Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2015eko uztailaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3373

AGINDUA, 2015eko uztailaren 14koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateko masterreko ikasketa ofizial batzuk ezartzea eta beste batzuk kentzea baimentzen da.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak –apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatuak– 8.2 artikuluan dioenez, estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak ezartzea eta kentzea autonomia-erkidegoak erabakiko du, bai Gizarte Kontseiluak proposatuta, bai erkidegoaren beraren ekimenez, kontseilu horren adostasunarekin, eta, betiere unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak txostena eman ondoren.

Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, bere 51. artikuluan arautzen du Europako unibertsitate-eremura egokitzea. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek ikasketa-planetan eta kredituen eta balorazioen sistemetan beharrezkoak diren egokitzapenak bultzatuko dituzte eta, horiekin batera, beharrezkoak diren gainerako neurriak hartuko, euskal unibertsitate-sistema Europako unibertsitate-eremuan sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.

Irakaskuntza ofizialak nola ezarri araututa dago unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan –uztailaren 2ko 681/2010 Errege Dekretuak aldatua–, eta gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuan.

Hain zuzen ere, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, 8. artikuluan, xedatzen du estatu osoan izaera ofiziala eta baliozkotasuna duten tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketak hiru ziklotan egituratuko direla: gradua, masterra eta doktoregoa izenekoetan, hain zuzen.

Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuak 16. artikuluan arautzen du zer prozedura jarraitu behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak agindu-proposamena prestatu behar du, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.

2015eko apirilaren 22an, EHUko Gizarte Kontseiluak masterreko titulu ofizialak lortzeko ikasketak 2015-2016 ikasturtetik aurrera ezartzea onartu zuen, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak txostena eman ondoren.

ANECA Kalitate eta Ziurtapenaren Ebaluazio Agentzia Nazionalaren eta ACSUG Axencia para a Calidade do Sistema Universitario de Galicia ebaluazio-txostena jaso eta gero, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Unibertsitate Kontseiluak egokitzat jo du Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztutako masterreko ikasketen proposamena, betiere uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuko 25.7 artikuluan ezarritakoaren arabera. 861/2010 Errege Dekretuak urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua aldatzen du, hots, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen Errege Dekretua.

Hori dela eta, eta gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak nola ezarri eta kendu arautzen duen urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 16. artikulua aplikatuta, eta 2015eko maiatzaren 25eko bilkuran txostena aurkeztuta Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari, jakitun izan daitezen, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea I. eranskinean jasotzen diren unibertsitate-master ofizialetako ikasketak ezartzeko eta kentzeko.

2. artikulua.– Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren xedapen iragankorretatik bigarrenean xedatutakoari jarraituz kenduko dira ikasketak. Ekainaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaz aldatu zen dekretu hori.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari jakinaraztea, horrek Gobernuari proposamena egin diezaion tituluak ofizialtzeko, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan jasotzeko eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Baimentzen diren masterreko ikasketa ofizialak lau urte igaro baino lehenago izan beharko dute berrituta egiaztapena, hasierako egiaztapena ematen den egunetik aurrera. Urriaren 16ko 205/2012 Dekretura egokituko da berriztapen hori, dekretu horren bidez xedatzen baitira prozedura eta epeak gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen egiaztapena berritzeko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 19. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Euskal Herriko Unibertsitateak urtero memoria bat egingo du matrikulazio-datuei buruz eta aurreko ikasturtean titulazio bakoitzak izandako kostu ekonomikoei buruz, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari bidaliko dio ikasturte akademiko bakoitzaren matrikulazio-epea bukatu ondoren, betiere abenduaren 30a baino lehen. Aipatutako dekretuaren II. eta III. kapituluetan jasotako baldintzaren bat betetzen ez bada, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak unibertsitateari behar diren neurri zuzentzaileak hartzeko eskatuko dio. Aipatutako baldintzak bete gabe segituko balu, Euskal Herriko Unibertsitateak ikasketa hori beste prozedura batean sartu beharko du, egiaztapenari eutsi ahal izateko; edo, bestela, ez du berriz eskainiko.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 14a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala