Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2015eko urriaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4270

AGINDUA, 2015eko irailaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuarena, ezagutza, berrikuntza eta merkataritza-lehiakortasuna sustatzera eta hedatzera bideratutako laguntza-programa arautzen duena.

Merkataritzaren arloan eskumena duen sailaren helburuetako bat Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-banaketaren sektoreko profesionalizazioa hobetzea izan da, eta orain ere hala da.

Helburu hori lortzeko, hainbat erregulazio egin dira, betiere, merkataritza-sektorearen une bakoitzeko baldintzetara egokitzen saiatuta.

Une honetan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, beharrezkotzat jo du merkataritza-sektoreko profesionalek beren egoera ekonomikoa eta estrategikoa baloratu ahal izateko behar adinako ezagutzak izatea, merkatuan posizionamendu hobea lortzeko behar dituzten ekintzak egin ditzaten.

Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak merkataritza-sektorearen kalitate eta inpaktu ekonomikoa hobetuko dituzten prestakuntza-beharren diagnostiko bat egin du.

Diagnostikoa aztertu ondoren, eta horren emaitza gisa, prestakuntza-programa bat egin da, orientazio gisa bi jarduketa-ildo dituena.

Lehen jarduketa-ildoa hainbat ikastarok osatzen dute; horien bitartez, merkatariek eta ikastaroetan parte hartzen duten bestelako langileek beren saltokiaren benetako egoera ezagutu ahal izango dute, ekonomiaren eta kudeaketaren alderditik, eta beren enpresa-posizionamendua hobetu ahal izateko beharrezko jarduketak gauzatu ahal izango dituzte.

Prestakuntza-jardueraren bigarren ildoa, ikastaroen osagarri dena, jardunaldi teknikoek osatzen dute. Jardunaldi horien asmoa izango da bertaratzen direnek sektoreko eragileen esperientziak eta ezagutzak jasotzea, bakoitzaren egoera zehatzean baliagarriak izan daitezkeen aukerak ezagut ditzaten.

Jarduketa horien bidez, Merkataritza Zuzendaritzak prestatzeko, birziklatzeko eta behar diren ahalmenak eskuratzeko aukera eman nahi dio sektoreari, lehiakorrak izateko, kontsumitzaileen beharretara egokitzeko eta kalitateko zerbitzuak eskaini ahal izateko.

Horiek horrela, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

Agindu honen helburua da: berrikuntza eta enpresa-lehiakortasuna hedatzeko eta hobetzeko jarduerak sustatzeko programa arautzea, baita merkataritza-sektoreko negozio-joera berriak ezagutzea ere, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren 2013-2016rako Jarduketa Planean zehaztutako helburuekin bat.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko artikuluan adierazitako helburua betetzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

Agindu honetan arautzen den laguntzaren zenbateko orokorra dagokion deialdi-ebazpenean esleituko da; dena den, aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan hartuta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Horrelakorik gertatzen bada, merkataritzaren alorrean eskumena duen sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

2.– Programa hau indarrean dagoen bitartean ekitaldi ekonomiko batean diru-laguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, merkataritzaren alorrean eskumena duen sailburuordeak egoera horren berri emango du administrazio-ebazpen baten bidez, eta, ebazpen horretan kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkeztutako eskaerarik.

3.– Aurkeztuta dauden eta izapide-fasean dauden eskaerak, esleitutako aurrekontu-zuzkidura agortzeagatik erantzun ezin badira, ezetsi egingo dira arrazoi hori dela eta, Merkataritza Zuzendaritzako titularraren administrazio-ebazpen baten bidez.

4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bidez gauzatuko dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Hauek jaso ahal izango dituzte agindu honetan zehaztutako laguntzak:

EAEko merkatarien elkarteek eta taldeek edo elkarte mistoek, baita horien federazioek edo taldeek ere, baldin eta ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuan arautzen den Merkatarien Elkarteen Erroldan inskribatuta badaude.

2.– Hauek ezin izango dute onuradun izan:

a) Merkatarien Elkarteen Erroldan inskribatu gabe daudenak edo deialdiaren urtean baja izan direnak.

b) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta ez dituztenak.

Ildo horretan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak behar den adina aldiz egiaztatuko du automatikoki aipaturiko betebeharrak betetzen ote diren, erakunde interesdunen baimenaren beharrik izan gabe, betiere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera. Paragrafo hori 2011ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenen arteko hirugarrenak txertatu zuen testu horretan.

c) Laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen administrazio- edo zigor-zehapenen bat jaso dutenak, ezta horretarako gaitasuna eragozten dien legezko debekuren batean daudenak ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenen artean seigarrenak xedatutakoarekin bat.

3.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak esleitu, eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, honako hauek burututa egon behar dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak enpresa horiei itzularazteko edo haien zioz zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiak.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honen arabera laguntzeko moduko jardueratzat hartuko dira honako hauek:

a) Agindu honen I. eranskinean aipatzen diren ikastaroak, baldin eta beren fitxa teknikoan zehaztutako ezaugarriak betetzen badituzte (helburua, programa, iraupena eta modalitatea).

b) Helburu gisa berrikuntza eta enpresa-lehiakortasuna hedatzea eta hobetzea duten jardunaldi teknikoak, baita negozio-joera berriak ezagutzea ere, Agindu honen II. eranskinean zehaztutako zerrendarekin bat etorriz.

2.– Ikastaroek eta jardunaldi teknikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte diruz laguntzeko modukoak izateko:

a) Laguntza eskatzen duen erakundeak antolatuak izatea, eta merkataritza-sektoreko enpresariei eta horien langileei zuzenduta egotea.

b) 2015eko ekitaldi ekonomikoan garatzea.

c) Gutxienez 10 enpresaren parte-hartzea izatea. Horietatik gehienez % 30 ostalaritzaren edo zerbitzuen sektorekoak izan daitezke.

d) Ikastaroak edo jardunaldi teknikoak ematen dituen pertsona ez izatea agindu honen 3.1 artikuluan aipatzen diren erakundeetako bateko antolamendu-egiturako kide.

e) Jardunaldi teknikoek gutxienez 2 orduko eta gehienez 5 orduko iraupena izango dute, eta egun bakarrean egingo dira.

f) I. eranskinean aipatzen diren ikastaroetako edozein ematen duen pertsona fisikoak edo juridikoak prestakuntza-jardueren ekitaldiari dagokion Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egon beharko du.

g) Ikastaro batek modulu bat baino gehiago hartzen baditu barnean, modulu horiek guztiak gauzatu beharko dira.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastuen % 80raino finantzatuko dira, eta diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 7.000 eurokoa izango da, laguntzaren urteko eskaeraren helburu diren jarduera guztietarako.

2.– Honako hauek joko dira diruz lagun daitekeen gastutzat:

a) Ikastaroak:

– Ikastaroa emango duen pertsona fisiko edo juridikoaren kontratazioa, gehienez 100 euro orduko.

– Gauzatu beharreko jardueraren sustapena.

– Jardueraren euskarriaren dokumentazioa edo edizioa.

– Gastu arruntak, jarduera egiteari zuzenean egotz dakizkiokeenak, erakunde eskatzaileko langileen gastuak izan ezik.

Ikastaro bakoitzean diru-laguntza jaso dezaketen gastuen guztizko zenbatekoa ez da 1.700 eurotik gorakoa izango (1.000 euro ikastaroa emango duen pertsona fisiko edo juridikoaren kontrataziorako, eta 700 euro gainerako gastuetarako). Ikastaro batek modulu bat baino gehiago badu, muga hori modulu bakoitzerako ezarriko da.

b) Jardunaldi teknikoak:

– Hizlarien kontratazioa, gehienez 200 euro orduko.

Hizlariek emandako materialen gastua ere sartuko da kontzeptu honetan.

– Gauzatu beharreko jardueraren sustapena.

– Jardueraren euskarriaren dokumentazioa edo edizioa.

– Gastu arruntak, jarduera egiteari zuzenean egotz dakizkiokeenak, erakunde eskatzaileko langileen gastuak izan ezik.

– Hizlarien lekualdaketaren, ostatuen eta mantenuaren gastuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen guztizko zenbatekoa ez da jardunaldi tekniko bakoitzeko 1.700 eurotik gorakoa izango (1.000 euro hizlariak kontratatzeko, eta 700 euro gainerako gastuetarako).

6. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira helburu berbera aintzat hartuta administrazio publikoek edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako beste edozein laguntzarekin.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoak –beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuen laguntzekin edo diru-laguntzekin batera– ezin izango du aurkeztutako aurrekontuaren % 100 gainditu.

3.– Gainfinantziazioa gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntza murriztu egingo da, diruz lagundutako proiektua gauzatzeko aurreko paragrafoan ezarritako guztizko kostuaren mugaraino.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

7. artikulua.– Laguntza emateko prozedura.

Agindu honi jarraituz ematen diren diru-laguntzak ordenan emango dira, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.

8. artikulua.– Prozeduraren hasiera.

Agindu honek araututako laguntzak urtero egingo diren deialdi publikoen bidez iragarriko dira eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira. Merkataritza sailburuordearen ebazpen baten bidez egin beharko da deialdia, eta ekitaldi horretan diru-laguntzak emateko aurrekontu-zuzkiduraren zenbatekoa zehaztu beharko da ebazpen horretan, baita eskaerak aurkezteko epea eta tokia ere.

9. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

Erakunde eskatzaileak eskaera bakarra aurkeztuko du gauzatu nahi dituen jarduera guztietarako.

1.– Eskaera egoitza elektronikoan bakarrik eskuratu eta bete daiteke, http://www.industria.ejgv.euskadi.net/p88a/p88aGestorServlet?PRESTACION=login&FUNCION=login&ACCION=login&RESPUESTA=ok&p88a.codlinea=div&verb1=true helbidean dauden funtzionalitateak erabiliz.

Eskaera-eredua agindu honen V. eranskinean jasotakoa da.

2.– Agindu honi lotutako errekerimenduak, jakinarazpenak eta bestelako kudeaketak honako modalitate hauen bitartez egin daitezke:

a) Bitarteko elektronikoak erabiliz, Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuarekin eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat.

Kasu honetan, eskaerarekin batera, erakunde eskatzailearen izenean jarduteko gaitasun legala duen pertsonaren sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta administrazioak aipatutako dekretuan xedatu bezala eska litzakeen guztiak ere aurkeztuko dira.

b) Bestela, eskatzaileak ez badu sinadura elektronikoa erabili nahi, eskaerak bete eta http://www.industria.ejgv.euskadi.net/p88a/p88aGestorServlet?PRESTACION=login&FUNCION=login&ACCION=login&RESPUESTA=ok&p88a.codlinea=div&verb1=true helbidean informatikoki grabatu ondoren, inprimatu, erakunde eskatzailearen (alegia, Merkataritza Zuzendaritzaren) legezko ordezkariak sinatu eta proiektua barnean hartuko duen lurralde historikoko Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzan aurkeztuko dira; edo, bestela, Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Zuzenean) edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan, betiere, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

3.– Erakunde eskatzaileek beraiek aukeratu duten hizkuntza ofizialean aurkez dezakete laguntza jasotzeko eskaera, baita horrekin batera aurkezten den dokumentazioa ere. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskaerarekin batera, 11. artikuluaren araberako erantzukizunpeko adierazpena eta agiri hauek eman beharko dira:

a) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia; eratze-eskrituren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren fotokopia; eta eskatzailearen ordezte-ahalaren fotokopia. Nolanahi ere, horiek ez dira aurkeztu beharko ordezkaria identifikatzen bada «enpresak/erakundeak» berak jaulkitako ziurtagiri baten bidez, horretan inplizituki bildutzat jotzen baitira aurreko agiri guztiak.

b) Pertsona eskatzailearen NANaren fotokopia, baldin eta ez bada ziurtagiri onartu baten bidez identifikatzen (NANe, ONA, herritar-txartela...), edo, bestela, laguntza-programa hau kudeatzen duen organoaren aldeko berariazko baimen baten bidez.

c) Erakunde eskatzailearen «Hirugarren Interesdunaren Alta» izeneko dokumentua, Ogasun eta Finantza Sailak xedatutako ereduari jarraitzen diona (http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net), baldin eta lehenago ez bada aurkeztu edo harrezkeroztik aldaketaren bat izan bada.

d) Dagokion Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberak emandako ziurtagiri eguneratua, eskatzaileak Merkatarien Elkarteen Erroldan egindako inskripzioari dagokiona.

e) Erakunde eskatzailearen Zuzendaritza Batzordearen osaera, sexuen arabera banatuta, barnean hartzen duen erakunde eskatzaileko idazkariaren ziurtagiria; lotura duten merkataritza-enpresen edo hala dagokionean elkarteen izenen zerrenda, eskaera-epea hasi aurreko hilean eguneratua; eta azken ekitaldian jasotako kuotak. Enpresei dagokienez, adierazi egingo da enpresako zein titular diren emakumezkoak eta zein gizonezkoak. Sozietate elkartuek nortasun juridikoa badute, sexuaren araberako bereizketa sozietatea osatzen duten pertsonei dagokiena izango da.

f) Emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko konpromisoaren aitorpena.

g) Eskatutako laguntzaren xede diren jarduera guztiak azaltzen dituen memoria, hau zehaztuta:

– Jardueraren izenburua eta deskribapena.

– Jardueraren arrazoiak, baldintzak eta interesa.

– Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza.

– Gauzatzeko datak eta orduak.

– Jardunaldi teknikoetako hizlariei eta ikastaroak emango dituzten langileei buruzko datuak (curriculum vitae).

– Bertaratuko direnen aurreikuspena.

– Jarduerarekin zerikusia duen beste edozein datu interesgarri.

h) Ikastaroak ematen dituen pertsona fisiko edo juridikoak Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta eman izanaren ziurtagiria.

2.– Nolanahi ere, Merkataritza Zuzendaritzak beharrezko irizten dion dokumentazio edota informazio osagarri guztia eska diezaioke erakunde eskatzaileari, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko; arau honetan berariaz aurreikusten ez den guztiari dagokionez, berriz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

3.– Ez dira aurkeztu behar izango dagoeneko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren esku dauden indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskaeran adierazi beharko da zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu diren aipatutako dokumentuak, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluaren f) letran xedatutako baldintzei jarraikiz.

4.– Eskaeran jasotako datuen egiazkotasuna espedientearen tramitazioaren edozein unetan egiazta daiteke.

5.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak konpromisoa hartu du datuak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta ondorio berberetarako aplika daitekeen gainerako araudian ezarritako babes-mailarekin tratatzeko.

11. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpena.

Aurreko artikuluan xedatutakoarekin bat, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1 bis artikulua betetzeko xedez, eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da honako betebehar hauek betetzen direla:

a) Eskaeraren berri ematea eta, behar izanez gero, baita edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntzaren, laguntzaren, sarreraren edo bestelako baliabideen berri ere.

b) Erakunde eskatzaileak ez izatea ezarrita diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat. Hitz ematen du, orobat, aipatutako 4/2005 Legeak administrazioarekin kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten nahiz handik laguntza jasotzen duten enpresei ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzen dituela.

c) Ez daukala inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez haren erakunde autonomoek emandakorik, izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasitakorik.

d) Eskaeran eta dokumentazioan jasotakoak datuak egiazkoak direla, eta, diru-laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen direla.

Goian aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, administrazio- zein zigor-araubidearen arabera dagokion zehapena jasoko du.

12. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskaeran dagokion lurralde-ordezkaritzak oker, akats edo zehaztugabetasunen bat atzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzen dezan; era berean, adieraziko dio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Epe hori igarotakoan zuzendu ez badu, lurralde-ordezkariak ebazpena emango du eskatzaileak eskaeran atzera egin duela adierazteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. eta 71.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

13. artikulua.– Eskaerak aztertzea eta ebaluatzea.

1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetako zerbitzu teknikoei egokituko zaie laguntzen programa honetarako aurkeztutako eskaerak aztertzea eta ebaluatzea.

2.– Eskaera bakoitza aztertu eta ebaluatu ondoren, ebazpen-proposamena emango du Merkataritza Zuzendaritzako titularrak; bertan, eskatutako diru-laguntza onartu edo ukatu den adieraziko du berariaz, baita diru-laguntzaren zenbatekoa ere.

14. artikulua.– Laguntza emateko ebazpena.

1.– Merkataritza Zuzendaritzako titularrak, aurreko artikuluan esandako proposamena ikusita, ordenari jarraituz ebatziko du espediente bakoitza, bertako dokumentazioa osatuta dagoen unean.

Ebazpen hori 6 hileko gehienezko epean eman eta jakinarazi beharko zaio erakunde interesdunari, eskaera aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Erakunde eskatzaileei diru-laguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gain, enpresa onuradunen zerrenda eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen dekretua).

3.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Merkataritzaren arloan eskumena duen sailburuordeari, azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epean eta moduan.

4.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpena emateko epea amaitu, eta interesdunari ez bazaio horren berri eman, laguntza-eskaera onartu egin dela ulertuko da.

III. KAPITULUA
PROGRAMA GAUZATZEA

15. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, era honetan:

a) Emandako diru-laguntzaren % 50 ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da, 16.a) artikuluan zehaztutako epean, baldin eta berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako % 50a jarduera gauzatu ostean ordainduko da, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren dagokion lurralde-ordezkaritzan honako dokumentazio hau aurkeztu ondoren:

– Gauzatutako jardueren memoria zehatza.

– Ekintza bakoitzera bertaratuko diren enpresen zerrenda, haien jarduera sektorea adierazita (EJZ). Zerrenda horretan, alde batetik enpresa bakoitzetik bertaratuko diren pertsonen kopurua adieraziko da, enpresako langileak edo titularrak diren adierazita, eta bestetik gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua.

– Jardueraren sustapenari dagokion dokumentazio grafikoa eta ikastaroetan nahiz jardunaldi teknikoetan entregatutako dokumentazioa.

– Gauzatutako jarduera bakoitzeko diru-sarrerak eta gastuak egiaztatzeko dokumentazioa (jatorrizko fakturak edo fotokopia konpultsatuak, partiden araberako likidazio-ziurtagiriak, etab.).

– Aurkeztutako fakturak ordaindu izanaren egiaztagiria. 2.500 eurotik gorako ordainketak banku-transferentzia, banku-ziurtagiri nahiz ordain-estraktuen bidez justifikatuko dira. Ordaintzailea eta ordaindua argi eta garbi identifikatuta azaldu beharko dira dokumentu horietan.

– Ikastarora edo jardunaldi teknikora bertaratutako pertsonek betetako eta sinatutako bertaratze-orria, III. eranskinaren araberakoa.

– Bertaratutako pertsona guztien gogobetetasun-inkesta, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

2.– Aurkeztutako jardueraren edo jardueren justifikazioan beherapen bat egongo balitz aurkeztutako eta diru-laguntza emateko kontuan hartutako aurrekontuarekin alderatuta, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, eta diru-laguntza kalkulatzeko aurrekontuko zenbatekoari aplikatutako ehuneko berbera aplikatuko zaio gastatutako zenbatekoari.

3.– Beheranzko desbideratzea % 25ekoa edo handik gorakoa bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea gal dezake onuradunak, diru-laguntza ematean kontuan izan ziren helburu guztiak bete direla justifikatu ezean. Bigarren kasu horretan, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan.

4.– Jarduera batzuk gehiegi justifikatzeak ezin izango du konpentsatu beste batzuk gutxiegi justifikatzea.

5.– Diruz lagundutako jarduerak justifikatzen dituen dokumentazioa dagokion lurralde-ordezkaritzan aurkeztu beharko da, gauzatutako azken jardueratik kontatzen hasi eta hilabeteko epean, eskaeran aurkeztutako jarduketa-egutegiaren arabera.

Edonola ere, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko azken eguna 2015eko abenduaren 31 izango da.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idazki batean adierazten ez badute, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eskatu den xede jakin horretarako erabili beharko dute, eta eskatzen zaien informazio osagarri guztia bidali beharko dute Merkataritza Zuzendaritzara, hark egoki iritzitako egiaztapenak egin ditzan, diruz lagundutako proiektuen garapenari eta gauzatzeari dagokionez.

c) Idatziz jakinarazi behar zaio lurralde-ordezkaritzari aldaketarik egiten den eta zer aldaketa egiten den diruz lagundutako jardueretan, egiteko aurrikusitako eguna baino 15 egun baliodun lehenago.

d) Gutxienez 7 egun balioduneko epean jakinarazi beharko dute diruz lagundutako jarduerak zein lekutan, egunetan eta ordutan egingo diren.

e) Diruz lagundutako jardueren hedapenean berariaz zehaztea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak emandako babesa, «Eusko Jaurlaritzaren claim-a aplikatzeko gidaliburuak» zehazten duen moduan (https://www.euskadi.eus/r48-contsepr/eu/contenidos/informacion/v2_simbolos/eu_simboide/index.shtml), hedapenerako erabiltzen diren euskarri guzti-guztietan.

f) Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeek otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak beren gain hartzea. Jardueretarako publizitate-, informazio- eta hedapen-euskarrietan, edo material didaktikoetan, hizkuntza edo irudi sexistarik ez erabiltzea. Zuzenean sortzen dituzten dokumentuetan ere hizkuntzak inklusiboa izan beharko du.

g) Erakunde onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

h) Behin betiko fakturek artxibatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku egon behar dute 5 urtez.

i) Erakunde onuradunen betebeharra da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazio guztia ematea, betiere, laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean eskatuta.

17. artikulua.– Laguntzen aldaketa.

1.– Beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak, edota helburu berarekin beste diru-sarrera zein baliabide batzuk jasotzen badira, diru-laguntzaren emakidari buruzko ebazpena alda daiteke, betiere arau honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzei eutsita.

2.– Baimena eman daiteke aurkeztutako jardueretan aldaketak egiteko, baldin eta eskabidean jarduera horietarako aurreikusitako eguna baino 15 egun baliodun lehenago eskatzen bada, eta jarduera berria egiteko aurreikusitako eguna baino 15 egun lehenago gutxienez.

3.– Horretarako, Merkataritza Zuzendaritzak dagokion ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira. Dena den, eskatutako aldaketek diru-laguntza gehitzea badakarte, aldaketa horiek onar daitezke, baina horrek ez du zertan hasieran emandako diru-laguntzaren zenbatekoa aldatu.

18. artikulua.– Ikuskapenak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egoki iritzitako ikuskapenak eta egiaztapenak egingo ditu diruz lagundutako proiektuen garapenari eta gauzatzeari dagokionez, eta erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute.

19. artikulua.– Ez-betetzea.

1.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu laguntza emateko ebazpenean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak, Merkataritza Zuzendaritzako pertsona titularrak, behar den ebazpenaren bidez eta ez-betetze horri buruzko espedientea egin ondoren, onartutako diru-kopuruak eskuratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du, eta jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko agindua emango du, baita legezko interesak ere, hala baitiote Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Lurralde-ordezkariei dagokie ez-betetze horiei buruzko espedienteak irekitzeko eskumena. Itzulitako kopuruak diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorio guztietarako.

2.– Diru-laguntzarako eskubidea galtzeko edo diru-laguntza itzultzeko prozedura administrazioko arau-haustea eragin duten gertakarien ondorioz hasten bada, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakari horiek, dagokion zehapen-prozedurari hasiera eman diezaion.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau argitaratu aurretik erakunde eskatzaileek 4. artikuluan zehaztutako jardueraren bat gauzatzen badute, jarduera hori diruz laguntzeko modukoa izan daiteke, baldin eta horretarako ezarritako baldintzak eta agindu honetako 16. artikuluan aipatzen diren betebeharrak betetzen baditu.

Erakunde eskatzaileak gauzatutako azken jarduera emakida-ebazpena argitaratu baino lehen egin bada, 15.5 artikuluan aipatzen den justifikazio-dokumentua aurkezteko hilabeteko epea izango da emakida-ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean jartzeaz batera, indargabeturik geratuko dira Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Agindua, Merkataritza Banaketaren Sektorean Berrikuntza eta Bikaintasuna garatzera bideratutako laguntza-programa arautzen duena (EHAA, 154. zk., 2011ko abuztuaren 16koa), eta hori aldatzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuaren 2014ko uztailaren 30eko Agindua (EHAA, 154. zk., 2014ko abuztuaren 18koa).

AZKEN XEDAPENETIK LEHENENGOA

Prozeduraren arloan agindu honetan xedatu gabekoari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatu beharko da.

AZKEN XEDAPENETIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETIK HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 30a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala