Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2015eko uztailaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

UNIBASQ-EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN KALITATEA EBALUATU ETA EGIAZTATZEKO AGENTZIA
3004

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 4koa, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren zuzendariarena; honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen osagarri gehigarriak ebaluatzeko eta esleitzeko protokoloa ematen da argitara.

I.– Arrazoien aurkezpena eta lege esparrua

1.– Unibertsitate Erreformarako abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren bidez, Unibertsitateetako irakasleentzat banako ordainsari osagarriak ezartzeko aukera arautzen zen. Arau horretan oinarrituta, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluak, Unibertsitatearen Gobernu Batzarrarekin batera, ordainsari-osagarri gehigarrien sistema bat finkatu zuen unibertsitateko irakasleentzat 1999. urtean.

2.– Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 55. eta 69. artikuluen bidez, banako merezimenduekin loturiko ordainsari gehigarriak emateko aukera ezartzen da, autonomia erkidegoek finkatutako mugen barruan, Gizarte Kontseiluak egindako deialdian eta Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak aldez aurretik onartuta.

3.– Geroago, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 34. artikuluan, Gobernuak irakasle eta ikertzaileentzat, funtzionario eta kontratatuentzat ordainsari gehigarriak ezarri ahal izango dituela xedatzen da, irakaskuntzari, ikerkuntzari eta kudeaketari dagokienez egoki irizten dituen irizpideen arabera, eta hizkuntzari dagozkion merezimenduak ere kontuan hartuko dira. Halaber, artikulu horren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio, unibertsitate-arloan eskuduna den sailak proposatuta, ordainsari horien mugak ezartzea eraginkortasun eta efikazia irizpideen arabera, eta Gizarte Kontseiluari dagokio, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak proposatuta, ordainsari horiek modu berezi eta indibidualean esleitzea erabakitzea, Unibasq - Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak merezimenduak baloratu ondoren.

4.– Lege-xedapen hori garatzeko, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen ordainsari-osagarri gehigarriei buruzko urriaren 17ko 209/2006 Dekretua onartu zen, lege-esparrua finkatu zuena.

5.– Lau deialdi egin eta emaitzak aztertu ostean, eta 209/2006 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian erabakitakoari jarraikiz, berrikusi egin zen eta horren ondorioz 64/2011 Dekretua eman zen.

6.– 13/2012 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, Agentziaren eginkizunetako bat da: bere funtzioen barruan ezarritakoaren arabera, irakaskuntzarekin, ikerketarekin, jakintza-zabaltzearekin eta kudeaketarekin loturiko merezimenduak ebaluatzea, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileentzat aurreikusitako ordainsari osagarriak esleitzeari begira.

7.– Eskumen hori baliatuta, eta Unibasq Agentziaren Estatutuen 17.3 b artikuluan ezarritakoaren arabera, Aholku Batzordeari dagokio Agentziak erabili beharreko ebaluazio-irizpideak eta protokoloak onartzea.

II.– Protokolo honen helburua

1.– Unibasqek garatuta dagoen eta irakasle eta ikertzaileen osagarriak ebaluatzeko den programa loturik dago irakaskuntzako, ikerketako, jakintza eta kudeaketako jarduera ebaluatzearekin, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileei banako ordainsari-osagarriak emateari begira.

2.– Prozesu horretan, Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak proposatuta, UPV/EHUren Gizarte Kontseiluak erabaki du irakasle eta ikertzaileei ordainsari-osagarriak modu berezi eta indibidualean esleitzea, martxoaren 29ko 64/2011 Dekretuaren bidez aldatutako urriaren 17ko 209/2006 Dekretuan finkatutakoari kasu eginez.

3.– Dekretu horretako 1. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, osagarriak esleitzeko, Unibasqek interesdunaren merezimenduak baloratu eta ebaluatu beharko ditu aldez aurretik.

4.– Ebaluazio-prozesua Unibasqen Kode Etikoaren araberakoa izango da; Agentziaren webgunean (www.unibasq.org) argitaratuta dagoena.

III.– Ebaluazio organoak

1.– Agentziak ebaluazio-batzordeen bitartez jasotako eskabideak ebaluatuko ditu; ebaluazio-batzordeetako kideek inpartzialtasunez jokatu beharko dute, gerta litezkeen interes-gatazken berri eman beharko dute eta, hala badagokie, ez dute ez prozesu osoan ez zati batean parte hartuko.

2.– Ebaluazio-batzordeetako kideek eta Agentziako langileek ebaluazio-prozesuan eskuratutako informazio guztia konfidentziala da.

3.– Ebaluazio-batzordeak.

a) Ebaluazio-batzordeak ebaluazio-prozesuaren koordinazio-organoak dira. Haien eginkizunak honako hauek dira: prozedura osoa planifikatzea, kontrolatzea eta aztertzea, eta egindako irizpen teknikoen araberako behin betiko txosten indibidualak ematea.

b) Batzorde horietan, ebaluatutako irakasle eta ikertzaileen kategoria akademiko bereko edo handiagoko irakasle eta ikertzaileak egongo dira, eta Agentziaren Estatutuei eta Agentziaren Ebaluatzaileak hautatzeko Kodeari jarraikiz eratuko dira. Agentziako zuzendariak, ebaluazio-batzorde bakoitzeko kideen artean, batzordeburua eta idazkaria izendatuko ditu, beraiek beteko baitituzte kide anitzeko organoetan kargu horiei dagozkien eginkizunak.

c) Ebaluazio-batzordeak eskatzaileen esparru zientifikoen arabera osatuko dira, baita, UPV/EHUko irakasleen banaketa kontuan izanik, aurreikusitako eskaera kopuruaren arabera ere. Horretarako, honako batzorde hauek osatuko dira:

– Zientzia Esperimentalen Batzordea.

– Zientzia Juridikoen eta Ekonomia Zientzien Batzordea.

– Medikuntza eta Osasun Zientzien Batzordea.

– Gizarte Zientzien Batzordea.

– Irakaskuntza Teknikoen Batzordea.

– Giza Zientzien Batzordea.

– Bikaintasuna ebaluatzeko Batzordea; aurreko ebaluazio-batzordeetako batzordeburuekin osatuko da.

d) Prozesu bakoitzaren egoera berezien ondorioz aldatu ahal izango da ebaluazio-batzordeen kopurua.

e) Ebaluazio-batzordeetan bost kidetik hamar kidera bitartean egongo dira, aurreikusitako eskaeren bolumenaren arabera. Salbuespen gisa, ebaluazio-batzordeak espezialisten aholkularitza espezifikoa eskatu ahal izango dio Agentziari, komeni denean.

f) Batzordeetako kideen izendapena indarrean jarriko da Agentziako zuzendariak izendapen-ebazpena sinatzen duen egunetik aurrera. Batzordeen osaera Agentziaren webgunean argitaratuko da; kide guztien curriculum vitaeak ere argitaratuko dira.

IV.– Ebaluazio prozesuaren deskribapena

1.– UPV/EHUren Gizarte Kontseiluak egindako deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzearekin batera hasiko da prozesua. Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak deialdiaren proposamena egingo dio UPV/EHUren Gizarte Kontseiluari, onar dezan.

2.– Deialdia urtekoa izango da eta parte hartzeko beharrezkoa den dokumentazioa, epea eta modua ezarriko ditu.

3.– 64/2011 Dekretuaren bidez aldatutako 209/2006 Dekretuan aurreikusitako ordainsari-osagarriak ebaluatzeko aukera izateko, interesdunak, eskaera egiteko unean UPV/EHUrekin lan-, estatutu- edo administrazio-lotura izan beharko du nahitaez, eta jardunean egon beharko du.

4.– Unibertsitatetik kanpo egon diren eta beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batzuetan lan akademikoa egin ondoren UPV/EHUn sartu diren pertsonek ebaluazioa eskatu ahal izango dute, 64/2011 Dekretuak aldatutako 209/2006 Dekretuaren 5.6 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5.– Baloratzeko merezimenduak aurkeztea.

a) Merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa erantsiko zaio eskabideari, formatu digitalean. Eskabidean bildutako merezimenduen zerrendako orden berberari eutsi beharko dio arestian adierazitako dokumentazioak, eta ebaluatu beharreko atalekin bat etorriko diren fitxategi informatikoetan antolatuko da.

b) Aipaturiko merezimenduek nahitaez etorri beharko dute bat egiaztagiriekin; horrela ez bada, merezimendua ez da ebaluazioan kontuan hartuko.

c) Egiaztatutako merezimenduak baino ez dira baloratuko.

d) Ebaluazio-eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dira.

6.– Eskaerak lekualdatzea.

UPV/EHUk eskaerak Unibasqera igorriko ditu.

7.– Eskaerak ebaluatzea.

a) Prozesuaren koordinazio-organoak izaki, ebaluazio-batzordeek ebaluazio-prozesuaren plangintza orokorra egingo dute deialdi bakoitzaren hasieran. Plangintza horretan, batzorde bakoitzak ebaluazio-lana egiteko duen epea adieraziko da, deialdian finkatutako gehieneko epearen barruan hel dakion ebaluazioaren ebazpena interesdunari.

b) Oro har, aurkeztutako eskaerak dagozkion ebaluazio-batzordeari atxikiko zaizkio, jakintza-arloaren eta eskatzaileak adierazitako esparruaren arabera. Nolanahi ere, eskatzaileak adierazitakoa ez den esparru bati eta, horren ondorioz, beste batzorde bati atxiki ahal izango zaio eskaera, alegatutako merezimenduak esparru zientifiko horri hobeto egokitzen zaizkiola ikusten bada eta betiere interesdunari aldez aurretik kontsulta eginda.

c) Agentziako administrazio-zerbitzuek ebaluatzaile bakoitzaren esku jarriko dituzte, behar bezala antolatuta eta sailkatuta, ebaluatu beharreko eskaerak, baita horien laburpen-zerrenda bat ere. Batzorde bakoitzeko kideek banaka eta euren kabuz ebaluatuko dituzte espedienteak, aldez aurretik ezarritako egutegiaren epeak errespetatuta.

d) Oro har, eskaera bakoitza batzordeko bi kidek ebaluatuko dute. Horretarako, banakako azterketa eta ebaluazioa egin ondoren, batzorde bakoitzeko batzordeburuak kide guztien saioa egiteko eguna eta ordua ezarriko ditu, saio horretan espedienteen ebaluazio bateratua egiteko. Bilera horren ondoren ebaluatu beharreko eskaera bakoitzerako txosten bakarra egingo da eta ebaluazio-batzordeko batzordeburuak eta idazkariak sinatuko dute. Idazkariak akta idatziko du eta ebaluazioaren gorabehera guztiak bildu beharko ditu, baita batzordeak emandako txosten guzti-guztiak ere. Batzordeen txostenetan iritzi teknikoa jasoko da ebaluazioaren laburpenarekin, atalez atal.

e) Ebaluatzaile edo batzorde batek salbuespenezko kasuren bat ikusten badu –prozesua arautzen duen araudian sartzen ez dena–, ebaluazio-eskaera Agentziaren Zuzendaritzara igorriko du Aholku Batzordeak azter dezan eta ebaluazio horri buruz erabakiren bat har dezan.

f) Kasuan kasuko batzordeak ebaluazioa eta txostena egin ostean, Agentziaren Zuzendaritzara igorriko dira; txostena loteslea izango da txostenean jasotako iritzi teknikoari dagokionez.

8.– Osagarrien esleipena.

a) Eskabideak banan-banan ebaluatuko dira; era berean, iritzi teknikoaren arrazoiak adierazi beharko dira, eta puntuazioa jaso beharko da, baita ebaluatutako tarte bakoitza positiboa edo negatiboa ote den zehaztu ere.

b) Agentziaren zuzendariak UPV/EHUren Gizarte Kontseiluari bidaliko dio ebaluazioaren emaitza.

c) UPV/EHUren Gizarte Kontseiluak, Agentziaren txosten teknikoa aztertu ostean, erabaki bat hartuko du, eta horren bidez deialdi bakoitzean eskatutako ebaluazioa ebatziko du; interesdun bakoitzari jakinarazi beharko dio ebazpena.

9.– Ezohiko kasuak.

a) 209/2006 Dekretuaren bitartez araututako lehen ebaluazio-deialdiaren ondoren ordainsaria murriztu zitzaien pertsonek (UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak jasotako ordainsarian izandako murrizketa), bizitza aktibo osoaren ebaluazio berri batera aurkezteko aukera izango dute. Ebaluazio horretan kontuan hartuko dira 209/2006 Dekretua indarrean hasi aurretiko ebaluazioak.

b) Agentziaren zuzendariak UPV/EHUren Gizarte Kontseiluari bidaliko dio ebaluazioaren emaitza.

c) UPV/EHUren Gizarte Kontseiluak, Agentziaren txosten teknikoa aztertu ostean, erabaki bat hartuko du, eta horren bidez deialdi bakoitzean eskatutako ebaluazioa ebatziko du; interesdun bakoitzari jakinarazi beharko dio ebazpena.

10.– Errekurtsoak eskaeren ebazpenei.

Gizarte Kontseiluak hartutako erabakiek administrazio-bidea agortzen dute eta haien aurka berraztertzeko errekurtsoak jar daitezke, hilabeteko epean, interesdunari jakinarazi zitzaionetik aurrera; hala badagokio, Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa ere jar daiteke dagokion organo jurisdikzionalean, bi hilabeteko epean, osagarria emateko edo ukatzeko erabakia jakinarazi denetik aurrera. UPV/EHUren Gizarte Kontseiluaren ustez Unibasqen iritzi teknikoa beharrezkoa bada errekurtsoa ebazteko, kasuan kasuko ebaluazio-batzordeak espediente osoa berraztertuko du eta honako hauek aztertuko ditu: errekurtsogilearen alegazioak, lehen ebaluazioaren txostena eta Agentziak espedienteari buruz duen dokumentazio guztia. Horiek guztiak aintzat hartuta, txostena egingo du. Agentziaren zuzendariak, batzordearen txostena aztertutakoan, emaitza Gizarte Kontseiluari bidaliko dio interesdunari ebazpenarekin batera jakinaraz diezaion, hilabeteko epean errekurtsoa jarri zuenetik aurrera.

V.– Ebaluazio irizpideak lantzea

1.– Ebaluazio-irizpide orokorrak eta horietan sar daitezkeen aldaketak, Unibasqeko Aholku Batzordeak landuko ditu, eta Agentziaren zuzendariak argitaratuko ditu.

2.– Jakintza-esparru bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta interpretatu ahal izango dituzte irizpide horiek ebaluazio-batzordeek, betiere irizpide orokorretan ezarritako mugak gainditu gabe.

3.– Agentziaren funtzionamenduan bete beharreko gardentasun-printzipioei jarraikiz, honako hauek emango dira argitara, ahalik eta gehiena: ebaluazio-irizpideak, horien kuantifikazio orokorra eta ebaluazio-irizpide horiek aplikatzeko orientabideak eta printzipioak. Horretarako, Agentziaren webgunearen bitartez (www.unibasq.org) jakinaraziko dira.

VI.– Puntuazioa zenbatzea

1.– Ebaluazio positiboa jaso ahal izateko, eskatzaileak tarte edo maila bakoitzerako finkatutako betekizunak egiaztatu beharko ditu dokumentu bidez, eta nahitaezkoa den gutxieneko puntuazioaren berdina edo handiagoa izan beharko du atal bakoitzean lortutako balioen batuketaren ondorioz ateratako puntuazioak tarte edo osagarri mota bakoitzean.

2.– Puntuazioa honako formula hauen arabera lortuko da:

a) Lehenengo ebaluazioei dagokienez.

PF = 0.72PP

b) Bigarren ebaluaketei edo hortik aurrera egingo direnei dagokienez, ebaluazio berriaren ondorengo azken puntuazioari dagokionez, aurreko ebaluazioan lorturiko puntuazioaren eta ebaluazio berrian lorturikoaren arteko haztapen gisa lortuko da:

PF = 0.72PA + 0.43PN

Betiere,

PP = lehen ebaluazioan lortutako puntuazioa guztira, dokumentu honetan garatutako irizpideei jarraikiz.

PA = aurreko ebaluazioan lortutako azken puntuazioa.

PN = ebaluazio berrian lortutako puntuazioa, dokumentu honetan garatutako irizpideei jarraikiz.

PF = ebaluazioaren ondorengo azken puntuazioa; nolanahi ere, ezin izango da 100 puntutik gorakoa izan.

Formula horren helburua kalitate-hobekuntzaren iraunkortasuna aitortzea da, karrera akademiko osoan zehar, hain zuzen ere.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 4a.

Unibasqeko zuzendaria,

JUAN ANDRÉS LEGARRETA FERNÁNDEZ.

I. ERANSKINA
BALIOESPENA TARTEAREN ETA MAILAREN ARABERA

C maila: Euskal Herriko Unibertsitateari eskainitako lanbide-jarduna aintzat hartzeko osagarri gehigarria.

C1: betekizunak: UPV/EHUrekin 3 urteko lotura egiaztatzea, eta Saileko Kontseiluaren txosten positibo, arrazoitu eta argumentatua aurkeztea, betiere 64/2011 Dekretuaren bidez aldatutako 209/2006 Dekretuaren eranskinean aurreikusitako irizpideetan oinarrituta.

C2: betekizunak: UPV/EHUrekin 7 urteko lotura egiaztatzea, eta Saileko Kontseiluaren txosten positibo, arrazoitu eta argumentatua aurkeztea, betiere 64/2011 Dekretuaren bidez aldatutako 209/2006 Dekretuaren eranskinean aurreikusitako irizpideetan oinarrituta.

Salbuespenez, Unibertsitatean aritze profesionalaren ezagutzera zuzendutako osagarrietako esleipenerako pertsona bakoitzaren lehen ebaluazioak bakarrik eta soilik kontuan izango dituen baldintzak hauek dira: a) Bere irakaskuntzan ezein txosten negatiborik ez izatea (Tutoretzetako, irakaskuntzako, akten epeetako, eta abarretako ez-betetze formal ezak). b) Irakaskuntza galderen betetze sistematikoa, behin eta berriz balioespen negatiboa ez izatea.

B maila: Kalitatea eta etengabeko hobekuntza aintzat hartzeko osagarri gehigarria.

Oharra: B tarteko hiru mailetan behar den puntuazioa lortzeko (25, 50 eta 75 puntu), II. eranskineko ebaluazio-irizpideak hartuko dira kontuan. Antzinatasuna kalkulatzeko orduan, honako hauek hartuko dira kontuan: B1 tartearen kasuan, UPV/EHUrekin edozein lan-, estatutu- edo administrazio-loturaren bitartez irakaskuntzaren, ikerketaren, jakintza-zabaltzearen edo kudeaketaren esparruan egindako jarduerak; eta, B2 eta B3 tarteen kasuan, UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate nahiz ikerketa-zentro batzuekin.

B1erako betekizunak: C1 tartea lortu izana, UPV/EHUrekin 5 urteko lotura egiaztatzea eta gutxienez 25 puntu lortzea.

B2rako betekizunak: doktore-gradua eta C1 eta C2 tarteak lortu izana, UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batzuekin 10 urteko lotura egiaztatzea eta gutxienez 50 puntu lortzea.

B3rako betekizunak: doktore-gradua eta C1 eta C2 tarteak lortu izana, UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batzuekin 10 urteko lotura egiaztatzea eta gutxienez 75 puntu lortzea.

A maila: Bikaintasuna aintzat hartzeko osagarri gehigarria.

A1erako betekizunak: gutxienez 90 puntu lortzea, doktore-gradua eta C1 eta C2 tarteak lortu izana, eta UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batzuekin 15 urteko lotura eta Dekretuko eranskinean aipatutakoen artetik merezimendu nabarmenen bat egiaztatzea.

A2rako betekizunak: 90 puntu lortzea, doktore-gradua eta C1 eta C2 tarteak lortu izana, eta UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batzuekin 15 urteko lotura eta Dekretuaren eranskinean aipatutakoen artetik merezimendu nabarmen batzuk egiaztatzea. Baldintza horiek betez gero, Bikaintasuna ebaluatzeko Batzordeari A2 mailarako pertsona hautagaien proposamena egingo diote ebaluazio-batzordeek. Bikaintasuna ebaluatzeko Batzordeak ebaluazio-batzorde desberdinen proposamenak orekaz aztertu ondoren, tarte hori nori eman erabakiko du.

Unibertsitate Eskolako doktore ez diren irakasle titularrentzako osagarri berezia, 64/2011 Dekretuaren bidez aldatutako 209/2006 Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrari jarraikiz.

– 1. osagarri berezia: betekizunak: 10 urteko antzinatasuna egiaztatzea Unibertsitate Eskolako irakasle titular moduan, doktorego-titulua ez izatea eta 50 puntu lortzea.

– 2. osagarri berezia: betekizunak: 10 urteko antzinatasuna egiaztatzea Unibertsitate Eskolako irakasle titular moduan, doktorego-titulua ez izatea eta 75 puntu lortzea.

II. ERANSKINA
EBALUAZIO IRIZPIDEAK

Eranskin honetan, irakaskuntzako, ikerketako eta jakintza-zabaltzeko eta kudeaketako merezimenduak ebaluatzeko garaian erabili beharreko irizpideak biltzen dira. A maila eskuratzeko merezimendu espezifikoak ere sartzen dira.

Gehienez ere 140 puntu lor daitezke, baina 100 puntu baino ez dira kontuan izango.

1. atala.– Irakaskuntza (Gehienez 60 puntu)

Unibertsitatean kalitatezko irakaskuntza egiten dutenak bereizte aldera, ebaluazio-sisteman honako merezimendu hauek haztatuko dira:

1.– Unibertsitate irakaskuntza honako irizpide hauetan oinarrituta:

i.– Irakats betebeharrak: master eta graduko irakaskuntza ofizialetan benetan emandako kredituak, kopurua eta mota baloratuko dira.

ii.– Ikasleen iritzi-inkesten emaitzak.

iii.– Ebaluazio-aldian zehar eskatzaileak ikasleei emandako irakasgai baten irakaskuntza gida.

iv.– Irakaskuntzaren % 50 euskaraz eman dutela egiaztatzen dutenei puntuazioa % 20 igoko zaie.

15 puntu gehienez. Gehieneko hori 18 puntura igoko da iv. puntuan erabakitakoaren arabera euskarazko irakaskuntza egiaztatzen dutenen kasuan.

2.– Hizkuntza-eskakizuna profil elebiduneko plaza batera nahita aldatzea, eta ondoren euskaraz emandako irakaskuntzaren egiaztapena: 10 puntu.

3.– Doktorego-tesiak eta bestelako ikerketa/irakaskuntza-lanak zuzentzea; gehienez ere 15 puntu.

Atal honetan, batzordeak balioespena handituko du Europako tesia baldin bada edo aparteko saria baldin badu. Balorazioa egiteko, tesien, tesinen, ikerketa-lan edo master amaierako proiektuen eta gradu amaierako lan edo proiektuen puntuazioa aintzat hartuko da, beheranzko ordenan. Lan horien kalifikazioa ere kontuan izango da.

4.– Irakaskuntza ematea kanpoko kalitate-egiaztagiria duten master eta doktoregoetan: 5 puntu gehienez. Atal honetan, batzordeak programaren eta unibertsitate parte-hartzaileen kalitatea kontuan izango du, nazioartekoa den, unibertsitate artekoa edo unibertsitatearena berarena.

5.– Beste unibertsitate eta prestakuntza-zentro batzuetan irakastea: 5 puntu gehienez. Atal honetan, hitzaldiak, ikastaroak, mintegiak, udako ikastaroak eman izana izango du kontuan batzordeak.

6.– Argitaletxe ezagunetan ISBN eta guzti argitaratutako irakaskuntza-materiala egitea: 10 puntu gehienez. Atal honetan, batzordeak liburuak eta liburuen kapituluak baino ez ditu izango kontuan. Euskaraz argitaratutakoek 12 punturaino lor dezakete.

7.– Irakaskuntzako nazioko edo nazioarteko truke-programetan parte hartzea (ERASMUS, SENECA edo bestelakoak), irakasle gisa: 5 puntu gehienez.

8.– Irakaskuntzako berrikuntza-proiektuak, gizartean oihartzun berezia dutenei erreparatuta: 5 puntu gehienez.

9.– Irakaskuntza ebaluazio-sistemen emaitzak (DOCENTIAZ edo bestelakoak): 10 puntu gehienez, lortutako kalifikazioaren arabera.

10.– Beste merezimendu batzuk: 15 puntu gehienez. Atal honetan, aurreko azpiataletan sartu gabeko bestelako irakaskuntza-jarduerak baloratuko ditu batzordeak; esate baterako:

i.– Unibertsitateko irakaskuntza-prestakuntzarako ikastaroetan parte hartzea.

ii.– Unibertsitateko irakaskuntza-jardueretan lortutako sariak.

iii.– Ofiziala ez den hizkuntza batean irakaskuntza ematea, hizkuntza hori ez bada eskatzailearen jakintza-arloaren xedea.

iv.– Jakintza zientifikoa ezagutarazteko eta zabaltzeko goi-mailako jardueretan parte hartzea, baita unibertsitatean egindako lana gizarteari jakinaraztera bideraturiko bestelako jardueretan ere (atal honetan, besteak beste, ate irekien egunetan parte hartu izana, komunikabideekin lankidetzan aritu izana, zientziaren zabalkundea, etab. aintzat hartuko ditu batzordeak).

v.– UPV/EHUren eskaintza birtualean parte hartzea.

Irakaskuntzari lotutako merezimendu guztietan, euskaraz egindako ekintza guztiak begirune berezia izango du, eta 1.2ko koefizientea emango, bidezkotzat hartzen diren kasuetan. Irakaskuntza nazioarteko dimentsioarekin lotuta dauden merezimenduak ere era berezian kontuan izango dira.

2. atala.– Ikerketa eta jakintza zabaltzea (Gehienez 60 puntu)

1.– UPV/EHUk sinatutako argitalpenak eta jakintza zabaltzea: 40 puntu gehienez.

a) Eskatzaile batek, bi seiurteko edo gehiago eta azken seiurtekoa indarrean izanez gero, aurkeztutako merezimenduei dagokien epea amaitzen den egunean, puntuazio osoa lortuko du.

b) «a» letrari jarraikiz, puntuazio hori lortzen ez duen eskatzailearen kasuan, honako atal hauen arabera ebaluatuko da:

i.– Argitalpen eta patenteak eranskinean bildutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira. Gehienez 30 puntu:

1) Jakintza-arlo horretan ikerketa-balioa onartua duten testuen oharrak, sarrerak, hitzaurreak, liburuen kapituluak, eta liburu osoak.

2) Kasuan kasuko eremuan ospea duten aldizkarietako balio zientifikoko artikuluak.

3) Patenteak, edo ustiapenean dauden baliagarritasun-modeloak.

Argitalpenak eta patenteak ebaluatzeko, III. eranskinean finkatutako irizpideak hartuko dira kontuan eta ebaluazio-batzordeek interpretatu beharko dituzte.

ii.– Funtsak UPV/EHUri itzultzen dizkioten enpresa pribatuekiko eta administrazio publikoekiko ikerketa-kontratuetan parte-hartze aktiboa izatea, baldin eta unibertsitatearen ohiko sistemen bitartez kontratatzen badira (OTRI, EUSKOIKER, hitzarmen bereziak). 10 puntu gehienez.

Atal honetan, batzordeak honako hauek hartuko ditu aintzat: kontratuan duen parte-hartze mota (IP, ikertzailea), kontratatzailea, ikerketaren xedea, gizartean oihartzun berezia duten gaiei erreparatuta.

iii.– Enpresen sorreran parte hartzea, UPV/EHUren ikerketa-jarduera abiapuntu izanik. 5 puntu gehienez.

Atal honetan, batzordeak honako hauek hartuko ditu aintzat: proiektuan duen parte-hartze mota, xedea, gizartean oihartzun berezia duten gaiei erreparatuta.

iv.– Unibertsitate-eremuan kultura ekintzailea sustatzen duten proiektuak. 5 puntu gehienez.

Atal honetan, batzordeak honako hauek hartuko ditu aintzat: proiektuan duen parte-hartze mota, xedea, gizartean oihartzun berezia duten gaiei erreparatuta.

v.– Ikerketa ezagutarazteko argitalpenak. 5 puntu gehienez.

Atal honetan, batzordeak argitalpen mota eta edukia izango ditu kontuan.

2.– Lehiaketa-deialdietan aitortutako ikerketa-jarduera kolektiboetan parte hartzea, gizartean oihartzun berezia duten gaiei erreparatuta. Gehienez 15 puntu:

a) Lehiaketa-deialdietan aitortutako ikerketa-talde ezagunetan parte hartzea. 10 puntu gehienez.

Atal honetan, batzordeak honako hauek hartuko ditu aintzat: taldean duen parte-hartze mota (IP, ikertzailea, bekaduna) eta deialdiaren eremua (nazioartekoa, naziokoa, autonomia-erkidegokoa, unibertsitatekoa).

b) Lehiaketa-deialdietan aitortutako ikerketa-proiektuetan parte hartzea. 10 puntu gehienez.

Atal honetan, batzordeak honako hauek hartuko ditu aintzat: proiektuan duen parte-hartze mota (IP, ikertzailea, bekaduna) eta deialdiaren eremua (nazioartekoa, naziokoa, autonomia-erkidegokoa, unibertsitatekoa).

3.– Nazioarteko proiekzioa duten ikerketa-sareak, azpiegitura zientifikoak edo laborategiak sortzea eta kongresu zientifikoetako antolaketa, betiere jarduera gauzatzeko finantzaketa jaso dutela egiaztatzen badute. 5 puntu gehienez.

4.– Ikerketa-egonaldiak beste zentro batzuetan. 5 puntu gehienez.

5.– Doktorego-aurreko eta doktorego-ondoko ikerketa-kontratuak edo -bekak. 5 puntu gehienez.

6.– Kongresuetan parte hartzea. 5 puntu gehienez.

Atal honetan, batzordeak honako hauek izango ditu kontuan: kongresu mota (nazioartekoa, naziokoa, tokikoa) eta parte-hartze mota (ponentzia gonbidatua, komunikazioa, posterra...).

7.– Ikerketa-sariak. 5 puntu gehienez.

8.– Ikerketa-arloko beste merezimendu batzuk. 2 puntu gehienez.

Atal honetan, batzordeak honako hauek baloratuko ditu: aurreko puntuetan sartzen ez diren bestelako ikerketa-jarduerak, hala nola indexatutako edo ospe handiko argitaletxeetako aldizkarietan «referee» lana egitea edo ikertzaileen laneratzea edo mugikortasuna sustatzea.

Ikerkuntza eta jakintza-zabaltzearekin lotutako merezimendu guztietan, nazioarteko dimentsioa, erabat jakintza-alor artekokoak edo salbuespenezko aitorpenak dituztenek begirune berezia izango dute. Jakintza-zabaltzearen ebaluazio atalean ere, euskaraz egindako hedapen- eta zabaltze-jarduerekin lotuta dauden merezimenduak era berezian kontuan izango dira.

3. atala.– Kudeaketa (Gehienez 20 puntu)

1.– Unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak: 20 puntu gehienez.

Atal honetan, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 13. artikuluan aurreikusitako pertsona bakarreko kudeaketa-karguak bete izana baloratuko du batzordeak, baita, horien baliokide izanik, UPV/EHUk berak sortutakoak ere.

Puntuak beheranzko ordenan emango dira, karguaren erantzukizuna eta dedikazioa kontuan izanik.

2.– Administrazio Publikoko karguak, zerbitzu berezien egoeran: 20 puntu gehienez.

3.– Kudeaketako beste merezimendu batzuk: 10 puntu gehienez.

Atal honetan, batzordeak honako hauek baloratuko ditu: unibertsitateko kide anitzeko organoetan edo aurreko ataletan sartzen ez diren ikerketako edo irakaskuntzako kudeaketa-jardueretan parte hartzea, eta bestelako kudeaketa-jardueratan parte hartzea: sozietate zientifikoetan, aldizkarietan, eta abarretan.

4. atala.– A maila lortzeko irizpideak.

UPV/EHUren ospea sustatzeko lagungarri diren merezimenduak eta bikaintasuneko merezimendu nabarmenak baloratzeko irizpideak.

A1 maila lortzea

A1 maila lortzeko I. eranskinean aipatutako baldintzak bete behar dira. Aipaturiko eranskinean adierazitako meritu nabarmenak izan behar du, gutxienez, bizitza akademikoan zehar lortutako merezimendu hauetariko bat (edo A2 mailarako ezarritako bat) lortu beharko du:

1.– Gutxienez kalifikazio gorena lortu duten 5 doktorego-tesi zuzendu izana.

2.– Ustiapenean nazioko 2 patente edo nazioarteko bat lortu izana.

3.– Gutxienez lehiaketa-deialdian eta urte anitzeko iraupenarekin lortutako 2 nazioko edo Eusko Jaurlaritzako ikerkuntzarako finkatutako taldeetako ikerketa-proiektuetako (edo europarra bada, proiektu bateko) ikertzaile nagusia izana.

4.– Ikerketako 3 seiurteko edo gehiago egiaztatzea.

5.– UPV/EHUn ikerketa-jarduerak zuzendu eta garatu izana 100.000 eurotik gorako finantzaketarekin (Giza Zientzietan eta Gizarte, Ekonomia, Zientzia Juridikoetan) eta 150.000 eurotik gorako finantzaketarekin (Irakaskuntza Teknikoetan, Zientzia Esperimentaletan eta Medikuntza eta Osasun Zientzietan).

A2 maila lortzea

A2 maila lortzeko eskaeren ebaluazioa Bikaintasuna ebaluatzeko Batzordeak egingo du; alor bakoitzeko batzordeak proposatuta. A2 maila lortzeko proposamenak I. eranskinean aipatutako baldintzak bete beharko dituzte. Aipaturiko eranskinean adierazitako meritu nabarmenak izan behar du, gutxienez, bizitza akademikoan zehar merezimendu hauetariko lau lortzea:

1.– 100 puntu lortzea.

2.– Ikerketako 4 seiurteko edo gehiago egiaztatzea.

3.– Ikasleen nazioarteko truke-programak –Erasmus– zuzentzen ibilbide luzea egin izana edo, bestela, nazioarteko proiekzioa duten masterrak ematen (matrikulatutako ikasleen erdiak baino gehiago atzerritarrak izanik).

4.– Irakaskuntza arautu espezifikoen sorrera eta garapena zuzendu izana (titulazioak edo bestelako ikasketak sortzea).

5.– Gutxienez kalifikazio gorena lortu duten 15 doktorego-tesi zuzendu izana.

6.– Honoris causa doktoregoa lortu izana unibertsitate ospetsuetan. Errekonozimendu hori ematen duten unibertsitateen ospea eta dimentsioa baloratu eta haztatuko du ebaluazio-batzordeak.

7.– Ospe handiko ikerketa-sariak jaso izana ikerketa-esparruetan, autonomia-erkidegoko, nazioko eta nazioarteko esparruan.

8.– Ikertzaileen nazioarteko sareak koordinatze-zuzentzen aritu izana, ikertzaile eta unibertsitate askok parte hartuta.

9.– Nazioarteko proiekzioa duten katedrak zuzentze-koordinatzen aritu izana, ikerketa-jarduera nabarmenarekin.

10.– UPV/EHUn ikerketa-esparru berritzaileak sortzen eta bultzatzen lagundu izana, eta horiek zuzendu izana, nazioarteko proiekzioa izanik emaitzei esker.

11.– Ustiapenean nazioko lau patente edo bi nazioarteko lortu izana.

12.– Gutxienez lehiaketa-deialdian eta urte anitzeko iraupenarekin lortutako 5 nazioko edo Eusko Jaurlaritzako ikerkuntzarako finkatutako taldeetako ikerketa-proiektuetako (edo europarra badira, 3 proiektuetako) ikertzaile nagusia izana.

13.– UPV/EHUn ikerketa-jarduerak zuzendu eta garatu izana 500.000 eurotik gorako finantzaketarekin (Giza Zientzietan eta Gizarte, Ekonomia eta Zientzia Juridikoetan), eta 750.000 eurotik gorako finantzaketarekin (Irakaskuntza Teknikoetan, Zientzia Esperimentaletan eta Medikuntza eta Osasun Zientzietan).

14.– Gutxienez agintaldi batean UPV/EHUko errektore izatea.

Salbuespen gisa, Bikaintasuna ebaluatzeko Batzordeak A2 maila eman ahal izango dio atal honetan aipatutako hamahiru arrazoietatik bat bera ere betetzen ez duen norbaiti, betiere maila hori emateko aparteko merezimenduak arrazoituta.

III. ERANSKINA
ARGITALPENAK ETA PATENTEAK EBALUATZEKO IRIZPIDEAK

Argitalpenak eta patenteak ebaluatzeko irizpide orokorrak; ebaluazio-batzordeek garatuko dituztenak:

– Argitalpenen egile kopurua ez da kontuan hartuko, gaiak, konplexutasunak eta hedadurak justifikatzen badute.

– Batzorde bakoitzerako zehaztutako irizpideetan sartzen ez diren aldizkarietako argitalpenak baloratzea erabakitzen badute ebaluazio-batzordeek, argitalpen horiek idazketa-batzordearen irekitze-irizpideak bete behar dituztela gogoan izan beharko da, eta artikuluei kanpo-ebaluazioa egin beharko zaie.

– Ustiapenean dauden patenteak aintzat hartuko dira, salerosketa-kontratuaren edo lizentzia-kontratuaren bitartez egiaztatuta. Patentearen babesaren hedadura aintzat hartuko da (naziokoa, Europakoa edo PCT Patenteen inguruan Lankidetzan aritzeko Itunaren bidez) eta babes handienekoa gehiago baloratuko da. Ekarpen hori balekoa izango da patentea PMEBk onartu badu aurretiazko azterketaren sistemaren bitartez.

MEDIKUNTZA ETA OSASUN ZIENTZIETAKO BATZORDEA

Ikerketaren emaitzak ebaluatzeko, honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat batzordeak:

– Ospe handiko aldizkarietako artikuluak diren ekarpenak baloratuko dira lehentasunez, eta halakotzat hartuko dira Science Citation Index (Institute for Scientific Information –ISI–) erakundearen Journal Citation Reports aldizkariko eremu zientifikoaren araberako Subject Category Listing zerrendetan postu garrantzitsuetan daudenak.

– Aldizkari elektronikoak aintzat hartuko dira ISIren zerrendetan agertzen badira.

– Liburuak eta liburuen kapituluak ebaluatzeko garaian, hala badagokio, honako hauek izango dira kontuan: ahal denean, aipamen kopurua, argitaletxearen nazioarteko ospea, obra argitaratu aurreko kanpo-ebaluazioa, editoreak, obra zein bildumatan argitaratu den eta aldizkari zientifiko espezializatuetan jasotako aipamenak.

ZIENTZIA ESPERIMENTALETAKO BATZORDEA

Ikerketaren emaitzak ebaluatzeko honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat batzordeak:

– Ospe handiko aldizkarietako artikuluak diren ekarpenak baloratuko dira lehentasunez, eta halakotzat hartuko dira Science Citation Index (Institute for Scientific Information –ISI–) erakundearen Journal Citation Reports aldizkariko eremu zientifikoaren araberako Subject Category Listing zerrendetan postu garrantzitsuetan daudenak.

– Aldizkari elektronikoak aintzat hartuko dira ISIren zerrendetan agertzen direnean.

– JCReko ezein eremu egokia ez den arloetan, ebaluazio-batzordeak ad hoc zerrenda bat egin ahal izango du datu-base horretako aldizkarien inpaktu-indizearen arabera.

– Liburuak eta liburuen kapituluak ebaluatzeko garaian, hala badagokio, honako hauek izango dira kontuan: ahal denean, aipamen kopurua, argitaletxearen nazioarteko prestigioa, editoreak, obra zein bildumatan argitaratu den eta aldizkari zientifiko espezializatuetan jasotako aipamenak.

GIZARTE ZIENTZIETAKO BATZORDEA

Ekarpenei dagokienez, honako hauek baloratuko dira lehentasunez:

– Liburuak eta liburuen kapituluak, baldin eta ebaluatzeko garaian honako hauek kontuan izaten badira: jasotako aipamen kopurua, argitaletxearen prestigioa, editoreak, obra zein bildumatan argitaratu den, aldizkari zientifiko espezializatuetan jasotako aipamenak eta obra bera beste hizkuntza batzuetara itzultzea.

– Ospe handiko aldizkarietako artikuluak; halakotzat hartuko dira Science Citation Index (Institute for Scientific Information –ISI–) erakundearen Journal Citation Reports aldizkariko eremu zientifikoaren araberako Subject Category Listing zerrendetan agertzen direnak.

– Nazioko edo nazioarteko beste datu-base batzuetan –INRECS eta SCOPUS– zerrendatutako aldizkarietan argitaratutako artikuluak ere aintzat hartu ahal izango dira. Ebaluazio-batzordeak egoki iritziz gero, beste indize batzuk ere kontuan hartuko dira; hala nola ERIH, LATINDEX, DICE-CINDOC, eta abar, edo FECYTek egiaztatutako aldizkariak, baldin eta aipatutako indizeetan sartzen direnen antzeko kalitate zientifikoa badute ebaluazio-batzordearen ustez.

– Aldizkari elektronikoek gainerakoen irizpide berberak bete beharko dituzte.

ZIENTZIA JURIDIKOAK ETA EKONOMIA ZIENTZIETAKO BATZORDEA

ZIENTZIA JURIDIKOAK

Batzordeak kalitateko honako zantzu eta ekarpen mota hauek hartuko ditu kontuan:

– Lanak baloratzeko garaian, ezagutzera emateko erabilitako bitartekoari erreparatuko zaio, eta kalitateko zantzutzat hartuko da ospe handiko argitaletxe eta aldizkarietan argitaratu izana.

– Liburuen eta liburuen kapituluen kasuan, aipamenek –baldin badago– bermatutako kalitatearen arabera eta egilearekiko eta haren ingurunearekiko independenteak diren bibliografietan agertzearen arabera izango dira kontuan. Ikerketaren eta hausnarketa dokumentatuaren emaitza direla adierazi beharko dute argi eta garbi.

– Kalitateko zantzutzat hartuko da Espainiako edo atzerriko aldizkari ospetsuetan argitaratzea. Aldizkari elektronikoek gainerakoen irizpide berberak bete beharko dituzte.

– Kalitateko zantzutzat hartuko da obra bera beste hizkuntza batzuetara itzuli izana, baldin eta nazioarteko komunitate zientifikoarentzat hizkuntza garrantzitsuak badira, baita aldizkari zientifiko espezializatuetan aipamenak egitea ere.

– Ekarpenak honako hauen arabera baloratuko dira: originaltasuna, zorroztasuna, metodologia, eta zuzenbidearen eremuan izan duten oihartzuna.

Honako irizpide hauek betetzen dituzten ekarpenak baloratuko dira lehentasunez:

– Pentsamendu juridikoaren ikuspegi berriak garatzen dituztenak.

– Arauen bilakaera historikoari eta gizartearen edo kulturaren arloko bilakaerari buruzko ikerketa originalak direnak.

– Politika juridikoko lan eta azterlanak, eta Espainiako edo nazioarteko sistema juridikoarekin loturik, arauak perfekzionatzeko proposamen garrantzitsuak egiten dituztenak. Arau juridikoen eraginkortasuna hobetzeko eta helburuak betetzeko jakintza eta tresna kontzeptual eta analitikoak eskaintzen dituztenak, baita Espainiako edo nazioarteko ordenamendu juridikoaren interpretazio-arazoei, akatsei eta kontraesanei konponbideak eskaintzen dizkietenak ere.

– Gai bati edo lotura duten hainbat gairi buruzko epai sorta batean oinarritutako jurisprudentzia-azterketak, betiere auzitegien jardun-irizpideak eta bilakaera argitzea xede izanik; halaber, zuzenbidea ulertzeko eta aplikatzeko garrantzitsuak diren epaiei buruzko iruzkinak ere bai.

– Diziplinaren barruan erreferentziatzat jotzen diren obra orokorrak, edo behar beste egituratuta ez dagoen gai edo arlo baten antolaketan aurrerabidea dakartenak.

EKONOMIA ZIENTZIAK

Ekarpenei dagokienez, honako hauek baloratuko dira lehentasunez:

– Liburuak eta liburuen kapituluak, baldin eta ebaluatzeko garaian honako hauek kontuan izaten badira: jasotako aipamen kopurua, argitaletxearen ospea, editoreak, obra zein bildumatan argitaratu den, aldizkari zientifiko espezializatuetan jasotako aipamenak eta obra bera beste hizkuntza batzuetara itzultzea.

– Ospe handiko aldizkarietan argitaratutako lanak; halakotzat hartuko dira Science Citation Index (Institute for Scientific Information –ISI–) erakundearen Journal Citation Reports aldizkariko eremu zientifikoaren araberako Subject Category Listing zerrendetan postu garrantzitsuetan daudenak.

– Nazioko edo nazioarteko beste datu-base batzuetan –INRECS eta SCOPUS– zerrendatutako aldizkarietan argitaratutako artikuluak ere aintzat hartu ahal izango dira. Ebaluazio Batzordeak egoki iritziz gero, beste indize batzuk ere kontuan hartuko dira; hala nola, ERIH, LATINDEX, DICE-CINDOC, eta abar, edo FECYTek egiaztatutako aldizkariak, baldin eta aipatutako indizeetan sartzen direnen antzeko kalitate zientifikoa badute ebaluazio-batzordearen ustez.

– Aldizkari elektronikoek gainerakoen irizpide berberak bete beharko dituzte.

IRAKASKUNTZA TEKNIKOEN BATZORDEA

Ikerketaren emaitzak ebaluatzeko honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat batzordeak:

– Ospe handiko aldizkarietako artikuluak diren ekarpenak baloratuko dira lehentasunez, eta halakotzat hartuko dira Science Citation Index (Institute for Scientific Information –ISI–) erakundearen Journal Citation Reports aldizkariko eremu zientifikoaren araberako Subject Category Listing zerrendetan postu garrantzitsuetan daudenak.

– Aldizkari elektronikoak aintzat hartuko dira ISIren zerrendetan agertzen badira.

– JCReko ezein eremu egokia ez den arloetan, ebaluazio-batzordeak ad hoc zerrenda bat egin ahal izango du datu-base horretako aldizkarien inpaktu-indizearen arabera. Halaber, eta salbuespen gisa, ingeniaritzako nazioarteko beste datu-base batzuetan edo nazioarteko biltzarren aktetan bildutako lanak baloratu ahal izango dira, baldin eta, jakintzak ezagutarazteari dagokionez, prestigio handieneko Journal Citation Report aldizkarien parekotzat jotzen badira.

– Liburuak eta liburuen kapituluak ebaluatzeko garaian, hala badagokio, honako hauek izango dira kontuan: ahal denean, aipamen kopurua, argitaletxearen nazioarteko ospea, editoreak, obra zein bildumatan argitaratu den eta aldizkari zientifiko espezializatuetan jasotako aipamenak.

– Sorkuntza artistikoarekin loturiko jakintza-eremuen kasuan, ekarpen horien ordez beste adierazle batzuk erabili ahal izango dira; hain zuzen ere, obra eta proiektuen errekonozimendu profesional eta publikoaren adierazleak, baldin eta obra eta proiektu horiek berritzaileak badira, nazioartean hedatu badira, sariak eta aipamenak jaso badituzte, erakusketa ospetsuetan parte hartu badute, katalogoetan agertzen badira, eta abar.

– Jakintzak gizarteari zabaltzea ere baloratuko da atal honetan, bai eranskin honen hasieran adierazitako baldintzak betetzen dituzten patenteengatik, bai garapen teknologiko garrantzitsuengatik, baldin eta errekonozimendu hori frogatzeko modukoa bada, produkzio-sektoreetan izan duen inpaktuagatik, enpresekin intentsitate eta iraupen luzeko kontratuak egiteak dakarren bermearengatik edo antzeko beste bide batzuen bidez. Nolanahi ere, jarduera horiek berritzaileak izan behar dute; ez, ordea, produktuen edo zerbitzuen garapen hutsa.

GIZA ZIENTZIEN BATZORDEA

Ikerketaren emaitzak ebaluatzeko honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat batzordeak:

– Liburuak eta liburuen kapituluak ebaluatzeko garaian, honako hauek izango dira kontuan: jasotako aipamen kopurua, argitaletxearen ospea, editoreak, obra zein bildumatan argitaratu den, aldizkari zientifiko espezializatuetan jasotako aipamenak, obra beste hizkuntza batzuetara itzultzea eta egilearekiko eta bere ingurunearekiko independenteak diren bibliografietan agertzea. Ikerketaren eta hausnarketa dokumentatuaren emaitza direla adierazi beharko dute argi eta garbi. Ez dira ekarpen berritzat hartuko obra bera beste hizkuntza batzuetara itzultzeko lanak.

– Artikuluak ebaluatzeko garaian, aldizkariak nazioarteko datu-baseetan sartuta ote dauden hartuko da aintzat; esate baterako, Arts and Humanities Citation Index, Social Science Citation Index, edo Francis, International Bibliography of the Social Sciences (IBSS), Bibliography of the History of Arts (RLG), Historical Abstracts, International Medieval Bibliography, Répertoire International de Littérature Musicale - Abstracts of Music Literature (RILM) edo ESFren European Reference Index for the Humanities (ERIH) zerrendetan goiko postuetan ote dauden.

– Nazioko edo nazioarteko beste datu-base batzuetan –INRECS eta SCOPUS– zerrendatutako aldizkarietan argitaratutako artikuluak ere aintzat hartu ahal izango dira. Ebaluazio-batzordeak egoki iritziz gero, beste indize batzuk ere kontuan hartuko dira; hala nola, ERIH, LATINDEX, DICE-CINDOC, eta abar, edo FECYTek egiaztatutako aldizkariak, baldin eta ebaluazio-batzordearen ustez aipatutako indizeetan sartzen direnen antzeko kalitate zientifikoa badute, idazketa-batzordearen irekitze-irizpideak betetzen dituzten aldizkariak badira eta artikuluei kanpo-ebaluazioa egiten bazaie.

– Aldizkari elektronikoek gainerakoen irizpide berberak bete beharko dituzte.

– Erakusketetako komisariotza ere kontuan izango da, baldin eta erakusketa horien katalogoetan berrikuntza garrantzitsuak badaude, ikerketa-arloan eta nazioko nahiz nazioarteko komunikabide espezializatuetan oihartzuna izan badute.

– Filologiaren esparruan, edizio kritikoak ikerketatzat ebaluatuko dira, hau da, testuaren finkapenaren azterlan arrazoitua egiten dutenak, iturriak eta testu-aldaerak aipatuta. Bestela, argitaratzeko baino ez diren testu-berrikuspenak ez dira aintzat hartuko; alabaina, aurretiazko azterlan edo hitzaurrerik badute, edo ikerketa pertsonal baten ondoriozko ohar eta guzti baldin badaude eta arlo horretan ekarpen baliagarria egiten badute, kasu horietan kontuan izango dira.

– Sorkuntza-lan artistikoak oihartzunaren arabera eta obraren errekonozimendu publikoaren arabera baloratuko dira. Horrelako ekarpenen prestigioa kontuan izango da komunikabide espezializatuetan izan duten harreraren eta zabalkundearen arabera. Arte plastikoetan, erakusketa indibidualak eta garrantzi bereziko obrak lehentasunezko merezimendutzat hartuko dira, baita saritutako obrak ere.

– Musikari dagokionez, interprete ospetsuek estreinatutako edo argitaratutako konposizioak aintzat hartuko dira. Musikologian, edizio kritikoak ebaluatu egingo dira, baldin eta musika-testuaren finkapenaren azterlan arrazoitua egiten badute, iturriak eta testu-aldaerak aipatuta. Aitzitik, ez dira halakotzat hartuko partituren berrikuspen soilak –inprimatuta edo eskuz idatzita–; alabaina, aurretiazko azterlanik badute edo ikerketa pertsonal baten ondoriozko ohar eta guzti baldin badaude, kasu horietan kontuan izango dira.


Azterketa dokumentala