Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

167. zk., 2015eko irailaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3750

AGINDUA, 2015eko uztailaren 15ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita ireki dela deialdia, EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeek jarduera-proiektuak egiteko eskabideak egin ditzaten, hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko 2015-2016, 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetan.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskola-eredu mistotik hezkidetzailera igarotzeko eraldaketa-prozesu bat sustatu nahi du, genero-indarkeria eta sexismoan oinarritutako indarkeria-adierazpen oro prebenitzen laguntzeko. Horretarako, «Hezkuntza Sisteman Hezkidetza eta Genero Indarkeriaren Prebentzioa Lantzeko Gida Plana» egin du sailak. Planaren helburuetako bat ikastetxeek beren kulturan, politiketan eta jardunbideetan genero-ikuspegia txerta dezaten sustatzea da, eskola-komunitateko eragile guztien laguntzaz.

Genero-indarkeria sexismoan eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritutako sistema baten ondorio larriena da. Eskolak ikasleen arteko botere-harremanak aldatzen lagundu dezake, behar diren aldaketak eginez, berdintasunean oinarritutako harremanen bidezko sozializazioa ziurtatzeko. Sozializazio horrek identitate-aniztasuna errespetatu behar du, eta ikasle guztien garapen pertsonala ahalbidetu behar du, nola neskena, hala mutilena.

2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak– helburu hori zabaltzen du, eta horretan sakontzen du; hala, 28. artikuluan hezkuntza-sistema premiatzen du hezkidetza-eredu bat gara dezan. Zehazki, honako hau adierazten du:

«Hezkuntza-politika publikoek bultzatu beharreko hezkuntza-ereduek, betiere, helburu hauek izan behar dituzte: sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaintzea, bereizkeria mota oro baztertzea, eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzea. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan eta abarrean».

2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak– 29. artikuluan ezartzen duenez, Hezkuntza Administrazioak hezkidetzako proiektuak sustatuko ditu, eta hezkidetza-helburuak integratuko ditu hezkuntzako maila ezberdinetako jakintza-arloetako eta diziplinetako curriculumaren diseinuan eta garapenean.

Hori guztia aintzat hartuta, eta esleitutako eskumenen esparruan, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten EAEko ikastetxeen artean itunpeko 50 ikastetxe aukeratzea gehienez, hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa sustatzeko jarduera-proiektu bat diseina dezaten 2015-2016, 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetarako. Proiektu horrek bideratu behar die ikastetxean hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa modu global, sistematiko eta integratuan lantzea.

2. artikulua.– Hornidura.

1.– Helburu hori lortzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura, guztira 100.000 euro bideratuko dira.

2.– Hautatutako ikastetxe bakoitzari bi mila (2.000) euroko diru-ekarpen bat egingo zaio deialdi honetan aipatzen diren hiru ikasturteetarako, irakasleak zein eskola-komunitatea trebatzeko eta proiektua koordinatzeko eta zabalkundea egiteko jardueretarako.

3.– Honako lurralde-banaketa honen arabera aukeratuko dira proiektuak:

(Ikus .PDF)

4.– Hala ere, lurraldeen araberako banaketa aldatzeko aukera egongo da, baldin eta aukeratutako eskabideekin ez bada lortzen lurralde horietakoren baterako aurreikusitako plaza-kopurua.

5.– Diru-ekarpena egiteaz gain:

a) Hautatutako ikastetxeetako hezkidetzako eta genero-indarkeriaren prebentzioko arduradunek eskualde-mintegietan parte hartu eta eskualdeko Berritzegunearen zuzeneko aholkularitza jaso ahal izango dute prozesu osoan zehar.

b) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak prestakuntza emango die aukeratutako ikastetxeetako berdintasun-ordezkariei.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan aipatzen diren laguntzak EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeei esleituko zaizkie.

4. artikulua.– Baztertzeak.

Baztertu egingo dira deialdi honetako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak, bai eta honako hauek ere: 2014-2015, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan genero-indarkeriaren prebentzioa eta hezkidetza lantzeko jarduera-proiektuak garatzeko hornidura ekonomikoa izan zuten ikastetxeek aurkeztu dituzten eskabideak, betiere horri uko egin ez badiote.

5. artikulua.– Baldintzak.

1.– Eskaera egiten duen erakundeak ez du eduki behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenak arautzen duen ildotik).

2.– Eskaera egin duen erakundeak egunean izan behar ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste diru-laguntza batzuen esparruan, diru-laguntza horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntza hauek emateko, edo, hala badagokio, ordaindu ahal izateko.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileak betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez da zertan eskatzaileen baimenik behar izango, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak eragotzi gabe.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Eskaria egiten duen pertsonak edo erakundeak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenak arautzen duen ildotik).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako ezein itzultze- edo zigor-prozedura bukatuta egon beharko da.

d) Eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adieraztea, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

e) Ikastetxeko zuzendaritzaren konpromisoa edukitzea, proiektuaren garapena antolatzeko eta irakasleen inplikazioa eta hezkuntza-komunitatearen partaidetza bultzatzeko.

f) Proiektua egiteko OOGren onarpena edukitzea.

g) Proiektua hautatua izanez gero, hura ikastetxearen urteko planean eta geroko urteko memorian txertatzea onartzeko ikastetxeko OOGren erabakia edukitzea.

h) Ikastetxean hezkidetzako eta genero-indarkeriaren prebentzioko arduradun bat edukitzea. Hark horretarako egokiak diren ezaugarriak bete beharko ditu: langile finkoa, ikastetxea ondo ezagutzen duena, sentsibilizatuta dagoena, eta prozesua dinamizatzeko, koordinatzeko eta buru izateko gaitasunak dituena.

i) Berdintasun-ordezkari izango den pertsona bat edukitzea Ordezkaritza Organo Gorenean (OOG).

j) Berdintasunerako Batzordea izatea. Hezkuntza-komunitate osoa ordezkatuta egongo da bertan.

k) Ikastetxearen zuzendariaren ziurtagiria edukitzea, zeinak proiektuarekiko konpromisoa erakusten duen, irakasleek proiektua ezagutzen dutela ziurtatzen duen eta hezkidetza-arduraduna, OOGko berdintasun-ordezkaria eta batzorde mistoa identifikatzen dituen.

l) Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenaren ziurtagiria edukitzea: bertan, eskaerarekin ados dagoela adieraziko da, eta konpromisoa hartuko da deialdi honen barruan garatuko den lanaren ondoriozko jarduera-plana ezartzeko eta ikastetxearen urteko planean nahiz urteko memorian sartzeko.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Administrazio elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zuen Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainontzeko ereduak bide elektronikotik izapidetzeko argibideak Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan eskura daitezke (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/hezkidetza-50/y22-izapide/eu).

4.– Eskaera egin ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Nire Kudeaketak atalaren bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.

5.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/

8. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Entitate eskatzaileek «eskabidea» formulario normalizatua aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta. Eskabide-eredua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/hezkidetza-50/y22-izapide/eu.

2.– «Eskabidea» formulario normalizatuarekin batera, 2015-2016, 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetarako «Jarduera-proiektua» formulario normalizatua aurkeztu beharko da, eta eduki hau izango du:

I) Justifikazioa.

II) Helburu orokorrak eta helburu espezifikoak hiru ikasturteetarako.

III) Helburu espezifiko bakoitzari lotutako jarduerak, haien arduradunak, denborak, jarraipenaren adierazleak eta lortutakoa zehaztuta, 2015-2016 ikasturterako soilik.

IV) Ebaluazioa.

3.– Deialdiaren eranskinean, proiektua lantzeko orientabideak daude bilduta.

4.– «Eskabidea» eta «Jarduera-proiektua» formulario normalizatuekin batera, «Zuzendaritzaren ziurtagiria» formulario normalizatua ere aurkeztu beharko da.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Dokumentazioa modu elektronikoan aurkeztu beharko da, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/hezkidetza-50/y22-izapide/eu).

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete dokumentazioa, beraiek nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

4.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

10. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

1.– Eskaerak barematuko ditu Hautaketa Batzordeak, eta hautatutako ikastetxeen zerrendak egingo ditu. Hauek osatuko dute:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo horrek izendatzen duena; batzordeburu izango da.

b) Hezkuntza-berriztapeneko lurralde-arduradunak edo haiek eskuordetzen dituzten pertsonak.

c) Eskola Inklusiboko Berritzegune Nagusiko arduraduna eta lankidea (aniztasuna/generoa).

d) Pedagogia Berrikuntzaren Zerbitzuko pertsona bat; idazkari-lanetan jardungo du.

2.– Hautaketa-batzordeak ikastetxeak zehaztuko ditu, eta bere ebazpen-proposamena Hezkuntzako sailburuordeari aurkeztuko dio.

11. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak bateraezinak dira 1. artikuluan xedatutako helburu berbererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk eman dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak, ebaluazio-batzordearen proposamenez, ebatzi beharko du agindu honetan arautzen den deialdia. Ebazpen horretan, diru-laguntzarako eskubidea duten erakundeak eta diru-laguntzen zenbatekoa azalduko dira. Eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako diru-laguntza jasotzeko eskubiderik ez duten erakundeak ere azalduko dira.

2.– Aipatutako ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean jakinaraziko da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori pasa ondoren aipatutako ebazpena jakinarazi ezean, interesdunek beren eskaerak atzera bota direla interpretatu ahal izango dute, Administrazioak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoaren arabera, espresuki ebazteko duen eginbeharra eragotzi gabe.

3.– Ebazpenaren jakinarazpena banaka egingo zaie interesdunei, bide elektronikoz. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko ‘Nire Kudeaketak’ atalean ikusi ahal izango dira.

4.– Jakinarazpena egintzat joko da interesdunak jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duen unean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

6.– Gainera, ebazpen hori egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, guztion ezagutzarako.

7.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

13. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektuak balioztatzean, gehienez 10 puntu emango dira, eta gutxienez 6 puntu lortu beharko dira onartuak izateko.

a) Balioztatzeko irizpideak:

1.– Ikastetxeak egindako bidea eta premien zehaztapena (2,5 puntura arte). Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

I) Ikastetxeak, ondoren aipatzen diren esparruetan, jarduerak, programak eta proiektuak sustatzen, prestakuntzan eta abarretan egindako bidea: hezkidetzan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean, genero-indarkeriaren prebentzioan, sexu-aniztasunean, harreman afektibo sexualetan (0,75 puntu, gehienez ere).

II) Eskualdeetako Berritzeguneek hezkidetzaz eta genero-indarkeriaren prebentzioaz antolatutako mintegietan parte hartzea (0,50 puntu, gehienez ere).

III) Nahiko! Programan edo Beldur Barik Programan parte-hartzea (0,25 puntu, gehienez ere)

IV) Premien zehaztapena (puntu 1, gehienez ere).

2.– Helburu orokorrak eta helburu espezifikoak (1,25 puntu, gehienez ere).

3.– Jardunak (4,25 puntu, gehienez). Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

I) Ikasleentzako jarduerak: estereotipoak, interakzio-plana, espazioen erabilera, genero-indarkeriaren prebentzioa, heziketa afektibo eta sexuala, orientazio akademikoa... (1,50 puntu, gehienez).

II) Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa sartzeko jardunak: proiektuetan (IHP (Ikastetxearen Heziketa Proiektua), ICP (Ikastetxearen Curriculum Proiektua) eta AJA (Antolakuntza eta Jarduera Araudia), aniztasunari erantzuna, bizikidetza, eta abar), dokumentuetan (jakinarazpenak, matrikulazioak, aktak...) eta ikastetxeko komunikazio-sistemetan (puntu 1, gehienez).

III) Klaustro guztiaren prestakuntza (0,75 puntu, gehienez).

IV) Familien prestakuntza eta parte hartzea (0,75 puntu, gehienez).

V) Eragile soziokomunitarioen prestakuntza eta parte-hartzea (0,25 puntu, gehienez).

4.– Zer neurritan egokitzen den proiektua «Hezkuntza-sisteman Hezkidetza eta Genero Indarkeriaren Prebentzioa Lantzeko Gida Plana» delakora, eta hezkuntza-komunitateak plana prestatzen izandako parte-hartzea (puntu 1, gehienez ere).

5.– Ebaluazioa (puntu 1, gehienez ere).

b) Esleitzea:

I) Lortutako puntuazioaren eta 2. artikuluaren 3. zatian ezarritakoaren arabera egingo da esleipena.

II) Berdinketarik egonez gero, lehentasuna izango du ikastetxeko irakasle-portzentajerik handiena hartzen duen proiektuak.

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa –diru-laguntzaren % 60– esleitutako diru-laguntza onartu bezain laster egingo da.

b) Gainerakoa –diru-laguntza osoaren % 40– «Hezkidetza - Diru-laguntzaren justifikazioa» agiria aurkeztu ondoren ordainduko da; 2016ko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu behar da agiri hori, behar bezala beteta. Justifikazioak eta memoria bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/hezkidetza-50/y22-izapide/eu

2.– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren zure datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora zuzendu beharko zara bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

3.– Gainera, 2016, 2017 eta 2018ko ekainaren 30a baino lehen, «Hezkidetza - Jarduera-proiektuak- Justifikazioa» agiria aurkeztuko da bide elektronikoen bidez, behar bezala beteta, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/hezkidetza-50/y22-izapide/eu).

4.– 2018ko ekainaren 30etik aurrera, eta abuztuak 31arte, hau barne, memoria ekonomiko bat aurkeztu beharko duzu, hiru ikasturteen memoriarekin eta ebaluazioarekin batera. Dokumentazio hori modu elektronikoan aurkeztu beharko da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/hezkidetza-50/y22-izapide/eu).

5.– «Hezkidetza – Diru-laguntza justifikatzea» eta «Hezkidetza – Jarduera-proiektuak– Justifikazioa» agiriak behar adinako aurrerapenez argitaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/hezkidetza-50/y22-izapide/eu).

15. artikulua.– Ikastetxeen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradun diren entitateek bete egin beharko dituzte 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak; eta, edonola ere, bete egin beharko dituzte honako hauek:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jasotzen denetik aurrera, 15 eguneko epea izango dute erakunde onuradunek diru-laguntzari uko egiten diotela berariaz eta idatziz adierazteko; osterantzean, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea betetzen direla eskakizunak eta baldintzak eta egin dela laguntza esleitzeko edo erabiltzeko arrazoi izan den jarduera.

d) Diru-laguntza eman dion administrazioari xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri ematea, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Testu Bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

e) Diru-laguntza eman duen administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-ekintzei laguntza ematea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.

2.– Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko jarduera-proiektu bat aurkeztea 2015-2016, 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetarako (Jardueren, arduradunen, denboren eta ebaluazio-adierazleen kasuan, 2015-2016 ikasturterako soilik zehaztu behar dira).

3.– Ikasturte bakoitzean, lan-plan bat eta hari dagokion memoria egitea. Dokumentuok ikastetxearen urteko planaren eta urteko memoriaren zati izango dira, hurrenez hurren.

4.– Hezkidetzako eta genero-indarkeriaren prebentzioko ikastetxeko arduradunari aukera emango dio eskualde-mintegian eta sailak antolatuko dituen prestakuntza-jardueretan parte hartzeko.

5.– Hezkidetzako eta genero-indarkeriaren prebentzioko arduradunak Berritzeguneen eskualde-mintegietan parte hartuko du. Horietan, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeak elkartu eta koordinatuko dira, eta aholkuak jasoko dituzte.

6.– OOGko berdintasun-ordezkariak sailak emango duen prestakuntzan parte hartzea.

7.– Hiru ikasturteen amaieran Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan ekonomia-memoria aurkeztea, hiru ikasturteen memoriarekin eta ebaluazioarekin batera.

16. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez dagoela edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Horretarako ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

3.– Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da.

4.– Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

17. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan aldaketarik gertatu bada, betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, eta, hala dagokion kasuan, beste erakunde publiko edo pribaturen batetik bestelako diru-laguntza edo laguntzak ere jaso badira, aldatu egin ahal izango da diru-laguntzak ematen dituen ebazpena. Horretarako, Likidazio Ebazpena emango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, eta, hartan, emandako diru-laguntzen kopuruak doituko dira.

19. artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta itzulketa-prozedura.

1.– Diru-laguntza emateko arrazoitzat hartutako baldintzak nola edo hala bete ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatzen denari jarraituz. Eta batik bat kasu hauetan:

a) Justifikatzeko betebeharra bete ez bada.

b) Diru-laguntza ez bada erabili eman zen helbururako.

c) Baldintzak bete gabe jaso bada laguntza.

d) Agindu honetan ezarritako betebehar bat edo batzuk bete ez badira.

e) Jardueraren kostua kontuan izanda, gehiegizko finantzaketa gertatu bada.

2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992-02-07ko EHAA) xedatzen denaren araberakoa izango da. Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.

20. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok fitxategi batean sartuko dira («Hezkidetza – Jarduera-proiektuak» deritzonean, hain zuzen), diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan aurreikusi gabeko orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 15a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

ERANSKINA
PROIEKTUA EGITEKO ORIENTABIDEAK

1.– Genero-indarkeriari aurrea hartuko dion hezkidetza-eskolaranzko bidea egiteko, hurrengo hiru ikasturteetarako ikastetxearen proposamena deskribatuko du proiektuak. Proiektuak lagungarria izan behar du ikastetxea gauzatzen ari den jarduerak eta gauzatu asmo dituenak antolatzeko.

2.– Justifikazioan honako hauek azalduko dira: zer arrazoi dituen ikastetxeak hezkidetzari eta genero-indarkeriari heltzeko; zer bide egin duen esparru horretan; eta zer premia bete nahi diren. Premia horiek ikastetxeak daukan informazioan oinarrituta zehatz daitezke (bizikidetzaren behategia, aniztasunaren arretarako plana, tutore-jarduna, familien eskariak...), eta/edo diagnostiko espezifikoago batean oinarrituta. Hala ere, batzuetan, landu behar diren esparruei buruzko diagnostiko sakonagoa hurrengo ikasturterako planteatzen diren ekintzetako bat izan daiteke. Garrantzizkoa da justifikatzea zergatik ematen zaien lehentasuna gai batzuei, beste batzuen aurretik, eta zer antolaketa behar den proiektua aurrera ateratzeko.

3.– Proiektuak definituko ditu hiru ikasturteen amaierarako lortu nahi diren helburu orokorrak.

4.– Helburu orokor bakoitza zehaztuko da helburu espezifiko batzuetan. Helburu espezifiko horietako bakoitza lantzeko jarduerak proposatuko dira. Kasu honetan, 2015-2016 ikasturteko jarduerak soilik zehaztu behar dira, haien arduradunak, denborak eta ebaluazio-adierazleak zehaztuta.

5.– Ebaluazioari dagokionez, hiru ikasturteetan zer prozesu egingo den azalduko da, proiektuan aldaketak egin behar diren ala ez jakiteko. Horretarako kontuan hartuko dira jarduera bakoitzaren ebaluazio-adierazleak. Halaber, zehaztu behar da nola ebaluatuko den proiektua bera, hiru urteen amaieran.


Azterketa dokumentala