Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2015eko irailaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3773

AGINDUA, 2015eko abuztuaren 24koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena; Euskal Autonomia Erkidegoko ehiza-trofeoak homologatzeari buruzkoa.

2013ko uztailaren 18an argitaratu zen EHAAn 369/2013 Dekretua, uztailaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ehiza-trofeoak homologatzeko batzordearena. Dekretu horren azken xedapenetatik lehenengoak adierazten du batzorde hori sortu eta sei hilabeteko epean trofeoak homologatzeko arautegia proposatuko diola batzordeak berak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari. Sail horrek oinarritzat hartuko du proiektu hori, agindu bitartez homologatze-izapidea eta -baremoak arautzeko; eta horiek guztiak bateragarriak izango dira Ehizaren eta Faunaren Babeserako Nazioarteko Kontseiluak ezarritakoekin.

Aginduak hiru zati ditu. Lehenengoak Ehiza Trofeoak Homologatzeko Batzordearen funtzionamenduari buruzko zehaztapenak ezartzen ditu –kideen bateraezintasunak, deialdiak egiteko prozedura–. Bigarrenak homologatzeko jardunbidea arautzen du. Hirugarrenak homologa daitezkeen espezieentzako baremoak eta formulak ezartzen ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.10 artikuluak EAEri ehizaren alorrean ematen dion eskumen esklusiboaren babesean ematen da agindu hau.

Dekretu hau prestatzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietan ehizaren arloan eskumena duten sailetan egin da kontsulta, baita sektorearen ordezkari diren elkarteetan ere.

Horren ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
EHIZA TROFEOAK HOMOLOGATZEKO BATZORDEA

1. artikulua.– Bileren maiztasuna.

1.– Ehiza Trofeoak Homologatzeko Batzordeak bi bilera egingo ditu urtean, oro har.

2.– Homologatzeko trofeoak jaso eta bilera horietan homologatu ezin izan badira, edo ehiza larriari edota batzordearen beraren funtzionamenduari buruzko gaiei lotutako premiazko alderdiak sortzen badira, beste bilera bat egiteko deialdia egingo da.

3.– Homologatzeko eskatu eta sei hilabeteko epearen barruan homologatuko ditu trofeoak Batzordeak, baldin eta trofeoak homologatua izateko betekizunak betetzen baditu.

2. artikulua.– Deialdia.

1.– Batzordearen idazkaritzak idazki bidez egingo die deialdia kideei, eta, ahal izanez gero bitarteko telematikoen bitartez, bilera bakoitza egin baino 15 egun lehenago gutxienez.

2.– Kide bakoitzak adierazten duen posta-helbide edo -egoitzan edota helbide elektronikoan egingo da deialdia, eta baliozkotzat joko da helbide edo egoitza horretan jasotzen denean.

3.– Bileraren tokia, eguna eta ordua adieraziko ditu deialdiak, baita gai-zerrenda ere.

4.– Batzordeko kideek dituzten lan-betebeharrekin bateragarria den ordutegian egingo dira bilerak.

3. artikulua.– Batzordeko kideen eginkizunak.

1.– Honako eginkizun hauek ditu presidenteak:

a) Batzordearen ordezkaria izatea.

b) Bilkuren deialdia erabakitzea eta gai-zerrenda ezartzea, baita bilkura horietan buru izatea eta bozketetan berdinketa dagoenean ere gai horiei buruz erabakitzea.

c) Batzordearen aktei eta erabakien ziurtagiriei buruzko oniritzia ematea.

d) Batzordeak eskuordetu dizkion gainerako guztiak.

2.– Idazkaritzaren eginkizunak dira:

a) Gaien azterketa prestatzea, Batzordearen bileren aktak idatzi eta baimentzea, eta onartutako erabakien, irizpenen eta kontsulten ziurtagiriak egitea.

b) Presidenteak aginduta, bilkuren deialdia egitea eta kideei hitzordua adieraztea.

c) Erabaki gabe dauden eta aztertu behar diren gaien berri ematea Batzordeari.

d) Neurketen artxiboa zaintzea eta ehiza-trofeoen homologazio-egiaztagiriak ematea.

3.– Batzordekideen eginkizunak dira:

a) Batzordearen bileretara joatea.

b) Laguntza eskain dezaketen gai guztietan laguntzea, aholku ematea eta informatzea Batzordeari.

c) Egiten diren ehiza larriko trofeoen erakusketa ofizialen helburua ahalik eta ondoena betetzen laguntzea.

II. KAPITULUA
TROFEOAK HOMOLOGATZEKO JARDUNBIDEA

4. artikulua.– Ehiza-trofeoak homologatzeko epaileak.

1.– Homologazio-epaile gisa jarduteko baimenduta daudenak Ehiza Trofeoak Homologatzeko Batzordeak esleitzen dien ehiza-trofeoen neurketaz arduratuko dira.

2.– Homologazio-epailearen izaera ehizaren alorrean eskumena duen zuzendaritzak baimenduta lortzen da, Ehiza Trofeoak Homologatzeko Batzordeak proposatuta.

3.– Horretarako, eskumena duen zuzendaritzak, behar bestetan, deialdi publikoak egingo ditu gai horretan ezagutza eta esperientzia nahikoa dutela egiaztatzen duten pertsonak homologazio-epaile gisa onartzeko.

4.– Interesatuta dauden pertsonek beren ezagutzak eta esperientzia egiaztatzen dituen curriculum bat gaineratu beharko diote aurkezten duten eskaerari. Ehiza Trofeoak Homologatzeko Batzordeak eskaera horiek aztertu eta baloratu ondoren, hautatutako pertsonen proposamena eta haietako bakoitzaren curriculuma ehizaren alorrean eskumena duen zuzendaritzara bidaliko da, homologazio-epaile gisa onar ditzan.

5.– Ehiza-trofeoak homologatzeko epaile gisa egindako onarpena lau urterako izango da, eta aldi berdinetan luzatu ahal izango da.

6.– Homologazio-epailearen izaera galtzeko arrazoiak izango dira lehendik egindako onarpena ez berritzea eta Ehiza Trofeoak Homologatzeko Batzordeak ezartzen dituen neurketa-zereginei lotutako nahitaezko prestakuntza-ikastaroak ez gainditzea.

7.– Batzordeko kideak epaile homologatzaileen izaera lortu ahal izango dute, beste edozein eskatzailek bete beharreko baldintzetan eta egin beharreko prozedurari jarraikiz.

5. artikulua.– Homologazio-epaileen bateraezintasunak.

Homologazio-epaileek ezingo dute trofeo-neurketarik egin honako kasu hauetan:

a) Trofeoa beraiena edo lehen edo bigarren mailako zuzeneko senitartekoren batena denean.

b) Ehiza-barruti baten titularra bada, indibidualki nahiz beste batzuekin batera, ehiza-barruti horretatik datozen trofeoak.

c) Epailea elkarte edo erakunde kudeatzaile zinegetiko batekoa bada, elkarte horretako kideen lurretatik edo zuzenean bere ardurapean kudeatutako lurretatik datozen trofeoak.

d) Administrazio-prozeduraren araudi orokorrean aurreikusitako abstentzio-kausaren bat dagoenean.

6. artikulua.– Homologazio-prozesuaren kostuak.

1.– Beren jabetzako trofeo bat homologatu nahi dutenek neurketa- eta homologazio-prozesuak eragiten dituen kostuak ordaindu beharko dituzte; bereziki, homologazio-epaileek aurkezten dituzten gastu-minutak haien kontura izango dira.

2.– Hala dagokionean, ematen den dominaren kostua Eusko Jaurlaritzaren kontura izango da.

3.– Homologazio-ziurtagiriak ematearen truke ez da inolako tasa edo preziorik kobratuko.

7. artikulua.– Trofeoak homologatzeko eskaera.

1.– Homologatzeko eskaera idazki bidez egingo da, Batzordeak ezartzen dituen ereduak erabilita.

2.– Batzordeak beharrezko datuak eta txostenak eskatu ahal izango ditu trofeoen legezko harrapaketa eta jatorria egiaztatzeko, eta ehiztarien nortasuna ere eskatu ahal izango du. Eskatzaileak hori guztia modu sinesgarrian egiaztatzen ez badu, trofeoa ez da homologatuko.

8. artikulua.– Trofeoen neurketa.

1.– Ehiza-trofeoen neurketa agindu honen II. kapituluan ezarritako arau, formula eta baremoen arabera egingo da.

2.– Neurketa bakoitza egiteko, baimenduta dauden epaileen artetik bi izendatuko dira.

3.– Neurketa egin ondoren, lortutako datu eta emaitzak homologazio-orrian jasoko dira, eta Batzordera bidaliko da bertan onartzeko.

4.– Ofizialki homologatutako trofeo bat ezingo da berriz neurtu, baldin eta homologazio-batzordeari erreklamazio arrazoitua egiten ez bazaio eta Batzordeak hala erabakitzen ez badu, ofizioz egin daitezkeen berrikuspenak aparte utzi gabe.

5.– Ehiza-trofeoen neurketak ez dira inoiz egingo trofeoaren jabearen aurrean.

9. artikulua.– Trofeoen homologazioa.

1.– Trofeoaren homologazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Ehiza Trofeoak Homologatzeko Batzordeak egingo du, homologazio-orria onartzearen bitartez.

2.– Batzordeak trofeoa ikusi eta homologazio-orriarekin bat datorrela egiaztatuko du.

3.– Trofeoaren jabeak homologazio-ziurtagiri bat jasoko du, eta bertan jasota egongogo dira, haren datu pertsonalekin batera, trofeoaren datu hauek: zein eskualdetan, tokitan eta egunetan hil den ehizakia, homologazio-data eta lortutako puntuazioa.

4.– Batzordeak, komenigarritzat jotzen badu, trofeoak markatu edo inprimatu eta erregistratzeko neurriak hartu ahal izango ditu, trofeo bera bi aldiz homologa ez dadin.

5.– Ehiza Trofeoak Homologatzeko Batzordeak homologatzen dituen neurketa guztien datuak bere artxiboan gordeko ditu, eta domina lortzen duten trofeoen datuak Ehiza Trofeoak Homologatzeko Batzorde Nazionalera bidaliko ditu.

10. artikulua.– Harrapaketaren eta neurketaren arteko epeak.

1.– Trofeoen neurketak, basurdeenak izan ezik, harrapatu zirenetik gutxienez hilabete igaro ondoren egingo dira.

2.– Ez dira homologatuko, hil zituztenetik gutxienez hiru hilabete igaro arte, 180 puntu gainditzen dituzten adarzabalen trofeoak, 195 puntu gainditzen dituzten oreinenak eta 130 puntu gainditzen dituzten orkatzenak.

11. artikulua.– Trofeoen betekizun orokorrak.

1.– Trofeoak honako era honetan aurkeztu beharko dira neurtzeko:

a) Elementu organikorik gabe.

b) Inolako elementu artifizial itsatsirik gabe.

c) Beheko barailarik gabe.

2.– Ez dira ofizialki homologatuko:

a) Guztiz legezkoa izan den ehizaldi batekoak direla egiaztatu ezin diren trofeoak.

b) Alor hesituetan hildako animalien trofeoak.

c) Trofeo anormalak.

d) Neurtu behar den zatiren bat artifizialki aldatuta duten trofeoak.

e) Zerbidoen trofeoak eta otsoen garezurrak, naturalizatu ondoren.

f) Trofeo hauek: adarrei eusten dieten hezur-zurtoinek 20 zentimetro baino gutxiago badute mufloien edo basahuntz piriniotarren kasuan; edo, 8 zentimetro baino gutxiago, sarrioen kasuan.

g) Kolorea aldatuta duten trofeoak.

III. KAPITULUA
HOMOLOGATZEKO BAREMOAK ETA FORMULAK

12. artikulua.– Neurtzeko arauak.

1.– Aurkakoa adierazi ezean, neurriak metalezko zinta metriko batez hartuko dira.

2.– Zentimetrotan hartutako neurriak milimetro eta guzti hartuko dira, honako era honetan biribilduta: 0,1 mm-tik 0,4 mm-ra = 0 mm; eta 0,5 mm-tik 0,9 mm-ra = 1 mm.

3.– Kilogramotan hartutako neurrietan 10 gramoko tarteak ere hartuko dira.

4.– Gramotan hartutako neurriak gramo 1eko tarteak kontuan izanik hartuko dira.

5.– Edertasuna eta penalizazioak baloratzeko, puntuak edo puntu erdiak bakarrik erabiliko dira.

6.– Hautsita dauden zatiak hausturaren guneraino neurtuko dira; ez dira irregulartasuntzat hartuko eta ez dute inolako penalizaziorik eragingo.

13. artikulua.– Basurdearen puntuazioa.

1.– Basurdearen trofeoaren puntuazioa honako kontzeptu hauen batuketatik lortuko da:

a) Letaginen luzeraren batez bestekoa cm-tan.

b) Letaginen zabaleraren batez bestekoa mm-tan, bider 3.

c) Amoladera bakoitzaren perimetroa cm-tan.

d) Edertasuna, 5 punturaino.

2.– Lortzen den baturari penalizazioak kenduko zaizkio, letaginen azalera zorroztu txikiegiarengatik, haien arteko luzera, zabalera eta forma desberdina izateagatik, edota letaginen eta amoladeren artean desproportzioa egoteagatik, gehienez ere 10 puntu.

3.– Urrezko domina eskuratuko du 110 puntu lortzen dituen trofeoak; zilarrezko domina, 105 eta 109,99 puntu artean lortzen dituenak; eta brontzezko domina, 100 eta 104,99 puntu artean lortzen dituenak.

14. artikulua.– Orkatzaren puntuazioa.

1.– Orkatzaren trofeoaren puntuazioa honako kontzeptu hauek batuta lortuko da:

a) Adarren luzeraren batez bestekoa cm-tan, zati 2.

b) Adarren pisua dezigramotan.

c) Adarren bolumena cm3-tan, zati 3.

d) Edertasuna: 4 punturaino koloreagatik, 4 punturaino perlengatik, 4 punturaino errosetengatik, 4 punturaino adarren arteko tartearengatik; 2 punturaino punten kalitatearengatik; 3 punturaino adarren erregulartasunarengatik, eta 2 punturaino borroka-adarxken kalitatearengatik.

2.– Lortzen den baturari penalizazioak kenduko zaizkio: 2 punturaino adarren forma akastunagatik eta 3 punturaino beste akats batzuengatik, guztira 5 punturaino.

3.– Urrezko domina eskuratuko du 130 puntu lortzen dituen trofeoak; zilarrezko domina, 115 eta 129,99 puntu artean lortzen dituenak; eta brontzezko domina, 105 eta 114,99 puntu artean lortzen dituenak.

15. artikulua.– Oreinaren puntuazioa.

1.– Oreinaren trofeoaren puntuazioa honako kontzeptu hauek batuta lortuko da:

a) Adarren luzeraren batez bestekoa cm-tan, zati 2.

b) Borroka-adarxken luzeraren batez bestekoa cm-tan, zati 4.

c) Punta zentralen luzeraren batez bestekoa cm-tan, zati 4.

d) Erroseten perimetroen batez bestekoa cm-tan.

e) Adar bakoitzaren perimetroa cm-tan, borroka-adarxkaren eta punta zentralaren artean.

f) Adar bakoitzaren perimetroa cm-tan, punta zentralaren eta koroaren artean.

g) Trofeoaren pisua kilogramotan, bider 2.

h) Trofeoaren hedadura cm-tan.

i) Punta kopurua.

j) Edertasuna: 2 punturaino koloreagatik, 2 punturaino perlengatik, 2 punturaino puntengatik, eta puntu 1eraino bigarren borroka-adarxkengatik.

2.– Lortzen den baturari penalizazioak kenduko zaizkio: hiru punturaino gehienez, honako akats hauetako bakoitzarengatik: ezarpen irregularra; asimetria; diferentzia nabarmena adarren luzeran; eta diferentziak borroka-adarxken, bigarren borroka-adarxken eta punta zentralen luzeran.

3.– Urrezko domina eskuratuko du 181 puntu lortzen dituen trofeoak; zilarrezko domina, 173 eta 180,99 puntu artean lortzen dituenak; eta brontzezko domina 165 eta 172,99 puntu artean lortzen dituenak.

16. artikulua.– Adarzabalaren puntuazioa.

1.– Adarzabalaren trofeoaren puntuazioa honako kontzeptu hauek batuta lortuko da:

a) Adarren luzeraren batez bestekoa cm-tan, zati 2.

b) Borroka-adarxken luzeraren batez bestekoa cm-tan, zati 4.

c) Bi palen luzeraren batez bestekoa cm-tan.

d) Palen zabaleraren batez bestekoa mm-tan, bider 1,5.

e) Erroseten perimetroen batez bestekoa cm-tan.

f) Adar bakoitzaren perimetroa cm-tan, borroka-adarxkaren eta punta zentralaren artean.

g) Adar bakoitzaren perimetroa cm-tan, punta zentralaren eta palaren artean.

h) Trofeoaren pisua kilogramotan, bider 2.

i) Edertasuna: 2 punturaino kolorearengatik, 3 punturaino palen puntengatik, eta 5 punturaino palen bolumen, forma eta erregularitatearengatik.

2.– Lortzen den baturari penalizazioak kenduko zaizkio: sei punturaino gehienez hedadura nahikoa ez izateagatik, bost punturaino pala akastunengatik, bi punturaino palaren ertzeko akatsengatik, eta sei punturaino beste irregulartasun batzuengatik, hala nola adarren ezarpen irregularra, luzera desberdineko adarrak, borroka-adarxken arteko luzera desberdina, eta punta zentralen arteko luzera desberdina.

3.– Urrezko domina eskuratuko du 180 puntu lortzen dituen trofeoak; zilarrezko domina, 170 eta 179,99 puntu artean lortzen dituenak; eta brontzezko domina, 160 eta 169,99 puntu artean lortzen dituenak.

17. artikulua.– Mufloiaren puntuazioa.

1.– Mufloiaren trofeoaren puntuazioa honako kontzeptu hauek batuta lortuko da:

a) Adarren luzeraren batez bestekoa cm-tan.

b) Adarren oinarrien perimetroen batez bestekoa cm-tan.

c) Adarren bigarren hereneko perimetroen batez bestekoa cm-tan.

d) Adarren hirugarren hereneko perimetroen batez bestekoa cm-tan.

e) Trofeoaren gehieneko kanpo-hedadura, korrideran neurtua, cm-tan.

f) Edertasuna: 3 punturaino kolorearengatik, 3 punturaino eraztunen arteko distantziarengatik, eta 5 punturaino adarren kurbaren diametroarengatik.

2.– Lortzen den baturari penalizazioak kenduko zaizkio: bi punturaino asimetria edo norabide okerrarengatik, eta hiru punturaino kurbadura itxiegia izateagatik.

3.– Urrezko domina eskuratuko du 205 puntu lortzen dituen trofeoak; zilarrezko domina, 195 eta 204,99 puntu artean lortzen dituenak; eta brontzezko domina, 185 eta 194,99 puntu artean lortzen dituenak.

18. artikulua.– Basahuntzaren puntuazioa.

1.– Basahuntzaren trofeoaren puntuazioa honako kontzeptu hauek batuta lortuko da:

a) Adarren luzera cm-tan.

b) Adarren oinarrien perimetroen batez bestekoa cm-tan, bider 2,6.

c) Trofeoaren gehieneko kanpo-hedadura, korrideran neurtua, cm-tan.

d) Adina: puntu bat urteko, hamargarrenetik aurrera, azken hori barne.

e) Edertasuna: 5 punturaino adarren kurbarengatik.

2.– Lortzen den baturari penalizazioak kenduko zaizkio: gehienez ere puntu 1 honako akats hauetako bakoitzagatik: kolorerik eza adarretan, medroi edo eraztun oso gutxi markatuak, edo puntak ezpalduta dituzten adarrak.

3.– Urrezko domina eskuratuko du 230 puntu lortzen dituen trofeoak, iparraldean; 225 puntu, erdialdean; eta 220 puntu, hegoaldean.

4.– Zilarrezko domina eskuratuko du 220 eta 229,99 puntu artean lortzen dituen trofeoak, iparraldeak; 215 eta 224,99 puntu artean, erdialdean; eta 210 eta 219,99 puntu artean, hegoaldean.

5.– Brontzezko domina eskuratuko du 205 eta 219,99 puntu artean lortzen dituen trofeoak, iparraldean; 205 eta 214,99 puntu artean, erdialdean; eta 195 eta 209,99 puntu artean, hegoaldean.

19. artikulua.– Arruiaren puntuazioa.

1.– Arruiaren trofeoaren puntuazioa honako kontzeptu hauek batuta lortuko da:

a) Adarren luzera cm-tan.

b) Adarren oinarrien perimetroak cm-tan.

c) Adarren perimetroak lehen laurdenean, cm-tan.

d) Adarren perimetroak bigarren laurdenean, cm-tan.

e) Adarren perimetroak hirugarren laurdenean, cm-tan.

f) Trofeoaren gehieneko kanpo-hedadura, korrideran neurtua, cm-tan.

g) Punten arteko tartea.

h) Edertasuna: 5 punturaino adarren kurbarengatik.

2.– Lortzen den baturari penalizazioak kenduko zaizkio: gehienez ere puntu 1 honako akats hauetako bakoitzagatik: kolorerik eza adarretan, medroi edo eraztun oso gutxi markatuak, edo puntak ezpalduta dituzten adarrak.

3.– Urrezko domina eskuratuko du 225 puntu lortzen dituen trofeoak; zilarrezko domina, 215 eta 224,99 puntu artean lortzen dituenak; eta brontzezko domina, 205 eta 214,99 puntu artean lortzen dituenak.

20. artikulua.– Sarrioaren puntuazioa.

1.– Sarrioaren trofeoaren puntuazioa honako kontzeptu hauek batuta lortuko da:

a) Adarren luzeraren batez bestekoa cm-tan, bide 1,5.

b) Adarren altuera cm-tan.

c) Adarrik lodienaren perimetroa cm-tan, bider 4.

d) Adarren arteko tartea cm-tan.

e) Adina: 3 punturaino, honako era honetan banatuta:

– 6 urtetik 10 urtera arte beteta izatea ........................................ 1

– 11 urtetik 12 urtera arte beteta izatea ....................................... 2

– 13 urte edo gehiago beteta izatea ............................................ 3

2.– Gehieneko zirkunferentziaren neurria, erretxina barnean dela, bider lau eginda lortutako guztizko baliotik kenduko da erretxina ez duen zabalera konparagarri bat bider lau eginda lortutako balioa. Penalizazioa gainerakoa izango da, puntu batean murriztua. Penalizazioa ezin da 5 puntutik gorakoa izan.

3.– Pirinioetako sarrio arren artean, urrezko domina eskuratuko du 97 puntu lortzen dituen trofeoak; zilarrezko domina, 92 eta 96,99 puntu artean lortzen dituenak; eta brontzezko domina 87 eta 91,99 puntu artean lortzen dituenak. Emeen artean, urrezko domina eskuratuko du 93 puntu lortzen dituen trofeoak; zilarrezko domina, 88 eta 92,99 puntu artean lortzen dituenak; eta brontzezko domina, 83 eta 97,99 puntu artean lortzen dituenak.

4.– Kantaurialdeko sarrio arren artean, urrezko domina eskuratuko du 85 puntu lortzen dituen trofeoak; zilarrezko domina, 81,5 eta 84,99 puntu artean lortzen dituenak; eta brontzezko domina 78 eta 81,49 puntu artean lortzen dituenak. Emeen artean, urrezko domina eskuratuko du 81 puntu lortzen dituen trofeoak; zilarrezko domina, 77,5 eta 80,99 puntu artean lortzen dituenak; eta brontzezko domina, 74 eta 77,49 puntu artean lortzen dituenak.

21. artikulua.– Otsoaren puntuazioa.

1.– Otsoaren trofeoaren puntuazioa honako kontzeptu hauek batuta lortuko da:

a) Garezurraren luzera, cm-tan.

b) Garezurraren zabalera, cm-tan.

2.– Urrezko domina lortuko du 41 puntu lortzen dituen trofeoak; zilarrezko domina 39 eta 40,99 puntu artean lortzen dituenak; eta brontzezko domina 37 eta 38,99 puntu artean lortzen dituenak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abuztuaren 24a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala