Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2015eko uztailaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
3000

AGINDUA, 2015eko ekainaren 22koa, Segurtasuneko sailburuarena, Ogasun eta Finantzetako sailburuari telekomunikazio-zerbitzuen kontratazioa eskuordetzekoa Segurtasun Sailaren bulego eta eraikinetan, 1. loterako (2016tik 2021era) eta 2, 3, 4 eta 5. loteetarako (2016tik 2019ra).

Gobernu Kontseiluak, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak proposatuta, 1998ko uztailaren 28an hartu zuen Telekomunikazioen Administrazio Sare Korporatiboaren definizioari buruzko Erabakia.

Erabaki horren azalpen-zatian, honako hau zehaztu zen Administrazio Sare Korporatiboaren inguruan:

Horregatik, Administrazio Sare Korporatibo delakoa honela definitu da: administrazioak behar dituen telekomunikazio-zerbitzuen kudeaketa zentralizatuaren zentzuzko esparruaren zehaztapena. Administrazio Sare Korporatiboak telekomunikazio-zerbitzu, organo eta higiezinak hartzen ditu barnean, zentzu zabalean, eta definizio dinamiko gisa hartu behar da; izan ere, oinarrizko parametroak errespetatuz, aldaketa organiko eta fisikoekin batera izango du bilakaera, etenik gabe

Erabakian bertan aurreikusten denez, Administrazio Sare Korporatiboa, unean-unean, honako irizpide hauei jarraituz osatuko da:

– Kudeaketa zentralizatuko eraikinetan edo bestelako higiezinetan dauden sail eta erakunde autonomoak sartuko dira sarean.

– Saretik kanpo geratuko dira zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak, bai eta polizia- eta hezkuntza-sareak eta sare judiziala eta sanitarioa ere.

– Aurrekoa gorabehera, aipaturiko sare sektorial horiekin lotura duten administrazio-zerbitzu batzuk ere sare horretan sartuko dira, baldin eta informazio dokumentalaren, ekonomikoaren edo giza baliabideetakoaren sistema komun edo orokorrek eragiten badiete sistema horien datuen trafikoari dagokionez.

– Halaber, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak kasuan-kasuan erabakiko du zein izango den sare horren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko edo beste administrazio publiko batzuetako beste sare batzuen arteko interkonexioa (poliziarena alde batera utzita).

– Baldin eta 2. paragrafoan aipatzen den sare-kudeaketaren titular diren organoek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Kontratazio Araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 19. artikuluaren bidea erabiltzen badute, beren telekomunikazio-sareen kudeaketa Ogasun eta Herri Administrazio Sailarekin hitzartzen dituzten akordioen arabera egingo da, sail horrek sinatutako kontratuen esparruan.

1998ko uztailaren 28ko Erabakian, Telekomunikazioen Administrazio Sare Korporatibo gisa zer ulertu behar zen definitu zen, eta, horrela, aukera sortu zen telekomunikazioen alorreko kontratuak sektore-sareetara hedatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Kontratazio Araubideari buruzko uztailaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 19. artikuluan ezarritako bidea erabiliz; azken horrek ezartzen duenez, hura erabiltzeko, kasuan-kasuan, itunak baliatuko dira, edo administrazio-klausulen pleguetako aurreikuspen zehatzak, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean horretarako aurreikusitako formulak.

Aukera guztiak aztertuta, erabaki da sektore-sareen hedapena baliatzea dela aukerarik onena, hain zuzen ere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotzen diren eskumen-eskuordetzen bidez.

Alde horretatik, telekomunikazio-zerbitzuen kudeaketaren handitzea eta garapena aintzat hartuta, gomendagarria da, hurrengo kontratazio bati begira, zerbitzua bi zati ondo bereizitan banatzea:

Zati bat kontratuak prestatzeari, izapidetzeari eta esleitzeari dagozkion jarduerek osatua egongo da, bai eta kontratuak aldatu, iraungi eta interpretatzeari dagozkion jarduerek osatua ere. Jarduera horiek kontratazioaren ardatz komuna dira, berdinak baitira eragindako sare guztietan.

Beste zatiak kontratuaren kudeaketaren esparru zehatzari eragiten dio, hala alderdi materialari nola aurrekontuari, eta sareen kudeaketaren titularren zeregina izango da.

Telekomunikazio-zerbitzuak lehen aipatu eremuan modu zentralizatuan kontratatu ahal izateko formularik egokiena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13.1 artikuluan eskumenak eskuordetzeko ezarritakoa da, honako hau xedatzen baitu:

«1.– Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta bata bestearen mendekoa ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira».

Horregatik, 172/2013 Dekretuaren 3.2.f) artikuluak Ogasun eta Finantzetako sailburuari kontratazioaren arloan ematen dizkion eskumenen arabera, aintzat harturik ezen, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, sail horri dagokiola Administrazio Orokorrean indarrean den Araubide Organikoak sailetako kontratazio-organoari emandako ahalmenak erabiltzea bere titularraren bidez, eta kontuan harturik zenbatekoa dela-eta Gobernu Kontseiluari dagozkiola beste ahalmen batzuk, hau

EBAZTEN DUT:

I.– Ogasun eta Finantzetako sailburuari eskuordetzea Segurtasun Sailaren telekomunikazio-zerbitzuak kontratatzeko eskumena, 1. loterako (2016tik 2021era) eta gainerako loteetarako (2016tik 2019ra).

Sektore Publikoko Kontratuei buruzko irailaren 14ko 3/2011 LEDn jasotako honako arlo hauetara hedatuko da eskuordetzea, betiere kontratuari aplikatzekoak badira:

– Kontratua prestatzea (II. liburua).

– Kontratua esleitzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

– Administrazioaren eskumenak, aldaketa, iraungitzea, lagatzea eta azpikontratazioa, denak ere IV. liburuko I. tituluko I. kapituluan oro har aurreikusiak, eta hornidura-kontratuetarako IV. liburuko II. tituluko IV. kapituluan berariaz aurreikusiak.

– Kontratua formalizatzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

II.– Ahalmena eskuordetzen duen organoaren esku geratuko dira kontratazio-organoari dagozkion gainerako eskumenak eta, bereziki, egindako zerbitzuei oniritzia emateko eskumena eta zerbitzuok ordaintzeko agintzekoa.

III.– Izenpetu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean eskuordetzea.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 22a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala