Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2015eko uztailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2958

AGINDUA, 2015eko ekainaren 5ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Fundación Benéfico Docente Cruz Irasuegui Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Fundación Benéfico Docente Cruz Irasuegui Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2015eko otsailaren 18an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskari bat sartu zen, Fundación Benéfico Docente Cruz Irasuegui Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Eskariari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.

Bigarrena.– Espedientean jasota dagoenez, Juana Ulacia Unanue andreak dirua utzi zuen ongintza- eta irakaskuntza-erakunde bat sortzeko, Eibarren, Fundación Cruz Irasuegui Fundazioa izenarekin. Fundazioaren eratzea 1976ko uztailaren 30ean Eibarko notario José Alberto Pala Gasós jaunaren aurrean sinatutako eskrituraren bidez egin zen (protokolo-zenbakia: 730).

Era berean, Eibarko notario M.ª Dolores García Aranaz andrearen aurrean 2014ko abenduaren 18an sinatutako eskritura publikoaren bidez (1.230 protokolo-zenbakia), fundazioaren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legera egokitu dira, eta patronatu berria eratu eta karguak izendatu dira, zeinek 2014ko abenduaren 18an egindako bileran onartu baitituzte.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta 2015eko maiatzaren 14an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen.

Laugarrena.– 2015eko maiatzaren 26ko idazki baten bidez, Fundazioen Erregistroak eskatu zion fundazioari zuzen zitzala atzemandako akatsak; 2015eko ekainaren 3an sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean fundazioak bidalitako dokumentazioa.

Bosgarrena.– Bere estatutuetan ezarrita dagoenez, Fundación Benéfico Docente Cruz Irasuegui Fundazioaren helburua da diru-laguntzak ematea, ikastetxeei euren jarduerak burutzeko, eta, pertsonei euren ikasketetarako.

Helburu horiek betetzeko, fundazioak jarduera zehatzak egingo ditu; honako hauek dira garrantzitsuenak eta behinenak:

– Eskariak baloratu eta diru-laguntzak eta bekak ematea, estatutu hauetan ezarritako baldintzetan.

– Irakaskuntzari eta hezkuntzari lotutako jarduerak sustatu, babestu eta laguntza ematea horien helburuak betetzen.

– Antzeko helburuak dituzten erakunde nazionalekin zein nazioartekoekin lankidetzan aritzea.

– Fundazioaren helburuekin bat egiten duen idearioa duten ikastetxeak sustatu, babestu eta horiei laguntza ematea.

Eta, oro har, bere helburuak hobeto betetzeko beharrezkoak diren jarduerak burutzea.

Seigarrena.– Sortze-estatutuen 5. artikuluak xedatutakoaren arabera, fundazioaren egoitza helbide honetan egongo da: Toribio Etxeberria 11, 7.a ezk., Eibar (Gipuzkoa). Nagusiki, fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan burutuko du bere jarduera.

Zazpigarrena.– Sortze-hornidura 6.000 eurokoa da (lehengo 1.000.000 pezeta); zenbateko hori kapital eskrituratu gisa dago jasota 1976ko uztailaren 30ean Eibarko notario José Alberto Palá Gasós jaunaren aurrean sinatutako eratze-eskrituran (protokolo-zenbakia: 730).

Zortzigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala xedatzen baita fundazioaren estatutuetako 9. eta hurrengo artikuluetan.

Bederatzigarrena.– Patronatuak kide hauek izango ditu, mugagabeko denboraldi batez:

(Ikus .PDF)

Izendatutako pertsona guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko baten bidez.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Hartarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikatzekoak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eibarko (Gipuzkoa) Fundación Benéfico Docente Cruz Irasuegui Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, gaurko datarekin eta F-384 zenbakiarekin, bai eta patronatuko hasierako osaera ere. Patronatuko kideak bederatzigarren aurrekarian aipatzen dira, eta guztiek modu adieraziz onartu dituzte beren karguak, hain zuzen ere Eibarko notario María Dolores García Aranaz andrearen aurrean, 2014ko abenduaren 18an egiletsitako eraketa-eskrituran jasotako zehaztapenekin bat etorriaz (Protokolo-zenbakia: 1.230).

Bigarrena.– Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 2. sekzioan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 5a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala