Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

167. zk., 2015eko irailaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
3751

EBAZPENA, 2015eko abuztuaren 26koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, Euskara eta Euskal Kulturako irakurle bat hautatzeko deialdia irekitzeko dena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultur eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.

Oraingo irakurleak irakurletza ezustean utzi duenez, Etxepare Euskal Institutuak ebatzi du Helsinkiko unibertsitatean Euskara eta Euskal Kulturako irakurle bat hautatzeko lehiaketa publikoaren presazko deialdia egitea.

Hori dela eta,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Presazko deialdi honen helburua da euskara eta euskal kulturako irakurle bat hautatzea Helsinkiko Unibertsitatean aritzeko 2015-2016 ikasturtean.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Etxepare Euskal Institutuak Helsinkiko Unibertsitatearekin 2014ko irailaren 1ean sinatutako hitzarmenaren arabera, irakurletzarentzat ikasturte bakoitzean Institutuak bideratutako guztizkoa bost mila eta seiehun eurokoa izango da (5.600).

Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Beraz, zenbateko hori ez da beti bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin.

3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten betekizunak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko betekizun hauek bete beharko dira:

● Graduko unibertsitate-titulua izatea, edo baliokidea.

● C1 euskara-maila egiaztatzea.

● C1 finlandiera-maila egiaztatzea.

4. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak unibertsitatean.

Hautatuak Finlandiako legediaren araberako kontratua sinatuko du eta kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko ditu, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaion ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak tokian tokiko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu Helsinkiko Unibertsitaterako lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurleak irakurletza hasten duela bermatzeko.

5. artikulua.– Irakurle izateak honako konpromisoak onartzea ekarriko du:

– Onartze-agiria sinatzea.

– Helsinkiko unibertsitatean irakurletzarekin hasi unibertsitateak agindutako datan, eta irakurletzan aritu ikasturtea amaitu arte.

– Irakurleak euskara-eskolak emango ditu, astean 4 eskola-ordu dagokion ordutegian, ikasturteko bi seihilekoetan.

– Euskal hizkuntza eta kulturako ekintzak antolatuko ditu eta euskal hizkuntza eta kulturen inguruko jarduera osagarriak bultzatuko ditu.

– Etxepare Euskal Institutuari hitzarmenaren jarraipenerako beharrezko dituen agiriak helaraziko dizkio; batez ere eta urtero, Ikasturte Hasierako Fitxa eta Ikasturte Amaierako Txostena.

Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.

Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du. Egiaztagiri horretan hauek jasoko dira: emandako orduak, irakasgaiak, ikastaroak, etab.

6. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.

Irakurletza mantentzeko zenbatekoen ordainketak Etxepare Euskal Institutuak unibertsitateari egingo dizkio.

Unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

7.1.– Eskabidea behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari aurkeztu beharko zaio, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan (Prim Kalea 7, 20006 Donostia), goizeko 8:30etik 14:00etara, edo Eusko Jaurlaritzaren ZUZENEAN bulegoetan. 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik ere aurkeztu ahal izango da eskaera (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

7.2.– Eskabideak honako hauek izan beharko ditu:

– I. eranskina.

– II. eranskina.

– Pasaportearen, NANaren, edo AIZren fotokopia.

Unibertsitateak aukeratutako hautagaiak eskabidean jasotako meritu guztiak egiaztatu beharko dizkio agirien bidez Etxepare Euskal Institutuari, onartzea baino lehen.

7.3.– Eskabideak aurkezteko hamar egun naturaleko epea egongo da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskabideak aurkezteko I. eta II. eranskinak Etxepare Euskal Institutuaren web orrian egongo dira eskuragarri word formatuan.

7.4.– Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi horren erabilera hautapen prozesura eta etorkizunean ager daitekeen irakurle beharrei erantzuteko sortuko den poltsa kudeatzera mugatuko da. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoaren, abenduaren 13koa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko 2/2004 Legearen, otsailaren 25ekoa, aurreikuspenekin bat etorriko da.

8. artikulua.– Hautapena.

Hautagaien hurrenkera jarraian zehaztutako puntuazioen arabera egingo da. Guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira.

1.– Hirugarren zikloko ikasketak. Gehienez ere 5 puntu:

● Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 5 puntu.

2.– Euskararen ezagutza C1 mailatik gorago. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:

● Euskal Ikasketetako gradua, filologia, edo baliokidea: 5 puntu.

● Itzulpengintzako gradua, edo baliokidea, (A hizkuntza euskara baldin bada soilik): 5 puntu.

● Gainerako graduak, edo baliokideak, baldin eta 4. Hizkuntza Eskakizuna egiaztatuta badute: 5 puntu

3.– Beste hizkuntzak ezagutzea eta egiaztatuta izatea. Gehienez ere 5 puntu, hizkuntza bakoitzeko ondoko irizpideen arabera:

● A2= 0.25 puntu.

● B1= 0.5 puntu.

● B2= 0.75 puntu.

● C1= puntu 1.

● C2= puntu 2.

4.– Euskararen eta beste hizkuntza batzuen irakaskuntzan eskarmentua. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:

● Euskara irakatsi izana atzerriko unibertsitateetan: 2 puntu ikasturteko (lanaldi osoa).

● Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 1 ikasturteko (lanaldi osoa).

● Hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: 0,50 puntu ikasturteko (lanaldi osoa).

● Hizkuntzak irakatsi izana bestelako ikastetxeetan: 0,25 puntu ikasturteko (lanaldi osoa).

5.– Bestelako prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:

● Euskararen arloko doktoregoa: 4 puntu.

● Bestelako doktoregoa: 1 puntu.

● Euskararen arloko masterra: 2 puntu.

● Irakaskuntzarekin eta/edo hizkuntzekin loturiko masterra: 1 puntu.

● Bestelako masterra: 0.5 puntu.

● Atzerriko Unibertsitateetan Euskara Irakasteko prestakuntza ikastaroa: 1 puntu.

● IGI-CAP: 0.5 puntu.

● Glotodidaktika ikastaroa: 0.5 puntu.

● Excellence in Basque Studies ikastaroa: 0.25 puntu.

9. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaitzak aztertu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez bost egun balioduneko epean, Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian argitaratuko da hautapen prozesuan parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz. Baztertuek bi egun balioduneko epea izango dute erreklamazioa jartzeko.

Aipatutako epea igaro ondoren, Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian argitaratuko da hautapen prozesuan parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz.

Etxepare Euskal Institutuak, behin betiko zerrendako hautagaien merituak aztertuta, hiru proposatuko dizkio unibertsitateari. Hiru horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendan hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.

Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira ondoko kasuetan:

● Eskabide bat ere aurkeztu ez bada.

● Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.

● Deialdi hau argitaratu ondoren, dagokion unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo bestelako arrazoiengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

10. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, hautatutako pertsonak eta plazarik gabeko hautatuak zein diren adieraziz. Azken horiek erreserban egongo dira, hautatuek uko egiten badiote edo horiek ordezkatu beharra gertatzen bada. Hautatu horiekin lan-poltsa osatuko da, unibertsitateko irakurletzen beharrei erantzun ahal izateko.

Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren web orrian argitaratuko da.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.

11. artikulua.– Lanpostua esleitzea.

Hautatuek medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, beraien esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, tokian tokiko unibertsitateko Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izaera onartu beharko dute, helburu horretarako agiri bat sinatuz.

12. artikulua.– Ukoak eta ordezkapenak.

Hautatuek ikasturtea amaitu baino lehenago euren lanpostuari uko egiten badiote, ezingo dute berriz hautagai izan hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan beraien ukoa oinarritu ezean.

Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak lanposturik gabe aukeratutako lehen hautagaia proposatuko du, ordezkoaren adostasuna lortu ondoren.

13. artikulua.– Errekurtsoak.

Aukeratutako hautagaien zerrenda Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen bidez argitaratuko da Institutuaren web orrian.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi–errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2015eko abuztuaren 26a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala