Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2015eko uztailaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2923

AGINDUA, 2015eko ekainaren 23koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei 2015-2016 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialean irakasteko baimena eska dezaten dei egin eta horien finantzaketa arautzen duena.

Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du. Dekretu horren 8. artikuluaren arabera, behar bezala baimendutako ikastetxeek heziketa-zikloak modu partzialean eskaini ahalko dituzte pertsona helduentzat bakarrik. Eskaintza horretan heziketa-zikloaren lanbide-modulu guztiak eskaini ahal izango dira eta ikasleek lanbide-moduluka egin ahalko dute matrikula, aipaturiko Dekretuaren 29. artikuluan adierazten den bezala.

Halaber, Lanbide Heziketako heziketa-zikoak eskaintza partzialeko modalitatean ematea arautzen duen 2010eko martxoaren 22ko Aginduaren 7. artikuluaren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eskaintza hau egiteko egoki deritzon deialdiak egin ahal izango ditu, eta ikasturteko gutxienez deialdi bat egin beharko du. Ikastetxe pribatuentzako deialdien kasuan, eskolak emateko baldintzez gain, dagokion finantzaketa lortzeko baldintzak ere arautuko dira.

Hori dela eta, agindu honen bidez, alde batetik itunpeko ikastetxe pribatuei 2015-2016 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialean irakasteko baimena eska dezaten dei egin nahi zaie; eta bestetik, ikasturte horretarako baimendu den irakaskuntzaren finantzaketa lortzeko baldintzak ezarri nahi dira.

Ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
OINARRI KOMUNAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea Lanbide Heziketa irakasten duten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei dei egitea da honakoa eska dezaten:

a) 2015-2016 ikasturtean heziketa-zikloak eskaintza partzialean irakasteko baimena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2010eko martxoaren 22an emandako Aginduari, Lanbide Heziketako zikloak eskaintza partzialean irakastea arautzen duenari jarraituz.

b) 2015-2016 ikasturtean irakaskuntza hori emateko diru-laguntza, agindu honetan ezarritako baldintzen arabera.

2. artikulua.– Hartzaileak.

2015-2016 ikasturtean eskaintza partzialeko modalitatean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak irakasteko baimena eta, hala badagokio, diru-laguntza eskatu ahal izango dute Lanbide Heziketako heziketa-zikloak irakasteko ofizialki baimenduta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuek, baldin eta Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren bidez araututa badaude.

3. artikulua.– Eskaerak eta horiekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

1.– Kapitulu honetan ezarritakoaren arabera izapidetuko dira eskaerak: ikasketak emateko baimena eskatzekoak II. kapituluan ezarritakoaren arabera, eta diru-laguntza lortzekoak III. kapituluaren arabera.

2.– Baliabide elektronikoak erabili behar izango dituzte erakunde interesdunek eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

Izapidetze elektronikoa arautu egiten dute otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak otsailaren 9an eman zuen Ebazpenak; ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

Eskaerarekin, justifikazioarekin eta deialdiarekin zer ikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, honako helbide honetan:

https://euskadi.net/diru_laguntza/2015/espar/y22-izapide/eu

3.– Eskaeraren ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira.

Https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

4.– Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, aipatutako egoitza elektronikoan sartuta.

Eskaerak aurkezteko argibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira, ondorengo helbidean:

https://euskadi.net/diru_laguntza/2015/espar/y22-izapide/eu

Eskatzaileek euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute eskaera, eta berorri atxikitako dokumentazioa. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

Eskaera aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

5.– Eskaintza partzialaren proposamena zuzendaritza-taldeak egin behar du, eskaintza partzialeko irakaskuntzan zerikusia duten irakasleek, edo irakasleek eskuordeturiko batzordeak eskaintza horren gainean aditzera emandako datuetan oinarrituta, edota zuzendaritza-taldearen beraren ekimenez.

6.– Klaustroak heziketa-zikloen eskaintza partziala eta ondoriozko jarduerak ezagutu behar ditu, eta proiektu horrek ikastetxearen barne-antolakuntzan izan dezakeen ondorioaren erantzukizuna bere gain hartu behar du.

7.– Halaber, proiektua egiteko behar diren neurriak hartzeko eta ikastetxearen urteko plangintzan sartzeko konpromisoa hartu beharko da.

8.– Ebazpenean kontuan hartutako edozein zirkunstantzia aldatzen bada, entitate eskatzaileak bere gain hartu beharko du aldaketa hori jakinarazteko konpromisoa. Halaber, eskaeran eta eskaerari erantsitako dokumentazioan bildutako datuak egiazkoak direla eta irakasteko baimena edukitzeko indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazi beharko du erakunde eskatzaileak.

9.– Eskaerarekin batera honako derrigorrezko dokumentazioa, 2015-2016 ikasturteari dagokion datuekin, aurkeztu behar da:

a) Laburpen-fitxa, adierazitako betebeharrak egiaztatzen dituzten erantzukizunpekoekin eta ikasturtean garatuko den moduluen eskaintzaren deskribapenarekin. Bertan, oinarrizko argibideak adieraziko dira. «Laburpen-fitxa» inprimaki normalizatuan ezarritako eskemaren arabera egingo da. Inprimaki hau eskuratzeko, jo euskadi.net helbide elektronikora.

Diru-laguntza ere eskatuz gero, aldi berean, irakasteko baimena eskatu beharko da, «Laburpen-fitxa» ereduko bi laukiak beteta.

b) Diru-laguntza eskatzen bada, honakoa adieraziko duen justifikazio-memoria: ikastetxeak eragina duen esparruko ekoizpen-sistemaren eta, eskaintza zein ikasleri zuzenduta dagoen ikasle horien beharretara nola egokitzen den, eskaintza horrek nola osatzen duen dagoeneko esparruan dagoen eskaintza edota esparru bereko beste ikastetxe batzuek aurkeztu dituzten eskaintzak.

Justifikazio-memoria honetan, honako alderdiak jaso beharko dira gutxienez:

● Eskaintza partzialean irakasteko eskatu den heziketa-zikloak ikastetxean izan duen bilakaera (ziklo horrek aurreko ikasturteetan izan duen ibilbidea; ziklo hori ikasten ibili diren ikasleak; zikloa ikastetxeko eskaintza osotik desagertzeko arrazoiak; eskaintza partzialean eman nahi izateko arrazoiak...)

● Eskaintza partziala nola egokitzen den, eskaera egin duen ikastetxearen eraginpeko zonaldeko ekoizpen-sistemara (lanpostu berrien aurreikuspena, beharren azterketa, alor jakin horretako enpresa kopurua eta izan dezakeen eskaeraren aurreikuspena,...)

● Eskaintza horrek nola osatzen duen dagoeneko zonaldean dagoen eskaintza edota zonalde bereko beste ikastetxe batzuek ezarri nahi duten eskaintza (antzeko eskaintzarik eza, beste ikastetxe batzuen eskaintzarekiko osagarria izatea...)

● Eskaintzaren erlazioa eta horrekin batera ikasle eskatzaileen beharrak (eskari potentzialaren analisia, eskaintza partzial honen barruan ikasketak egingo duten ikasleen zerrenda, aurreko kurtsotan eskaintza partzial moduan eskatutako zikloa egin duten ikasleak, ...)

4. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea honako hau izango da:

a) Irakasteko baimena eta diru-laguntza lortzeko eskaerak: eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

b) Diru-laguntzarik gabeko baimen-eskariak: modulua hasi aurreko hogeita hamargarren egunean amaituko da epea; kontaketa horretan, aintzat hartuko da ikasturte-amaieran amaituta izan beharko dela modulua.

5. artikulua.– Eskaeran egindako akatsen zuzenketa.

1.– Diru-laguntzaren Eskaera behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun baliodunen epean hori osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

3.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkie, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskaeran adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

6. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.

1.– Modalitate honetan heziketa-zikloak eskaintza partzialean irakasteko baimendutako eta, hala badagokio, diruz lagundutako heziketa-zikloen eskaintza onartutako baldintzetan gauzatzen dela bermatzeko, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak horien jarraipena egingo du Hezkuntza Ikuskaritzaren bidez.

2.– Ikasturtea amaitzean, ikastetxeek bidalitako txostenean edo beharrezkoa den beste edozein datu nahiz txostenetan oinarrituta, dagokien Etengabeko Ikaskuntzako Lurralde Unitateak ondoko agiriak igorriko dizkio Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari:

– Ikastetxeen zerrenda. Zerrenda horrekin batera, baimendutako eskaintzetan aurreikusitako helburuak zenbateraino bete diren adieraziko da eta, gutxieneko helburuak lortu ez badira, aipatu egingo da espresuki.

– Partaide-kopuruari buruzko txosten estatistikoa, heziketa-moduluaren arabera, eskaintza partziala duen ikastetxe bakoitzeko eta partaideek lortutako emaitzak adierazita.

3.– Irakaste-aldian prestakuntza garatzean gorabeherarik egongo balitz heziketa-zikloen eskaintza partziala ematen duten ikastetxeetan, dagokien Ikuskaritzako Lurralde Burutzak txostena igorriko dio Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari, zuzendaritza horrek behar diren neurriak har ditzan.

7. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi hau bideratzean jasotako datu pertsonalak (parte hartzaileek horiek erabiltzea eta argitaratzea baimentzen dute) Eskaintza partziala izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua izango da deialdi honetako diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide-, zuzentze-, ezabatze-, eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritza baimentzen dute aurkeztutako dokumentuen egiazkotasuna beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko.

II. KAPITULUA
LANBIDE HEZIKETAKO HEZIKETA-ZIKLOAK ESKAINTZA PARTZIALEAN IRAKASTEKO BAIMENA

8. artikulua.– Baimenaren baldintzak eta ondorioak.

1.– Eskaintza partzialeko modalitatean heziketa-ziklo bat irakasteko baimenerako beharrezko baldintza bakarra izango da heziketa-ziklo hori eskaintza osoko modalitatean irakasteko baimenduta egotea.

Heziketa-ziklo bat irakasteko baimena izateak esan nahi du ikastetxe baimendu eskatzaileek gaitasuna eta instalazio nahikoak dituztela eskaintza osoko txanda eta orduekin bat ez datozen txanda eta orduetan eskatutako lanbide-moduluak eskaintza partzialean emateko.

2.– Eskaintza partzialeko modalitate hau irakasteko baimenak berekin ekarriko du irakaskuntza horiek beraiek ikasten dituzten ikasleentzat ondorio akademikoak izatea, ziurtapenaren ondorioetarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2010eko martxoaren 22ko Aginduan ezarritakoaren arabera.

3.– Eskaintza partzialeko modalitatea irakasteko baimenak berez ez dakar diru-laguntza lortzea.

9. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebatzi eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta publikotasun-prozedura.

1.– Deialdi honetan ezarritako baldintza bete dela eta eskatutako agiriak bidali direla egiaztatu ondoren emango da baimena.

2.– Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari dagokio agindu honetan arautzen den deialdiaren ebazpena ematea, baimenari dagokionez.

Ebazpenaren jakinarazpena banaka egingo zaie interesdunei, bide elektronikoz. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren «Nire Kudeaketak» atalean ikusi ahal izango dira.

Jakinarazpena egintzat joko da interesdunak jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duen unean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

3.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraz, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

4.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskaeran adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.

10. artikulua.– Ikastetxeen betebeharrak.

1.– 2015-2016 ikasturterako baimentzen den Lanbide Heziketako heziketa-zikloen eskaintza partziala ikasturte horretarako ikastetxearen urteko planean sartu beharko da.

2.– Ikasketa Burutzak baimendutako eskaintza partziala abian jartzen dela zaindu eta horretarako jarduerak koordinatu beharko ditu. Lan hori Ikasketa Burutzak berak egingo du edo, bestela, berak eskuordetzen duen irakasleak, modalitate horretako prestakuntza-koordinatzailea izango denak. Hala bada, koordinatzaile horrek, aldiro, eskaintzaren eta jardueren garapenari buruzko informazioa emango dio Ikasketa Burutzari, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da gai horrekin zerikusia duten gaiak aztertzen direnean.

3.– Ikastetxe onuradunek azken txosten bat egingo dute, eta, bertan, baimendutako eskaintzan aurreikusitako helburuen garapen-maila eta emaitza partzialen berri emango da.

Justifikazio hori 2016ko uztailaren 31 baino lehenago aurkeztuko da, bitarteko elektronikoen bidez, egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean sartuta: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

Justifikazioari buruzko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan jasota daude:

https://euskadi.net/diru_laguntza/2015/espar/y22-izapide/eu

III. KAPITULUA
BAIMENDUTAKO HEZIKETA ZIKLOAK IRAKASTEKO DIRU-LAGUNTZA

11. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak.

1.– Diru-laguntza eskatzen duen ikastetxeak, era berean, heziketa-ziklo berak 2015-2016 ikasturterako eskaintza partzialean irakasteko baimena eskatu behar izango du aurretiaz.

2.– Deialdi honen bidez ezin izango dute diru-laguntzarik lortu gutxienez 12 ikasle ez dituzten taldeek.

3.– Erakunde eskatzailea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik ez dauka, eta ez dago laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen lege-debekuen eraginpean, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

4.– Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak egunean egon beharko du zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan.

Betebehar hau organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko du; horretarako ez du erakunde eskatzaileen baimenik behar izango, beti ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

12. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko 2015-2016 ikasturtean erabiliko diren diru-baliabideak 750.000 euro izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen emakida eta, hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta honen erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik bideratzen ari diren itzulera-edo zigor-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean geratuko da.

13. artikulua.– Diru-laguntza emateko prozedura.

1.– Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta diru-laguntza eskatu duten baimendutako eskaera guztien arteko lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da diru-laguntza ematea.

2.– Aurreko puntuan ezarritako baremoaren arabera puntuazio altuena lortzen duten eskaerak diruz lagunduko dira, eskuragarri dauden aurrekontu-kredituak edo horiek eguneratzearen ondoriozkoak agortu arte.

3.– Eskaerak honako irizpide hauen arabera balioetsiko dira:

a) Aurkeztutako eskaintzaren egokitasuna eskaera egin duen ikastetxearen eraginpeko esparruan dauden beharrekiko. Gehieneko puntuazioa: 20 puntu.

Irizpidearen banakapena:

Laneratze handiko arloa da: 0 edo 5 edo 10 puntu.

Ikastetxeak etengabeko eta lanerako prestakuntza ematen esperientzia egiaztatua du: 0 edo 5 edo 10 puntu.

b) Proposatutako eskaintza osagarria izatea ikastetxe eskatzailearen eraginpeko esparruan dauden edo beste ikastetxe batzuek proposatu dituzten eskaintzekin. Gehieneko puntuazioa: 20 puntu.

Irizpidearen banakapena:

Ikastetxeak, aurreko deialdietan, heziketa-ziklo bateko titulua lortzeko dagoeneko irakatsitako moduluen eskaintza osatzen da: ez/bai: 0 edo 10 puntu.

Ikastetxeak prestakuntza-plan bat aurkeztuko du, eskatutako eskaintzak etorkizuneko beste batzuekin duen lotura eta denboran izango duen garapena (egutegia) azalduta: ez/bai: 0 edo 10 puntu.

c) Eskaintzak hautagai diren ikasleen beharrekin duen lotura. Gehieneko puntuazioa: 20 puntu.

Irizpidearen banakapena: litezkeen ikasleen kopurua balioesteko, dagoen eskariaren inguruko datu errealak kontuan hartuko dira.

20 baino gehiago 20 puntu.

16 eta 20en artean 15 puntu.

13 eta 15en artean 10 puntu.

10 eta 12en artean 5 puntu.

10 baino gutxiago 0 puntu.

d) Eskaintzak Euskal Autonomia Erkidegoaren beharrekin duen lotura. Gehieneko puntuazioa: 20 puntu.

Irizpidearen banakapena:

Zikloa arlo industrialekoa da: 0 edo 15 puntu.

Hauek dira arlo industrialtzat hartzen diren lanbide-arloak:

● Elektrizitatea eta elektronika.

● Energia eta ura.

● Fabrikazio mekanikoa.

● Instalazioak eta mantentze-lanak.

● Garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak.

Proposatutako zikloa maskulinotua edo emakumetua dago, baina, ikastetxe-mailan, emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua da.

Sexuetako batek % 75 gainditzen badu, esaten da ziklo hori maskulinotua edo emakumetua dagoela: 0 edo 5 puntu.

e) Eskaintzaren bideragarritasuna ikastetxearen funtzionamenduaren ikuspegitik. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.

Irizpidearen banakapena:

Ikastetxeak eskatutako modulua irakasteko aurkeztutako denbora-plangintza aurkezten du: ez/ez oso zehatza/oso zehatza: 0 edo 3 edo 5 puntu.

Aurreko eskaintza partzial batekin jarraitzen duen ikastetxeei dagokienez:

Heziketa-zikloak eskaintza partzialeko modalitatean emateko taldeak ondo finkatuta daude: ez/erdi-maila/goi-maila: 0 edo 3 edo 5 puntu.

Ikastetxe lehen aldiz aurkezten bada:

Eskaintzak dimentsio zehatza duen eta horrek eskatu diren modulu guztiak finkatzea ziurtatzen du: ez/bai: 0 edo 3 puntu.

f) Eskatutako aurrekontuaren egokitzapena agindu honen hurrengo artikuluan ezarritakoarekiko. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.

Irizpidearen banakapena:

16 artikuluan ezarritako aurrekontua bezalakoa: 5 puntu.

16 artikuluan ezarritako aurrekontua baino gutxiago: % 5 gutxiago bakoitzean, puntu bat gehiago.

16 artikuluan ezarritako aurrekontua baino gehiago: % 5 gehiago bakoitzean, puntu bat gutxiago.

4.– Berdinketarik egonez gero, ikastetxeak eskaintza hori ematen aurreko hiru ikasturteetan egindako ibilbidea kontuan hartuko da, eta datu hauek ekartzea balioetsiko da: baimendutako taldeen kopurua, finkatutako taldeen kopurua, matrikulatutako ikasleak, uzteak, probara aurkeztutakoak, hura gainditu dutenak.

14. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Diru-laguntzaren eskaera berariaz sortutako ebaluazio-batzorde batek balioetsiko du. Batzordea honako hauek osatuko dute:

● Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendariaren bi teknikari; bata batzordeburuaren egitekoak beteko dituena eta bestea idazkari-lanetan arituko dena. Lanbide Heziketako Sailburuordetzak izendatuko ditu.

● Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza bakoitzeko teknikari bana. Lanbide Heziketako Sailburuordetzak izendatuko ditu.

15. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebatzi eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta publikotasun-prozedura.

1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntza emateko prozedura ebazteko epea gehienez ere, 6 hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Deialdi honetan aurkezten diren irakasteko baimena eta diru-laguntza lortzeko eskaerak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari dagokio deialdiaren ebazpena ematea, Ebaluazio Batzordearen proposamenez.

3.– Eskaintza partzialean ikasketak emateko baimena eta eskatutako diru-laguntza eman ala ez erabakiko du ebazpenak. Baiezkoa bada, erakunde onuraduna, diruz lagundutako modulua/k eta modulu bakoitzarentzat emandako diru-laguntzaren zenbatekoa jakinaraziko ditu ebazpenak.

Diru-laguntza ukatzen bada, eskatutako moduluak diru-laguntzarik gabe emateko baimena lortu dutenen zerrenda emango da batetik, eta baimena lortu ez dutenena bestetik. Nolanahi ere, ezezkoa emateko arrazoiak adieraziko dira.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango du eragina.

4.– Goiko paragrafoan adierazitako epea igaro eta prozeduraren ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek euren eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluari jarraituz.

5.– Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, beraren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskaeran adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.– 2015-2016 ikasturtean eskaintza partzialean irakatsiko diren heziketa zikloen finantzaketa, baimendutako moduluen iraupen finkoaren arabera zehaztuko da.

2.– Lanbide Heziketako heziketa-zikloen lanbide-moduluak irakasteko 2015-2016 ikasturtean ezarritako gehienezko modulu ekonomikoak honako hauek dira:

● Erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloen lanbide-moduluak: 98 euro/ordu.

● Soldadura eta galdaragintzako erdi-mailako heziketa-zikloaren Giro naturaleko soldadurako eta Babes-giroko soldadurako lanbide-moduluak: 116,50 euro/ordu.

3.– Honako gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:

● Langile-gastuak.

● Funtzionamendu-gastuak.

Funtzionamendu-gastuek ezingo dute gainditu finantzatutako gastuen % 30.

Halaber, funtzionamendu-gastu honetatik, bai zuzendaritza, koordinazio, kudeaketa eta administrazio-gastuek bai lokalen alokairuarenek ezingo dute gainditu biok batera funtzionamendu-gastuen herena.

4.– Emandako diru-laguntza ezingo da izan, inolaz ere, irakaskuntza horiek irakastetik sortutako eta behar bezala justifikatutako aurrekontu-defizita baino handiagoa.

17. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntzaren ordainketa epe bitan egingo da.

Lehenengoa, jaso beharreko diru guztiaren % 40, agindu honetako 19.a) artikuluan aipatutako epea igarotakoan egingo da, diru-laguntzari uko egin ez bazaio.

Bigarren ordainketa, geratzen den zenbatekoarena, 10.3 eta 19.e) artikuluetan adierazitako agiriak aurkeztu eta horiek ebaluatu ondoren egingo da.

18. artikulua.– Diru-laguntza aldatu, berrikusi eta itzultzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok ebazpena aldatzea ekarriko du berekin, baldin eta diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretu Legegileak onartutako testu bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. Tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

3.– Aipatutako araudian jasotako gorabeheraren bat eta, bereziki, ondoren aipatzen diren gorabehera hauetakoren bat gertatuz gero, ikastetxeek jasotako diru-laguntza eta sortutako legezko interesak itzuli beharko dituzte:

a) Burutzen den proiektuaren eta ikastetxe onuradunek aurkeztutako azken txostenaren jarraipenetik eskaintza onartzerakoan, hasierako proiektuan aurreikusitako gutxieneko helburuak ez dituztela lortzen ondorioztatzea.

b) Agindu honetan eta agindua garatuko duten ebazpenetan xedatutakoa nola edo hala ez betetzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten eginbeharrak ez betetzea.

4.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 17ko EHAA) araututa dago itzultzeko prozedura.

19. artikulua.– Ikastetxeen betebeharrak.

1.– Diruz lagundutako ikastetxeek, baimendutako ikastetxeetarako ezarritako betebeharrez gain, ondorengo hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, deialdiaren ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek esanbidezko ukapena egiten ez badiote eta idatziz horren berri ematen ez badute, diru-laguntza onartzen dutela ulertuko da.

Heziketa-zikloak eskaintza partzialeko modalitatean irakasteko baimenduta dauden, baina, horiek irakasteko diru-laguntza eskaturik, hura lortu ez duten ikastetxeek idatziz berretsi beharko dute, hamabost egun naturaleko epean, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren aurrean, baimendutako moduluak irakasteko asmoari eusten diotela. Bestela, baimenari uko egin diotela ulertuko da.

b) Diru-laguntza, eman den xede jakinerako erabiltzea.

c) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jakinaraztea eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kargurako jasotako diru-laguntzei buruzkoa.

d) Lanbide Heziketako zikloak eskaintza partzialean irakasteko baimendutako ikastetxeek dituzten baldintza guztiak ere betetzea; hain zuzen ere, agindu honen 13. artikuluan adierazitakoak.

e) Txosten ekonomikoa eta egindako gastuaren laburpena aurkeztu beharko da, ondorengo agiriak erantsita: gastu guztien zerrenda exhaustiboa, kapituluak eta kontzeptuak kontuan hartuta ordenatuta, fakturen zerrenda kronologikoki antolatuta eta beste edozein frogagiri, betiere legez onartuta badaude eta emandako diru-laguntzari badagozkio.

Justifikazio hori 2016ko uztailaren 31 baino lehenago aurkeztutako da, bitarteko elektronikoen bidez, egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean sartuta: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

Justifikazioari buruzko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan jasota daude, helbide honetan:

https://euskadi.net/diru_laguntza/2015/espar/y22-izapide/eu

Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak laginketa-tekniken bidez egiaztatuko ditu diruz lagundutako jardueraren ziurtagiriak, hain zuzen ere egoki irizten dituenak, diruaren kopuru osoak, diru-laguntzen kopuruak zuzenak direla eta diru-laguntzak eurak ondo erabili direla ziurtatzeko.

Ikastetxe onuradunek jasotako funtsen erabileraren egiaztagiriak gorde beharko dituzte, egiaztatu eta kontrola daitezkeen bitartean.

f) Deialdi honen bidez diruz lagundutako prestakuntza-ekintzek guztiz doakoak izan beharko dute parte-hartzaileentzat.

20. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez lortzen den diru-laguntza bateraezina da beste erakunde publiko edo pribatu batek xede bererako emandako beste edozein diru-laguntzarekin.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek aurreikusi ez duenari dagokionez, 30/1992 Legea hartuko da aintzat, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua zati batean. Halaber, diru-laguntza publikoak arautzen dituen legedia.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, hilabete biko epean. Epe biok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 23a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala