Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2015eko uztailaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3378

AGINDUA, 2015eko uztailaren 14koa, Osasuneko sailburuarena, zeinarekin deialdia egiten baita jarraian zehaztutakoentzako laguntzetarako: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko Ikastetxeen Irakaskuntza Kooperatiba titularrak, eta Ikasleen Guraso Elkarteak; betiere, 2015-2016 ikasturtean zehar, ikasleen mugikortasun aktiboa sustatzeko ekintzak garatzeko.

Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, euskal herri-aginteei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozio-ekonomikoan diharduten sektore guztietan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien eragina saihestea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, bigarren atalak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasunaren erakunde-esparrua zaintzea EAEn; xede horrekin, izan ere, gomendioak eman edo neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak, politika sektorial guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintzak bultzatuko ditu, osasun-ekintzen osagarri, biztanleen osasun maila etengabe hobetzeko.

Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du osasunaren alorreko euskal administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, elkar hartuta arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan sistematikoki gauza ditzaketen ekintzetan, funtsezkoak baitira pertsona bakoitzaren eta komunitatearen osasuna hobetzeko.

Apirilaren 18ko 195/2013 Dekretuaren, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenaren, 8.1. artikuluari jarraituz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren zeregina da, besteak beste, politika eta esku-hartze eraginkorrak bultzatzea Jaurlaritzaren gainerako sailetan eta erakunde publikoetan –udalerrietan bereziki–, hiritarrek osasun- eta ekitate-maila handiagoak izan ditzaten.

Aginduaren xedea da, beraz, osasuna indartzea, bai toki-eremuko jardueretan, bai osasunari loturik ez dauden lan-eremuetan. Ekimen hau zeharo loturik dago Europar Batasunak gomendaturiko «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen gainean Batzordeak egindako txostenarekin ere. Politika guztietan, Osasun estrategiaren oinarrian dagoen egiaztapena hauxe da: batez ere, osasun-sektorearen eraginpeko eremutik kanpoko faktoreek eragiten diotela osasunari.

Jarduera fisikoa sustatzeko Torontoko Gutunak dio, argi eta garbi, ohiko jarduera fisikoak osasuna areagotu, gaixotasunei aurrea hartu, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetu, etekin ekonomikoak eman eta, halaber, ingurumenaren iraunkortasunari laguntzen diola.

Jarduera fisikoa egiten ematen dugun denbora gehituz, eta egoneko jardueretan ematen dugun denbora gutxituz, populazio aktiboagoa lortuko dugu. Horrela, zenbait erronkari aurre egiteko aukera izango dugu, esate baterako: biztanleen zahartze progresiboa eta osasun-sistemari eta gizarte-prestazioei eustea.

2013-2020rako Osasun Planaren helburuetako bat da herritarren artean jarduera fisikoa sustatu eta sedentarismoa prebenitzea, EAEn jarduera fisikoa sustatzeko MUGIMENT proiektuan zehaztutako jarraibideen eta estrategien arabera. Estrategietako batek, MUGIKASI delakoak, egiten dituen proposamenetariko bat hauxe da: EAEko ikastetxeetan, eskola-bideak sustatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko Ikastetxeen Irakaskuntza Kooperatiba titularrak eta Ikasleen Guraso Elkarteak, besteak beste, honako xede hau dute: ikasleentzako hezkuntza-jarduera osagarriak gauzatzea; hala, eskola-bideak garatzeko proiektuak burutzeko; betiere, ikasleek, ikastetxeetara egiten dituzten joan-etorriak era aktiboan egin ditzaten.

Eskola-bideei buruzko proiektuak ikasleei zuzenduak dira; batetik, kaleetan zehar autonomiaz eta segurtasunez mugi daitezen. eta, bestetik, espazio publikoaz gozatzea eta baliatzea berreskuratu ditzaten. Era berean, eskolen ingurumarian mugikortasun aktiboa sustatzeak badu honako potentzialtasuna hau: osasunerako jarduera fisikoak duen garrantziari dagokionez, gazte-gaztetarik, kontzientziatze-gradua gehitzeko tresna eragingarria bihurtzea.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT

1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta helburua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko Ikastetxeen Irakaskuntza Kooperatibei eta Ikasleen Guraso Elkarteei emateko diren laguntza ekonomikoak arautzea da agindu honen helburua; betiere, 2015-2016 ikasturtean zehar, ikasleen autonomia eta osasuna hobetzeko mugikortasun aktiboa sustatzeko esku-hartzeak gauzatzeko.

2.– 2015-2016 ikasturtean zehar, honako hauek finantzatzea da laguntza horien helburua: eskola-bideak sortu eta dinamizatzea; betiere, joan-etorri aktibo eta seguruei dagokienez, espazio urbanoek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzearren.

Honako hauek kontsideratzen dira eskola-bide: ibilbide konkretuak, aurrez finkatuak, markatuak eta dinamizatuak, zeintzuetaz baliatu daitezkeen eskola-umeak, ikastetxeetarako joan-etorriak modu aktiboan egiteko; oinez, monopatinean edo bizikletan, betiere autonomiaz eta segurtasunez; halatan, espazio publikoaz baliatu eta gozatu ahal izatea berreskuratuaz

Diruz lagun daitezkeen gastuak agindu honetako 4. artikuluan zehazten dira.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko Ikastetxeen Irakaskuntza Kooperatibek eta Ikasleen Guraso Elkarteek eskura ditzakete deialdi honetan zehaztutako laguntzak, betiere honako betekizun hauek konplitzen badituzte:

1.– Legez eratuta izatea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro egokian inskribatuta egotea.

2.– Irabazi-asmorik ez izatea.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

4.– Delako zehazpenak ezartzen duen aldian, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskurazteko eskubide barik, zehapen penal eta administratiboren baten pean ez izatea. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen debeku legalen bat dutenek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Lehenengo artikuluan adierazitako jardueretarako aurrekontu-zuzkidura, guztira, 94.000 (laurogeita hamalau mila) eurokoa izango da.

2.– Adierazitako zenbatekoa aldatu egin daiteke, eskatutako laguntzen guztizkoa kontuan izanik, eta Osasun Sailaren beste laguntza-programa batzuk burututakoan diru-kopururik agortu gabe geratuz gero, erabilgarri dagoen diruaren arabera. Aldaketa hori deialdiaren ebazpena eman aurretik egingo da, eta Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez emango da horren berri.

4. artikulua.– Diruz lagunduko diren gastuak.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastutzat joko dira 1. artikuluan ezarritako jarduerak egitetik zuzenean sortzen diren gastuak, eta horiek artean dira:

a) Proiektuaren dinamizazioa eta koordinazio teknikoa.

b) Eskabidea egin duen ikastetxearen ingurumariko mugikortasunaren azterketa.

c) Ikastetxeetarako joan-etorrietan autonomia eta mugikortasun aktiboa sustatzeari dagokionez, hitzaldiak, tailerrak eta/edo komunikazio-kanpainak atontzea.

d) Behar den materiala eskuratzea: txaleko islatzaileak, kartelak, liburuxkak, trafiko-seinale eramangarriak, eskola-bidearen seinaleztapena, etab.

e) Ekimen honi lotzen zaizkion ikasleentzako pizgarriak.

f) Mugikortasun aktiboa errazten duten ikastetxeetan espazioak egokitzea, hala nola bizikleta edo monopatinentzako aparkaleku seguruak sortu edo handitzea.

2.– Diruz laguntzen diren jardueren BEZari dagozkion gastuak ez dira lagunduko diruz.

5. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxituko da dagokion gehienezko mugara arte.

6. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

a) Eskabide-agiria eta proiektuari –zeinarentzat eskatzen baita laguntza– buruzko memoria, agindu honen I. eta II. eranskinetan jasotako ereduekin bat etorriz. Eranskinok eskuragarri daude euskadi.net webguneko egoitza elektronikoan, zeina agindu honen izapideak elektronikoki egiteari buruzko 8. artikuluan aipatzen baita.

b) IGEen kasuan: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorren IGEa inskribatu izana egiaztatzeko agiria.

c) Irakaskuntza kooperatiben kasuan: Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatibetan irakaskuntzako gisa sailkatutakoei dagokien Erregistroan inskribatu izana egiaztatzeko agiria.

d) Ordezkari den pertsonaren legezko ordezkaritza egiaztatzeko agiria.

e) Deialdi honetan parte hartzea zein batzarretan erabaki zen; bada, batzar horren aktaren fotokopia.

f) Toki-erakunderen batekin edo eragile komunitarioren batekin koordinazioan egiten den proiektuaren kasuan: tarteko diren eragile guztiek sinatutako agiria, zeinetan justifikatu egiten baita akordioa.

Paperezko euskarrian edo euskarri elektronikoan (pdf formatuan) aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.

7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea 2015eko urriaren 9an bukatuko da.

2.– Elkarte bakoitzak aurkezten duen proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu behar da.

3.– Aurrez aurre edo bitarte elektronikoak erabiliz aurkez daitezke eskabideak.

a) Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean), Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko lurralde-zuzendaritzetan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean; betiere, behar bezala betetako instantzia normalizatuaren bitartez.

b) Halaber, eskaerak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera dago, aipatutako euskadi.net webguneko egoitza elektroniko horretan.

4.– Elkarte edo kooperatiba eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Elkarte edo kooperatiba interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliaz egin ahal izango dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Elkarte edo kooperatiba eskatzaileak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira, hau da, erakundea edo pertsona juridikoa egiaztatzen duen txartelaren bidez; elkartea edo kooperatiba ordezkatzen duena pertsona fisikoa baldin bada, berriz, e-NANaren bidez (Nortasun Agiri Nazional elektronikoa).

3.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak: euskadi.net izeneko honako egoitza elektroniko honetan daude:

http://goo.gl/iNQq9j

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako eskabideak ez dituela betetzen aurreko artikuluetan xedatutako eskakizunak, hamar egun balioduneko epea emango dio elkarte edo kooperatiba eskatzaileari akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Jakinaraziko dio, halaber, hori egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela; horretarako, Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat eman beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

10. artikulua.– Organo kudeatzaileak aurkeztutako datuak egiaztatzea.

1.– Eskabideetan adierazi ahalko da laguntza eskatu duen pertsonak, elkarteak edo kooperatibak baimena ematen diola espresuki organo kudeatzaileari nortasun-datuak eskuratzeko edo egiaztatzeko, eskabidea aurrez aurre edo bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuta ere, hargatik eragotzi gabe Herri Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena.

a) Kanal elektronikoan, pertsona, elkartea edo kooperatiba aitortutako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu bada, ez du agiririk aurkeztu beharko bere nortasuna egiaztatzeko.

b) Aurrez aurreko bidea erabiliz gero, eta pertsonak, elkarteak edo kooperatibak baimena ematen badu administrazioak nortasun-datuak egiazta ditzan Barne Ministerioan, ez du inolako dokumenturik aurkeztu beharko, eta eskabidean adierazi beharko du deialdia egin duen organo kudeatzaileari baimena ematen diola administrazio eskudunean datuak egiaztatzeko, jasotzeko edo baieztatzeko, bitarteko elektronikoen bidez edo, hala badagokio, eskuragarri dauden bitartekoen bidez.

Pertsonak, elkarteak edo kooperatibak ez badio Administrazioari baimenik ematen, datu horiek aurkeztu egin beharko ditu.

2.– Laguntzak eskatzen dituzten elkarte edo kooperatiba eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.3 artikuluaren 2. paragrafoak xedatzen duenari jarraikiz.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat funtsean zuzena ez bada edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura eten egingo da horren berri jakin bezain laster, eta baliteke erantzukizunak ezartzea ere (penala, zibila edo administratiboa).

11. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak eta prozedurak.

1.– Kapitulu honetan ezarritako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluari jarraituz.

2.– Aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak. Horretarako, hurrengo paragrafoan agertzen diren balioespen-irizpideak erabiliko dira, haien arteko lehentasun-hurrenkera bat ezartzearren. Geroago, puntuazio handiena lortu duten eskabideei esleitu zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro honetarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa amaitu arte.

3.– Diru-laguntzak ondorengo irizpideetan oinarrituta esleituko dira, betiere kasu bakoitzean zehaztuko den haztapenaren arabera:

a) Diseinuaren kalitate teknikoa, halako moldez ezen erlazio koherente bat izango baita helburu espezifikoen eta horiek lortzeko aurreikusitako jardueren artean, eta bai proiektuaren ebaluazioa ere. Gehienez, 35 puntu.

b) Koordinatzea bai ikastetxeko bertako antolakundeekin (irakasleen klaustroa, ikasleen elkarteak, etab.), bai udalerriarekin (udala, auzo-elkarteak, merkatarien elkarteak, saltegi laguna, etab.), proiektuan euren inplikazioa berretsiz. Gehienez, 20 puntu.

c) Ikastetxeko ikasle kopuruari dagokionez, pertsona hartzaileak zenbat diren, kopurua. Gehienez, 15 puntu.

g) Mugikortasun aktiboari dagokionez (jokabide osasungarriak, iraunkorrak eta seguruak), ikastetxeko prestakuntza-programetan eduki transbertsalak jasotzea. Gehienez, 10 puntu.

h) Desberdintasun sozioekonomikoetan eta genero-desberdintasunetan arreta berezia jartzea: 10 puntura arte.

d) Mugikortasunaren analisia lantzerakoan metodologia parte-hartzaileak garatzea. Gehienez, 10 puntu.

a) irizpidean gutxienez 15 puntu eta guztizko puntuazioan gutxienez 50 puntu lortu ezkero, orduantxe bakarrik lagunduko dira diruz proiektuak.

12. artikulua.– Eskaeren balioespena.

1.– Balioespen-batzorde batek balioetsiko ditu eskabideak. Honako hauek izango dira batzordeko kideak: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria –batzordeko presidente izango da–, eta Osasuneko lurralde-zuzendaritzetako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordeak.

2.– Balioespen-batzordeak, dagokion artikuluan ezarritako balioeste-irizpideen arabera, balioetsiko ditu aurkeztutako eskabideak.

3.– Balioespen-batzordeak zehaztu egingo ditu elkarte, proiektu edo jarduera bakoitzerako zein den diruz lagundu daitekeen zenbatekoa eta zenbat puntu ematen zaion, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.

4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik eta/edo Balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin, betiere.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Eskabideen ebazpenean, pertsona interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako diru-laguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hauek adierazi beharko dira: zein diren (Identitatea) elkarte edo kooperatiba onuradunak, guztira zenbateko diru-laguntza emango zaion horietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Laguntzak ukatzen badira, berriz, zergatik ukatu diren adierazi beharko da.

3.– Prozedura ebatzi eta ebatzitakoa elkarte edo kooperatiba interesdunei jakinarazteko epea gehienez ere sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, elkarte edo kooperatiba interesdunek diru-laguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuaz jakinaraziko da.

5.– Delako ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere aipatutako 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak elkarte edo kooperatiba onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.

14. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta justifikazio hori aurkezteko epea.

1.– Diruz lagundutako proiektua burutu dela justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatu izanaren deskribapen-memoria, euskadi.net egoitza elektronikoko III. eranskinean jasotakoa.

b) Ikastetxearen ordezkariak emandako ziurtagiria, zeinetan jasoko baita bete egin dela diruz lagundutako proiektuaren helburua.

c) Diru-laguntza jaso duen proiektua egin dela ziurtatzen duten faktura originalak edo haien fotokopia konpultsatuak. Igortzean hala eskatzen bada, originalak itzuli egingo dira.

d) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta beste diru-laguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adieraztea.

e) Proiektua egin dela argi eta garbi uzten duten agiri grafiko osagarriak.

2.– Emandako laguntzaren kargura egindako gastuak diruz lagundutako jarduerak gauzatzeari loturikoak izango dira. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek dira:

a) Entitate onuradunaren izenean emandako fakturaren bidez justifikatutakoak.

b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, erakunde onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

e) Langile boluntarioak izanez gero, boluntarioen asegurua diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza jaso duten eta boluntarioen laguntza izan duten jardueretan. Boluntarioaren aseguruak, finantzatu beharrekoak, bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata istripuena, eta bestea erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen aseguruari diru-laguntza eman ahal izateko, aseguratzaileak edo aseguruaren hartzaileak eginiko egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

3.– Eman aurretik eginiko gastuak justifikatu daitezke jasotako diru-laguntzaren kargura, baldin eta gastu horiek diru-laguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuei dagozkien kostu errealak badira eta 2015eko urtarrilaren eta 2016ko maiatzaren bitartean sortutakoak badira.

4.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2016ko ekainaren 15ean amaituko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.

5.– Diru-laguntza justifikatzeko agiriak aurrez aurre zein bitarteko elektroniken bidez aurkez daitezke, halaxe baitago zehaztua eskabideak aurkezteari buruzko 7.3 artikuluan.

15. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako agirien akatsak zuzentzea.

Ikusten bada justifikatzeko aurkeztutako agirietan akatsak daudela edo datuak falta direla, elkarteari edo kooperatibari hamar eguneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, akatsa zuzendu edo falta diren agiriak aurkez ditzan.

16. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitekeen zenbatekoaren ehuneko ehunera artekoa izan daiteke, betiere aurkeztutako proiektu bakoitzeko 6.000 euro-ko maximoarekin.

Behin proiektu bakoitzari dagozkion zenbatekoak emandakoan, guztira emandakoa ez bada heltzen esleitutako aurrekontura, proiektuko diruz lagun daitekeen maximoa emendatu egingo da, harik eta deialdi honetako 3.1 artikuluan aipatu aurrekontu esleitua guztia eman arte.

2.– Ordaintzeko modua:

a) % 70, laguntza ematea onartzen den momentuan, ebazpena onartu eta argitaratu ostean, eta uko egiteko epea, edo presuntzioz onartzekoa, igarota.

Gainerako % 30a, diruz lagundutako proiektua egin ondoren, betiere diru-laguntzaren xede den proiektua egin izana eta bere guztizko gastua justifikatutakoan.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk alde batera utzi gabe, eta, batez ere, ezertan galarazi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezarritakoa, agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren elkarteen eta kooperatibek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzen prozeduraren gaineko ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost egunera, elkarte edo kooperatiba onuradunek ez badiote berariaz laguntzari uko egiten, laguntza onartutzat joko da.

b) Diru-laguntzak emateko eskatutako eta kontuan hartutako betekizunen bati eragiten dion edozein inguruabar aldatzen bada, ahalik eta lasterren jakinaraztea.

c) Helburu bererako beste laguntza, sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, ahalik eta lasterren.

d) Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea diru-laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduera egin dutela ere.

e) Osasun Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta kontrol-saio hauek pasatzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuetatik emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

f) Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.

g) Osasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute, egiten dituzten agirietan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da

http://goo.gl/z10BRe

h) Aurkeztutako dokumentazioaren informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea emango zaio Osasun Sailari, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sartu eta erabiltzeko, eta bai zabaldu eta/edo argitaratzeko ere, edozein bitarteko edo formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatikotan edota teknikaren arabera erabil daitekeen beste edozeinetan.

18. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, diru-laguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, han, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dira, emateko ezarritako irizpide eta mugak aplikatuz. Beraz, erakunde onuradunek itzuli egin beharko dute jasotako gehiegizko zenbatekoa.

19. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasoko dituzten entitateak» fitxategian sartuko dira, 2011ko abenduaren 22ko Aginduan ezartzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horretako datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakunde batzuei utzi, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

Ez badira baldintzak betetzen edo ez badira diruz lagundutako jarduerak gauzatzen, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.2. artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badira, jasotako laguntzak eta haien legezko interesak itzuli beharko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, bermeari, itzultzeari eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen, sozietate publikoen eta erakunde autonomoen bidez kudeatzeri buruzkoan, xedatuakoarekin bat. Laguntza horiek diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.

21. artikulua.– Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.

Osasun Sailak komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, lege honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz ezarri gabeko guztiari dagokionez, azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenean, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 14a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala