Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2015eko uztailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3031

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 18koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearena eta Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordearena, berezko tituluetako 2015/2016 ikasturteko jardunbidea, Graduondoko Batzordeak eta Graduko Batzordeak onartua, argitaratzeko dena.

UPV/EHUko Estatutuek, otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartuek (2011-02-24ko EHAA, 2011038. zk.), 86. artikuluan diote Gobernu Kontseiluak arautuko dituela unibertsitateko berezko ikasketak, ikasketa hauen araubide akademikoa, beren eragina irakats betebeharretan, administrazio eta zerbitzuetako langileek izango duten parte-hartzea eta, egoki izanez gero, ikasketen kudeaketa ekonomikoa eta ebaluazioa.

Berezko tituluen arautegi bateratuaren xedapen gehigarrietatik lehenengoan (Gobernu Kontseiluak 2010eko abenduaren 22an onartua eta 2011-02-08ko EHAAn argitaratua (2011026. zk.), ahalmena ematen zaio Graduondoko Batzordeari arau hori garatzeko eta arau osagarriak emateko.

Graduondoko Batzordeak 2015eko maiatzaren 22an eta Graduko Batzordeak 2015eko ekainaren 18an egindako bileretan, 2015-2016 ikasturtean berezko tituluen arloan ezarriko diren prozedura arauak onartu zituzten.

2004ko martxoaren 12ko EHAAn argitaratu zen otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena, eta, lege horretako 9.2 artikuluan, honakoa dago jasota:

«Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta ez dira indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte».

Horrela, bada, Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 9.2 artikuluan zehaztutakoa betetzeko, honakoa

EBAZTEN DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Berezko Tituluei buruzko 2015-2016 ikasturteko jardunbidea, erabaki honetako eranskinean jasotako eran.

Leioa, 2015eko ekainaren 18a.

Errektorea.
EE (2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpena, errektorearena; 2013ko otsailaren 13ko EHAA).

Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea,

MIREN NEKANE BALLUERKA LASA.

Graduko Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordea,

AMAYA ZÁRRAGA CASTRO.

BEREZKO IKASKETETAKO JARDUNBIDE ARAUTEGIA (2015-2016 IKASTURTEA), GRADUKO BATZORDEAK ETA GRADUONDOKO BATZORDEAK ONARTUA
I. KAPITULUA
IZENA EMATEA, HAUTAKETA ETA MATRIKULA
I. ATALA
IZENA EMATEA ETA HAUTAKETA

1. artikulua.– UPV/EHUk eskaintzen duen berezko tituluren bat egin nahi izanez gero, izena emateko orria bete beharko da, eta eskatutako dokumentazioa berezko titulua eskaintzen duen sail, institutu edo ikastegiko idazkaritzan aurkeztu.

2. artikulua.– Onarpen baldintzak.

1.– Berezko titulu bakoitzerako baldintza zehatzak ezarri ahal izango badira ere, ikasleek Gobernu Kontseiluak 2010eko abenduaren 22an onartutako Berezko Tituluei buruzko Arautegi Bateratuko I. kapituluan zehaztutako baldintza orokorrak bete beharko dituzte, bai eta arau hauek ere.

2.– Bi zikloko unibertsitate titulazio bateko lehenengo zikloa gainditurik izatea ez da diplomaturaren baliokidetzat hartuko, berezko tituluan onartua izate aldera.

3.– Atzerriko titulua daukaten ikasleak.

Atzerriko titulua daukaten ikasleek ez dute titulua homologatu behar berezko tituluetara sartzeko.

Ikasle horiek honako prozedura bete beharko dute:

Ikasleak, izena ematean, sarrera eskaria (I. eranskina) aurkeztuko dio kasuan kasuko titulazioko Batzorde Akademikoari, ondoren aipatzen diren agiriekin batera. Agiriok gaztelaniara itzulita aurkeztu beharko dira (frantsesez, ingelesez, italieraz edo portugesez daudenean izan ezik):

a) Titulu ofiziala: Graduondoko ikasketetarako sarrera ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria.

b) Egindako irakasgaien ziurtagiria: izena, iraupena eta kalifikazioa jasota.

Itzulpenik behar izanez gero, honako eraren batean egin daiteke:

i) Estatu espainiarrak atzerrian daukan edozein ordezkaritza diplomatikok edo kontsuletxek egindako itzulpena.

Ii) Eskatzailearen herrialdeak edo dokumentua egin duen herrialdeak Espainian daukan ordezkaritza diplomatikoak edo kontsuletxeak egindako itzulpena.

Iii) Zinpeko itzulpena, Espainian behar bezala baimenduta edo erregistratuta dagoen pertsonak egina.

Izena emateko prozesuaren barruan, berezko tituluko zuzendari akademikoak ikaslearen espedientea eta aurkeztutako tituluaren egokitasunari buruzko txostena igorriko dio Graduondoko Batzordeari. Horiek aztertu ondoren, kasuan kasuko azpibatzordeak erabakiaren berri emango dio titulazioko Batzorde Akademikoari. Aldeko erabakia hartuz gero, beren-beregi adierazi beharko dute ontzat ematen dutela ikaslea onartzea.

Onartuta egonda matrikula egin dutenei UPV/EHUko errektoreak egindako baimena emango zaie.

4.– Unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalak.

Unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalak «Unibertsitateko espezialista» tituluetara sartzeko eskaria Graduondoko Batzordeak eman behar du ontzat titulazioko zuzendaritza akademikoak egindako proposamena kontuan hartuta. Prozedura honakoa da:

Ikasleak, izena ematerakoan, sarrera eskaria (II. eranskina) aurkeztuko dio titulazioko Batzorde Akademikoari honako dokumentazioarekin batera:

a) Unibertsitaterako sarbidea ematen dion titulua edo unibertsitaterako sarbidea egiaztatzekoa: tituluaren edo egiaztagirien (edo eskatu izanaren gordekina) fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak erkatzeko.

b) Curriculum vitae, beharrezko agiriekin batera. Gizarte Segurantzak ematen duen lan bizitzaren agiria ere nahitaez aurkeztu beharko da.

Hautaketa prozesua behin bukatuta, titulazioko batzorde akademikoak txostena egingo du titulazioa egokia den edo ez azalduz, eta txostena eta aipatutako agiriak Graduondoko Batzordeari bidaliko dizkio. Horiek aztertu ondoren, Graduondoko Batzordeak erabakiaren berri emango dio titulazioko batzorde akademikoari. Aldeko erabakia hartuz gero, beren-beregi adierazi beharko dute ontzat ematen dutela ikaslea onartzea.

3. artikulua.– Ikasleak hautatzea eta onartzea.

1.– Berezko tituluan matrikula egiteko prozesua hasi aurretik, izena emateko epea irekiko da. Hautaketa irizpideek kasu guztietan errespetatuko dituzte lehen adierazitako baldintzak; irizpide horiek irakaskuntza proposamenean ezarritakoak izango dira eta ikastegi, sail edo institutuetako iragarki taulan egongo dira ikusgai izena emateko epe osoan.

Ikasleen eskariak ez badira heltzen titulua irakasteko proposamenean jasotako gutxieneko ikasle kopurura, beharrezkoa izango da kasuan kasuko batzordearen baimena titulua eman ahal izateko. Hori dela eta, matrikula egin baino lehenago, eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, aurrekontu berria gaineratuz. Ezin izango da matrikula prozesua hasi, inolaz ere, kasuan kasuko batzordearen baimena izateke.

2.– Hautaketa behin eginda, zuzendari akademikoak ondoko gestioak egin beharko ditu:

a) Ikasle bakoitzari bere egoeraren berri ematea (onartuta, itxaron zerrendan edo kanporatuta dagoen). Onartutako ikasleek, edozelan ere, berretsi egin beharko dute onarpena.

b) Ikasle ez onartuei jakinarazi egin beharko die zein errekurtso mota aurkez dezaketen erabaki horren kontra, horretarako aukerarik egonez gero.

c) Onartutako ikasleei matrikula datak jakinaraztea.

d) Berezko Ikasketen Atalari matrikula epearen berri ematea, epe hori hasi baino gutxien dela 5 egun lehenago eman ere. Jakinarazpenean jasota ageri beharko da zein egunetan hasiko den matrikula, baldin eta proposamenean zehaztutako data aldatu baldin bada. Bestalde, zuzendaritza akademikoak laguntzari eman badu eskura dituen laguntzen kargura, laguntza horiek jasota ageri dituen akta igorri beharko da (III. eranskina).

3.– Matrikula epea bukatzen denetik eskolak hasi arte, gutxienez 10 eguneko epea izan behar da.

4.– Matrikula epea behin bukatuta, berezko tituluaren zuzendari akademikoak egiaztatu egin beharko du bete egin dela proposamenean zehaztutako gutxieneko matrikula kopurua. Ez bada gutxieneko hori bete, araudi honetako 9. artikuluan zehaztutakoari jarraitu beharko dio. Aipatutako baldintzak betetzen ez badira, baimena eskatu beharko zaio kasuan kasuko batzordeari aurrekontu berriarekin. Ezin izango da eskolarik ematen hasi baimen hori izan gabe.

II. ATALA
MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK

4. artikulua.– 1.– Plaza bat lortu duen ikasleak titulua eskuratzeko ezarri diren ikastaro guztietan egingo du matrikula. Ezin izango da ikastaro edo modulu solteetan matrikularik egin, unibertsitateko berezko tituluak lortzeko ez diren ikasketen matrikula bat etorri beharko delako arautegi honetako V. kapituluan zehaztutakoarekin.

2.– Matrikula zabaltzea edo aldatzea.

Eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, eta batzordearen beren-beregiko baimendu beharko da. Kreditu gehitu zein gutxitu nahi bada, 2015eko azaroaren 30a baino lehen eskatu beharko da, titulazioaren irakaskuntza 2015ean hasten bada eta 2016ko otsailaren 28a baino lehen, 2016an irakatsiko diren titulazioen kasuan.

5. artikulua.– Matrikula egiteko egunak.

2015. urtean hasiko diren titulazioetarako, matrikula aldia 2015eko irailaren 7tik urriaren 31ra bitarterako zehaztuko da. Matrikula egiteko epea gehienez ere aste batekoa izango da eta berezko tituluko zuzendari akademikoak adieraziko du noiztik noiz arte izango den.

2016. urtean hasiko direnetarako, ordea, matrikula aldia 2016ko urtarrilerako zehaztuko da; gehienez ere astebetekoa izango da.

Ikasle txartela.

Nahitaezkoa. Unibertsitatean beste ikasketa batzuk egiten egonez gero, lehenengo matrikula egitean ordainduko da.

6. artikulua.– Matrikula non egin.

Onartuek, Internet bidez, GAUR aplikazioan, egin behar dute matrikula.

Ondokoak dira matrikularekin batera aurkeztu beharreko agiriak:

a) NANaren fotokopia (espainiar nazionalitatedunak), nortasun txartelaren fotokopia (Europar Batasuneko beste herrialde batzuetakoek) edo pasaportearen fotokopia edo egoiliar txartelaren fotokopia (Europar Batasunetik kanpokoek).

b) Graduondoko ikasketetarako sarrera ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria. Titulua UPV/EHUn lortu dutenek 1988a baino oraintsuago, ez dute agiri hori aurkeztu behar.

c) Argazki bat, atzean izena eta abizenak idatzita.

d) Ordainagiria, ondorengo artikuluari jarraiki.

e) Tasen murrizketa edo salbuespenerako eskubidea izanez gero, hori egiaztatuko duten agiriak (8.1 artikuluan aipatuak).

Matrikula egiteko epea bukatu ondoren, Berezko Ikasketen Atalak honakoak bidaliko ditu berezko titulua emango duen sail, ikastegi edo institutu bakoitzera: matrikulagatik izango diren diru sarrerak, jasotakoak eta unibertsitateari dagokion diru kopurua gastu orokorrengatik.

7. artikulua.– Matrikula ordaintzea.

1.– Kopurua.

Ikasleak matrikulagatik ordaindu beharrekoa modu automatikoan kalkulatuko da matrikulako eskaria egitean.

Titulua ikasturte batean baino gehiagotan emateko programatu bada, urtean-urtean egin beharko da matrikula, eta aurtengo matrikulan ikasturte honetan irakatsiko diren kredituei dagokien zenbatekoa baino ez da ordaindu beharko.

Onartutako kredituengatik ordaindu beharrekoa: arautegi honetako III. kapituluan zehaztutakoa ordaindu beharko da.

2.– Ordaintzeko era.

Matrikula era honetara ordaindu ahal izango da:

a) Ikaslearen izena daukan ordainketa agiri bidez (matrikula egitean lortzen da). Agiri horrekin hurrengo puntuan adierazitako kontuan egin beharko da ordainketa. Kutxak zigilua ipiniko du ordainagirian eta baliozkotu egingo du hala egindako ordainketa. Ordainagiriaren jatorrizko Berezko Ikasketen Atalera bidali behar da. Ikasleak bikoiztua gordeko du, ordaindu izanaren agiri bezala.

b) Ordainketa pasabide erabiltzea.

c) Banku transferentzia bidez. Ikasleak diru sarreraren egiaztagiria bidali behar du Berezko Ikasketen Atalera.

3.– Diru sarrerak honako kontu zenbakian egin behar dira:

Kutxabank

Zk.: 2095 0292 92 3239008657

IBAN kodea: ES88 2095 0292 92 3239008657

SWIFT edo BIC kodea: BASKES2BXXX.

4.– Ordainketa egiteko epea.

Matrikula bi epetan ordaindu daiteke, % 50 bakoitzean; lehenengo epea matrikula egiterakoan ordaindu behar da. Bigarrena, berriz, ondoko epean:

a) matrikula 2015. urtean egin bada: urtarrilaren 11tik 15era.

b) matrikula 2016. urtean egin bada: apirilaren 11tik 15ra.

8. artikulua.– Tasen murrizketa eta salbuespena.

1.– Tasen murrizketa eta tasak ordaintzetik salbuetsita egotea:

a) Berezko tituluaren antolaketak hala erabakitzen badu, titulu horretarako emandako diru laguntzetan tasak sartu direlako.

b) Familia ugari berezietako kideek ez dute ezer ordaindu beharko; familia ugari orokorretako kideek, berriz, matrikularen % 50 ordaindu beharko dute.

Familia ugari bateko kide izatea egiaztatu behar da aldundiak edo erakunde eskudunak emandako agiri ofizialaren fotokopia erkatuaren bidez edo fotokopia eta jatorrizkoa aurkeztuta, biak parekatzeko; agiri hori iraungi gabe egon behar da. Iraungita badago, agiri hori berritzeko tramiteetan dagoela egiaztatu beharko du interesatuak.

c) Ekintza terroristen biktimek eta beren ezkontide eta seme-alabek ez dute ezer ordaindu behar.

Ekintza terroristen biktimek, izaera hori egiaztatzeko, Barne Ministerioko Herritarrentzako eta Terrorismoaren Biktimei Laguntza Emateko Azpizuzendaritza Orokorrak emandako agiria aurkeztuko dute; edo, bestela, Terrorismoko Biktimei Laguntzak Emateko Programaren babesa dutela adierazten duen erabakia.

d) Organo eskudunak aitortuta ezintasunaren maila % 33 edo handiagoa aitortuta duten ikasle gutxitu edo ezinduek ez dute ezer ordaindu beharko.

Egoera hori aldundiak edo erakunde eskudunak emandako agiriaren bidez egiaztatu behar da.

e) Gizarte Kontseiluak ezarritako beste salbuespen batzuk.

2.– Asegurua:

Ikasketa hauetan matrikulatzen diren ikasleak ez dute eskola aseguruaren babesik. Hori dela eta, zuzendari akademikoak polizak egin beharko ditu berezko tituluaren aurrekontuaren kargura.

9. artikulua.– Matrikula baliogabetzea.

1.– Aurkeztutako matrikulak behin-behinean onartuko dira, Gobernu Kontseiluak 2010eko abenduaren 22an onartutako Berezko Ikasketei buruzko Arautegi Bateratuko baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko; hau da, titulua irakasteko proposamenaren arabera bete beharreko baldintzen ingurukoak. Matrikula aurkeztu denetik hiru hilabete igaroz gero Berezko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzarako Atalak horren kontra erabaki eta jakinarazpenik eman barik, matrikula onartu egin dela ulertuko da, eta erabaki irmoa izango da ondorio guztietarako.

2.– Erabaki irmo bidez UPV/EHUrekin zorretan dauden ikasleek ezin izango dute matrikularik egin berezko tituluetan.

3.– Matrikula ez onartzeko erabakia arrazoitua izan behar da eta ordaindutako prezio publikoak itzultzea ekarriko du. Erabaki horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari edo hark eskuordetutakoari.

4.– Matrikula baliogabetu egingo da, baldin eta prezio publikoak ordaintzen ez badira 7.4 artikuluan zehaztutako epeetan. Matrikula prezioak ez ordaintzeagatik baliogabetu bada, ikasleak galdu egingo du ordaindutako dirua.

5.– Ikasleak edozein unetan egin dezake matrikula baliogabetzeko eskaria, baina eskari hori eskolak hasi aurretik egin duenean baino ez zaio itzuliko ordaindutakoa.

6.– Matrikula osatzeko zehaztutako baldintzaren bat bete ezean, jakinarazpena egingo zaio ikasleari. Hala ere ikasleak ez badu eskatutakoa bete, matrikula artxibatu egingo da aldez aurretik erabakia emanda.

7.– Matrikula egin eta gero berezko tituluaren antolatzaileek ikasketak ez direla emango erabakitzen badute, berezko tituluaren zuzendari akademikoak horren berri eman beharko die ikasle guztiei, matrikula egiteko epea amaitu eta 5 eguneko epean. Jakinarazpen horretan adierazita agertu beharko da zeintzuk diren egin beharreko tramiteak ordaindutako prezioak jasotzeko; izan ere, idatzia aurkeztu beharko da Berezko Ikasketen Atalean datu hauekin: ikaslearen datuak, bankuko kontua (20 digitu), kontuaren titularra eta titularraren NANa (ikaslea bera ez bada).

8.– Kasuan kasuko batzordeak matrikula egiteko epea bukatu eta gero erabakitzen badu berezko titulua ez dela irakatsiko, tituluaren zuzendari akademikoak horren berri eman beharko die ikasle guztiei, bost eguneko epearen barruan erabakia jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Ordaindutako prezio publikoak jasotzeko egin beharreko tramiteen berri ere emango zaie ikasleei, aurreko atalean adierazitako moduan.

II. KAPITULUA
GESTIO EKONOMIKOA
I. ATALA
GASTUEN GESTIORAKO UNITATE ORGANIKOAK

10. artikulua.– Berezko Ikasketen Atalak, jakinda titulua irakatsi egingo dela, behin-behineko unitate organikoa irekitzeko eskatuko dio Kontabilitate Zerbitzuari, kasuan kasuko berezko tituluaren gastuak gestionatzeko; unitate hori titulua proposatu duen organoari dagokion unitate organikoaren menpe egongo da. Proposamena organo batek baino gehiagok egin badu, berezko tituluaren antolatzaileak erabakiko du unitate organikoren menpe egongo den.

Tramite hori egiteko, IV. eranskineko dokumentua bidaliko dio Berezko Ikasketan Atalak berezko tituluaren zuzendari akademikoari. Zuzendariak inprimakiak bete eta itzuli egingo ditu; atalak, egiaztapenak egin ondoren, Kontabilitate Zerbitzura bideratuko du unitate organikoa zabal dezaten..

Arduradun nagusia berezko tituluaren zuzendari akademikoa izango da, eta bat baino gehiago egonez gero, titulua proposatu duen organo eskudunak erabakiko du nor izango de unitate organikoaren arduradun.

Bigarren arduraduna berezko tituluaren ardura akademikoa dagokion saileko zuzendaria. Sail bat baino gehiago egonez gero, Batzorde Akademikoko buruaren saileko zuzendaria izango da. Pertsona bera baldin bada kargu biak betetzen dituena, saileko idazkaria izango da.

Unitate organikoa itxi egingo da titulazioa desagertzen denean edo bi aldi jarraitutan luzapenik eskatzen ez denean. Hala ere, berezko titulua gehiago emango ez bada, unitate organikoan dagoen dirua atxiki egingo da.

II. ATALA
UPV/EHUko IRAKASLEEI ESKOLA ORDUAK ORDAINTZEA

Gobernu Kontseiluak onartutako arauetan zehaztutakoa betetze aldera, honakoa da jardunbidea:

Irakasleari unitate organikoan egiten zaizkion ordainketen atxikipena zehazteko, honakoa izan behar da kontuan: kontratuan zehaztuta dituen eskola orduak osatzeko geratzen zaizkion kredituei dagozkien ordainsarien erdia jaso behar du irakasleak. Horretarako, irakasleak berezko tituluetan dituen irakats betebeharrak eta ikasturteko Irakats Plangintzari buruzko Eskuliburuaren arabera dituen soberakinak aztertu beharko dira. Irakasleei egin beharreko ordainsari guztiak irailaren 30a baino lehen egin beharko dira.

Irakats betebeharrak osatuta ez dituzten irakasleei unean-unean egindako atxikipenak zatikako behin-behineko kitapenak izango dira; ordainketak bukatu ondoren eta unibertsitateari dagokion kopurua kendu ondoren, behin-behineko kitapen osoa egingo da.

UPV/EHUko irakasleei ez zaie atxikipenik ezarriko ikasturtearen barruan emandako unibertsitateko ikastaro osagarriengatik egiten zaizkien ordainketetan. Ordainketa horiek ikasturtea behin bukatuta eta azken memoria onartu ondoren egingo dira.

Ikasturtea bukatu ondoren, behin-behineko kitapen osoa egingo da kontuan hartuta irakasle horrek unibertsitateko berezko ikasketa guztietan eman dituen eskolak eta ikasturte horretako Irakats Plangintzari buruzko Eskuliburuaren arabera dituen soberakinak. Kitapenaren emaitzen arabera, irakasleari dirua kendu edo itzuli egingo zaio nominaren bidez.

Eragindako irakasleei behin-behineko kitapen osoaren berri eman beharko zaie, eta 10 eguneko epea izango dute alegazioak egiteko. Epe hori igaro eta aleaziorik aurkeztu ez bada edo aurkeztutakoak ebatzi badira, kitapena behin betikoa izango da.

III. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA ETA KALIFIKAZIOAK. KREDITUAK AITORTZEA
I. ATALA
IRAKASKUNTZA ETA KALIFIKAZIOAK

11. artikulua.– Gobernu Kontseiluaren arautegiari jarraituz, proposamena onartu ondoren aldaketarik egin nahi izanez gero, kasuan kasuko azpibatzordeak berariazko baimena eman beharko du. Bestalde, ikasketa planetako aldaketak direla eta, matrikula egiteko epea baino lehen jakinarazi eta baimendu beharko dira. Beraz, aparteko kasuren batean ikasketa planean aldaketaren bat egin beharra badago, kasuan kasuko batzordeari proposamen arrazoitua bidali beharko zaio, irailaren 3a baino lehen bidali ere.

Berezko tituluko irakasle taldeetako aldaketei dagokienez, aldaketok ondo arrazoituta egon beharko dira, eta kontuan hartuko dira baldin eta ezustekoen ondorioz eragindakoak badira (adibidez, laneko baja...). Ez dira onartuko, baina, edukietan egindako aldaketen edo egokitzapenen ondorioz eragindakoak. Horiek, helburu horretarako zehaztutako ereduari jarraituz egin beharko dira.

12. artikulua.– 1.– Berezko tituluko kredituak lortzeko, gaindituta izan beharko dira, horretarako zehaztutako ebaluazioaren bidez, bai tituluko ikasketak bai jarduera akademikoak. Eskoletara joate hutsa ez da nahikoa titulua lortzeko. Ebaluazio sistema matrikularako epea zabaldu aurretik jarri beharko da jendaurrean.

Kalifikazioa Gai, Ez Gai ala Aurkezteke izango da, eta esleituriko kreditu guztiei dagokie. Ez da egongo zati bat gainditzeko aukerarik. Deialdi bakarra egingo da titulu bakoitzerako ezarritako gutxieneko kredituak gainditzeko, eta ez da egongo horretarako salbuespenik, ez bada kasuan kasuko batzordeak horretarako baimena eman duela beren-beregi.

Ikasleen gehienez % 20ak «bikaintasun aipamena» lortu ahal izango du eta tituluan jasota ageriko da.

Ikasturte bat baino gehiago irauten duten tituluetan ikasturte bakoitzean ebaluazioa egin ahal izango da. Ebaluazioa gaindituz gero, kalifikazioa gorde egingo da eta hurrengo ikasturteren baten antolatuz gero titulazioa, kredituok onartu ahal izango zaizkio titulazioa lortze aldera.

2.– Kalifikazioen aktak.

Hamar eguneko epea egongo da ikasleen kalifikazioak jartzeko. Epe hori ikasturtea amaitzen den egunean hasiko da, edota, halakorik badago, azken proba edo lanaren defentsa egiten denean. Berezko Tituluen Bulegoak sortuko ditu kalifikazioak jasotzeko erabili beharreko aktak.

Kalifikazioak titulazioko batzorde akademikoko buruak grabatuko ditu, edo UPV/EHUkoa den batzordekideak.

Kalifikazioak behin grabatua, argitara emango dira iragarki oholean. Argitaratzean ikaslearen NAN zenbakia baino ez da zehaztuko. Bestalde, argi agertu beharko da argitaratze data, kalifikazioak berrikustea eskatzeko epea ezartzeari begira.

13. artikulua.– Kalifikazioak berraztertzea.

Batzorde akademikoak egingo du ikaslearen azken ebaluazioa eta ebaluazio orokorra.

Azken kalifikazioko aktak argitaratuta, ikasleak erreklamazio idatzia bidali ahal izango dio UPV/EHUko kasuan kasuko batzordeari, kalifikazioa argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barruan.

Erreklamazioak ebatzi eta ikasleari horren berri emango zaio gehienez ere hilabeteko epean, erreklamazioa aurkeztutako egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.

Kasuan kasuko batzordeak hartutako erabakiaren kontra ikasleak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio UPV/EHUko errektoreari, erabaki horren berri izan eta hilabeteko epean. Errektoreak, erreklamazioa ebazteko, txostena eskatuko die Batzorde Akademikoari eta kasuan kasuko batzordeari.

Errektorearen erabakia behin betikoa izango da eta administrazio bidea agortuko du.

Erreklamazio epea bukatuta, ikaslearen espedientera pasatuko dira notak eta horren berri emango zaio Berezko Tituluen Bulegoari.

Berezko Tituluen Bulegoak kalifikazioen akta bidaliko du, Batzorde Akademikoko kideek sina dezaten (behintzat batzordeko buruak eta UPV/EHUkoa den kideak), baita tituluaren zuzendaritza akademikoaz arduratu den sail edo institutuko zuzendariak ere.

Aktek ez dute emendakin, zirriborro edo zuzenketarik izan behar. Horrelakorik izanez gero, diligentzia egin beharko da eta aipatutako kideek sinatu.

Aktak Berezko Tituluen Bulegora bidaliko dira, ikastaroa amaitu eta gehienez hilabeteko epean.

II. ATALA
KREDITUAK AITORTZEA

14. artikulua.– Definizioa.

Kredituak aitortzea da ontzat hartzea ikasleak beste ikasketa batzuetan lortutako kredituak (amaituta edo amaitzeke dituen ikasketetan), eta UPV/EHUn bertan zein beste unibertsitate batean lortutakoak (estatuan zein atzerrian), hartara, UPV/EHUn matrikula eginda izanik, berezko titulu bat lortzera bideratutako ikasketetan burututako kreditutzat hartzeko. Kredituak aitortuz gero, ikasleak titulazioan eskatutako kredituak osatzeko falta duen kreditu kopurua baino ez du egin beharko.

15. artikulua.– Irizpide orokorrak.

Kredituak aitortzeko unitatea ikasketa planean jasotako irakasgaia izango da, eta kredituak aitortzean ez da oinarri hartuko irakasgaien arteko edukien antzekotasuna edo iraupena, ezpada gainditutako kredituei lotutako gaitasuna eta aitorpena. Ezin izango da, inolaz ere, krediturik aitortu azken lanagatik, tesinagatik edo antzekoengatik lortutako kredituengatik.

16. artikulua.– Berezko beste ikasketa batzuetan egindako kredituak aitortzea.

Ondokoak dira berezko beste ikasketa batzuetan lortutako kredituak aitortzeko mugak.

(Ikus .PDF)

Atal honetan zehaztu ez diren ikasketen bidez edo adierazitako mugak baino kreditu gehiago aitortzeko proposamenak kasuan kasuko batzordeak ebatziko ditu aldez aurretik txostena eskatuta berezko tituluko batzorde akademikoari.

17. artikulua.– Ikasketa ofizialetan egindako kredituak aitortzea.

Graduondoko berezko tituluetan unibertsitateko master tituluetan (ofizialetan) edo doktoregoan egindako kredituak aitortu ahal izango dira.

Graduko berezko tituluetan lehenengo edo bigarren zikloko titulazio ofizialetan egindako kredituak aitortu ahal izango dira (diplomatura, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa), edo graduko titulu ofizialetan egindakoak.

Bai batean, bai bestean, gehienez ere % 50 aitortu ahal izango da. Salbuespenezko egoeretan, zuzendari akademikoak eskaria egin ahalko dio kasuan kasuko batzordeari ehuneko hori gehitzeko. Eskaria behar bezala justifikatuta egon beharko da eta batzordeak erabakiko du onartu edo ez.

18. artikulua.– Tramitazioa.

Ikasleak berezko tituluaren idazkaritzan aurkeztu behar du kredituak aitortzeko eskaria: 2015 urtean hasten diren ikasketetarako, azaroaren 13ra artekoa izango da epea; 2016an hasten direnetarako, berriz, otsailaren 12an.

Hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:

a) Baliozkotu nahi diren ikasketen maila eta ezaugarriak egiaztatzeko ziurtagiri akademikoa; bertan jasoko dira gainditutako irakasgaiak eta lortutako puntuazioak.

b) Ikasketa plana edo egindako irakasgaien taula, hala dagokion ikastegiak, sailak edo institutuak egina.

19. artikulua.– Erabakia.

Titulazioko batzorde akademikoak ebatzi eta jakinaraziko ditu kredituak aitortzeko eskariak: abenduaren lehenengo hamabostaldian, 2015ean hasiko diren titulazioetakoak, eta martxoaren lehenengo hamabostaldian, 2016an hasiko direnetakoak. Ondoren, ikasleari berari jakinaraziko zaio.

Erabakian ondokoak jaso beharko dira:

a) Aitortuko den kredituen kopurua, kreditu horiek zein irakasgaietakoak diren adierazita.

b) Onartu zaizkion ikasketa planeko irakasgaiak.

c) Eskaerari uko egiten bazaio, aitortu ez diren kredituen kopurua, kreditu horiek zein irakasgaietakoak diren adierazita; halaber, uko egiteko arrazoi esplizituak azalduko dira.

d) Erabakiaren kontra unibertsitateko kasuan kasuko batzordeari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola jakinarazpena hartu eta hilabeteko epean.

Baliozkotzeei buruzko erabakiak ebatzi ondoren, baliozkotzeen akta bidaliko zaio Berezko Tituluen Atalari V. eranskineko eredua erabilita. Aktak abenduaren 18a baino lehen (2015ean hasten diren titulazioen kasuan) edo martxoaren 18a baino lehen (2016an hasten diren titulazioen kasuan) bidali behar dira.

16. eta 17. artikuluetan jasotako salbuespenak ebazteko kasuan kasuko batzordeak aurkezten dituen proposamenak azaroaren 30a baino lehen baino lehen (2015ean hasten diren titulazioen kasuan) edo martxoaren 1a baino lehen (2016an hasten diren titulazioen kasuan) bidali behar dira Berezko Ikasketen Atalari.

20. artikulua.– Aitortutako kredituak ordaintzea.

Aitortutako kredituak espedientean jaso aurretik, ikasleak ordaindu egin beharko ditu tasak:

a) Unibertsitate publikoetan egindako ikasketa ofizialengatik aitortutako kreditua: dohainik.

b) Titularitate pribatuko unibertsitateetan edo atzerriko goi mailako hezkuntza zentroetan egindako ikasketa ofizialengatik aitortutako kreditua: kredituari dagokion zenbatekoaren %25.

c) Ikasturte bat baino gehiago irauten duten tituluen kasuan, Berezko Ikasketei buruzko Arautegi Bateratuko 33.5 artikuluari jarraituz aitortutako kreditua: dohainik.

d) Unibertsitate honetako berezko titulu batean egindako ikasketengatik aitortutako kreditua: kredituari dagokion zenbatekoaren %25

e) Espainiako edo atzerriko beste unibertsitate edo goi mailako hezkuntza zentro batzuetan egindako berezko tituluengatik edo beste ikasketa batzuengatik aitortutako kreditua: % 100.

f) Etengabeko prestakuntzan UPV/EHUn egindako ikasketengatik aitortutako kreditua:

1) Berezko titulu berean egindako moduluak: dohainik.

2) Beste berezko titulu batean edo master ofizialetan egindako moduluak: kreditu bakoitzaren prezioaren % 25.

IV. KAPITULUA
BEREZKO TITULUAK ETA ZIURTAGIRIAK EMATEA
I. ATALA
TITULUAK EMATEA

21. artikulua.– Arau orokorra.

UPV/EHUren berezko tituluak errektoreak emango ditu, eredu normalizatuari jarraiki. Unibertsitateko Berezko Tituluen Erregistroan jasota geratu beharko dira emandako tituluak, unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan egin ohi den moduan eta baldintza berberetan (identifikazioa, zaintzea, ziurtapena eta izaera publikoa).

Tituluak ezarritako ereduari jarraituz emango dira.

22. artikulua.– Prozedura.

1.1.– Tituluak eskuratzeko eskariak Berezko Ikasketen Atalean aurkeztuko dira, edota Arabako Campuseko, Bizkaiko Campuseko edo Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Interesatuak berak egindako eskaria.

b) NANaren fotokopia (espainiar nazionalitatedunak), nortasun txartelaren fotokopia (Europar Batasuneko beste herrialde batzuetakoek) edo pasaportearen fotokopia edo egoiliar txartelaren fotokopia (Europar Batasunetik kanpokoek).

c) Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Familia ugariko kideen kasuan, ekintza terroristen biktimen kasuan edo ezintasunen bat daukaten pertsonen kasuan, arautegi honetako 8 artikuluan jasotakoa beteko da.

Berezko titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izanaren ziurtagiria bidaliko die Berezko Ikasketen Atalak ikasleei. Ziurtagiri honek tituluaren ondorio berberak izango ditu, titulua bera eman arte. Ziurtagiri hori ezarritako ereduari jarraituz osatuko da.

1.2.– Berezko tituluren bat 1993/1994 ikasturtea baino lehen egin dutenek, aurreko puntuan adierazitako agiriez gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

d) Berezko titulurako sarrera ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria. Berezko titulurako sarrera ematen duen titulua 1988. urteaz geroztik UPV/EHUn eskuratu dutenek ez dute agiri hau aurkeztu behar.

2.– Tituluak ematea.

Interesdunak berak jaso beharko du titulua, inprimatu eta gero, Berezko Ikasketen Atalean. Interesatuak berak ezinezkoa badu joatea, beste norbaiti eman diezaioke titulua jasotzeko baimena ahalorde notarialaren bidez.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa aldatzeke, eta Berezko Ikasketen Atala dagoen herrian bizi ez bada interesduna, eskaria egin diezaioke idatziz atal horri, bere etxetik gertuen dagoen bulego hauetakoren batera bidaltzeko titulua: Arabako Campuseko errektoreordetzara, Bizkaiko Campuseko errektoreordetzara, Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzara, probintziako Hezkuntza eta Zientzia Zuzendaritzara, Hezkuntza bulegoa edo kontsuletxera. Salbuespenez, ministerio bulegoen bidez ematerik ez duten probintzietan, titulua posta ziurtatuaz igorriko zaio ikasleari eta honek bere gain hartuko ditu dokumentuak paira litzakeen kalteak eta, arrazoi honengatik eragin litekeen balizko bikoiztuaren kostua.

Tituluak jasotzeko onartuta dagoen jardunbide bera aplikatuko da bikoiztuen kasuan (artikulu honetako 4. atala).

Titulua eman eta bost urte pasatzen badira interesduna bere bila joateke, Berezko Ikasketen Atalak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako erabakiaren bidez, hilabeteko epea emango dio interesdunari titulua jasotzeko. Gainera, jakinaraziko dio titulua baliogabetu eta hautsi egingo dela, baldin eta epe horren barruan jasotzen ez bada. Titulua hautsi egin bada, akta egin beharko da eta Berezko Tituluen Unibertsitateko Erregistroan gorde.

Ikasketak amaituta izanda titulua eskuratu baino lehenago hildako ikasleen kasuan, eta senideek eskaria egiten badute, titulua ematea egokia dela erabaki dezake unibertsitateko errektoreak. Titulu hauek diligentzia eramango dute aurreko aldearen beheko aldean.

3.– Tituluaren izena titulua lortu duenaren generora, maskulino edo femeninora, egokitzea.

Tituluen edo ziurtagirien izenak eta bestelako aipamenak titulu hori lortu dutenen generoa, maskulinoa edo femeninoa, kontuan hartuta egingo dira.

4.– Bikoiztuak ematea.

a) Bikoiztuak ematea, hondatu egin direlako edo zuzenketak egin behar direlako:

Tituluko datuak zuzendu behar badira edo titulua hondatu egin bada, akats horiek unibertsitatearenak izan gabe, interesdunak bikoiztu bat eskatu beharko du. Interesdunak, bikoiztua zergatik eskatzen duen justifikatzen duten dokumentuekin batera, jatorrizko titulua aurkeztu beharko du, edota titulua identifikatzeko aukera eskain dezaketen jatorrizkoaren zatiak.

Horrelakoetan, interesatuak berak ordaindu beharko ditu tasak.

Unibertsitatearen akats baten ondorioz egin behar bada zuzenketa, bikoiztua emateko prozedurari ofizioz ekingo dio Berezko Ikasketen Atalak. Interesdunak ez ditu tasak ordaindu beharko kasu horretan.

Bikoiztuak egiteko prozedurari Berezko Ikasketen Atalak emango dio hasiera.

b) Bikoiztuak ematea, titulua galdu edo lapurtu egin dutelako:

UPV/EHUren berezko tituluen bikoiztuak eman behar direnean jatorrizko titulua galdu egin delako, iragarkia jarri beharko da aurretiaz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Galtzearen berri eman beharko da iragarkian erreklamazioak egin ahal izateko. Iragarkia argitaratu eta 30 egunera ez badago erreklamaziorik, bikoiztua emateko tramitea hasi ahal izango da. Lehen aipatutako iragarkiak argitaratzeko ekimena Berezko Ikasketen Atalari dagokio.

Bikoiztua egiteko tasa ordaindu beharko du interesdunak, bai eta aurreko paragrafoan aipatutako iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeari dagokiona ere.

Titulua galdu edo lapurtu izana unibertsitateari leporatu ahal zaionean, administrazioaren kabuz ekingo zaio titulu hori bikoizteko prozedurari. Interesatuak ez du ezer ordaindu beharko titulua berriz emateagatik.

Titulu bikoiztuan jasota ageri beharko da zergatik bikoiztu den; horretarako, diligentzia jarriko da aurreko aldeko beheko aldean.

II. ATALA
ZIURTAGIRIAK EMATEA

23. artikulua.– 1.– Berezko titulu bateko ikasketak gai kalifikazio globalarekin gainditzen duten ikasleek horren ziurtagiria eska dezakete Berezko Ikasketan Atalean eta Arabako Campuseko, Bizkaiko Campuseko eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (1993/1994 ikasturtetik aurrera matrikulatutako ikasleak):

a) Behar bezala beteriko eskaria.

b) Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Familia ugariko kideen kasuan, ekintza terroristen biktimen kasuan edo ezintasunen bat daukaten pertsonen kasuan, arautegi honetako 8.1 artikuluan jasotakoa beteko da.

2.– 1993/1994 ikasturtea baino lehenagoko ikasturteetan matrikulaturiko ikasleek, matrikulaturik egon diren ikastegi, sail edo institutuetako idazkaritzetan eskatu beharko dituzte ziurtagiri akademikoak, eta bertan adieraziko zaien dokumentazioa eman beharko dute.

3.– Gai kalifikazioa lortu ezean, bertaratze ziurtagiria eskatu ahal izango du ikasleak. Ziurtagiriok Batzorde Akademikoak sinatuko ditu, eta batzordeak berak zehaztuko ditu ziurtagiriok emateko baldintzak.

Agiri horiek 24. artikuluan jasotakoaren arabera ordainduko dira.

24. artikulua.– Ziurtagiri eta tituluengatik ordaindu beharreko tasak.

Berezko titulu eta ziurtagiriengatik ordaindu beharreko tasak, baldin eta Gizarte Kontseiluaren erabakia aldatzen ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarritakoak izango dira.

Tasa horiek arautegi honetako 7. artikuluan adierazitako kontuetan ordaindu behar dira.

V. KAPITULUA
IKASKETA OSAGARRIAK ETA ETENGABEKO PRESTAKUNTZA

Berezko ikasketaren ikasketa plana osatzen duten modulu edo gaiak etengabeko prestakuntzaren barruan eskain daitezke, betiere, 20 kreditu baino gutxiago badituzte. Baimena emateko, Gobernu Kontseiluak ikasketa osagarrietarako onartutako arautegiari jarraituko zaio.

Matrikula ikasketak antolatu dituen ikastegi, sail edo institutuko idazkaritzan egin beharko da.

Ikasleak matrikula ezeztatzeko eskaria eginez gero, horrek ez du eragingo ordaindutakoa itzultzerik, ez bada ikasturtea hasi gabe dagoela.

Matrikula epe bakarrean ordainduko da, sailaren unitate organikoaren kontuan.

Matrikula epea behin bukatuta, zuzendari akademikoak ondoko izapideak egingo ditu:

Kontabilitate Zerbitzuari diru sarrera horiek esleitzeko eskaria egingo dio: sarrera horiei % 12ko atxikipena egingo zaie, horietako % 10 unibertsitatearen gastu orokorretarako eta gainerako % 2 Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzarako.

Aseguru polizen gestioa.

Ikastaroetara joanez gero, «Bertaratze ziurtagiria» lortu ahal izango du ikasleak, edo ebaluaziorik gainditu behar izanez gero, «Onuraz parte hartu izanaren ziurtagiria». Nahiz eta aukera hau erabilita ikasleak berezko ikasketen titulu bateko irakasgai guztiak gaindituta izan, ez du eskubiderik izango dena delako titulua eskuratzeko.

Bertaratze ziurtagiriak edo onuraz parte hartu izanaren ziurtagiriak Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak egingo ditu, ikasleak, aldez aurretik, 7. artikuluan jasotako kontuan ordainketa eginda (ordaindu beharrekoa Gizarte Kontseiluak zehaztuko du).

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratuko dira kasuan kasuko batzordeak lehendik onartutako prozedura-arau guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau 2015-2016 ikasturtean sartuko da indarrean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala