Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 2015eko urriaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
4144

EBAZPENA, 2015eko irailaren 28koa, Segurtasuneko sailburuordearena, (Trafikoko zuzendariaren ordezkotzaz), zeinen bidez baimena ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sarean zinemometroak eta tresna osagarriak jartzeko 7 kabina instalatzeko eta erabiltzeko, hain zuzen ere, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko.

Azken urte hauetan egin diren istripu-tasari buruzko txostenek Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sareko bide-zati batzuetan istripu-tasaren gorakadaren berri ematen digute eta iradokitzen dute horien kausa gehiegizko abiadura dela.

Trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplina helburu, irudiak hartzen eta erreproduzitzen dituzten zinemometroak eta beste tresna osagarri batzuk erabiltzearen eta instalatzearen xedea da gidariek bide-sareko bide-zati bakoitzean ezarritako abiadura-muga errespeta dezaten lortzea.

Azken batean, erabaki honen asmoa da bide-segurtasuna hobeto bermatzea eta zirkulazioa arintzea. Helburu horiek lortzeko zinemometroek daukaten eraginkortasuna ikusita, bidezkotzat jo da istripu-tasa handitu den bide-zatietan aparailu horiek instalatzea.

Adierazitakoari jarrikiz, alde batetik, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimena eman eta haien erabileraren erregimena (abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan araututa) garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren 3. xedapen gehigarriak ezartzen duena betetzeko; eta bestetik, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko 194/2013 Dekretuaren (apirilaren 9koa) 16. artikuluak Trafiko Zuzendaritzari ematen dizkion eskumenak erabiliz eta Dekretu horren lehenengo xedapen gehigarriak 1.b) xedatzen duenari jarraituz, hauxe:

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eranskinean adierazten diren bide eta kilometro-puntuetan zinemometroak eta beste tresna osagarri batzuk instalatzeko eta erabiltzeko baimena ematea, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko.

Bigarrena.– Abiadura kontrolatuko den bide-zatietan herritarrei seinale informatiboen bidez ohartaraziko zaie zinemometroak badirela.

Hirugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazioak arau-hauste horiei dagozkien zehapen-prozedurak tramitatzeko eta ebazteko eskumena duten organoetara helaraziko dira. Grabazioetan jasotako ekintzetatik ez-zilegi penalen bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazio horiek eskumena duen agintaritza judizialera bidaliko dira.

Laugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazioak, izapidetzeko, Trafiko Zuzendaritzaren titulartasunekoa den «zigor-espedienteak» izeneko fitxategi automatizatuan sartuko dira, eta beraz, Trafiko Zuzendaritzaren aurrean erabili ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 28a.

Segurtasuneko sailburuordea,

JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.

ERANSKINA

Arabako Lurralde Historikoan dauden instalazioak

(Ikus .PDF)

Gipuzkoako Lurralde Historikoan dauden instalazioak

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala