Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2015eko abuztuaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3669

AGINDUA, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, 2015eko urteari dagokionez, minimis erregimenaren barruan, EAEko nekazaritzako ustiategi batzuentzako laguntzak ezartzen dituena.

Azukrearen lehengo MEB-ren indarraldia amaitzeak zera ekarriko du: erremolatxa-ekoizpenaren eta azukrearen merkatu irekia eta liberalizatua. Abagune berri horretan, zeina segurtasun txikiagokoa eta lehiakorragoa baita, nekazariek, batetik, euren kokalekua aurkitu beharko dute, eta, bestetik, hazkunde iraunkorra lortu beharko dute.

Inondik ere, posiozionamendu estrategiko hau garrantzitsuagoa da, zeren etengabeko eboluzio teknikoan den landaketa baita erremolatxa. Indarrean izan den bitartean, Plan Sektorialak lagundu egin du landaketaren errentagarritasuna eta lehiakortasuna areagotzen. Hala ere, sektorearentzat funtsekoa den sasoi honetan, beharrezkoa da nekazariek laguntza jasotzen jarraitzea. Europar Batasunak ere hala uste du: 2013ko ekainean, estatu kideetako ministroek zera erabaki baitzuten: erremolatxa-azukrearen sektoreko egungo kuota-sistema luzatzea 2017ko irailaren 30era arte.

Patatari dagokionez, Batasuneko legeriak ezeztatu egin zuen 2011ko abenduaren 31etik aurrera laguntza estatalak emateko aukera, zeren, data horretatik aurrera, patatarentzako laguntzek konplitu egin beharko baitituzte Europar Batasunaren Funtzionamenduaren Tratatuko laguntzei buruzko betekizunak. Marko berriari egokitzeak txarrerako eragiten dio landaketa horren bideragarritasunari: nekazaritza-merkatuen globalizazioak gorabehera handiak eragiten ditu prezioetan, eta, kanpaina jakin batzuetan, landaketaren produkzio-kostuak baino salmenta-prezio txikiagoak eragin ditu.

Bestalde, ikuspegi sozioekonomikoari dagokionez, kontuan izan behar da erremolatxa-produkzioaren zeregina, eta bai patatarena ere: Arabako lurraldean zerbitzuak eta industria-produktu osagarrien demanda sortzen ditu, hala nola makinaria, ongarriak, bilgarritze-materiala, eta jarduera osagarriak, bestek beste, lehengaiak biltegiratzea eta garraiatzea. Miranda de Ebroko azukre-lantegiaren etorkizuna honako honen araberakoa da: iraupena ziurtatuko duen produkzio lokal minimo bat izateari eustea, alegia. Eta lantegi hori zarratuko balitz, Araban erremolatxa landatzea desagertu egingo litzateke.

Duela urte bat baino gehiagotik hona, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia lanean ari dira honako honetan: aipatu landaketen produkzioa laguntzeko neurriak diseinatzen; betiere, sektoreko ustiategien lehiakortasuna eta ingurumen-iraunkortasuna bultzatzeko, eta, halaber, patata eta erremolatxaren produkzioko faktoreak arrazionalki erabiltzea. Aipatu sektoreentzako estrategiko den kanpaina honetan, garrantzitsuan da nekazariek laguntza jasotzea.

Nekazaritzako produktuak ekoizteko sektorean, minimis laguntzei EEko Tratatuko 87. eta 88. artikuluetan ezarritakoa aplikatzeari buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Araudian xedatutako minimis araubideari lotuko zaizkio laguntzok.

Agindu hau egiteko, aholkua eskatu zaie Arabako Foru Aldundiari eta nekazaritza-arloko erakunde profesionalei.

Hori guztia dela bide, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Nekazaritza-jarduera jakin bati eustearren 2015. urterako laguntzak ezartzea du helburu agindu honek; betiere, hazitarako zein kontsumorako patata eta azukre-erremolatxa landatzera dedikatzen diren ustiategiak laguntzeko; eta, hala, produktu horien merkatuen liberalizaziorako trantsizio-aldian haien posizionamendua laguntzeko.

2.– Laguntza horiek minimis erregimenaren barruan egongo dira. Erregimen hori Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarri zen; Erregelamendu hori honako honi buruzkoa da: nekazaritzako produktuak ekoizteko sektorean, minimis laguntzei EEko Tratatuko 87. eta 88. artikuluetan ezarritakoa aplikatzeari buruzkoa (2013ko abenduaren 24ko EBAO).

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Laguntza eskatzen duten pertsonek, eskaera egiten dutenean, baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

a) Arabako Lurralde Historikoan kokaturiko ustiategi baten titularra izatea.

b) Ustiategia Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea.

c) Eskabide bakarraren honako deklarazio hau egitea: 2015. urtetik aurrera, nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta nekazaritza-garapenerako ordainketak eta ordainketa zuzenak kudeatu eta kontrolatzeari buruzko abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan araututakoa. Patata eta erremolatxa partzelek, zeintzuetarako eskatzen den laguntza hau, deklaraturik egon beharko dute 2015eko Eskabide Bakarrean, aipatu landaketekin batera.

d) Foru-ogasunei eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko zerga-betebeharrak egunean izatea.

e) Bestelako edozein kontzeptugatik 15.000 euroko laguntzarik jaso ez izana minimis erregimenaren barruan, deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan, edo indarrean dagoen zerga-ekitaldian.

f) Eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Laguntza hauek jaso ahal izateko, aurreko idatzi-zatikoa ez ezik, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte eskatzaileek:

a) Erremolatxaren kasuari dagokionez, honako betekizun hauek konplitzea: 2015. urtetik aurrera, nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta nekazaritza-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzko abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 46. artikuluan ezarritakoak.

– Europar Batasuneko nekazaritza-landareen espezieen katalogoan edo merkataritza-barietateen Erregistroan jasota dauden edota Batzordearen 2004ko abenduaren 1eko 2004/842/EE Erabakiari jarraiki merkaturatze-baimen bat duten barietateetakoren bateko azukre-erremolatxa produzitzea.

– Hektareako 10.000 haziko dentsitate gutxienekoaz ereitea.

– Azukre-industriarekin hornidura-kontratu bat izenpetuta izatea, produzitutako erremolatxa entregatzeko eta azukre bihurtzeko.

b) Kontsumoko patataren kasuari dagokionez, enpresa komertzializatzaile batekin hornidura-kontratu bat izatea.

c) Hazitarako patataren kasuari dagokionez, landaketa, biltegiratze, kontserbazio eta ontziratzearen arloko araudia betetzea.

3. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa, bateragarritasuna eta mugak.

1.– Laguntzen zenbatekoa ondorengo izango da:

a) Azukre-erremolatxaren landaketa laguntzeko, 300 euro hektareako.

b) Hazitarako patataren landaketa laguntzeko, 300 euro hektareako.

c) Kontsumorako patataren landaketa laguntzeko, 250 euro hektareako.

2.– Laguntza honen helburu diren hiru landaketetarako (batera) azalera maximoa ez da pasatuko 25 hektareatik ustiategiko. Landaketa hauetariko bat baino gehiago baditu ustiategiak, laguntzak esleitzeko ordena hauxe izango da: lehenik erremolatxa, gero hazitarako patata eta azkenik kontsumorako patata.

3.– Laguntza eskatu ahal izateko, eskabidearen helburu den landaketarako gutxieneko azalera 2 hektareakoa izango da: erremolatxa, hazitarako patata edo kontsumorako patata.

4.– Laguntzok bateragarriak dira, xede bererako eta baterako ekintzaren esparruan, beste herri-administrazio batzuek eman ditzaketen bestelako laguntzekin.

5.– Nolanahi ere, eta aurreko paragrafoan adierazitako bateragarritasunak gorabehera, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Araudian ezarritako de minimis araubidearekin bat etorriz, onuradun batek jaso ditzakeen de minimis neurrien bidezko laguntzek ezin izango dute 15.000 euro gainditu hiru urteko aldian, eta ez da kontuan hartuko laguntzaren helburua zein den edo administrazioaren zer organok ematen duen laguntza.

4. artikulua.– Finantzaketa eta emateko prozedura.

1.– Agindu honen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura 2015eko ekitaldian eman beharreko laguntzen zenbatekoak, guztira, 818.000 euro egiten ditu.

2.– Horretarako, eskatutako laguntzen guztizkoa kontuan izanik, aldatu ahal izango da artikulu honetan kontsignatutako guztizko zenbatekoa; betiere, batetik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean agortu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera, eta, bestetik, laguntzak ebatzi baino lehen. Halakorik gertatuz gero, horren berri emango du Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak, ebazpen baten bidez.

3.– Emateko laguntzen guztizko zenbatekoa laguntzotarako izendatu den gehieneko kopurua baino handiagoa bada, gehieneko kopuru hori hainbanatu egingo pertsona onuradunen artean eta zenbatekoak gutxitu egingo dira.

4.– Ez dira egingo konturako ordainketak eta aurreratutako ordainketak.

5. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Laguntza-eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bidali behar zaizkio; eta, agindu honen eranskineko eredua erabiliz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, O erakina, 4. solairua, Vitoria-Gasteiz) aurkez daitezke, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38.4. artikuluan ezarritako tokietako batean, betiere agindu hau argitarazten denetik harako hilabeteko epean.

2.– Eskabide-formularioan, eskabidea egiten duen pertsonak erantzukizunpeko adierazpen bi sinatu beharko ditu.

a) Deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan edo indarrean den zerga-ekitaldian, minimis erregimenaren barruan, kontzeptua edozein delarik ere, jasotako laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, hau guztia adierazteko: eskabidean jasotako informazioa egiazkoa dela; bestelako administrazio edo entitate publiko eta pribatuetatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso dituela, edo ez; ez dagoela lehen jasotako laguntzaren bat itzultzeko prozedura baten edo zigortzeko prozedura baten eraginpean edo prozedura hori amaitu dela; ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion administrazio edo zigor arloko zigorrik eta legezko debekurik; eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla.

3.– Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:

a) Ustiapenaren titularraren edo titularkidearen NANaren kopia. Ustiategi asoziatiboa bada, erakundearen IFKaren kopia.

b) Nekazaritzako ustiategiaren txartelaren fotokopia.

c) 2015eko eskabide bakarraren kopia.

d) Laguntza hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du Gizarte Segurantzarekiko kotizazio-betebeharrak betetzen diren eta dagokion foru-ogasunari ordaindu beharreko zergak egunean dauden, eskatzaileak horretarako baimena emanez gero.

e) Behar bezala betetako hirugarrenen alta-orria.

f) Kontsumorako patata merkaturatzeko kontratu homologatuaren kopia.

4.– Aurkeztutako eskaeran akats, hutsune edo okerren bat dagoela ikusiz gero, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak eskabidea egin duenari jakinaraziko dio horren berri, eta hamar eguneko epea emango dio zuzendu beharrekoa zuzen dezan edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eraman ditzan. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako ebazpena emango da.

6. artikulua.– Organo kudeatzailea, ebazpena eta ordainketa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza dagokio.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena emango du bi hilabeteko epean, eskatutako laguntza emateko edo ukatzeko.

3.– Epe hori igaro eta ebazpen berariazkorik ez bada eman, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat.

4.– Laguntzak gehienez bi hilabeteko epean ordainduko dira, onuradunek betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

5.– Laguntzei buruzko ebazpenak banan-banan jakinarazi behar bazaizkie ere interesdunei, EHAAn argitaratuko da agindu honen babespean laguntza jasoko duten onuradunen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, publikotasunaren ondorioetarako.

7. artikulua.– Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

1.– Agindu honetan arautzen diren laguntzen pertsona onuradunek betebehar hauek izango dituzte, betiere:

a) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen jardueran aritzea edo egoeran egotea, eta diru-laguntza eman duen erakundeari frogatzea diru-laguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera egiten dutela.

b) Lekuan bertan eta arlo administratiboan, Arabako Foru Aldundiak egiten dituen egiaztapen-jarduketak onartzea; eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Europar Batasuneko organo eskudunek eskatutako informazioa ematea, baldin eta agindu honen kargura jasotako diru-laguntzei dagokienez euren funtzioak betetzen ari badira.

c) Diru-laguntza ematen duen erakundeari, bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako diru-laguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, bai eta diru-laguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektiboetan izandako aldaketen berri ere.

d) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idatziz uko egiten ez badio, pentsatuko da diru-laguntza onartu duela.

e) Emakumeenganako eta gizonenganako tratua berdina izatea esparru guztietan, kanpoko zein barruko esparruetan.

2.– Agindu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko harremanetan, idatzizkoetan zein ahozkoetan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea eta aukeratzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea izango dutela bermatuko da.

8. artikulua.– Baldintzak aldatzea eta ez-betetzeak.

1.– Laguntzak emateko eta ordaintzeko orduan kontuan hartu ziren baldintzak zerozertan aldatu badira eta helburua bete bada; eta, halakorik balitz, beste diru-laguntza batzuk lortu direla-eta diruz lagun daitekeen zenbateko maximoa gainditu bada; bada, orduan aldatu egin daiteke diru-laguntzak emateko ebazpena. Esandakoaren ondorioetarako, organo eskudunak aldaketa-ebazpena emango du, non egokitu egingo baitira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

2.– Onuradunek ez badituzte agindu honetako betekizunak betetzen, jasotako dirua itzuli egin beharko dute, legezko interesak gehiturik. Hori guztia azaroaren 11ko 1/97 Legegintzako Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onestekoan, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jartzen duenaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 29a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala