Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 2015eko urriaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4143

EBAZPENA, 2015eko abuztuaren 27koa, HABEren zuzendari nagusiarena, 2015eko urria eta 2016ko iraila bitarteko euskara-ikastaroengatik, Euskal Etxeei esleituko zaizkien diru-laguntzak arautzen dituena.

Maiatzaren 27ko 8/1994 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko erakunde eta Euskal Etxeekiko harremanak arautzekoak, bere 8.1.j) artikuluan ezarrita dauka Euskal Etxeek eta aipatutako lege horren arabera onartutako federazio eta konfederazioek izango dutela euskara-ikastaroak antolatzeko gaitasuna.

Era berean, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak bere bigarren xedapen gehigarrian dio HABEk euskaltegi pribatuek burututako ikastaroei dagozkien laguntza-deialdiak zabal ditzakeela Euskal Etxeetara, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan izena eman eta datuak gaurkotuta izanik, HABEk ezarritako helduen alfabetatze eta euskalduntzerako programei egokitutako euskara-ikastaroak ematen badituzte.

HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak arautzen ditu HABEk, bere baliabideen arabera, ikasturtero ematen dituen diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, euskaltegi publikoek, euskaltegi pribatu homologatuek, autoikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek euskara-ikastaroak emateko bete behar dituzten baldintza akademikoak eta HABErekiko harremanetan aintzat hartu beharrekoak.

Euskal Etxeei dagokienez, HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 9. artikuluak zehazten du, zentro hauen berezitasuna eta egoera ezberdinak kontuan hartuta, urteroko deialdiek arautuko dituztela laguntza emateko baldintzak eta bestelako irizpideak.

Horregatik, eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidan eskumenez,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua da Euskal Etxeek 2015eko urria eta 2016ko iraila bitartean emandako euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien diru-laguntzen baldintzak arautzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

HABEren aurrekontuetan ezarritako aurrekontu kredituetatik deialdi honetarako gorde diren diru-baliabideak 220.000 euro dira guztira, honela banatuta:

a) 60.000 euro ordaintzeko kredituan, 2015eko urri-abenduko epealdian garatuko den irakasjarduera babesteko.

b) 160.000 euro konpromisozko kredituan, 2016ko urtarril-iraileko epealdian garatuko den irakasjarduera babesteko.

Aipatu baliabideak eskari guztiei aurre egiteko nahikoak ez badira, diru-laguntza hainbanatu egingo da onuradunen artean.

Kasu horretan, erakunde onuradunetan irakaskuntzaren kalitatea sustatzeko, eskola-jarduerak berauetan sortzen dituen gastu-egitura ezberdinak kontuan hartuta, gauzatu beharreko hainbanaketa, zuriketa gastuaren izaeraren arabera egingo da. Aipatu zuriketa gastuak, azken deialdi itxiari dagozkionak, alegia, 2013-2014 ikasturteari dagozkionak, izango dira. Berauek, deialdiaren II. eranskinean agertzen dira eta hainbanatu beharreko zenbatekoa, ondorengo egozketaren arabera banatuko da:

– Irakasleen pertsonal gastuak, gizarte aseguruak eta zergak barne sarturik: % 15.

– Gastu didaktikoak: % 35.

– Gastu orokorra: % 50.

3. artikulua.– Onuradunak.

Maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 2. eta 6. artikuluek aipatzen dituzten Euskal Etxeek eta Euskal Etxeon Federazio eta Konfederazioek eskatu ahal izango dituzte Ebazpen honen bidez arautzen diren diru-laguntzak, beti ere baldintza hauek betetzen badituzte:

1.– Eskakizun orokorrak:

a) Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan inskribatuta egongo dira eta datu guztiak egunean edukiko dituzte.

b) HABEk emandako diru-laguntzak oro zurituak edukiko dituzte.

2.– Betekizun akademikoak:

a) Helduen euskalduntze eta alfabetatzerako HABEk ezarritako Curriculuma izango dute jardueraren erreferente.

b) Ikastaroek gutxienez astean hiru eskola-ordu izango dituzte. Halaber, taldearen gutxienekoa 6 ikaslekoa izango da; batez bestekoa, aldiz, 8koa gutxienez.

4. artikulua.– Eskariak.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzetara biltzeko eskabideak I. eranskinean edo www.habe.euskadi.eus web-orrian jasotako ereduan egingo dira eta HABEren zuzendari nagusiari zuzendu eta igorriko zaizkio. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Herri Administrazioaren Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan –urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkeran– adierazitako beste bideak erabiliz ere aurkeztu daitezke eskabideak.

2.– Eskabideak, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean aurkeztuko dira.

3.– Eskariek jaso beharko dute Ebazpen honen 1. artikuluan adierazitako epean emango diren talde/orduen proposamen zehatza. Kontuan izanik Euskal Etxe guztietan ikastaroak ez direla garai berean antolatzen, diru-laguntzak egoki banatu ahal izateko 2015-2016 ikasturteak hartzen dituen bi ekitaldietako Aurrekontuen artean, eskariek bereizi beharko dituzte ekitaldi bakoitzerako aurreikusten dituzten talde/orduak, hau da, urri-abenduko eta urtarril-iraileko talde/orduak, hurrenez hurren.

4.– Halaber, eskariek jaso beharko dute Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, ondokoa egiaztatuz: ez duela zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez dagoela laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta ere, ezta sexua dela eta eragindako bereizkeriengatik ere, hain zuzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikulua aldatzen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko seigarren azken xedapenean xedatutakoarekin bat etorriz (III. eranskina).

5. artikulua.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat balego, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan eta garbi adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela. Horretarako, ebazpen bat emango da aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan jasotako baldintzetan.

6. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuari dagokio, Pedagogi Laguntzetako unitatearen bitartez, deialdi honek eskatzen dituen kudeaketa eta egiaztatze-lanak burutzea. Kudeaketa zerbitzuari dagokio, berriz, Ekonomia eta Administrazio unitatearen bitartez, diru-laguntzen izapide administratiboa.

7. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Euskal Etxeetako euskaltegiei dagozkien diru-laguntzen modulua 10,50 eurokoa izango da, talde/orduko.

Ebazpen honen 2. artikuluan ezarritako kopuruak eskari guztien beharrei erantzuteko behar bestekoak ez balira, diru-laguntzak hainbanatuko dira onuradunen artean.

8. artikulua.– Diru-laguntzaren Ebazpena.

1.– HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez, onuradun bakoitzari, onartzen zaizkion orduak eta dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko zaio. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta Ebazpen honen 9. artikuluak dioenaren arabera.

2.– Ebazpena, eskariak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hiru hilabetera jakinaraziko da, beti ere 2015 urteko abenduaren 31 baino lehenago. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.

3.– Interesatu bakoitzari egin dakiokeen Ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira emandako diru-laguntzak eta horien onuradunak.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren kitapena.

Ikasturteko behin betiko datu errealen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso ondoren, diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu dela ikusten bada, aurreikusitako talde/orduena bereziki, edota ez dela zuritzen erabakitako diru-kopurua, diru-laguntzak emateko erabakia aldatuko da. Zentzu horretan, HABEren zuzendari nagusiak kitapen ebazpena egingo du emandako laguntza-kopuruak doituz.

10. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

Diru-laguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

a) Diru-laguntzen ebazpena ematen den momentuan 2015eko urri-abendurako aurreikusitako talde/orduei dagokien kopurua ordainduko da.

b) 2016ko martxotik aurrera, eta 2015eko urritik abendura bitartean emandako talde/orduen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso, aztertu eta nahikotzat eta egokitzat jo ondoren, onuradunei ordainduko zaie 2016ko urtarril/irailerako erabakitako diru-laguntzaren % 60a.

c) Ebazpenean erabakitako gainerako diru-laguntza, bakoitzari dagokiona, onuradunak bere jardun osoa ondo zuritu ondoren, HABEren zuzendariak egingo duen kitapen ebazpenaren arabera, hala behar denetan.

11. artikulua.– Beste diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen kontura ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, beti ere diruz lagundutako jardueraren gain-finantziazioa gertatzen ez bada.

2.– Gain-finantziazioa gertatuko balitz, murriztu egingo da diru-laguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.– Gain-finantziazio hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.

12. artikulua.– Zuriketa.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten erakundeek diru-laguntzak zuritzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte, II. eranskinean edo www.habe.euskadi.eus web-orrian jasotzen den zuritzeko eredua erabiliz, eta ondoko informazioa bilduz:

a) Dagokion epealdian benetan emandako talde/orduen ziurtagiria.

b) Diruz lagundutako ekintzak sortutako gastuen ziurtagiria, hauek gastuen izaeraren arabera sailkatuak. Ziurtagiri horrek zehaztu beharko du gastu bakoitzetik zenbat dagokien euskara-ikastaroei, irakasleen pertsonal-gastuak eta gastu didaktikoak izan ezik, hauek euskara-ikastaroei inputatuko baitzaizkie erabat.

c) Diru-laguntza jasotzen den eguneko txanpon-trukeari buruzko ziurtagiria. Halakorik ezean, egun horretarako argitaratutako truke neurri-indize ofiziala hartuko da aintzat.

2.– HABEren diru-laguntza behar bezala zuritua dagoela ulertzeko bi baldintza hauek bete beharko dira:

a) Dagokion epealdian benetan emandako eta ziurtatutako talde/orduek deialdiaren ebazpenean zehaztutako adinakoak izan behar dute.

b) Ziurtatutako gastuen batuketak emandako diru-laguntza adinakoa izan behar du, gutxienez.

3.– Onuradunek HABEren esku utzi beharko dituzte diru-laguntza zuritzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak, jatorrizko agiriak kontabilitate agiritegian gordez, HABEk egin dezakeen edozein inspekziotarako. Agiri horiek onartzeko, argi eta garbi adierazi beharko dute gastua eragin duen kontzeptua, gastu hori burutzeko denbora-eremua, baita dokumentua eman duen erakundearen izena eta jaso duenarena ere.

4.– Zuritu beharreko kopuruak zenbatzeko, diru-laguntza jasotzen den eguneko txanpon-trukea hartuko da aintzat.

5.– Agiri horiek honako epe hauetan aurkeztu beharko dira:

a) 2015eko urritik abendura bitartekoak, 2016ko otsailaren 15a baino lehenago.

b) 2016ko urtarril-iraila bitartekoak, 2016ko urriaren 15a baino lehenago.

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Erabaki honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti izango dituzte betebeharreko hauek:

a) Diru-laguntza eman den helburu jakin hartako erabiltzea.

b) Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintza Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren arabera Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako diru-laguntzak kontrolatzeko dituen bere eginbeharrak betetzeko eska dezaketen informazioa oro ematea.

c) HABEren esku uztea diru-laguntza zuritzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak; jatorrizko agiriak kontabilitate agiritegian gorde beharko dituzte HABEk egin dezakeen edozein inspekziotarako.

14. artikulua.– Arau-hausteak eta ez betetzeak.

Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak, dena den, lotuta daude azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean zehaztuta dauden lege-hausteen eta ez betetzeen erregimenarekin.

Ez betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskadiko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du indarra.

Donostia, 2015eko abuztuaren 27a.

HABEren zuzendari nagusia,

JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala