Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2015eko uztailaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3365

AGINDUA, 2015eko uztailaren 15ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, gizarte-ekonomiako enpresa-lankidetzarako laguntzak arautzen dituena eta laguntza horietarako deialdia egiten duena.

Kooperatiba-sozietateek eta batez ere kooperatiba txikiek, irauteko eta garapena izateko, gutxieneko tamaina bat behar dute, eta, sozietate-mota horrek erabakiak hartzeko eta enpresa-kontrolerako daukan erregimen demokratiko pertsonalista dela-eta, derrigorrezkoa da haien artean lankidetzan jardutea.

Aurreko ekitaldian berriz jarri zen martxan kooperatiba horiek bultzatzeko ekimen publikoa, eta oraingo laguntza-programa honek zabaldu egiten ditu laguntza publikoa jaso dezaketen lankidetzako esparruak, erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua kontuan hartuz. Oraingo honetan, hain zuzen ere, kapital-eskualdatzeak errazten dituzten tekniken prestaketa eta diseinuaren bidezko sozietate-dimentsionamendua sustatu nahi da, helburu honekin: pizgarriak ematea gizarte-ekonomiako enpresetako langile bazkideek enpresa horien kapital sozialean parte har dezaten, eta, azken batean, sozietate-mota hori aukera erakargarria eta erreala izatea enpresa-ekimenerako. Aipatutako sozietateen adierazgarri diren elkarteek gauzatzen duten jarduera horrek bermatzen du lortu nahi denaren eraginkortasuna, eta, horrez gain, gastu publiko eraginkorra egiten laguntzen du.

Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Gizarte-ekonomiako erakundeek enpresa-lankidetzarako ekintzak burutu ditzaten, Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, 2015eko ekitaldian eman ahal izango dituen laguntzak arautzea eta laguntza horietarako deialdia egitea da agindu honen xedea.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Agindu honetan barne hartzen diren laguntzak jaso ahal izango dituzte jarraian aipatzen diren jardueretatik zuzenean eratorritako gastuek:

a) Lankidetza-proiektu bat lantzeak eta ezartzeak eragindako gastuak, ordezkaritza duten gizarte-ekonomiako elkarte-erakundeek elkartekide dituzten enpresentzat egindakoak.

Lankidetza-akordioak egiteko aukeraren eta bideragarritasunaren inguruan egindakoak hartuko dira lankidetza-proiektutzat eta, besteak beste, gai hauei buruzkoak izango dira: ondasun eta zerbitzuen salerosketari buruzko lankidetza-tresnak ezartzea, berrikuntzarako estrategiak elkarrekin diseinatzea, kostua murriztea eta kalitatea hobetzea, teknologia elkarrekin erostea, baterako finantzaketa-tresnak erabiltzea, eta, oro har, zerbitzuak batera kontratatzea. Era berean, lankidetza-proiektutzat joko da langile bazkideek kapitalean duten partaidetza eskualdatu eta aipatutako proiektuan parte hartzen duten sozietateetan ezartzea errazten duten mekanismoak lankidetzan diseinatzea eta prestatzea, kasuan kasuko elkartearen gidaritzapean.

b) Akordioak landu eta formalizatzeko eta enpresa-lankidetzako enpresak edo egiturak sortzeko beharrezkoak diren gastuak, gizarte-ekonomiako enpresek bat egiteko beharrezkoak direnak barne.

Kanpoko gastutzat jotzen dira lege- eta/edo ekonomia-aholkularitzaren minutari dagozkionak eta akordioak formalizatzeko notaritza- eta erregistro-gastuak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta diru-laguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta hogeita hamabost mila (135.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: laurogeita bat mila (81.000) euroko ordainketa-kreditua 2015eko ekitaldirako eta berrogeita hamalau mila (54.000) euroko konpromiso-kreditua 2016ko ekitaldirako. Aurrez aipatutako zenbateko horiek handitu ahal izango dira, baldin eta indarreko legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egitea onartzen bada. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Enplegu eta Laneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek jasoko dute diru-laguntza. Agindu honetan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako diru-laguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-atala gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hainbanaketa bakarra aplikatuz kalkulatutako diru-laguntzei.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko, aurrez aurreko bidea zein bide elektronikoa erabili ahal izango da.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean zein bide elektronikoa erabiliz izapidetzeko jarraibideak egoitza elektronikoan daude, helbide honetan: www.euskadi.net/intercooperacion2015/y22-izapide/eu

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabili behar denik; nahi den bidea erabil daiteke edozein unetan.

4.– Eskaeraren ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Sozietatearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan dutela eratutako kooperatiba sozietateek, lan-sozietateek, eta gizarte-ekonomiako enpresa lankidetzako sozietate-erakundeek eta egiturek jaso ahal izango dituzte agindu honetan jasotzen diren laguntzak.

Aholkularitza-erakunde batekin lankidetzan egiten baldin bada jarduera, agindu honen 6. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko ditu erakunde horrek.

6. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Aurreko artikuluan aipatu diren aholkularitza-erakundeek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edo lantokiren bat bertan edukitzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, eta tituludun horiek enpresa-kudeaketako lankidetza-sistemen gaineko azterlanetan eta ezarpenean esperientzia egiaztatua izatea.

c) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

7. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia(k) eta egoitza soziala edukitzea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea, betiere Ogasun eta Finantza Sailak horiei dagokienez ezarritakoaren arabera.

d) Gainera, alta emanda egon beharko dute Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta egon ezean, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, helbide hauetara jo ahal izango da alta emateko edo aldaketa egiteko:

– Aurrez aurreko bidea erabilita: http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

– Bide elektronikoa erabilita: http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

e) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.

f) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.

g) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

8. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluan adierazitako baldintzak, eta eskabidean jaso beharko da adierazpen hori.

2.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileak datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela ziurtatzen duen dokumentazioa egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Diru-laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeari lotutako kanpo-kostuen % 50era arte emango du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, muga hauekin:

a) 2. a artikuluko jarduerak: hamabi mila (12.000) eurora arte.

b) 2. b artikuluko jarduerak: hogeita hamar mila (30.000) eurora arte.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, hauek izango dira irizpideak:

a) Tamaina, bazkideen eta esku hartzen duten sozietateen kopuruaren arabera; tamaina txikienekoei emango zaie lehentasuna.

Proiektuan bigarren mailako kooperatiba-sozietate batek edo elkarte batek esku hartzen badu, irizpidea beste bat izango da: proiektuak eragiten dituen pertsona fisikoekiko batez bestekoa.

b) Esku hartzen duten sozietateen kopurua; parte-hartzaile gisa enpresa gehien dutenek izango dute lehentasuna.

c) Esku-hartzaileen inplikazio-maila, parte-hartzaile bakoitzak egin beharko duen ekarpenaren muntaren arabera.

d) Proiektuaren iraupena; iraupen luzeena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

e) Lankidetzaren nolakotasuna; integrazio-maila handiena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

3.– Langile bazkideek kapitalean duten partaidetza eskualdatzea errazten duten mekanismoak lankidetzan diseinatu eta prestatzeko proiektuen kasuan, artikulu honetako lehenengo paragrafoan aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 75eraino igoko da.

4.– Agindu honen arabera onuradun bakoitzak lortu ditzakeen diru-laguntzen muga orokorra hogeita hamar mila (30.000) eurokoa izango da.

10. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste edozein administraziok edo erakunde publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa, ezta agindu honetako 9.4 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa baino gehiagokoa ere.

2.– Agindu honetako laguntzak eta erakunde onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 9.3 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, orduan soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Diru-laguntzen eskabideak agindu honen eranskinean jasotako inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira. Aurreko artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere eskura daiteke inprimaki hori.

2.– Eskaerak aurkezteko epea 2015eko irailaren 15ean bukatuko da, egun hori barne.

3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko 10/1982 oinarrizko Legeak, azaroaren 24koak, 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako lurralde-ordezkaritzetan, edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez. Bide elektronikoa erabiliz egiten diren eskaerak https://euskadi.net/misgestiones helbidean aurkeztuko dira.

5.– Eskabideari erantsita, dagokion artikuluan zehazten diren dokumentuak aurkeztu beharko dira.

12. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Agindu honetan jasotako onurak bereganatu nahi dituzten erakundeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabide sinatua, datu hauekin:

– Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea eta bat-egitea.

– Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzaren bazkide-kopurua.

– Kalkulatutako aurrekontua.

– Erakunde bakoitzak kostuetan dituen partaidetza-portzentajeak.

b) Proiektuaren edo lankidetza-jardueraren azalpen-memoria, hauek adierazita: faseak, iraupena, metodologia eta, bat-egiteen kasuan, bat egindako erakundeen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiagoaren azalpena.

c) Aholkularitza-erakunde batek parte hartzen badu:

– Erakundearen datuak.

– Azterlana gauzatzerakoan lankidetzan jarduteko akordioa.

– Zinpeko aitorpena, agindu honetako 4. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen direla adierazten duena.

13. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Diru-laguntzen eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, administrazioak eskaerari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiako Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiako zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Enplegu eta Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioaren kaltetan izan gabe.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaren bidez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zein erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo zatia, hau da, guztirako diru-laguntzaren % 60, diru-laguntza ematea erabakitzen denean.

b) Bigarren ordainketa, gainerako kopurua, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.

2.– Diru-laguntzaren bigarren ordainketa gauzatu ahal izateko, erakunde onuradunek, jarduera amaitu eta ondorengo 3 hilabeteko epearen barruan, eta betiere 2015eko irailaren 31 baino lehen, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte: diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatzen duen memoria eta jardueren benetako gastua egiaztatzen duen dokumentazioa (azken horretarako, jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak aurkeztu behar dira).

16. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua betetzat jota, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero, edo administrazio honek zein beste edozein administrazio publiko edo erakunde publikok emandako beste diru-laguntza batzuk lortuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiako zuzendariak aldaketa-ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira, eta erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

Diru-laguntza jaso duen erakunde onuraduna Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago, edo agindu honetan, aplikatu beharreko gainerako arauetan edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat ez badu betetzen, Gizarte Ekonomiako zuzendariak, ebazpen baten bidez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako laguntza eta diru-laguntza ordaindu denetik aplikatu beharreko legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli behar zaizkiola, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe. Dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren. Aipatutako zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan xedatutakoa izango da erantzukizunen araubidea.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiako zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasotakoan edo epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro bada, Gizarte Ekonomiako zuzendariak ebazpena emango du, zeinetan, beharrezkoa bada, EAEko Diruzaintza Nagusiari zenbat itzuli behar zaion xedatuko den; horretako epea bi hilabetekoa delarik, ebazpena jakinarazten denetik. Epe hori izango da borondatezko aldiaren epea.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari, hark, aplikatu beharreko lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekiteko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Erregimen osagarria.

Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, eta azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek beronen aurkako aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzerik izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak izatea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 15a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala