Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2015eko urriaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4223

AGINDUA, 2015eko irailaren 16koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Emaitek Plus laguntzen programa arautzen duena.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren bidez arautua, 1997an eratu zen, eta Eusko Jaurlaritzak horren aldeko apustu sendoa egin zuen. Sare horrek funtsezko rola izan du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sisteman, eta lagundu egin du enpresen lehiakortasuna hobetzen eta ongizate eta aberastasun ekonomiko eta soziala sortzen. Eusko Jaurlaritzaren babes irmo eta jarraitu horri esker, azpiegitura zientifiko eta teknologikoa finkatu da, sarean modu osagarri eta koordinatuan lan egiteko, merkatu-ikuspegi batetik eta bezeroarenganako hurbiltasuna oinarri hartuta. Horri esker, Euskadi berrikuntza-maila handiko eskualdeen taldean kokatu da Europar Batasunean.

Hala ere, Euskadik azken urteetan izan duen bilakaeraren ondorioz, aldaketak izan dira I+G jardueraren egituran. Horrela, handitu egin da ikerketa aplikatua, eta txikitu egin da garapen teknologikoa, hau da, merkatutik hurbilen dagoen ikerketa. Halaber, azken hamarkadan, ingurunean aldaketa asko izan dira. Hori dela eta, Euskadiren berrikuntza-estrategia egokitzeko eta Europako estrategietan gehiago txertatzeko prozesu bat egin da. Alde batetik, Horizonte 2020 izeneko Europako programa berrian martxan jarri da, Europa 2020 estrategiaren barruan. Horren bidez, hazkunde zentzudun, jasangarri eta integratzaileagoa bilatzen da. Beste alde batetik, RIS3 kontzeptuaren estrategia bultzatu da, hau da, «espezializazio adimendunerako ikerkuntzako eta berrikuntzako estrategiei buruzko kontzeptua». Kontzeptu hori I+G+Bko baliabideak eta inbertsioak erakartzen laguntzeko helburuarekin sustatzen du Europak. Baliabide eta inbertsio horiek, betiere, eskualdeko produkzio-gaitasunekin sinergia argiak dauden arloetan egingo dira.

Hori guztia eta euskal politika zientifiko-teknologikoak lortu duen heldutasun-maila aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak etorkizuneko beste etapa bat bultzatu du, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Planean jasota dagoen bezala. Horrek esan nahi du eskariaren ikuspegitik bideratutako beharrak (pull politika) eta sortutako eskaintza zientifikoko eta teknologikoko aurrerakuntzek (push politika) sustatutako beharrak bateratzea.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea egokitzea, antolatzea eta eguneratzea da estrategia berri hori zabaltzeko palanka nagusietako bat, lortutako esperientzia oinarri hartuta. Hori jaso da, hain zuzen ere, sare horren osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen antolamendu berria diseinatu du, helburu hauekin: merkatutik hurbilago egongo den jarduera zientifiko eta teknologikoa garatzea, herrialde lehiakorrenen ildotik; jarduera Euskadiko espezializazio adimenduneko arloetan kontzentratzea produktibitatea eta kalitatea handitzeko; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile guztien bikaintasuna hobetzea; eta merkatura bideratutako lankidetza-ikerketa sendotzea. Antolamendu horrek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen eragileen arteko eta horien eta ingurune globalaren arteko harremanen eredu baten baitako hiru ardatz ditu, sare horren osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak jasotzen duen bezala.

a) 1. ardatza: I+Gren balio-kateko posizionamendua: erreferentziatzat «I+G+Brako Estatuko Laguntzen Erkidegoko Esparrua» hartuta, I+Gren balio-katea hiru ikerkuntza-moten arabera egituratzen da: oinarrizko ikerketa, ikerketa industriala eta garapen esperimentala. Helburua da eragile bakoitzaren I+G jardueraren pisua, hau da, «jarduera mixa» orekatzea mota bakoitzean, eragilearen tipologiaren arabera, horrela, garapen teknologikoa indartu eta bere jarduera merkatura hurbiltzeko.

b) 2. ardatza: EAEn lehentasuna duten ikerkuntza-arloetako espezializazio-maila: Ikerkuntza-arlo zehatz bateko I+G jardueraren kontzentrazio-mailak zehazten du eragile horren espezializazio-maila. Helburua da eragile baten espezializazio-arloak lerrokatzea EAEn lehenetsitako ikerkuntza-arloekin (RIS3).

c) 3. ardatza: Ikerkuntzaren bikaintasuna: Bikaintasuna Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile bakoitzari ikerkuntza-mota bakoitzean eskatzen zaion emaitzen betetze-mailaren araberakoa izango da. Bikaintasun hori argitalpenen, patenteen, oinarri teknologikoko enpresa berrien eta bestelako adierazleen arabera neurtuko da.

Antolamendu berri horren ondorioz, berriz formulatu behar dira eragile-tipologia ezberdinentzako laguntza publikoen programak. Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak jasotzen duenez, Foku Anitzeko Teknologia Zentroek eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroek laguntza-programa baten onuradun izan behar dute, euren emaitzak eta gaitasunak hobetu eta merkatura bideratzeko. Horrela, I+G balio-kate osoan zehar lan egingo dute, eta ezagutza berriak lortzeari emango zaio garrantzia, etorkizunera begira, EAEn identifikatutako espezializazio-arloetan. Halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile ezberdinen arteko lankidetza bultzatuko da.

2008. urtetik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko teknologia-zentroen jarduera ez-ekonomikoari dagokion finantzaketa publikoa Emaitek Programaren bitartez esleitu izan da, emaitzetara bideratutako teknologia-zentroaren ereduarekiko egokitzapen-mailaren arabera. Programa hori mugarri garrantzitsua izan zen zientzia- eta teknologia-eragileen kudeaketan, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen jardueretarako laguntza publikoan jarraitu beharreko aldaketa markatu zuen. Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen kasuan, finantzaketa IKZ programaren bitartez esleitu da, jarduera ez-ekonomikoa eta horri lotutako helburuak ebaluatuta eta aztertuta. Helburu horiek Ekintza Plan Global batean daude jasota. Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen jarduera lankidetza-ikerkuntza estrategikoa eta bikaintasunekoa garatzera bideratuta egon da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen antolamendu berriaren esparruan, helburu hori indartu nahi da, garrantzi handiagoa emanez ikerkuntzako lankidetza-gaitasunak garatzeari zientziaren eta industriaren artean.

Emaitek Plus programa izango da tresna komuna Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile-tipologien, hau da, Foku Anitzeko Teknologia Zentroen eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen finantzaketa publikoa bideratzeko. Horrela, finantzaketa esleituko die euren jardueraren emaitzak ebaluatu ostean, emaitzetara bideratutako zentroaren eredu berria oinarri hartuta. Eredu hori Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen berrantolaketaren esparruan definituta dago, eta sare horren osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan zehazten da. Emaitzetara bideratutako zentroaren eredu berria Aginte Taula batean zehazten da, eta taula horrek xehatu egiten du bi eragile-tipologia horietako bakoitzak zer nolako adierazleak, pisuak eta helburuak lortu behar dituen 2020. urterako. Horretarako, oinarritzat hartzen ditu lehen aipatutako euskal sarea berrantolatzeko ardatzak. Aginte Taula sailburuaren Aginduaren bidez eguneratuko da. Aipatutako sailburu hori (Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren estrategiak planteatutako helburuen arabera), teknologiako eta berrikuntzako Sail eskuduneko sailburu titularra izango da, eta Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Foku Anitzeko Teknologia Zentroen eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen jarduera ez-ekonomikoari laguntzera bideratutako laguntza publikoak arautzea. Horrela, finantzaketa esleituko die, jardueraren emaitzen ebaluazioaren eta analisiaren bitartez, maila globalean, Emaitek Plus programaren bidez.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta deialdiaren zenbatekoaren banaketa.

1.– Agindu honetan aurrez ikusitako laguntzak emateko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen legeak horretarako jarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

2.– Urteko deialdiaren guztizko aurrekontu-zuzkidura bi zenbateko bereizitan banatuko da. Zenbateko bakoitza eragile onuradunen bi kategorietako bakoitzari diru-laguntzak emateko erabiliko da: Foku Anitzeko Teknologia Zentroak eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak.

3.– Eragile onuradunen kategoria bakoitzera bideratutako zenbatekoa, era berean, bi zenbatekotan banatuko da:

a) Emaitzetara bideratutako zentroaren ereduarekiko egokitzapen-mailari esleitutako zenbatekoa (X).

b) 2020rako ezarritako adierazleen Aginte Taularen helburuak lortzeko Zentroen Jarduera Planei esleitutako zenbatekoa (Y).

3. artikulua.– Laguntzen xedea.

1.– Agindu honen babespean emandako laguntzen xedea da Foku Anitzeko Teknologia Zentroen eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen emaitzak eta gaitasunak hobetu eta merkatura bideratzea, I+Gren balio-kate osoan zehar lan eginez eta, etorkizunera begirako ikuspegiekin, ezagutza berriak eskuratuz Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean zehaztutako espezializazio-esparruetan; halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile ezberdinen arteko lankidetza sustatu nahi da.

2.– Programa honen bidez esleitzen diren diru-laguntzak: erakunde onuradunak, deialdiko urte naturalean zehar, garatzen duen jarduera ez-ekonomikoaren guztizko kostuaren % 100ekoa izan daiteke. Jarduera ez-ekonomikotzat jotzen dena: ikerketarako eta garapen/berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko esparruan Europako Batzordeak ezarritakoa.

3.– Programaren xedetik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa, hau da: I+G zerbitzuak emateaz eta enpresen kontura eginiko I+G jardueraz gain, ikerketa-azpiegituren alokairua eta ikerketako eta garapen eta berrikuntzako estatu-laguntzei buruzko esparruan eskatu eta jasotako baldintzak betetzen ez dituzten bestelako jarduera ekonomikoak (2014/C 198/01).

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Foku Anitzeko Teknologia Zentroek eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroek jaso ditzakete agindu honetan aurreikusitako laguntzak, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide izatea, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan zehaztutakoa dela bide.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

c) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen dituen legezko debeku baten pean.

d) Onuradunei laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasita oraindik bideratzen ari den edozein itzultze-prozedura edo zigor-prozedura.

Laguntzak emateko zein laguntza horiek ordaintzeko unean bete egin beharko dira laguntzen onuradun izateko betekizunak.

5. artikulua.– Laguntzen ezaugarriak.

1.– Itzuli behar ez diren diru-laguntzak izango dira emango diren laguntzak.

2.– Laguntzak emateko prozedura norgehiagoka izango da.

6. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.

1.– Eragile onuradunen kategoria bakoitzerako, Foku Anitzeko Teknologia Zentroetarako eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroetarako, diru-laguntzak emateko bi prozedura ezberdin aplikatuko dira:

a) Emaitzetara bideratutako zentroaren ereduarekiko egokitzapen-mailaren ebaluazioa zentro bakoitzaren kasuan (I. eranskina).

b) Kategoria horretako zentroen jarduera-planen ebaluazioa, 2020ko helburuak lortzeko (II. eranskina).

2.– Erakunde onuradun bakoitzari emandako guztizko laguntza erakunde horri emandako diru-laguntzen batura izango da, dagokion eragile-kategoriari bi prozedurak aplikatu eta gero.

3.– Guztizko diru-laguntzak ezin izango du gainditu, deialdiko ekitaldian, eragilearen jarduera ez-ekonomikoaren kostuaren % 100.

7. artikulua.– Laguntzak ebaluatu eta emateko irizpideak, emaitzetara bideratutako zentroaren ereduarekiko egokitzapen-mailaren arabera.

Foku Anitzeko Teknologia Zentroei eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroei diru-laguntzak emateko, arau hauek erabiliko dira:

1.– Prozedura hau aplikatuta erakunde onuradun bakoitzak jaso ahal izango duen gehieneko diru-laguntza (GD) hau izango da:

a) Foku Anitzeko Teknologia Zentroen kasuan (horietarako % 25eko finantzazio publiko ez lehiakorra ezarri da), GD hau izango da: I+Gko ustiapeneko sarreren % 27,5erainokoa.

b) Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen kasuan (horietarako % 50eko finantzazio publiko ez lehiakorra ezarri da), GD hau izango da: I+Gko ustiapeneko sarreren % 55erainokoa.

c) Finantzazio publiko ez lehiakorra hau izango da: ikerkuntza-proiektu zehatzak finantzatzen ez dituena, baizik eta erakunde onuradunen I+G jarduera, maila globalean, euren emaitzen azterketa oinarritzat hartuta.

2.– Erakunde onuradun bakoitzaren ebaluazioa egingo da, emaitzetara bideratutako zentroaren ereduaren arabera. Eredu hori eragile-tipologia bakoitzerako zehazten da, 2020an lortu beharreko adierazleak, pisuak eta helburuak ezartzen dituen Aginte Taula batean. Deialdi bakoitzean, erakunde onuradunei, euren Aginte Taulako adierazleen helburuen ehuneko zehatz bat betetzeko eskatuko zaie. Deialdiaren aurreko urtean onartu eta ikuskatutako ekitaldiko adierazleen bidez lortutako emaitzekiko egingo da ebaluazioa.

Adierazle bakoitza baloratzeko, kontuan hartuko da deialdian eskatutako helburuaren betetze-maila (analisi kuantitatiboa), eta, horrez gain, analisi kualitatiboa ere egingo da. Analisi kualitatibo horri esker, Organo Ebaluatzaileak gehienez ere % 5 gehitu ahal izango dio adierazleen betetze-maila kuantitatiboari.

3.– Zentro bakoitzari esleitutako diru-laguntza parametro hauen araberakoa izango da:

a) Zentroaren Aginte Taularen (AT) betetze-maila (BM).

b) Zentroaren neurria, honela neurtuta: I+Gko ustiapeneko sarreren bolumena, deialdiaren aurreko ekitaldian.

4.– Diru-laguntza kalkulatzeko metodoa zehazturik jasotzen da I. eranskinean.

8. artikulua.– Jarduera-planei diru-laguntzak emateko eta ebaluatzeko irizpideak.

1.– Foku Anitzeko Teknologia Zentroek eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroek 2020. urtera bitarteko jarduera-plan bat izan beharko dute. Plan horrek egikaritu behar diren ekimenak zehaztuko ditu, 2020. urterako lortu ahal izateko emaitzetara bideratutako zentroaren ereduan finkatu diren helburuak (ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren III. eranskinean zehaztutako Aginte Taulak, Foku Anitzeko Teknologia Zentroei eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroei dagokienez).

2.– Urteko deialdi bakoitzean, erakunde onuradunek deialdi horren urte naturalean garatu beharreko jarduera bat edo gehiago aurkeztu behar izango dituzte, 2020ra begirako euren jarduera-planean jasotakoak, betiere Aginte Taulako adierazleen eta/edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragilearen betekizunen betetze-maila hobetzeko, 2020rako ezarritako helburuak lortzeko xedearekin.

3.– Jarduera esatean, hau esan nahi da:

a) Zentroaren funtsezko jarduera izan gabe, argi eta garbi jarduera horren osagarria eta jarduera horri laguntzekoa dena (eragilearen funtsezko jardueratzat honako hauek hartuko dira: funtsezko ikerkuntza, industria-ikerkuntza edo garapen esperimentala egitea, teknologia propioa sortu eta garatzeko; emaitzen ustiaketa komertziala, nagusiki patenteak sortuz eta oinarri teknologikoko enpresak eratuz; ezagutza zabaldu eta transferitzea, batez ere irakaskuntzaren eta argitaratzearen bidez; eta saiakuntzak, ziurtapenak, homologazioak eta I+G+Brenak ez diren bestelako zerbitzuak ematea).

b) Zentroaren Plan Estrategikoarekin bat datorren jarduera, eta, beraz, plan horretan zehaztutako helburuak lortzera bideratuta dagoena. Jarduerarekin batera, horren jatorria den gogoeta estrategikoa jaso beharko da.

c) Halaber, jarduerak 2020 Jarduera Planaren barruan egon beharko du, eta, beraz, Aginte Taulako adierazleen eta/edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragilearen betekizunen betetze-maila hobetzeko xedea izan beharko du. Jarduerarekin batera, ahulezien analisia egin beharko da eragilearen betekizunetan eta/edo Aginte Taulan.

d) Jarduera bakoitzak nortasun propioa izango du, eta honako hauek jaso beharko ditu: helburu argiak, helburu horiek lortzeko zereginak, zereginak egiteko egutegia, horiek garatzeko beharrezko baliabideak eta lotutako gastuen aurrekontua; aurrekontu horretan, hauek adierazi ahal izango dira:

1) Jardueran zuzenean arituko diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta laguntzaileak), kostu zuzenak nahiz zeharkakoak barne.

2) Jardueraren zati batzuk azpikontratatzea, zentro eskatzaileek eurek ezin badituzte egin, konplexuak edo espezializatuak izateagatik. Azpikontratazio horretan ezin izango dira sartu atal honetan aipatu ez diren bestelako gastuak.

3) Modu esklusiboan jarduerara bideratu diren aholkularitza eta antzeko zerbitzuen kostuak.

4) Jarduerak zuzenean eragindako beste gastu batzuk (materialak, horniketa, bidaiak, eta abar).

5) Amortizazio-gastu hauek: azpiegitura sortzekoak eta ekipamendu teknologiko aurreratua erostekoak, bai eta instalazio eta zerbitzuak hobetzekoak ere. Gastu horien helburua izango da jardueraren xedeak baldintza onenetan erdiestea.

6) Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak, aurreko ataletan aipatutakoak, ikerkuntza, garapen eta berrikuntzako estatu-laguntzei buruzko Esparruan ezarritakoaren arabera interpretatuko dira (EBAO, C 198, 2014-06-27).

e) Bi jarduera edo gehiago ezin badira argi eta garbi bereizi, eta bakoitzak bere aldetik ezin badu arrakastarik izan, jarduera bakartzat hartuko dira.

f) Jarduera bakoitza Aginte Taulako eta/edo eragilearen betekizunetako adierazle batean edo batzuetan eragina izatera bideratuko da, eta kontrol-elementuak izango ditu lotuta, jarduera horren lorpenen jarraipena egiteko eta helburuekin konparatzeko, behar izanez gero ekintza zuzentzaileak ezarri ahal izateko.

g) Beharrezkoa bada, jarduerak zenbait zentrok garatu ahal izango dituzte modu koordinatuan, hau da: jardueran parte diren zentroak zuzenean eta banaka jarriko dira harremanetan Administrazioarekin, bai diru-laguntza emateko prozeduran, bai geroago, prozedura horren ebazpenean. Horretarako, zentro bakoitzak bere jarduera aurkeztuko du, eta beste zentro batzuekin lankidetzan garatzen dela adieraziko du; hala ere, zentro bakoitzak bere zereginak, baliabideak eta banakako aurrekontua zehaztuko ditu, bai eta bere adierazleetan espero duen eragina ere.

4.– II. eranskinean jasotako ebaluazio-irizpideen arabera hautatuak izan ahal izateko eskatzen dena betetzen duten jarduerek jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak.

5.– Zentro bakoitzaren jarduera-planetarako aurkeztutako aurrekontuaren zenbateko globala ezin izango da izan I+Gko ustiapeneko sarreren % 1 baino handiagoa Foku Anitzeko Teknologia Zentroen kasuan, eta I+Gko ustiapeneko sarreren % 2 baino handiagoa Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen kasuan.

6.– Jarduera bakoitzari aplikatu beharreko diru-laguntzaren gehieneko intentsitatea gastu hautagarrien aurrekontu onetsiaren % 100ekoa izango da.

7.– Arau honen indarraldiaren lehenengo urtean, hautatutako jarduera bakoitzari eman beharreko diru-laguntza honela lortuko da: gastu hautagarrien aurrekontu onetsiari diru-laguntzaren gehieneko intentsitatea aplikatuko zaio.

Arau honen indarraldiaren bigarren urtetik aurrera, zentroak garatu dituen aurretiazko jarduerek Aginte Taulako adierazleetan izan duten eragina baloratuko da, zentroaren jarduera-planean oinarrituta, 2020ko helburuak lortzeko. Horretarako, zentroaren aurrerapen-koefizientea kalkulatuko da, Aginte Taularen betetze-mailak izan duen bilakaeraren arabera, I. eranskinean azaltzen den bezala. Zentro bakoitzetik hautatutako jarduera bakoitzari eman beharreko diru-laguntza honela lortuko da: gastu hautagarrien aurrekontu onetsiari laguntza-muga hauek aplikatuko zaizkio:

a) Zentroaren aurrerapen-koefizientea % 10ekoa edo hortik gorakoa bada, diru-laguntzaren gehieneko intentsitatearen % 100 aplikatuko da.

b) Zentroaren aurrerapen-koefizientea % 5ekoa edo hortik gorakoa eta % 10etik beherakoa bada, diru-laguntzaren gehieneko intentsitatearen % 90 aplikatuko da.

c) Gainerako kasu guztietan, diru-laguntzaren gehieneko intentsitatearen % 80 aplikatuko da.

8.– Eragile onuradunen kategoria bakoitzerako, kategoria horretako zentroen jarduera-planetara bideratutako deialdiaren diru-zuzkidura globala (Y) nahikoa ez bada zentro horietatik hautatutako jarduera guztiei aurreko atalean ezarritako baldintzetan erantzuteko, diru-laguntzetara zuzendutako gehieneko zenbateko globala erakunde onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, jardueren ebaluazioan lortutako puntuak hartuko dira aintzat.

9.– Diru-laguntza kalkulatzeko metodoa zehazturik jasotzen da II. eranskinean.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa.

Erakunde onuradun bakoitzari emandako guztizko diru-laguntza honako diru-laguntza bi hauen batura izango da: emaitzetara bideratutako zentroaren ereduarekiko egokitzapen-maila (bere kategoriako zentroena) ebaluatzeko prozeduraren arabera esleitutako diru-laguntza, eta bere kategoriako zentroen jarduera-planak ebaluatzeko prozeduraren arabera esleitutako diru-laguntza. Hau da, bere Aginte Taulako helburuen betetze-mailan oinarrituta zentro onuradunak esleitutako finantzaketa gehi deialdian aurkeztutako jardueretan eta bere adierazleen betetze-maila hobetzeko zentroak aurretiaz egin dituen jardueren eraginkortasunean oinarrituta esleitu den finantzaketa.

10. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Arau honetan ezarritako laguntzak eskuratzen dituzten erakunde onuradunek beste laguntza batzuk ere eskuratu ahal izango dituzte, jarduera ez-ekonomikokoak, laguntzak ematen dituen organoa edo administrazioa edozein izanik ere. Jarduera ez-ekonomikoagatik jasotako laguntza metatuek eta guztizkoek ezin izango dute gainditu jarduera horren guztizko kostuaren % 100. Ehuneko horretan sartuko dira erakunde onuradunek hirugarrenengandik jaso ahal izan dituzten jarduera ez-ekonomikoko bestelako laguntzak.

2.– Agindu honetan ezarritakoa dela bide erakunde onuradunek jaso ahal duten laguntza zehazteko, horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak hartuko dira kontuan, eta zehazkiago, ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatuko laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruan ezarritakoa.

3.– Jarduera ez-ekonomikoagatik emandako laguntza metatuek eta guztizkoek aurreko atalean ezarritako muga gainditzen badute, agindu honen arabera erakunde onuradunei emandako laguntza dagokion zenbatekoan gutxituko da, muga horretara iritsi arte.

11. artikulua.– Deialdia.

1.– Agindu honek araututako laguntzak urtean behin egingo diren deialdi publikoen bidez iragarriko dira eta printzipio hauei jarraituz emango dira: publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bereizketarik eza.

2.– Teknologia, berrikuntza eta lehiakortasunaren arloan eskuduna den Sailburuordetzako titularraren ebazpenaren bidez egingo da deialdia, eta ekitaldi horretan diru-laguntzak emateko bideratutako aurrekontuko diru-izendapenen zenbatekoa zehaztuko da, bai eta deialdiaren guztizko zenbatekoaren banaketa ere eragile onuradunen bi kategorien artean (Foku Anitzeko Teknologia Zentroak eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak); horrez gain, kategoria bakoitzaren barruan emaitzetara bideratutako zentroaren ereduarekiko egokitzapen-mailari eta zentroen jarduera-planei esleitu zaien zenbatekoa ere adieraziko da. Deialdiari dagozkion Aginte Taulako adierazleak, pisuak eta helburuak ere zehaztuko dira, eragile onuradunen bi tipologietarako. Halaber, eskabideak aurkezteko epea eta tokia ere zehaztuko dira.

12. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak eta gainerako dokumentazio osagarria Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzara igorriko dira, eta urteko deialdi-ebazpenean edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetan aurkeztuko dira, deialdian adierazitako epearen barruan.

2.– Eskabide-orria eta beharrezko dokumentazio-ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren egoitza elektronikoan lor daitezke, laguntzen deialdia egin eta gero (http://www.industria.ejgv.euskadi.eus).

3.– Erakunde eskatzaileek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu eta zigilatutako eskabide-orria.

b) Eskatzaileari dagokion ordezkaritza-ahalordearen kopia.

c) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.

d) Diru-laguntza emateko eta –hala badagokio– ordaintzeko, diru-laguntzen programa hau kudeatzen duen organoak egiaztatu egingo ditu hala zerga-betebeharren ziurtagiriak nola Gizarte Segurantzarekiko betebeharrenak, salbu eta erakunde eskatzaileak dagozkion ziurtagiriak eransteko asmoa adierazten badu.

e) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiazkoak direla adierazteko:

1) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei jarduera ez-ekonomikoetarako eskatutako eta/edo horiek emandako laguntzak.

2) Ez egotea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez egotea, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

3) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean ez egotea.

f) Deialdiaren aurreko ekitaldian onetsitako finantza-txostenen auditoria-txostena.

g) Auditoria-erakundeak emandako ziurtagiria, honakoak jasotzen dituena: erakundearen kostuen kontabilitate-prozedurarekin bat etorriz, jarduera ez-ekonomikoaren kostua, gastu-kontzeptuen arabera banakatua, deialdiaren aurreko ekitaldiari dagokiona.

h) Auditoria-erakundeak emandako ziurtagiria, honakoak jasotzen dituena: jarduera ez-ekonomikoaren ondoriozko sarrerak, finantzaketaren jatorriaren arabera banakatuak, deialdiaren aurreko ekitaldiari dagozkionak.

i) Kudeaketa Memoria. Horren edukia ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren III. eranskinaren 3. atalean dago zehaztuta. Memoria horretan, Aginte Taulako adierazleei dagozkien emaitzak jaso eta azalduko dira, eta deialdian zehaztutako agiriak erantsiko dira, horiek egiaztatzeko.

j) Deialdiaren urteari dagokion jarduera ez-ekonomikoaren sarrera eta gastuen aurrekontua.

k) Deialdiaren urte naturalean garatu beharreko jarduera bakoitzaren deskripzio-memoria eta gastu-kontzeptuen arabera banakatutako aurrekontua, adierazleen betetze-maila hobetzeko eta 2020rako ezarritako helburuak lortzeko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Eragilearen Jarduera Planaren esparruan.

l) Erakunde eskatzailearen plan estrategikoa.

4.– Diru-laguntza eskabideetan, eskabidea eta horri erantsitako agiriak hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkez daitezke.

5.– Aurkezpen-datatzat hartuko da eskabidearen dokumentazioa zein egunetan entregatu den urteko deialdi-ebazpenean edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetan.

6.– Edonola ere, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, edo, hala badagokio, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k, –agindu honetan jasotako diru-laguntzak kudeatzen erakunde laguntzaile modura jardungo baitu– zera eska diezaiekete eskabidea egiten duten enpresei: aurkeztutako eskabidea egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiri edota argibide osagarriak, aditzera emanez ezen, agindu honetan propio adierazi gabekoetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko dela.

13. artikulua.– Eskabideak onartzea eta zuzentzea.

Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, teknologia, berrikuntza eta lehiakortasun arloan eskumena daukan sailburuordetzako titularraren ebazpen bidez, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan.

14. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko organoa.

1.– Xede horretarako sortutako ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzako titularra izango da ebaluazio-organoko burua. Organoko kideak, berriz, hauek izango dira: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko Zuzendaritzako titularra (bera izango da presidenteordea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako kasuetan); SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Teknologia eta Berrikuntzarako Unitate Estrategikoko ordezkari bat, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzako talde teknikotik izendatutako pertsona bat, idazkari-lanak egingo dituena. Titularrak ez daudenerako, ordezkoak izendatu ahal izango dira.

3.– Ebaluazio Organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da. Halaber, eskatzaileen hizkuntza eskubideak errespetatzeko eta Euskararen erabilpena arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Legean xedatutakoa betetzeko, hizkuntza ofizialak ondo dakizkiten pertsonak izango dira Ebaluazio Organo horretan. Halaber, Ebaluazio Organo horretako pertsona guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, erabiltzeko eskubidea bermaturik izango dute beren eginkizunetan.

4.– Ebaluazio Organoa biltzeko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izango da lehendakaria eta idazkaria (edo beren ordezkoak), eta gutxienez gainerako kideetako bat bertan egotea. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta paragrafo honetan aurreikusi ez den orotan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. tituluko II. kapitulua aplikatuko da, osagarri modura.

5.– Proposamenak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Teknologia eta Berrikuntzako Unitate Estrategikoak gauzatuko ditu, zeinak ebaluazio-organoan aurkeztuko baititu.

6.– Ebaluazio-prozesuan, komenigarritzat hartzen bada, proposamenetan aldaketak egitea iradoki ahal izango zaie erakunde eskatzaileei, proposamenak hobetu egokitu daitezen ezarritako helburuetara.

15. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Ebaluazio Organoak Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzako titularrari helaraziko dio aurkeztutako eskabideen ebazpen-proposamena.

2.– Ebazpen-proposamenak honako hauek jasoko ditu:

a) Erakunde onuradunen zerrenda eta bakoitzari dagokion guztizko diru-laguntzaren zenbatekoa, erakunde onuradunen tipologia bakoitzaren araberako zenbatekoetan banakatuta –emaitzetara bideratutako zentroaren ereduarekiko egokitzapen-maila eta diru-laguntzaren xede diren jarduerak–, eta jarduera horiek egiteko beharrezkotzat jotzen diren baldintzak. Hala badagokio, baztertutako eskabideen zerrenda eta hori arrazoitzeko kausak ere jasoko dira.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskabideen zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia.

16. artikulua.– Diru-laguntza emateko ebazpena.

1.– Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzako titularrari dagokio eskatutako laguntzak emateko edo ukatzeko administrazio-ebazpena eman eta jakinaraztea. Ebazpen hori bakarra izango da eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko titularrari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraikiz.

Laguntzen urteko deialditik aurrera sei hilabete igaro eta ebazpenik ez bada jakinarazi, bere eskabidea ezetsitzat jo beharko du erakunde interesatuak; nahiz eta, eskatutako diru-laguntzari dagokionez, organo eskudunak berariazko ebazpena emateko obligazioa izan.

2.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaio erakunde eskatzaileari. Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio; bertan, onuradunei espedientea amaitu arte eman behar dituzten urrats guztiak eta justifikazio-fasean aurkeztu beharko dituzten dokumentu guztiak adieraziko zaizkie.

3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, publikotasunaren ondorioei dagokienez, EHAAn argitara emango dira bai erakunde onuradunen zerrenda eta bai emandako laguntzen zenbatekoak ere.

17. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Foku Anitzeko Teknologia Zentroei eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroei emandako diru-laguntzen ordainketa, euren Aginte Tauletako helburuen betetze-maila oinarritzat hartuta, zatikatuta egingo da, honela:

a) Emandako diru-laguntzaren % 70ekoa izango da lehen ordainketa, eta diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi bezain pronto ordainduko da, jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epea igarota uko adierazirik ez bada.

b) Gainerako % 30a deialdiaren hurrengo ekitaldiaren lehenengo seihilekoan likidatuko da, honako hauek justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu eta gero: diruz lagundutako jarduera ez-ekonomikoa egin dela eta horren kostua (deialdiaren ekitaldiari dagokiona) egiaztatu ahal izateko dokumentazioa. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1) Deialdiaren urtean onetsitako finantza-txostenen auditoria-txostena.

2) Auditoreak emandako ziurtagiria, honakoak jasotzen dituena: erakundearen kostuen kontabilitate-prozedurarekin bat etorriaz, jarduera ez-ekonomikoaren kostua, gastu-kontzeptuen arabera banakatua.

3) Auditoreak eginiko ziurtagiria, honakoak jasotzen dituena: jarduera ez-ekonomikoaren ondoriozko sarrerak, finantzaketaren jatorriaren arabera banakatuak.

2.– Foku Anitzeko Teknologia Zentroei eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroei emandako diru-laguntzen ordainketa, Jarduera Planak oinarritzat hartuta, zatikatuta egingo da, honela:

a) Emandako diru-laguntzaren % 70 diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi bezain pronto ordainduko da, jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epea igarota uko adierazirik ez bada.

b) Gainerako % 30a jardueren urteko programa amaitu ostean ordainduko da, diruz lagundutako jarduerak egin direla egiaztatu ahal izateko justifikazio-dokumentazioa aurkeztu eta gero. Justifikazio-dokumentazioa deialdiaren hurrengo ekitaldiaren lehenengo seihilekoan aurkeztuko da, eta honako hauek jasoko ditu: nagusiki egin diren jarduerak adieraziko dituen memoria tekniko eta ekonomikoa; lortutako emaitzak (kuantifikatuta eta/edo baloratuta); aldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, gastuekin eta kontzeptuekin; eta egin den gastua egiaztatzeko dokumentazioa, fakturak, kontratuak eta jarduerarekin lotutako langile-kostuak egiaztatzeko gainerako agiriak.

3.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, emandako diru-laguntza ordaindu aurretik, beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake, onuradunak aurkeztutako agirien egiatasuna frogatze aldera.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek honako hauetan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hori garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsia; eta agindu honetan jasotakoak, laguntzak emateko ebazpenean ageri direnak, oinarri hauek aplikatuz eta betez.

2.– Erakunde onuradunek, gainera, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun naturaleko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Emandako diru-laguntza zuzendua dagoen jarduera ez-ekonomikoetarako erabiltzea. Hala ere, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jarduera horiek gauzatzean gerta daitezkeen aldakuntzak onar ditzake, betiere aldakuntza horiek behar bezala justifikatzen badira eta Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak esanbidez horretarako baimena ematen badu, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

c) Kostuen kontabilitatea eramatea, zehazki, jarduera ekonomikotik eta ez-ekonomikotik bereizitakoa.

d) Esleitutako diru-laguntzei buruz Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari laguntza eskaintzea egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiterakoan, eta eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute entitate onuradunek.

e) Fakturak gorde eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jarri gutxienez hamar urteko epean.

f) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

g) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinaraztea, hala gertatzen bada, helburu bera betetzeko diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

h) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginean ezarritakoari jarraikiz eska daitekeen beste edozein betebehar.

19. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz emandako diru-laguntzak kudeatzeko, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) izendatu da erakunde laguntzaile, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren).

2.– SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Eskabideak jasotzea, hasierako azterketa burutzea eta zuzentzeko errekerimenduak egitea.

b) Eskabideak aztertu eta ebaluatzea, agindu honen 14. artikuluan zehazturiko moduan.

c) Justifikazio-agiriak jasotzea.

d) Ordainketa-proposamena eta ikuskatze-errekerimenduak egitea.

e) Kontrol- eta jarraipen-prozesuak zehaztu eta ezartzea.

f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

g) Programa zuzen kudeatzeko behar diren jardueretan laguntzea, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak hala aginduz gero.

h) Programa honen kudeaketan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak burutzen dituen egiaztatze-jarduerak onartzea.

3.– Agindu honen bidez araututako Emaitek Plus programaren kudeaketan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren (SPRI) arteko harreman-esparrua ezartzeko, dagokion lankidetza-hitzarmena egingo da.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak agindu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarri diren baldintzak nahiz laguntzak esleitzeko ebazpenean ezarritakoak betetzen ez baditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko 4.1 artikuluak ezarritako kasuetan, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta erakunde onuradunari entzunaldia eman eta gero, laguntza (osoa edo zati bat) bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du, eta, hala behar izanez gero, eskuratutako laguntzak eta horiei dagozkien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa ezarriko du, hargatik eragotzi gabe bidezko beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako 698/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezarri zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko Sailburuordetzako titularrak ireki eta ebatziko ditu ez-betetze espedienteak. Era berean, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren proposamenez ere ireki litezke halako espedienteak.

21. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak eta, edozein kasutan, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzak eta, hala badagokio, xede bererako bestelako sarrera edo baliabideak eta honako hau aldi berean jasotzeak diru-laguntza hau emateko ebazpena aldaraz dezakete.

2.– Halaber, eta onuradunak salbuespenez eta aldez aurretik eskabidea egin eta justifikatuz gero, egin beharreko jarduera ez-ekonomikoak egiteko epea luzatu egin ahal izango du laguntzak eman zituen administrazio-organoak, gehienez ere sei hilabete, baldin eta alegatu diren arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute. Luzapenaren ondorioz atzeratu egingo da laguntzen ordainketa.

3.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategiako zuzendariak aldaketak baimendu ahal izango ditu egin beharreko jardueretan, betiere jarduerak amaitu baino lehen erakunde onuradunak zuzendariari aldaketa horiek eskatu badizkio eta justifikatu baditu, aldaketok ez badituzte jardueren izaera eta programa honetan lortu nahi diren helburuak indargabetzen, eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzei eragiten ez badiete.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, eragile-izaerari eusten dioten teknologia-zentroak, aurkeztutako eskabidea aipatutako dekretuan ezarritakoaren arabera ebazten ez den bitartean, Foku Anitzeko Teknologia Zentrotzat hartuko dira.

LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da honako agindu hau: Agindua, 2008ko irailaren 25ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, zentro teknologikoak eta beren korporazio eta itun teknologikoak laguntzeko programa arautzen duena (Emaitek Programa).

BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da honako agindu hau: Agindua, 2008ko abuztuaren 4koa, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen kategorian egiaztatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileentzako laguntzak arautzen dituena (Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen Programa, IKZ).

HIRUGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira honako agindu hauek: Agindua, 2002ko urriaren 7koa, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, Ikerketa Estrategikorako Laguntzen Programa (Etortek Programa) arautzen duena; Agindua, 2003ko apirilaren 16koa, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena; eta Agindua, 2005eko martxoaren 22koa, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, Etortek programa arautzen duen 2002ko urriaren 7ko Agindua aldatzen duena.

LAUGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da honako agindu hau: Agindua, 2008ko urriaren 2koa, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, funtsezko ikerketarako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratuta dauden eragile zientifiko-teknologikoentzako laguntza-programa (Saiotek programa) arautzen duena.

BOSGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da honako agindu hau: Agindua, 2009ko urriaren 14koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, giza kapitala prestatu eta sustatzeko Ikertu laguntza-programa arautzen duena. Agindu hori aldatzen duen 2011ko ekainaren 8ko Agindua ere indargabetuta geratzen da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 16a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala