1 puntu.

– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,20 puntu.

– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 0,75 puntu.

– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,25 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 1 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5 puntu.

– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 1 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5 puntu.

– Tesinako: 1,5 puntu.

e) Irakaskuntzako jarduera (gehienez, 3 puntu).

– Medikuntza Fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 1 puntu.

– Medikuntza Fakultateko irakasle-titularra, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,50 puntu.

– Medikuntza Fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,25 puntu–.

– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,50 puntu.

– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,05 puntu.

2.3.– Euskararen ezagutza (Gehienez, 6 puntu).

Euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta bera garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera baloratuko da.

3.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.

Interesa dutenek beren eskabideak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Osasun Mentaleko Pertsonaleko Zuzendaritzara bidaliko dituzte (Araba kalea 43, 01006 Vitoria-Gasteiz), 15 egun baliodunetan, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu ahal izango dira.

Interesa dutenek beren eskabidea Arabako Osasun Mentaleko Sareko Pertsonaleko Zuzendaritzan aurkeztu beharko dute, haien datu pertsonalekin eta «Curriculum Vitae» dokumentatuarekin batera.

Dokumentazioa honako hauek osatuko dute:

a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

b) Funtzionario edo estatutupeko langilearen izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

c) Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua.

d) Deialdia EHAAn argitaratu arte emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua, dagokion kategoria adierazita.

e) Bete nahi den ataleko kudeaketako memoria-proiektua.

f) Merezimendu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.

Ez dira aurreko paragrafoan azaldutako moduan egiaztatu behar CVetarako aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala balioztatuta dauden puntuak, nahiz eta egoera hori jasota egon beharko den izangaiak egindako eskabidean.

4.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Arabako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerenteak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzeko, eta baztertuen kasuan arrazoia ere emango du. Era berean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko webgunean argitaratzeko agindua emango du, eta 10 egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, administrazio bideko erreklamazioak aurkezteko.

5.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.

Behin erreklamazioen epea amaituta, Arabako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerentearen ebazpen baten bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko webgunean, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

6.– Balorazio-batzordea.

AOMSko Zuzendaritza Gerentziaren ebazpen baten bidez, balorazio-batzorde bat izendatuko da, eta hauek osatuko dute: AOMSko zuzendari medikoa (batzordeburua), Pertsonaleko zuzendariak (idazkaria), eta izangaiei eskatutako titulazioa eta espezialitatea izan beharko duten hiru batzordekide. Batzordekide guztiek ahots eta botoa izango dituzte, eta erabakiak boto-gehiengoz hartuko dira, eta aktan jasoko dira.

Batzordekideek abstenitu egin beharko dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legak aldatuak, 28. artikuluan jasotako kasuren batean badaude. Kasu horiexek direla kausa, interesdunek errekusazioa abiaraz dezakete edozein unetan, aipatutako legearen 29. artikuluaren xedatutakoari jarraikiz.

Akta egingo da balorazio-batzordea biltzen den bakoitzean. Horretan izangaien izena, merezimenduen baremoaren atal bakoitzeko izangai bakoitzari emandako balorazioa eta puntuazio indibiduala eta esleitutako erabateko puntuazioa jasoko dira.

7.– Izangaien deialdia.

Izangaiei jakinaraziko zaie, eskabidean jasotzen den helbidean, modu indibidualean, eta gutxienez 10 eguneko aurretiaz, haien kudeaketako memoria-proiektua jendaurrean azaltzeko eta elkarrizketa publikorako data, lekua eta ordua. Jendaurreko azalpenerako deialdi hori Osakidetzako webgunean ere argitaratuko da.

Proiektuak defendatu aurretik, lehenik eta behin, Balorazio-batzordeak egiaztatuko du izangaiek deialdi honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituztela eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. eta 29. artikuluek jasotzen dituzten Abstentzio eta Ezezpeneko arrazoirik ez dagoela.

8.– Hautatzeko prozedura.

Batzordeak dokumentazioa baloratu behar du, baldin eta hautagaiek behar den epean eta moduan aurkeztu badute.

Ezingo dira baloratu, inolaz ere, deialdiaren iragarkia EHAAn iragartzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta ziurtatu ez direnak ere.

Prozedurak bi fase izango ditu:

a) Proiektuen aurkezpen indibiduala eta elkarrizketa publikoa, deitutako datan, lekuan eta orduan.

b) Merezimenduen balorazioa, deialdi honetako oinarriekin bat.

Izendatua izateko prozesu osoan behar den gutxieneko puntuazioa 33 puntu dira, eta proiektuaren balorazioan eta horren defentsan, gutxienez, 15 puntu behar dira.

Behin hautagaien balorazioa eginda, eta hori kontuan izanik, balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Zuzendaritza Gerentziari. Balorazio-batzordeak lanpostua hutsik uztea proposa dezake, hautagairik ez badago, horiek deialdi honetako eskakizunak betetzen ez badituzte, edo eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute.

9.– Prozedura amaitzeko ebazpena.

Hemen hasitako prozedura amaituko da (proposatutako hautagaia izendatzea edo deialdia hutsik uztea) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Osasun Mentaleko zuzendari gerentearen ebazpen baten bidez; ebazpen hori Osakidetzako webgune korporatiboan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dena.

Izendatutako pertsonak lanpostuari uko egingo balio, Zuzendaritza Gerentziak hurrengo puntuaziorik onena lortu duen pertsona izenda dezake, deialdian ezarritako eskakizunak betetzen baditu.

10.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen honen iragarkia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 21a.

Arabako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerentea,

EGUZKIÑE DE MIGUEL AGUIRRE.


Azterketa dokumentala