Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2015eko uztailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3030

74/2015 DEKRETUA, maiatzaren 19koa, «Urkabustaizko Irla-hariztiak» Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena (ES2110003).

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izendatzeko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda (BGL) ontzat eman zuten, 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa. Horien artean, Urkabustaizko Irla-hariztiak KBEa (ES2110003) dago, Atlantikoko eskualde biogeografikoan.

Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45. artikuluek ezarritakoari jarraiki, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako eskakizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.

92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, sakondu egin da Urkabustaizko Irla-hariztiak KBEaren azterlanean, eta eskala egokian irudikatu da Batasunaren intereseko habitaten banaketa. Horretaz gain, gune horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.

Urkabustaizko Irla-hariztiak eremua Atlantikoko eskualde biogeografikoan dago kokatuta. KBE horretan, 92/43/EEE Zuzentarauaren I., II. eta IV. eranskinetan jasotako hainbat habitat eta espezie (gutxienez, Batasunaren intereseko 7 habitat daude), 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako espezieak edo zerrenda gorrietan edo autonomia- edo eskualde-katalogoetan agertzen diren espezieak topatu dira; beraz, 2003an, Europako Natura 2000 ekologia-sarean sartu zen, Batasunaren Garrantzizko Leku gisa (BGL). Eremu horretan, batez ere, basoak daude. Horien artean, pagadi azidofiloak, harizti mesotrofo subatlantikoak edo erkameztiak eta ameztiak dira azpimarratzekoak, berezko espezieekin batera. Faunari dagokionez, Habitat Zuzentarauaren II. Eranskinean eta Hegaztien Zuzentarauan jasotako espezie batzuk edo EAEko eskualde-mailako intereseko espezieak daudela azpimarratu beharra dago. Dauden fauna-espezie guztien artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: baso-igel jauzkaria (Rana dalmantina) edo topatu diren 50 hegazti-espezie (zata arrunta, arrano sugezale europarra, miru beltz eta gorriak, eta zapelatz liztorjale europarra). Eremu hori oso garrantzitsua da galzoriko espezietzat jota dagoen Bechsteingo saguzarrarentzat (Myotis bechsteinii), eta KBE horretan autonomia-erkidegoko koloniarik garrantzitsuenetako bat dago.

Eremua mugatzeko, lan-eskala hobetu da, baina horrek ez du aldaketa garrantzitsurik eragin mugetan, ez habitat naturalen azalaren irudikapenean, ezta Europar Batasunaren intereseko flora- eta fauna-espezieen populazioetan ere. Europako Batzordera bidaliko da mugaketa hori, egunera dezaten.

Urkabustaizko Irla-hariztiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko prozeduran, parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraiki. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Gainera, parte hartzeko kanalak irekita egon dira tramitazioan zehar, bai interesa zutenei komunikazioak bidalita bai horretarako berariaz prestatu den web-orriaren bitartez: http://www.euskadi.net/natura2000. Esteka horretan, izendapen-prozesu honi buruzko informazio eguneratua egongo da eskuragarri.

Urkabustaizko Irla-hariztiak kontserbatzeko baliabideak Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraiki landu dira, 92/43/EEE Zuzentarauan jasotako eta eremuan topatutako habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz.

Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.5 artikuluan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko maiatzaren 19an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Helburua eta lurralde-eremua.

1.– Urkabustaizko Irla-hariztiak (ES2110003) Kontserbazio Bereziko Eremu (hemendik aurrera, KBE) izendatzen da, Arabako Lurralde Historikoan.

2.– KBEaren mugak dekretu honen I. eranskinean jasotakoak dira, eta xehetasun-azterketen ondorengo eguneratzearen ondorioz, bat datoz Atlantikoko eskualde biogeografikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian jasotako mugekin.

3.– Onartu egiten dira KBEa kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.

2. artikulua.– Xedea.

1.– Arau honen xedea honako hau da: KBEetan bermatzea Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan daude ezarrita. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.

2.– KBEan, honako hauek jasotako araubide orokorra ezarriko da: 92/43/EEE Zuzentaraua eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

3. artikulua – Kontserbazio-neurriak.

1.– Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.4 artikuluarekin bat, II. eranskinak izendapena argudiatzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak ez ezik, horien kontserbazio-egoeraren ebaluazioa, eremu horren kontserbazio-helburuak, kontserbaziorako araudiak eta jarraipen-programa ere jasotzen ditu.

2.– Arabako Foru Aldundiak onartutako kudeaketarako jarraibideak eta neurriak dekretu honen eranskin gisa argitaratuko dira Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren Ebazpenaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 22.5 artikuluak ezarritakoari jarraikiz.

4. artikulua.– Funtsezkoa ez den berrikuspena edo aldaketa.

II. eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izan dela, 26/2007 Legeak ezarritakoari jarraiki; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie, eta Naturzaintzaren txostena jasoko da.

5. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen araubidea.

Dekretu honi ezarri beharreko zehapen-araubidea, honako hauek araututakoa izango da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean egin ditzan legeak ezarritako izapide eta komunikazio guztiak, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari baimena ematen zaio dekretu honen eranskin gisa argitaratzeko Arabako Foru Aldundiak eremu hau kudeatzeko onartu dituen jarraibide eta neurriak, dekretuaren 3.2 artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean Dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko maiatzaren 19an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

I. ERANSKINA, MAIATZAREN 19KO 74/2015 DEKRETUARENA
KARTOGRAFIA

http://www.euskadi.eus/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_074_2015/conf_Delimitacion.json&lang=eu

II. ERANSKINA, MAIATZAREN 19KO 74/2015 DEKRETUARENA
URKABUSTAIZKO IRLA?HARIZTIAK (ES2110003) KONTSERBAZIO BEREZIKOEREMURAKO (KBE), EKOLOGIA?INFORMAZIO, KONTSERBAZIO?HELBURU,KONTSERBAZIO?ARAUDI ETA JARRAIPEN?PROGRAMA JASOTZEN DITUEN DOKUMENTUA
IKUS PDF

Azterketa dokumentala