Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2015eko urriaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4200

AGINDUA, 2015eko irailaren 24koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Honen bitartez, baimendu egiten da zuzkidura-bizitokietarako estandarrak modu globalean betetzea Arrasateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren barruan.

Arrasateko udalerriko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren dokumentuak memorian justifikatzen du lehendik ere lurzoru-erreserba nahikoa badagoela plangintzan zuzkidura-bizitokietarako, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 81. artikuluan eskatutako gutxieneko proportzioan, betiere aipatutako 2/2006 Legearen 105.5 artikuluan eta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 18.3 artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera.

GERTAKARIAK

Ezarritako prozedurarekin bat etorriz Arrasateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren espedienteak Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostena jaso du 2015eko irailaren 16an egindako 5/2015 bilkuran, behin betiko onartua izan aurretik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Sail hau eskuduna da aztertzen den espedientea ebazteko, Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuak 18.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Aurkeztutako dokumentuak Arrasateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak bete beharreko zuzkidura-bizitokietarako estandarren konpentsazioa proposatzen du. Horretarako, 2.048 m2 dituen lurzoru-azalera bat kalifikatu beharko da, plangintzan lehendik ere badauden lurzoru-erreserbetan, 2/2006 Legearen 81. artikuluaren arabera, zuzkidura-bizitokien estandarra betetzearren. Kasu honetan, gehiegizko 1.638 m2-ko lursail-azalera duen 08.Istizabal eremuan, eta gehiegizko 1.305 m2-ko lursail-azalera duen 61.Agerre eremuan.

Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretua, baita Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeak emandako aldeko txostena ere aztertuta,

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Baimena ematea zuzkidura-bizitokietarako estandarra betetzeko Arrasateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean lehendik ere badauden lurzoru-erreserbetan, zehazki 08.Istizabal eta 61.Agerre eremuetan, betiere Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearekin eta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuarekin bat etorrita.

Bigarrena.– Baimen hori emateko, ezinbestekoa izango da espedientea bete izanaren justifikazioa txertatzea Arrasateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren testuan, 2/2006 Legearen 105. artikuluan eta 123/2012 Dekretuaren 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hirugarrena.– Baimen hori aurreko ataletan ezarritako baldintzetan ematen da, eta ez du baliorik izango behin betiko onarpena beste baldintza batzuetan ematen bada eta baldintza horiek aldaketak eragiten badituzte babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak betetzeko eskumena dutenen (hau da, hartzaileen edo igorleen) esparruetan.

Laugarrena.– Arrasateko Udalari agindu honen berri ematea.

Agindu hau behin betikoa da, eta administrazio-bidea amaitzen du. Interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Halaber, nahi izanez gero, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehen, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita. Kasu horretan ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri, harik eta berraztertzeko errekurtsoa espresuki erabaki edo haren presuntziozko gaitzespena gertatu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 24a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala