Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2015eko abuztuaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3670

AGINDUA, 2015eko uztailaren 13koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzetarako deialdia egiten da Lanbide Heziketaren eremuan ikaskuntzarako KA1 mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko, Erasmus + programaren esparruaren barruan.

Hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolari buruzko EBren Erasmus + programa Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1288/2013 Erregelamenduaren bidez onartu zen, zeinaren bidez Erasmus + programa sortu baitzen –EBren hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolari buruzkoa–, eta indargabetu baitziren 1719/2006/EE,1720 /2006/EE eta 1298/2008/EE erabakiak. Programa hori 2014ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra arte izango da indarrean. Erasmus + programak hainbat atal ditu, eta horietako bi deialdi honetakoak dira: goi-mailako Lanbide Heziketako ekintzak eta erdi-mailako Lanbide Heziketakoak.

Deialdi honen babesean, ikaskuntzarako mugikortasun-ekintzen helburuak (KA1) sustatzen dira. Hau da, langileen mugikortasuna –bereziki irakasle, hezitzaile, zuzendari eta gazte-begiraleena–, bai eta ikasleen mugikortasuna ere, betiere erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketaren sektoreetan. Hona hemen helburuok:

● Parte-hartzaileei laguntzea ezagutza, trebetasunak eta gaitasunak bereganatzen, haien garapen pertsonala bultzatze aldera.

● LHko ikasleei atzerrian trebatzeko aukera gehiago ematea.

● Ikasleei beharrezko dituzten trebetasunak ematea, hezkuntza- eta prestakuntza-arlotik lan-merkatura igaro daitezen.

● Kalitatearen hobekuntza eta berrikuntza sustatzea lanbide heziketan eta prestakuntza-sistemetan, erakundeetan eta enpresetan.

● Hezkuntzaren eta lanbide-heziketaren esparruetan ohitura berritzaileak garatzen laguntzea eta horien transferentzia lortzea bertan zein herrialde parte-hartzaileen artean.

Programak barne hartzen dituen ekintzak hauek dira:

● Lanbide Heziketako ikasle eta / edo tituludunentzako nazioz gaindiko egonaldiak enpresetan edo erakundeetan.

● Lanbide Heziketako irakasleentzako egonaldiak eta irakasle-trukeak.

Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak 2014ko urriaren 2ko Europako Erkidegoaren Egunkari Ofizialean argitaratu zuen Eramus + Programaren EAC/A04/2014 proposamen-deialdia (2014/C 344/10), eta hor ezartzen da 2015Eko ekitaldirako proposamenen deialdia.

Europako Erkidegoak aurreko neurriak finantzatzeko egiten duen ekarpena, orokorrean, ez da iritsiko ekintzarako onartzen den aurrekontu totalaren % 100era. Beraz, beharrezkoa da estatu kideek elkarrekin finantzatzea, onartzen diren ekintzak garatuko badira.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Diru-laguntzetarako deialdia egitea, Eramus + Programaren 2014ko deialdiaren barruan onartutako mugikortasun-proiektuak –2015 eta 2016an garatzekoak– batera finantzatzeko. Erasmus + programa horren helburua da, hain zuzen ere, ikaskuntza arrazoia dela langileak eta ikasleak mugitzea. Mugikortasun-programa hauen hartzaileak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan matrikulatutako ikasleak eta/edo tituludunak (ikasketen azken urtean KA1 eskatu dutenak) edo Euskal Lanbide Heziketako irakasleak.

Baterako finantzaketa horrek, beraz, 2015 eta 2016. urteetan zehar egiten diren mugikortasun-proiektuen aurrekontuaren zati proportzionala estaliko du.

2.– Europako Erkidegoaren finantzaketa oro har ekintzaren aurrekontuaren % 100era iritsiko ez denez, deialdi honen bitartez eskuratzen diren diru-laguntzak, eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik lor litezkeenak Erkidegoaren finantzaketak estaltzen ez duen aurrekontuaren zatia estaltzeko erabiliko dira. Dena dela, proiektu bererako jaso daitezkeen laguntza guztien baturak ezin izango du onartutako aurrekontuaren % 100 gainditu. Nolanahi ere, batura horrek % 100 gainditzen badu, dagokion proportzioan murriztuko da laguntza.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Deialdi honetara guztira 500.000 euroko zenbatekoa zuzenduko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Erregimen juridiko pribatuko erakunde eta instituzio guztiek parte ahal izango dute deialdi honetan, baldin eta Erasmus + Programaren 2015eko deialdian onartutako proiekturik badute.

2.– Erakunde eta instituzio horiek Lanbide Heziketaren eremuko mugikortasun-proiektuetan parte hartu beharko dute –hau da, goi-mailako eta erdi-mailako Lanbide Heziketarako Erasmus + Programaren esparruko KA1 ekintzetan–, eta Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute egoitza.

3.– Erakunde eskatzaileak kudeatzen duen proiektuan parte hartzen dutenek ezin izango dute proiektu honetarako bakarkako laguntzarik jaso Eusko Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak kudeatzen duen beste edozein deialdiren bitartez.

4.– Erakunde eskatzaileek, gainera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1) Erakunde edo instituzio eskatzaileak ezin izango du diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galarazten dion zigor penalik edo administratiborik izan, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen araberako sexuaren ziozko bereizkeria barne dela.

2) Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

3) Erakunde edo instituzio eskatzaileak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

4) Eska daitekeen beste edozein betebehar, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 paragrafoan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

4. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzkoak–, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duenak.

3.– Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/erasmus-plus/y22-izapide/es

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, alde batera utzi gabe administrazio publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, egiaztatze hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

a) Helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Eskaera egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, hala xedatzen baitu otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, azken xedapenetatik seigarrenean.

c) Egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, indarrean den arautegiaren arabera.

d) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

e) Erakunde eskatzaileak behar diren egiaztapenak egingo ditu, hain zuzen ere, ziurtatzeko proiektuan parte hartzen dutenek, norbanako gisa eta proiektu honetarako, Eusko Jaurlaritzaren edo Espainiako Gobernuaren bestelako diru-laguntzarik jasotzen ez dutela.

f) Erakunde eskatzaileak bere egiten du KA1 (KA102 eta KA103 ) ekintzak antolatzeko eta garatzeko diru-laguntzak batera finantzatzeko Aginduan ezarritakoa (ikaskuntzarako mugikortasun-ekintzak dira horiek, goi-mailako eta erdi-mailako Lanbide Heziketako eremuan garatzen direnak ERASMUS + Programaren esparruan); halaber, deialdiko oinarriak osorik ezagutu eta onartzen ditu; eta, laguntza lortuz gero, hitzematen du deialdiko xedeak beteko dituela.

6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak baliabide elektronikoen bidez aurkeztuko dira, euskadi.net helbideko egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/erasmus-plus/y22-izapide/es

Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, aukeran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

Eskaerekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

● Formulario normalizatua. «Proiektu-identifikatzailea».

● Formulario normalizatua. «Proiektuaren kostuaren kalkulua, I. eranskinaren arabera»

● Hezkuntzaren Internalizaziorako Zerbitzu Espainiarra (HIZE), Europako Batzordeari edo Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari egindako eskaeraren ziurtagiria eta haren kopia, hau da, honako deialdia honetan egindako eskaerarena: Erasmus.es laguntza-deialdia goi-mailako hezkuntzako (goi-mailako Lanbide Heziketako) erakundeetako ikasleentzako Erasmus + mugikortasun-programaren esparrua. Dagoeneko onartuak izan diren proiektuak baldin badira, Agentzia Nazionalarekin edo Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioarekin (HKKM) egindako Finantza Kontratuaren kopia bat aurkeztu beharko dute.

Agindu honen I. eranskinean argitaratzen den taulan, proiektu bakoitzerako aurrekontua egitean kontuan izan beharreko gehieneko kostua jasotzen da. Proiektu bakoitzari dagokion baterako finantzaketa kalkulatzeko orduan, gehieneko kostu hori hartuko da kontuan, behin HIZEren edo HKKMren laguntza eta lortu den beste edozein finantzaketa-bide deskontatu ondoren.

Goian aipatutako dokumentu-ereduak euskadi.net helbideko egoitza elektronikotik (https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/erasmus-plus/y22-izapide/es/) jaitsi ahal izango dira, betetzeko hutsuneak dituen PDF formatuan.

7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko eta zuzenketak egiteko epea.

1.– Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluaren arabera, eskaerak bete beharreko baldintzak betetzen ez baditu, erakunde interesdunari errekerimendua egingo zaio, hamar eguneko epean hutsegitea zuzendu dezan edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkez ditzan. Era berean, jakinarazi egingo zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, aipatutako legearen 42. artikuluan jasotako baldintzen arabera eman beharko den ebazpena emanda.

8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren Europako Programen atalari dagokio deialdi honetan ezarritako laguntza ekonomikoak kudeatzeko lanak egitea.

9. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

Laguntzak kudeatuko dituen organoak, eskabide guztiak bere esku dituenean eta eskabideek deialdi honetako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, honela esleituko du diru-laguntza:

a) Aurkeztutako proiektuaren kostua I. eranskineko tauletan gehieneko kostuari buruz ezarritako parametroekin bat datorrela egiaztatuko du.

b) Ikusirik nolako dokumentazioa aurkezten duen eskaera egiten duen erakundeak eta zein informazio jasotzen den HIZEtik, HKKMtik eta beste erakunde publiko batzuetatik, zehaztu egingo dira beste erakunde batzuetatik proiektu bakoitzerako hitzemandako laguntza ekonomikoak, gainfinantzaketa saihesteko asmoz.

c) Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da, 10. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

Proiektu bakoitzari emango zaion diru-laguntzaren zenbatekoa honako irizpide hauek oinarri hartuta zehaztuko da, goi-mailako eta erdi-mailako Lanbide Heziketako Erasmus + Programaren I. eranskinaren arabera:

● Proiektu bakoitzari dagokion baterako finantzazio-proposamena kalkulatzeko, goi-mailako eta erdi-mailako Lanbide Heziketako Erasmus + Programaren II. eranskinean zehaztutako kalkulu-taulak erabiliko dira.

Kudeaketa-kostuetarako eta hizkuntza-trebakuntzarako laguntzak ere II. eranskineko kalkulu-taula horietan zehaztuta daude.

Eragiketa matematiko horiek egin ondoren erabilgarri dagoen aurrekontua behar adinakoa ez bada, proportzionalki jaitsiko dira laguntzen indizeak, harik eta laguntza-proposamenak dagoen aurrekontura egokitu arte.

Aurrekontu nahikoa egonez gero, proportzionalki egokituko dira laguntzen indizeak, harik eta laguntza-proposamenak dagoen aurrekontura egokitu arte. Dena dela, gehieneko muga honako hau izango da: proiektu bakoitzerako hitzemandako laguntzek, deialdi honetakoek barne, inolaz ere ez gainditzea I. eranskineko taulen arabera proiektu bakoitzerako kalkulatutako gehieneko kostua.

11. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak emango du deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak egindako proposamena ikusi eta gero, edo, hala badagokio, ukatzeko edo ez onartzeko arrazoiak.

2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko taula elektronikoan (www.euskadi.eus) argitaratuko da, eta modu horretara egingo da jakinarazpena.

3.– Epea amaitu eta erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

4.– Era berean, informatzeko helburu soilarekin, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta www.euskadi.eus/etengabeikasi web-orrian argitaratuko da.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera.

12. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza 3 epetan ordainduko da:

● Proiektu bakoitzerako laguntza osoaren % 10, ebazpena argitaratu ondoren, eta erakundeak sinatutako eta HIZEra edo HKKMra bidalitako proiektuaren kontratua aurkeztu ondoren.

● Proiektuaren mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitzaren % 45, proiektuaren mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitzerako ereduaren arabera prestatutako behin betiko mugikortasun-plana aurkeztean. Planean zehaztu beharko da zein den proiektuaren HIZEko edo HKKMko kodea eta zein diren mugitzen diren ikasleak (izen-abizenak, NAN, zein estatutara doan, zein enpresatara, noiz hasten eta bukatzen den mugikortasuna).

● Proiektuko mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitzerako azken % 45a, mugikortasunak egin ahala. Horrela, bada, mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitza amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, erakunde onuradunak honako hau bidaliko dio Etengabeko Ikaskuntzako Zerbitzuko Europako Programen atalari:

○ Ziurtagiri bat, egindako mugikortasun bakoitzeko, ereduaren arabera.

○ Hizkuntza-prestakuntzaren fakturaren kopia, hala behar denean; bertan, prestakuntzaren onuradunen datuak adierazi beharko dira.

● Proiektuaren behin betiko aurrekontuaren likidazioa, ereduaren arabera egina, proiektuko azken mugikortasun-fluxuaren ordainketa izapidetzeko dokumentazioa aurkeztutakoan.

Ziurtagiria jasotakoan eta bertan azaltzen diren datuak egiaztatutakoan, agindua emango da egindako mugikortasunen arabera baterako finantzaketari dagokion zatia ordaintzeko.

Behin betiko mugikortasun-planaren eredua eta egindako mugikortasunen ziurtagiriaren eredua eskuragarri izango dira euskadi.net-en egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/erasmus-plus/y22-izapide/es).

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hamabost egun naturaleko epean erakunde onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egin diru-laguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza zertarako eman den, xede zehatz horrexetarako erabiltzea.

c) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz.

d) Estatuko nahiz nazioarteko bestelako administrazioetatik edo erakunde publiko edo pribatuetatik xede bererako eskuratutako diru-laguntzen edo laguntzen berri ematea, halakorik jaso bada.

e) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduerak onartzea.

14. artikulua.– Baldintzak aldatzea eta diru-laguntza itzultzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldakuntzak, baldin eta deialdiaren helburua bete bada, edo, aurrekoez gain, beste edozein erakunde publiko eta pribatutatik beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasotzeak diru-laguntzak ematen dituen ebazpena aldatzea ekar dezakete. Horretarako, Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak kitapen-ebazpena emango du eta, bertan, eman diren diru-laguntzen zenbatekoak doitu egingo dira.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta legezko interesak eskatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako testu bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

3.– Aipatutako araudian jasotako gorabeheraren bat eta, bereziki, ondoren aipatzen diren gorabehera hauetakoren bat gertatuz gero, onuradunek jasotako diru-laguntza eta sortutako legezko interesak itzuli beharko dituzte:

a) Erakunde onuradunak aurkeztutako amaierako dokumentazioan diruz lagundutako jardueraren jarraipena egin ondoren, ondorioztatzen bada jarduerak ez dituela erdiesten diruz lagundutako proiektuan proposatutako gutxieneko helburuak.

b) Agindu honetan eta agindua garatuko duten ebazpenetan xedatutakoa edozein modutan betetzen ez bada.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako diru-laguntzen onuradunek eginbeharretakoren bat betetzen ez badute.

4.– Abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 17ko EHAA) araututakoaren arabera egingo da itzulketa.

15. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuak.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak «Erakunde laguntzaileak» izeneko fitxategi batean jasoko dira –parte-hartzaileek baimena eman dutenean datu horiek tratatu eta argitara emateko–. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdian parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi horren arduraduna Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek jasotzen ez dituen alderdiak arautzeko, aplikatzekoak izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta laguntza eta diru-laguntza publikoei buruzko araudia.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 13.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala