Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

121. zk., 2015eko ekainaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2905

AGINDUA, 2015eko ekainaren 16koa, Osasuneko sailburuarena, honako erakunde hauei laguntzak emateko deialdia egitekoa: osasunaren esparruan diharduten irabazi-asmorik gabeko elkarteak, osasun-espezialitateetako irabazi-asmorik gabeko erakunde zientifikoak, eta osasun alorreko profesionalen elkargo ofizialak. Laguntzen xedea da erakunde horien funtzionamendua eta langileen etengabeko prestakuntzarako jardueren antolaketa.

Herritarrei osasun-arreta egokia ematea hainbat faktoreren ondorio da. Faktore horien artean garrantzi handikoa da pertsonal sanitarioaren trebakuntza, eta horretarako behar-beharrezkoa da kalitatezko prestakuntza-prozesu bat gauzatzea.

Hainbat irakaskuntza eta prestakuntza-jarduera egiten dira askotariko erakundeen bidez. Erakunde horien lehentasunezko helburuen artean dago kideen trebakuntza, bai eta eremu zabalagoetako osasun-alorreko profesionalen trebakuntza ere. Horrenbestez, prestakuntzaren lehen zikloa amaitu ondoren, osasun-alorreko profesional horiek prestakuntza-jardueretan parte hartzeko aukera dute Euskadiko osasun-sisteman lanean diharduten denboran zehar.

Jarduera horiek bi motatakoak dira. Lehenik eta behin, ikastaroak ematen dira, kontzeptu horren eduki zabala aintzat hartuta. Zeregin horretan dihardute osasun-alorreko profesionalen elkargo ofizialek, osasun-erakundeek eta beste erakunde batzuek, elkarte zientifikoak barne hartuta.

Baina, horrez gain, erakunde horietako asko profesionalen arteko komunikazioa bultzatzen duten elkargune dira eta ezagutzaren zabalkundea kudeatzen dute. Horretarako, batzuetan bilera zientifikoak antolatzen dituzte, eta beste batzuetan, berriz, aldizkariak argitaratzen dituzte.

Osasun Sailaren aburuz, profesionalen elkarteekin eta elkarte zientifikoekin lankidetzan jardutea positiboa eta ezinbestekoa da gaixotasunak dituzten pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko.

Deialdi honen bidez diruz lagunduko diren jarduerak izan behar dute Osasun Sailak oraingo legealdirako lehentasunezko eremutzat jotako alorretakoak. Jardueren xedeak honako erronka hauen ingurukoak izan behar dute: gaixotasun kronikoak, zahartzaroa eta mendekotasuna, bai eta gaixoari ematen zaion arretaren kalitate-estandarren hobekuntza ere.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da honako jarduera hauek eragindako gastuak finantzatzeko laguntzen deialdia arautzea:

1.– Osasun-alorreko profesionalentzako prestakuntza-jarduerak eta jarduera zientifikoak hedatzeko ekintzak antolatzea. Jarduera horiek 2015ean egin behar dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta honako bi modalitate hauetakoak izan daitezke:

a) Bilera zientifikoen antolaketa (kongresuak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak eta hitzaldiak).

b) 100 ordu baino gutxiagoko ikastaro eta tailerren antolaketa.

2.– Erakundeak eratzea edo erakundeen funtzionamendua eta aldizkako argitalpenen edizioa, bi modalitatetan:

a) Osasun-espezialitateetako irabazi asmorik gabeko erakunde zientifikoen eraketa- eta funtzionamendu-gastuak finantzatzeko laguntzak, betiere, erakunde horiek, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izanik, osasun-arloko profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa eman eta osasun-arloko ikerkuntza bultzatzen badute.

b) Aldizkako argitalpen zientifiko-sanitarioentzako laguntzak.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak jaso ahal izango dituzte modalitate bakoitzari dagokion kapituluan adierazitako erakundeek.

2.– Ezin izango dute parte hartu diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzea dakarren zehapen penal bat edo administrazio-zehapen bat duten erakundeek, ez eta laguntzak jasotzeko lege-debekua dutenek, sexuan oinarritutako diskriminazioagatik ezarritakoak barne hartuta.

3.– Erakunde onuradunei laguntzak emateko eta ordaintzeko, hala badagokie, baldintza hau bete behar dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik ere izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura oro amaitzea.

4.– Erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar ditu, arauz zehaztu den bezala. Osasun Plangintza, Antolamendu eta Ebaluaziorako Zuzendaritzak, laguntzen organo kudeatzaile gisa jardungo duen aldetik, ofizioz egiaztatuko du Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten erakunde eskatzaileek obligazio horiek betetzen dituztela, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Laguntzak emango dira Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa-prozeduraren bitartez. Ondorio horietarako, laguntzak emango dira modalitate bakoitzean aurkeztutako eskaerak alderatuta. Horrenbestez, Agindu honetako dagokion kapituluan modalitate bakoitzarentzat ezarritako balioespen-irizpideak aintzat hartuta, eskaeren hurrenkera xedatuko da, eta balioespen-fasean lor daitezkeen puntu guztien erdia gutxienez lortutako eskaerei soilik emango zaizkie laguntzak, modalitate bakoitzari esleitutako kredituak agortu arte, hala gertatuz gero.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen helburuetarako 2015ean xedatutako baliabide ekonomikoen guztirako zenbatekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-kredituetatik datorrena, hirurogeita hemeretzi mila laurehun eta bederatzi (79.409) eurokoa da, honela banatuta:

Bilera zientifikoak antolatzeko laguntzak: hemeretzi mila zortziehun eta berrogeita hamabi (19.852) euro.

Ikastaroak eta tailerrak antolatzeko laguntzak: hogeita zazpi mila zazpiehun eta laurogeita hamahiru (27.793) euro.

Erakundeak eratzeko edo haien funtzionamendua bultzatzeko laguntzak: hemeretzi mila zortziehun eta berrogeita hamabi (19.852) euro.

Aldizkariak argitaratzeko laguntzak: hamaika mila bederatziehun eta hamabi (11.912) euro.

2.– Agindu honetan kontuan hartutako modalitateren batean deialdia erabaki ondoren baliabideak geratuz gero, erabaki gabe dauden gainerako laguntza-programen zuzkidurak handiagotzeko erabili ahal izango dira. Hala gertatuz gero, Osasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez jakinaraziko da.

3.– Era berean, artikulu honen 1. paragrafoan adierazitako guztirako zenbatekoa handiagotu egin ahal izango da, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Osasun Sailaren programak gauzatu ostean agortu gabe geratu diren aurrekontu-zuzkiduren arabera, indarrean dagoen legediak kreditu-loturarako edo aurrekontuak aldatzeko ezarritako araubideari jarraikiz, eta laguntzak emateko hasiko den prozeduraren ebazpena eman baino lehen. Egoera hori gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzen zenbatekoak erabakitzeko, kontuan hartuko da diruz lagunduko den jardueraren garrantzia, bai eta sarreren eta gastuen aurrekontua, eta bestelako finantzazio-iturrien existentzia.

Onartutako eskaeren hurrenkera ezarri ondoren, modalitate bakoitzari dagozkion baremazio irizpideak aplikatuta ateratako puntuazioak oinarri hartuta, dagoen aurrekontua banatzeari ekingo zaio, eta eskaerak finantzatuko dira, goitik beherako puntuazio-ordenaren arabera, modalitate bakoitzari esleitutako kredituak agortu arte.

Emango den laguntzak ez du inolaz ere gaindituko eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan adierazitako defizita.

6. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen babesean emango diren laguntzak bateragarriak izango dira helburu bera lortzeko eskura daitekeen beste edozein laguntza zein diru-laguntza lortzearekin. Dena dela, lortutako laguntzen guztirako zenbatekoa izanez gero eskaeran adierazitako defizita baino handiagoa, soberakina kenduko zaio Osasun Sailak ematen duen laguntzari.

Laguntzaren onuradunak Osasun Plangintza, Antolamendu eta Ebaluaziorako Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio helburu bera lortzeko beste edozein laguntza eskuratu duela, laguntza hori lortu eta hilabeteko epean, gehienez jota.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Izapidetze elektronikoa honako xedapen hauen bidez araututa dago: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa, eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarena, e-administraziorako plataforma teknologikoa (Platea) ezartzen duena.

2.– Aipatutako 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluaren lehenengo paragrafoa oinarri hartuta, Agindu honetan kontuan hartutako edozein modalitatetako eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira. Horretarako, laguntzen modalitate bakoitzean adierazita daude erabil daitezkeen egoitza elektronikoak.

3.– Erakunde eskatzaileek eskaera-espedientearen egoera administratiboa kontsultatu ahal izango dute https://www.euskadi.net/y22-home/es/ egoitza elektronikoan. Egoitza horren bidez, «Nire gestioak» ataletik, normalizatu gabeko dokumentuak bidali beharko dituzte, eta egoki izanez gero, eskaera egin ondoren aurkeztu beharreko dokumentuak igortzeko, jakinarazpenak jasotzeko eta eskaeraren inguruko izapide guztiak egiteko aukera izango dute.

8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskaerak eta gainerako dokumentuak aurkezteko epea, dagokion modalitateari buruzko kapituluan adierazitakoari jarraiki, hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Erakundeek hautatutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, eskatutako gainerako dokumentuekin batera. Halaber, eskaeraren ondorioz egingo diren jarduketetarako, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozedura guztian, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legeak, 6.1 artikuluan ezarritakoari jarraiki.

3.– Eskabidea egiteko dokumentu normalizatuak eskura daitezke honako webgune hauetan:

Bilerak:

Gaztelaniaz: http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/reuniones_2015/es_def/index.shtml

Euskaraz: http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/reuniones_2015/eu_def/index.shtml

Ikastaroak:

Gaztelaniaz: http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/cursos_2015/es_def/index.shtml

Euskaraz: http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/cursos_2015/eu_def/index.shtml

Entitateak:

Gaztelaniaz: http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/entidades_2015/es_def/index.shtml

Euskaraz: http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/entidades_2015/eu_def/index.shtml

Argitalpenak:

Gaztelaniaz: http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/publicaciones_2015/es_def/index.shtml

Euskaraz: http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/publicaciones_2015/eu_def/index.shtml

Aginduan eskatutako beste edozein dokumentu edo eskatzaileak aurkeztu nahi duen edozein agiri euskarri elektronikoan igorri beharko da, aurreko artikuluaren hirugarren puntuan adierazitako atalaren bidez.

9. artikulua.– Eskaeraren akatsak zuzentzea.

Laguntza-eskaeran adierazi beharreko xehetasun guztiak ez badira eman, edo laguntza modalitate bakoitzerako aurkeztu beharreko dokumentazioa ez bada entregatu, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzea, edo behar diren dokumentuak aurkeztea. Hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Administrazioak eskaera horiei buruzko berariazko ebazpenak eman eta jakinarazi beharko ditu, azaroaren 26ko 30/1992 legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

10. artikulua.– Eskaeren ebaluazioa.

1.– Aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko, dagokion balioespen-batzordea eratuko da. Honako hauek izango dira Batzorde horretako kide:

a) Lehendakaria: Osasun Plangintza, Antolamendu eta Ebaluaziorako zuzendaria.

b) Bokalak:

– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoaren Asistentzia Sanitarioko zuzendaria edo hark eskuordetutako beste norbait.

– Irakaskuntzarako eta Garapen Profesionalerako zerbitzuaren burua.

c) Idazkaria: Osasun Saileko Irakaskuntzarako eta Garapen Profesionalerako Zerbitzuko laguntzen teknikari arduraduna.

2.– Batzordeak, laguntza-modalitate bakoitzarentzat aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatu eta ebaluatuko ditu eskabideak, eta Osasuneko sailburuordeari helaraziko dio ebazpen proposamena.

3.– Balioespenean lor daitezkeen puntu guztien erdia lortzen ez duten eskaerak ez dira finantzatuko.

11. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak eta jakinarazteko modua.

1.– Modalitate bakoitzari dagozkion lehiaketa-prozedurak erabakiko dira Osasuneko sailburuaren ebazpen banaren bidez, balioespen-batzordeak proposamena egin ostean, eta zuzendaritza organo horren ebazpen bakar batean biltzeko aukeraren kalterik gabe.

2.– Hartzen diren erabakiek zehaztuko dute prozedura bakoitzean eskatutako diru-laguntzak ematea edo ez ematea. Ematen badira, erakunde onuraduna, diruz lagundutako jarduera edo ekitaldia eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ere adieraziko dira. Ematen ez badira, ezezkoaren oinarrian dauden zioak adieraziko dira.

3.– Prozedura bakoitzean hartuko den erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, hiru hilabeteko epean, Agindu hau indarrean jarritako egunetik zenbatzen hasita. Epe hori amaitu ondoren, dagozkien ebazpenak argitaratu ez badira, erakunde interesdunek ulertuko dute eskaerari ezezkoa eman zaiola, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44. artikuluan ezarritakoari jarraiki, Administrazioak berariaz erabakitzeko duen betebeharraren kalterik gabe.

4.– Prozedura bakoitzari dagokion ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke haren aurka, Osasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 artikuluan ezarritakoari jarraiki.

5.– Diru-laguntzak esleitzeko ebazpenak EHAAn argitaratzen direnetik 10 egun naturaleko epean, erakunde onuradunak ez badio Osasun Sailari telematikoki jakinarazten laguntzari uko egin diola, laguntza onartu duela ulertuko da.

6.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak argitalpenen berri emateko mezuak bidali ahal izango dizkie pertsona interesdunei, SMS mezuen bidez edo posta elektronikoaren bidez. Mezu horiek, ez dira, inolaz ere, egindako jakinarazpen gisa hartuko.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Nolanahi ere, diru-laguntzaren onuradunek honako eginbide hauek bete beharko dituzte:

a) Agindu honetan ezarritako guztiak.

b) Diru-laguntza erabiltzea emandako xede jakinerako.

c) Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzari buruz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematea.

d) Osasun Plangintza, Antolamendu eta Ebaluaziorako Zuzendaritzari jakinaraztea eskaeran adierazitako datu edo egoeretan gertatutako edozein aldaketa, hilabeteko epean gehienez ere, aldaketa egindako egunetik zenbatzen hasita.

e) Diruz lagundutako jardueraren berri ematen duen dokumentazioan berariaz jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako finantza-laguntza.

13. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak bi zatitan ordainduko dira.

2.– Lehen ordainketa izango da diru-laguntzaren zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarrekoa (% 50), eta berehala egingo da, emate-erabakia argitaratu eta 11.5 artikuluan adierazitako epea igaro ondoren onuradunak berariaz uko egin ez badio.

3.– Bigarren ordainketa egingo da laguntza-modalitate bakoitzarentzat aurrerago adierazten diren baldintza eta epeen arabera.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.

Diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzen aldaketa oro, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatu batek emandako laguntzak –halakorik balego– direla-eta, baliteke diru-laguntzaren zenbatekoa murriztea. Murrizketa hori egiteko espedientea hastea eta izapidetzea Osasun Plangintza, Antolamendu eta Ebaluaziorako zuzendariaren eskumena izango da, eta erabakitzeko eskumena, berriz, Osasuneko sailburuordeari dagokio.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euska Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeak eta haien itzultzeak arautzen dituenak, ezarritakoari jarraiki, erakunde onuradunak betetzen ez baditu baldintzak, ezarritako epeak, laguntzaren xedea, edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, 53. artikuluaren 1. eta 2. puntuetan ezarritako eginbeharrak betetzen ez baditu, laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko da, dagozkion prozedurazko izapideak egin ondoren. Halaber, egoki izanez gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio jasotako zenbatekoak, legezko interesak erantsita, bidezko gainerako ekintzen kalterik gabe. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

Ez-betetzeagatik dirua itzultzeko prozedura hastea, izapidetzea eta erabakitzea Osasuneko sailburuaren eskumena izango da.

II. KAPITULUA
BILERA ZIENTIFIKOAK ANTOLATZEKO LAGUNTZAK

16. artikulua.– Xedea.

Laguntza-modalitate honen xedea da profesional sanitarioen artean osasun-alorreko jarduera zientifikoa hedatzeko aurrez aurreko bileren antolaketa finantzatzen laguntzea. Bilerak 2015ean egin behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoan. Modalitate honetarako xedatutako baliabide ekonomikoen zenbatekoa hemeretzi mila zortziehun eta berrogeita hamabi (19.852) eurokoa da.

Kapitulu honetan diruz laguntzekoak diren bilerak Osasun Sailak legealdi honetarako lehentasunezko eremutzat jotako alorretakoak izan behar dira (agindu honen aitzinsolasean adierazitakoak), eta, batez ere, alor hauetakoak: profesionalei zainketa aringarrietan prestakuntza eskaintzea, gaixotasun arraroetan prestakuntza eskaintzea eta/edo sentsibilizatzea eta desgaitasuna duten pertsonei hortz arreta ematea.

17. artikulua.– Hartzaileak.

Laguntza-modalitate hau eskuratu ahal izango dute osasunaren esparruan diharduten irabazi-asmorik gabeko elkarteek, osasun espezialitateetako irabazi-asmorik gabeko erakunde zientifikoek eta osasun-alorreko profesionalen elkargo ofizialek.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko unitate eta zentroek antolatutako bilerak.

18. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera telematikoki aurkeztu behar da. Horretarako, 8.3 artikuluan adierazitako helbideetan eskura dauden inprimakiak erabili behar dira.

Eskaeraren bidez aitorpen arduratsua jasoko da. Aitorpen horretan eskera bera jakinaraziko da eta, hala badagokio, xede bererako jaso izandako bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, edozein administrazio edo entitate publiko zein pribatuk emandakoak.

Halaber, aitorpen bidez egiaztatuko dira honako alderdi hauek:

– Erakunde eskatzaileari ez zaiola ezarri laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren administrazio-zehapenik edo zigorrik, eta ez dagoela horretarako desgaitzea dakarren lege debekuren batean.

– Erakundearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) badago, erakundea legez eratuta eta EAEko dagokion erregistroan inskribatuta dagoela, erregistro-zenbakia eta data adierazita.

– Eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak benetakoak direla, eta erakundeak betetzen dituela indarrean dagoen legedian laguntza horien onuradun izateko ezarritako baldintzak.

Eskaerarekin batera, dokumentu hauek jasoko dira:

a) Zientzia-bilkurak antolatzeko laguntzarako eskabidearen eranskina (I. eranskina).

b) Memoria bat, bilera antolatzea eragin duten helburuak eta jarduerentzat aurreikusitako hedapena jasotzen dituena.

c) Atariko programa, eta ekitaldi zientifikoaren deskribapen ahalik eta zehatzena.

d) Txostengile nagusien izenak jasotzen dituen agiria, baldin eta programan jasota ez badago.

e) Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza (II. eranskina).

Erakundearen egoitza EAEtik kanpo badago, honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko ditu:

a) Elkarteen erregistroan edo dagokion erregistro publikoan inskribatuta dagoela adierazten duen egiaztagiriaren kopia.

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko dokumentuaren kopia.

c) Erakunde antolatzailearen estatutu edo erregelamendu ofizialen kopia.

d) Dagokion administrazio-instantziak emandako ziurtagiria, erakunde antolatzaileak zerga betebeharren ordainketak egunean dituela edo horrelako obligaziorik ez daukala adierazten duena.

19. artikulua.– Esleipen-irizpideak.

Laguntzak esleituko dira irizpideak oinarri hartuta, eta haztapen honen arabera:

a) Ekintzaren interes zientifikoa, tipologia oinarri hartuta. Kongresuei 30 puntuko balioespena emango zaie, eta gainerako bilerei 15 puntukoa.

b) Bat etortzea bileraren helburuak eta Osasun Sailak legealdi honetarako lehentasunezko eremutzat jotako alorrak (agindu honen aitzinsolasean adierazitakoak), eta, batez ere, bat etortzea profesionalei zainketa aringarrietan prestakuntza eskaintzearekin, gaixotasun arraroetan prestakuntza eskaintzearekin eta/edo sentsibilizatzearekin eta desgaitasuna duten pertsonei hortz arreta ematearekin: gehienez 35 puntu; 35, 20 edo 10 puntuko balioespena emango zaie, egokitasuna handia, ertaina edo txikia den kontuan hartuta.

c) Bertaratuko diren parte-hartzaileen aurreikuspena. Puntu bat emango zaio 20 bertaratuko (10 puntu gehienez).

d) Txostengileen kopurua. Puntu bat emango zaio txostengile bakoitzeko (10 puntu gehienez).

e) Oihartzun-eremua: nazioartekoak 15 puntu, estatukoak 10 puntu, eta EAEkoak eta lurralde-eremu txikiagoa 5 puntu.

Balioespenean 50 puntu lortzen ez duten eskaerak ez dira finantzatuko.

Emango den laguntza kuantifikatzeko ez dira gastu sozialak zenbatuko; alegia, parte hartzaileen bazkariak –txostengileenak izan ezik–, ekitaldi ludikoak eta protokolo-gastuak ez dira kontuan hartuko. Ez da kontuan hartuko, era berean, ekitaldia egiten den lokalaren alokairua, baldin eta erakunde onuradunaren beraren elementua bada.

Ezingo dira diruz lagundu erakundeek beren estatutu eta erregelamenduak aplikatuz egiten dituzten ohiko bilerak.

Kongresuak antolatzeko gehienez emango den zenbatekoa 5.400 eurokoa izango da. Modalitate honetan kontuan hartutako gainerako ekitaldietan, berriz, gehienez emango den zenbatekoa 3.000 eurokoa izango da. Zenbatekoak eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan jasotzen den defizita baino handiagoak badira, aurrekontuko defizitaren zenbatekoa ordainduko da, agindu honen 5. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

20. artikulua.– Ordainketa.

Emandako laguntza 13. artikuluan xedatutakoaren arabera ordainduko da, eta laguntzaren bigarren zatia ordainduko da diruz lagundutako bilera egin eta gehienez bi hilabeteko epean eta betiere 2016ko urtarrilaren 9a baino lehen agiri hauek aurkeztu ostean:

a) Diruz lagundutako bilerako gastu eta diru-sarrera guztien balantze ekonomikoa. Bertan, gainera, jasotako datuak benetakoak direla aitortzen duen zinpeko aitorpena jasoko da, erakunde antolatzailearen arduradunarena (III. eranskina).

b) Ekitaldiak eragindako gastuen jatorrizko fakturak, paperezko euskarrian, edo pareko balioa duten frogagiriak, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo administrazio eraginkortasuna dutenak, jasotako laguntzaren zenbatekoaren parekoak edo gehiagokoak. Aurkezten diren jatorrizko fakturak itzuliko dira, helaraztean hala eskatuz gero.

c) Azken memoria, balantze zientifikoa eta bertaratuei emandako materialak barne hartzen dituena. Material hori memorian esteka edo link bat sartuz ere eman ahal izango da (zeinaren bidez edukira sartu ahal izango baita).

Erakundearen egoitza EAEtik kanpo badago, honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko ditu:

Dagokion administrazio-instantziak emandako ziurtagiria, erakunde antolatzaileak zerga-betebeharren ordainketak egunean dituela edo horrelako obligaziorik ez daukala adierazten duena.

Artikulu honetan adierazitako dokumentazio guztia telematikoki aurkeztu beharko da, jatorrizko fakturak izan ezik, horiek postaz bidali beharko baitira.

III. KAPITULUA
IKASTAROAK ETA TAILERRAK ANTOLATZEKO LAGUNTZAK

21. artikulua.– Xedea.

Laguntza-modalitate honen xedea da pertsonal sanitarioaren prestakuntza helburu duten osasun alorreko ikastaroak eta tailerrak finantzatzen laguntzea. Ikastaro eta tailer horiek 2015ean egin behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoan. Modalitate honetarako xedatutako baliabide ekonomikoen zenbatekoa hogeita zazpi mila zazpiehun eta laurogeita hamahiru (27.793) eurokoa da.

Kapitulu honetan diruz laguntzekoak diren jarduerak Osasun Sailak legealdi honetarako lehentasunezko eremutzat jotako alorretakoak izan behar dira (agindu honen aitzinsolasean adierazitakoak), eta, batez ere, alor hauetakoak: profesionalei zainketa aringarrietan prestakuntza eskaintzea, gaixotasun arraroetan prestakuntza eskaintzea eta/edo sentsibilizatzea eta desgaitasuna duten pertsonei hortz arreta ematea.

Laguntza eskatzen den ikastaroek eta tailerrek Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluaren ziurtapena izan beharko dute, edo, bestela, agindu honen 8. artikuluan adierazitako eguna baino lehen, Kontseiluan dagokion ziurtapena jasotzeko eskabidea aurkeztuta egon beharko da, ziurtapen-prozeduran xedatutakoarekin bat etorriz eskatzekoak diren agiri guztiekin batera.

22. artikulua.– Hartzaileak.

Laguntza-modalitate hau eskuratu ahal izango dute osasunaren esparruan diharduten irabazi asmorik gabeko elkarteek, osasun-espezialitateetako irabazi asmorik gabeko erakunde zientifikoek eta osasun-alorreko profesionalen elkargo ofizialek.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko unitate eta zentroek antolatutako bilerak, bai eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko profesional sanitarioentzat soilik direnak ere.

23. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera telematikoki aurkeztu behar da. Horretarako, 8.3 artikuluan adierazitako helbideetan eskura dauden inprimakiak erabili behar dira.

Egin beharreko ikastaro edo tailer bakoitzeko eskabide bakarra egingo da, alde batera utzita ikastaro edo tailer horren zenbat edizio egiten den 2015ean zehar.

Eskaeraren bidez aitorpen arduratsua jasoko da. Aitorpen horretan eskaera bera jakinaraziko da eta, hala badagokio, xede bererako jaso izandako bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, edozein administrazio edo entitate publiko zein pribatuk emandakoak.

Halaber, aitorpen bidez egiaztatuko dira honako alderdi hauek:

– Erakunde eskatzaileari ez zaiola ezarri laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren administrazio-zehapenik edo zigorrik, eta ez dagoela horretarako desgaitzea dakarren lege debekuren batean.

– Erakundearen egoitza EAEn badago, erakundea legez eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta dagoela, erregistro-zenbakia eta data adierazita.

– Eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak benetakoak direla, eta erakundeak betetzen dituela indarrean dagoen legedian laguntza horien onuradun izateko ezarritako baldintzak.

Eskaerarekin batera, dokumentu hauek jasoko dira:

a) Ikastaroak edo tailerrak antolatzeko eskabidearen eranskina (I. eranskina).

b) Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, kontzeptuen arabera zehaztua (II. eranskina).

c) Emango den diploma edo ziurtagiria, halakorik balego.

Erakundearen egoitza EAEtik kanpo badago, honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko ditu:

a) Elkarteen erregistroan edo dagokion erregistro publikoan inskribatuta dagoela adierazten duen egiaztagiriaren kopia.

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko dokumentuaren kopia.

c) Erakunde antolatzailearen estatutu edo erregelamendu ofizialen kopia.

d) Dagokion administrazio-instantziak emandako ziurtagiria, erakunde antolatzaileak zerga betebeharren ordainketak egunean dituela edo horrelako obligaziorik ez daukala adierazten duena.

24. artikulua.– Esleipen- eta kuantifikazio-irizpideak.

Ondorengo lerroetan balioespen-irizpideak zehaztuko dira, dagozkien haztapenekin, eta horrenbestez, eskaeren hurrenkera xedatuko da.

a) Ikastaroak edo tailerrak kalitatearen atalean lortutako puntuazioa, Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluak egindako egiaztapen-prozesuaren barruan: 70 puntu, gehienez.

Kontseilu horrek egindako ziurtapen prozesuaren barruan, kalitatearen esparruan, 1,40 puntu edo gehiago jaso dituzten ikastaro eta tailerrek bakarrik jaso ahal izango dute diru-laguntza.

b) Bat etortzea ikastaro edo tailerraren helburuak eta Osasun Sailak legealdi honetarako lehentasunezko eremutzat jotako alorrak (agindu honen aitzinsolasean adierazitakoak), eta, batez ere, bat etortzea profesionalei zainketa aringarrietan prestakuntza eskaintzearekin, gaixotasun arraroetan prestakuntza eskaintzearekin eta/edo sentsibilizatzearekin eta desgaitasuna duten pertsonei hortz arreta ematearekin: 30 puntu, gehienez. Bat etortzea handia bada 30 puntu emango dira, ertaina bada 15 puntu emango dira, eta txikia bada 5 puntu emango dira.

50 puntu baino gutxiago lortzen baditu, ez zaio diru-laguntzarik emango.

Finantzatuko den gehieneko zenbatekoa honela aterako da: 80 euro bider emandako ikastorduak. Zenbatekoa eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan jasotzen den defizita baino handiagoa bada, aurrekontuko defizitaren zenbatekoa ordainduko da, agindu honen 5. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Irizpide horren arabera ateratako laguntzen batura dagoen aurrekontua baino handiagoa bada, emandako laguntza bakoitza portzentaje berean gutxituko da.

25. artikulua.– Ordainketa.

Emandako laguntza 13. artikuluan xedatutakoaren arabera ordainduko da, eta laguntzaren bigarren zatia ordainduko da diruz lagundutako ikastaro edo tailerraren edizio guztiak egin eta gehienez hiru hilabeteko epean eta betiere 2016ko urtarrilaren 9a baino lehen agiri hauek aurkeztu ostean:

a) Diruz lagundutako ikastaro edo tailerreko gastu eta diru-sarrera guztien balantze ekonomikoa. Bertan, gainera, jasotako datuak benetakoak direla aitortzen duen zinpeko aitorpena jasoko da, erakunde antolatzailearen arduradunarena (III. eranskina).

b) Ekitaldiak eragindako gastuen jatorrizko fakturak, paperezko euskarrian, edo pareko froga-balioa duten agiriak, trafiko juridiko merkantilean balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak; haien zenbatekoa jasotako laguntzaren bestekoa edo handiagoa izan beharko da. Igortzean hala eskatzen bada, aurkeztutako jatorrizkoak itzuli egingo dira.

c) Azken memoria, ikastaroko edo tailerreko parte-hartzaileei eta bertaratuei emandako materialak barne hartzen dituena. Material hori memorian esteka edo link bat sartuz ere eman ahal izango da (zeinaren bidez edukira sartu ahal izango baita).

Erakundearen egoitza EAEtik kanpo badago, aurkeztu beharko du, gainera, dagokion administrazio instantziak emandako ziurtagiria, erakunde antolatzaileak zerga-betebeharren ordainketak egunean dituela edo horrelako obligaziorik ez daukala adierazten duena.

Artikulu honetan adierazitako dokumentazio guztia telematikoki aurkeztu beharko da, jatorrizko fakturak izan ezik, horiek postaz bidali beharko baitira.

IV. KAPITULUA
ERAKUNDEEN ERAKETARAKO EDO FUNTZIONAMENDURAKO LAGUNTZAK

26. artikulua.– Xedea.

Modalitate honen xedea da 2015ean osasun-espezialitateetako erakunde zientifikoen eraketarako eta funtzionamendurako laguntzak ematea. Erakunde horiek ez dute irabazi-asmorik izan behar eta Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute egoitza ofiziala; osasun-alorreko profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa eskaini behar diete, edo ikerkuntza sustatu behar dute. Modalitate honetarako xedatutako baliabide ekonomikoen zenbatekoa hemeretzi mila zortziehun eta berrogeita hamabi (19.852) eurokoa da.

Erakundeak eratzeko gastutzat hartuko dira honako jarduera hauek eragindako gastuak: prestaketa-bilerak, zabalkundea, erregistro publikoetako eta notario-erregistroetako jarduerak, zerga-betebeharrak, administrazio eta pertsonal-gastuak, eta erakundea sortzeko beharrezkoa den beste edozein gastu.

Erakundeen funtzionamendurako gastutzat hartuko dira administrazio-jardueran bilerak antolatzeak eragindakoak, bai eta pertsonal-gastuak, argitalpen-gastuak, zuzendaritza-batzordeko kideen joan-etorriek eragindako gastuak, amortizazioak, eta jardueraren garapenean eragindako beste edozein gastu.

Ez dira funtzionamendu-gastutzat joko gastu sozialak (bazkariak, protokolozko gastuak...), ez eta erakunde eskatzaileak emandako beka, sari zein laguntzek eragindako gastuak.

27. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera telematikoki aurkeztu behar da. Horretarako, 8.3 artikuluan adierazitako helbideetan eskura dauden inprimakiak erabili behar dira.

Eskaeraren bidez aitorpen arduratsua jasoko da. Aitorpen horretan eskaera bera jakinaraziko da eta, hala badagokio, xede bererako jaso izandako bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, edozein administrazio edo entitate publiko zein pribatuk emandakoak.

Halaber, aitorpen bidez egiaztatuko dira honako alderdi hauek:

– Erakunde eskatzaileari ez zaiola ezarri laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren administrazio-zehapenik edo zigorrik, eta ez dagoela horretarako desgaitzea dakarren lege debekuren batean.

– Erakundea legez eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta dagoela, erregistro-zenbakia eta data adierazita.

– Eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak benetakoak direla, eta erakundeak betetzen dituela indarrean dagoen legedian laguntza horien onuradun izateko ezarritako baldintzak.

Eskaerarekin batera, dokumentu hauek jasoko dira:

a) Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako laguntzarako eskabidearen eranskina (I. eranskina).

b) 2015erako jardueren plana, laguntza zer helburuetarako eskatzen den zehaztuta.

c) Erakundearen 2015erako aurrekontua, gastuak eta diru-sarrerak adierazita, kideen kuotak eta helburu bera lortzeko dauden beste finantziazio-iturri batzuk zehaztuta (II. eranskina).

d) 2014ko jardueren memoria, azken ekitaldiko balantzea eta emaitzen kontua, eta halakorik ez balego, diru-sarreren eta gastuen zerrenda (III. eranskina).

Eraketarako laguntza eskatzen duten erakundeek ez dute erantsi beharko d) atalean adierazitako dokumentazioa.

28. artikulua.– Esleipen-irizpideak.

Laguntzak esleituko dira irizpideak oinarri hartuta, eta haztapen honen arabera:

a) 2015erako jarduera-planean jasotako ekitaldi zientifiko bakoitzeko puntu bat (gehienez 25 puntu).

b) Programatutako jarduerek bat egitea Agindu honen aitzinsolasean adierazitako lehentasunezko eremuekin eta, batez ere, bat egitea profesionalei zainketa aringarrietan prestakuntza eskaintzearekin, gaixotasun arraroetan prestakuntza eskaintzearekin eta/edo sentsibilizatzearekin eta desgaitasuna duten pertsonei hortz arreta ematearekin: gehienez 25 puntu; 25, 15 edo 5 puntuko balioespena emango zaie, bakoitzaren egokitasuna handia, ertaina edo txikia den kontuan hartuta.

c) Espezialitate sanitario multiprofesionaletako erakunde zientifikoak izateagatik, 15 puntu gehienez.

d) Jardueren eremu geografikoa: 15 puntu, gehienez. Autonomia-erkidego bat baino gehiago hartzen dituztenengatik 15 puntu, EAE hartzen dutenengatik 10 puntu, eta lurralde-eremu txikiagoa hartzen dutenengatik 5 puntu.

e) Bazkideen kopurua: 20 puntu, gehienez, honako irizpide hauen arabera:

Hirurehun bazkide edo gehiago dituzten erakundeei 20 puntu.

Berrehun bazkidetik gora baina hirurehun bazkidetik behera dituzten erakundeei 15 puntu.

Ehun bazkidetik gora baina berrehun bazkidetik behera dituzten erakundeei 10 puntu.

25 bazkidetik gora baina 100 bazkidetik behera dituzten erakundeei 5 puntu.

25 bazkidetik behera dituzten erakundeei 0 puntu.

29. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Ezarritako hurrenkera oinarri hartuta, honako baremo honen araberako laguntzak kuantifikatuko dira, esleitutako kredituek ematen dituzten aukeren arabera:

Lortutako puntuazioa 85 puntutik 100 puntura bitartekoa izanez gero, eskaerarekin batera aurkeztutako aurrekontuaren ondoriozko defizitaren % 80 arte finantzatu ahal izango da.

75 puntutik 84 puntura bitartekoa izanez gero, % 70 arte finantzatu ahal izango da.

60 puntutik 74 puntura bitartekoa izanez gero, % 60 arte finantzatu ahal izango da.

50 puntutik 59 puntura bitartekoa izanez gero, % 50 arte finantzatu ahal izango da.

Balioespenean 50 puntu lortzen ez duten eskaerak ez dira finantzatuko.

2.– Emandako laguntzak ezingo du inoiz gainditu 9.000 euroko zenbatekoa. Zenbatekoa eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan jasotzen den defizita baino handiagoa bada, aurrekontuko defizitaren zenbatekoa ordainduko da, agindu honen 5. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

30. artikulua.– Ordainketa.

Diru-laguntza ordainduko da 13. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta laguntzaren bigarren zatia ordainduko da 2016ko urtarrilaren 9a baino lehenago honako dokumentu hauek aurkeztu ostean:

a) 2015ean egindako jardueren memoria.

b) Erakundearen balantzea eta emaitzen kontua, 2015ari dagokiona. Bertan, gainera, jasotako datuak benetakoak direla aitortzen duen zinpeko aitorpena jasoko da, erakundearen arduradunarena (III. eranskina).

c) Urtean zehar eraketak eta/edo funtzionamenduak eragindako gastuen jatorrizko fakturak, paperezko euskarrian, edo pareko froga-balioa duten agiriak, trafiko juridiko merkantilean balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak; haien zenbatekoa jasotako laguntzaren bestekoa edo handiagoa izan beharko da. Igortzean hala eskatzen bada, aurkeztutako jatorrizkoak itzuli egingo dira.

Artikulu honetan adierazitako dokumentazio guztia telematikoki aurkeztu beharko da, jatorrizko fakturak izan ezik, horiek postaz bidali beharko baitira.

V. KAPITULUA
ALDIZKARIAK ARGITARATZEKO LAGUNTZAK

31. artikulua.– Xedea.

Modalitate honen xedea da 2015ean zientziaren eta osasunaren alorreko aldizkari inprimatu edo digitalen argitalpena finantzatzeko laguntzak ematea. Modalitate honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak hamaika mila bederatziehun eta hamabi (11.912) eurokoak izango dira.

32. artikulua.– Hartzaileak.

Laguntza-modalitate hau eskuratu ahal izango dute osasunaren esparruan diharduten profesionalen irabazi-asmorik gabeko elkarteek, osasun-alorreko profesionalen elkargo ofizialek eta osasun-espezialitateetako erakunde zientifikoek, egoitza ofiziala EAEn izanez gero.

33. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera telematikoki aurkeztu behar da. Horretarako, 8.3 artikuluan adierazitako helbideetan eskura dauden inprimakiak erabili behar dira.

Eskaeraren bidez aitorpen arduratsua jasoko da. Aitorpen horretan eskaera bera jakinaraziko da eta, hala badagokio, xede bererako jaso izandako bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, edozein administrazio edo entitate publiko zein pribatuk emandakoak.

Halaber, aitorpen bidez egiaztatuko dira honako alderdi hauek:

– Erakunde eskatzaileari ez zaiola ezarri laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren administrazio-zehapenik edo zigorrik, eta ez dagoela horretarako desgaitzea dakarren lege debekuren batean.

– Erakundea legez eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta dagoela, erregistro-zenbakia eta data adierazita.

– Eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak benetakoak direla, eta erakundeak betetzen dituela indarrean dagoen legedian laguntza horien onuradun izateko ezarritako baldintzak.

Eskaerarekin batera, dokumentu hauek jasoko dira:

a) Aldizkako argitalpenen edizioetarako laguntzarako eskabidearen eranskina (I. eranskina).

b) Memoria bat, honako zehaztasun hauek ematen dituena: argitalpen-mota edo izaera, helburu duen publikoa, argitalpenaren banaketa-eremua, aldizkakotasuna, tirada, orrialdeen tamaina eta kopurua, zuzendariaren izena, idazkaritza-batzordeko kideak eta kolaboratzaile nagusiak, ISBN zenbakia –halakorik izango balu– eta dokumentuen datu-baseren batean sartuta dagoela –hala egongo balitz–jasota geratzea.

c) Aldizkariaren 2014ko balantze ekonomikoa (III. eranskina). 2015erako aurrekontua (II. eranskina), gastuak eta diru-sarrerak adierazita (harpidedunen kopurua, aleen salmenta-prezioa eta beste finantziazio-iturri batzuk zehaztu).

d) Argitaratutako azken zenbakiaren alea, edo bestela, aldizkari berri bat izanez gero, aldizkariaren zirriborro-alea. Ale hori dokumentu batean esteka edo link bat sartuz ere aurkeztu ahal izango da (zeinaren bidez edukira sartu ahal izango baita).

34. artikulua.– Esleipen-irizpideak.

Laguntzak esleituko dira irizpideak oinarri hartuta, eta haztapen honen arabera:

a) Argitalpenaren kalitate zientifikoa: 30, 15 edo 5 puntu, kalitatea handia, ertaina ala txikia den kontuan hartuta.

b) Argitalpenean jasotako artikulu zientifikoen kopurua: 30 artikulutik gora izanez gero, 30 puntu; 20 artikulutik gora argitaratuz gero, 20 puntu; eta 20 artikulu baino gutxiago hedatuz gero, 10 puntu.

c) Zabalkunderako eremu geografikoa: 25 puntu, gehienez: EAEtik kanpo hedatzen den eremua badu, 25 puntu; autonomia-erkidego guztian hedatzen bada, 20 puntu; eta zabalkunde geografikoa EAEko eremu batean izanez gero, 10 puntu.

d) Tirada bakoitzeko ale-kopurua: 15 puntu, gehienez.

Lortutako puntuazioa 85 puntutik 100 puntura bitartekoa izanez gero, eskaerarekin batera aurkeztutako aurrekontuaren ondoriozko defizitaren ehuneko % 80 arte finantzatu ahal izango da.

75 puntutik 84 puntura bitartekoa izanez gero, % 70 arte finantzatu ahal izango da.

60 puntutik 74 puntura bitartekoa izanez gero, % 60 arte finantzatu ahal izango da.

50 puntutik 59 puntura bitartekoa izanez gero, % 50 arte finantzatu ahal izango da.

Balioespenean 50 puntu lortzen ez duten eskaerak ez dira finantzatuko.

35. artikulua.– Laguntzen ordainketa eta zenbatekoa.

Argitalpen bakoitzerako emandako laguntzak ezingo du inoiz gainditu eskaerarekin batera aurkeztutako aurrekontuan adierazitako defizita, ez eta 4.200 euroko zenbatekoa ere.

Diru-laguntza ordainduko da 13. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta laguntzaren bigarren zatia ordainduko da 2016ko urtarrilaren 9a baino lehenago honako dokumentu hauek aurkeztu ostean:

a) 2015ean argitaratutako aldizkari-zenbakien ale bana. Ale horiek dokumentu batean link edo estekak sartuz ere aurkeztu ahal izango dira (zeinen bidez haien edukira sartu ahal izango baita).

b) Diruz lagundutako argitalpenaren gastu eta diru-sarreren balantzea. Bertan, gainera, jasotako datuak benetakoak direla aitortzen duen zinpeko aitorpena jasoko da, erakundearen arduradunarena (III. eranskina).

c) Argitalpenak urtean eragindako gastuen jatorrizko fakturak, paperezko euskarrian, edo pareko balioa duten frogagiriak, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo administrazio eraginkortasuna dutenak, jasotako laguntzaren zenbatekoaren parekoak edo gehiagokoak. Aurkezten diren jatorrizko fakturak itzuliko dira, helaraztean hala eskatuz gero.

Artikulu honetan adierazitako dokumentazio guztia telematikoki aurkeztu beharko da, jatorrizko fakturak izan ezik, horiek postaz bidali beharko baitira.

36. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak jakinarazten dizu eman dituzun eta zure eskabidean agertzen diren datuak Ikerketa, Ebaluazio Sanitarioa eta Garapen Profesionala izeneko fitxategian sartu direla. Datu horiek, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik. Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, baduzu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta erakunde interesdunek Osasuneko sailburuaren aurrean aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango dute, hilabeteko epean, edota zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean. Bi epe horiek zenbatuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan arautu ez diren alderdiei dagokienez, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen oinarrizko legedia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean emandako idazketaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek ondorioak eragingo ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 16a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala