Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2015eko irailaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3774

AGINDUA, 2015eko irailaren 2koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena; honen bidez, argitara ematen da Euskal Autonomia Erkidegoan erlezaintzarako laguntzen zenbatekoa, 2015. urteari dagokiona.

Erlezaintzarako laguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamendutik datoz. Erregelamendu horren bidez sortu da nekazaritza-produktuen merkatuen erakunde komuna, eta, aldi berean, indargabetu egin dira erregelamendu hauek: 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE). Batzordearen apirilaren 29ko 917/2004 (EE) Erregelamenduaren bidez ezartzen dira honako erregelamendu hau aplikatzeko xedapenak: Kontseiluaren 2004ko apirilaren 26ko 797/2004 (EE) Erregelamendua, erlezaintzako produktuak ekoizteko eta merkaturatzeko baldintzak hobetzera bideratutako neurriei buruzkoa.

Erregelamendu horietan, hiru urteko aldirako nazio mailako programak prestatzea aurreikusten da, «erlezaintza-programak» izenekoak. Programa horiek Batzordeak onartuko ditu, eta, laguntza hori hartu ahal izateko, neurri batzuk jaso beharko dituzte; laguntza hori Erkidegoak kofinantzatuko du, erlezaintzarako laguntza-neurrien urteko programan aurreikusitako egintzek sortutako gastuen % 50era arte. Batzordearen 2013ko abuztuaren 12ko Erabakiaren bitartez, Espainiako estaturako azkeneko erlezaintza-programa onartu da 2014., 2015. eta 2016. urteetarako. Espainiako estatuan, martxoaren 26ko 519/1999 Errege Dekretuak arautzen du erlezaintzarako laguntzen araubidea, Urteko Programa Nazionalen esparruan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko guzti hori garatzeko eta aplikatzeko, 30/2005 Dekretua argitaratu zen (otsailaren 15eko Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintzarako laguntzei buruzkoa), zeina urtarrilaren 15eko 9/2008 Dekretuaren bidez aldatu baitzen. Arau horretako 2.2 artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera, «Erakunde Ordaintzailearen bitartez EAEko Administrazio Orokorrak ordainduko ditu laguntza hauek. Bestalde, laguntza horiek, batetik, Europako Erkidegoak kofinantzatuko ditu, zehazki, programan aurreikusitako egintzek sortutako gastuen % 50era arte, eta, bestetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek».

Nahiz eta laguntzok foru-aldundiek deitzen eta kudeatzen dituzten, otsailaren 15eko 30/2005 Dekretuaren 6.3 artikuluak hau xedatzen du: «Urtero, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu batez (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko denaz) emango da argitara deialdi bakoitzari esleitutako urteko zenbatekoa». Agindu honen xedea, hain zuzen ere, aurreikuspen hori betetzea da. Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Laguntzen zenbatekoa, guztira.

2015. urterako, otsailaren 15eko 30/2005 Dekretuan aurreikusita dauden NBBEFren konturako Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintzarako laguntzek, gehienez ere, 52.155,30 euroko zenbatekoa izango dute.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Ondorioak.

Sinatzen den egunean izango ditu ondorioak agindu honek, baina horrek ez du eragotziko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 2a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala