Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2015eko uztailaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3363

AGINDUA, 2015eko uztailaren 15ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntzetarako 2015eko deialdia egin eta laguntzak arautzen dituena (Elkartek Programa).

Euskal erakundeek ikerkuntzaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin izan dute, betiere enpresen hobekuntza lehiakorrari eta ongizate nahiz aberastasun ekonomikoaren eta sozialaren sorkuntzari laguntzeko ikuspegiarekin. Estrategia horren ondorioz, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea eraiki da, eta sare horri esker, Euskadi Europar Batasuneko goi-mailako berrikuntzako eskualdeen taldean dago.

Sistema honen gune nagusia Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek osatzen dute, eta sare horren araudia ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan dago jasota.

Nolanahi ere, azken hamarkadan, aldaketa ugari gertatu dira gure inguruan, hala nola: Europako estrategia berriaren definizioa (Europa 2020), hazkunde zentzudunago, jasangarriago eta integratzaileagoa lortzeko ezarria; RIS3 kontzeptuaren garapena, hau da, «espezializazio adimenduna lortzeko ikerketa- eta berrikuntza-estrategia», eta Horizon 2020 finantza-tresna martxan jartzea, hau da, I+G+b-ren aldeko Europako programa.

Horregatik guztiagatik (Euskal Politika Zientifiko Teknologikoak lortutako heldutasunagatik) Eusko Jaurlaritzak gure enpresei eta eragileei erronka berriei aurre egiten eta abantaila lehiakor iraunkorrak eraikitzen lagunduko dien estrategia bat sustatzen du. Etorkizuneko etapa berri bat sustatzeko apustua egitea da. Gainera, 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Planean horrela dago jasota.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea berrantolatzea, antolatzea eta eguneratzea da estrategia berri hori zabaltzeko palanka nagusietako bat. Izan ere, prozesu horren bidez, lortu nahi da, hartutako esperientzian oinarrituta, eragile bakoitzaren posizionamendu zehatza eta helburuak zehaztea, aintzat hartuta I+G+b balio-kateko egoera, bikaintasuna eta espezializazioa. Horrekin guztiarekin, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileen eraginkortasuna eta orientazioa areagotu nahi dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko ehun produktibo eta sozialerako balio-ekarpena hobetu ere, betiere elkarlanaren eta osagarritasunaren bitartez.

Adierazitako guztia aintzat hartuta, laguntza-programa berri bat arautu beharra dago, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileek gehienbat elkarlanean garatzen duten funtsezko ikerketa eta industria-ikerketa aldezteko. Programa horrek Zientzia eta Teknologiako Estrategia berria, ZTBP 2020 planean ezarritakoa, garatzen eta hedatzen lagundu behar du, bai eta ezarritako helburuak lortu eta Berrikuntzako Euskal Sistema sendotu ere.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Elkartek Programa arautzeko oinarriak onartzea, I. eranskinean jasotzen diren eran, 2015eko ekitaldiko deialdiari dagokionez. Programa horren bidez, arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntzak ematen dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Prozeduraren arloan agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, aplikagarria izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 15a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
ELKARTEK PROGRAMA ARAUTZEKO OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da honako laguntza hauek arautzea: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea osatzen duten ikerketa, garapen eta berrikuntzako erakundeek egindako Elkarlaneko Ikerketa sustatzeko laguntzak (Elkartek Programa).

Jarduera ez-ekonomikotzat joko da Elkarlaneko Ikerketa, eta Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako laguntza estatalei buruz Batasunaren esparruan Europar Batasunak ezarritako baldintzak bete beharko ditu (2014-06-27ko EBAO, C 198).

Batasunaren Esparruko 18. puntuan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz, jarduera ez-ekonomikoen finantzazio publikoari ez zaie aplikatuko Itunaren 107. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoa, hau da, ez da estatu-laguntzatzat hartuko, betiere bi jardueren –ekonomikoen eta ez-ekonomikoen– arteko aldea nabaria bada eta batzuen eta besteen kostuak eta finantzazioa nabarmen bereizten badira jarduera ekonomikoak zeharka diruz laguntzea saiheste aldera.

Halaber, agindu honetan ezarritakoa oinarri hartuta sustatutako ikerketa-jarduerak ezin badira ez-ekonomikotzat jo, Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan ezarritakoa aplikatuko da, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen baitira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014-06-26ko EBAO, L 187).

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan zehaztutakoa bete dadin erabiliko diren baliabide ekonomikoak –zehazki, 20.100.000 euro– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Aurrekontuko ekitaldiaren barruan, eman beharreko laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu aurrekontuetan izendatuta dagoena, ezta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuaren aldaketak onartzen badira, eguneratze horien ondorioz sortzen den zenbatekoa ere.

4.2 artikuluan aipatzen diren proiektuak finantzatzeko, deialdiaren diru-zuzkidura osoaren % 25 erabiliko da gehienez, eta 4.3 artikuluko ekintzak finantzatzeko, berriz, % 10, gehienez ere. Proiektu eta ekintza horietarako laguntzak esleitu ondoren gehieneko diru-zenbatekoak agortzen ez badira, soberakina 4.1 artikuluan bildutako proiektuak finantzatzeko erabiliko da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea osatzen duten eragile zientifiko-teknologikoak izan daitezke agindu honetako laguntzen onuradun, betiere horretarako akreditatuta badaude ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, haren xedapen iragankorretan edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz (109/2015 Dekretuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen da).

2.– Dena den, aurreko paragrafoan adierazitako erakundeek berek burutu beharko dituzte araudi honetan ezarritako jarduera diruz lagungarriak, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean kokatu beharko dituzte laguntza jasotzen duten proiektuak.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte erakunde onuradunek, gai horretan indarrean dagoen legeriak xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Onuradunek, era berean, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute, eta ez dira desgaituta egongo diru-laguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo beste ente publikoekin kontratuak izenpetzeko. Zenbait ikerketa-unitateren kasuan –alegia, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa-zentro, -institutu, -departamendu, -sekzio edo beste ikerketa-unitate batzuen kasuan, Osakidetzako ikerketa eta garapeneko unitateen kasuan, eta forma juridiko propioa ez duten eta zentro sanitario pribatuetan integratuta dauden ikerketa eta garapeneko unitate sanitarioen kasuan–, onuradun izango dira ikerketa-unitate horiek euren baitan hartzen dituzten erakundeak, baldin eta nortasun juridiko propioa badute.

5.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

4. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko proiektuak.

1.– Elkarlaneko Funtsezko Ikerketa Proiektuak:

a) Elkarlaneko ikerketa-proiektutzat hartuko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko (ZTBES) eragileek elkarlanean egindako funtsezko ikerketa-proiektuak, zenbait arlotan ezagutza handitze aldera egindakoak, zehazki epe ertain eta luzean eskari potentzial handia izateagatik Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Euskadi 2020 Planaren espezializazio-esparruen parte diren arloetan.

Agindu honen ondorioetarako, funtsezko ikerketatzat hartuko da ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Batasunaren Esparruan ezarritakoa (2014-06-27ko EBAO, C 198).

b) Elkarlaneko ikerketa-proiektuak urte anitzekoak izango dira, eta ZTBESko hainbat eragilek lankidetzan eginak izan beharko dira; eragile horiek, bestalde, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko hiru eragile-mota ordezkatu beharko dituzte gutxienez, eta akreditatuta egon beharko dute ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuari eta haren xedapen iragankorrei edo hura ordezkatzen duen araudiari jarraituz (109/2015 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duena).

c) Proiektu batek diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuko, gutxienez, 150.000 euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko da, eta, erakunde parte-hartzaile bakoitzeko, 50.000 eurokoa; proiektuak, gehienez, bi urte iraungo du: 2015eko eta 2016ko ekitaldiak.

d) Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Batasunaren Esparruko 18. puntuan eta hurrengoetan ezarritakoa bete beharko dute elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuek (2014-06-27ko DOUE, C 198)

2.– Industria Potentzial Handiko Ikerketa Proiektuak.

a) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektutzat hartuko dira funtsezko ikerketa orientatuko proiektuak edo industria-ikerketakoak. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen I+G-ko enpresa-unitateek, merkatua erakartzeko eta hara iristeko ahalmen handia dutenek, gidatuta egongo dira proiektuok, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2020 Planaren espezializazio-esparruekin bat egingo dute.

Agindu honen ondorioetarako, funtsezko ikerketa eta industria-ikerketatzat hartuko da Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Esparruan (2014-06-27ko EBAO, C 198) eta Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan (2014-06-26ko EBAO, L 187) xedatutakoa. 651/2014 Erregelamenduaren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

b) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuak urte anitzekoak izan daitezke. Gainera, I+G-ko enpresa-unitateek garatu ditzakete halako proiektuak, banaka edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko (ZTBES) beste eragile batzuekin elkarlanean. Azken kasu horretan, I+G-ko enpresa-unitate batek hartu beharko du proiektuaren gidaritza.

c) Proiektu batek diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuko, gutxienez, 100.000 euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko da, eta, erakunde parte-hartzaile bakoitzeko, 50.000 eurokoa; proiektuak, gehienez, bi urte iraungo du: 2015eko eta 2016ko ekitaldiak.

d) Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoa betetze aldera, industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuen aldeko laguntzen pizgarri-efektua bermatzeko, erakunde eskatzaileek laguntza-eskabidea aurkeztu ondoren hasitako proiektuak bakarrik lagunduko dira diruz.

e) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuek, gainera, Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoa beteko dute. 651/2014 Erregelamenduaren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014-06-26ko EBAO, L 187).

3.– Interes bereziko ekintza osagarriak:

a) Berrikuntzako Bitarteko Erakundeek bakarrik garatzen dituzten proiektuak izango dira interes bereziko ekintza osagarriak. Hona hemen:

• Prospektibari eta eskari goiztiarrari buruzko azterlanak egitea, bai eta zaintza teknologikoari buruzkoak ere.

• I+G+b-ko proiektuak prestatzerakoan, lankidetza teknologikoa eta aholkularitza aldeztea.

• Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako egungo estrategia zabaltzeko jarduerak edo jardunaldi tematikoak.

• I+G+b-ren kudeaketari buruzko jarduerak, bai eta ezagutza transferitzeko eta baloratzekoak ere

• I+G+b nazioartean zabaltzeko jardueretan parte-hartzea sustatzea

b) Ekintza osagarriek bat etorri beharko dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2020 Euskadi Planaren espezializazio-esparruekin.

c) Banaka egin ahal izango dira ekintzok, edo Berrikuntzako Bitarteko Erakunde zenbaiten arteko lankidetzan. Halaber, urte anitzekoak izan daitezke, eta gehienez bi urte iraun: 2015 eta 2016.

d) Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Batasunaren Esparruko 18. puntuan eta hurrengoetan ezarritakoa bete beharko dute interes bereziko ekintza osagarriek (2014-06-27ko DOUE, C 198)

5. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak.

1.– Honako hauek izango dira diru laguntzeko moduko gastuak:

– Proiektuan zuzenean arituko diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta laguntzaileak), kostu zuzenak nahiz zeharkakoak barne.

– Ikerketa-proiektuaren zati batzuk azpikontratatzea, onuradunek berek ezin baitituzte egin konplexuak edo espezializatuak izateagatik. Azpikontratazio horretan ezin izango dira sartu artikulu honetan aipatu ez diren bestelako gastuak.

– Aholkularien zerbitzuak eta antzeko beste zerbitzu batzuk, honako hauek barne hartuta: ikerketa-lanak eta ezagutza teknikoa erostea; kanpoko ikastaro eta mintegietara joateko gastuak, eta bideragarritasun- eta merkatu-azterlanenak –horien barruan, proiektuaren kostuei buruzko auditoria sar daiteke–. Auditoriaren kostutik, gehienez 1.500 euro lagundu daitezke diruz, proiektu eta erakunde onuradun bakoitzeko.

– Ikerketa-jarduerak zuzenean eragindako beste gastu batzuk (materialak, horniketa, bidaiak, eta abar).

– Patenteak erregistratzeko eta mantentzeko gastuak eta/edo jabetza intelektuala babestekoak.

– Amortizazio-gastu hauek: azpiegitura sortzekoak eta ekipamendu teknologiko aurreratua erostekoak, bai eta instalazio eta zerbitzuak hobetzekoak ere, Gastu horien helburua izango da proiektuaren xedeak baldintza onenetan erdiestea.

Aurreko paragrafoetan aipatutako diruz laguntzeko moduko gastuak interpretatzeko, kontuan hartuko da Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Esparruan (2014-06-27ko EBAO, C 198) eta Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan (2014-06-26ko EBAO, L 187) xedatutakoa. 651/2014 Erregelamenduaren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

2.– Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta ZTBESko eragileek –hala EAEko sektore publikokoek nola partaidetza publikoa nagusi den eta sektore publikoan edo inongo administraziotan sartuta ez dauden erakundeetakoek–, langileen kostuaren kontzeptuan langile propioen edo plantillakoen zeharkako kostua baino ezingo dute aplikatu, eta ezingo da inola ere diruz finantzatu langile horien kostu zuzena. Diruz lagundutako proiektua egiteko berariaz kontratatutako langileentzat, zuzeneko kostua izango da tarifa.

Http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-conbnoce/es/contenidos/informacion/sector_publico_cae_2013/es_def/index.shtml

6. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

2.– Diruz lagundu daitekeen proiektu-tipologia bakoitzaren barruan, norgehiagoka-prozedura bidez alderatuko dira proiektuak, aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, eta agindu honetako 12. artikuluan zehaztutako irizpide eta prozedurei jarraituz.

3.– Proiektuak onartuko dira, baldin eta 12.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen badute, eta 7. artikuluan zehaztutako zenbatekoen araberako diru-laguntza emango zaie.

7. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Proiektu bakoitzari emango zaion diru-laguntza honela kalkulatuko da: onartutako proiektu bakoitzean onetsitako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuaren gainean, 3. paragrafoan aurreikusitako laguntza-kopuru handiena emango da.

2.– Diru-laguntzak urtekoak edo urte anitzekoak izan daitezke, proiektuaren iraupenaren arabera, eta gehienez 2 ekitalditarako izango dira.

3.– Onuradun bakoitzari emango zaizkien laguntzen (itzuli beharrik gabeko laguntzen) ehunekoak hauek izango dira gehienez:

– Elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuei, onartutako diruz laguntzeko moduko gastuen % 100 emango zaie gehienez, ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Batasunaren Esparruan zehaztutakoari jarraituz, betiere erakunde onuradunen jarduera ez-ekonomikoari % 100eko muga ezarrita.

– Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan zehaztutakoari jarraituz, industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuei, onartutako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuaren % 100 emango zaie gehienez, funtsezko ikerketa-proiektuak baldin badira, eta % 50 gehienez, industria-ikerketako proiektuak badira.

– Elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuei, onartutako diruz laguntzeko moduko gastuen % 100 emango zaie gehienez, ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Batasunaren Esparruan zehaztutakoari jarraituz, betiere erakunde onuradunen jarduera ez-ekonomikoari % 100eko muga ezarrita.

4.– Diruz lagundutako proiektu-tipologia bakoitza finantzatzeko erabiliko den diru-kopurua, 2.2. artikuluan ezarritakoa, nahikoa ez bada jarduera guztiak finantzatzeko aurreko 3. puntuan ezarritako eran, dirua hainbanatuko da kasuan kasuko tipologiako jardueren artean. Horretarako, aintzat hartuko da ebaluazioan lortutako puntuazioa, 12. artikuluan bildutako irizpideen araberakoa.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetako laguntzak eskuratzen dituzten eragile zientifiko-teknologikoek beste laguntza batzuk ere eskuratu ahal izango dituzte jarduera horiek burutzeko, edozein dela ere laguntza horien izaera edo laguntzak ematen dituen organoa edo administrazioa. Eragile bakoitzak guztira zenbateko laguntzak jasoko dituen jakin ondoren, agindu honetan ezarritakoa betez eragile teknologiko bakoitzak jaso ahal izango dituen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak, eta, zehazkiago, ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Esparruan ezarritakoa (2014-06-27ko EBAO, C 198).

2.– Eragile zientifiko-teknologikoek, agindu honetako laguntzak jaso ostean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinarazten badiote beste administrazio edo erakunderen batetik diru-laguntzak eskuratu dituztela, diru-laguntza horiek ezin izango dira aurreko paragrafoan aipatutakoa baino handiagoak izan, ez eta onuradunek garatuko duten jardueraren kostu osoa baino handiagoak ere. Horrela bada, agindu honi jarraituz emandako laguntzak murriztu egingo dira muga horretara egokitu arte.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzara zuzenduko dira, eta, bide hauetakoren bat erabiliz aurkeztuko: zuzenean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako bideetako bat erabiliz, edo, bestela, Zuzenean Herritarrentzako Arreta Bulegoetan eta https://www.spri.es/idi/idi web gunean. Horretarako epea hau izango da: EHAAn argitaratu eta biharamuneko 9:00etatik 2015eko irailaren 21eko 12:00ak arte.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eskuragarri jarriko du eskabide- eta inprimaki-eredu bat, web-orri honetan: https://www.spri.es/idi/idi

3.– Elkarlaneko proiektuetarako, erakunde interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Beraz, proiektuan parte hartzen duten Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileetako batek, proiektuaren garapenean protagonismo handiena izateagatik lider denak, proiektuaren garapenaren eta kudeaketaren erantzukizuna izango du, eta, horretarako, bere gain hartuko du Administrazioarekiko elkarrizketa- eta harreman-funtzio guztiak, proiektuaren martxa onerako beharrezkoak direnak, eta, gainera, proiektuaren zuzendaritza eta partzuergoaren ordezkaritza edukiko ditu, eta beraz, proiektuaren lidergoa.

Eragile liderrak aurkezten duen eskaeran agertu beharko da egoera hori; gainera, eragileak berak ez ezik, proiektuan parte hartzen duten gainerako erakunde guztiek ere sinatu beharko dute eskaera.

4.– Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da proiektu bakoitzeko:

a) Proiektuaren eragile liderrak honako hauek aurkeztuko ditu:

1) Eskabide-orria, eragile liderrak eta parte hartzen duten gainerako erakundeek sinatua.

2) Proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa, paperean eta euskarri elektronikoan.

b) Erakunde parte-hartzaile guztiek (eragile liderrak barne) honako hauek aurkeztuko dituzte:

1) Proiektuan parte hartzeko inprimakia.

2) Eragilearen jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskribapen-memoria.

3) Eskabidea egin behar duen pertsonaren ordezkaritza-ahalordearen kopia.

5.– Honako alderdi hauek egiazkoak direla egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena:

– Beste instituzio publiko edo pribatuei proiektu berarentzat eskatutako eta/edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda.

– Erakunde eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

– Erantzukizunpeko adierazpena (ikus II. eranskina), non azaltzen baita ez duela jaso legez kanpoko laguntzarik edo laguntza bateraezinik, estatuko laguntza-erregimen hauetako batetik: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00).

6.– Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuetarako laguntza-eskaeren kasuan, pizgarri-efektuari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute erakunde eskatzaileek, hala ezarrita baitago Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduko 6. artikuluan.

7.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, edo, hala badagokio, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k, –agindu honetan jasotako diru-laguntzak kudeatzen erakunde laguntzaile modura jardungo baitu– zera eska diezaiekete eskabidea egiten duten enpresei: aurkeztutako eskabidea egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiri edota argibide osagarriak, aditzera emanez ezen, agindu honetan propio adierazi gabekoetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko dela.

8.– Erakunde eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko prozeduraren instrukzioa egiteko eskumena duen organoak dagoeneko dituen agiriak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1991 Legearen 35.f) artikuluak xedatutakoaren arabera, eta bere garaian aurkeztu zitzaion espedientearen zenbakia ezarri beharko da eskabidean, betiere dagokion prozedura amaitu zenetik hona ez badira 5 urte igaro oraindik. Ezin bada agiria zuzenean eskuratu, erakunde eskudunak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste gisa batez egiaztatzeko.

9.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, agindu honen haritik Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarekin eta SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.rekin izango dituzten harremanetan.

10. artikulua.– Eskabideak onartzea eta zuzentzea.

1.– Eskaera puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo agindu honetan eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak helarazteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela joko da, Teknologia eta Estrategiako zuzendariaren ebazpen bidez, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 71.1 artikuluan.

2.– Lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuko lider den erakundearekin gauzatuko da jarduera hori.

11. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko organoa.

1.– Gai honetarako berariaz sortutako ebaluazio-organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta esleipen-proposamenak egitea ere.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Teknologia eta Estrategiako zuzendaria izango da ebaluazio-organoko burua. Organoko kideak, berriz, hauek izango dira: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko zuzendaria (bera izango da presidenteordea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako kasuetan); SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Teknologia eta Berrikuntzarako Unitate Estrategikoko ordezkari bat, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena. Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da.

3.– Proposamenak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Teknologia eta Berrikuntzako Unitate Estrategikoak gauzatuko ditu, zeinak ebaluazio-organoan aurkeztuko baititu.

4.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira Ebaluazio-organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta paragrafo honetan aurreikusi ez den orotan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. tituluko II. kapitulua aplikatuko da, osagarri modura.

5.– Ebaluazio-prozesuan, komenigarritzat hartzen bada, proiektuetan aldaketak egitea iradoki ahal izango zaie erakunde eskatzaileei, proiektuak hobetu egokitu daitezen ezarritako helburuetara.

12. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Arlo estrategikoetako elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuak eta interes bereziko ekintza osagarriak hautatzeko eta, hala badagokie, haientzako laguntza-ehunekoa finkatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira aintzat:

a) Funtsezko irizpideak:

1) Arlo estrategikoetako elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuak eta industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuak:

1. Orientazio zientifiko-teknologikoa (25 puntu):

Proposamena noraino egokitzen den Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzan dituen lan-ildoetara, eta nolako ekarpena egiten dion ZTBP 2020 planean bildutako espezializazio adimendunaren estrategiari.

Proposamenean definitzen diren arloetan, inbertsioak egiteko nolako aukerak ematen dituen proiektuak, zientzia- eta teknologia-ikuspegia oinarritzat hartuta; bestalde, egungo artearen egoerari dagokionez, nolako ekarpen zientifiko-teknikoa egiten duen proiektuak.

Proposatutako jardueretan nolako emaitza zientifiko-teknologikoak espero diren eta nolako gaitasuna dagoen horiek lortzeko.

Nolako gaitasuna daukan partzuergoak erreferente zientifiko-teknologiko bihurtzeko.

2. Zientzia eta teknologia transferitzeko potentziala eta inpaktu sozio-ekonomikoaren proiekzioa (25 puntu):

Programan aurreikusitako emaitzen aprobetxamenduak nolako inpaktua izan lezakeen euskal gizartearen eta ekonomiaren egituran, aplikazio-perspektiben arabera.

Proposamenean definitzen diren arloetan, nolako aukerak izan ditzakeen Euskal Autonomia Erkidegoak gaitasunak garatzeko, gizartearen eta ekonomiaren arlotik begiratuta.

3. Lankidetza - Zientzia-Teknologia-Berrikuntza sistemaren integrazioa (10 puntu):

Zientzia eta Teknologia Sistemako eragileekiko lankidetza eta elkarlanerako eskema.

4. Konektagarritasuna eta berrikuntza (10 puntu):

Europako Ikerketa Gunean integratzea.

Erreferentzia-zentroekiko akordioak edo halakoak egiteko konpromisoak.

2) Interes bereziko ekintza osagarriak:

1. Jarduera zientifiko teknologikoaren osaketa (25 puntu):

Proposamena noraino egokitzen den Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzan dituen lan-ildoetara, eta nolako ekarpena egiten dion ZTBP 2020 planean bildutako espezializazio adimendunaren estrategiari.

Proposamenean definitzen diren arloetan, zer aukera ematen duen ekintzak, zientzia- eta teknologia-ikuspegia oinarri hartuta; bestalde, nolako ekarpena egiten duen proiektuak egungo artearen egoera hobeto ezagutzeko.

Proposatutako jardueretan nolako emaitza zientifiko-teknologikoak espero diren eta nolako gaitasuna dagoen horiek lortzeko.

2. Zientzia eta teknologia transferitzen laguntzeko potentziala eta inpaktu sozio-ekonomikoaren proiekzioa (25 puntu):

Euskal eragileek egindako proiektu zientifiko-teknologikoen emaitzek nolako aprobetxamendua izango duten gizartearen eta/edo ekonomiaren ikuspegitik.

Euskal eragileek egindako proiektu zientifiko-teknologikoen emaitzek euskal gizartearen eta ekonomiaren egituran izango duten inpaktua sendotzea.

3. Lankidetza - Zientzia-Teknologia-Berrikuntza sistemaren integrazioa (10 puntu):

Lankidetza-akordioak sustatzea Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sistemako eragileen artean.

Zientzia eta Teknologia Euskal Sistemako eragileekiko lankidetza eta elkarlanerako eskema.

4. Konektagarritasun (10 puntu):

Europako Ikerketa Gunean integratzea sustatzea.

Nazioarteko erreferentzia-erakundeekiko akordioak edo lankidetza-konpromisoak sustatzea.

b) Bi proiektu-motetarako irizpide orokorrak:

1) Lantaldea (10 puntu):

Lantaldearen ezaugarriak, kideen dedikazioa eta beharrezkoa den masa kritikoa aintzat hartuta.

Lantaldearen gaitasuna, eta, elkarlaneko ikerketa-proiektuen kasuan, haren gaitasun zientifiko-teknikoa.

Atzerrian lanean ari diren teknikari eta ikertzaile euskaldunak lantaldean sartzea (berreskuratzea), elkarlaneko ikerketa-proiektuetarako.

2) Finantzazio-eskema egokia (10 puntu):

Aurreikusitako aurrekontuaren tamaina: proiektuan aurreikusita dauden helburu eta jarduerarekin bat etorri beharko du.

3) Metodologia egokia (10 puntu):

Jarduera-planaren deskribapena eta egitura.

Argi bereiztea funtsezko garapen-lanak eta bigarren mailako atazak.

Proposatutako kudeaketa-egiturak egokiak izatea.

Proiektuaren egutegia egokia izatea.

2.– Proiektu bat hautatzeko, bi baldintza hauek bete behar ditu aldi berean: alde batetik, atera daitekeen gehieneko notaren % 50 baino nota hobea ateratzea ebaluazioan, eta bestetik, funtsezko irizpide bakoitzean atera daitekeen gehieneko notaren % 40 baino nota hobea ateratzea.

13. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Ebaluazio-organoak ebaluatuko ditu eskaera,, ezarritako irizpideei jarraikiz, eta Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari bidaliko dio prozedura ebazteko proposamena.

2.– Ebazpen-proposamenak honako hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskabideen zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia.

b) Diru-laguntzak emateko proposatzen diren proiektuen zerrenda, horietako bakoitza egiteko epeak eta ematea proposatzen den laguntzaren guztizko zenbatekoa adieraziz. Lankidetza-proiektuetarako adieraziko da, halaber, zein diren proiektuaren ardura duen partzuergoko kideak, zein kidek hartzen duen proiektuaren ordezkaritza eta kide bakoitzari guztira zenbateko laguntza esleitu zaion.

14. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako alderdi guztiak erabakita, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari dagokio, betiere ebaluazio-organoaren proposamenez.

2.– Ebazpenean zehaztuko da zein diren diruz lagunduko diren eskaerak eta zein ezetsi direnak, eta, onartutakoen kasuan, honako hauek adieraziko dira: diru-laguntza jasoko duten proiektuak, horiek gauzatzeko epeak eta emandako zenbateko globala. Lankidetza-proiektuetarako adieraziko da, halaber, zein diren proiektuaren ardura duen partzuergoko kideak eta bakoitzari guztira zenbateko diru-laguntza esleitu zaion. Eskabide ukatuen kasuan, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.

Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio, eta han, erakunde onuradunei jakinaraziko zaie zer urrats egin behar duten espedientea amaitu arte eta zer dokumentu aurkeztu behar duten deskargu-fasean (dokumentuok eskuragarri jarriko dira).

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, laguntza-deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita, eta epe horren ostean ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzaren eskaera ukatu egin zaiela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.

5.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaie, bai proiektuaren buru izatea bere gain hartu duen eragileari, bai proiektuan parte hartzen duten eragile guztiei. Hori guztia, eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea erakunde onuradunen zerrenda, diruz lagundutako proiektuena eta emandako diru-laguntzak, herritar guztiak jakitun egon daitezen.

6.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak erakunde onuradunei eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

15. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak zuzenean erakunde onuradunei ordainduko zaizkie zatika, honako modu honetan:

a) Lehen urtekoari dagokion diru-laguntzaren % 50 ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da, 16.3.a) artikuluan zehaztutako epean berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Lehen urtekoaren gainerako zatiaren ordainketa, eta gainerako urtekoen ordainketak, aldez aurretik honako hauek agiri bidez justifikatzearen baldintzapean egongo dira: urtekoari dagokion jarduera egitea, finkatutako helburuen gauzatze-maila eta egindako gastua; diru-laguntza emateko ebazpenean urteko bakoitzarentzat onartutako gutxieneko aurrekontuaren bolumenera iritsi beharko da gastu hori.

Urtea amaitu eta hurrengo hiruhilekoan justifikatu beharko da proiektuaren urte bakoitzean egindakoa, gutxienez diru-laguntzaren justifikazioko kontua aurkeztuta. Kontu horretan, laguntza emateko ebazpenarekin batera, proiektuaren kostuei buruzko auditoria-txosten bat eta beharrezkoa den gainerako dokumentazioa aurkeztuko dira, erakunde onuradun bakoitzari emango zaizkion instrukzioei jarraikiz.

Justifikazioa deskribatutako baldintzetan egin ondoren, justifikatutako urtekoari dagokion zatiaren eta hurrengo urtekoaren % 50i dagokion aurrerakinaren aldi bereko libramendua egingo da.

c) Azken urtekoari dagokion azken % 50aren ordainketa ekitaldi horren jarduera egitearen azken likidazioa eta proiektua osorik gauzatu izanaren justifikazioa aurkeztu ondoren egingo da, nagusiki honako hauek adierazten dituen memoria tekniko eta ekonomiko batean oinarrituta: egindako eguneratzeak; lortutako emaitzak, kuantifikatuta eta/edo balioetsita; aldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren amaierako aurrekontua, gastuak urteka eta kontzeptuka zehaztuta dituela, eta kontratuak, hitzarmenak, akordioak eta abarrak bete izanaren txostena.

Auditoria-enpresa batek egindako txosten bat aurkeztu beharko dute erakunde onuradunek, onartutako proiektu bakoitzeko. Auditoria-enpresak inskribatuta egon beharko du ROAC Kontu Ikuskarien Erregistro Ofizialean. Alde horretatik, aplikagarria izango da maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduaren bidez onartutako jardun-araua (2007ko maiatzaren 25eko BOE, 125. zk.).

2.– Diru-laguntza jaso duen proiektuan parte hartzen duten zenbait onuradunek laguntza jaso baino geroagoko ekitaldi batean hasi badute beren jarduera proiektu horretan, haien aldeko lehen ordain-agindua ekitaldi horretara atzeratuko da. Gainerako ordainketetarako, aurreko paragrafoan ezarritako araubidea aplikatuko da.

3.– Laguntzak ordaindu aurretik, agindu honen 9. artikuluan aipatzen den zinpeko adierazpenean azaltzen diren datuak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu beharko dio sailari onuradunak (hala eskatzen bazaio).

4.– Onuradunak aurkezturiko dokumentazioaren datuak egiazkoak direla frogatzeko, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarri guztia eska dezake. Alde horretatik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, lagin-teknikak erabiliz, diruz lagundutako jarduera osorik burutu izana justifikatzen duen dokumentazioa eskatu ahal izango du proiektuen lagin esanguratsu baterako.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Laguntza zein urteetarako eman den, urte horiexetan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo aurreikusitako gastu-konpromisoak, bai eta onarpen-ebazpenean zehaztutako epeetan ere. Auditoria-txostenari dagozkionak, berriz, proiektuaren urtealdi bakoitza bukatu eta bi hilabetera egin ahal izango dira.

2.– Erakunde onuradunen betebeharra dira diru-laguntza jaso duten jarduerak zuzenean egitea eta diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea. Nolanahi ere, posible izango da proiektuaren I+G jardueraren zatiren bat EAEn edo EAEtik kanpo azpikontratatzea.

3.– Erakunde onuradunek, gainera, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

b) Emandako diru-laguntza zuzendua dagoen jardueretarako erabiltzea. Hala ere, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jarduera horiek gauzatzean gerta daitezkeen aldakuntzak onar ditzake, betiere aldakuntza horiek behar bezala justifikatzen badira eta Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak esanbidez horretarako baimena ematen badu, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

c) Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari edota hark izendatutako auditoreari baimena ematea, proiektuaren garapena osatzen duten lanetarako eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentaziorako sarbide librea izateko.

d) Publikoki zabaltzeko sortzen diren dokumentazioetan, karteletan, propagandan, edo argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» esaldia azaldu beharko dira. Erakunde onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

e) Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari laguntzea, emandako diru-laguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiten; alde horretatik, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.

f) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea gutxienez hamar urtez.

g) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzean eskatzen duten informazio guztia ematea.

h) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

i) Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeei otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzea.

17. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz emandako diru-laguntzak kudeatzeko, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. –Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako erakundea– izendatu da erakunde laguntzaile, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren).

2.– SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako eskaerak jasotzea eta hasierako ebaluazioa egitea.

b) Egindako proposamenak aztertzea eta ebaluatzea

c) Justifikazio-agiriak jasotzea.

d) Ordainketa-proposamena eta ikuskatze-errekerimenduak egitea.

e) Onartutako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitzea eta ezartzea.

f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

g) Programa zuzen kudeatzeko behar diren jardueretan laguntzea, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak hala aginduz gero.

h) Programa honen kudeaketan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak burutzen dituen egiaztatze-jarduerak onartzea.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak agindu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarri diren baldintzak nahiz laguntzak esleitzeko ebazpenean ezarritakoak betetzen ez baditu, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko 4.1 artikuluak ezarritako kasuetan, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari audientzia eman eta gero, laguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du, eta, hala behar izanez gero, eskuratutako laguntzak eta horiei dagozkien legezko interesak itzultzeko obligazioa ezarriko du, hargatik eragotzi gabe bidezko beste neurri batzuk hartzea. Aipatu 698/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezarri zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren. Aipatutako diru-zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Dena den, artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera, ez-betetzetzat hartuko dira honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epeak gainditzea, betiere Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak emandako luzapen- edo aldaketa-baimenik izan ezean.

b) Proiektuaren ildotik desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean xedatutako betebeharren bat ez betetzea..

Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak ireki eta ebatziko ditu ez-betetze espedienteak. Era berean, proiektua bukatu aurreko gorabeherak direla-eta, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren proposamenez ere ireki litezke halako espedienteak.

19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Diru-laguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso bada, diru-laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira..

2.– Halaber, salbuespen gisa, egin beharreko jarduerak egiteko epea luzatu ahal izango du laguntzak onartu zituen administrazio-organoak, erakunde onuradunak aldez aurretik horretarako eskabidea egin eta justifikatuz gero, baldin eta alegatu dituen arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute. Luzapenaren ondorioz, atzeratu egingo da laguntzen ordainketa.

3.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotakoak izango dira gauzatu beharreko jarduerak. Nolanahi ere, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak aldaketak baimendu ditzake, erakunde onuradunak aldez aurretik hala eskatuz gero eta jarduerak amaitu aurretik behar bezala justifikatuz gero, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoak desitxuratzen ez badira.

4.– Proiektuak porrot teknikoa egiten badu, hau da, proiektua garatzean edo amaitzean konpondu ezineko huts-egite teknikoak atzemanez gero, eta huts-egite horiek ezinezko egiten badute eskaera egitean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortzea, erakunde onuradunak eska dezake laguntza emateko administrazio-ebazpena aldatzeko, gauzatutako proiektu-zatira egokitu dadin. Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak aldakuntza onar dezake, betiere erakunde onuradunak behar bezala justifikatzen badu.


Azterketa dokumentala