Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

162. zk., 2015eko abuztuaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3642

EBAZPENA, 2015eko uztailaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, pertsona ekintzaileei laguntzeko 2015eko diru-laguntzen deialdia argitaratzeko dena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2015eko uztailaren 22ko bileran hartutako Erabakiaren bitartez, pertsona ekintzaileei laguntzeko 2015eko diru-laguntzen deialdia onartu du, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoarekin bat etorriz, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Hori horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea pertsona ekintzaileei laguntzeko 2015eko diru-laguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2015eko uztailaren 22ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez onartua (ebazpen honen eranskinean daude jasota).

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 23a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO DIRU-LAGUNTZEN 2015ERAKO DEIALDIA

Azken urteotan dugun krisi ekonomiko orokorreko egoeran, dinamismo ekintzailea ezinbesteko faktorea da hazkunde ekonomikoa eta aurrerapena bultzatzeko, era horretan enplegu- eta aberastasun-aukera berriak sor daitezen. Horregatik, guztiz beharrezkoa da beren proiektuarekin banaka eta sozialki konprometituta dauden ekintzaileei modu integral batez laguntzea prozesu ekintzailearen fase guztietan.

Euskal gizartea ohartzen da pertsona ekintzaileak edukitzearen garrantziaz: norberaren laneko etorkizuna diseinatzearen eta sortzearen aldeko apustua egiten dute, eta aldi berean, beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sortzen dituzte.

Horrelako proiektuek enplegua sortzeko duten ahalmena dela-eta, guztiz beharrezkoa da haiei laguntza integrala ematea.

Ekintzailetzaren bidea ideia sortzearekin batera hasten da, eta hori egoki balioetsi eta landu ondoren, negozio edo enpresa bat abiaraztea ekar dezake, sustatzaileari behar dituen prestakuntza eta laguntza emanez gero; sendotzeko aldi bat beharko da ondoren, harik eta enpresa-ehunean sartzen den arte.

Pertsona sustatzaileari negozio-ideia sortzeko, aztertzeko eta sistematikoki egituratzeko lehen fasean laguntzea funtsezkoa da bidearen hasiera horretan; horri esker, izan ere, ideia baliozkotu edo birmoldatu ahal izango du. Gainera, ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun bereganatu ahal izango ditu sustatzaileak, aholkularitzako eta laguntzako jardueren bitartez.

Negozio-ideia zehatz bat duten sustatzaileei laguntza ematea funtsezko une kritiko bat da bide horretan; aipatutako laguntza hori enpresa-jarduera hasteko egin beharreko jarduerak bultzatzeko laguntza eta tutoretzako jardueren bitartez eman daiteke; eta horrek, aldi berean, lagundu egiten du sustatzaileek ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun beregana ditzaten.

Azkenik, euren enpresa-jarduera berriki hasi duten pertsonei ere laguntza eman nahi zaie; horrelakoek oso ongi ezagutzen dute sortu duten negozioa, baina ez dute beharrezko ezagutzarik batzuetan enpresa-jardueretan ohikoak diren izapide eta jarduera guztien gainean.

Hazkunde Adimentsua eta Jakintzan eta Berrikuntzan oinarritutako ekonomia garatzea da Europa 2020 Estrategiaren hiru lehentasunetako bat. Ildo horretatik, laguntzeko baldintza orokorrak zein finantzaketarako sarbidea hobetzea da ekimen nagusietako bat, ideia berritzaileak hazkundea eta enplegua sortzen dituzten produktu eta zerbitzu bihur daitezen bermatzeko.

Hori oinarri hartuta eta 2014-2016 aldirako Enplegua Sustatzeko Programaren barruan –azken horrek ekintzailetza sustatzea du lehentasunezko programa operatiboen artean–, Eusko Jaurlaritzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua bere erakunde autonomoaren bitartez, laguntza hori sendotu nahi du ekintzaileei aurretik aipatutako aldietan laguntzeko beste tresna baten bidez: hau da, ideia sortzean, bideragarritasun-plan bat eratu eta jarduera hastean eta, azkenik, proiektua hasitakoan, enpresak merkatuan egin beharreko lehen pausoak errazten dituen hasierako laguntzan.

Lanbideren 2013-2016 Plan Estrategikoa (http://www.lanbide.euskadi.eus) 7 ardatzen inguruan egituratuta dago; horietatik 3. ardatzak lan-aukerak hobetzea ezartzen du Lanbideren jarduera nagusi gisa, eta, enplegua, autoenplegua eta jarduera ekonomikoa sustatzeko programak bultzatzea agertzen da haren helburuen artean.

Gazteei eman behar zaie arreta berezia prozesu horretan. Eurostaten datuen arabera, 25 urtetik beherako gazteen langabezia-tasa % 21,3 izan da Europar Batasunean 2014ko hirugarren hiruhilekoan. Gure lurraldeari dagokionez, hiruhileko horretan, % 40,1 izan da EAEko gazteen langabezia-tasa, Eustaten datuen arabera, eta horien jarduera-tasa % 27,9 da; EAEko jarduera orokorraren tasa, bestalde, % 57,5 da.

Bestalde, deialdi honek ezin ditu albo batera utzi emakumeen eta gizonen arteko diferentziak eta desberdintasunak lan-merkatuan. Horrela, Eustaten 2014ko hirugarren hiruhileko datuek erakusten duten bezala, emakumeen eta gizonen langabezia-tasa berdintsua bada ere, emakumeen jarduera-tasa % 51,5ekoa da, eta gizonena, aldiz, % 63koa. Tasa horiek erakusten dute txikitu beharreko arrakala bat dagoela lan-eremurako sarbidean eta bertako iraupenean.

Kontuan hartu behar da, EAEko estatistika-datuen arabera, emakumezkoek gizonezkoek baino askoz ere enpresa gutxiago sortzen dituztela; izan ere, pertsona ekintzaile finkatuen artean, % 65,6 gizonezkoak dira eta % 34,4 emakumezkoak.

Horiek horrela, deialdi honek bere gain hartzen du Lanbideren 2013-2016 Plan Estrategikoan ezarritako agindua; bertan, bi ekintza-lerro nabarmentzen dira, zein deialdi honetan txertatzen baitira:

E4 – 1.3 ekintza-lerroa: Gizonek eta emakumeek enplegua eta prestakuntza eskuratzeko orduan aukera berdinak dituztela, lana eta bizitza pribatua uztartzen direla eta genero identitatearen aniztasuna kudeatzeko bestelako politiketan aurrera egiten dela bermatzeko programa zehatzak garatzea.

P1 – 3.3 ekintza-lerroa: Genero-perspektiba Lanbideren jardueran eta gobernantza-ereduan sartzea zeharkako prozesu gisa.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2015eko uztailaren 22ko bileran, pertsona ekintzaileei laguntzeko diru-laguntzen 2015erako deialdia onartu zuen, honako baldintza hauen arabera:

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea da 2015eko ekitaldian pertsona ekintzaileei laguntzeko emango diren diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, hiru diru-laguntza lerroren bitartez:

a) Ekintzaile izan daitezkeen pertsonei zuzendutako laguntzak dira, enpresa-ideiak sortu, aztertu eta egituratzeko lanak egin ditzaten dedikazio osoan, ekintzailetzako toki-proiektuen esparruan (Enpresa-ideiak garatzeko laguntzak).

b) Tokiko ekintzailetza-proiektuen esparruan, negozio-ideia zehaztua duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko laguntzak dira (Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak).

c) Enpresa-jarduera bati ekin dioten pertsonei jarduera hori sendotzeko laguntzak dira (Enpresa-jarduera bat sendotzeko laguntzak).

2.– Era berean, deialdi honen xede dira aurreko paragrafoko a) eta b) idatzi-zatietan aipatzen diren laguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak hautatu eta horiei laguntza eta/edo tutoretza emateko laguntzak; 3. artikuluan aurreikusitako toki-erakunde laguntzaileek egin beharrekoa da lan hori.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 3.500.000 eurokoak dira; horietatik 2.500.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2015eko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak dira, eta 1.000.000 euro 2016ko konpromiso-kreditukoak. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren 32110 – Enplegua programan aurreikusita daude baliabide horiek.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa aipatu diren diru-laguntza lerroen artean banatzekoa da, honela:

a) Enpresa-ideiak garatzeko laguntzak finantzatzeko: 360.000 euro, 2015eko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak. II. kapituluan araututa daude laguntza horiek.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 200.000 euro izango dira 18 urtetik gorako eta 25 urtetik beherako ekintzaile gazteei laguntzak emateko.

– 160.000 euro izango dira 25 urte edo gehiagoko ekintzaileei laguntzak emateko.

b) Negozio-ideia zehaztua duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko laguntzak finantzatzeko 360.000 euro bideratuko dira; horietatik 180.000 euro 2015. ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 180.000 euroak 2016. ekitaldirako konpromiso-kredituari. Laguntza horiek III. kapituluan araututa daude.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 200.000 euro bideratuko dira 18 eta 25 urte arteko gazte ekintzaileentzako laguntzetara: 100.000 euro 2015eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 100.000 euro 2016ko konpromiso-kredituari.

– 160.000 euro bideratuko dira 25 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetara: 80.000 euro 2015eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta beste 80.000 euro 2016ko konpromiso-kredituari.

c) Enpresa-jarduera bat sendotzeko laguntzak finantzatzeko 2.450.000 euro bideratuko dira: 1.750.000 euro 2015eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 700.000 euro, berriz, 2016ko konpromiso-kredituari. Laguntza horiek IV. kapituluan araututa daude.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 1.225.000 euro bideratuko dira 18 eta 25 urte arteko gazte ekintzaileentzako laguntzetara: 875.000 euro 2015eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 350.000 euro 2016ko konpromiso-kredituari.

Bestalde, zenbateko horretatik, 490.000 euroko kreditu-erreserba bat egiten da emakumezkoentzako: 294.000 euro 2015eko ordainketa-kredituari dagozkionak, eta, 196.000 euro, berriz, 2016ko konpromiso-kredituari. Zenbateko hori guztia ez bada erabiltzen, soberan geratu dena talde horretako gizonezkoei laguntzeko erabiliko da.

– 1.225.000 euro bideratuko dira 25 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetara: 875.000 euro 2015eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 350.000 euro 2016ko konpromiso-kredituari.

Bestalde, zenbateko horretatik, 490.000 euroko kreditu-erreserba bat egiten da emakumezkoentzako: 294.000 euro 2015eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 196.000 euro, berriz, 2016ko konpromiso-kredituari. Zenbateko hori guztia ez bada erabiltzen, soberan geratu dena talde horretako gizonezkoei laguntzeko erabiliko da.

d) Deialdi honen 3. artikuluan aipatzen diren erakunde laguntzaileek pertsona ekintzaile onuradunak hautatu eta horiei laguntza eta/edo tutoretza emateko diru-laguntzak finantzatzeko, 330.000 euro bideratuko dira: 210.000 euro 2015eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 120.000 euro 2016ko konpromiso-kredituari.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 90.000 euro –2015eko ordainketa-kredituari dagozkionak– II. kapituluan enpresa-ideia bat garatzeko jasotzen diren laguntzen pertsona ekintzaile onuradunak hautatu eta horiei laguntza eta/edo tutoretza emateko laguntzetarako erabiliko dira.

– 240.000 euro –120.000 euro 2015eko ordainketa-kreditukoak, eta beste 120.000 euro 2016ko konpromiso-kreditukoak– enpresa-proiektu berriak abian jartzeko, III. kapituluan jasotzen diren laguntzen pertsona sustatzaile onuradunak hautatu eta horiei laguntza emateko laguntzetarako erabiliko dira.

3.– Diruz laguntzeko lerroak finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoei dagokienez, aurreikusitako bi kolektiboetako batean, pertsona ekintzaileentzako laguntzetarako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste kolektiborako aurreikusita dauden laguntzak ordaintzeko erabiliko da.

3. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Deialdi honen II. eta III. kapituluetan araututako laguntzen onuradunen laguntza eta/edo tutoretza –negozio-ideia bat aztertzea eta garatzea, eta enpresa-proiektu berriak abian jartzea– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, udalerri-taldeek, mankomunitateek, kuadrillek, edota haien mendeko erakundeek egin beharko dute, betiere Eskualdeko Enplegu Planak egiteko eta gauzatzeko laguntzen deialdietan parte hartu badute. Aipatutako planak Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko maiatzaren 9ko Aginduan daude araututa (maiatzaren 23ko EHAAn argitaratua), bai eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2012ko uztailaren 26ko Erabakiaren bidez (Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez argitaratua abuztuaren 29ko EHAAn). Horiek guztiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena jaso beharko dute aldez aurretik erakunde laguntzaile gisa jarduteko.

2.– Nolanahi ere, hartarako gaitasun tekniko nahikoa dutela egiaztatzea baldintza izango da sustatzaileei laguntza eta/edo tutoretza emateko erakunde laguntzaile gisa jardun ahal izateko. Horretarako, ondoren adierazten diren baldintzak bete beharko dira:

– Gutxienez 2 urteko esperientzia izatea pertsona ekintzaileei laguntzeko jardueretan.

– Behar beste langile gaitu izatea sustatzaileei lagundu ahal izateko.

3.– Sustatzaileak hautatu eta haiei laguntza eta tutoretza emateko jarduerez gain, deialdi honen II. eta III. kapituluetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatu eta ordainduko dituzte erakunde horiek.

4.– Erakunde laguntzaileek diru-laguntza jaso ahalko dute pertsona ekintzaileak hautatu eta haiei tutoretza emateagatik, baldin eta pertsona ekintzaile horiek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta diru-laguntza esleitu bazaie. Diru-laguntza horiek 300 eurokoak izango dira enpresa-ideia bat garatzeko proiektuetan, eta 1.000 eurokoak enpresa-jarduera berriak abian jartzeko proiektuen kasuan.

Laguntza horiei deialdi honen V. kapituluan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, prozeduraren instrukzioari eta ebazpenari buruz 20. artikuluan xedatutakoa eta 21. eta 26. xedatutakoa izan ezik; prozeduraren instrukzioa eta ebazpena artikulu honetan xedatzen dira.

5.– Programa honetan parte hartzeko eta erakunde laguntzaile bihurtzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (I. eranskina), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http: //www.lanbide.euskadi.eus web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan. Horretaz gain, eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

6.– Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

– Ekintzailetza-proiektua, honako hauek jasotzen dituena: sustatzaileekin aholkularitza eta laguntzako prozesuan zehar garatu beharreko jarduketak, bai eta arreta eman nahi zaien pertsonen kopurua ere, enpresa-ideia bat garatzeko aholkularitza eta tutoretzako jarduerak eta enpresa-proiektu berri bat abian jartzekoak bereizita; halaber, jarduera horietako bakoitzean arreta emango dieten 25 urtetik beherako eta 25 urteko eta gehiagoko pertsonen kopurua ere zehaztu behar dute, datuak sexuen arabera bereizita. Nolanahi ere, proiektuak aurreikusi behar du emakume ekintzaileen % 40 artatzea.

– Erakunde eskatzailearen ziurtagiria, laguntza-zereginak gauzatzeko gaitasun tekniko eta materialari buruzkoa, esperientzia egiaztatuko duena eta jarduera aurrera eramango duten pertsonak zehazten dituena.

– Proiektuan parte hartuko duten sustatzaileak hautatzeko prozesuaren deskribapena; publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak errespetatu beharko ditu prozesuak, genero-aldagaia barne, hautatuko pertsonen % 40 gutxienez emakumeak izan daitezen ahalegintzeko.

7.– Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.– Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskabideak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta Lanbideko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

9.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, aztertu egingo dira, eta erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena emango zaie deialdian aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenei –horietako bakoitzak artatuko dituen pertsona-kopurua eta -mota zehaztuz– eta dagokien diru-laguntza emango zaie.

Erakunde laguntzaileek artatuko dituzten pertsona-kopurua eskabidean proposatutakoaren arabera zehaztuko da, betiere deialdi honen II. eta III. kapituluetan pertsona sustatzaileei emateko laguntzak estaltzeko aurreikusitako baliabide ekonomikoak ahalbidetzen duten mugaraino, 2. artikuluan araututako baldintzetan. Baldin eta baliabide ekonomiko horiek ez badira aski erakunde laguntzaileek artatu nahi dituzten pertsona guztientzako laguntzak estaltzeko, murriztu egingo da erakunde laguntzaile bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua, eskatutakoaren araberako proportzioan.

10.– Deialdi honen barruan sustatzaileei aholkularitza emateko erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena, bai eta bertan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko eta ordaintzekoa ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emango da; dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da haren baldintzak zehazteko, betiere II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

Ebazpenean zehaztuko da zenbat pertsona artatuko diren, sexuaren arabera, diru-laguntza lerro eta kolektibo bakoitzeko, bai eta pertsona horiek hautatu eta horiei laguntza edota tutoretza emateagatik erakunde laguntzaileari eman beharreko diru-laguntza ere.

Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan ezetsitzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

Lanbideren web-orrian (http://www.lanbide.euskadi.eus) jakinaraziko dira deialdi hau egikaritzeko laguntzaile gisa jarduteko baimena duten erakundeak, bai eta erakunde bakoitzak zenbat pertsona hartuko dituen ere.

11.– Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita edo zuzenean Gasteizko administrazioarekiko auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

12.– 30 egun balioduneko epea izango dute erakunde laguntzaileek, ebazpena jakinarazten den unetik zenbatzen hasita, pertsona ekintzaileek laguntza edota tutoretza ematen hasteko.

13.– Erakunde laguntzaileei honela ordainduko zaie diru-laguntza:

a) Enpresa-ideia bat garatzeko laguntza-jarduerei dagokienez, ordainketa bakar batean ordainduko dira, laguntza-prozesua hasten denean, 2015eko ordainketa-kredituaren kontura.

b) Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzei dagokienez, bi alditan ordainduko dira:

– lehen ordainketa bat, 500 eurokoa, laguntza-prozesuaren hasieran, 2015eko ordainketa-kredituaren kontura.

– bigarren ordainketa bat, 500 eurokoa, 2016ko konpromiso-kredituaren kontura, prozesua osatu eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematen duen pertsona sustatzaile bakoitzeko; erakunde laguntzaileak deialdi honen 13. artikuluko azken paragrafoan aipatzen den dokumentazioa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan aurkezten duen unean egingo da ordainketa.

II. KAPITULUA
ENPRESA-IDEIA BAT GARATZEKO LAGUNTZAK, EKINTZAILETZAKO TOKIKO PROIEKTUEN ESPARRUAN

4. artikulua.– Diruz lagun daitekeen jarduera.

1.– Kapitulu honen babespean diru-laguntza jaso ahal izango da negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko, edozein jarduera-adarretan eta arduraldi esklusiboko erregimenean, 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sustatzaileen aldetik, betiere deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunderen baten laguntzako eta/edo tutoretzako tokiko proiektuetan parte hartzen badute.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek hiru hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira eskabidea aurkezteko unean eskakizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak.

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetako egoitza bertan izatea.

b) Langabe izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian lehendik alta emanda ez izatea.

d) Edozein jarduera-adarretako enpresa- edo negozio-proiektu bat garatzeko ideia bat izatea.

e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako bateko aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak pertsona ekintzaileei laguntza emateko kudeatutako deialdietako laguntzen onuradun ez izana 2013ko eta 2014ko ekitaldietan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendariaren 2013ko urriaren 17ko ebazpenaren (2013-10-18ko EHAA) eta 2014ko uztailaren 30ekoaren (2014-08-25ean) bidez, hurrenez hurren, argitaratu ziren deialdi horiek.

2.– Laguntza horien onuradunak izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:

a) Euren enpresa-ideia aztertzeko eta garatzeko zereginetan arduraldi esklusiboan jardutea.

b) Enpresa-ideia bat sortze eta garatze aldera deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek aholkularitza emateko eta laguntzeko finkatutako jarduera guztietara bertaratzea.

c) Helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea.

6. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

Sustatzaileei enpresa-ideia garatzeko eman beharreko laguntza, gehienez, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko.

Zenbateko horrek % 15eko igoera izango du, baldin eta eskabidea aurkezteko unean sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 25etik beherakoa bada. Horrez gain, beste % 15eko igoera izango du baldin eta sustatzailea emakumezkoa bada.

7. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian eskuragarri), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakundeen bitartez, betiere horrelakoek ekintzailearen laguntza eta/edo tutoretzako zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek egiaztatuko dute eskatzaileek diru-laguntza jaso ahal izateko baldintza eta eskakizunak betetzen ote dituzten.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren fotokopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza eta/edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza eta/edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzako prozesua hasi eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

8. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Kapitulu honetan aurreikusitako diru-laguntzaren ordainketa diru-laguntza esleitu ondoren egingo diete 3. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileek onuradunei.

III. KAPITULUA
EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN ESPARRUAN, ENPRESA-JARDUERA BERRIAK ABIAN JARTZEA SUSTATZEKO LAGUNTZAK

9. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Kapitulu honen babespean diru-laguntza jaso ahal izango da enpresa- edo negozio-proiektu bat abian jartzeko beharrezko tutoretza eta laguntzako ekintzak garatzeko 10. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sustatzaileen aldetik, betiere horiek deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunde laguntzaileren baten laguntza eta/edo tutoretzaren xede badira.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek hiru hilabeteko iraupena izango dute.

10. artikulua.– Onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan eskakizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak.

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetako egoitza bertan izatea.

b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Enpresa edo negozio berri bat ezartzeko bideragarritasun-plan bat izatea, dagokion erakunde laguntzaileak laguntza-fasean baliozkotua.

d) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako bateko aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.

e) Enpresa-jarduerak EAEn izan beharko du egoitza soziala eta fiskala, eta lantokiak ere bertan egon beharko du.

f) pertsona ekintzaileei jarduera berri bat abian jartzeko laguntza emateko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako deialdietako laguntzen onuradun ez izana 2013ko eta 2014ko ekitaldietan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendariaren 2013ko urriaren 17ko ebazpenaren (2013-10-18ko EHAA) eta 2014ko uztailaren 30ekoaren (2014-08-25ean) bidez, hurrenez hurren, argitaratu ziren deialdi horiek.

2.– Laguntza horien onuradunak izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:

a) Arduraldi esklusiboan aritzea enpresa edo negozioa abian jartzeko jardunean.

b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek enpresa edo negozioa ezartzeko zehaztutako aholkularitzako eta laguntzako jarduera guztietara joatea.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea, gehienez 3 hilabeteko epean, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza eta laguntzako prozesua amaitzen denetik zenbatzen hasita.

d) Helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea.

Epe horretan ekintzaileek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematen ez badute, diru-laguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko eskubidea galduko dute.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Sustatzaileei enpresa-proiektu berriak abian jartzeko eman beharreko laguntzen gehienezko zenbatekoa 1.500 eurokoa izango da.

Zenbateko horrek % 15eko igoera izango du, baldin eta eskabidea aurkezteko unean sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 25etik beherakoa bada. Horrez gain, beste % 15eko igoera izango du baldin eta sustatzailea emakumezkoa bada.

12. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakundeen bitartez, betiere horiek ekintzailearen laguntza eta/edo tutoretzako zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek egiaztatuko dute eskatzaileek diru-laguntza jaso ahal izateko baldintza eta eskakizunak betetzen ote dituzten.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren fotokopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza eta/edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza eta/edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzako prozesua hasi eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileek honela ordainduko dizkiete diru-laguntzak onuradunei:

– Lehen ordainketa, emandako diru-laguntzaren % 50ekoa, laguntza eman ondoren gauzatuko da, 2015eko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kontura, bideragarritasun-plana osatu ondoren eta enpresa-proiektua ezartzeko aholkularitza-prozesua hasi ondoren.

– Bigarren ordainketa, gainerako % 50ekoa, 2016ko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman ondoren. Ordainketa egin aurretik, ekintzaileak erakunde laguntzaileari aurkeztu behar dio Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan emandako altaren kopia eta amaierako memoria, egindako jardueren xehetasunak adierazita. Horretarako hiru hilabeteko epea du, laguntzeko prozesua amaitutako egunetik zenbatzen hasita.

IV. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ONDOREN, PROIEKTUA SENDOTZEKO LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZAK

14. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honen babespean diru-laguntza jaso ahal izango da enpresa sortu berri baten proiektua sendotzeko beharrezko diren sustapen-, funtzionamendu- eta kudeaketa-gastuak ordaintzeko:

– Langile Autonomoen Araubide Berezian norbere konturako langile gisa eginiko kotizazioaren ordainketari dagozkion kuotak, edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzakoak edo nahitaezko mutualitate profesionalari dagozkionak.

– Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak: publizitate- eta merchandising-kanpainak, saltoki eta ibilgailuen errotuluak, errotuluen argiztapena eta diseinua, inprimaketa eta publizitatea eskuz banatzea.

– Web orrien eta sare sozialen diseinua, publizitate bannerrak beste enpresa baten web orrian, web orrialdeen mantentze-lanak, web orrian pluginak sartzearekin loturiko gastuak eta Facebook sustatzeko zerbitzuen kostua.

– Aholkularitza (zerga-, lan-, kontabilitate- edo administrazio-arloan, liburu-edukitzailetzarekin eta eguneroko zerga- eta kontabilitate-arloko betebeharrekin loturikoak, lan arriskuekin loturikoak, erakusleihoak aldatzeko eta hobetzekoak...) eta coaching-gastuak.

– Ekintzaileak eginiko prestakuntza-ikastaroak, zuzenean enpresa abian eta funtzionamenduan jartzearekin lotura dutenak.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako gastuei dagokienez, diruz lagunduko dira 6 hilabeteko epean egindako gastuak, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. 6 hilabete horiek hartuko dira diruz lagundutako alditzat.

3.– Aholkularitza emateaz eta laguntzeaz ardura daiteke legez eratutako edozein erakunde edo enpresa, haren jardueran sartzen badira diruz lagunduko diren jarduerak.

15. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun honako hauek izango dira:

a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.

b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere diru-laguntza norbere izenean eskatzen bada.

Betiere, eskabidea aurkezten duten unetik, honako baldintzak betetzen badituzte:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetako egoitza bertan izatea.

b) JEZean (enpresaburuak, banako profesionalak edo ondasun-erkidegoak nahiz sozietate zibilak, halakorik badago) eta Langile autonomoen araubide berezian alta eman izana, edota, hala badagokio, norbere konturako langile gisa Gizarte Segurantzan edo nahitaezko Mutualitate profesionalean, 2014ko urriaren 19tik deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunera arteko epean.

c) Enpresa-jarduerak EAEn izan beharko du egoitza soziala eta fiskala, eta lantokiak ere bertan egon beharko du.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak 2014ko uztailaren 30ean emandako ebazpenaren bidez argitaratu zen (EHAA, 2014-08-25) 2014. ekitaldiko deialdiaren baitan mota honetako laguntzarik jaso ez izana.

2.– a), b) eta c) idatzi-zatietan jasotako baldintzei eutsi egin beharko zaie, gutxienez, diruz laguntzeko epea amaitu arte.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa:

1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren gehieneko zenbatekoa 2.500 euro izango da, onuradun bakoitzeko.

Zenbateko horrek % 15eko igoera izango du, baldin eta eskabidea aurkezteko unean sustatzailea18 urtetik gorakoa eta 25etik beherakoa bada. Horrez gain, beste % 15eko igoera izango du baldin eta sustatzailea emakumezkoa bada.

2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, diru-laguntza ez da inola ere 6.000 eurotik gorakoa izango kide guztientzako. Muga hori aplikatu behar bada, kalkulu hau egingo da bazkide bakoitzak jaso beharreko diru-laguntzan: 6.000 euro zati eskatzaile-kopurua (deialdi honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte).

17. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak IV. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dituzte pertsona ekintzaileek (http://www.lanbide.lanbide.eus web-orrian), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enpleguko lurralde-bulegoetan. Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren fotokopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) JEZean alta eman izanaren egiaztagiria.

d) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.

e) Hala badagokio, ondasun-erkidegoa edo baltzu zibila eratzearen egiaztagiria.

3.– Eskatzaileek ondasun-erkidego edo baltzu zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta, nolanahi ere, guztiek batera aurkeztu beharko dituzte eskabideak.

4.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

18. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

1.– Diru-laguntzak honela ordainduko zaizkie onuradunei:

– Diru-laguntzaren lehenengo ordainketa (% 60) esleipena egin ondoren, 2015eko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura.

– Bigarren ordainketa, 2016ko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura, benetan egindako eta egiaztatutako gastuengatik –gainerako % 40 gehienez ere– egindako gastuaren justifikazio-agiriak aurkeztu ondoren: enpresa sortu berriaren sustapen-, funtzionamendu- eta kudeaketa-gastuen fakturak, 14. artikuluan jasotakoaren arabera. Fakturekin batera, ordainketa egin izana eta zein egunetan egin den justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Ondasun-erkidego edo baltzu zibil baten faktura aurkezten bada, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaio, betiere bakoitzak duen partaidetza-portzentajearen arabera.

3.– Justifikatutako zenbatekoa emandako diru-laguntza baino txikiagoa bada, diru-laguntza doituko da, eta, hala badagokio, aldea itzuli beharko da.

4.– Egindako gastua justifikatzeko agiriak aldi batean aurkeztuko dira, diruz lagundutako aldiaren hurrengo hilabetea amaitu baino lehen.

V. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

19. artikulua.– Diru-laguntzen pertsona eta erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak lortzeko aukerarik ez dute izango diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigor- edo administrazio-arloan zigortuta dauden pertsona fisikoek zein erakundeek, eta horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean daudenek. Halakoetan sartzen dira otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, adierazitakoari jarraituz, sexu-diskriminazioagatik emandako zigor eta debekuak.

2.– Bestalde, onuradunei ez zaie esleitutako laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzengatik zigor-prozedura batean edo diru-laguntzak itzultzeko prozedura batean sartuta badaude, eta prozedura horiek oraindik ere izapidetzen ari badira.

20. artikulua.– Prozedura instruitzea eta ebaztea.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak du prozedura ebazteko eskumena, eta Lan Aktibazioko Zuzendaritza arduratuko da eskabideak kudeatu eta izapidetzeaz; horrek ez die eragingo, ordea, II. eta III. kapituluetan araututako laguntzak izapidetzeko erakunde laguntzaileei esleitutako eginkizunei, aipatutako zuzendaritzarekin lankidetzan beteko baitituzte.

2.– IV. kapituluan aurreikusitako laguntzen eskaerak aurkeztutako ordenaren arabera ebatziko dira, aurrekontu-zuzkidura agortu arte. Aurrekontu-zuzkidura agortuz gero, ebazteko dauden eskabideei ezezkoa emango zaie, eta hori guztia Lanbideren webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da, Lanbideren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

3.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan diru-laguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenak honako hau emango du jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza jaso duten pertsonen zerrenda eta laguntzaren zenbatekoa, eta, bestetik, emandako diru-laguntzetan gertatu ahal izan diren aldaketak. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

21. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek jardueren memoria bat aurkeztu beharko diote erakunde laguntzaileari, hilabeteko epean, laguntzeko eta/edo tutoretza emateko prozesua amaitutako egunetik zenbatzen hasita; memoria horretan, enpresa-proiektuaren bideragarritasunaren azterketan egindako lanen xehetasunak adieraziko dira, bai eta proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena ere. Laguntzeaz eta/edo tutoretzaz arduratutako erakundeak sinatu beharko ditu dokumentu horiek.

2.– III. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek Jarduera Ekonomikoen Zergan emandako altaren kopia eta amaierako memoria bat –egindako jardueren zehetasunak adieraziz– aurkeztu beharko dizkiote erakunde laguntzaileari, hiru hilabeteko epean, laguntzeko prozesua amaitutako egunetik zenbatzen hasita. Erakunde laguntzaileak baliozkotzat jo beharko du memoria hori, eta memoriaren edukiak lan-plangintzaren eta lortutako emaitzen jarraipena egiteko aukera eman beharko du.

Ekintzaileak ez badu alta ematen Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan 10.2.c) artikuluan ezarritako epean –3 hilabete, negozioa abian jartzeko tutoretza eta laguntzeko prozesua amaitutako egunetik zenbatzen hasita–, onetsitako diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du, horretarako dagokion espedientea izapidetu ostean.

3.– Deialdi honen IV. kapituluan jasotako laguntzei dagokienez, 18. artikuluan ezartzen den moduan eta epean justifikatuko dira.

4.– Diru-laguntza aurreikusitako epeen barruan justifikatu ezean, jasotako diru-laguntza guztia itzuli beharko dute onuradunek; horrenbestez, artikulu honetan aurreikusitako epeak amaitzen badira justifikazioa gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoak itzuli beharra adierazteko eta ordaintzeke daudenak eskuratzeko eskubidea galdutzat jotzeko.

22. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak.

Pertsona eta erakunde onuradunen betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2. artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

– frogatzea diru-laguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituela, baita jarduera egin izana ere.

– honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketei baiezkoa ematea: erakunde laguntzaileak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

– helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

– diruz lagundutako jardueren helburuari edo izaerari funtsean eragiten dion zerbait bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

Enpresaren dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntza ez sexista erabili beharko dute, saihestu beharko dute emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro, eta irudi jakin bat sustatu beharko dute, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, ardura partekatua, eta rol eta genero identitate plurala.

23. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

24. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen 3.4 artikuluan eta II. eta III. kapituluetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango beste edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk emandako edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin, baldin eta helburu edo xede berarekin ematen badituzte.

IV. kapituluan aurreikusitako laguntzak ez dira bateragarriak izango beste edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk autoenplegua sustatzeko emandako edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin, langabeziagatiko prestazioen kapitalizazioa izan ezik; kasu horretan, Gizarte Segurantzako kotizazio-ordainagiriak ezingo dira aurkeztu diruz lagundutako gastu gisa, baldin eta beste herri-administrazio batzuek diruz lagunduak izan badira.

25. artikulua.– Ez betetzeak eta emandako diru-laguntzak itzultzea.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badaude deialdi honetan aurreikusitako laguntza jaso duten pertsonak zein erakundeak, edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du; ebazpen horren bitartez, jasotako kopuruak osorik edo zati batean itzuli behar dituztela adieraziko du, eta kopuru horiei diru-laguntza ordaintzen den unetik aurrerako legezko interesak erantsi beharko zaizkie, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, hala xedatuta baitago abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, horrek arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra.

2.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza eta/edo tutoretzako prozesua aldez aurretik utziz gero, horren zergatia edozein dela ere, hauxe izango da emandako diru-laguntza itzultzeko araubidea:

a) Prozesua hasi eta hilabete igaro aurretik utziz gero, jasotako diru-laguntza osorik itzuli beharko du, eta egin gabe dauden ordainketak ezeztatuko dira, horrelakorik badago.

b) Lehenengo hilabetea igaro ondoren eta laguntza-lana amaitu baino lehen utziz gero prozesua, zenbateko hauek itzuli beharko ditu:

II. kapituluan araututako diru-laguntzaren kasuan, jasotako diru-laguntzaren % 50.

III. kapituluan araututako diru-laguntzaren kasuan, jasotako diru-laguntzaren % 35.

Era berean, ordaintzeke dagoen diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du.

Itzuli beharreko zenbatekoei diru-laguntza ordaintzen den unetik dagozkion legezko interesak aplikatuko zaizkie.

Nolanahi ere, proiektua bertan behera utzi aurretik gauzatutako jarduerei buruzko memoria aurkeztu beharko da. Bestela, ulertuko da eusten zaion diru-laguntzaren zatia ez dela justifikatu, eta 21.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, hots, diru-laguntza osorik itzuli beharko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntza jaso duen pertsonari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

4.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan, halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea, gehienez, 12 hilabetekoa izango da.

5.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

6.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.

26. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa.

Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte interesdunek, legeak onartzen duen eran; horretarako, idazki bat bidali beharko dute hori jakinaraziz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 01009, Vitoria-Gasteiz).

27. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko araubide juridikoa.

Diru-laguntzen programa honetan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginean –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako diru-laguntzen erregimen juridikoa izango da aplikagarri, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala