Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2015eko uztailaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3340

AGINDUA, 2015eko uztailaren 22koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten udalei, mankomunitateei, beste toki-erakunde batzuei, tokiko organismo autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena eta deialdia egiten duena.

Euskadiren Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du ingurumen eta ekologia arloan Estatuaren oinarrizko legeria lege bidez garatzeko eta bere lurraldean betearazteko.

Aipatutako eskumena Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak gauzatzen du, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatutakoak, 13. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-politika islatzen duen Euskadiko IV. Ingurumeneko Esparru Programa 2020 agirian dago jasota Eusko Jaurlaritzak ingurumenari dagokionez hartutako konpromisoa. Hori dela eta, aipatutako programa Eusko Jaurlaritzak gizartearen aurrean hartutako konpromisoen funtsa osatzen duten 14 plan estrategikoetako batean kokatzen da; konpromiso horiek Giza Garapenerako eta Hazkunde Jasangarrirako Euskadi 2020 txostenean daude jasota.

Aipatutako programak gure lurraldeko ingurumenaren egoerari buruzko ikuspegia jasotzen du, eta, besteak beste, lehentasunezko honako jardun hauek ezartzen ditu:

– Gure kapital naturala babestea, kontserbatzea eta leheneratzea, ekosistemek ematen dizkiguten zerbitzuak zainduz.

– Ekonomia lehiakor eta berritzaile bateranzko urratsak ematea, karbono-isurketa txikikoa eta baliabideen erabilera eraginkorrekoa.

– Herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea eta babestea.

– Lurraldearen jasangarritasuna areagotzea.

– Politiken koherentzia bermatzea, ingurumen-integrazioa areagotuta.

– Euskadiren nazioarteko proiekzioa eta erantzukizuna sustatzea.

Hori guztia bideratzeko, sail eta erakunde arteko koordinazioa eta kooperazioa sustatuko da, ingurumen-aldagaiak politika guztietan integratze aldera, eta eragile sozioekonomiko guztiei zabalduko zaie ingurumena hobetzeko erantzukizuna.

Toki-erakundeentzako laguntzen agindu honen helburua udal-jarduna IV. Ingurumeneko Esparru Programa 2020 agirian ezarritako ingurumen-lehentasunetara egokitzea da.

Aipatutako lehentasunen garrantzia aintzat hartuta, ezinbestekoak dira tarteko administrazio guztien, herritarren, gizarte-erakundeen eta enpresen arteko ekintza koordinatua, elkarrizketa eta adostasuna. Testuinguru horretan, toki-administrazioek funtsezko papera dute, erronka horiei aurre egiten lagunduko duten ekintzak gauzatzeko.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, bere Berdintasun Politikako Dokumentu Programatikoarekin bat –2013an onartutako EAEko Emakumeen eta Gizonen VI. Berdintasun Planaren esparruan–, aintzat hartuko ditu euren garapenerako genero-ikuspegia bereganatzen duten jardunak, eta izaera estrategikoa aitortuko die, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideekin bat. Era berean, sail horrek euskararen erabilera normalizatzeko duen planak adierazitakoaren arabera, diruz laguntzen diren proiektuetan hizkuntza-irizpideak txertatu behar dira, nahitaez.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatuak, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak, lehendakariarenak, ematen didaten eskumena baliatuz, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin, Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko honako erakunde hauei zuzendutako diru-laguntzen deialdia egitea eta oinarri arautzaileak ezartzea da: udalak, mankomunitateak, beste toki-erakunde batzuk, tokiko organismo autonomoak, tokiko garapen-agentziak eta tokiko merkataritza-sozietateak. Betiere, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituztenean, honako lerro hauekin bat:

a) Lurzoru kutsatuak. Toki-erakunde publikoen titulartasuneko lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko lanak sustatzen dituzten ekintzak.

b) Klima-aldaketa eta atmosfera. EAEn inguru-airearen kalitatea hobetzea sustatzen duten ekintzak, zarataren inguruko ekintzak, eta arintzera (berotegi-efektuko gasen isurpen garbiak murriztea) eta egokitzera (klima-aldaketaren ondorioak murriztera bideratutako plangintza eta ekintzak) bideratutakoak.

c) Kapital naturala eta biodibertsitatea. EAEko dibertsitate biologikoari eusteko eta berau leheneratzeko edo hobetzeko ekintzak.

d) Jasangarritasunerako hezkuntza. Tokiko Agenda 21 eta Eskolako Agenda 21 egitasmoen arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak.

2. artikulua.– Diruz laguntzeko ekintzek bete beharreko baldintzak.

1.– Hasteko epea:

2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren proiektuek soilik jaso dezakete diru-laguntza.

2.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, ekintzek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

2.a) Lurzoru kutsatuen lerroan.

Diruz lagundu ahalko dira kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak jasan dituzten lurzoruak ikertzeko ekintzak eta kutsatutako lurrak berreskuratzeko ekintzak, bai industria-jarduerak eduki dituzten lurzoruetan egiten direnak, bai jarduteari 1994ko abenduaren 20a baino lehen utzi zioten antzinako hondakinen kontrolatu gabeko biltegietan egiten direnak ere (aipatutako data horretan, Hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretua jarri zen indarrean); betiere, berreskuratze-ekintzak aurretiazko ikerketa-fasea bukatu ondoren hasten badira, eta lurzorua berreskuratzearen helburua bada lurzoruaren kalitatea kokalekuak izango duen erabilerarekin bateragarri izatea. Diruz laguntzeko modukoak izango dira, halaber, zabortegia zigilatu eta gehienez 5 urteko epean Ingurumen Sailburuordetzak sustatutako proiektuen esparruko ingurumen-jarraipenerako ekintzak.

Zabortegiak berreskuratzeko ekintzetan, ingurunearen biodibertsitatea aintzat hartzen duten irizpideak aplikatu beharko dira, berau areagotzeko xedez betiere, eta, landare-estaldura hobetzen duten materia organikoak gehitu behar izanez gero, materia bioegonkortua edo konposta lehenetsiko da; kasu bietan, kokapenerako aurreikusitako erabilera aintzat hartuta, materia egokia dela egiaztatu beharko da.

Aipatutako ekintzek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, diru-laguntza jasotzeko:

1) Toki-titulartasuneko lurretan egitea. Betiere, besteren bat behartuta ez badago diru-laguntzaren xede den jarduera egitera, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legeriaren arabera; salbuespen izango da behartuta dagoenak jarduera betetzerik ez duen kasua, lehiaketa-egoeran egoteagatik. Titulartasun partekatuko lurretan gauzatu beharreko proiektuen kasuan, diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, udalaren edo erakunde eskatzailearen titulartasunaren ehunekoa hartuko da kontuan.

2) Erakunde eskatzaileak 2005eko maiatzaren 16a baino lehen formalizatzea jardueraren xede diren lurren eskuratzea; hots, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea indarrean sartu baino lehen, salbu eta udalak bere aldeko kreditu bat nahitaez betearaztean eskuratu badu lurraren titulartasuna.

Aipatutako baldintzak ez dira nahitaez bete beharko, baldin eta lurzorua ikertzeko edo berreskuratzeko neurriak hartzera behartuta dagoena udala bada, edota horretara behartuta dagoena jarduera hori egitetik salbuetsita badago, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko araudiaren arabera.

Lurzoruak berreskuratzeko ekintzak ez dira diru-laguntzen xede izango, ekintza horien helburua etxebizitzak eraikitzea edo lurzorua industrial bihurtzea bada.

2.b) Klima-aldaketaren eta atmosferaren lerroan.

Honako helburu hauek sustatzen dituzten ekintzak izango dira diruz lagungarri:

1) Inguru-airearen kalitatea hobetzea, partikulekin (PM10, PM2.5) eta nitrogeno dioxidoarekin (NO2) lotuta.

2) Zarata-mapak egitea 100.000 biztanletik beherako udalerrietan; betiere, mapa horien proiektuak 2016ko abenduaren 31 baino lehen onartu badira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat; halaber, zarata arintzeko proiektuak egitea.

Zarata arintzeko ekintzen kasuan, pantaila akustikoak eraiki beharra egonez gero, zarata-murrizketan berdinketa dagoenean, aldeko balorazioa jasoko dute pantaila begetalen proposamenek.

3) Berotegi-efektuko gasen isurpen garbiak murriztea.

Berariaz lehenetsiko dira ekoizpen-zikloan hondakin-materialak erabiltzea aurreikusten duten eta fabrikazioan energia asko kontsumitzen duten produktuak ordezten dituzten proiektuak; nekazaritzan hondakin-uren araztegietako lohia berrerabiltzea, kasurako.

4) Udal-eraikinak birgaitu behar direnerako, gauzatu beharreko ekintzen azterlan xehatuak egitea, birgaitzeari eta hiri-berroneratze eta -berritzeari buruzko 8/2013 Legearen gidalerroak betetzeko. Aurretiazko planek honako atalase hauek lortzeko bideak jaso beharko dituzte:

– Gutxienez 57 puntu global lortzea, eta gutxienez 57 puntu lortzea energiaren kapituluan, eraikinaren eraikuntza-tipologiara gehien egokitzen den eraikuntza eta birgaitze jasangarriko gidaren arabera.

– Inguratzailearen osaerak % 20 eta % 50 bitartean hobetu beharko du eraikinaren itxituren transmisio-faktorea, araudiak eskatutakoaren aldean (C1:0,73Wm2/K, D1: 0,66Wm2/k).

– Inguratzailearen osaerak bermatu beharko du eraikinaren berokuntzaren energia-eskaera % 10 eta % 20 bitartean hobetzen dela, araudiak eskatutakoaren aldean.

5) Klima-aldaketaren ondorioak murriztea (egokitzapena) eta ekosistemen erresilientzia hobetzea, honako argitalpen honetan jasotakoen moduko ekintzen bidez: Udalsarea 21 Lan-koadernoa, 12. zk.: Klima-aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gidaliburua eta Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko eskuliburua klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko. Esaterako, honako hauek:

5.1.– bero-uharteen fenomenoak murriztea.

5.2.– gaur egun guztiz edo zati batean artifizializaturik dauden ibaiertzak berroneratzea, helburutzat ibaiertzeko landaredia berreskuratzea eta ibaiaren inguruko lurzoruaren egoera eta iragazkortasuna hobetzea edukita, epe luzera uholdeak prebenitzeko; betiere, ekintza horiek aldez aurretik adostu badira, Uraren Euskal Agentziarekin dagokion lankidetza-protokoloa sinatuz.

6) Klima-aldaketara egokitzeko ekintza-planak egitea, udalerrian epe luzera (gutxienez, hogei urtera) urrakortasun-egoerak murrizteko.

7) Baldin eta erakunde eskatzaileak 5 urte baino gutxiagoko epean azpiegitura berriak edo hirigintza-planak gauzatzeko asmoa badu, diruz lagundu ahal izango da klima-aldaketarekin lotutako afekzio-azterketa, urrakortasuna murrizteko neurri zuzentzaileak ezartzekoa.

Honako ekintza hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:

– Klima-aldaketan eta airearen kalitatean eragin txikia duten ekintzak; besteak beste, bizikletentzako aparkalekuak jartzea, kaleak oinezkoentzako bihurtzea, edo bidegorriak eraikitzea, mugikortasun-eragileen (ekoizleen eta erakarleen; tartean, bizilekuak, ikastetxeak, industrialdeak, kiroldegiak, etab.) arteko loturarik ez dakartenak.

– Argiak ordeztera bideratutako proiektuak, energia-auditoretzak eta argiztapena eguneratzeko proiektuak.

– Galdarak ezartzea edo ordeztea, lehen zeudenek baino isurpen gutxiago eragin arren.

– Hondakinak kudeatzeko ekintzak, agindu honetan bertan berariaz aipatutakoak izan ezik.

– Azterlanak edo diagnostikoak (mugikortasun-planak, adibidez), agindu honetan berariaz aipatutakoak izan ezik.

– Eta, bereziki, ez dute diru-laguntzarik jasoko azpiegitura eraikitzea dakarten ekintzek, baldin eta ez badira kontuan hartu irizpide ekologikoak eta hiriko ingurumena hobetzeko irizpideak, ez badira paisaian txertatzeko eta ingurune naturalaren gaineko eragina txikiagotzeko ahaleginak egin, edo ez badira biodibertsitatearen kontserbazioarekin bateragarriak.

Azpiegiturek materialen beharra izanez gero, eraikuntzan materialen gutxienez % 50 birziklatuak izango dira; nagusiki, agregakin birziklatuak eta zepak.

3.c) Kapital naturalaren eta biodibertsitatearen lerroan.

Diruz lagundu ahalko dira zuzenean biodibertsitatea kontserbatzeko, leheneratzeko edo hobetzeko helburua duten honako ekintza hauek:

1.– Komunitatearentzat edo eskualdearentzat interesekoak diren habitat naturalak kontserbatzeko egiten diren leheneratze-, hobetze– edo kudeatze-ekintzak. Kontserbatzeko interes handiena duten edo kontserbazio-egoera okerrenean diren habitatetan jarduteko ekintzak lehenetsiko dira, hala nola galeria-basoetan, bertako basoetan, paduretan eta abarretan jardutekoak.

2.– Maila komunitarioan edo eskualdekoan babestuta dauden basaflorako eta basafaunako espezieak babesteko eta kontserbatzeko proiektuak.

3.– Flora exotiko inbaditzaileko espezieak desagerrarazteko proiektuak, degradatuta dauden habitat naturalak leheneratzeko ekintzak jasotzen badituzte.

4.– Faunarentzako urmaelak eta hezeguneak sortzea eta leheneratzea.

5.– Lurraldeko lotura ekologikoa areagotzera bideratutako jarduerak; besteak beste, tokiko biodibertsitatearentzako interesguneen arteko lotura sustatzea, heskaiak sortzea, azpiegitura berdeak sustatzea (animaliak azpian hartzeko arriskua dakarten guneak murriztea, fauna-pasabideak ipintzea), etab.

Zehazki, lehentasunezkoak izango dira aurreko paragrafoetan dauden eta, gainera, Natura 2000 eremuen kontserbazio-neurrien agirietan (edo kudeatzeko planetan) ere jasota dauden ekintzak (hemen eskuragarri: www.euskadi.eus/natura2000).

Diru-laguntza eman ahalko zaio, halaber, proiektuak idazteari, proiektu horien helburua aurreko paragrafoetan jasota dauden eta administrazio-baimena behar duten ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren lizentziak eta baimenak eskuratzea denean.

Diruz lagundu ahal izango dira, orobat, erribera eta ibilguak garbitzeko jarduerak; betiere, jarduera horiek udal eskatzailearen eta Uraren Euskal Agentziaren artean sinatutako lankidetza-protokoloen esparruan egiten badira. Horrelako protokoloek edo dagokien jarduera-lanek biodibertsitatea kontserbatzeko eta babesteko nahitaez bete beharreko baldintza batzuk bilduko dituzte.

Ez dira diruz lagunduko ezagupenak eskuratzeko azterlanak idaztera zuzendutako eskaerak, ez eta sentsibilitate-ekintzak argitaratzera zuzendutakoak ere.

Ez dira diru-laguntzaren xede izango edozein obra edo proiekturen administrazio-baimenean ezarritako zuzenketa– edo konpentsazio-neurrien ondorioz gauzatutako ekintzak.

4.d) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan.

Diruz lagundu ahalko dira Tokiko Agenda 21en eta Eskolako Agenda 21en arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak, 2015eko uztailaren 1etik 2016ko uztailaren 15era bitartean egiten badira. Ekintza horien artean, honako hau egon beharko da: ikasturte bakoitzean, gutxienez eskola arteko foro bat eta udal-foro bat antolatzea. Foro horietan, aurreko foroetan hartutako konpromisoen jarraipen-txosten bat aurkeztu beharko da, besteak beste, bai eta beste toki-erakunde batzuetara eraman daitezkeen jardunbide egokiak zehaztu ere.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten erakundeek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa honako bi hauetan dago araututa: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (PLATEA) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak elektronikoki izapidetzeko argibideak Euskadiko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri (URL), honako esteka honetan: https://euskadi.eus/ayuda_subvencion /-/2015/herrijasangarriak/eu/

4.– Eskaeraren ondorengo izapideak Nire kudeaketak izeneko atalaren bidez egiten dira: https://euskadi.eus/nirekudeaketak

4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Lehenengo artikuluan adierazitako ekintza espezifikoetarako aurrekontu-zuzkidura, guztira, milioi bat zortziehun eta hamar mila (1.810.000) eurokoa izango da. Horiei estaldura emango dieten aurrekontu-aplikazioen zenbatekoa honela banatuta dago:

1.1.– Lurzoru kutsatuen lerroan:

Gehienez, bostehun eta berrogeita hamar mila (550.000) euro, honako aurrekontuko aplikazio honetan kontsignatuta: 15.0.1.09.22.0100.4.722.01.44210.012.U.

1.2.– Klima-aldaketaren eta atmosferaren lerroan:

Gehienez, bostehun eta berrogeita hamar mila (550.000) euro, honako aurrekontuko aplikazio honetan kontsignatuta: 15.0.1.09.22.0100.4.722.01.44210.013.L.

1.3.– Kapital naturalaren eta biodibertsitatearen lerroan:

Gehienez, bostehun eta berrogeita hamar mila (550.000) euro, honako aurrekontuko aplikazio honetan kontsignatuta: 15.0.1.09.22.0100.4.722.01.44210.014.Q.

1.4.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:

Gehienez, ehun eta hirurogei mila (160.000) euro, honako aurrekontuko aplikazio honetan kontsignatuta: 15.0.1.09.22.0100.4.422.01.44210.002/Q.

2.– Baldin eta eskaerarik ez dagoelako edota baldintzak betetzen ez direlako aipatutako jardun-lerroetakoren bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, diru hori beste jardun-lerro bati esleitutako zenbatekoari gehitu ahalko zaio, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroari izan ezik, agindu honetako 15. artikuluan aurreikusitako organo ebaluatzaileak egiten duen proposamenari jarraiki. Inguruabar hori aipatu egingo da Ingurumeneko sailburuordeak diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpenean.

3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan izan ezik, erakunde onuradunetako batek eman zaion diru-laguntzari uko egiten badio, proiektu horri esleitutako diru kopurua partzialki lagundutako jardueretako batera bideratu ahalko da, edota aurrekontu-zuzkidura eskasiagatik diru-laguntzarik jaso ez zutenera, 18.2. artikuluan adierazitakoaren arabera.

5. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, mankomunitateak, beste toki-erakunde batzuk, tokiko organismo autonomoak, tokiko garapen-agentziak eta tokiko merkataritza-sozietateak.

2.– Tokiko merkataritza-sozietateek, tokiko garapen-agentziek eta bestelako toki-erakundeek honako baldintza hauek bete ahal izango dituzte onuradun izateko:

a) Kapital soziala, oso-osorik, titularitate publikokoa izango da.

b) Bazkide gehienak udalak izango dira.

c) Udaletako alkateek berariaz izendatutakoak beharko dira izan, diruz lagundu nahi den jarduera burutzeko.

2.– Halaber, ezin izango dute laguntzarik eskuratu Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluaren 2. atalean aurreikusten diren egoeraren baten eraginpean daudenek. Egoera horiek aurretik aipatutako Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluaren 4. ataletik 6. atalera bitartean ezartzen den moduan baloratuko dira, eta horietako bakoitzarentzat ezarritako irismena izango dute.

3.– Diru-laguntzak esleitzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da bukatuta egotea dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko edozein espediente, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan.

4.– Ezin izango dituzte agindu honetan aipatzen diren laguntzak eskuratu diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen debeku edo zehapen administratibo edo penala duten erakundeek, tartean dela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoa.

6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak automatikoki, eta beharrezkoa den guztietan, egiaztatuko du laguntza jasotzeko eskaera egin duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituzten, erakunde horien oniritzia jaso beharrik gabe, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak xedatzen duenarekin.

2.– Eskaerek aukera bat izango dute, diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek berariaz adieraz dezaten baimena ematen diotela organo kudeatzaileari, gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, kalterik egin gabe egiaztapenak, kontrolak eta ikuskapenak gauzatzeko Herri-administrazioak esleituta dituen eskumenei.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz (horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da), honako betebehar eta eskakizun hauek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira:

a) Onuradunak konpromisoa hartzen duela administrazioari zein beste erakunde publiko nahiz pribatuei xede bererako eskatzen eta haietatik lortzen dituen laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera nahiz bestelako baliabide guztien inguruko informazio guztia jakinarazteko, bai eta eskaera aurkeztu dueneko diru-laguntza programetan BEZa ere lagun daitekeen ala ez berariaz adieraztekoa ere.

b) Erakunde eskatzaileari ez zaiola ezarri, zigor– edo administrazio-bidean, laguntza edo diru-laguntza publikorik ez jaso ahal izateko zigorrik, eta ez dagoela diru-laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekuren kasuan.

c) Erakunde eskatzaileak baduela diruz lagundu gabeko gastua estaltzeko adinako gaitasun finantzarioa.

d) Baldin eta erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-sozietate bat, tokiko garapen-agentzia bat edo bestelako toki-erakunde bat bada, kapital publikokoa dela, bazkide nagusiak udalak direla, eta udalerri partaideek berek erabaki dutela diru-laguntza eskatzea eragin duen jarduera egitea.

e) Kutsatutako lurzoruen lerroari dagokionez, erakunde onuradunak, baldin eta kokapena berrerabiltzean gainbaliorik sortzen bada, diru-laguntza itzultzeko konpromisoa hartzen duela, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa betez.

f) Erakunde onuradunak errespetatzen dituela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutako printzipioak (3. artikulua) eta obligazioak. Bereziki, betetzen duela 16, 18.4 eta 23. artikuluetan ezarritakoa.

Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du egiazkoak direla eskaeran eta horrekin batera aurkeztutako dokumentuetan jasotako datuak, eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian diru-laguntzon onuradun izateko ezarritako eskakizunak.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat, lehen artikuluan ezarritako ekintzak gauzatzeak eragindakoak izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak.

2.– Honako gastu hauek, berriz, ez dira diruz lagunduko:

a) Diruz laguntzen diren ekintzen balio erantsiaren gaineko zergari dagozkionak.

b) Komunikazio-, parte-hartze-, informazio– edo sentsibilizazio-kanpainei dagozkienak, salbu eta kapital naturalari eta biodibertsitateari eta jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroei dagozkien ekintzak, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

c) Lurrak eskuratzeari dagozkionak.

d) Udaleko edo toki-erakundeko edo haiei lotutako enpresetako plantillako langileei dagozkien gastuak, eta diruz lagundu ezin diren gainerako gastuak, diru-laguntzei buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz. Nolanahi ere, diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko egiten diren kontratazio berrien lan-kostuen % 50ek jaso ahal izango dute diru-laguntza; betiere, kontratu horiek sei hilabete baino gehiagoko iraupena badute, kontratatutakoak 45 urtetik gorakoak badira, eta langabezian urtebete baino gehiago egon badira edota, lanik gabe zeramaten denbora alde batera utzita, 30 urtetik beherakoak badira.

e) Inpaktuak murrizten ez dituzten edo ingurumen-hobekuntzarik ez dakarten gastuak.

f) Beharrezkoak ez diren gastuak, behar bezala justifikatuta ez daudenak, arrazoizkoak ez direnak edo gehiegizkoak direnak, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun erlazioaren printzipioen arabera. Gastu horiek agindu honetan ezarritako organo ebaluatzaileak zehaztuko ditu. Zehazki, kapital naturalaren eta biodibertsitatearen lerroko proiektuei dagokienez, gehiegizko gastutzat joko dira aurrekontu orokorraren % 30 baino gehiago hartzen duten ikerlanak eta sentsibilizazioa egiteko gastuak.

3.– Ekintzek, abian jarri ostean, aurrezkia badakarte, jardunean egindako lehen bost urteetan sortutako aurrezki garbiak kenduta zehaztuko da diruz lagundu ahalko den kostua. Horrenbestez, bost urte baino lehenago autofinantzatzen diren ekintzak ez dira diruz lagunduko.

4.– Zerbitzuren bat eskaintzeko teknologia jakin bat eskuratzeko proiektuei dagokienez, diruz lagunduko ahalko da hautatutako teknologiaren eta ohiko teknologiaren prezioen artean dagoen aldea. Besteak beste, udal ibilgailu-parkea berritzean eta beste edozein ekipamendu eskuratzean eta/edo ordeztean.

5.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, 2. artikuluan deskribatutako Agenda 21en koordinazio-proiektuak gauzatzeko kanpo-kostuak bakarrik lagunduko dira diruz.

8. artikulua.– Diru-laguntzaren eskaerak eta diruz lagundu daitezkeen proiektuak aurkezteko mugak.

1.– Erakunde bakoitzari gehienez bi proiektu lagundu ahalko zaizkio diruz lurzoru kutsatuen, klima-aldaketa eta atmosferaren, eta kapital naturala eta biodibertsitatearen lerroetan, eta proiektu bat, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan. Erakundeak bi proiektu baino gehiago aurkeztu baditu lurzoru kutsatuen, klima-aldaketaren eta atmosferaren eta kapital naturalaren eta biodibertsitatearen lerroetako diru-laguntza deialdira, organo ebaluatzaileak erabakiko du horien artean zein diren egokiak diruz laguntzeko, ingurumen-interesa eta Ingurumen Sailburuordetzaren helburuekiko lerrokatze-maila kontuan hartuta.

2.– Lurzoru kutsatuen lerroan, deialdi berean ezin izango dira aurkeztu kokapen bera aztertzeko edo proiektua idatzi eta, ondoren, berreskuratzeko eskaerak, salbu eta lanak oso aurreratuta badaude, eta lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidea hasteko beharrezko dokumentazioa aurkeztu badute diru-laguntzaren eskaera aurkeztu aurretik.

3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, diru-laguntza jasotzeko eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du erakunde bakoitzak. Erakundeek ezin izango dute eskaerarik banaka aurkeztu, beren lurralde-eremuan zerbitzu hori ematen duen udalaz gaindiko beste erakunde batek jarduten badu.

Ezarritako mugak kontuan hartzen ez badira, eskaera egin duen erakundeari eskaeran egindako akatsa konpontzeko eskatuko zaio. Akatsak konpontzen ez baditu, erakundeak laguntza-eskaera guztietan atzera egin duela ulertuko da, gorago ezarritako mugak kontuan izan gabe.

4.– Udalerri bera ordezkatzen duten erakunde onuradun desberdinek ezingo dute proiektu berari buruzko eskaerarik aurkeztu, nahiz eta proiektuaren fase desberdinetarako izan.

9. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erakunde honek edo beste edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste diru-laguntza batzuekin; betiere, horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, diru-laguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

10. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eskaerak aurkezteko epea 2015eko irailaren 15ean amaituko da, mugaeguna barne.

2.– Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan (https://euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2015/herrijasangarriak/eu/).

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta dokumentazio osagarria; bi horien artean, nahi duten hizkuntzan. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

4.– Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat, eskaera egiten duten erakundeei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak laguntza-lerro hauek kudeatzeko fitxategietan sartuko direla. Fitxategi horiek honako arau honek zuzenduko ditu: 2015eko apirilaren 1eko Agindua, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, Ingurumen eta Lurralde Politikako Saileko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena. Era berean, jakinarazten da deialdi honetan parte hartzeak berekin dakarrela eragindako pertsonek onartzea beren datu pertsonalak erabiltzea 20.10 artikuluan azaldutako helburuarekin. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurkaratzeko eskubideak gauzatzeko, hona jo behar da: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila; Zerbitzu Zuzendaritza; Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

11. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskaera egiten duen erakundearen ezaugarriak eta burutu nahi den ekintza kontutan harturik, eskaera guztiekin batera, ezinbestez, jarraian adieraziko diren agiriak aurkeztu beharko dira. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo dira inprimakien ereduak.

a) Erantzukizunpeko adierazpena (2011rako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 5/2010 Legeak sartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. atalean aipatuta), zeinak 6.3 artikuluan ezarritako baldintzak betetzea egiaztatu ez ezik, hauxe ere jasoko duen:

1.– Erakunde eskatzaileak administrazio zein beste erakunde publiko nahiz pribatuei xede bererako laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera nahiz bestelako baliabide guztiak eskatu eta lortu dituen, bai eta diru-laguntza programetan BEZa ere lagun daitekeen ala ez berariaz adierazita ere.

2.– Erakunde eskatzailea dirua itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean nahasita egon den edo horrelako baten xede izan den.

3.– Erakunde eskatzailea zigor– edo administrazio-bidetik laguntza edo diru-laguntza publikorik ez jaso ahal izateko zigortu duten, edo diru-laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekuren kasuan dagoen.

b) Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion «Aurrekontua» inprimakia, behar bezala beteta. Aurrekontua kontu-sailen arabera banakatu beharko da, kontzeptuak argi bereizita.

c) Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion «Proiektuaren memoria» inprimakia. Beharrezko eremu guztiak bete beharko dira, diru-laguntza eskatzen den proiektu motaren arabera. Zehazki, «Memoria» inprimakiari dagokionez, dagokion lerroa gorabehera, beharrezkotzat joko dira inpaktu-murrizketaren parametro gakoena, hala nola kalkulu-metodoa zehatz azaltzearena.

d) Erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria, diru-laguntzaren xede den jarduna egitea onartzen duen erabakia jasotzen duena.

Eskualde-erakundeek egiaztatu beharko dute udaletako alkateek diru-laguntza eskatu den jarduera gauzatzeko berariaz izendatu dituztela.

e) Lurzoru kutsatuen lerroaren kasuan, erakunde eskatzaileak kokalekua titulartasun publikokoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Halaber, titulartasun publiko hori noiz eskuratu zen argitu beharko du, bai eta kokalekuaren zer ehuneko den udalaren titulartasuna ere. Aurreko baldintzak, baita, hala badagokio, Agindu honen 2.2.a) artikuluan aurreikusitako salbuespenak ere, horien berri ematen duen egiaztagiriaren bidez (edo egiaztatzeko balio duen beste edozein dokumenturen bidez) justifikatu ahal izango dituzte.

f) Udal-eraikinen etorkizuneko birgaikuntzan gauzatu beharreko ekintzen azterlan xehatuei buruzko klima-aldaketa eta atmosferaren lerroko ekintzei dagokienez, diru-laguntza eskatzen duten jarduna garatuko den eraikinaren behin betiko ziurtagiri energetikoaren kopia ere erantsi beharko dute, bai eta udalaren idazkariak egindako ziurtagiri bat ere, eraikin horretan 2014ko ekitaldian guztira zenbat energia eta erregai kontsumitu diren jasotzen duena. Halaber, berotegi-efektuko gasen isurpenak murriztera bideratutako klima-aldaketa eta atmosferaren lerroko ekintzei dagokienez, diru-laguntza eskatzen den jarduerari dagokion isurpen-murrizketa zehazteko egindako hipotesiak, kalkuluak edo estimazioak jasota eta azalduta dauden frogagiria atxiki beharko da.

g) Martxan jarritako ekintzek aurrezkia sortzen badute, 7.3 artikuluarekin bat, jakinarazitako aurrezkiak zehazteko egindako hipotesien eta kalkuluen frogagiria atxiki beharko da.

h) Kapital naturalaren eta biodibertsitatearen ekintzen kasuan, «Beharrezko baimenen laburpena» inprimakia, eta, baimenak jasoz gero, erakunde eskudunek emandako baimenen kopiak (Jabari Publiko Hidraulikoan, Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoan, Natura Parkeetan eta abar jardunez gero).

2.– Eskatzaileek, borondatez, eta puntuazio handiagoa lortze aldera, honako agiri hauek aurkeztu ahalko dituzte eskaerarekin batera:

a) Proiektua, aurreproiektua eta/edo eskaintza teknikoa, jardunen xehetasuna eta faseen arabera banakatutako aurrekontua jasota.

b) Klima-aldaketa eta atmosferaren gaineko ekintzen kasuan, erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria, Airearen Kalitatearen Ekintza Plana edota klima-aldaketarekin zerikusia duen beste edozer plan, programa edo ordenantza ezartzeko prozesua hasteko udalaren osoko bilkuran hartutako erabakia jasotzen duena.

c) Hala badagokio, Tokiko Agenda 21en Tokiko Ekintza Plana eta/edo Tokiko Ekintza Planaren Ebaluazio eta Jarraipen txostena.

d) 17. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpide guztiak behar bezala aplikatzeko beharrezkotzat jotzen diren argibideak.

12. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak, edo haien edukia nahikoa ez bada, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango zaio gabeziak zuzentzeko edota beharrezko dokumentuak aurkezteko, hala egiten ez badu eskaera ez zaiola onartuko adieraziz. Ebazpena Ingurumeneko sailburuordeak emango du, bat etorriz Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1. artikuluetan xedatutakoarekin.

2.– Halaber, eskaera izapidetzea onartu ondoren, diru-laguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egoki balioesteko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.

13. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzea, eta aurkeztutako eskaerak aztertzea eta ebaluatzea.

14. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko, Ihobe S.A. sozietate publikoa erakunde laguntzaile izendatzen da, bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuena).

2.– Ihobe S.A.k, erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek beteko ditu:

a) Aurkeztutako dokumentuak ikuskatzea, eta, akatsik aurkituz gero, zuzenketak proposatzea organo kudeatzaileari.

b) Eskaera egiten duten erakundeek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarri diren baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea.

c) 15. artikuluan adierazitako organo ebaluatzaileari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lanetan, 17. artikuluan jasotako esleipen-irizpideen arabera.

d) Jarduera egin den eta diru-laguntzaren helburua bete den egiaztatzea, eta onuradunei jarraipena egitea, diru-laguntzak jasotzeko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko.

e) Erakunde onuradunek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez baloratzea.

f) Erakunde onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen duen agiriak egiaztatzea.

g) Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari proposatzea diru-laguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, erakunde onuradunak agindu honetako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar diren neurriak barne.

15. artikulua.– Organo ebaluatzailea.

1.– Aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko, organo ebaluatzaile bat eratuko da. Honako hauek izango dira organo horretako kideak: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria, Ingurumen Administrazioaren zuzendaria, eta IHOBE Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoko zuzendari nagusia.

2.– Organo ebaluatzaileak ebazpen-proposamena egingo dio Ingurumeneko sailburuordeari. Proposamen hori 17. artikuluan adierazitako esleipen-irizpideei eta aurrekontu-mugei egokituko zaie, eta honako hauek bilduko ditu: diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak; diru-laguntzen zenbatekoa; diru-laguntza jasoko ez duten proiektuak; ukatutako eskaerak, ukatzearen arrazoiekin batera; eta ebatzi beharreko beste edozein inguruabar.

16. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango ditu honako muga hauek gainditu:

a) Lurzoru kutsatuen lerroan:

(Ikus .PDF)

Ikerketa-proiektu bakoitzak 60.000 euro jaso ahalko ditu gehienez diru-laguntza gisa; berreskuratze-proiektu bakoitzak, berriz, 200.000 euro, gehienez.

Zabortegietan egiten diren ingurumen-jarraipeneko proiektuen kasuan, diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da.

b) Klima-aldaketaren eta atmosferaren lerroan:

(Ikus .PDF)

Proiektu bakoitzak 80.000 euro jaso ahalko ditu gehienez diru-laguntza gisa, honako salbuespen hauekin:

b.1.– Klima-aldaketara egokitzeari loturiko planak eta azterlanak egiteko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da. Zarata-mapen kasuan, diru-laguntza 10.000 eurokoa izango da, gehienez ere. Birgaitzeko proiektuen aurretiko xehetasun-azterlanen kasuan, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da.

b.2.– Ibilgailuei buruzko proiektuen kasu zehatzean, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 eurokoa izango da hamar plaza baino gutxiagoko ibilgailu bakoitzeko, eta 20.000 eurokoa ibilgailu handiago bakoitzeko.

c) Kapital naturalaren eta biodibertsitatearen lerroan:

(Ikus .PDF)

Diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 100.000 eurokoa izango da proiektu bakoitzeko; hala ere, lizentziak eta baimenak lortzeko proiektuak idazteko, gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.

Erriberak eta ibilguak garbitzeko proiektuen kasuan, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.

d) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:

Laguntzak ez dira izango diruz lagundu ahal diren gastuen % 50etik gorakoak, ezta 16.000 eurotik gorakoak ere, erakunde onuradun bakoitzeko.

2.– Oro har, a), b) eta c) letren lerroei dagokienez, erakunde eskatzailea eskualde-erakunde bat bada, eta proiektuan parte hartzen duten udalerrien % 75en biztanle-kopurua ez bada ezarritakoa baino handiagoa, kopuru horretatik beherakoetarako ezarritako balorazio-irizpidea baliatuko da.

17. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak lehia-prozeduraren bidez esleituko dira 1. artikuluan aipatzen diren multzo eta azpimultzoetako bakoitzean, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan izan ezik, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan ezarritakoarekin. Diru-laguntza jaso ahal izateko, dena delako jarduerak 100etik gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu organo ebaluatzaileak artikulu honetako 2. atalean zehazten diren irizpideen arabera egindako balorazioan.

50 puntu baino gehiago jasotzen duten proiektuen lehentasun-ordena ez dago lotuta proiektu bakoitzak jaso beharreko kopuru ekonomikoarekin. Irizpide hori kontuan hartuko da, soil-soilik, 50 puntu baino gehiago lortutako proiektu guztiak ordaintzeko adina dirurik ez badago. Kasu horretan, puntuazio altuena lortutako proiektuak lagunduko dira diruz, jardun bakoitzeko lerroan aurrekontu-kreditua agortu arte.

2.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroko laguntzak lehiarik gabeko konkurrentzia-prozedura bidez esleituko dira, eta artikulu honetako 5. atalean ezarritako irizpideen arabera kuantifikatuko dira.

3.– Proiektu bakoitzari egokitutako diru-laguntza agindu honetako 7. eta 16. artikuluetan jasotako irizpideen arabera zehaztuko da.

4.– Diru-laguntzak irizpide hauen arabera emango dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:

4.1.– Lurzoru kutsatuen lerroan:

a) Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren estrategia, plan eta programekin bat. Gehienez, 15 puntu.

Estrategikotzat joko dira, besteak beste, honako hauek:

– Tokiko Agenda 21eko tokiko ekintza-planaren onespena osoko bilkuraren erabakiz (edo baliokidea), eta TA21 prozesuaren ebaluazio– eta jarraipen-txostena. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 21eko kide diren udaletan.

– Erosketa eta kontratazio publiko berdearen irizpideak txertatzea.

b) Kokalekuan eta inguruko lurretan, gizakien osasunaren edo/eta ingurumenaren gainean izan daitezkeen eraginak. Gehienez, 60 puntu.

c) Jardunaren kalitatea, bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzazkoa, eraginkortasuna, eta izaera estrapolagarria. Gehienez, 25 puntu.

4.2.– Klima-aldaketaren eta atmosferaren lerroan:

Proiektu guztietan, zarata-mapetan izan ezik.

a) Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren estrategia, plan eta programekin bat: gehienez, 25 puntu.

Estrategikotzat joko dira, besteak beste, honako hauek:

– Tokiko Agenda 21eko tokiko ekintza-planaren onespena osoko bilkuraren erabakiz (edo baliokidea), eta TA21 prozesuaren ebaluazio– eta jarraipen-txostena. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 21eko kide diren udaletan.

– Erosketa eta kontratazio publiko berdearen irizpideak txertatzea.

Zehazki, egokitzapenaren esparruan estrategikotzat joko da, halaber, egokitzapen-plana edukitzearekin koherentea den ekinbidea eta eskaeran ziurtatutako zaurgarritasunarekin koherentea den ekinbidea edo plana; etxegintzan, berriz, eraikinak energia-kontsumo handia eta energia-eraginkortasuna txikia izatea.

b) Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, eragindako biztanleria, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 35 puntu.

c) Proiektuaren kalitate teknikoa eta ekonomikoa (proiektua azaltzeko memoria tekniko eta ekonomiko xehatuen kalitatea, eta, hala dagokionean, kalkuluak eta aurkeztutako murrizketak), ekintzaren kostua/etekina erlazioa, diagnostikoa eta jarraipen-proposamena: gehienez, 40 puntu.

Berotegi-efektuko gasen isurpenen arloko ekintzei dagokienez, kostua/etekina erlazioaren irizpidea lehenetsiko da (murrizketaren tona-kopurua diruz lagunduko den inbertsioko euroko), baita fabrikazioan energia-kontsumo handia duten produktuen kontsumoa murrizteko hondakinak berrerabiltzearena ere, ongarriak kasurako, kalkuluak behar bezala egiaztatu badira.

Zarata-mapak egiteko:

a) Jardunaren izaera estrategikoa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren estrategia, plan eta programekin bat: gehienez, 5 puntu.

Estrategikotzat joko dira, besteak beste, honako hauek:

– Tokiko Agenda 21eko tokiko ekintza-planaren onespena osoko bilkuraren erabakiz (edo baliokidea), eta TA21 prozesuaren ebaluazio– eta jarraipen-txostena. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 21eko kide diren udaletan.

– Erosketa eta kontratazio publiko berdearen irizpideak txertatzea.

b) Udalerriko biztanle kopurua, eta trantsizio akustikoko eremuak egotea edo ez: gehienez, 45 puntu.

c) Proposamenaren kalitate teknikoa (eskaintza ekonomiko xehatu bat egotea, barne-koherentzia, proposatutako metodologia, aurretiazko diagnostikoa eginda izatea, etab.), eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa: gehienez, 25 puntu.

d) Udalerriek zonakatze akustikoa izatea: gehienez, 10 puntu.

e) Lehendik azterlanak, zarata-mapak edo diagnostikoak egin dituzten udalerriak, airearen kalitatearen ekintza-plana ezartzeko prozesua hasita dutenak: gehienez, 10 puntu.

f) Zaratak herritarrei sortzen dizkien eragozpenei buruzko ebaluazioa sartuta izatea zarata-maparen barruan: gehienez, 5 puntu.

4.3.– Kapital naturalaren eta biodibertsitatearen lerroan:

a) Jardunaren izaera estrategikoa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren estrategia, plan eta programekin bat: gehienez, 5 puntu.

Estrategikotzat joko dira, besteak beste, honako hauek:

– Tokiko Agenda 21eko tokiko ekintza-planaren onespena osoko bilkuraren erabakiz (edo baliokidea), eta TA21 prozesuaren ebaluazio– eta jarraipen-txostena. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 21eko kide diren udaletan.

– Erosketa eta kontratazio publiko berdearen irizpideak txertatzea.

b) Jarduna non gauzatuko den, 35 puntu, gehienez:

b.a) Naturagune babestuen barruko lurrak, EAEko Natura Zaintzeko Legean xedatutakoaren arabera (Natura 2000 Sarea, Natura Parkeak edo Biotopo Babestuak): gehienez, 35 puntu.

b.b) EAEko hezeguneetarako LAParen II. eta III. taldeen hezeguneetan sartuta dauden lursailak: gehienez, 30 puntu.

b.c) Aurreko epigrafeetan sartuta ez dauden lursailak, komunitatearentzat edo eskualdearentzat interesa duten basaflorako eta basafaunako espezieak barne hartzen dituztenak –espezie horiek sartuta egon behar dute hegaztiei eta habitatari buruzko zuzentarauen eranskinetan, edo basafaunako eta basaflorako espezie mehatxatuen EAEko katalogoan–: gehienez, 25 puntu.

b.d) Konektibitate ekologikorako, garrantzizkoak diren eremuak: gehienez, 20 puntu.

Jardun-eremu baten gainean hainbat kalifikazio egiten baldin badira, puntu gehien duena balioetsiko da.

c) Proiektuaren kalitate teknikoa eta bideragarritasuna, betiere biodibertsitateari eusteko eta berau leheneratzeko eta hobetzeko egiten dituen ekarpenei dagokienez: 15 puntu, gehienez.

d) Bereziki Zaindu beharreko Guneei buruzko agirietan jasotako neurriak –izan izendatutako KBEak, izan izapidetze-aldian daudenak–: 20 puntu, gehienez.

e) Jarraipen-planaren kalitate teknikoa eta proiekzioa: 10 puntu, gehienez.

f) Komunikazio– eta difusio-jardunek gizartean izan dezaketen eragina: 5 puntu, gehienez.

g) Jardunaren kalitatea, bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa: 10 puntu, gehienez.

Ibaien ertzak eta ibilguak garbitzeko proiektuetan, honako irizpideei helduko zaie:

a) Jardunaren izaera estrategikoa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren estrategia, plan eta programekin bat: gehienez, 10 puntu.

Estrategikotzat joko dira, besteak beste, honako hauek:

– Tokiko Agenda 21eko tokiko ekintza-planaren onespena osoko bilkuraren erabakiz (edo baliokidea), eta TA21 prozesuaren ebaluazio– eta jarraipen-txostena. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 21eko kide diren udaletan.

– Erosketa eta kontratazio publiko berdearen irizpideak txertatzea.

b) Proposamenaren kalitate teknikoa (proposatutako metodologia, arroko beste udalerri batzuekin koordinatzea, elkarteak inplikatzea, biodibertsitatea kontserbatzeko eta babesteko neurriak deskribatzea) eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa: gehienez, 40 puntu.

c) Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, ibaiertzean garbitu beharreko metro linealak, biztanleria onuraduna eta eragina, erretiratutako hondakinak, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 40 puntu.

d) Sentsibilizazio– eta dibulgazio-plana (proiektuarekin, ekintzekin, helburuko biztanleriarekin lerrokatuta egotea): gehienez, 5 puntu.

e) Proiektua gauzatzeko sortu beharreko enplegu-kopurua: gehienez, 5 puntu.

5.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroko diru-laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko irizpideak honako hauek izango dira:

1.– Zenbateko finko bat esleituko da, honako irizpide hauei jarraiki:

1.1.– Ikastetxea duten bost udalerri edo gutxiago biltzen dituzten mankomunitateak, bestelako toki-erakundeak, tokiko organismo autonomoak edo tokiko merkataritza-sozietateak: 1.500 euro.

1.2.– Ikastetxea duten bost udalerri baino gehiago biltzen dituzten mankomunitateak, bestelako toki-erakundeak, tokiko organismo autonomoak edo tokiko merkataritza-sozietateak: 2.000 euro.

1.3.– Diru-laguntzak bakarka eskatzen dituzten udalerriak: 500 euro.

2.– Aurreko zenbakian aipatutako zenbatekoak esleitu ondoren, gainerako zenbatekoak honela banatuko dira:

2.1.– % 80, erakunde eskatzailearen eragin-eremuan Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duen ikastetxe kopuruaren arabera, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan.

2.2.– % 20, erakunde eskatzailearen eragin-eremuan Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duen ikasle kopuruaren arabera, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan.

2.3.– Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duen ikastetxe eta ikasle kopuruaren datuak ofizioz egiaztatuko dira.

18. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Ingurumeneko sailburuordeak, organo ebaluatzaileak egindako proposamena kontuan izanda, ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko zaie, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, gehienez sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Adierazitako epean ez bada ebazpenik jakinarazi, eskaerak ezetsi egin direla joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan jasotakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, Administrazioak ebazpena emateko betebeharra izaten jarraituko du, aipatutako legeak ezartzen duenez.

2.– Ebazpenak erabakiko du eskatutako diru-laguntzak nori esleituko zaizkion, eta, hala badagokio, nori ukatu zaizkion. Esleitutakoen kasuan, adieraziko da zein den erakunde onuraduna, zein den diruz lagundutako egitasmoa, eta zenbatekoa den emandako diru-laguntza. Ukatutakoen kasuan, adieraziko da zergatik ez den eman diru-laguntza. Bestalde, erakunde onuradunen batek uko egiten badio jasotako diru-laguntzari, ebazpenak zehaztuko du zein den lehentasun-hurrenkera, hasiera batean aurrekontu-zuzkidura faltagatik diru-laguntzarik gabe geratu diren proiektuak edo zati batean diruz lagundu zirenak diruz laguntzeko.

3.– Aurreko lerrokadetan aipatutako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin.

19. artikulua.– Baldintzen agiria.

Proiektu bakoitzaren ezaugarri zehatzak aintzat hartuta, diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko nahitaez bete beharreko baldintza tekniko eta ekonomikoak ezarriko dira. Baldintza horiek baldintza-agiri batean bilduko dira, Jasangarritasunerako hezkuntzako proiektuen kasuan izan ezik, eta agiri horren berri erakunde onuradun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan.

20. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki honako baldintza hauek:

1.– Esleitutako diru-laguntza onartzea. Hori egiteak agindu honetan eta 19. artikuluan adierazitako baldintza-agirian aipatzen diren baldintza eta arau guztiak onartzea dakar. Horri dagokionez, hamar egun naturaleko epean, erakunde onuradunak 19. artikuluan aurreikusitako baldintza-agiriaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatuta, ez badu berariaz onartzen, onartutzat hartuko da. Jakinarazpena bidaltzen denetik epe bera igarotzen bada edukira jo gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraiki izapidea egintzat joko da, betiere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea tekniko edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.

2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio oro ematea, eta Ihobe S.A. erakunde laguntzaileak zein organo emaileak egiaztatzeko egin beharreko ekintzei men egitea, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruz eskatutako informazio oro emanez.

3.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari lehenbailehen jakinaraztea proiektuan edozein arrazoi dela medio egin diren aldaketak, aldaketa horien onarpena eskatzeko. Era berean, diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, erakunde emaileari horren berri jakinarazi beharko zaio.

4.– Diruz lagundutako ekintza gauzatu eta justifikatzea, agindu honetako 23. artikuluan ezarritako epeetan.

5.– Diru-laguntza zertarako eman den, xede jakin horretarako erabiltzea, betiere 23. artikuluan, baldintzak aldatzeari buruzkoan, finkatutakoa aplikatu behar ez bada.

6.– Proiektuak gauzatzea egoki diren lizentziak, baimenak eta gainerako sektore-eskakizunak betez.

7.– Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerarik lortuz gero, inguruabar horren berri izan ondorengo hamar egun balioduneko epean, horren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari, eta adieraztea, halaber, organo emailea eta laguntzaren edo diru-laguntzaren zenbatekoa zein diren.

8.– Kapital naturalaren eta biodibertsitatearen proiektuen kasuan, habitaten edo espezieen buruzko datuak sortzen direnean, datu horiek formatu bateragarrian eskaintzea, Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemara gehitzeko (https://www.euskadi.eus/r49-u95a/eu/contenidos/informacion/naturaeuskadi/eu_def/index.shtml).

9.– Jardunari zabalkundea emateko kartel eta materialetan, eta egiten den publizitatean eta, zehazki, diruz lagundutako ibilgailu edo ekipamenduetan, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren logotipoak jartzea, Eusko Jaurlaritzako Nortasun Korporatiboaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera (https://www.euskadi.eus/r48-contsepr/eu/contenidos/informacion/v2_simbolos/eu_simboide/index.shtml), eta, halaber, sail horren babesa aipatuko da.

10.– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren babesa aipatzea egiten diren dokumentuetan eta prentsa-komunikazioetan, bai eta publizitatean ere.

11.– Diru-laguntza jasotzen duen toki-erakundea Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sarean (Udalsarea 21) baldin badago, sare horren logotipoa ere agerrarazi beharko da.

12.– Aurkeztutako proiektuan dagoen informazio tekniko, pedagogiko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku uztea, doan eta esklusibotasunik gabe, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren informazio-sistemetan erabili eta sartzeko, bai eta honako hauetan argitaratu eta hedatzeko ere: edozein hedabide eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko eta informatikotan zein teknikak ahalbidetzen duen orotan. Jabetza intelektualaren eskubideak beti errespetatuko dira.

13.– Zabalkunderako egiten diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira. Jardunak herritarrekiko harremana edo arreta eskatzen badu, bermatuta egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta bi hizkuntzetan arreta jasotzeko eskubideak.

14.– Argitalpenik egiten bada, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari euskarri digitalean igorri beharko zaizkio. Paperean argitaratuz gero, argitalpenaren eta eskuorrien hamarna ale igorri beharko dira, gutxienez.

15.– Egiten diren dokumentu eta ekintzek genero-ikuspegia eduki behar dute, eta hizkuntzaren eta irudiaren erabileran ez da bazterketa-elementurik egongo.

16.– Kontabilitate-liburuak, eginbideratutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea erakunde onuradunari kasuan-kasuan aplikatu beharreko merkataritzako eta sektoreko legeriak eskatutako moduan.

17.– Jasotako diru-laguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

18.– Lurzoru kutsatuen kasuan aurreikusitako xederako, berariaz:

a) Kokapenaren berrerabilerak gainbaliorik sortzen badu, erakunde onuradunak itzuli egin beharko du diru-laguntza, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legerian ezarritakoa betez.

b) Eskaera egin duen erakundeak, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak ikertzeko laguntzak jaso ahal izateko, konpromisoa hartzen du diru-laguntzaren xede den kokalekua lurzoruaren kalitatea adierazteko prozeduraren mende jartzeko, betiere Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 15eko 4/2015 Legearekin bat. Lurzoruaren kalitatea berreskuratzeko laguntzen kasuan, nahitaezkoa izango da saneamendu-proiektuaren onespena izatea, Ingurumen Sailburuordetzak emanda. Nolanahi ere, eskaera egiten duen erakundeak prozeduran zehar agintzen zaizkion neurriak ezartzeko konpromisoa hartzen du.

c) Diruz laguntzen diren ekintzak egiterakoan, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan eskatutakoa bete beharko da (lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena).

d) Lurzoruaren kalitatea adierazteko prozedurak eskatzen duen dokumentazioa aurkezteaz gain, diru-laguntza kontrolatzeko prozesuaren esparruan, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzak ikerkuntza-estrategiak onestea, gauzatu aurretik, eta organo horri jakinaraztea zein den kronograma eta zehazki noiz hasiko den lurzoruaren kalitatearen ikerkuntza eta/edo berreskuratzea.

21. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Jardueraren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada diru-laguntza emateko oinarritzat hartutakoa baino, diru-laguntzaren zenbatekoa bidezko proportzioan murriztuko da, eta gero diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

22. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldakuntzaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betekotzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako diru-laguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten diru-laguntzak edo laguntzak jaso badira, horren berri aurretiaz eman beharko dute Ingurumen Sailburuordetzak horrelakoak berariaz onar ditzan. Aipatutako aldaketek diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango dute, betiere agindu honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, Ingurumeneko sailburuordeak dagokion kitapen-ebazpena emango du, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa aldatzeko edota, hala badagokio, egoki den zenbatekoaz gaindi jasotakoa itzultzea eskatzeko.

2.– Aldaketak ezingo du inola ere jardueraren izaera aldatu.

3.– Diru-laguntzaren onuradunak justifikazioan adierazten badu diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla, eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenarekin bat, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-izapidea ez denez egin, diru-laguntza eman duen organoaren aukeran geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea; betiere, hori eginda beste inoren eskubideak kaltetzen ez badira.

4.– Diru-laguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez du esan nahi onuraduna dagozkion zehapenetatik salbuetsita geratu denik.

5.– Diru-laguntzaren xede den jarduera gauzatzeko eta amaitzeko epeari dagokionez, salbuespen gisa, erakunde onuradunak jarduera hori gauzatzeko epea luzatzeko eskaera egin ahal izango du, jarduera gauzatzeko ezarritako epea agortu baino gutxienez hilabete lehenago; betiere, erakunde onuradunaren borondatez kanpoko arrazoiak daudenean, eta behar bezala justifikatzen dituenean. Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroaren kasuan, ezin izango da halako luzapenik eskatu.

Epea luzatzeko eskaera hori Ingurumeneko sailburuordeak onartu beharko du, ebazpen bidez.

23. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Erakunde onuradunek 2017ko abenduaren 31 baino lehen betearazi eta justifikatu beharko dute jasotako diru-laguntza; nolanahi ere, jasangarritasunerako hezkuntzako proiektuek 2016ko irailaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dute proiektuaren azken dokumentazioa.

2.– Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, bitarteko elektronikoz, https://euskadi.eus/nirekudeaketak webgunean:

a) Toki-erakundearen idazkariak egindako ziurtagiria, non diru-laguntzaren xedea eta helburua bete direla adierazten den.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagozkion ekintzak azaltzen dituen memoria, haien ezaugarri nagusiak eta ingurumen-arloko helburuen betetze-maila azalduta. Ingurumen-onurei dagokienez, a priori jarritako helburuak kontuan hartuta ingurumenaren gaineko eraginak eta presioak benetan zenbateraino gutxitu diren zehaztuko da, 19. artikuluan aipatzen den baldintza-agirian adierazitakoaren arabera.

c) Lurzoruen gaineko proiektuen kasuan, diruz lagundutako jarduera garatzen den kokapenari dagokion lurzoruaren kalitatea deklaratzeko espedientea hasteko eskaeraren kopia.

d) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak.

e) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta, izanez gero, helburu bererako beste diru-laguntza, laguntza edo sarrera batzuk jaso izanaren adierazpena.

f) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio– eta publizitate-ekintzei buruzko memoria deskriptiboa.

g) Proiektuan sortutako materialen kopia.

3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren proiektuak sustatu dituzten erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte diru-laguntza justifikatzeko:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroari dagozkion ekintzak azaltzen dituen memoria, haien ezaugarri nagusiak eta ezarritako helburuen betetze-maila azalduta. Memoria horretan, lauki batean bilduko dira ikastetxeek udalei egindako proposamenak, udalek hartutako konpromisoak, eta aurreko ekitaldietan hartutako konpromisoen betetze-mailaren jarraipena, hala nola hautemandako jardunbide egokiak. Udalerri bakoitzak, halaber, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroaren jarduna azaltzeko memorian bildutako koordinazio-gakoei buruzko informazioa eman beharko du.

b) Diruz lagundutako proiektuari dagozkion fakturak.

c) Diru-sarreren eta gastuen ziurtagiriak, eta, izanez gero, helburu bererako beste diru-laguntza, laguntza edo sarrera batzuk jaso izanaren adierazpena.

d) Proiektuan sortutako ikasmaterialen eta dibulgaziozkoen kopia, formatu digitalean; horrekin batera, zerrenda batean, adieraziko da horietatik zein izan daitezkeen material edo baliabide didaktiko erabilgarriak hezkuntza-komunitatearentzat.

24. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Lurzoru kutsatuen, klima-aldaketa eta atmosferaren, eta kapital naturala eta biodibertsitatearen lerroen kasuan, honela ordainduko da diru-laguntza:

a) Ordainketaren lehen aurrerakina, diru-laguntzaren % 25, diru-laguntza onartu ostean, 20. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

b) Ordainketaren bigarren aurrerakina, diru-laguntzaren % 25, 2016ko urriaren 31 baino lehen.

Bigarren ordainketa egin aurretik, erakunde onuradunak diru-laguntzaren bigarren ordainketa agintzeko inprimakia behar bezala beteta igorri beharko du; aipatutako inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri. Diruz lagundutako jardunaren betetze-maila jasoko du aipatutako agiriak, eta egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalaren bidez igorriko da Ingurumen Sailburuordetzara (https://euskadi.eus).

Kapital naturalaren eta biodibertsitatearen ekintzen kasuan, gainera, beharrezko baimenen laburpenaren inprimakia atxiki beharko da, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera eguneratuta, eta, baimenak jasoz gero, erakunde eskudunek emandako baimenen kopiak erantsi beharko dira (Jabari Publiko Hidraulikoan, Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoan, Natura Parkeetan eta abar jardunez gero).

c) Hirugarren ordainketa, diru-laguntzaren % 50, 2017ko ekitaldian egingo da, 23.2 artikuluan ezarritako frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren.

2.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, honela ordainduko da diru-laguntza: diru-laguntzaren % 50, laguntza onartutakoan; gainerako zatia, berriz, proiektuaren azken dokumentazioa aurkeztu ondoren, eta, betiere, 2016ko irailaren 15a baino lehen.

25. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Baldin eta erakunde onuradunak ez badu Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntza eskatutako eta emandako xede espezifikorako erabiltzen, ez badu diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera egiten, ez badu justifikatzen diru-laguntza jaso zuen xederako baliatu duela, edo, oro har, ez badu betetzen erakunde eskudunak ezarritako baldintzaren bat, erakunde horrek diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko da, betiere aldez aurretik interesdunari entzun ondoren; gainera, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, proportzionaltasun-printzipioari jarraiki betiere, hala ezarrita baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

2.– Era berean, onuradunak itzuli egin beharko du diru-laguntza honen xede den jardueraren kostuaren gainetik jasotako diru kopurua, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, 9. artikuluan adierazitakoarekin bat; horretaz gain, zehapenak eta kalte-ordainak ordainarazi ahal izango zaizkio, sortutako kalteengatik, eta hala badagokio, zigor-erantzukizuna eskatu ahal izango zaio. Aipatutako zenbatekoek diru-sarrera publikoen izaera izango dute, dagozkien ondorioetarako.

26. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jaso gabe geratzen den guztirako, honako hauetan ezarritako aurreikuspenak aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 22a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala