Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

167. zk., 2015eko irailaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

DONOSTIA-SAN SEBASTIÁNGO LEHEN AUZIALDIKO 3 ZENBAKIKO EPAITEGIA
3757

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 535/2014 prozeduraren ondoriozkoa.

Donostiako Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak, 535/2014 prozedura.

Demandatzailea: Ely Fabiola Berroteran Pacheco.

Abokatua: Ana Isabel Gonzalez Belmonte.

Prokuradorea: Maria del Carmen Coello Lopez.

Demandatua: Jose Gregorio Rodriguez Linarez.

Gaia: guraso eta seme-alaben arteko neurriak.

Aipatu judizioan epaia eman da, 2015-04-27an. Haren xedapen-zatiak hau dio:

ERABAKI DUT:

funtsean baiestea María Del Carmen Coello López epaitegietako prokuradoreak Ely Fabiola Berroteran Pachecoren izenean eta ordezkaritzan aurkeztu duen demanda, José Gregorio Rodríguez Linarezen aurka. Horrenbestez,

Adingabeko XXXXX semeari dagokionez honako neurri hauek hartzea erabaki dut:

1.– Zaintza eta jagoletza esleitzea. XXXXX adingabearen zaintza eta jagoletza bere ama Ely Fabiola Berroteran Pachecori esleitzen dizkiot.

2.– Guraso-ahala. Guraso-ahala erdibana izaten jarraituko dute aitak eta amak. Gurasoek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak zera dakar: adingabeari dagozkion erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartu beharra. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; komunikazio-bide hori errespetatzera eta betetzera behartuta daude. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta, hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:

a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.

b) Ikastetxea aukeratzea, eta ikastetxea aldatzea.

c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.

d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.

e) Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.

Zaintza ez duen gurasoari aitortu egiten zaio adingabearen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko tutoretza-jardueratan parte hartzekoa ere. Halaber, semearen tratamenduei buruzko argibide medikoak ere eskatu ahal izango ditu.

Semearekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak badira.

3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Ez da bidezkoa bisita-araubiderik ezartzea José Gregorio Rodríguez Linarez eta XXXXXren artean.

4.– Mantenu-pentsioa. Aitak XXXXX seme adingabearen mantenu-pentsioa ordaindu beharko du, harik eta hura adinez nagusi izatera iritsi eta ekonomikoki independentea izan arte edo izateko moduan egon arte, fede onez jokatuta. Pentsio hori hilean 200 eurokoa izango da, eta urteko hamabi hilabeteetako lehenengo bost egunetan ordaindu beharko dio amari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera, abendutik abendura neurtuta; lehen eguneratzea 2016ko urtarrilaren batean gauzatuko da.

Aitak zuzenean ordaintzen dituen era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.

Semearen bizitzan sortzen diren ezohiko gastuak –zein ez baita ekonomikoki independentea– aitak eta amak ordainduko dituzte, erdibana. Ebazpen honen oinarri juridikoetan ezarritakoarekin bat etorriz, kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (urtero errepikatzen badira); baina beste batzuk berriz sartuko dira, eta katalogo posiblea osorik adierazteko asmorik gabe, honako hauek dira horietakoak: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmaziakoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, osasun-sistema publikoan edo dagokion medikuntza-erakundetan sartzen ez diren gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta –prestakuntza-arloan– eskolan atzeratuta egonez gero derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere. Egin beharreko gastua medikoa bada eta Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostutakoak izango dira.

Goragoko lerroaldean zehaztutako aparteko gastuak egiteko, guraso bien adostasunezko erabakia beharko da, betiere hura egin aurretik; eta adostasunik ez bada, arazoa epailearen esku utzi beharko da, zeinak erabakiko baitu gastua bi gurasoek egin beharko duten ala ez ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Ebazpena aldekoa izango da, baldin eta alabarentzako beharrezkoa eta egokia bada gastua eta familiaren zirkunstantziekin bat badator. Premiazko diren presako gastuei dagokienez, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.

Presakoa ez den ezohiko gastu bat egin aurretik gai horri buruz bi gurasoek elkarrekin hartu beharreko erabakia edota premiazko gastu bat egin ondoren elkarri eman beharreko informazioa emateko, gurasoen arteko komunikazio-bide bat ezarriko da, frogagarria dena. Izan daiteke, esaterako, faxa, burofaxa edo posta elektronikoa. Alabari dagokionez, ezohiko gasturen bat egiteko premiaz edo egokitasunaz gurasoetako batek besteari informazioa bidali izana egiaztatzen badu, bide frogagarri bat erabiliz, beste gurasoa gastu hori egitearekin ados dagoela ulertuko da, baldin eta ez badu erantzuten edota kontrako iritzia agertu izana egiaztatzen ez badu jakinarazpena jaso eta, gehienez ere, zazpi eguneko epean.

Gainerakoan, alabarentzako bestelako edozein gastu egin ahalko dute gurasoek, hau da , ebazpen honetan ezohiko gastutzat jo diren gastuez gain, baldin eta bien artean adostasuna badago, eta ebazpen honetan ezarritako proportzioan ordaindu ahalko dute, hau da, erdibana, edota beraiek adostu bezala.

Aparteko gastuak ordaintzeko obligazioa amaitu egingo da alaba –adin nagusikoa edo legez emantzipatua izanik– ekonomikoki independentea izaten denean, 150. eta 152. artikuluetako amaitze-kausei kalterik egin gabe.

Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.

Prozesuko kostuak ez zaizkio berariaz inori ezartzen.

Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, apelatutako ebazpena zein den, eta zein erabaki aurkaratzen diren (PZLb, 458,2 artikulua).

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua jarri behar da, eta, hori egin ezean, ez da bera izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori kontsignatu beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen Gordailu eta Kontsignazioen kontuan. IBAN zenbakia hauxe da: ES55 0049 3569 92 000500 1274; eta kontzeptua: 1847 0000 00 0535 14. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean jarri izana egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak».

Eta lehen auzialdi honetan behin betiko epaituz, erabaki eta sinatu dut.

Jose Gregorio Rodriguez Linarez demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (PZLb).

Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake demandatu auzi-iheslariak.

Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa eskura du interesdunak, epaitegi honetako bulego judizialean.

Donostia, 2015eko apirilaren 27a.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala