Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2015eko uztailaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3003

AGINDUA, 2015eko ekainaren 19koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, informazio geografikoa hobetzeko eta udal-mapak egiteko diru-laguntzak arautzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalei udal-mapak egiteko diru-laguntzak ematea du xede agindu honek, tokian tokiko informazio geografikoaren kalitatea hobetu dadin.

Agindu honen bidez, interes orokorreko datuak biltzen eta digitalizatzen jarraitzea sustatu nahi da, nahiz eta mapa horiek paperean inprimatu ahal izango diren aurrerago, udalentzat aukerakoa baita.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legean, xede horretarako kreditua dago jasota.

Hori dela eta, eta Jaurlaritzaren Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak ematen didan eskumena baliatuta, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea udal-mugarteko mapa digitala egiteko gastuetarako diru-laguntzak ematea da. Horrez gain, nahi izanez gero, mapa paperean ere egin daiteke; horretarako, mapa topografikoan jarri ohi diren elementu guztiak batu, berrikusi eta kokatu behar dira, eta honako hauek agertu behar dira, gutxienez: toponimia, kale-izendegia eta interes publikoko zerbitzuak, instalazioak eta hiri elementuak.

Informazio hori udalaren web-orrialdean argitaratu behar da, bertako mapa-bisorea erabilita, edo bestela, udalak halakorik ez badu, www.geo.euskadi.net atariko mapa-bisorea baliatuta; Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak du atari horren ardura, eta udalen web-orrialdean txertatu ahal izateko moduan dago eginda.

Batu beharreko elementuak eta euren formatu eta betekizunak agindu honen eranskineko diruz lagundutako lanen betekizun teknikoetan zehazten dira. Horiek lanen betearazpena arautuko dute.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

200.100 euro erabiliko ditugu, 2015eko ekitaldi honetarako diru-laguntza hauek finantzatzeko.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute Izapidetze elektronikoa.

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektronikoan daude eskuragarri (URL): https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/mapak/y22-izapide/eu

Eskaeraren ondorengo izapideak honako helbide elektroniko honetan egingo dira, kanal elektronikoaren bidez (URL): https://euskadi.eus/nirekudeaketak

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan zehaztuta dauden baldintzak, betekizunak eta prozedurak betez gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak ahalko dira izan diru-laguntza honen erakunde onuradun.

5. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Erakunde onuradunei diru-laguntza eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da izapidetzen egon daitezkeen itzultze- edo zehatze-prozedura guztiak bukatzea, betiere, laguntza eta diru-laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan badaude.

2.– Ezin izango dituzte agindu honetan aipatzen diren laguntzak eskuratu diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duten erakundeek, edo legezko debekuren bat dutenek, tartean dela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoa.

3.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. atalean jasotako gorabeheraren batean aurkitzen diren erakundeak. Gorabehera horiek atzemateko, aintzat hartuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. ataletik 6. atalera bitartean ezartzen den modua, eta gorabehera bakoitzarentzat ezarritako eragina izango du.

4.– Azaroaren 11ko 1/ 1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betetze aldera, honako betebehar hauek egiaztatuko dira, eskaeran txertatuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

● Beste edozein administraziok edo erakundek –izan publikoa zein pribatua– helburu bererako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.

● Pertsona edo erakunde eskatzaileak zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko gaitasuna galtzeko zigorrik jaso ez izana, ez eta horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekurik ere.

● Halaber, erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

● Aurreko urteko deialdian laguntza hori eskuratu ez izana, non eta laguntza horri berariaz uko egin ez badio.

6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea eta bete beharreko agiriak.

1.– Eskaerak 2015eko irailaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira, egun hori barnean dela.

2.– Eskaerak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira euskadi.net-en egoitza elektronikoan: (https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/mapak/y22-izapide/eu)

3.– Eskaeran, berariaz aipatuko da lana paperean inprimatuko den edo ez.

4.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz, nahi bezala, aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta dokumentuak. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

5.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat , eskatzaileei jakitera ematen zaie aurkezten dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla eta horren helburua izango dela diru-laguntzetarako deialdi hau eta arloari loturiko gainerako administrazio-espediente guztiak kudeatzea. Fitxategiaren arduraduna Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritza da, eta zuzendaritza horretan gauzatuko dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz).

6.– Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak ikusten baldin badu eskaeran badela akatsen bat edo zehatz-zehatza ez den zer edo zer, eskaera egin duen erakundeari jakinaraziko dio eta 10 egun emango dizkio konpondu beharrekoak zuzentzeko. Epe hori igarota, egin beharreko zuzenketak egin ez badira, eskaerari uko egin diola ulertuko da, horretarako behar den ebazpena eman ondoren; ebazpen hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatutako arauei jarraiki emango da.

7. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastuak mapa digitala egiteko gastuak dira eta, horrez gain, paperean nahi izanez gero, udal-mugarteko mapa ere egin daiteke; horretarako, mapa topografikoan jarri ohi diren elementu guztiak batu, berrikusi eta kokatu behar dira, eta honako hauek ere agertu behar dira, gutxienez: toponimia, kale-izendegia eta interes publikoko zerbitzuak, instalazioak eta hiri elementuak.

2.– Honako formula hau erabiliko da udal bakoitzari gehienez ere zenbateko diru-laguntza emango zaion zehazteko:

«H» gehienezko diru-laguntza da eurotan, eta «P» udalerriko biztanle kopurua, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) emandako biztanleriari buruzko azken datuaren arabera, eskaerak aurkezteko epea amaitzeko egunean.

H = 8.000 + (P/100).

Udalak maparen paperezko kopiak ere egitea aukeratu badu, formula horren bidez lortutako H kopurua % 20 gehituko da.

Diru-laguntza ez da inoiz 12.000 euro baino gehiagokoa izango.

3.– Agindu honetako 8. artikuluan jasota datorren hainbanaketaren irizpidea edo proportzio-araua dela-eta, baliteke, azkenean, artikulu honetako formulak aplikatuz lortzen diren kopuruak baino txikiagoak izatea emango diren diru-laguntzen zenbatekoak.

8. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

Diru-laguntza esleitzeko, 9.artikuluan jasota datorren kudeaketa-organoak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

1.– Agindu honetako 5.artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak hartuko dira aintzat, baldin eta epearen barruan jaso badira.

2.– 7.2. artikuluan jasotakoarekin bat kalkulatutako kopuruen bolumen osoa deialdiaren zuzkidura ekonomikoaren kopurutik gorakoa balitz, hainbanaketaren irizpidea edo proportzio-araua erabiliko litzateke eman beharreko kopurua kalkulatzeko.

9. artikulua.– Prozeduren kudeaketa eta ebazpena.

1.– Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariari dagokio agindu honetan xedatutako prozedurak kudeatzeko lanak egitea.

2.– Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariak eta berorrek izendatutako zuzendaritza horretako bi teknikarik kasuan kasuko diru-laguntzak emateko prozeduraren ebazpen proposamena egingo dute, eta hori Administrazio eta Lurralde Plangintzaren sailburuordeari helaraziko zaio; berorrek gehienez bi hilabeteko epean eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita emango du ebazpena. Ebazpen horretan erakunde eskatzaileei diru-laguntzak emango zaizkien ala ez erabakiko da, eta honako hauek ere adierazi beharko dira: udal onuraduna, diruz lagundutako jarduera eta diru-laguntzen zenbatekoa eta, hala badagokio, ukatu izanaren zioak.

3.– Ebazpena jakinarazpen telematikoz adieraziko zaie interesdunei, hala xedatzen baita Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren V. Tituluan, eta jakinarazpen hori egindakotzat joko da pertsona edo erakunde interesdunak, edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak jakinarazpena jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Horrela, jakinarazitako egintza jaso izana elektronikoki izenpetu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kasuan-kasuan ezarri beharreko epeak. Halaber, 21/2012 Dekretuan aipatutako helbide elektronikoan egintza jakinarazten den egunetik aurrera hamar egun naturaleko epean, pertsona edo erakunde interesduna, edo, hala badagokio, horren legezko ordezkaria edo baimendutako pertsona, jakinarazpenaren edukian sartzen ez bada, jakinarazpena errefusatu egin duela ulertuko da, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, non eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzailearen eskariz, ez den egiaztatzen oztopo tekniko edo materialak direla-eta ezinezkoa izan dela edukian sartzea.

4.– Aurreko paragrafoetan aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

5.– Bigarren atalean adierazitako epea igaro eta oraindik ez bada ebazpenik jakinarazi, eskaerak ezetsitzat joko dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1. artikuluan zehazturik dauden ondorioetarako. Horrek ez du esan nahi ordea, lege horretan hala jartzen baitu, Administrazioak berariaz ebatzi beharrik ez duenik.

10. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko ebazpenaren edukia.

Diru-laguntzak esleitzeko ebazpenean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.7 artikuluan aipatzen diren xehetasun guztiak eman beharko dira. Dekretu horren bidez, hain zuzen ere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zen. Hona hemen xehetasun horiek:

1.– Diru-laguntzen kontzeptuak eta zenbatekoak.

2.– Gehienezko epeak honako hauek dira, hain zuzen ere:

a) Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diru-laguntza esleitzeko emandako ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik gehienez bi hilabeteko epean, erakunde onuradunak Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzari bidaliko dio diruz laguntzeko moduko lanen hasieraren ziurtagiria eta, hala badagokio, baita kontratazioarena ere, eta bertan beren-beregi azaldu behar da gehienezko epea bederatzi hilabetekoa dela lanak egiteko.

b) Lanak amaitzeko 9 hilabeteko gehienezko epea Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez luza daiteke. Horretarako, erakunde onuradunak luzapena eskatzeko idazkia aurkeztu beharko du lanak atzeratzen ari direla atzematen denean, eta betiere epea amaitu baino lehen. Idazkiarekin batera, eskaeraren zioak azaltzeko justifikazio memoria eta dagokion agiria aurkezteko aurreikusitako epearen proposamena aurkeztu behar dira.

c) Epea luzatzea erabakitzen bada, lau hilabetez luzatu ahal izango da, non eta erakunde onuradunak ez duen gutxiago luzatzeko eskatu.

11. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

1.– Baldin eta diru-laguntza mapa paperean argitaratzeko ere bada, diruz lagundutako lanak amaitzeko epea bukatu baino bi hilabete lehenago, eta, edonola ere, mapa paperean argitaratu baino lehen, erakunde onuradunak informazio digitala igorriko du Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzara, diruz lagundutako lanen betekizun teknikoetara –agindu honen eranskinean– egokitzeko txostena egiteko. Txosten hori hilabeteko epean emango da, eta, akatsik atzemanez gero, txostenean jasotako epean zuzendu beharko da.

2.– Emandako diru-laguntza dena batera ordainduko da, ordainketa-agindu bakar baten bidez, eta ordainketari ekingo zaio, hain zuzen ere, diru-laguntza jaso behar duen erakundeak aurkeztuta dituenean diruz lagundutako lanak eginda daudela egiaztatzeko agiriak eta lan horien benetako kostua egiaztatzekoak.

3.– Diruz lagundutako lanak benetan eginda daudela egiaztatzeko, erakunde onuradunak zenbait entregagai bidali beharko ditu Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzara, lanak guztiz amaitzen dituenetik gehienez ere hilabeteko epean, eta denek ere bat etorri beharko dute Agindu honi eranskin gisa gehitutako baldintza teknikoen agirian jasota dauden betekizun eta formatuekin. Honako hauek dira entregagaiak:

a) Udalerrian dauden interes publikoko hiri-elementuekin, zerbitzuekin eta instalazioekin lotutako elementuei buruzko informazioa.

b) Toponimiari buruzko informazioa.

c) Kale-izendegiari buruzko informazioa.

d) Oinarrizko kartografiari buruzko informazioa.

e) Mapa web bidez zabaltzeko fitxategi konprimitua, PDF formatuan, eta mapa digitalaren irudi georreferentziatua.

f) Paperean inprimatzeagatik % 20ko finantzaketa gehigarria eskuratzen bada, 50 ale paperean entregatu beharko dira, eta inprimategirako prestatutako materiala duen azken fitxategi digitala.

g) Udalaren Interneteko atariaren barruan bisore kartografikoa izango duen kokalekuaren URL helbidea.

4.– Ondoren, eta modu elektronikoan, aurreko ataleko dokumentazioa aurkeztu zeneko data eta erregistro-zenbakia adieraziko dira. Horrez gain, modu presentzialean aurkeztutako dokumentuen zerrenda adieraziko da, eta diruz lagundutako lanen ondorioz eginiko gastua egiaztatuko duten fakturak erantsiko dira, banakatuta. Hala badagokio, xede berdinarekin jasotako laguntza guztien ziurtagiriak ere erantsiko dira.

5.– Ordaindutako kopuruak ezin du, inoiz ere ez, diruz lagundutako lanak egitearen kostu garbiaren % 80 (BEZa eta gainerako zergak kenduta) baino handiagoa izan. Eta diruz lagundutako lanen faktura banakatuaren bidez egiaztatu behar da hori.

6.– Diruz lagundutako lanak behar bezala egin direla egiaztatu ondoren, gehienez ere hiru hilabeteko epea egongo da erakunde onuradunari diru-laguntza ordaintzeko, hark artikulu honetako orain arteko ataletan zehaztuta dauden agiriak aurkezten dituenetik aurrera.

12. artikulua.– Informazioaren berri ematea.

Eusko Jaurlaritzak eta dagokien erakunde onuradunek egoki deritzen moduan zabaldu ahal izango dute diru-laguntza honen haritik sortutako informazio guztia.

13. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugak gorabehera, deialdi honetan xedatutako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatu batek xede berarekin ematen dituen beste diru-laguntza batzuekin. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da deialdi honetan emandako diru-laguntzekin batera 11.5. artikuluan ezarritako ehunekoen mugak (kostu garbiaren % 80) ez gainditzea. Muga hori gainditzen bada, emandako diru-laguntzaren benetako zenbatekoa adierazitako mugaraino gutxituko da.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu egin behar dute. Horren haritik, diru-laguntza eman egin zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten diru-laguntzari, onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza zertarako eman zaien, horrexetarako erabili behar dute.

c) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.2. artikuluan ezartzen direnak; eta, bereziki, Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak esleituta dituzten zereginak betez, xedapen honen kontura jasotako laguntzei buruz informaziorik eskatzen badiote, eman egin beharko die.

d) Lanak egiteko eta entregatzeko epeei dagokienez, 10.artikuluko 2.ataleko a) eta b) idatzi-zatietan jasotakoa bete behar dute.

e) Paperezko mapetan nahiz euskarri digitalekoetan, berariaz adierazi behar da hura Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diruz lagundu duela, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudian xedatutakoaren arabera (318/1999 Dekretua, abuztuaren 31koa, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duena, EHAAren 205. zenbakian argitaratua).

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, baina haren xedea bete egin bada hala ere, edo aldi berean beste edozein erakunde publiko eta pribatutatik bestelako diru-laguntzaren bat lortu bada, diru-laguntzak emateko ebazpena aldaraztea ekar dezake horrek. Ondorio horietarako, Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoa egokitzeko.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak diru-laguntza eskatu eta eman zen helbururako erabiltzen ez badu, diru-laguntza emateko zergatia izan zen jarduera burutzen ez badu, diru-laguntza finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, orokorrean, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak, jaso duen diru-kopurua itzuli egin beharko du, baita sortutako legezko interesak ere. Dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

17. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen baitu, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu diren prozedura-alderdi guztietarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariari ahalmena ematen zaio Agindu hau garatze eta betetze aldera beharrezkoak diren jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 19a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala