Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2015eko uztailaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3329

AGINDUA, 2015eko uztailaren 15ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, gizarte-ekonomiako enpresetara bazkideak sartzeko laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko gizartean enplegua sortzeko duen lehentasuna diru-laguntzei buruzko Agindu honen bidez gauzatzen da, are gehiago gizarte-ekonomiako enpresetara bazkideak sartzeko pizgarriak ematen dituela kontuan izanik; izan ere, arlo horretan langilea eta bazkidea –jabea, alegia– bat dira enpresaren barruan.

Azken 6 urteotan milioi bat euro baino gehiago erabili dira programa hau betearazten, eta 700 lagun baino gehiago izan dira diru-laguntzen onuradunak; izan ere, giza talde horiek administrazio publikoaren laguntza eta bultzada jaso dute enpresa horietan sartzeko, ezbairik gabe duten balio soziala kontuan izanik.

Aurreko urteko deialdiari dagokionez, horren gainean egin diren aldaketa bakarrak epeei eta denbora-eremuei dagozkion egokitzapen logikoak baino ez dira; horrela, zenbatekoek eta diru-laguntzen onuradun izateko baldintza subjektiboek eta objektiboek bere horretan jarraitzen dute.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak azaldutakoa entzunda, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, 2015eko ekitaldirako eman ahal izango dituen diru-laguntzak arautzea eta deialdia egitea. Laguntzek honako helburu hauek izango dituzte:

a) Langabeak kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara sartzea, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa.

b) Besteen konturako lan-kontratua duten eta bazkideak ez diren jarduneko langileak sartzea kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara, bazkide langile edo lan-bazkide gisa.

c) Desgaitasuna duten pertsonak bazkide langile edo lan-bazkide gisa enpresaratzea.

d) Nekazaritzan, abeltzaintzan, basogintzan eta jarduera mistoetan diharduten ustiategien titularrak nekazaritza-kooperatibetan sartzea, bazkide gisa.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak, ematearen mugak, eta diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, berrehun mila euro (200.000) erabiliko dira. Nolanahi ere, kopuru hori aldatu ahal izango da, aurrekontuetan aldaketak eginez gero, indarrean dauden legeen arabera. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Laneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2.– Deskribatutako lau kolektiboei dagokienez, aurreko paragrafoan zehaztutako diru-zenbatekoa aski bada, exijitutako baldintzak betetzen dituzten laguntza-eskabide guztiei emango zaie baiezkoa.

3.– Esleipen ekonomikoa aski ez bada, honelaxe jokatuko da:

– 1.a) artikuluan oinarriturik errekonozitutako eta aurkeztutako eskabide guztiei aurre egiteko aski bada, lehenengo eta behin haiei guztiei erantzungo zaie. Sobratzen dena proportzionalki hainbanatuko da beste hiru kolektiboetako errekonozitutako eskabideen artean.

– 1.a) artikuluan oinarriturik errekonozitutako eta aurkeztutako eskabide guztiei aurre egiteko aski ez bada, agindu honetakoa estaltzeko baliabide ekonomikoen zenbateko globala haien artean hainbanatuko da proportzionalki. Aipatutako beste hiru kolektiboen eskabideei ezezkoa emango zaie, 1. paragrafoan aipatutako zuzkidura agortu delako.

3. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Interesdunek aurrez aurre zein elektronikoki egin ahal izango dituzte prozedura horri dagozkion eskaera, kontsulta eta izapide guztiak.

Izapideak aurrez aurre zein elektronikoki egiteko jarraibideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako gorabehera eta ereduak https://www.euskadi.net egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira, honako helbide honetan: Bazkideak enpresaratzea: www.euskadi.net/incorporacionsocios2015/y22-izapide/eu

2.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz, helbide honen bitartez egiten dira: https://euskadi.net/misgestiones

4. artikulua.– Onuradunak eta bete behar dituzten baldintzak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:

– 1.a), 1.b) eta 1.c) artikuluetan adierazitako kasuetan, eskubide osoarekin bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe moduan sartzea 2014ko abuztuaren 1etik 2015eko uztailaren 31ra bitarteko egunen batean, bi egun horiek ere barnean direla.

– 1.d) artikuluan ageri den kasuan, eskubide osoarekin bazkide mugagabe moduan sartzea 2014ko abuztuaren 1etik 2015eko uztailaren 31ra bitarteko egunen batean, bi egun horiek ere barnean direla.

2.– Berariazko eskakizunak:

a) Langabeen kasuan:

● Langabe gisa erregistratuta egotea enpleguko zerbitzu publikoan, gutxienez hiru hilabeteko antzinatasunaz. Antzinatasun horrek etenik gabekoa izan beharko du, eta bazkide bezala sartu aurrekoa, bi egoeren arteko etenik gabe. Baldintza hori bete behar izanez gero, ekainaren 24ko 4/1993 Legeak, Euskadiko Kooperatibei buruzkoak, araututako probaldia hasteko egunean bete beharko da.

● Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen lantokiren batean enpresaratu beharko dira langabetu horiek.

b) Besteren kontura lan egiten duten langileak bazkide gisa sartzen diren kasuan:

● Besteren konturako langileak onuradun izan daitezke, baldin eta bazkide langile edo lan-bazkide gisa gizarte-ekonomiako erakundean sartu aurreko lan-kontratua sei hilabetetik gorako antzinatasuneko kontratua bada enpresan bertan. Ez da diru-laguntzarik emango lan-kontratu mugagabea goi-zuzendarien lan-harreman berezia arautzen duen 1382/1985 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuaren barnean egin bada.

● Legezko subrogazio baten haritik eta gizarte-ekonomiako erakundea esleipendun suertatzen den zerbitzu-kontrata edo administrazio-emakida baten ondorioz, langileak bazkide langile edo lan-bazkide gisa gizarte-ekonomiako erakunde batean sartzen diren kasuan, ezinbesteko baldintza izango da sartutako bazkideak jatorrizko erakundean kontratu mugagabea izan duten besteren konturako langile izatea.

c) Desgaitasuna duten pertsonak bazkide gisa sartzen diren kasuan:

● Desgaitasuna duten pertsonak izanda, enplegu-zentro berezietatik badatoz eta gizarte-ekonomiako erakunde batean era iraunkorrean sartzen badira, betiere kontuan hartuta gizarte-ekonomiako erakunde hori izan daitekeela haien zerbitzuak ematen zituzten enplegu-zentro berezia. Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen lantokiren batean enpresaratu beharko dira langabetu horiek.

● Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, desgaitasuna duten pertsonak izango dira gutxienez % 33ko baliaezintasuna onartuta duten gutxitu fisiko, psikiko edo/eta sentsorialak.

d) Nekazaritza-kooperatibetan sartzen direnen kasuan:

● Nekazaritzan, abeltzaintzan, basogintzan eta jarduera mistoetan diharduten ustiategien titular izatea, betiere beren kasa eta zuzenean egiten badituzte hura ustiatzeko beharrezkoak diren jarduerak, denbora osoan edo partzialean.

● Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-kooperatibetan bazkide gisa sartzea.

● Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako ustiapenak izatea.

● Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-kooperatiba bateko bazkide badira, bazkide izaten gutxienez 5 urte daramatela, justifikatutako arrazoi objektiboak direla medio nekazaritza-kooperatibaz aldatzen badira, arrazoi horiek egiaztatuko dira nekazaritza-sektoreko kooperatibak ordezkatzen dituen erakundeak emandako aldeko txostenaren bitartez.

5. artikulua.– Pertsona eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Eskabideetan sartuko da badagoela aukera laguntza eskatzen duen erakundeak gainerako datuak edo agiriak organo kudeatzaileak lortu edo egiaztatu ditzala berariaz onartzeko, bai aurrez aurreko bidea bai bide elektronikoa erabiltzen duenean, eta Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenen kalterik gabe.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz, honako betekizun hauek egiaztatuko dira, eskabidean txertatuko den erantzukizunezko adierazpen baten bidez:

● Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.

● Pertsona edo erakunde eskatzaileak egiztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio- edo zigor-arloko zehapen baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

● Halaber, pertsona eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

3.– Erregistratu gabe egonez gero, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan jasota dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke honako helbide hauetan:

○ Aurrez aurreko bidea erabiliz gero: http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean jasotako ereduaren araberako inprimakia.

○ Elektronikoki: http://www.euskadi.net/altaterceros

6. artikulua.– Eskariak eta inprimakiak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabideak agindu honen eranskin gisa jasotzen den ebazpen normalizatua erabiliz aurkeztuko dira. Ebazpen hori aurreko artikuluan aipatzen den helbide elektronikoan ere eskura daiteke.

2.– Eskaerak aurkezteko epea 2015eko irailaren 15ean bukatuko da, egun hori barne.

3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko 10/1982 oinarrizko Legeak, azaroaren 24koak, 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako lurralde-ordezkaritzetan, edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez. Bide elektronikoa erabiliz egiten diren eskabideak https://euskadi.net/misgestiones helbidean aurkeztuko dira.

5.– Eskabidearekin batera, dagokion artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

7. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak honako zenbateko hauek emango ditu, diru-laguntza gisa:

a) 1.a) artikuluan aurreikusitako kasuengatik: 2.500 euro.

b) 1.b) artikuluan aurreikusitako kasuengatik: 1.500 euro.

c) 1.c) artikuluan aurreikusitako kasuengatik: 2.000 euro.

d) 1.d) artikuluan aurreikusitako kasuengatik: 2.000 euro.

2.– Kopuru horrek hirurehun (300) euroko igoera izango du, gehienez jota, ondorengo ataletan aipatutako kontzeptu bakoitzarengatik, eta metatu ahal izango dira:

a) Emakumea izatea.

b) Desgaitasuna duen pertsona izatea, hau da, gutxitu fisiko, psikiko edo/eta sentsoriala izatea, eta gutxienez ehuneko 45eko ezintasuna onartuta edukitzea.

c) Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena gogoan, kooperatiba edo lan-sozietate batean bazkide gisa sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.

d) Guraso bakarreko aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duten seme edo alaba bat edo batzuk haren mende izatea.

e) Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonak. Egoera horretan daudela kontuan hartuko da haiek eta haien seme-alabek indarkeria fisiko edo psikikoaren biktima izan badira, ezkontideak edo antzeko afektibitate-harremana dela medio modu egonkorrean harekin lotuta egon den edo lotuta dagoen pertsonak eragindakoa bada, betiere gertakari horiek genero-indarkeriaren biktimak babesteko aginduarekin egiaztatu badira, edo ministerio fiskalaren txostenaren bidez. Txosten horrek adierazi behar du jasota dauden zantzuen arabera salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela, genero-indarkeriako gertakariek eragindako babesteko agindua edo kondena-epaia ematen den bitartean.

f) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan araututako laneratze-enpresa batean bukatu dutenak. Dekretu horren arabera laneratze-enpresen kalifikazioa arautzen da, horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen da eta laneratze-enpresen erregistroa sortzen da, baldin eta sozietate kooperatibo edo lan-sozietatean sartze hori prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteen barruan gertatzen bada.

g) Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak, irailaren 24ko 214/2002 Dekretuko III. kapituluko II. tituluak haien laneratzea sustatzeko ezarritakoaren arabera –dekretu horrek arautzen du terrorismoaren biktimei laguntzeko programa–, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasuna badu.

h) Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak), hau da, agindu honetan aurreikusten diren laguntzen ondorioetarako, lan-talde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.

3.– Ematen den diru-laguntzak ez ditu gaindituko, inola ere, pertsona onuradunak harpidetutako kapitalari (gehi, sarrera-kuota edo jaulkipen-prima) dagozkion portzentajeak, zehazki, dagokion kooperatiba-sozietatean edo lan-sozietatean bazkide gisa sartzerakoan:

a) 1.a) artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 100.

b) 1.b) artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 50.

c) 1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 75.

d) 1.d) artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 75. Lanaldi partziala eginez gero, portzentajea izango da harpidetutako kapitalaren % 50.

4.– Edonola ere, kapital-ekarpen horrek eskatzaileak egindako benetako diru-ekarpena izan behar du, eta ez da kontuan hartuko lagapen, dohaintza edo doaneko bestelako formularen bidez egindako ekarpena edo ekarpen-zatia.

8. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik administrazio edo erakunde publiko honek edo beste batzuek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Edonola ere, diru-laguntzen zenbatekoa ez da agindu honetako 7. artikuluko 1. eta 3. paragrafoetan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa baino handiagoa izango.

2.– Agindu honen bidez lortutako laguntzak beste administrazio edo erakunde publiko batek xede eta helburu berarekin emandakoekin batera jasotzen baditu onuradunak, eta laguntza horiek guztiak batuta agindu honetako 7. artikuluko 1. eta 3. paragrafoetan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa, gainditzen bada, gaindikin hori bateraezina dela adieraziko da, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntza gutxitu egingo da.

3.– Agindu honek ematen dituen laguntzak eta ordainketa bakarreko langabeziako prestazioa (langabeziaren kapitalizazioa) batera jasotzen direnean, eta bien artean metatutako zenbatekoa agindu honetako 7. artikuluko 1. eta 3. paragrafoetan aurreikusitako gehienekoa baino handiagoa denean, gaindikin hori bateraezina dela adieraziko da, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntza gutxitu egingo da.

9. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1977 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharretan aplikagarri gertatzen direnak betetzeaz gain, diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete behar dituzte:

1.– Bazkide denetik hiru urte igarotakoan, diru-laguntzaren onuradunak sartu zen erakundeko bazkide izaten jarraitzen duela justifikatu beharko du, salbu eta onuradunaren borondatearen aurkako arrazoiak egiaztatzen badira, edo justifikatzen bada hark sozietatearen kapitalerako ekarpena (diruz lagundutako zenbatekoa gutxienez) egiten jarraitzen duela. Horretarako, izaera hori lortu eta ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan enpresan segitzen duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

2.– Aldi berean, onuradunak hasiera batean egindako ekarpenari eusten diola egiaztatu beharko du, eta aurreko idatzi-zatian ezarrita dagoen epearen barruan hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du. Egin beharreko ekarriaren zenbatekoa onuradunak berak nahita gutxituz gero, diru-laguntza ematearen aldeko ebazpena aldatu egingo da.

3.– Diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute konpromisozko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

10. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honetan jasotako onurak bereganatu nahi dituzten erakundeek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskaerarekin batera:

a) Kasu guztietan:

– Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez, behin-betiko eskubide osoko bazkide-izaera zein datatan hartu duen zehaztuta.

– Sozietateak emandako ziurtagiria, eskatzaileak bazkide gisa enpresaratutako unean harpidetu duen kapitalari buruzkoa. Ziurtagiri horrek sarrera-kuotari eta hasierako ekarpenari buruzko diru-kopuruak banakatuta adierazi beharko ditu, hala badagokio.

b) Langabeen kasuan:

– Langabe gisa inskribatuta egondako aldiei buruzko ziurtagiria, enplegu-zerbitzu publikoak emana.

– Dagokion enplegu-zerbitzu publikoaren ziurtagiria, ordainketa bakarreko langabezia-prestaziotzat aitortutako zenbatekoa egiaztatzen duena, hala badagokio.

c) Besteren kontura lan egiten duten langileak bazkide gisa sartzen diren kasuan:

– Lan Bizitzaren Txostena, lan-kontratua hasi den egunetik aurrerakoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, eta kontratu horrek sei hilabetetik gorako antzinatasuna duela islatzen duena.

– Epemugarik gabe eta eskubide osoarekin bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartu aurretik erakundearekin eskatzaileak zeukan erlazioari buruzko ziurtagiria, enpresak emana. Hau da, langilearekiko erlazioari dagokionez, besteren konturako langile zen, edota bazkide langile edo iraupen mugatuko lan-bazkide zen argitzen duena.

– Legezko subrogazio baten ondorioz sartuz gero, zerbitzu-kontrata edo administrazio-emakida, legezko subrogazioa egiaztatzen duena.

d) Desgaitasuna duten pertsonak bazkide gisa sartzen diren kasuan:

– Minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion Foru Aldundiak emango duena, minusbaliotasun-maila adierazita.

e) Nekazaritza-kooperatibetan sartzen direnen kasuan:

– Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategien erregistroaren ziurtagiria, dagokion foru-aldundiak emana, ustiategiaren titulartasuna adierazten duena, hala badagokio. Nekazaritza-erregimeneko lan-bizitzaren agiria, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak emandakoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-kooperatiba bateko bazkide badira, uzten den kooperatibaren ziurtagiria (bertan kooperatiba horretan igarotako aldia azalduko da) eta aldaketaren premia objektiboari buruzko nekazaritza-sektoreko kooperatibak ordezkatzen dituen erakundeak emandako aldeko txostena aurkeztu beharko dira.

– Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, nekazaritza-ustiategietan emandako dedikazio-erregimena (partziala edo osoa) jasotzen duena.

f) Beharrezkoa den kasuetan:

– Hala dagokionean, espetxe-egoera egiaztatzen duen agiria: espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena / Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa / Espetxeak emandako ziurtagiria.

– Bizikidetza-ziurtagiria, familia-liburuaren kopia eta ordaindutako jarduerarik ez duen seme edo alaba bat edo gehiago bere kargura dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, ordaindutako jarduerarik gabeko ondorengo bat edo gehiago ardurapean dituzten pertsonak enpresaratzen badira.

– Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, haien aurreko lanpostuari dagozkion lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duen dokumentazioa. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.

– Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonen kasuan, genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren kopia, edo ministerio fiskalaren txostena, zantzuen arabera eta babes-agindua ematen ez den bitartean salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela adierazten duena, edo genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaia.

– Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu dutenen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.

– Toxikomano ohien kasuan, kontratatutako pertsona errehabilitazio-programara sartzea onartzen duen Enplegu eta Prestakuntza zuzendariaren jakinarazpenaren kopia.

11. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzen eskaeren termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, pertsona eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezan edo beharrezko dokumentuak gainera ditzan, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaria, eta administrazioak eskaera horri buruzko ebazpen adierazia eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

12. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren eginkizuna izango da deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

2.– Diru-laguntzak Gizarte Ekonomiako zuzendariak eman edo ukatuko ditu, berariazko erabaki baten bitartez.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Enplegu eta Lan sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den egunetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioaren kaltetan izan gabe.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean emandako diru-laguntza jasotako pertsonen zerrenda, zenbateko laguntza jaso duten adierazita, eta, bestetik, nori emandako diru-laguntzak aldatu diren. Hala ere, diru-laguntza emateko ebazpena berariaz eta bakarka ere jakinarazi ahal izango da.

13. artikulua.– Ordaintzeko era.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak ordainketa bakar batean emango dira, diru-laguntza esleitu eta berehala.

14. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, horren helburua betetzat jotzen denean, eta administrazio honen edo beste edozeinen, edo erakunde publikoren baten diru-laguntzak eta laguntzak jasoz gero (hala gertatzen denean), diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, alabaina, agindu honetan onuradun izateko ezarri diren gutxieneko betekizunak bete behar dira. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

15. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Laguntzak jaso dituzten onuradunak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1. artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen bada, edo dekretu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan, baita diru-laguntza emateko ebazpenean ere, ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, organo kudeatzailearen zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, ordaindu gabeko kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, diru-laguntza ordaindu zitzaionetik sortutako legezko interesak ere kontuan hartuta, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak xedatzen dituenak, ezarritakoaren araberako gainerako ekintzak alde batera utzi gabe. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

2.– Ez-betetze partziala gertatuz gero, beti ere bazkideak 18 hilabetez iraun badu, jasotako diru-laguntza itzuli beharko da, 3 urtera iristeko falta den denboraren proportzioan. Ez-betetzea 18 hilabete edo gutxiago irauteagatik bada, diru-laguntza osoa itzuli beharko da.

16. artikulua.– Itzulketa-prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeetan, diru-laguntzak itzultzeko prozedura hauek bete beharko dira:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota, edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, beharrezkoa bada, zenbateko egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa xedatuko da, eta horretako epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazitako egunetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun eta Finantza Politikako Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Erregimen osagarria.

Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, eta azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek beronen aurkako aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 15a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala