Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2015eko uztailaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3327

AGINDUA, 2015eko uztailaren 15ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko diru-laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak 20 urte baino gehiago daramatza, laguntza hauen lehen deialdia egin zuenetik, apustu sendoa egiten kooperatiba eta lan-sozietate berriek etengabeko hobekuntzaren bidea urra dezaten eta kalitate handiko plangintza- eta kudeaketa-tresnak ezar ditzaten.

Horrenbestez, aginduak eutsi egiten die laguntza-ildo honen ardatzei; izan ere, laguntzak ematen ditu, batetik, gizarte-ekonomiako enpresek bideragarritasun-azterketak egin ditzaten, finantza-erakundeei kredituak eskatzeko, eta bestetik, oinarrizko kudeaketa-tresnak prestatu eta ezartzeko.

Horrez gainera, indartu egin nahi izan da laguntza-ildoa, eta horretarako, diruz lagun daitezkeen bi jarduera-eremu berri erantsi dira aurten. Hori horrela, gizarte-ekonomiako enpresa berriei merkataritza-kudeaketari buruzko aholkularitza espezifikoa emateko laguntza arautu da, aholkularitza-gabeziak oztopatu egin baitu, betidanik, sortu berriak diren enpresa txiki eta ertainen jarduera ekonomikoaren garapena, horietako askok ez baitzuten irteera komertzialik topatzen sarri askotan maila handikoak ziren produktu eta zerbitzuentzat.

Era berean, diagnostiko ekonomiko-finantzarioak egiteko laguntza publikoak ematea erabaki da, Euskadiko gizarte-ekonomiako erakundeek eta enpresek hazteko aukera izan dezaten, behar-beharrezkoa baitute hazkunde hori egoera ekonomiko eta sozial oso zail honetan.

Horrenbestez, aintzat hartuta abenduaren 23ko 5/2014 Legea onartu dela, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituena, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari entzun ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, kooperatiba eta lan-sozietateen kudeaketa hobetzeko laguntza teknikoetarako 2015. urtean emango dituen laguntzak arautzea eta laguntza horietarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek jotzen dira laguntza teknikoko ekintzatzat:

a) Urteko kudeaketa-planak prestatzea eta ezartzea, eta diagnostiko ekonomiko-finantzarioak egitea, enpresen lehiakortasuna handitzeko, eta bereziki, finantzazioa eskuratzeko gomendio zehatzak emango dituztenak.

b) Ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek aldez aurreko derrigorrezko azterlan ekonomiko eta finantzarioa egitea, haien erakunde bazkidetuei bermeak emateko.

c) Kostua kalkulatzeko eta kontrolatzeko metodoak egitea eta ezartzea, Euskadi mailan jarduten duten kooperatibek edo lan-sozietateek haien kide diren erakundeentzat antolatutako zerbitzu-antolaketatik eratorriak, arau legalak edo/eta estatutarioak betetzeko.

d) Gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko laguntzen programan parte hartzen duten 10 langiletik beherako kooperatiben eta lan-sozietateen merkataritza-kudeaketarako berariazko aholkularitza.

2.– Ekintzek 2015. urtean izan behar dute hasiera. Aurreko paragrafoko b) idatzi-zatiko ekintzei dagokienez, honako hau hartuko da ekintzaren hasiera-datatzat: ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek beren erakunde bazkidetuei bermeen prestazioa egingo dien erakundearekin hitzarmena sinatzen duten eguna.

3.– Ekintzak, beranduenez, 2016ko lehen seihilekoan bukatu behar dira.

4.– Diru-laguntza bakar bat emango da erakunde eskatzaileek egitekoak dituzten jarduera bakoitzeko.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta diru-laguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) euroko gehienezko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko ordainketa-kreditua 2015. urterako eta ehun mila (100.000) euroko konpromiso-kreditua 2016. urterako. Adierazi diren zenbateko horiek handitzeko aukera izango da, baldin eta indarreko legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egitea onartzen bada. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Laneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2.– Agindu hau betetzeko dauden baliabide guztietatik, 200.000 euro erabiliko dira 2.1.a), c) eta d) artikuluko ekintzetarako egiten diren eskaerei erantzuteko, eta 2.1.b) artikuluko ekintzetarako eskaerei erantzuteko erabiliko dira gainerako 50.000 euroak.

3.– Bi atal horietako baliabide ekonomikoak ez baldin badira nahikoak onuradun guztiei erantzuteko, hainbanatu egingo dira kalkulatutako diru-laguntzak, atal bakoitzerako zein bere aldetik.

4.– Behin kalkulatu ondoren zer diru-laguntza emango diren 2.1 artikuluan zehaztutako ataletan, soberako saldoa geratzen baldin bada atalen batean, defizita izan duten ataletan erabiliko da soberako saldo hori.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko, aurrez aurreko bidea zein bide elektronikoa erabili ahal izango da.

2.– Egoitza elektronikoan aurki daitezke izapideak aurrez aurre edo modu elektronikoan egiteko argibideak, bai eta erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eredu guztiak ere, honako helbide honetan zehazki:

– https://www.euskadi.net/ asistenciatecnica2015/y22-izapide/es

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabili behar denik; nahi den bidea erabil daiteke edozein unetan.

4.– Eskaera egin ondorengo tramiteak https://euskadi.net atarian egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire kudeaketak» atalean.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetako 2.1.a), c) eta d) artikuluan adierazten diren jarduerak egiteko laguntzak lor ditzakete Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izan eta azken bost urteetan eratu edo eraldatu diren kooperatiba eta lan-sozietateek, baldin eta haiengandik kanpoko erakunde aholku-emaileren baten edo gizarte-ekonomiako erakunderen baten aholkularitza jasotzen baldin badute eta kudeaketarako tresna horiek ezartzeko laguntza publikorik jaso ez badute lehendik.

2.– Agindu honetako 2.1.b) artikuluan adierazitako jardueretarako laguntzak gizarte-ekonomiako enpresen elkartze-entitateek lor ditzakete.

6. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Baldintza hauek bete behar dituzte aurreko artikuluan adierazi diren gaitasun aitortuko aholkularitza-erakundeek –pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan daitezke–:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea edo lantegiren bat bertan edukitzea.

b) Bere jarduera enpresa-aholkularitza izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako zentroetan goi-mailako tituludunak izatea, aurreko idatzi-zatietan aipatutako gaietan gizarte ekonomiako enpresetan egiaztatutako esperientzia dutenak.

d) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitzako enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

e) Aholkulariek edo haiek partaide diren aholkularitza-enpresek ezin izango dute inolako loturarik izan, ez zuzenean ez zeharka, laguntzak eskatzen dituzten erakundeekin, ez akzioen ez partizipazioen bidez.

f) Diagnostiko ekonomiko finantzario bat egiten baldin bada, irabazi asmorik gabeko finantza-erakundea izan behar du aholkularitza-erakundeak, irabazi asmorik gabekoa, eta espezialista izan behar du gizarte-ekonomiako enpresen eta erakundeen finantzazioan.

7. artikulua.– Erakunde onuradunek bete beharreko baldintzak.

Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia(k) eta egoitza soziala edukitzea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea, betiere Ogasun eta Finantza Sailak horiei dagokienez ezarritakoaren arabera.

d) Alta emanda egon beharko dute Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Interesduna erregistratuta ez badago edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dituzten banku-datuak aldatu nahi izanez gero, helbide hauetara jo beharko da alta emateko edo datuak aldatzeko:

– Aurrez aurreko bidea erabiliz: http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

– Bide elektronikoa erabiliz: http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

e) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.

f) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duenak, araututakoaren arabera.

g) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) zein egoeratan dagoen adierazten duena.

8. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluan adierazitako baldintzak. Eskabidean ere adierazpen hori azaldu beharko da.

2.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen entitateek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz.

4.– Halaber, entitate eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta bete egiten dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Agindu honetako eranskinean jasotako inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira diru-laguntzen eskabideak. Aurreko artikuluan adierazi den helbide elektronikoan eskuragarri izango da inprimaki hori.

2.– Eskaerak aurkezteko epea 2015eko irailaren 15ean bukatuko da, egun hori barnean dela.

3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko 10/1982 oinarrizko Legeak, azaroaren 24koak, 6.1 artikuluan araututakoaren arabera.

4.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan arautzen dituen organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuen bidez. Bide elektronikoa erabiliz egiten diren eskabideak https://euskadi.net/misgestiones helbidean aurkeztuko dira.

5.– Eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

10. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Diru-laguntza jasotzeko eskariarekin batera, justifikazioko memoria aurkeztu behar da, bai eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aurreikusitako lan-plana ere. Plan horretan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira.

2.– Era berean, 2.1.a), c) eta d) artikuluko jardueren gaineko eskaeretan, beste dokumentu hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Agindu honen 5.1 artikuluan adierazitako aholkularitza-erakunde baten laguntza eta lankidetzako konpromisoa dagoela agertzen duen agiria, hau da, harekin egindako kontratua edo eskaera irmoaren agiria, erakunde horrek agindu honetako 6. artikuluko baldintzak betetzen dituela agertzen duten frogagiriekin batera.

b) 2014. urteko balantze ekonomikoa eta emaitzen kontua.

c) Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.

d) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, aholkularitzarekin edo pertsona fisiko aholkulariarekin, ez zuzenean ez zeharka, ez akzioen ez partizipazioen bidez, inolako loturarik ez duela adierazten duena.

3.– Agindu honetako 2.1.c) artikuluak adierazten dituen erakunde kideek emandako ziurtagiria, xedapen horrek arautzen duen zerbitzu-antolaketa egiaztatzen duena.

11. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Diru-laguntzarako eskaerak oso-osorik betetzen ez badira edo nahitaez aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskariari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskariari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan.

12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Zenbateko hauek egokituko zaizkie baldintzak betetzen dituzten eskariei:

a) Agindu honen 2.1 artikuluko a) eta d) letretan arautzen diren ekintzetarako: aholkularitza-ekintzaren % 75; baina gehienez sei mila (6.000) euro eman dakioke erakunde onuradun zuzen bakoitzari hamar langile baino gehiago baldin baditu, eta hiru mila (3.000) euro eman dakioke gehienez, erakunde onuradun horrek hamar langile edo gutxiago baldin baditu.

b) Agindu honen 2.1 artikuluko b) letran adierazten diren erakundeentzat: erakunde kide bakoitzari egiten zaion azterlanaren kostuaren % 75, eta, gehienez ere, hogeita bost mila (25.000) euro, zuzeneko onuradun den erakundearentzat.

c) Agindu honen 2.1 artikuluko c) letran adierazten diren ekintzetarako: aholkularitza-jardueraren kostuaren % 75, eta, gehienez ere, hiru mila (3.000) euro erakunde onuradun zuzenarentzat.

2.– Baliabide ekonomikoen premia objektiboa hartuko da kontuan diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, eta behar handienak egiaztatzen dituzten enpresak lehenetsiko dira. Ildo horretan, onuradunek lortutako mozkinek 150.000 euroko muga gainditzen badute aurreko ekitaldian, % 25 murriztuko dira aurreko paragrafoan adierazitako ehunekoak.

13. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste edozein administraziok edo erakunde publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honetako 12. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Agindu honetako laguntzak eta erakunde onuradunak beste administrazio edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak gainditu egiten baldin badu laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 12. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa, orduan soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.

3.– Ez dira agindu honen 2.1.a) artikuluan arautzen den laguntzarekin bateragarriak izango Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berak gizarte-ekonomiako ekintzailetzaren arloan 2015. urterako kudeatzen dituen laguntzak; betiere, gizarte-ekonomiako ekintzailetza sustatzeko aipatu laguntzen barruan, erakunde sustatzaile bati diruz laguntzea badakar eta horren barnean erakunde eskatzailearentzako aholkularitza eta segimendua sartzen badira.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Enplegu eta Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioaren kaltetan izan gabe.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako diru-laguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo, diru-laguntzaren guztizkoaren % 60, diru-laguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan; betiere, esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 40a, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean. Bigarren ordainketa egiteko, entitate onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu behar ditu:

– Egindako gastu guztiei buruzko memoria eta egiaztagiriak: jatorrizko fakturak edo konpultsatutako fotokopiak, eta egindako lanen kopia.

2.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita. Beti aurkeztu behar dira agiriak 2016ko irailaren 30a baino lehen.

3.– Agindu honen 2.1.a) artikuluko jardueraren baterako eskatzen baldin bada diru-laguntza, onuradunek jarduera horietan egiaz ordaindutako gastu errealak egiaztatu behar dituzte eta gastu horiek estaltzeko erabili behar dute diru-laguntza. Gastuak egiaztatzeko, ordaindutako faktura originalen edo froga-balio bera duten kontularitza-agiriak aurkeztu behar dira.

16. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren baten xedea bete ondoren, hura emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen baldin badira, eta, kasuan kasu, administrazio publiko honek edo besteren batek emandako beste diru-laguntzaren bat eskuratzen baldin bada, diru-laguntza aldatzeko ebazpena aldatzeko aukera izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

Diru-laguntza jaso duen erakunde onuraduna Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago, edo agindu honetan, aplikatu beharreko gainerako arauetan edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat ez badu betetzen, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak, ebazpen baten bidez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako laguntza eta diru-laguntza ordaindu zaionetik aplikatu beharreko legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli behar dizkiola, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe. Dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasotakoan edo epea alegaziorik aurkeztu gabe igarotzen baldin bada, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, eta, beharrezkoa bada, EAEko Diruzaintza Nagusiari zenbat itzuli behar zaion xedatuko du. Bi hileko epea izango da zenbateko hori itzultzeko, ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetean ebatzi behar da.

c) Zenbateko horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari, hark, aplikatu beharreko lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekin diezaion.

XEDAPEN GEHIGARRIAK.– Minimis araua.

Agindu honen 2.1.a), c) eta d) artikuluen arabera ematen diren laguntza eta diru-laguntzek honako arau hau bete behar dute: 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2013ko abenduaren 18koa, Ituneko 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza horiek minimis izaerakoak dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko bati emandako laguntza guztizkoak ez du gainditzen 200.000 euroko zenbatekoa, hiru ekitaldi fiskaleko ezein alditan. Uste da ezen muga horretatik behera laguntzek ez diotela eragiten merkataritzari eta ez dutela lehia faltsutzen; hortaz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Dagokion ekitaldi fiskalean jasotako beste minimis laguntza batzuk deklaratu egin beharko ditu laguntza-eskabidea egiten duenak; hala, Erregelamenduan ezarritako muga maximoa ez duela gainditzen minimis izaerako laguntza berriak. Bigarren eranskinean, minimis izaerako laguntzak deklaratzeari buruzko eta beste finantzatze-bide batzuei buruzko deklarazio-eredua jasotzen da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Araubide osagarria.

Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46,1 artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorenak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorenak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 15a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala