Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2015eko uztailaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2941

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 19koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Legazpiko (Gipuzkoa) Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoa monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedientea jendaurrean jartzeko eta interesatuei entzuteko aldiari.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipatutako eskumen hori baliatuz onartu zen uztailaren 3ko 7/1990 Legea, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Legazpiko (Gipuzkoa) Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoak duen kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Legazpiko (Gipuzkoa) Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoa monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugaketaren, II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren eta III. eranskinean zehazten den esku-hartze erregimenaren arabera.

Bigarrena.– Hasiera ematea Legazpiko (Gipuzkoa) Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoa monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedientea jendaurrean jartzeko eta interesatuei entzuteko aldiari; horrela, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izateko, 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 84. eta 86. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian.

Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Legazpiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirola eta Ingurumena eta Lurralde Antolaketa departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ere, jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkez ditzaten.

Laugarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 19a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Deskribapena.

Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoak haren jatorrizko partzela osoa hartzen du, honako muga hauekin: iparraldera, Urola kaleko 5. zenbakiko etxeko lorategia eta haren aurreko berdegune publikoaren zatia, mugaketa horren muga zehatza delarik garai batean bi etxeak bereizten zituen hormaren trazatua (gaur egun zati batean desagertua); mendebaldera, Santikutz kalea, mugaketa horren muga zehatza delarik Aguirre-Echeverría etxearen atzealdeko lorategia zedarritzen zuen hormaren trazatua (gaur egun desagertua); hegoaldera, Santikutz kaleko 12. zenbakiko etxea, mugaketa horren muga zehatza delarik bi jabetzak bereizten zituen horma; eta ekialdera, Urola kalea, mugaketa horren muga zehatza delarik etxeko lorategiaren aurrealdeko jatorrizko horma. Kontserbatu diren itxiturak, beraz, mugaketaren barruan sartzen dira.

b) Justifikazioa.

Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoa Kultura Ondasun Inbentariatuaren muga gisa jatorrizko partzelaren mugak aukeratu izanaren helburua izan da multzo osoaren balio arkitektonikoak, urbanoak, paisaia aldetikoak, ikonografikoak eta osotasunari dagozkionak gordetzea. Partzelako elementu guztien (etxea, lorategiak, gune osagarriak, sarbideak, itxiturak.) konfigurazioa eta banaketa errespetatuz, multzoa ageriko batasun kulturala duen osotasun gisa ageri da, eta horregatik ezinbestekoa da haren jatorrizko erlazio espazial eta bisualak gordetzea.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoa eraikin nagusiak (etxea), garajeak eta lorategi handi batek osatzen dute, elementu osagarri batzuez gain. Etxea Urola kaletik Santikutz kalera gorantz doan partzela batean kokaturik dago, dezenteko malda duena.

Etxebizitza egiteko orduan, estilo neoeuskalduna aukeratu zen, Atlantiko aldeko baserrien arkitektura tradizionalaren berezko formak berreskuratuz eta horiek etxebizitza garaikidearen erabilera eta beharrizanei egokituz. Konfortaren kontzeptu modernoari uko egin gabe (materialetan, higienean, barne-kanalizazioetan, berokuntzan, argiztapen natural eta artifizialean... izandako aurrerapenak), sortzen den irudia elementu hauetan oinarritzen da: material tradizionalak (zura, harria, adreilua eta burdina forjatua) eta herri arkitekturaren berezko formak (bi isurkiko teilatua, arkuen konbinazioa, ateburu eta leihoburudun baoak.). Hori guztia, 1920ko hamarkadan moda betean zegoen pintoreskismoaz apaindua; kasu honetan, asimetria kalkulatu bat, multzoaren erregulartasuna apurtzen ez duena, eta arkitektura kultutik (toskanar kolomak edo esfera formaz bukatutako pinakuluak), landako arkitekturatik (horman sartutako pilastrak, balkoi hegaldunak, zurezko armazoi, habe eta euskarriak) eta arkitektura garaikidetik (batez ere britainiar joerakoa: leiho handiak eta gorputz irtenak, bow-window eran) hartutako osagaien konbinazioa.

Gaur egun oso itxura zaindua du, 1950eko hamarkadan egin zitzaizkion esku-hartzeetan –Luis Astiazaran arkitektoak proiektatuak– errespetatu egin baitziren Guillermo Eizaguirrek 1924an diseinatutako estiloa eta irudia.

Eraikinaren oinplanoa angeluzuzena da, lau altuera ditu (erdisotoa, beheko solairua, lehenengoa eta teilatupea) eta, erremate gisa, bi isurkiko estalki asimetrikoa du. Ekialderako orientazioa du, eta alde horretara zabaltzen da fatxada nagusia. Sarbidea ere bertatik du, iparraldera lerratua eta erdi-puntuko arku batez hornitua, atezango nabarmenez eta ageriko adreiluzko ate-txapelaz. Atea bera sendoa da, zur landuzkoa, eta xehetasun oso zainduak ditu; besteak beste, letoizko burdineria eta postontzia.

Fatxada nagusi hori hiru erregistrotan banaturik dago, hain zuzen ere solairuen barne-banaketari dagozkionak, eta bakoitzean erabilitako materialarengatik nabarmentzen dira. Beheko solairuak, etxeari sendotasuna ematen dionak, luzitu gabeko harlangaintz-hormak ditu, eta ageriko adreilua baoen azpatuan. Lehenengo solairua zuriz zarpiatua dago, eta akabera lau eta leundua du, solairu nagusia bisualki nabarmenduz. Azkenik, zerbitzarien logelak zeuden goiko solairuak akabera errustikoa du, errekarri erako estalduraz, zurezko armazoiaren itxurako zerrenda bertikal erritmikoez apaindua. Solairuen arteko hierarkia nabaria da, orobat, bost ertzetan lerrokatuta dauden baoetan. Beheko solairukoak, non etxeko gela publikoak dauden, handienak dira, eta erdi-puntuko arku zabalak ageri dituzte, lurretik hasita solairuaren ia altuera osoa hartuz. Lehenengo solairuan, baoak ardatz bertikalean dintelduak dira, zurezko barandadun balkoi irtenetara zabaltzen diren bi orriko balkoi-ateen moduan. Azkenik, bigarren solairuaren bereizgarri nagusiak honako hauek dira: espazio hutsean dagoen horma, arraseko begiratoki bat erdigunean, eta bi bao oso txiki, ardatz bertikalean dintelduak. Fatxada honetako balkoi-ateak eta leihoak veneziar motako zurezko leiho-oholekin ixten dira kanpoaldera.

Fatxadaren erdiko ardatza, beheko solairuan, egongelak hartzen du. Poligono-formako begiratoki zabal bat nabarmentzen da bertan, fatxada-lerrotik irtena, bow-window eran. Haren gainean, eta poligono-formako oinplanoari eutsiz, balkoi irten bat dago, logela nagusira ematen duena. Erdiko ardatz horren erremate gisa, bigarren solairuan eta estalkiaren bizkarpean, arraseko balkoi bat dago, zurezko barandaduna, jantzitegira eta zerbitzuko bi logelatara zabalik. Begiratoki hori areago nabarmentzen dute harrizko plintoen gainean landuta dauden eta akabera zapata molduratuzkoa duten zurezko bi kolomek. Barneko esparrua zuriz eta urdinez pintatutako azulejuz gaineztatua dago, zokalo moduan, eta sabaiaren akabera fatxadarekiko zutak diren zerrendekin moldatu da, zurezko habeteria irudikatuz. Fatxada nagusi honetan bereziki aipagarriak dira iparraldetik gertuen dagoen muturrean kokatutako baoa, bi solairuko tartea hartzen duena eta arku zorrotz batean amaitzen dena, eta hegoaldeko fatxadaren gertueneko baoa, lehen solairuaren parean; teilatutxo baten azpian dagoen lau angeluko leiho zabal bat da, etxearen simetria apurtzen duena.

Iparraldeko altxaeran ere beheko solairua eta lehenengoa modu bertsuan bereizten dira: behekoan, ageriko harlangaitz-hormak, eta lehenengoan zuriz luzitutako horma, akabera lauekin eta zurezko armazoien tankerako zerrenda bertikalez apaindua. Baoei dagokienez, fatxada honetan dauden lauak desberdinak dira formaz eta tamainaz, bakoitzari dagokion gelaren araberakoa; horrenbestez, beheko solairuan bao karratu handi bat ageri da, familiaren jangelara ematen duena, eta beste bat txikiagoa, ardatz bertikalean dinteldua, office-ra zabalik. Haren gainean, lehenengo solairuan, bi isurkiko teilatutxo baten azpian eta zurezko armazoi faltsuekin nabarmendua, ardatz bertikalean dinteldutako bi orriko leiho bat zabaltzen da, logela bati dagokiona. Haren ondoan, ekialdeko fatxadatik gertueneko muturrean, ardatz horizontaleko leiho txiki bat ikus daiteke, solairu nagusiko bainugeletako bat argiztatu eta aireztatzeko egina.

Hegoaldeko fatxadara beheko solairua eta lehenengoa soilik zabaltzen dira, eta gorputz irtena du, jatorrizko eraikinari atxikia; hain zuzen ere, Luis Astiazaranek 1950eko hamarkadan egindako handitze-lanetako baten emaitza da. Bigarren solairuan gelarik ez dagoenez, haren altuera fatxada nagusiarena baino txikiagoa da, eta estalki asimetriko bat du, isurki bikoitza eta fatxadarekiko zuta den bizkarra ageri dituena; teilatuaren bizkarpean sortutako triangelu-formako esparruan, berriz, zurezko armazoi faltsuak ditu. Hegoalderantz zabaldutako gorputz horri esker, jangela nagusiaren ondoko egongela jarri zen, eta baita kapera ere, beheko solairuan, eta egongela eta portxe bat goikoan. Baoei dagokienez, beheko solairuan, egongelara emanez, erdi-puntuko bi arku handi daude, kurba hasi arte harrizko azpatua eta uztaian ageriko adreilua dituena. Horien aldamenean, ardatz bertikalean dinteldua den bao bat, beirate beruneztatuez itxia, kaperaren presentzia adieraziz. Lehenengo solairuan, bao dinteldun handiek fatxadaren ia aurrealde osoa hartzen dute, hormaren aldean nagusi, harrizko toskanar kolomatxoen artean. Kaperaren gainean, hegoalde eta mendebaldera irekia, portxe bat dago, gaur egun barrualdearekin loturarik ez duena. Mendebaldeko fatxadan dagoen eskailera exentu batetik heltzen da bertara; eskailerak atal bikoitza du lehen tartean, eta bakuna bigarrenean, harlangaintzez gaineztatua.

Iparraldeko altxaera ere, alegia etxearen atzealdeko fatxada, 1950eko hamarkadan egindako handitze-lanarekin sortu zen. Hemen ere, solairuen akaberek eta baoen antolaerek solairuen eta eraikinaren barrualdeko esparruen hierarkizazioa adierazten dute. Eraikinaren barrualderako sarbidea erdian dago, arku apalduak dituen ataripe zabal baten azpian eta erdi-puntuko arkudun ate batetik; atearen alboetan, burdin hesidun bi leiho zabal, horiek ere erdi-puntukoak. Beheko solairuko gainerako baoak ardatz bertikalean dinteldunak dira, eta etxe barruko geletara ematen dute. Guztiek burdin hesia dute kanporantz, eta veneziar leiho-oholak. Sarrerako ataripearen gainean terraza handi bat dago, eta hara ematen dute solairu nagusian nabarmentzen diren burdin sarez hornitutako erdi-puntuko bost arku jarraituetako hiruk; barrualdean galeria dago. Hegoaldetik gertuen dagoen baoen multzoa osatuz, idi-begi handi bat dago, ertzez eta kanpora burdin hesiez apaindua, bainugela bati dagokiona. Iparraldetik gertueneko aldean, berriz, bulegora ematen duten bi leiho dinteldunak, harrizko azpatu batez apainduak bien irudi bateratua emateko; horiek ere burdin sarea dute. Goiko solairuan, erdiko ardatzean dagoen beiraz hornitutako begiratokia nabarmentzen da, estalkiaren bizkarpean.

Etxeko solairuen arteko komunikazio bertikala erdialdean dagoen hiru ataleko eskaileraren bidez egiten da. Eskailera zurezkoa da, eta kono-formako adabegidun zurezko balaustrada eta material bereko eskubanda ditu. Eskailera-kaxaren tarteko atalak, jatorrizko diseinuan, etxebizitzaren atzealdeko kanpo-hormetara egokituta zeuden, eta horietako bakoitzean ardatz bertikalean dinteldutako leiho handiak zabaltzen dira; leihook zurezko arotzeria dute, eta motibo heraldikoz hornitutako beirate beruneztatuez ixten dira. 1966an igogailu bat jarri zen, solairuen arteko komunikazio bertikala hobetzeko.

Barne-banaketari dagokionez, beheko solairuan etxebizitzako gela publikoak eta erdi-publikoak daude, eta zerbitzuari lotutako beste batzuk, behar bezala bereiziak eta harrera-gelatik sarbide independenteak dituztenak. Garbi bereizitako bi ate daude: batak egongelara ematen du, eta besteak zerbitzuko zonaren banalekura. Hallean eskailera nagusia eta igogailua daude, eta gune horrek lotzen ditu alde publikoa, zerbitzuari dagokiona eta goiko solairuetako alde pribatua. Horrez gain, zerbitzuko zonak beste sarbide bat du atzealdeko fatxadatik, beste harrera-gela batekin loturik dagoen ataripe batetik zehar; azken horrek harraskara eta sukaldera ematen du soilik. Atzealdeko harrera-gela horretatik sotora ere joan daiteke. Eremu guztiz funtzionala da hori, besteak beste bodega, latsarria, esekitokia eta galdara-gela dituena.

Lehenengo solairuan familiaren gela pribatuak daude, eta korridore nagusitik sarbidea dute. Korridorera ematen dute lau logelak, horietako hiru fatxada nagusi aldera eta laugarrena iparraldeko fatxada aldera. Erdiko korridoretik, atzealdeko galeriara doan hall txiki batera helduko gara. Galeria horretan erdi-puntuko bost arku daude elkarren segidan, beirate handiez hornituak; erdiko hirurak bi orriko ateak dira, eraikinaren mendebaldeko fatxadan dagoen kanpoko terrazara, balaustrada soil batek itxia, irteera dutenak. Handik atzealdeko lorategia dugu ikusmenean.

Bigarren solairuan, korridore nagusitik zerbitzuko hiru logelatara heltzen da; logela nagusiak baino nabarmen txikiagoak dira horiek, eta komunik ez dute. Korridorearen muturretan kamarote bana dago. Mendebaldean, hiru leiho handiren bidez atzealdeko fatxadara zabalik, galeria edo etxe-egutera bat dago, sarbidea zerbitzuko hirugarren logelatik edo igogailuaren ondoan dagoen pasabide batetik duena.

Etxea basamentu zabal baten gainean jasoa dago, eta haren aurrean iturri bat dago erdi-puntuko arkudun horma-hobi batean; tutua metalezkoa du, eta harrizko aska handi batera isurtzen du ura. Iturriaren alboetara, landare-apaingarriak dituzten bi pilastra, eta horien gainean barraskiloen eskultura bana. Iturria eskailera baten aurrealdean dago. Elkartzen diren bi atal ditu eskailerak, mailak harrizkoak ditu, eta handik basamentuaren goiko aldera heltzen da. Eskaileraren baranda eta basamentuaren balaustrada forjatuak dira, kono-formako adabegidun barrak dituzte eta zur pintatuzko eskubanda. Basamentuari akabera emanez, harrizko lauza karratuak dituen terraza handi bat dago.

Eraikin nagusia inguratzen duen lorategiaren konfigurazioa erdiko ardatz eskaileradun batean oinarritzen da, Urola kaletik abiatu eta etxea jasota dagoen basamentuaren aurrealdera heltzen dena. Bi bidezidor gehiago ere badira, ardatzaren alboetan bana, bihurgune zabala eratuz lorategiaren behealdetik iturriaren aurreko guneraino. Hortik, etxea inguratuz atzealdeko lorategiraino igotzen diren beste bi bidezidor simetriko abiatzen dira.

Lorategien hegoaldeko muturrean, Santikutz kaleko 12. zenbakiko etxetik bereizten dituen horma perimetralari atxikia, otorduetarako estalpe txiki bat dago; funtsean, hormigoizko teilape bat baino ez da, malda leuneko bi isurkiko estalkia duena, atzealdeko horman eta lau angeluko bi harroinetan bermatua. Lorategietan dago, halaber, garajeen eraikina, finkaren hego-mendebaldeko angeluan maldaren kontra ezarria. Hormigoi armatuzko eta altuera bakarreko eraikina da, lau angeluko oinplanoa du eta, akabera gisa, malda leuneko bi isurkiko estalkia. Fatxada nagusiak ekialdera ematen du, eta ertzetan piramide-enbor itxurako harlangaitzezko bi gorputz solido ditu. Barrualdean espazio bakarra dago, garaje-erabilerari dagokion moduan.

Jatorrian, itxiera-horma batek osorik inguratzen zuen multzoa, baina gaur egun, etxearen eta lurren titulartasuna aldatzean eta erabilera etxebizitza pribatu izatetik ekipamendu publiko izatera igaro delarik, horma horren zati bat desagertu da. Ekialdean, onibarrera sartzeko jatorrizko atea gorde da; teilazko estalki irtena du eta zurezko arotzeria, eta, alboetara, etxebizitzaren jabeen abizenak ageri dira: Aguirre Echeverría.

III. ERANSKINA
ESKU-HARTZE ERREGIMENA

1.– Esku-hartze erregimen honen izateko arrazoia da Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Legazpi udalerrian kokatua, Kultura Ondasun Inbentariatu gisa, Monumentu kategoriaz, inskribatu izana, eta inskripzio horren parte da.

2.– Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoari atxikitako ondasunak uztailaren 3ko 7/1990 Legeak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, ezarritakoaren mende egongo dira baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

3.– Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoaren jabeek nahitaez bete beharko dituzte uztailaren 3ko 7/1990 Legeak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, 20. eta 35. artikuluetan, eta ekainaren 30eko 2/2006 Legeak, EAEko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoak, 199. artikuluan kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak.

4.– Uztailaren 3ko 7/1990 Legeak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, 23. artikuluan ezarritakoa betez, onargarriak izango dira, soilik, haren kontserbazio egokia bermatzen duten erabilerak.

5.– Uztailaren 3ko 7/1990 Legeak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, 31. artikuluan ezarritakoa betez, Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoan egin nahi den edozein esku-hartze Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi beharko zaio, hura gauzatu baino gutxienez hilabete lehenago.

6.– Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoan gauzatzeko proiektu teknikoa behar duten esku-hartzeetan, proiektu horrek arreta berezia jarriko die alderdi hauei: ondasun higiezinaren kontserbazio-egoera, egituran eragin lezaketen patologiak, erabiliko diren materialen egokitasuna eta eraikuntza behar bezala mantentzeko behar diren teknikak eta baliabideak.

7.– Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoan esku-hartze onargarriak izango dira haren elementu tipologiko, formal eta egiturazkoak errespetatuz ondasuna kontserbatzea eta haren funtzionaltasuna bermatzea helburu dutenak; besteak beste, honako hauek:

a) Haren balio arkitektonikoa nabarmentzea, jarduketa hauen bidez:

– Fatxadak zaharberritzea, betiere mantenduz estaldurak eta baoen konposizio orokorra nahiz ezaugarri berezigarriak, hala nola arotzeria eta azpatuak. Jatorrizko etxearen atzealdeko fatxadan, zeina, 50eko hamarkadako handitze-lanen ondorioz, eraikinaren barrualdeko itxiera bat bihurtu baitzen, onargarriak izango dira aldaketa partzialak, betiere konposizioaren batasunari erasan gabe eta balio estilistiko berezia duten osagaiak errespetatuz, erdiko eskailera- eta igogailu-begiak kasu, eta bertako arotzeria eta beirateak mantenduz.

– Estalkiak zaharberritzea, hiru aldeko isurialdeen eta jatorrizko estaltze-materiala errespetatuz.

– Beheko eta lehen solairuetako barne-esparruak zaharberritzea, etxebizitza-tipologiaren berezko izaera, barne-banaketaren eta fatxadako baoen lerrokatzea eta gela nagusien eta esanguratsuenen –harrera-gelak, korridoreak edota galeriak– espazio- eta sarbide-antolamendu orokorra errespetatuz.

– Komunikazio bertikaleko elementuak zaharberritzea, horien kokapena, garapena eta balio estilistiko handiena duten osagaiak errespetatuz, beirateak eta balaustrada kasu.

– Etxebizitzaren bereizgarri diren barne-akaberak zaharberritzea, hala nola zoladurak, estaldurak eta moldurak, eta baita gelen jatorrizko erabileraren berri ematen duten elementu txikiagoak, hala nola bulegoko leihoen azpiko idazmahaiak, kapera eta sakristiako ikur erlijiosoak eta harrera-gelako motibo ikonografikoak. Garajeko eraikinean, elementu bereizgarrienak ateak, lauzak, zokaloak eta horma-armairuak dira.

– Partzelaren inguruko itxierak zaharberritu eta lehengoratzea, eta baita ate nagusia ere, teilatutxoa, atezangoak, arotzeria eta lehenengo jabeen abizenak ageri dituen inskripzioa gordez.

b) Egiturazko elementu hauek finkatzea, lehengoratu ezin diren atalak aldatuz posizioa edo kota mugitu gabe:

– Karga-hormak.

– Forjatuak.

– Eskailerak.

– Estalkiak.

c) Interesik ez duten edo multzoaren jatorrizko ezaugarriekin bat ez datozen gehigarriak eta lan guztiak desegitea.

d) Sotoko eta estalkipeko solairuen barne-banaketa berriztatzea, betiere horrek eraikinaren egiturazko antolaketan eta fatxadetan zein bolumetrian eragiten ez badu.

e) Oinarrizko instalazio teknologikoak eta higieniko-sanitarioak jartzea, betiere esku-hartze erregimen honetako gainerako preskripzio guztiak errespetatuz.

f) Esku-hartze erregimen honetan ezarritakoa urratzen ez duten lanak, hala nola barrualdearen isolamendu, entokatze eta pintatze-lanak eta zoladurak, sabaiak eta instalazioak egin eta konpontzea.

g) Lorategian hutsik dagoen eremuan hiri-altzariak jartzea, betiere ingurunearekin bat egiten duten ereduak eta materialak erabiliz.

8.– Eginez gero, aurreko lanetan baldintza hauek bete beharko dira:

a) Teknika eta material itzulgarriak erabiliko dira, etorkizunean zaharberritzeko beste esku-hartze batzuk gauzatu ahal izan daitezen.

b) Ez da erabiliko eraikinaren akaberak modu itzulezinean alda ditzakeen garbiketa-tratamendurik.

c) Egitura egoera txarrean dagoenean, lehentasuna emango zaio hura finkatzeari horretarako eskura dauden teknikak erabiliz, eta ahal den heinean egitura ez da ez desmuntatuko ez berreraikiko.

d) Instalazioen hodieriak irisgarriak izateko moduan gauzatuko dira, eta gehiegi nabarmendu gabe.

e) Zaharberritze-lanak teknikoki ahalik eta bermerik gehienarekin egiteko gai direla egiaztatzen duten enpresa espezializatuei emango zaizkie.

9.– Erabilera berri baterako egokitzapenak eta onargarriak diren gainerako esku-hartzeak gauzatzeko orduan, sektoreko araudia (segurtasuna, osasungarritasuna eta irisgarritasuna) bete beharko da, esku-hartze erregimen honetan ezarritako mugekin eta ahalik eta esku-hartze txikiena egitearen irizpidea oinarri hartuta.

10.– Ez dira onargarriak izango eraikuntza-multzoaren kultura-balioak kaltetzen edo hondatzen dituzten esku-hartzeak, hala nola honako hauek:

a) Eraikinaren bolumena aldatzea.

b) Azalera aldatzea, atxikitako eraikinak jarriz edo solairuen luzera edo zabalera handituz.

c) Fatxaden eta horien estalduren konposizio orokorra nabarmen aldatzea.

d) Estalkiak aldatzea, zehazki alderdi hauetan: hiru aldeko isurialdeen antolaera eta malda, egitura nagusia eta estaltze-materiala.

e) Solairuen konfigurazio bertikala eta beheko eta lehenengo solairuetako gela nagusi eta esanguratsuenen banaketa aldatzea, betiere modu itzulezinean aldatzen badute horien eta baoen arteko lerrokadura eta/edo espazio- eta sarbide-antolamendu orokorra.

f) Eraikuntza-multzoaren parte den lorategian hutsik dagoen eremuan eraikuntza edo instalazio berri bat jartzea, eta multzoaren erlazio bisualak desitxuratuko dituzten bide edo pasagune berriak egitea.

11.– Babestutako ondasunen zatiren bat edo ondasunak osorik eraitsi behar izanez gero, uztailaren 3ko 7/1990 Legeak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, 36. artikuluan, eta azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuak, kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoak, aurretik aipatutako xedapenak garatzen dituenak, ezarritakoa bete beharko da.


Azterketa dokumentala