Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2015eko uztailaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3336

AGINDUA, 2015eko aren koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, diru-laguntzak emateko erregimena ezartzen duena 2015ean egingo edo hasiko diren nazioarteko eremuko eta izaerako kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, kategoria absolutuan.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, agindu honen bidez, diru-laguntzen lerro bat ezartzen du nazioarteko esparrua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzen laguntzeko kirol-erakundeei.

Deialdi hau egiten da Eusko Jaurlaritzaren iritziz oso garrantzitsua delako nazioarteko kirol-lehiaketetan parte hartzera zuzendutako jarduerak sustatzea, hori funtsezko elementua baita euskal kirola nazioarteko esparruan egon dadin, eta kirol-jarduera sustatzeko oro har.

Hortaz, kirol-jarduerek diru-laguntzak jaso ahal izateko zer eskakizun eta irizpide bete behar dituzten zehaztu behar da, bai eta aipatutako diru-laguntza horien eskabidea, izapideak eta emakidak erregulatzeko arauak ezarri ere.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– 2015ean egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan, nazioarteko esparrua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan parte hartzeko diru-laguntzak emateko erregimena ezartzen du agindu honek, artikulu honetan jasotzen diren baldintzei jarraiki.

Agindu honen ondorioetarako, nazioarteko esparrua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialtzat joko dira nazioarteko federazio baten, Europako federazio baten edo nazioarteko profesionalen liga baten egutegi ofizialean sartzen diren lehiaketak.

Goi-mailako kirola sustatzeko xedea izan behar dute lehiaketa horiek. Ez da diru-laguntzarik emango funtsean partaidetzako kirola sustatzera bideratuta dauden jardueretarako (jolaserako, aisiarako eta osasunerako kirola), ez eta euskal kirol-selekzioek parte hartzen duten kirol-lehiaketetarako ere.

2.– 2015. urtean hasten diren ekitaldietarako ematen diren diru-laguntzak ezingo dira erabili urtealdi horretatik kanpoko gastuak ordaintzeko. Honako gastu hauek izango dira diru-laguntzaren xede: garraioa, ostatua, ekipajea eta logistika.

3.– Edonola ere, ezin izango dute modalitate honetako diru-laguntzarik jaso, eta, beraz, deialdi honetatik kanpo geratutako dira, bi sexuen arteko tratu-berdintasuna bermatzen ez duten proiektuek.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Zenbateko honetan finkatu da deialdi honek aurreikusitako diru-laguntzen guztizkoa, gehienez ere: hirurehun eta berrogei mila (340.000) euro. Horietatik, 210.800 euro 2015 urterako ordainketa-kredituari dagozkio eta 129.200 euro 2016rako konpromiso-kredituari.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte legez eratuta eta dagokien erregistroan inskribatuta dauden eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten kirol-klubek, kirol-elkarteek eta helburutzat kirola duten nortasun juridikoko erakundeek. Kirol-federazioek ezin izango dituzte diru-laguntza hauek eskuratu.

2.– Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean zehar, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten pertsonek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik eskatu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

3.– Betiere, onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak, eta zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla frogatzea. Orobat, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordainduta izatea.

4.– Era berean, onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez.

4. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Laguntzen zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionalaren irizpidea erabiliko da. Alegia, eskabideek agindu honen 11. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz balioespen-fasean lortu duten puntuazioaren arabera banatuko da proportzionalki agindu honen 2. artikuluan adierazitako diru-kopuru osoa, betiere, ezarritako gehienezko diru-kopurua errespetatuz, edo, txikiagoa bada, eskatutako kopurua.

2.– Jarduera bakoitzeko diru-laguntza laurogeita hamar mila (90.000) eurokoa izango da gehienez. Diziplina ez olinpikoetako jarduera bakoitzarentzako diru-laguntza kirolari bakoitzeko hamar mila (10.000) eurokoa izango da gehienez.

3.– Futboleko Liga Profesionalean, Asobalen, ACBn eta gizonezkoen txirrindularitzako Ruta UCI Pro-Teams-en parte hartzen duten erakunde onuradunek agindu honen aurrekontu-zuzkiduraren % 25 jaso ahal izango dute gehienez jasotako kopuru guztiak batuta.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak modu presentzialean edo bide elektronikoz izapidetu ahalko dira. Kanal bat edo bestea erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan bide bera erabili behar denik, edozein unetan alda baitaiteke.

3.– Modu presentzialean, eskabideak aurkeztu ahal izango dira Zuzenean-en, EAEko erregistro osagarrien bulegoetan (bulego horiek zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan) edo azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoan, ezarritako bideetako edozein erabiliz.

4.– Izapidetze elektronikoan, pertsona edo erakunde interesdunek euskadi.net egoitza elektronikoaren bidez eskatu, kontsultatu eta gauzatu ahalko dituzte prozedura honekin lotutako izapide guztiak, helbide honetan:

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2015/kirol_partaidetza/eu/

Eskabidea egin eta gero egin beharreko izapide elektronikoak honako helbide honetan egingo dira:

http://www.euskadi.net/misgestiones

5.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde/pertsona eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzkoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar adina aldiz, laguntzak eskatu dituzten erakundeek/pertsonek beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da beharko erakunde/pertsona eskatzailearen oniritzirik, beti ere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuenak, xedatutako baldintzetan.

2.– Laguntza eskatzen duen pertsonak/erakundeak beren beregi onartu ahal izango du organo kudeatzaileak gainerako datu edo dokumentu horiek lortzea edo egiaztatzea, hala bide presentziala nola elektronikoa erabiltzen duenean. Hori gorabehera, Herri Administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko eskumenak ditu.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 50.6 eta 51.1 bis artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko da, normalizatutako eskabidean, honako betebehar hauek bete direla:

● Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

● Eskaera egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, hala xedatzen baitu otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, zken xedapenetako seigarrenean.

● Eskatzaileak egunean izatea indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala, ekonomia-jardueren gaineko zerga barne.

● Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian diru-laguntza jasotzeko ezarritako betekizunak.

4.– Erakunde eskatzailea ez badago inskribatua Eusko Jaurlaritzako Kirol Erakundeen Erregistroan, erakundearen eratze-eskritura eta estatutuak, bai eta dagokion erregistro publikoen izena ematearen egiaztagiria eta pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren zein horrek duen ordezkapen-ahalmenaren ziurtagiriak.

5.– Erakunde eskatzaileak honako hau bermatu beharko du:

● Bi sexuen arteko tratu-berdintasuna kirol-lehiaketetan.

● Erakunde eskatzaileak hedatzeko edozein bitartekotan adieraziko duela Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren laguntza izan dutela ekitaldian parte hartzeko, eta ekitaldian parte hartzearekin lotutako ekitaldi publikoetara gonbidatuko duela Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritza, salbu eta diru-laguntza ekitaldia egin ostean ematen ez bada; azken kasu horretan, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten dokumentu guztietan adierazi beharko dute hori.

7. artikulua.– Jarduera azaltzeko dokumentazioa.

1.– Jardueraren memoria (II. eranskina).

Honako alderdi hauei buruzko azalpen-memoria aurkeztu beharko dute:

– Balioetsi beharreko lehiaketak.

– Proba hori programa olinpikoan sartuta dagoen ala ez.

– Lehiaketa-maila.

– Lehiaketan parte hartzeko sistema: sailkapen-sistemaren bat ote dagoen edo ez.

– Lehiaketa-eremua. Mundukoa edo kontinentekoa.

– Balioetsi beharreko lehiaketan edo lehiaketetan kirolariek eskuratutako postua. Artean ez bada lehiaketa egin, aurreko urtean lehiaketa horretan edo maila horretako edo altuagoko lehiaketetan (halakorik egonez gero) eskuratutako emaitzak egiaztatu beharko dira.

– Parte-hartzearen jarraitutasuna. Zenbat urtetan parte hartu duten nazioartean azken 10 urteetan.

– Lekualdatutako kirolari eta teknikarien kopurua: jardunaldi-kopurua eta horiek non egin diren, bai eta lehiaketa-tokira bitarteko distantzia ere.

2.– Diru-laguntzaren xede izango litzatekeen proba barne hartzen duen nazioarteko federazioaren, Europako federazioaren edo nazioarteko profesionalen ligaren egutegi ofiziala, bai eta ekitaldia antolatzen duen erakundearekin eta dagokion nazioarteko federazioarekin, Europako federazioarekin edo profesionalen ligarekin harremanetan jartzeko helbide bat ere.

3.– Dagokion federazioaren ziurtagiria, lehiaketan eskuratutako kirol-emaitza egiaztatzen duena. Artean ez bada lehiaketa egin, aurreko urtean lehiaketa horretan edo maila horretako edo altuagoko lehiaketetan (halakorik egonez gero) eskuratutako emaitzak egiaztatu beharko dira.

4.– Dagokion nazioarteko federazioaren ziurtagiria, azken 10 urteotan nazioartean izandako parte-hartzeen kopurua egiaztatzeko.

5.– Dagokion federazio espainiarraren ziurtagiria, modalitate horretako EAEko kirol-federazioa federazio horretan sartuta dagoela egiaztatzen duena, salbu eta modalitate horretako federazio espainiarra existitzen ez bada.

6.– Diru-laguntzaren xede den jardueraren sarreren eta gastuen aurrekontu orekatua (III. eranskina).

7.– Dagoeneko eginda dauden jardueretarako, agindu honetan egindako gastuak egiaztatzeko ezartzen diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira.

8.– Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritza ekitaldian parte hartzearekin lotutako ekitaldi publikoetara gonbidatzeko konpromisoa, diru-laguntza ekitaldia egin ostean ematen ez bada behintzat; azken egoera horretan, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten dokumentu guztietan adierazi beharko dute hori.

9.– Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak diru-laguntza emateko beharrezko irizten duen adina dokumentazio osagarri eskatu ahal izango du.

8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

9. artikulua.– Programa kudeatzeko eskumena duen organoa.

Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kiroletako zuzendariak du agindu honetan araututako diru-laguntzen programa kudeatzeko eskumena.

10. artikulua.– Balioespen-batzordea.

1.– Balioespen-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa aztertzeko. Honako hauek osatuko dute batzordea: Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak (batzordeko presidentea izango da) eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak izendatutako arlo horretako bi teknikarik (horietako bat idazkaria izango da).

2.– Era berean, balioespen-batzordearen bileretara bertaratu ahal izango dute, hitza bai baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruan jakintza espezifikoa duten pertsonek, bertaratuen gehiengoak onartuz gero.

3.– Balioespen-batzordea eratzerakoan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

4.– Balioespen-batzordearen osaketa eragingarria EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik, interesa duen edozeinek aukera izan dezan beren ezespen-eskubidea baliatzeko, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.

5.– Balioespen-batzordeak egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ahalko dizkie eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak behar bezala aztertu ahal izateko beharrezkoa dela irizten badio; era berean, beharrezkotzat jotako txosten teknikoak ere eskatu ahalko ditu.

6.– Batzorde horrek arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari helaraziko dio.

11. artikulua.– Eskabideak balioesteko eta hautatzeko irizpideak.

Balioespen-batzordeak aztertuko ditu jasotako eskabideak, eta ondoren zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu jarraian aipatzen den baremoaren arabera:

1.– Probaren maila (45 puntura arte):

● Programa olinpikoa: 20 puntura arte.

– Proba olinpikoa: 20 puntu.

– NBOk onartutako nazioarteko federazio baten proba ez olinpikoa: 7,5 puntu.

– NBOk onartu gabeko nazioarteko federazio baten proba ez olinpikoa: 0 puntu.

● Lehiaketa-maila: 10 puntura arte.

– Nazioarteko goi-mailako lehiaketa: 10 puntu.

– Nazioarteko bigarren mailako lehiaketa: 5 puntu.

– Nazioarteko hirugarren mailako lehiaketa: 0 puntu.

● Lehiaketan sartzeko sistema: 10 puntura arte.

Lehiaketan sartzeko sistemaren zailtasuna balioetsiko da; 10 puntura arte emango zaizkie aurre-sailkapena duten lehiaketei, eta 0 puntu nahieran sartzeko edo gonbidapen bidezko sistema dutenei.

● Lehiaketa-esparrua: 5 puntura arte.

– Mundukoa: 5 puntu. Lehiaketa bat mundu-eremukoa dela ulertuko da hiru kontinentetako edo gehiagotako lehiakideak baditu.

– Kontinentekoa: 0 puntu.

2.– Kirolarien maila (10 puntura arte).

● Azken 10 urteetako nazioarteko parte-hartzearen jarraitutasuna (5 puntura arte).

– 7 parte-hartze baino gehiago azken 10 urteetan: 5 puntu.

– 4tik 7 parte-hartzera azken 10 urteetan: 2,5 puntu.

– Parte-hartze 1etik 3ra edo gutxiago azken 10 urteetan: 0 puntu.

– Eusko Jaurlaritzaren edo Kirolen Kontseilu Gorenaren goi-mailako kirolarien zerrendetan dauden euskal kirolariak (5 puntura arte).

● Kirol indibidualak:

Kirolari 1: 5 puntu.

● Talde-kirolak:

2 kirolari: 5 puntu.

Kirolari 1: 0 puntu.

3.– Aurrekontu-faktoreak (25 puntura arte).

– Mugiarazitako kirolarien eta langile teknikoen kopurua (15 puntura arte): puntu 1 pertsonako, 15 puntura arte, gehienez.

Gehienez, kirolariengatiko 13 puntu eta teknikariengatiko 2 puntu balioetsiko dira.

– Jardunaldi-kopurua (2,5 puntura arte).

Jardunaldi-kopurua 2,5 puntura arte balioetsiko da.

– Lehiaketa-tokira bitarteko distantzia (7,5 puntura arte).

○ Europa:

– 1.000 km-ra arte = puntu 1.

– 1.000 - 2.000 km = 2,5 puntu.

– 2.000 km baino gehiago = 5 puntu.

○ Afrika, Amerika, Asia: 6 puntu.

○ Ozeania: 7,5 puntu.

Kirol-diziplina berean eta kirol-maila bereko lehiaketetarako erakunde batek baino gehiagok aurkezten badute eskabidea, kiroletako azterketa tekniko bat egingo da, eta eskuratutako puntuazioak aldatu ahal izango dira horiek ordenara egokitzeko.

4.– Jardunaldi-kopurua (20 puntura arte).

– Lau lehiaketa edo probatik gora: 20 puntu.

– Lau lehiaketa edo proba: 15 puntu.

– Hiru lehiaketa edo proba: 10 puntu.

– Bi lehiaketa edo proba: 5 puntu.

– Lehiaketa edo proba bat: 0 puntu.

Erakunde eskatzaileek eskabide bakar bat aurkeztu beharko dute, eskabide horretan zenbat lehiaketa edo proba sartzen diren gora behera, baina horietako bakoitza erantsita, balioesteko.

Eskabide bat lehiaketa bakar baten barruko hainbat lehiaketa edo probei dagokienean, artikulu honetako lehen hiru ataletan jasotako lehiaketa edo proba guztien batez bestekoa egingo da: probaren maila, kirolarien maila eta aurrekontu-faktoreak. Ondoren, hiru atal horietako batez besteko puntuei 4. atalari dagokion puntuak batuko zaizkie (lehiaketen edo proben kopurua).

12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen babesean emandako diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek helburu bererako emandakoekin, bai eta diruz lagundutako jarduera gauzatzean sortutako beste edozein sarrera edo baliabiderekin ere, betiere, guztiak kontuan hartuta jarduerak erakunde onuradunari dakarkion kostua gainditzen ez bada. Gain-finantzaketarik badago, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da aurkeztutako aurrekontua orekatu arte.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du, balioespen-batzordeak helarazitako proposamena aztertu ondoren, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen emakida, sei hilabeteko epean, deialdia egiteko Agindu honek eraginak dituen egunetik zenbatzen hasita. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

2.– Ebazpen-epea igaro ondoren interesdunak horren berri jaso ez badu, eskabidea ezetsi egin zaiola ulertu ahalko da, hala xedatzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44 artikuluan.

3.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.

4.– Izapideetarako bide presentziala baliatuz gero, jakinarazpena gauzatutzat joko da azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 59. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpena betetzat jotzen den egunaren biharamunean hasiko da zenbatzen.

5.– Izapideak telematikoki eginez gero, 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena gauzatutzat joko da interesdunak, horren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak haren jasotzea elektronikoki sinatzen duen unean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jasotzea elektronikoki sinatzen den egunaren biharamunean hasiko da zenbatzen.

Jakinarazpenaren xedea erakunde interesatuaren edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako Dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatzen ez bada.

6.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa jar dezakete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren aurrean, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 114. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Bi alditan ordainduko da diru-laguntza. Lehenengo ordainketa 2014an egingo da, diru-laguntza onartu ostean, 15.a) artikuluan ezarritako epea berariazko uko-egiterik gabe igaro ostean. Onartutako zenbatekoaren ehuneko hirurogeita biari dagokion zenbatekoa emango da lehenengo ordainketa horretan. Bigarren ordainketa, gainerako zenbatekoari dagokiona, 2015ean egingo da, diru-laguntza 16. artikuluan xedatutako moduan justifikatu ondoren.

15. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti bete beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoaren, 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena; zehazki, honako hauek bete beharko dituzte edonola ere:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote diru-laguntzari idatziz eta espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Aurkeztu den aurrekontuan agertzen diren gastuak (garraioa, ostatua, ekipajea eta logistika) ordaintzeko erabili beharko da diru-laguntza, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpenarekin bat.

c) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jakinaraztea eskatutako informazioa, deialdi honetan jasotako diru-laguntzei buruzkoa.

d) Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari programaren exekuzioari buruz eskatzen dion informazio guztia ematea.

e) Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritza jardunaldia aurkezteko egingo diren ekitaldi publiko guztietara gonbidatzea, eta jarduera gauzatzen den artean ikusteko moduko tokian adieraztea Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren diru-laguntza jaso duela jarduerak, diru-laguntza ekitaldia egin ostean ematen ez bada behintzat; hala bada, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten dokumentu guztietan adierazi beharko dute hori.

f) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

16. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

Justifikazioak bide presentzialean aurkezteko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordetzara jo beharko da 2016ko martxoaren 31 baino lehen, Agindu honetan eskabideak aurkezteko ezarritako jarraibideei men eginez.

Frogagiri horiek baliabide elektronikoz ere aurkeztu ahal izango dira, webgune honetan:

http://www.euskadi.net/misgestiones

Egiaztagiriak:

a) Diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko memoria zehatza; zer jarduera egin eta zer emaitza eskuratu diren adierazi behar da.

b) Egindako gastuen jatorrizko ziurtagiriak, edo, hala badagokio, fotokopia konpultsatuak, emandako diru-laguntzaren kopuruaren adinako zenbatekoz.

c) Diru-laguntza emateko ebazpenean jarritako baldintzen arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa izan dutela berariaz adierazten duten dokumentu guztien aleak (dokumentu grafikoak, fotografikoak edo ikus-entzunezkoak).

d) Ekitaldian parte hartzeak eragindako kostu-kontuen behin betiko balantzea; diru-sarrera eta gastu guztiak adierazi behar dira bertan. Bereziki jaso beharko da helburu berarekin eskuratutako gainerako laguntzen zerrenda, eskabideak aurkezteko unean haiek eraginkor izango ziren jakiterik ez bazegoen (IV. eranskina).

17. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren bat jaso bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko.

18. artikulua.– Arauak ez betetzea.

1.– Ez-betetze izango dira honako hauek:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea dagokion epean.

d) Beste xedapenen batek izaera orokorrez ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

2.– Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak Gazteria eta Kiroletako Zuzendaritzaren «Kirol-arloko laguntzak eta diru-laguntzak» izeneko fitxategian jasoko dira, eta deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena. Fitxategi hori arau honen barrukoa da: 2006ko uztailaren 27ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena (EHAA, 173. zk., irailaren 11koa). Agindu hori beste honek aldatu zuen: 2010eko azaroaren 9ko Agindua (EHAA, 20. zk., 2011ko urtarrilaren 31koa).

Datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera, DPBLk berariaz aitortzen dituen datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta aurkatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzarekin harremanetan jarriz (Donostia 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 14a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala