Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2015eko uztailaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3400

AGINDUA, 2015eko uztailaren 22koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, 2015 ekitaldirako lurralde-proiektu turistikoetarako laguntzak arautzen eta iragartzen dituena.

Agindu honek kontuan hartzen du Europako Batzordeak beharrezkotzat jotzen duela zenbait erronkari erantzutea, honako hauei besteak beste: gaur egungo ekonomia- eta finantza-krisiari; demografia-aldaketei, alegia, 65 urtetik gorako herritarren hazkuntzari; mugikortasun murriztua duten turisten hazkuntzari; kanpo-lehiari, non garatzeko bidean dauden herrialdeek gero eta turista-kopuru handiagoa erakartzen duten; jasangarritasun-beharrari, kontuan hartuta, batetik, helmugen kalitatea ingurune naturalaren, kulturalaren eta tokiko integrazioaren araberakoa dela, eta, bestetik, horrek lehiakortasunak epe luzera irautea bermatzen duela; turismoaren modalitate berezien eskariari; IKTen garapenari eta kontsumitzaileek horiez egiten duten erabilerari –gero eta handiagoa dela kontuan hartuta–, industria turistikorako eskari berriak sortuz; eskariaren kontzentrazioari udako hilabeteetan, etab.

Bestalde, «Euskal Turismoaren Plan Estrategikoa 2020k» honela definitzen du Euskadiko Turismoaren ikuspegia 2020ko panoraman:

– «Euskadi helmuga berdingabea da bidaiarientzat. Euskadiren eskaintza inon aurkitu ezin diren bizitzeko modu, estilo, toki eta bizipen errepikaezinez elikatzen da.

– Euskadik bere lurralde eta herrien berezitasuna islatzen du herri bezala duen osotasun berdingabearen osagarri gisa eta, horren ondorioz, helmuga egituratu eta adimentsua osatzen du.

– Industria gisara, eragile publiko zein pribatuen helburua enplegua eta aberastasuna sortzea da, eta Euskadiko beste sektore batzuen jarduera ekonomikoa bultzatzen laguntzea».

Gainera, 2012-2016 Gobernu Programak, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoen artean, turismoaren hazkuntza harmonikoa jasotzen du, merkatuetako aukerak aprobetxatuz eta kalitatezko helmuga turistikoa, lehiakorra, berritzailea eta profesionala eskainiz; halaber, Euskadiko produktu askotarikoak sustatzea ere jasotzen du, batez besteko egonaldia eta okupazio-maila hobetzeko aukera ematen duten produktu berrien bidez, bai eta teknologia berrien sarrera eta erabilera bultzatzea ere, bisitariaren eta helmugaren arteko harreman-eredu berriak sortuz eta komunikazio-bideak zabalduz.

Aurrekoarekin bat, «Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren 2013-2016 Ekintza Planak», turismoaren eremuan, bi helburu zehazten ditu: Euskadi erreferentziazko helmuga turistiko gisa sendotzeko aurrera egitea, identitate berezian eta bakarrean oinarrituta (...) eta sektore turistiko bat bultzatzea eta garatzea, kalitate-programak ezartzea (BB.PP., Q turistikoa, etab.).

Aurreko testuinguruarekin bat etortzeko eta kontuan hartuta indarrean dagoen marketin-plana garatzeko tresna gisa sortu dela, Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak garatutako turismo-planak lehenetsita, laguntzen programa honen azken xedea da Euskadin turismoaren fluxua areagotzen laguntzea eta, horretarako, batez besteko egonaldia eta ostatu-gauen kopurua areagotzea, batez besteko gastua handitzea eta sektoreari lotutako enplegua sortzea, batez ere. Horretarako, honako helburu hauek ezartzen dira:

– Helburu orokorra: Euskadi helmuga bakar gisa finkatzea, nazioan eta nazioartean erreferentziazko helmuga turistiko gisa.

– Berariazko helburuak:

1.– Bizimodu, leku, paisaia eta bizipen bakarretan (Basque Style) islatzen den euskal berezitasuna oinarri duen eskaintza turistikoa izatea eta helburu diren pertsonek halakotzat hartzea, kalitatezko estandar altuekin.

2.– Askotariko produktuetako turismo-helmugak garatzea, modu jasangarrian antolatuta eta honako helmuga turistiko hauen inguruan koordinatuta:

Euskal kostaldea

Euskadiko barnealdea

Arabako Errioxa

Bilbo

Donostia-San Sebastian.

Vitoria-Gasteiz

3.– Euskadi helmuga inteligente, jasangarri eta kalitatezko bezala finkatzea.

– Helburu operatiboak:

1.– Marketin Planean zehaztutako produktuen % 65 gauzatze-fasean helmugan egon daitezen eta produktuen % 20 eskualdez gaindiko eremuan gara daitezen lortzea.

2.– TOP diren turismo-baliabideen % 50 Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak zehaztutako turismoa dinamizatzeko estrategian sartzea.

3.– Turismo-produktuen % 75ek faseetako batean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabil ditzaten lortzea.

4.– Urtero, turismo-helmugen kudeaketa-programetan parte hartuko duten 600 enpresa lortzea, batez beste; informazioaren eta komunikazioaren teknologietan (IKT) parte hartuko duten 150, batez beste; eta Europako ekoetiketan parte hartuko duten beste 20, batez beste.

5.– Urtero, turismo-arloko 15 establezimenduk/zerbitzuk/baliabidek, batez beste, kalitatearen kudeaketako, ingurumen-kudeaketako edo jasangarritasuneko ereduak ezartzea egiazta dezaten lortzea.

Aurreko helburu horiek betetzeko, agindu honek zenbait eduki garatzen ditu:

Euskal berezitasunean (Basque Style) eta helmugaren aniztasunean oinarritzen den produktu anitzeko turismo-eskaintza izateko konpromisoarekin lotuta, Agindu honetan jasotzen da turismo-produktuak sortzeko, garatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko proiektuei laguntza ematea, baldin eta produktu horiek, ahal dela, indarrean dagoen Euskadiko Marketin Planean jasotakoekin bat badatoz. Produktu horietan, berrikuntza eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sartzen joan beharko dira fase guztietan; horrela, gero eta segmentatuago eta espezializatuago dauden merkatu eta profilei erantzun ahalko diete, bai eta gero eta sarriago izaten den «multiturista»ren presentziari, balio bakar eta bereiziko proposamenak izateko beharrari, bezero eta bidaiarien segmentuekiko harremanak sendotzeko eta fidelizatzeko beharrari edo harreman- eta komunikazio-bideak dibertsifikatzeko eta zabaltzeko beharrari ere.

Proiektu horiek Euskadi lurraldean dagoen balio bakarreko helmuga gisa ikusita garatu behar dira, lankidetza publiko eta pribatuaren esparruan antolatuta; bertan, gero eta parte-hartze pribatu handiagoak egon behar du, bai eta eskualdeen arteko lankidetza handiagoa ere, horien muga geografikoak gaindituz; horrela, produktu handinahiagoak eta eskariaren beharretara egokituak sortuko dira eta, aldi berean, Euskadin turismo-hazkuntza jasangarria gertatuko da.

Euskadi helmuga inteligente, jasangarri eta kalitatezko gisa sendotzeko konpromisoarekin lotuta, Agindu honetan turismo-helmugen lehiakortasuna hobetzen duten proiektuetarako laguntza jasotzen da; horretarako, horien balio-katea eratzen duten zerbitzu, baliabide eta enpresetan, kalitateko, berrikuntzako eta ingurumen-jasangarritasuneko jardunbide egokien programak ezarriko dira; titulartasun publikoko turismo-zerbitzu eta -baliabideen turismo-kalitatearen kudeaketa eta ingurumen-kudeaketa ziurtatzeko sistemak ezarriko dira; eta helmuga eta enpresen jasangarritasuneko erreferentzialak ezarriko dira, helmugak kudeatuta.

Jada egin diren zein egiteko prozesuan dauden planei buruzko dokumentazioari eta informazioari dagokienez, Basquetour SA agentziak (http://www.basquetour.eus/) emango die erakunde interesdunei informazio eta dokumentazio hori. Hala ere, turismo-arloan eskumena duen Sailburuordetzaren webgunean (www.euskadi.net/turismo) horri buruzko informazio laburtua dago eskura.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onestea, eranskinetan jasotzen diren baldintzen arabera, 2015 ekitaldirako, turismoko lurralde-proiektuei laguntza emateko programaren deialdia arautzen duten oinarriak.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 22a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
TURISMOKO LURRALDE PROIEKTUEI LAGUNTZA EMATEKO PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da Euskadiko helmugen erakargarritasuna eta kalitatea hobetzen duten turismo-proiektuak garatzen laguntzeko programa-esparrua ezartzea eta, horretarako, turismo-fluxu berriak dinamizatzea eta sortzea.

2. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Agindu honi begira, honako definizio hauek finkatu dira:

1.– Turismo-produktua: turismo-produktutzat hartzen dira turismo aldetik erabiltzeko eta gozatzeko egituratuta dauden baliabide edo zerbitzu nagusiak eta osagarriak, jendeari jarduera bat edo gehiago egiteko aukera ematen dietenak.

2.– Eskualdeko turismo-lankidetzarako erakundeak (aurrerantzean turismo-lankidetzarako erakundeak): eraketan edo kudeaketan beren jarduera-esparruko turismo-sektoreko erakunde publikoak eta pribatuak biltzen dituzten erakundeak dira, eragile funtsezkoak helmugaren turismoaren garapenerako.

Eragile horien helburua da eskualdea turismorako helmuga lehiakor bihurtzeko eginkizuna modu koordinatuan eta partaidetzaren bidez hartzea beren gain, eta, horretarako, Erakunde Mahaiak, Turismo Mahaiak eta Azpisektore Mahaiak baliatzen dituzte.

3.– Turismoa sustatzen duten hiriburuetako erakundeak: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako turismoa garatzeaz eta sustatzeaz arduratzen diren erakunde publikoak dira.

4.– TOP baliabideak: Euskadiren proiekziorik handiena duten 10 baliabideak, 2014-2017 Euskadiko Turismo Marketineko Planaren esparruan zehaztu direnak, kontuan hartuta honako parametro hauek: baliabidearen posizionamendua, kalitatea eta erabilgarritasuna, inpaktua eta ospea, garrantzia, profila, bakartasuna eta inbertsioa. Baliabideak honako hauek dira:

– Bilbo

– Donostia / San Sebastian

– Vitoria-Gasteiz

– Gernikako Arbola eta Batzar Etxea

– Bizkaiko Zubia

– Gaztelugatxeko Doniene

– Urdaibaiko Biosferaren Erreserba

– Balenciaga Museoa

– Loiolako Santutegia

– Laguardia

3. artikulua.– Diru-baliabideak.

Turismo-proiektuen garapenerako laguntzak emateko diru-baliabideen zenbatekoa 1.280.000 euro da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetan ezarritakoak izango dira.

Deialdi honi lotuta emango diren diru-laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, lehengoa eguneratuta sortutako diru-kopurutik gorakoa.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Onuradun izan ahalko dira irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko eta pribatu hauek, Euskal Autonomia Erkidegoan daudenak, eta eskumen edo helburuen artean turismo-jarduera garatzea eta sustatzea dutenak:

1.– Tokiko eremuan diharduten erakunde publikoak (udalak, tokiko erakunde autonomoak, tokiko erakunde publiko enpresarialak eta titulartasun publikoko merkataritza-sozietateak):

a) hiriburuetakoak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako tokietakoak.

2.– Eskualdeko edo eskualdez gaindiko eremuan diharduten erakundeak: kuadrillak eta mankomunitateak, garapen-agentziak, landa-garapeneko elkarteak, turismo-partzuergoak, fundazioak, beste erakunde eta elkarte batzuk, hurrengo artikuluan aipatutakoak izan ezik.

5. artikulua.– Baztertutako erakundeak.

Honako erakunde hauek baztertuta geldituko dira laguntza-programa honetatik:

– ETEak, horien taldekatzeak, sektore-elkarteak, kirol-elkarteak, irabazi-asmokoak direnak eta aldundiak eta Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien mendeko diren edo horiekin lotura duten izaera juridikoa daukaten sozietate publikoak.

– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten erakundeak. Aipatutako betebeharrak betetzen direla automatikoki ziurtatuko du, behar beste aldiz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak.

– Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean dauden erakundeak, edo sexu bazterkeriagatik zigortuta daudenak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

6. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jardunak.

1.– Diruz lagundu ahalko dira proiektu-mota hauek garatzeko egiten diren jardunak:

a) Helmugen erakargarritasuna hobetzen duten turismoko lurralde-proiektuak. Proiektu horien ezaugarriak II. eranskinean jasota daude.

b) Berrikuntzaren bidez eta turismo jasangarria eta arduratsua garatuz, helmugen kalitatea eta lehiakortasuna hobetuko duten proiektuak. III. eranskinean proiektu hauen ezaugarriak ageri dira:

● Basquetourrek sustatutako eta kudeatutako helmugen lehiakortasuna hobetzeko proiektuak.

● Kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketako erreferentzialak ezartzeko proiektuak.

● Jasangarritasuneko erreferentzialak ezartzeko proiektuak.

2.– Jardunak deialdi honen ekitaldian egin beharko dira, kalitate-kudeaketako eta ingurumen- eta jasangarritasun-kudeaketako erreferentzialen ezarpena egiaztatzen duten egiaztagiriak/ziurtagiriak eskuratzeko proiektuen kasuan izan ezik; kasu horretan, epea 2016ko abenduaren 31ra arte luzatzen da. Aldi horretan egindako gastuak onartu egingo dira.

7. artikulua.– Diru-laguntza emateko prozedura.

1.– Emango diren diru-laguntzak ezingo dira itzuli.

2.– Diru-laguntza jaso ahalko dute Agindu honetan hautatuak izateko eskatutakoa betetzen duten eskaera guztiek, baldin eta horien proiektuak aurreko artikuluan jasotako diruz laguntzeko moduko jardun-motara egokitzen badira.

3.– Laguntzak emateko, diruz lagun daitezkeen proiektuei II. eta III. eranskinean eta 8. artikuluan ezarritako gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak aplikatuko zaizkie.

4.– Programa honi esleitutako diru-zuzkidura eskaerei aurre egiteko nahikoa ez bada, aurreko puntuan adierazitako gehieneko zenbatekoetan, eskabide bakoitza balioetsiko da, 9. artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Irizpideen balioespenean eskuratutako puntuazioak batuta lortuko da eskaera bakoitzeko puntuazio osoa. Eskaerak handienetik txikienera ordenatuko dira, eskuratutako guztizko puntuazioaren arabera.

3.– Laguntzak puntuazio horren arabera ematen joango dira, harik eta horietarako aurreikusitako kreditua amaitu arte. Diru-zuzkidura puntuazio bereko proiektuak diruz laguntzeko nahikoa ez bada, horien artean hainbanatuko dira.

8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.

1.– Diruz lagundutako jardun-mota bakoitzerako laguntzen zenbatekoak II. eta III. eranskinetan daude jasota.

2.– Erakunde batek langileak kontratatzearren jaso dezakeen gehieneko diru-laguntza 35.000 euro da, eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, guztira, ezin izango da izan, inolaz ere, 66.500 euro baino gehiago.

3.– Guztira fakturatutako zenbatekoa hartuko da diruz laguntzeko gastutzat, eta hor sartuko dira dagozkion zeharkako zergak, betiere ezin badira errekuperatu edo konpentsatu; gainerakoan, ezin izango dira diruz lagundu.

9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Eskaera guztien irizpideak:

1. irizpidea Eskualdez gaindiko lankidetza. Proiektuak garatzeko erakunde onuradunen arteko lankidetza lehenetsiko da, haien jardun-eremuak gainditzen dituztenean. Gehieneko puntuazioa 10 puntu izango dira, honela banatuta:

– Erakunde eskatzaileak garatzen dituen proiektuak, beste erakunde onuradun batzuekin batera eta koordinatuta, bere jardun-eremua gaindituta: 10 puntu.

– Beste erakunde batzuen lankidetzarik gabe garatzen diren proiektuak, eskualdeko edo eskualdez gaindiko eremu batean edo hiru hiriburuetako batean. 5 puntu.

– Tokiko eremura mugatzen diren proiektuak. 3 puntu.

2. irizpidea Lankidetza publiko/pribatua Lehentasuna emango zaie erakunde-mahaien edo turismoko politiken eta mahaien bidez, jardun-eremuko turismo-sektoreari lotutako erakunde publiko eta pribatuak beren eraketan eta/edo kudeaketan sartzen dituzten erakunde onuradunen proiektuak. Gehieneko puntuazioa 15 puntu izango dira, honela banatuta:

– Hiru hiriburuetako turismo-lankidetzako erakundeek edo turismoaren erakunde sustatzaileek aurkeztutako proiektuak: 15 puntu.

– Gainerako tokiko erakunde publikoek aurkeztutako proiektuak: 10.

– Gainerako erakunde onuradunek aurkeztutako proiektuak: 5.

3. irizpidea Ekimen pribatuaren inplikazioa. Ekimen pribatuak helmugan duen inplikazio-maila. Laguntzaren erakunde eskatzailearekin ekimen pribatuan parte hartzea eta lankidetzan jardutea balioetsiko da, helmugaren turismo-garapenean. Gehieneko puntuazioa 15 puntu izango dira, eta honako atal hauen puntuak batuta lortuko da:

– Erakundea finantzatzen parte hartzea, kuoten ordainketaren bidez: 5 puntu.

– Erakundean parte hartzea, programak eta proiektuak batera finantzatuz: 5 puntu.

– Erakunde onuradunak kudeatutako produktuaren kluba egotea: 5 puntu.

4. irizpidea Berdintasuna. Erakundeek emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin duten konpromisoa balioetsiko da. Gehieneko puntuazioa 5 puntu izango dira, eta erakundeko langileentzat berdintasun-plana daukala egiaztatzen duen erakunde eskatzaileari emango zaizkio, eta/edo Eusko Jaurlaritzaren emakume eta gizonen berdintasunerako erakunde laguntzailearen aitorpena duenari.

2.– Helmugen erakargarritasuna hobetzen duten proiektuetarako irizpide bereziak:

5. irizpidea Helmugaren baldintzak. Helmugaren baldintzak balioetsiko dira turismo-fluxuak erakartzeko. Gehieneko puntuazioa 15 puntu izango dira, eta honako azpi-irizpide hauek batuta lortuko dira:

– Turismorako ostatu hartzeko plazen eskaintza zabaltzea erakundearen jardun-eremuan: 5 puntu, gehienez, honela banatuta:

– 1 eta 1.000 plaza bitartean. 1 puntu.

– 1.001 eta 2.000 plaza bitartean: 3 puntu.

– 2.001 plaza baino gehiago: 5 puntu.

– TOP baliabidea izatea edo edukitzea eta horiek sartzen diren produktuak garatzea: 5 puntu.

– Basquetourrek aukeratutako esperientzia-kopurua (ikus IV. eranskina), erakunde eskatzailearen jardun-eremuan kudeatuta: 5 puntu, gehienez:

– Esperientzia bat: 1 puntu.

– Bi esperientzia: 3 puntu.

– Hiru esperientzia edo gehiago: 5 puntu.

6. irizpidea Berezitasun/berrikuntza-maila. Euskadi helmuga bakar eta berezi gisa sailkatzen laguntzen duten proiektuak lehenetsiko dira. Balioespena aurkeztutako gainerako proiektuen arabera egingo da. Gehieneko puntuazioa 10 puntu izango dira, eta honako azpi-irizpide hauek batuta lortuko dira:

– Diferentziazio handiagoa ekartzea, beste erkidego batzuetako helmuga lehiakideen aldean: 5 puntu (Baxua: 1 puntu; Ertaina: 3 puntu; Altua: 5 puntu).

– IKTak euskarri dituzten proposamen berriak erabiltzea, helmugari turistekin elkarreraginean egoteko aukera gehiago emanik: 5 puntu, gehienez (Baxua: 1 puntu; Ertaina: 3 puntu; Altua: 5 puntu).

7. irizpidea Eskaeran jasotako proiektuek Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak Basquetourren bidez sustatutako zuzendaritza-planekin eta turismo-produktuekin duten bateratasun-maila, II. eranskineko 3. atalean adierazita. Gehieneko puntuazioa 5 puntu izango dira, honela banatuta:

– Produktu-mota batekin duen bateratasuna: 1 puntu.

– 2 edo 3 produktu-motarekin duen bateratasuna: 3 puntu.

– 3 produktu-motarekin baino gehiagorekin duen bateratasuna: 5 puntu.

8. irizpidea Turismo-produktuen merkaturatze-maila. 5 puntu emango zaizkio bidaia-agentzien bidez gutxienez deialdi honetara aurkeztutako turismo-produktu bat merkaturatzen ari den erakundeari.

3.– Basquetourrek sustatutako eta kudeatutako helmugen lehiakortasuna hobetzeko proiektuetarako irizpide bereziak:

9. irizpidea Aurreko ekitaldiko programen gauzatze-maila balioetsiko da, kontuan hartuta jardunbide egokien programetan izena eman zuen enpresa-kopurua, azkenean prozesu guztiak behar bezala amaitu zituztenen aldean. Gehieneko puntuazioa 35 puntu izango dira, honela banatuta:

– % 75 baino gehiago eta % 100 edo gutxiago gauzatu zutenak. 35 puntu.

– % 50 baino gehiago eta % 75 edo gutxiago gauzatu zutenak. 25 puntu.

– % 25 baino gehiago eta % 50 edo gutxiago gauzatu zutenak. 15 puntu.

– % 25 edo gutxiago gauzatu zutenak. 10 puntu.

4.– Kalitate-kudeaketaren eta ingurumen-kudeaketaren erreferentzialak ezartzeko proiektuetarako irizpide bereziak:

10. irizpidea Aipatutako sistema egiaztagarriak eskuratzeko laguntza eskatzen duten erakundeak lehenetsiko dira. Gehieneko puntuazioa 5 puntu izango dira, honela banatuta:

– Egiaztagiria/ziurtagiria eskuratzea: 5 puntu.

– Egiaztagiria/ziurtagiria berritzea: 3 puntu.

5.– Jasangarritasun-erreferentzialak ezartzeko proiektuetarako irizpide bereziak:

11. irizpidea 5 puntu emango zaizkie aipatutako sistema egiaztagarriak eskuratzeko laguntza eskatzen duten erakundeei.

6.– Irizpide bakoitza balioetsiko da, kontuan hartuta, alde batetik, erakundeek eskaeran horien gainean egiten duten edo ematen duten justifikazioaren egokitasuna eta baliozkotasuna, eta, bestetik, proiektu bakoitzaren ezaugarriak, eta beste erakunde batzuek aurkeztutako antzeko proiektuei antzeko puntuazioa emango zaie.

7.– Erakunde desberdinek antzeko proiektuak eta helmuga edo turismo-espazio berean elkarren osagarri ez direnak egiteko laguntzen eskaerak eginez gero, proiektu horien garapena alde eskatzaileek adostuta egon ezean, balorazio-irizpideak aplikatuta puntu gehien eskuratzen duen erakundeak aukeratutako proiektua babestuko da, hala badagokio.

10. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak dira beste entitate edo erakundeek emandako beste edozein laguntzarekin, Turismo Zuzendaritzak kudeatutako beste laguntza-hitzarmen edo -aginduen babespean kontzeptu berberetarako emandako laguntzekin izan ezik.

2.– Aurreko idatzi-zatian xedatutakoa gorabehera, arau honen babespean emandako laguntzaren zenbatekoak ez dira izango, inolaz ere, laguntza hau emateko helburuaren kostu garbia baino handiagoak, ez laguntza bakoitzarenak, ez beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako bestelako diru-laguntzekin edo laguntzekin batera eskuratutakoak, ez eta jardun berberetarako eta/edo diruz lagundutako inbertsio berbetarako bestelako edozein diru-sarrera edo baliabiderekin batera eskuratutakoak ere; helburuaren kostu garbiaren zenbateko hori gaindituz gero, soberakinari dagokion kopururaino murriztuko da Agindu honi jarraikiz emandako laguntza.

3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzek edo diru-laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Araudia (EB) bete beharko dute, minimis laguntzen tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352 zk., 2013-12-24koa). Laguntza horiek minimis gisa kalifikatuta daude; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntza batek ere ez du, guztira, 200.000 euro gaindituko, hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan. Uste da, muga horren azpitik, laguntzek ez dutela merkataritzan eraginik eta/edo ez dutela gaitasuna faltsutzen eta, beraz, ez direla sartzen Europar Batasuneko Funtzionamenduaren Tratatuaren 107.1. artikuluaren aplikazio-eremuan. Muga hori gaindituz gero, Programa honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopuruaren arabera.

11. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

Agindu honetan jasotako arauketarekin bat ematen diren laguntzetarako, Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo, S.A. honako zereginak bere gain hartuko dituen erakunde laguntzaile izendatzen da:

1.– Eskaera-fasean, SICTED, IKT eta Europako Ekoetiketa programek diharduten helmugetan ezarriko dituzten erakundeen berri ematea, bai eta horietan inskribatuta dagoen enpresa-kopuruarena ere.

2.– Justifikazio-fasean, aipatutako programak gauzatzeko informazioa ematea, bai eta ICTE-Espainiako Turismo Kalitatearen Erakundearen Turismo Kalitatearen Q markaren ziurtagiria eskuratu edo berritu duten erakundeen ingurukoa ere.

12. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabide bakarra aurkeztu ahalko du erakunde eskatzaile bakoitzak, eta, bertan, 6. artikuluan aipatutako diruz lagun daitezkeen jardun guztiak jasoko dira.

2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta Agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren (2012ko martxoaren 9ko 50 zenbakiko EHAA) eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren arabera.

3.– Eskabidea jarraian zehazten den egoitza elektronikoaren bidez eskuratu eta beteko da:

http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ (castellano).

http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/ (euskara).

Kanal elektrikoaren bidez nola izapidetu jakiteko zehaztasunak eta eskabideak, erantzukizun-aitorpenak eta gainerako ereduak aipatutako egoitza elektronikoan daude eskuragarri; hala ere, horien edukia V. eranskinean dago.

Espedienterako sarbidea izatea, errekerimenduak, jakinarazpenak eta eskabidearen osteko gainerako izapideak honako honetan egingo dira: http://www.euskadi.net/misgestiones/.

4.– Betetako eskabideak, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gainera, hurrengo artikuluak aipatzen duen dokumentazio euskarria jasoko du, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutako baldintzetan. Sinadura elektronikoaren eguna aurkezpen-eguna izango da.

5.– Agindu honen inguruko prozedura guztietan baliabide elektronikoen bidez jarduteko ordezkaritza beste pertsona bati eman ahalko zaio; horretarako, laguntza-eskabidea formalizatu aurretik, erantsitako inprimakia bete beharko da (IV. eranskina), «Izapidetze telematikorako egiaztapena», eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu beharko da, egoitza elektronikoan adierazten den bezala:

http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ (castellano).

http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/ (euskara).

6.– Eskatzaileek aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

13. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko bestelako dokumentazioa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak formatu elektronikoaren bidez beteko dira, aurreko artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan, bertan dagoen ereduari jarraikiz, eta Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etatik aurrera aurkeztu ahalko dira, 2015eko irailaren 4ko 12:00ak arte.

2.– Eskabideak honako hauek jasoko ditu:

– Erakundearen datu orokorrak.

– Proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa.

– Balorazio-irizpideak neurtzeko behar den informazioa.

3.– Laguntza-eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen ordezkariaren erantzukizun-aitorpena, bertan jasotzen den eta jarraian zehazten den informazioaren benetakotasunaren ingurukoa:

– Zuzendaritza-organoa osatzen duen pertsona-kopurua edo erakundearen ordezkari-kopurua, sexuaren arabera banatuta.

– Jardunak onartzeko garaian, erakunde eskatzailearen organo eskudunak laguntza-programa honen deialdian aurkezten diren baldintzen arabera egitea erabaki duela dioen deklarazioa, baita diruz lagundu ezin dena finantzatzeko konpromisoa onartzen duela ere.

– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuen aldetik jasotako laguntzak.

– Azken hiru zerga-ekitaldietan jasotako minimis laguntzak, erreferentzia gisa laguntza eskatzen dena hartuta.

– Erakunde eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela.

– Erakunde eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruko edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan.

– Erakundeak ez duela armarik ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legean zehaztutakoa betez.

– Laguntza jasotzekotan, erakundeak konpromisoa hartzen duela 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, Administrazioak kontratatzen edo hitzartzen dituen edo bere laguntzak jasotzen dituen erakundeentzat ezartzen dituen eskakizunak betetzeko.

Pertsona eskatzaileak lehen adierazitako erantzukizun-aitorpenean gezurrezko daturen bat jartzen badu, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraikiz.

b) Eskabideekin batera, gainera, proiektu-motaren arabera, jarraian zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da (PDF formatuan):

1.– Nahitaezkoak:

– Helmuga turistikoen erakargarritasuna hobetzen duten turismoko lurralde-proiektuak egiteko diru-laguntzak eskatzen dituzten entitateek diru-laguntzen helburu diren jarduerak jasotzen dituzten produktuen urteko jarduera-planen kopia aurkeztu beharko dute.

– Merkataritza eta Turismoko Sailburuordetzak Basquetourren bitartez garatzen dituen tipologien artean sartzen ez diren produktuei buruzko proiektuak badira, diru-laguntzak eskatzen dituzten entitateek beren proiekturako produktu-plana aurkeztu beharko dute, zeinetan Agindu honen II. eranskineko 4. atalean adierazitako gutxieneko edukiak jasoko baitira.

– Entitate onuradunaren bankuko datuak edo izen sozialarenak kasu hauetan baino ez dira eman beharko: aldez aurretik eman ez badira edo aldatu nahi badira. Informazio hori modu telematikoan eman ahalko da, «Hirugarrenaren altaren erregistroa» erabilita, edo, bestela, «Hirugarrenaren alta» dokumentu normalizatua behar bezala bete ondoren aurkeztuta, Ogasun eta Finantza Sailak ezarritako prozeduraren eta ereduaren arabera (www.ogasun.ejgv.euskadi.net).

2.– Hautazkoak:

– Hala badagokio, memoria gehigarria edo/eta eskabidean jasotakoaren osagarria den informazioa eta dokumentazioa (ez ordezkatzailea), proiektua ulertzen laguntzen duena. Azalpen-memoria xehatua; hau da, diru-laguntzen helburu diren proiektuei buruzko informazio garrantzitsua ezinbestean laburbildu beharko da horretarako eskabide-orrian aurreikusitako ataletan.

– Parte-hartzaile bakoitzaren jarduera-esparruak gainditzen dituen lankidetza-proiektu bat egiteko diru-laguntza eskatzen duten entitateek proiektu hori gauzatzeko egindako lankidetza-akordioa egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dute, baita proiektu osoaren aurrekontu zehaztua eta parte-hartzaile bakoitzak aurrekontuan duen zatia ere. Informazio horrek eskabidean emandakoarekin bat etorri beharko du (1. balorazio-irizpidea).

– Turismo-mahaien akten kopia, diru-laguntzen eskabidean aurkeztutako proiektuei begira lortutako akordioak jasotzen dituena (2. balorazio-irizpidea).

– Ekimen pribatuaren parte-hartzea egiaztatzen duten dokumentuak (3. balorazio-irizpidea).

– Entitatearen emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planaren kopia (4. balorazio-irizpidea).

– 9. artikuluko 6. irizpidea (aurkeztutako proiektuen berezitasuna/berrikuntza) baloratzeko erabiliko den memoria.

– Bidaia-agentziekin produktuak merkaturatzeko egindako akordioak egiaztatzen dituzten dokumentuak (8. balorazio-irizpidea).

4.– Ez dira aurkeztu beharko jada Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren esku dauden indarreko dokumentuak. Ezin bada agiria zuzenean eskuratu, erakunde eskudunak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste gisa batez egiaztatzeko.

5.– Ez da beharrezkoa izango, bestalde, Basquetourrek eman dezakeen dokumentazioa aurkeztea, alegia, Espainiako Turismo Kalitatearen «Q» marka eskuratu edo berritu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak, eta aipatutako erakunde horrek sustatutako jardunbide egokien programaren bat gainditu izana egiaztatzen dutenak.

6.– Nolanahi ere, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak beharrezko irizten dion dokumentazio edota informazio osagarri guztia eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko; arau horretan esanbidez aurreikusten ez den guztiari dagokionez, berriz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da.

14. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea oso-osorik beteta aurkezten ez bada, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epearen barruan okerra konpon dezala edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkez ditzala eskatuko diote Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzek, eta hori egiten ez badu, eskabideari uko egingo zaiola adieraziko diote, horri buruzko dagokion ebazpena emanda, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraikiz.

2.– Jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez egingo dira.

3.– Jakinarazpen-sistemaren bidez, egiaztatu ahalko da zein egun eta ordutan jarriko den interesdunaren esku jakinarazpenaren helburu den egintza, bai eta edukia zein unetan egongo den eskuragarri ere; une horretatik aurrera, jakinarazpena egindakotzat joko da. Edukia eskuragarri jarri dela egiaztatzen denetik hamar egun natural igaro eta edukira jo ez bada, ulertuko da jakinarazpena atzera bota dela eta izapidea egin dela, prozedurari jarraikiz, ofizioz edo pertsona hartzaileak hala eskatuta sarbiderako ezintasun teknikoa edo materiala egiaztatu ezean.

15. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzek epearen barruan aurkeztutako eskabideak aztertuko dituzte, eta, horretarako, bete beharreko eskakizunak bete diren egiaztatuko dute; bestalde, erakunde eskatzaileari eta Basquetourri eskatu ahalko diete horietako bakoitza egoki ulertzeko eta ebaluatzeko behar beste dokumentazio eta/edo informazio osagarri.

2.– Gero, Lurralde Ordezkaritzek horretarako sortzen den batzordeari eskabide bakoitzeko txosten tekniko bat bidaliko diote; bertan, Agindu honetan jasotako eskakizunak betetzen diren aztertzeaz gainera, 8. artikuluko balorazio-irizpideak aplikatu aurretik emango den diru-laguntza teorikoaren zenbatekoaren kalkulua emango da. Era berean, batzordearen lana errazteko, txosten horretan, beharrezkoa den kasuetan, helburu diren irizpideen hasierako neurketa jasoko da.

3.– Ebaluazio Batzordea eratuko da, ordezkaritzetan egindako balorazioak bateratzeko eta balioztatzeko, bai eta 9. artikuluan aipatutako 6. balorazio-irizpidea batera baloratzeko ere, baldin eta diru-zuzkidura nahikoa izan ez eta eskabideak aipatutako artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera baloratu behar badira. Batzorde horrek organo eskudunari emango dizkio dagozkion ebazpen-proposamenak, eta, hala badagokio, bertan laguntzen zenbatekoa adieraziko du.

Batzordea lurralde-ordezkaritzen turismo-arloa koordinatzeko kargua betetzen duten hiru pertsonek, Basquetourreko lehiakortasun-, produktu- eta marketin-arloko arduradunek eta Turismo Bulegoko beste bi pertsonak, presidenteak eta idazkari-lanetan jardungo duenak –ez du botorik izango– osatuko dute.

4.– Batzordea burujabea izango da erabakiak hartzean; erabakiak bozketa-prozeduraren bidez hartuko dira. Batzordearen funtzionamenduari buruz idatzi-zati honetan aurreikusi ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da.

16. artikulua.– Diru-laguntzak ematea.

1.– Urteko deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, Turismoko zuzendariak gehienez sei hileko epea izango du administrazio-ebazpenak emateko, eta ebazpen horien bitartez eskatutako laguntzak eman edo ukatuko dira. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Merkataritza eta Turismoko sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraikiz.

Epe hori igaro ondoren inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, laguntza-eskaera ez dela onartu uler dezake erakunde interesdunak. Nolanahi ere den, organo eskudunak berariazko ebazpena eman beharko du eskatutako laguntzari dagokionez.

2.– Laguntzak emateko ebazpena erakunde interesdun bakoitzari jakinarazi beharko zaio, banan-banan. Horretaz gain, erakunde esleipendunen zerrenda eta emandako laguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.– Agindu honetan arautzen diren laguntzak enpresa edo erakunde onuradunei eman eta ordaindu aurretik, burutuak behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak enpresa horiei itzularazteko edo haien zioz zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiek.

17. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza ordaintzeko, beharrezkoa izango da Turismo Zuzendaritzaren ebazpena. Laguntza hori bi alditan ordainduko da, ondoren adierazten den bezala: diru-laguntzaren % 70, emandako laguntza onartu ondoren, edo hala badagokio, Agindu honen 20.1 artikuluan ezarritako epea igaro ondoren, eta gainerako % 30a, berriz, egindako gastuak justifikatu ondoren, hurrengo artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

18. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunak dokumentazio bidez justifikatu beharko du, baliabide elektronikoen bidez, laguntza emateko helburua bete dela, betiere jardunak egin ondoren eta, nolanahi ere, Agindu honen 6. artikuluan diruz lagundutako azken jardunak amaitzeko ezarritako epea igaro aurretik, epe hori laguntza emateko ebazpenean aldatu ezean.

2.– Justifikazioa jarraian zehazten den egoitza elektronikoaren bidez eskuratu eta beteko da: http: /www.euskadi.eus/misgestiones/, eta, behintzat, honako agiri hauek jasoko ditu:

– Egindako jardueren memoria edo txostena, proiektuaren betetze-maila adierazita.

– Proiektuak finantzatzeko jasotako laguntzen erantzukizun-aitorpena, bai eta azken 3 zerga-ekitaldietan jaso diren minimis laguntzen zenbateko osoa ere, erreferentzia gisa laguntzaren helburu dena.

– Fakturen koadroa; bertan, fakturak behar bezala zenbakitu eta diruz lagundutako jardun bakoitzarekin behar bezala lotu beharko dira, eta bakoitzarentzat honako informazio hau zehaztuko da: Erakundearen edo enpresa hornitzailearen IFZ eta arrazoi soziala, faktura emateko data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barne, diruz lagundu ahal bada) eta ordainketa-eguna. Behar bezala konformatutako fakturak baino ez dira onartuko, eta betiere horien gastu-kontzeptuek, laguntzaren xedearekin berariaz lotuta egonik, diruz lagun daitezkeen kontzeptuak argi eta garbi azaltzen badituzte, Agindu honetan biltzen denaren arabera. Eredua honako web-orri honetan eskura daiteke: http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/cte.html. Fakturen koadroa aurretik aipatutako egoitza elektronikoak garatutako eta emandako ereduaren arabera beteko da.

– Behin betiko fakturak; aurrez aipatutako fakturen koadroan zehaztutakoekin bat etorri behar dute.

– Lan-kontratua eta dagozkion nominak, pertsona gaituren bat kontratatzeko diru-laguntza jasotzen den kasuetan.

– ISO, EFQM, EMAS araudiaren arabera ziurtagiriak/egiaztagiriak eskuratzeko edo berritzeko edo Karbono Aztarnarako, Energia Auditoretza Integralerako eta/edo Biosphererako diru-laguntza eskatu dutenek hori bete dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

– Sustapenerako materiala sortzeko diru-laguntza eskatu dutenek material bakoitzaren ale bat aurkeztu beharko dute.

3.– Fakturen koadroetan, eskabidea aurkeztu den ekitaldiari dagozkionak onartuko dira, baita 6. artikuluan horretarako ezarritako epeetan egindako jardunei dagozkienak ere.

4.– Laguntzak ordaindu aurreko likidazio-fasean, Lurralde Ordezkaritzako langile izendatuek, bestalde, erantzukizun-aitorpenean eta fakturen koadroetan jasotako datuen egiazkotasuna egiaztatu ahal izango dute, baita diruz lagundutako proiektua benetan ebazpenean ezarritakoari jarraikiz hezurmamitu ote den ere, aurkeztutako dokumentazioa aztertuz eta/edo ikuskatze-bisitaldiaren bitartez. Era berean, justifikazioa behar bezala aztertzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarri guztia eska dezake.

Alderdi horiek guztiak egiaztatu ostean, Lurralde Ordezkaritzak txosten bat bidali beharko dio Turismo Zuzendaritzari. Dagokion diru-laguntza likidatzea proposatuko du ordezkaritzak txosten horretan, betiere justifikatutako eta onartutako gastua bat badator.

Hori horrela, diru-laguntzaren behin betiko zenbatekoa likidatzeko, erakunde onuradunak egindako eta justifikatutako gastuaren kostu onartuari laguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaio; horretarako, kontuan hartuko dira II. eta III. eranskinetan eta Agindu honen 8. artikuluan ezarritako gehieneko ehunekoak, eta laguntza emateko ebazpenean baimendutako zenbatekoak ezin izango du gainditu, inolaz ere, zenbateko hori.

Nolanahi ere, Lurralde Ordezkaritzak ez baditu diru-laguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen eta horrek emandako diru-laguntza murriztea ekartzen badu, Turismo Zuzendaritzan dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde interesdunari, hala badagokio, aurkeztutako dokumentazioa zuzen dezan.

19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta, nolanahi ere, horrekin batera beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, laguntza onartzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere diru-laguntzen onuradun izateko arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzen badira. Horretarako, Turismo Zuzendaritzak aldaketa egiteko dagokion ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

20. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horren ildotik, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko komunikazioa jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badio, onartu egiten duela ulertuko da.

2.– Emandako diru-laguntza eskatutako helburu zehatza betetzeko erabiltzea, salbu eta aurreko artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada. Horretaz gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jardunak bete dituela justifikatu beharko dute, Agindu honetan eta laguntzaren emakida-ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

3.– Helburu berberarekin, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu dituela jakinaraztea diru-laguntza eman duen organoari. Jakinarazpen horren berri izan eta berehala egin beharko da eta, nolanahi ere, diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioarekin batera.

4.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektibotan aldaketarik badago, aldaketa hori egin baino lehen horren berri ematea.

5.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia aurkeztea.

6.– Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez, 5 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioaren egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

7.– Berariaz adieraztea Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lankidetza, modurik egokienean, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarriekin bat, honako hauek kontuan hartuta:

– Euskarri didaktikoek, sustapenekoek eta marketinekoek, horien formatua eta zabalkunderako bitartekoa edozein dela ere, marka turistikoa jaso beharko dute, eskuliburuan jasotako aplikazioen arabera, salbu eta bidaia-agentziekin edo preskriptore turistikoekin sustapen-ekintzak egiten badira, erakunde onuradunaren, helmugaren edo produktuaren klubaren logotipoa duen marka erabili gabe.

– Gainera, hala badagokio, webean iragarki-banda ezarri beharko da, turismoko webgune ofizialarekin: www.euskaditurismo.eus

8.– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako jarduna argitaratzeko edo iragartzeko edo ekintza horri publizitatea emateko, bi hizkuntza ofizialak erabiltzea (betiere hartzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi badira) eta hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista zaintzea. Aldi berean, pertsona fisiko eta juridikoek diru-laguntzaren erakunde onuradunarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da.

9.– Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeei otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzea. Honako printzipio hauek araututa jarduteko beharra: tratu-berdintasuna, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetua; estatistika eta azterketen egokitzapena; hizkuntzaren erabilera ez-sexista edozein euskarritan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua.

10.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren zerbitzu teknikoek egoki iritzitako ikuskaritza eta egiaztapenak egitea; diruz lagundutako jardunen garapenari eta gauzatzeari dagokienez egin ahalko dira eta, horretarako, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute, bai eta eskatutako egiaztagiriak ere.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Diru-laguntzaren erakunde onuradunak ez badu betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan ezarritakoa, honako agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betekizunen bat edo, hala egokituz gero, ebazpenean ezarritako baldintzaren bat, orduan, eskumena duen organoak, ez-betetze espedientea bideratu eta interesdunari entzunaldia eskaini ondoren ebazpena emanda, adieraziko du erakunde onuradunak galdu egin duela diru-laguntzarako eskubidea eta, hala badagokio, itzuli egin beharko dizkiola Euskadiko Diruzaintza Nagusiari jaso dituen zenbatekoak eta legez dagozkion interesak; hala xedatzen dute, batetik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren berme eta sarreren erregimen orokorra arautzen duenak, eta, bestetik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, lehen aipatutako berak. Horrez gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Ez-betetzeko kausetako bat da onetsitako aurrekontuaren % 25 edo gutxiago gauzatzea.

3.– Turismo Zuzendaritzari dagokio ez-betetzearen ondoriozko espedientea hastea eta horri buruzko erabakia hartzea.

4.– Prozedura hastearen arrazoia administrazio-arloko arau-haustea dakarren gertakariren bat izan bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zigor-prozedura abia dezan.

22. artikulua.– Datu pertsonalak.

Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin, deialdi hauetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdien izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, fitxategi batean sartuko dira, eta, hain zuzen, hauxe izango da fitxategi horien xedea: diru-laguntzen deialdiak kudeatzea eta deialdi horietan parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Turismo-arloan eskumena duen Zuzendaritza da fitxategi horien arduraduna. Datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta horien aurka egiteko eskubideak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Zerbitzuen Zuzendaritzaren aurrean baliatu ahalko dira. Helbidea: Donostia kalea, 1-01010 Vitoria-Gasteiz.

II. ERANSKINA
TURISMOKO LURRALDE-PROIEKTUAK, HELMUGEN ERAKARGARRITASUNA HOBETZEN DUTENAK.

1.– Agindu honen 4.1.a) eta 4.2 artikuluan adierazitako erakunde onuradunek eskuratu ahal izango dituzte eranskin honetan aurreikusitako laguntzak.

2.– Atal honetan oinarrituko dira produktu anitzeko helmugak osatzen lagunduko duten turismo-produktuak sortzea, abiaraztea, sustatzea eta merkaturatzea ekarriko duten proiektuak, bai eta turismo-eskaintza indartzen eta berezi egiten lagunduko dutenak –ahal dela «Basque Style»rekin bat eginez eta, horrela, balio erantsia emanez– eta urtarokotasunaren osagaia ezabatzea eta turisten batez besteko gastua eta egonaldia handitzea ekarriko duten turismo-fluxu berriak areagotzen eta sortzen lagunduko dutenak ere. Zeharkakoak izango dira, ahal dela, eta eskualdez gaindiko eragin handiagoa izango dute, eta, horretarako, helmugen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatuko da. Parte-hartze pribatua sustatuko dute fase guztietan, eta, bereziki, merkaturatzeari dagokionean, eta helmuga-enpresa eta turismo-bisitariaren arteko erabateko elkarreragina egoteko soluzio teknologikoak sartuko dituzte.

3.– Diruz laguntzekoak izango dira, lehentasunez, Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak Basquetourren bidez sustatutako zuzendaritza-planen eta turismo-produktuen arabera egiten diren jardunak. Zehazki, honako hauek:

– Turismo gastronomikoa: Turismo Enogastronomikoaren Sustapen Planarekin bat datozen proiektuak baino ez dira jasoko, «Euskadi Gastronomika» produktuaren klubaren testuinguruaren pean garatzen direnak.

– Natura-turismoa: honako kategoria hauetan taldekatutako turismo-produktuekin bat datozen proiektuak jasoko dira: Turismo aktiboa (surfa, BTTak, bide berdeak, GR-283 Gaztaren Ibilbidea eta GR-38 Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea), Ekoturismoa (Birding, Babestutako Naturguneen Sarea eta Geoparkea).

– Bilera eta pizgarrien turismoa (MICE): Basquetourrek eginiko MICE turismoaren garapen-planarekin bat datozen hiriburuetako proiektuak baino ez dira jasoko.

– Erlijio-turismoa: atal honetan, Donejakue Bidearen eta Ignaziotar Bidearen Zuzendaritza Planekin bat datozen proiektuak baino ez dira jasoko.

4.– Halaber, aurreko atalean identifikatu ez diren planetan ez dauden baina ezarriko diren helmugen turismo-garapenerako estrategikotzat jo daitezkeen beste produktu-mota batzuk sortzeko, garatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko jardunak sustatuko dira, eta, horrela, Produktuaren Planean justifikatuko dira. Planak honako atal hauek jaso beharko ditu, behintzat:

– Planaren justifikazioaren diagnostikoa (hala badagokio, eskaintzaren, ahalmenaren eta eskariaren analisia eta AMIA diagnostikoa identifikatzea).

– Turismo-produktuaren definizioa eta ezaugarriak.

– Produktuaren marketin-plana (sustapena eta merkaturatzea).

– Garapen-estrategia (aurreikusitako ekintzak, kronograma, markaren irudia –hala badagokio–, etab.).

– Helburuen lorpenaren amaierako ebaluazioa.

5.– Ekintzak edo jardunak gauzatzeko laguntza eskatu bada, horiek produktuaren «Urteko Jardun Plan» egituratu batean jaso beharko dira, behintzat, ardatz hauen inguruan:

– Plangintza eta kudeaketa

– Produktuaren sorrera

– Sustapena

– Merkaturatzea

Gainera, honako hauek identifikatu beharko dira:

– Proposatutako ekintzen edo jardunen helburuak

– Ezarpenerako behar diren baliabideak

– Kronograma

– Helburuen lorpenaren amaierako ebaluazioa egiteko irizpideak.

6.– Diruz lagundu ahalko dira, zalantzarik gabe, jarraian adierazitako ardatz bakoitzean zehaztutako jarduerak egiteko behar diren gastuak:

1.– Plangintza eta kudeaketa:

– Proiektuak gauzatzeko, horien jarraipena egiteko eta dinamizatzeko baliabideak. Diruz lagundu ahalko da prestakuntza egokia duten langileak aldi baterako kontratatzeko gastua –laguntza teknikoaren bidez edo obra edo zerbitzuko kontratuaren edo antzeko bestelako baten bidez–, baldin eta helburua proiektuak kudeatzea, horien jarraipena egitea eta dinamizatzea bada.

2.– Produktuaren sorrera:

– Produktua dinamizatzeko tailerrak. Diruz lagundu ahalko dira produktuaren garapenean interesa duten erakundeek parte hartzen duten barneko tailerren garapenari lotuta dauden gastuak, horiek sortzen eta gauzatzen laguntzeko, besteak beste: aretoak eta materiala alokatzea, tailerrak garatzeko kanpo-enpresak kontratatzea, etab.

– Jardunbide egokien bidez ezagutza eman dezaketen beste helmuga batzuetara azterketak egiteko bidaiak. Diruz lagundu ahalko dira bidaia-gastuak, ostatuari eta garraioari dagozkienak.

– Proiektua abiaraztea. Diruz lagundu ahalko dira produktuaren inguruan eskaintza antolatzeko aukera ematen duten ekimenak abian jartzearen ondoriozko gastuak, bai eraginkor bilakatzeko laguntza ematen duten zerbitzuei dagozkienak, bai zabalkunderako behar diren euskarriei dagozkienak.

– Kanpoko sentsibilizaziorako ekintzak, foroak, jardunaldiak eta aurkezpenak. Diruz lagundu ahalko dira ekintza horiek abiaraztearen ondoriozko gastuak, euskarrien garapenari, espazioen alokairuari, materialaren garapenari, zabalkundeari, hizlariei eta abarri dagokienez.

– IKTekin lotutako soluzio teknologikoak ezartzea, produktua osatzen duten baliabideen bisita turistikoa eta interpretazioa errazteko: seinaleztapena eta informazio-panelak teknologia berrietan oinarrituta, audio-giden edukien garapena, errealitate areagotua, etab.

3.– Sustapena:

– Interes handiko ekitaldiak sortzea edo martxan jartzea, deialdirako eta/edo oihartzun mediatikorako duten ahalmenagatik, bai eta produktuarekin zerikusia duten nazioarteko ekitaldiak ere.

– Proiektuarekin zuzenean lotuta dauden web-euskarriak eguneratzea edo hobetzea (webguneak, blogak, newsletterrak, etab.).

– Ikus-entzunezko edukiak garatzea: irudi-bankuak, ikus-entzunezko erreportajeak eta abar egitea, betiere erakunde eskatzailearen esku geratzen badira eta material hori eta doan erabiltzeko eskubidea Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzaren esku geratzen badira, erakunde onuradunari aplika dakizkiokeen baldintza beretan.

– Proiektuarekin zerikusia duten sustapenerako materialak editatzea eta sortzea eta emango diren euskarrietara –fisikoa edo digitala– egokitzea. Gainera, zehazki, produktu-klubei lotutako helmugetarako (Euskadi Gastronomika eta Surfing Euskadi), produktu-klubari ikusgaitasuna emango dieten euskarri fisikoak lagunduko dira diruz, eta, naturako produktuari dagokionez, Basquetourrek BTT zentroei, bide berdeei (Burdinmendi, Vasco Navarro, Urola, Arditurri, Bidasoa, Plazaola Leitzaran), ibilbideei (GR-38 eta 283) eta geoparkeei buruz egindako euskarrien inprimatzeen ondoriozko gastuak lagundu ahalko dira diruz.

– Amaierako publikoari zuzendutako produktuan espezializatutako azoka turistikoetara joatea: Diruz lagunduko dira espazioa eta standa alokatzearen eta pertsona baten ostatuaren, bidaiaren eta mantenuaren ondoriozko gastuak. Ez dira diruz lagunduko Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak Basquetourren bidez bisitatzen dituen azokak.

– Publizitatea sartzea (online eta offline), «press-trip» direlakoak eta kaleko ekintzak.

4.– Merkaturatzea:

– Eskaintza dinamizatzea, eragile espezializatuen bidez, eta/edo eskaintza kokatzeko ekintza interesgarriak egitea: besteak beste, fam tripak, alderantzizko jardunaldiak, zuzeneko jardunaldiak, workshopak, etab.

– Produktuan espezializatuta dauden turismoko azoka profesionaletara joatea: Diruz lagunduko dira espazioa eta standa alokatzearen eta pertsona baten ostatuaren, bidaiaren eta mantenuaren ondoriozko gastuak. Ez dira diruz lagunduko Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak Basquetourren bidez bisitatzen dituen azokak.

– Lineako merkataritza-estrategiak.

7.– Turismo-produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzen garapena diruz lagunduko da honako eremu hauetan:

– Euskal Autonomia Erkidegoan, mugakide diren probintzietan eta Iparraldean (Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea), erakunde onuradunek beren kabuz edo beste batzuekin lankidetzan egiten dituzten jarduketetarako.

– Estatuan eta nazioartean, batez ere Frantzian, Erresuma Batuan eta Alemanian, hiru hiriburuetako eta Arabako Errioxako turismoaren erakunde sustatzaileek egiten dituzten jarduketetarako baino ez.

8.– Produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzetan aplikatu beharko den logotipoa duten markak elkarrekin agertzeko politika honako hau izango da:

1.– Erakunde onuradunen logotipoa duten markak «Euskadi Basque Country» markarekin eta, hala badagokio, produktu-klubaren markarekin batera agertuko dira.

2.– «Euskadi Basque Country» logotipoa duen markak erakunde onuradunaren logotipoa duen markaren garrantzi bera edo handiagoa izango du, hierarkian.

3.– Aurrekoa gorabehera, bidaia-agentziekin edo preskriptore turistikoekin sustapen-ekintzak egiten badira, erakunde onuradunaren logotipoa duen marka erabili gabe, ez da beharrezkoa izango Euskadi Basque Country logotipoa duen marka erabiltzea, ez eta produktu-klubarena ere.

9.– Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

– Inbertsio-gastuak.

– Informatikako ekipamendua erostea.

– Funtzionamendurako ohiko gastu orokorrak (hornidurak, ura, argia, telefonoak, aseguruak, bulegoko materiala, alokairuak eta antzekoak).

– Erakunde eskatzaileko langile finkoen edo egonkorren gastuak.

– Internetera sartzeko kuotak; beste elkarte batzuei ordaindutako kuotak, eta egon ohi diren antzeko beste gastu batzuk.

– Luntxak, bazkariak eta antzekoak, gastu horiek ekintza garatzeko zuzeneko harremana daukatenean eta beharrezkoak direnean izan ezik, baina, betiere, eskabidean arrazoitu beharko dira.

– Gonbidapenen, merchandisingaren eta oparien ondoriozko gastuak.

– Webgunearen erregistrorako, mantentzerako eta ostaturako (hosting) gastuak.

10.– Laguntzen zenbatekoa:

Onartutako gastuaren % 50, gehienez erakunde bakoitzeko 66.500 euro arte, kontuan hartuta langileak kontratatzeko erakunde batek gehienez jaso dezakeen zenbatekoa –laguntza teknikoaren edo obra edo zerbitzuko kontratuaren edo antzeko bestelako baten bidez– ezingo dela izan 25.000 eurotik gorakoa.

III. ERANSKINA
BERRIKUNTZAREN BIDEZ ETA TURISMO JASANGARRIA ETA ARDURATSUA GARATUZ, HELMUGEN KALITATEA ETA LEHIAKORTASUNA HOBETUKO DUTEN PROIEKTUAK.

1.– Agindu honen 4. artikuluan zerrendatutako erakunde onuradunek eskuratu ahal izango dituzte atal honetan aurreikusitako laguntzak.

2.– Helmugen lehiakortasuna hobetzeko Basquetourrek sustatutako eta kudeatutako proiektuak.

1.– Erakunde onuradunei helmugen enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen lehiakortasuna hobetzeko Basquetourrek sustatutako eta kudeatutako honako programa hauek antolatzen eta ezartzen lagunduko zaie:

a) Helmugen Kalitateko Jardunbide Egokien Programa, Helmugen Turismo Kalitatearen Sistema Integralaren (SICTED) ereduarekin loturikoa. Turismo-helmugen kudeaketa integralaren eredua ezartzeko programa, helmugan erakunde-egitura egonkorra sortuz, jardunbide egokien eskuliburuak ezarriz eta aginte-koadroa kudeatuz. Helburu nagusiak honako hauek dira:

– 1. Turismoaren sektorea profesionalizatzea, negozioaren kudeaketa hobetuz, bai eta ematen den zerbitzua ere (bezeroaren gogobetetasuna).

– 2. Helmugako kontzientzia garatzea eta, horretarako, erakunde-egiturak sortzea bertan.

b) IKTen erabilerarako Jardunbide Egokien Programa. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabilera hobetzeko programa euskal turismo-sektoreko enpresetan, sentsibilizazioaren eta laguntza integratuaren bidez. Helburu nagusiak honako hauek dira:

– Euskadiko turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea, IKTen erabileraren bidez.

– Teknologia sartzeko oztopoak kentzea.

– Sektoreko enpresetan teknologia-jardunbide egokiak sustatzea.

– Enpresei hobekuntza-prozesuetan laguntzea.

– Turismo-helmugaren gaineko kontzientzia sortzea, etengabeko hobekuntzarako.

c) Europako Ekoetiketaren programa. Europako eredua ezartzeko programa (bertan, irizpide ekologikoak ezartzen dira), euskal turismoaren sektoreko enpresetan ingurumena babesten duten produktu edo zerbitzuak sustatzeko. Produktuak edo zerbitzuak bizitza-zikloan ingurumenean duen eraginari buruzko benetako informazioa ematen du, eta, beraz, kontsumitzaileek ingurumenean eragin txikiagoa duten produktuak eta zerbitzuak aukera ditzakete. Helburu nagusiak honako hauek dira:

– Ingurunearekin errespetuzkoa den ostatu-hartze osasungarriko eskaintzan laguntzea.

– Ekoeraginkortasuna. Kostuak murriztea.

– Zerbitzuaren kalitatea eta haren ingurumen-kudeaketa egokia nabarmentzea.

– Ostatuaren irudia eta ospea hobetzea.

– Ostatuaren gizarte-erantzukizuna hobetzea.

– Merkatua bereiztea.

Aipatutako programek honako prozesu hauek dauzkate: plangintza eta sentsibilizazioa, autodiagnostikoa eta diagnostikoa, prestakuntza, banan-banako asistentzia teknikoa, ebaluazioa eta, azkenik, berme- eta sari-prozesua.

2.– Basquetourreko urteko programazioko laguntzaren erakunde eskatzaileak onarpena eman beharko du programa horiek ezartzeko, eskabidea egin aurretik.

3.– Goi-mailako prestakuntza duten langileak aldi baterako kontratatzeko gastua diruz lagundu ahalko da –laguntza teknikoaren edo obra edo zerbitzuko kontratuaren edo antzeko bestelako baten bidez–, baldin eta berariazko helburutzat badu aipatutako programen prestakuntza-, ezarpen- eta ebaluazio-prozesuetan enpresa eta erakunde parte-hartzaileei laguntzea.

Ez da onartuko erakunde eskatzailearen langile finkoen edo egonkorren gasturik.

Laguntza onartutako gastuaren % 60koa izango da, eta, gehienez, 30.000 eurokoa erakunde bakoitzeko. Onartutako zenbatekoa honako alderdi hauek kontuan hartuta kalkulatuko da:

a) Programetan izena eman duen enpresa-kopurua.

b) Enpresa eta programa bakoitzeko diruz lagun daitezkeen orduak, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

– Helmugen Kalitateko Jardunbide Egokien Programa, Helmugen Turismo Kalitatearen Sistema Integralaren (SICTED) ereduarekin loturikoa, honela lagunduko da diruz: gehienez 20 ordu, 1etik 4ra bitarteko zikloak egiten dituen enpresa parte-hartzaileko, eta 8 ordu enpresako, 5. ziklotik aurrera.

– IKTen erabilerarako Jardunbide Egokien Programa honela lagunduko da diruz: gehienez 20 ordu enpresako, eta horiek 8ra murriztuko dira, 2. mailatik aurrerako berresteen kasuan.

– Europako Ekoetiketen Programa honela lagunduko da diruz: gehienez 20 ordu enpresa parte-hartzaileko.

c) Orduko diruz lagun daitekeen gehieneko kostua 35 euro da. Horrenbestez, onartutako zenbatekoa eskuratzeko aplikatu beharreko formula honako hau da: (enpresa parte-hartzaileen kop.) x (diruz lagundutako ordu-kop.) x (kostua orduko).

3.– Kalitatea eta ingurumena kudeatzeko erreferentzialak ezartzeko proiektuak.

1.– Atal honetan jasotzen dira hurrengo azpiatalean zerrendatu diren eta jarraian zehaztutako erreferentziazko eredu hauek ezarriko dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak/egiaztagiriak eskuratu edo berritu nahi dituzten turismo-establezimendu eta -baliabideen titular diren erakunde onuradunentzako laguntzak. Hona hemen erreferentziazko ereduak:

– Kalitatearen kudeaketa: Espainiako Kalitate Turistikoko Institutuaren Kalitate Turistikoaren «Q» marka -ICTE, ISO 9001:2008 eta EFQM (Éuropako eredua).

– Ingurumen-kudeaketa: ISO 14001: 2004, EMAS, Karbono Aztarna eta Auditoretza Energetiko Integralak.

Energia-eraginkortasuneko Auditoretza Energetiko Integralak direla eta, diruz lagunduko dira titular diren turismo-establezimendu eta -baliabideetan eginikoak bakarrik, baldin eta energiaren kontsumoa lehen mailako energiaren 100 tep/urtetik beherakoa bada. Auditoretza egiteko jarraitu beharreko metodologia UNE-EN 216501 araura egokituko da, bai eta geroko aldaketa edo hobekuntzetara ere.

2.– Atal hau oinarri duten kalitate-kudeaketako eta/edo ingurumen-kudeaketako ziurtagiriak/egiaztapenak dauzkaten turismo-establezimendu eta -baliabideak honako hauek dira:

– Interpretazio-zentroak.

– Itourbask sareko turismo-bulegoak.

– Bureaux hitzarmenak.

– Turismo-lankidetzarako erakundeak, nortasun juridiko propioa duten turismo-kudeaketarako egiturak eta hiriburuetan turismoa sustatzen duten erakundeak.

Museo gisa kalifikatutako baliabideak ezin izango dira diruz lagundu.

3.– Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak:

– Kanpo-aholkularitzen laguntza teknikoa, ziurtagiria/egiaztagiria lortzeko.

– Kanpo-auditoretzako gastuak, ziurtagiria/egiaztagiria lortzeko edo berritzeko.

– Marka erabiltzeko eskubideen gastuak, ziurtagiria/egiaztagiria lortu ondoren marka hori eman eta gero.

4.– Ez dira kontuan hartuko ziurtagiriak/egiaztagiriak mantentzeko edo horien jarraipena egiteko faseari atxikitako gastuak.

5.– Kontzeptu horrengatiko laguntzaren helburua bete dela ulertuko da, likidazio-fasean, gastuak justifikatzeko fakturekin batera, hura bete dela justifikatzen duen ziurtagiria edota egiaztagiria aurkezten denean.

6.– Laguntzen zenbatekoak honako hauek izango dira:

– Onartutako gastuaren % 70, gehienez 9.000 euroko diru-laguntzara arte, ziurtagiriak/egiaztagiriak lortzeko.

– Onartutako gastuaren % 50, gehienez 2.000 euroko diru-laguntzara arte, ziurtagiriak/egiaztagiriak berritzeko.

4.– Jasangarritasun-erreferentziala ezartzeko proiektuak.

1.– Atal honetan, Biosphere erreferentziazko ereduaren ezarpena egiaztatzen duen ziurtagiria (helmuga eta enpresentzako jasangarritasun-ziurtagiria) lortzea helburu duten erakunde onuradunentzako laguntzak jasotzen dira, helmugak kudeatutakoak, jasangarritasunari tokiko herritarren giza garapenaren eta turismo-jardueraren ingurumeneko, kulturako eta gizarteko eta ekonomiako jasangarritasun-mailaren multzo gisa heltzeko.

Helmuga eta enpresak ezartzeko eta egiaztatzeko, Turismo Arduratsuko Institutuak (ITR) halakotzat aitortutako erakundeak eduki behar dira.

2.– Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak:

– ITRk aitortutako kanpo-aholkularitzen laguntza teknikoak, ziurtagiria eskuratzeko.

– Ziurtagiria lortzeko kanpo-auditoretzen gastuak.

– Marka erabiltzeko eskubideen gastuak, ziurtagiria lortu ondoren marka hori eman eta gero.

3.– Kontzeptu horrengatiko laguntzaren helburua bete dela ulertuko da likidazio-fasean, gastuak justifikatzeko fakturekin batera, hura bete dela justifikatzen duen ziurtagiria aurkezten denean.

4. Onartutako gastuaren % 50 lagunduko da diruz, gehienez 20.000 euro arte erakunde bakoitzeko, ziurtagiria eskuratzeko.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala