Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

121. zk., 2015eko ekainaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2899

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 19koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Horren bidez onartu eta agindua ematen da Gobernu Kontseiluak 2015eko ekainaren 4ko deialdian aurkeztutako Ingeles eta Aleman Filologia eta Itzulpengintza eta Interpretazio Sailaren arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Sailen Oinarrizko Arautegia onartu zuen 2011ko abenduaren 22ko Erabakiaren bidez, Gobernu Kontseiluaren 2011ko ekainaren 23an onetsitako garapen-arautegia berrikusteko egutegia beterik.

Sailen Oinarrizko Arautegia oinarrizko arau gisa sortu da, eta sailek beraiek behar beste xedapen har dezakete berariaz arautu behar dituzten alderdiei begira. Horrela, bakoitzaren antolamendu-autonomia bermatuko da.

Sailen Oinarrizko Arautegiaren hirugarren xedapen iragankorrak sei hileko epea ematen zuen, indarrean sartu zenetik aurrera, sailek beren arautegiak beste hartan adierazitakora egokitu zitzaten.

Arautegi horren babespean, aipatutako sailak bere kontseiluan onartu zituen Sailen Oinarrizko Arautegiarekiko egokitzapenak.

Idazkari nagusiak –arautegiak behar adina aldeko txosten dituela egiaztatuta; Gobernu Kontseiluari igortzeko berariazko eskaerarik egin ez denez, 2015eko ekainaren 4ko bilkuran aurkeztu ostean– Sailen Oinarrizko Arautegiaren 4.3 artikuluan egindako eskuordetzearekin bat etorrita, honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Onartzea Ingeles eta Aleman Filologia eta Itzulpengintza eta Interpretazio Sailaren Arautegia.

Bigarrena.– Agindua ematea arautegi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Ingeles eta Aleman Filologia eta Itzulpengintza eta Interpretazio Sailaren Arautegia EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2015eko ekainaren 19a.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

INGELES ETA ALEMAN FILOLOGIA ETA ITZULPENGINTZA ETA INTERPRETAZIO SAILAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Bat dator Sailen Oinarrizko Arautegiko 3.1 artikuluarekin.

1.– Ingeles eta Aleman Filologia eta Itzulpengintza eta Interpretazio Sailaren administrazio-egoitza Letren Fakultatean dago (Unibertsitateko ibilbidea 5, 01006 Vitoria-Gasteiz).

2. artikulua.– Bat dator Sailen Oinarrizko Arautegiko 10.1 artikuluarekin.

1.– Hauek dira Saileko Kontseilua osatuko dutenak: zuzendaria, idazkaria, irakasle eta ikertzaile iraunkorrak eta irakasle doktore-ez iraunkorrak. Sailari atxikitako gainerako irakasle eta ikertzaileek ordezkari bat izango dute talde horretako bost kideko edo bosten zatiki bakoitzeko.

Aipatutakoez gain, kontseiluko kide ere izango dira administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat eta ziklo bakoitzeko ikasleen bi ordezkari.

3. artikulua.– Bat dator Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluarekin.

Saileko zuzendaria hautatzeko, botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

4. artikulua.– Bat dator Sailen Oinarrizko Arautegiko 16. artikuluarekin.

Ingeles eta Aleman Filologia eta Itzulpengintza eta Interpretazio Sailak batzorde iraunkor bat du; eta, horrek, Saileko Kontseiluaren eginkizun guztiak baliatuko ditu, eginkizunak eskuordetuta, hauek izan ezik:

a) Saileko zuzendaria hautatzea.

b) Arautegia onartzea.

c) Urteko irakaskuntza-eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

d) Saileko irakasleei irakatsi-betebeharrak eta haiei lotutako aldaketak esleitzea, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutako indarreko arautegiari jarraituta.

e) Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, kasuan kasuko ikasketa-planaren barruan.

f) Masterreko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako eskaintzak proposatzea, unibertsitateko berezko tituluetako ikasketak izan zein ez.

5. artikulua.– Bat dator Sailen Oinarrizko Arautegiko 19. artikuluarekin.

Lehenengo eta bigarren deialdiaren artean 15 minutuko tartea egongo da.

6. artikulua.– Bat dator Sailen Oinarrizko Arautegiko 21.4 artikuluarekin.

4.– Saileko kontseilukideek beste kontseilukide bati eskuordetu ahal izango diote botoa, baina kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Kontseiluko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.

7. artikulua.– Bat dator Sailen Oinarrizko Arautegiko 26.3 artikuluarekin.

3.– Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da, eta gehienez bi agintaldi bete ahal izango ditu segidan.

8. artikulua.– Bat dator UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluarekin.

2.– Kideren batek kargua utziz gero, idatziz eman beharko dio horren berri kide anitzeko organoko idazkariari, kide anitzeko organoaren hurrengo bilera baino 15 egun lehenago gutxienez; idazkariak horren berri emango dio organo horretako buruari; eta, zerrendarik izanez gero, ordezkoari jakinaraziko dio kide anitzeko organoko kidea izango dela ordezkatzen duen kidearen agintaldia amaitu arte.

9. artikulua.– Bat dator UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluarekin.

Gaixotasunaren ondorioz edo behar bezala arrazoitutako beste egoeraren baten ondorioz, kide anitzeko organoko kide titularren batek ezinezkoa badu bileretara joatea, horren berri emango dio kide anitzeko organoko buruari zazpi eguneko epean gehienez. Idatzi bidez jakinarazi beharko dio kargua aldi baterako utziko duela, eta idatziari beharrezko diren egiaztagiriak erantsiko dizkio. Kide anitzeko organoko idazkariak, buruaren aginduei jarraituz, kide titularra aukeratzeko erabili zen zerrendako hurrengo kideari jakinaraziko dio ordezkoa izango dela.


Azterketa dokumentala