Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

121. zk., 2015eko ekainaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2904

AGINDUA, 2015eko ekainaren 16koa, Osasuneko sailburuarena, osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egiteko dena.

Osasun Sailaren helburuetariko bat osasun-arloko langileen prestakuntzaren bidez osasun zerbitzuen kalitatearen hobekuntza sustatzea da, eta bai osasunaren arloan diharduten zentroen kudeaketa hobetzea; betiere arlo hori era zabalenean ulertuta.

Hori dela eta, Osasun Sailak epe erdi eta luzerako estrategia bat planteatu du bai osasun-arloko langileak euren lan-praktikan gaitzeko, bai profesionalen nodo berriak sortzeko, betiere profesionalok kudeatzaile legez presta daitezen, gero osasun-zentro publiko eta pribatuetan integra daitezen.

Deialdi hau helburu horiek betetzeko egiten da; hain zuzen ere, diruz lagunduko dira, batetik, prestakuntza-ikastaroak eta egonaldiak osasun arloan.

Horregatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bitartez, osasunaren arloan prestakuntza-planak gauzatzeko bekak eta laguntzak emateko erregimena arautu eta laguntza horietarako deialdia egiten da. 2015. urtean hasiko dira prestakuntza-plan horiek.

Honako beka eta laguntza hauek emango dira:

– Atzerriko zentroetan ikastaroak eta egonaldiak egiteko bekak eta laguntzak.

– Estatuko zentroetan prestakuntza jarduerak egiteko bekak eta laguntzak, kudeaketa sanitarioko gaitasunetan trebatzea helburu dutenak. Modalitate honetan, osasun kudeaketarekin lotutako prestakuntza-jarduera hauek lagunduko dira diruz: kostu sanitarioak nahiz ospitaleetakoak kontrolatzea eta kudeatzea; marketinga; giza baliabideak; osasun zerbitzuen produktibitatea eta planifikazioa; kalitatearen kontrola; arreta soziosanitarioa; osasun arloko langileen arriskuak; erakunde sanitario motak; osasun kudeaketaren gaineko politika; plangintza estrategikoa eta kudeaketa horren tratamendu informatikoa.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan jasotzen diren beka eta laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, goi-mailako edo erdi mailako unibertsitate tituluaren jabe izanik, gutxienez, eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenagotik, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta dauden pertsonek.

Ezingo dute deialdi honetan parte hartu prestakuntza-aldian dauden langile egoiliarrek.

Beka eta laguntzak emateak eta hartzeak ez du kontratu edo estatutu bidezko inongo harremanik ezarriko onuradunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean.

Onuradunei ezingo zaie diru-laguntzarik eta bekarik eman, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru laguntzen esparruan, izaera bereko itzultze edo zigortze prozeduraren bat amaitu gabe badago.

Ezingo dute deialdi honetan parte hartu zigor-eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta daudenek, ez eta horretarako ezgaitzen dituen debekuren baten eraginpean daudenak ere –sexu-diskriminazioaren ondoriozkoa barne–, harik eta dagokion zehapenak ezartzen duen aldia amaitzen den arte.

3. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedurak.

Modalitate bakoitzeko bekak eta laguntzak emateko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa-prozedurari jarraituko zaio (1/1997 Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena). Hori horrela, modalitate batean eta bestean aurkeztutako eskabideak erkatuko dira eta, 12. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideak aplikatuz, eskabideak lehentasun-hurrenkeran jarriko dira. Diru-laguntzak, balorazio-fasean gutxienez hirurogei (60) puntu lortzen dituzten eskabideei emango zaizkie, horretarako dagoen diru-kopurua agortzen den arte.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi hau finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako bideratutako aurrekontu kredituetatik datoz, eta ehun eta zortzi mila eta hamar (108.010) euro erabiliko dira.

Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa handitu egin ahal izango da, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Osasun Sailaren beste programa batzuk gauzatu ostean agortu gabe geratu diren aurrekontu-zuzkiduren arabera, indarrean dagoen legediak kreditu-loturarako edo aurrekontuak aldatzeko ezarritako araubideari jarraikiz, eta laguntzak emateko hasiko den prozeduraren ebazpena eman baino lehen. Egoera hori gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.

5. artikulua.– Jarduera eta gastu finantzagarriak.

Emandako diru-laguntza beka edo laguntza izan daiteke.

1.– Hauxe da bekaren helburua: onuradunaren mantenu-gastuak finantzatzea prestakuntza planak irauten duen bitartean.

2.– Laguntza, berriz, onuradunak prestakuntza-planaren garapenean sortutako gastuetarako emango da, esate baterako: bidaia-gastuak, matrikula, ostatua, irakaskuntzako materiala erostea, etab.

3.– Onuradunak, prestakuntzako jarduerarekin batera, ordaindutako beste jardueraren bat egiten badu, bidaia-gastuetarako, matrikularako, ostaturako, irakaskuntzako materiala erosteko laguntza ekonomikoa baino ezingo du eskuratu.

4.– Onuradunak ordaindutako jarduerarik egiten ez duenean, mantenu gastuetarako beka bat eta gastuetarako laguntza ekonomiko bat jaso dezake bidaia-gastuetarako, matrikularako, ostaturako, irakaskuntzako materiala erosteko.

5.– Emango den beka edo laguntza, gehienez, urtebetekoa izango da. Prestakuntza-planak iraupen luzeagoa izango balu, onuradunak, diru-laguntza edukitzeko epea amaitu ondoren, beste beka bat eskatu ahal izango du, hurrengo aurrekontu deialdiak ezarriko duenaren arabera.

6. artikulua.– Beken eta laguntzen zenbatekoak.

1.– Beken zenbatekoa ezingo da izan, hilean, mila eta bostehun (1.500) eurokoa baino handiagoa.

Atzerriko egonaldiak edo ikastaroak jarraian hiru hilabetetik gorakoak direnean, familiarekin batera egiten badira, hilero hirurehun (300) euro arteko laguntza gehigarria jaso ahal izango da diru-sarrera propiorik ez duen seme-alaba bakoitzeko. Kasu horretan, eskabide-egileari bakarrik ordainduko zaizkio bidaia-gastuak, eta ez harekin joango diren familiartekoei.

2.– Laguntzako dotazio ekonomikoan, matrikularako emandako laguntza ez da 8.000 eurotik gorakoa izango da, ostaturako hilean 1.000 eurotik beherakoa izango, eta materialerako eta bidaietarako ez da izango 2.000 eurotik gorakoa.

7. artikulua.– Beken eta laguntzen bateragarritasun-araubidea.

1.– Agindu honen babesean ematen den bekaren bat eskuratuz gero, ezin izango da ordaindutako lanik egin, ez –diruz lagundutako prestakuntza-jarduera bererako– erakunde publiko nahiz pribatu batek emandako beste beka edo laguntzaren bat hartu, edo ez beka horiek berez eskatzen duten lana behar bezala burutzea galaraziko duen beste eginkizunen bat izan.

2.– Bestalde, laguntza hau helburu bereko beste edozein diru-laguntzarekin bateragarria izango da, betiere, finantzatutako jardueratik ez bada gainfinantzaketarik sortzen. Halakorik gertatuz gero, emandako laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez dago erregulaturik: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

2.– 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluko lehen paragrafoan oinarritutik, agindu honetan zehaztutako edozein beka eta laguntzatarako eskabidea bide telematikoz aurkeztu beharko da; hartarako, eskabide-egileak sinadura elektronikoa eta txartel irakurgailua izan beharko ditu. Erabili beharreko egoitza elektronikoa hurrengo artikuluan zehazten da.

3.– https://www.euskadi.net/y22-home/es egoitza elektronikoan kontsultatu ahal izango dute euren espedientearen egoera administratiboa eskabide-egileek; eta egoitza horren bitartez eta «Nire gestioak» sekziotik bidali beharko ditu normalizatu gabeko dokumentuak, eta, beharrezkoa bada, eskabide egin eta gero aurkeztu beharreko dokumentuak, eta, orobat, jakinarazpenak jaso eta eskabideari buruzko izapideak egin.

9. artikulua.– Eskabideak. Aurkezteko lekua, bidali beharreko agiriak eta onartzeko epea.

1.– Egin nahi den prestakuntza-jarduera bakoitzeko eskaera bat aurkeztuko da. Eskabideak honako egoitza elektroniko hauek erabiliz egin beharko dira:

Euskara

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/becas_formacion_2015/eu_def/index.shtml

Gaztelera

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/becas_formacion_2015/es_def/index.shtml

2.– Eskatzaileek eurek hautatzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta harekin batera eskatzen den dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduera guztietan, eta prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Eskabidearen bidez adieraziko du, halaber, ordaindutako lanik egiten duen ala ez, eta ba al daukan beste eginkizunik, bekaz gozatzen hasten den unean diruz lagundutako jarduera behar bezala burutzea galaraziko diona.

Halaber, eskabidearen bidez hurrengo aitorpenak ere egiaztatuko dira:

– Eskatzaileak eskabideko helburudun beste ezein laguntzatik ez duela jasotzen edo, kasua bada, erakunde baten laguntza jasotzen duela (zenbatekoa zehaztuaz) edo ebazteko dagoen laguntza bat eskatu duela.

– Eskatzaileak ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.

– Eskabidean eta harekin batera doazen agirietan jarritako datuek benetakoak izan behar dute, eta eskatzaileak bete egin behar ditu laguntzen onuradun izateko betekizunak, indarrean diren arauek ezartzen dituzten horiek, hain zuzen.

3.– Eskabidearekin batera, ondoko agiriak ere aurkeztu behar dira:

a) Prestakuntza-planaren datuei buruzko inprimakia; bertan, plana gauzatzeko aurreikusten den gastuak jasoko dira (I. eranskina); eranskin horri erantsiko zaizkio programa, horren edukiak eta egingo diren jarduerak.

b) Curriculum Vitae laburtua (II. eranskina).

c) Eskatzaileek, eskaera aurkezten duten unean osasun-arloan lanean jarduten badute, euren lantokiko zuzendaritzaren baimena aurkeztu beharko dute, prestakuntza-plana egiteko. Baimen horretan, egin nahi diren ikasketak eskatzailearen jarduerara zenbateraino egokitzen diren adierazi beharko da, kalifikazio hauek emanda: egokitzapen handia, ertaina eta txikia.

d) Erroldatze-ziurtagiria, agindu honetako 2. artikuluan adierazitako baldintza betetzen dela egiaztatzeko.

Eskabideak egiteko agiri normalizatuak laguntza modalitate bakoitzari dagokion web-orrian daude eskuragarri. Aginduan eskatutako beste edozein agiri edo eskabide egiten duen entitateak aurkeztu nahi dituenak, euskarri informatikoan bidali ahal izango dira, hain zuzen ere «Nire Kudeaketak» sekzioaren bitartez.

4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

5.– Deialdiko oinarriren bat ez betetzeak, edo datuak gorde, aldatu edo eskatutako argibideak manipulatzeak, eskaria ezestea ekarriko du. Horrek ez du esan nahi erantzukizun administratiboa, zibila edo penala eskatzeko aukera baztertuko denik.

10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsen zuzenketa.

Laguntzen eskabidea ez badago behar bezala beteta edo eskatutako dokumentazioa falta badu, eskatzaileari eskatuko zaio, hamar eguneko epearen barruan hutsa zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko, eta hau ohartaraziko zaio: eskatutakoa egiten ez badu, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela. Dena den, Administrazioa behartuta dago eskabideen gainean ebazpen adierazi bat hartzera eta ebazpena jakinaraztera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

11. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.

1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, dagokion Balorazio Batzordea eratuko da, eta kideak hauek izango dira:

a) Presidentea: Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria.

b) bokalak:

– Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Etengabeko Prestakuntzako arduraduna.

– Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko zerbitzuko burua.

c) Idazkaria: Osaun Saileko Irakaskuntzarako eta Garapen Profesionalerako Zerbitzuko laguntzen teknikari arduraduna.

Batzorde horrek eskabideen balorazio egokirako beharrezkotzat jotzen dituen aholkuak eskatu ahal izango ditu.

2.– Batzordeak prestakuntza-plana osorik ulertzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarria aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari.

3.– Azkenik, Batzordeak, aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatuz, aurkeztutako eskabideak baloratuko ditu eta Osasuneko sailburuordeari dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio.

12. artikulua.– Esleipen-, ponderazio- eta kuantifikazio-irizpideak.

1.– Beken eta laguntzen esleipena irizpide hauetan oinarriturik eta ondoko ponderazio honen arabera egingo da:

a) Eskatzailearen Curriculum Vitaea: gehienez, 15 puntu.

b) Beka edo laguntza eskatzen den Ikasketen prestakuntza-kalitatea: gehienez, 20 puntu.

c) Egin beharreko ikasketek zein hurbiltasun duten jarraian zehazten diren lehentasun-arloekiko (gehienez, 30 puntu), 30, 15 eta 5 punturekin baloratuaz, egokitzapena altua, ertaina edo baxua denean:

Zerbitzu sanitarioen antolamendua eta kudeaketa.

Sanitateko eta teknologia berriko zerbitzuen ebaluazioa.

Osasun Publikoa eta Osasunaren Sustapena eta Prebentzioa.

Kalitatezko Asistentzia.

Kronikotasunerako estrategia, Zahartzaro eta Mendekotasuna.

d) Egin beharreko ikasketak eskatzailearen lan-jarduera horietara egokitzea: gehienez, 25 puntu, 25, 10 eta 5 punturekin baloratuaz, egokitzapena altua, ertaina edo baxua denean.

e) Euskadiko osasun-sistemarekiko lan-harreman etengabea, eskabidea aurkezten denetik deialdia ebazten den artekoa:

Eskatzailea plantillako langile finkoa izatea, edo osasun-arloko profesionala izanik, bere espezialitatea –egoiliar gisa– amaitua izatea, deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan: gehienez, 10 puntu.

Bitarteko langile izatea: 5 puntu.

Aldi bateko langilea edo ordezkoa izatea: 2 puntu.

Sistemaz kanpokoa izatea: 0 puntu.

2.– 6. artikuluan ezarri diren gehienezko zenbatekoak eta aurkeztutako aurrekontua –gehienez finantza daitekeena– errespetatuz, bekaren zenbatekoa zehaztuko da prestakuntza-planaren iraupenaren eta plana burutuko den tokietan dagoen bizimoduaren kostuaren arabera.

Laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da prestakuntza-plana aurrera eramateko egin behar diren gastuen arabera.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Lehiaketako prozedurak honelaxe ebatziko dira: Osasuneko sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez, balorazio batzordeak proposaturik.

2.– Ebazpenak honako hauek adieraziko ditu: onuradunen zerrenda, emandako diru-laguntza mota (beka eta/edo laguntza ekonomikoa) kontzeptuka xehatua eta horren zenbatekoa, bai eta baztertu diren eskabideen zerrenda eta baztertzeko arrazoi ere.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean. Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela, halaxe ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan, ahaztu gabe lege berak Administrazioari berariaz ebatzi behar duela ere agintzen diola.

4.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak argitaratzen diren jakinarazpenen berri eman ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Mezu horiek ez dute inola ere izango jakinarazpenaren balioa.

5.– Onuradunek 10 egun naturaleko epea izango dute, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera, laguntzari berariaz eta idatziz uko egiteko. Halakorik egiten ez badu, laguntza onartu duela ulertuko da. Uko egiteko idazkia aplikazio telematikoaren bidez helarazi beharko da.

6.– Interesdunek, Osasuneko sailburuordearen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

7.– Agindu honetan ezarritako epeak, uko egiteko eta gora jotzeko errekurtsoa ezartzekoak, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Bekak edo laguntzak jasotzen dituzten onuradunek, nolanahi ere, honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Agindu honetan ezarritako guztiak.

2.– Laguntza edo beka eman zaion horrexetarako erabiltzea eta ez beste ezertarako.

3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –bere eginkizunetan dihardutela– deialdi honen kontura jasotako beka edo laguntzaren inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

4.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari, eskabidean adierazitako datuetan gerta litekeen edozein aldaketen berri ematea, aldaketa gertatu, eta, gehienez, hilabeteko epean (bereziki, 7. artikuluko bateragarritasun-araubideari eragiten diotenak).

5.– Onuradunen prestakuntza-jarduerak hiru hilabete baino gorakoak badira, beren prestakuntza-jardueren garapenari buruzko hiruhileko txosten bat bidali beharko dute Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzara.

15. artikulua.– Ordainketa.

Ematen diren beka eta laguntzen ordainketa zatika egingo da, honela:

Lehen ordainketa, diru-laguntzaren zenbateko osoaren ehuneko hirurogeita hamabostekoa (% 75), berehala emango da, behin 13.4 eta 13.6 artikuluetan aipatzen den epea igarota.

Gainerakoa, onuradunak –prestakuntza-plana amaitu eta, gehienez, bi hilabeteko epean– 17. artikuluan adierazten den dokumentazioa bidaltzen duenean.

16. artikulua.– Bekari edo laguntzari uko egitea.

Behin bekaz baliatzeko epea hasiz gero, uko egitea, idatzizkoa eta behar bezala justifikatutakoa, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzan formalizatu beharko da, uko egiteak eraginak sortzen dituen data baino 10 egun lehenago. Uko egitea berariaz onartu beharko du Osasuneko sailburuordeak, eta pertsona onuradunaren egonaldi-gastuetarako bekarekiko eskubideak galtzea ekarriko du, uko egiteak eraginak dituen hiruhilabeteko lehen egunetik hara, baldin eta bekaz baliatzeko lehen hiruhilabetekoan gertatzen bada uko egitea; eta, halaber, bidai- eta matrikula-gastuekiko eskubideei dagokienez.

17. artikulua.– Beken eta laguntzen justifikazioa.

Beka eta laguntzen onuradunak diru-laguntzari emandako erabilera justifikatzera behartuta daude; horretarako, ondoko agiriak bidaliko dituzte Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzara:

1.– Atzerriko zentroetan egonaldiak eta ikastaroak egiteko emandako bekak eta laguntzak.

a) Bekak:

– Amaierako memoria, egindako prestakuntza-jardueraren deskribapena.

– Galdetegi bat bete beharko da, prestakuntza-jarduerari eta zentroari buruzko gogobetetze-maila adierazteko; horrez gainera, adierazi beharko da prestakuntza zenbateraino izan den baliagarria gaitasuna eta garapen profesionala hobetzeko. Horretarako, plataforma digitalaren bidez eskuragarri jarritako inprimakia erabili beharko da.

– Zentro hartzaileak emandako aprobetxamendu-ziurtagiria edo titulua.

b) Laguntzak:

Beketarako aipatu diren agiriez gainera, prestakuntza-planak sortutako gastuen zerrenda eta justifikatu beharreko gastuen faktura originalak (bidaiak, matrikulak, ostatuak eta diruz lagundutako irakaskuntza-materiala) aurkeztu beharko dira. Agiri originalak postaz bidaliko dira; gainerakoak, berriz, bide telematikoak erabiliz.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.

Beka edo laguntza emateko aintzat hartutako baldintzen aldaketa orok –betiere horien xedea betetzat jotzen denean– eta, aldi berean beste laguntza batzuk lortzeak, diru-laguntzaren aldaketa ekar dezake. Sanitatearen Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazioko Zuzendaritzak izango du laguntza gutxitzeko espedientea hasi eta izapideak egiteko eskumena; eta horri buruzko ebazpena emateko eskumena, berriz, Osasuneko sailburuordeak izango du.

19. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea.

Batetik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuenak– ezarritakoaren arabera, eta, bestetik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermea eta sarreren araubidea erregulatzen duenak– ezarritakoarekin bat eginez, onuradunak ez baditu agindu honetan ezarritako eskakizunak, baldintzak eta epeak betetzen, laguntza beste helburu baterako erabiltzen badu edo aprobetxamendu akademikoa ez bada nahikoa, prozedura-izapide egokiak bideratu ostean, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu duela emango da aditzera. Horretaz gainera, ordura eskuratutako diru-zenbatekoak gehi horien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, eta horretaz gain, bidezkoak diren bestelako ekintzak ere egin ahal izango dira. Aipatutako diru-kopuru guztiak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

Ez-betetze espedientea hasi, izapidetu eta ebazteko eskumena Osasuneko sailburuordearena izango da.

20. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak jakinarazten dizu eman dituzun eta zure eskabidean agertzen diren datuak Ikerketa, Ebaluazio Sanitarioa eta Garapen Profesionala izeneko fitxategian sartu direla. Datu horiek, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik. Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, baduzu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea, 1, 01010, Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek Osasuneko sailburuaren aurrean aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETIK BIGARRENA

Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdi guztietarako, aplikagarria izango da oinarrizko xedapen hauetan ezarritakoa: Diru-laguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkeraren arabera.

AZKEN XEDAPENETIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 16a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala