Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2015eko ekainaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2890

AGINDUA, 2015eko ekainaren 19koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Santurziko udalerriko 4. Partzelan, San Juan - Rompeolas 1eko eremuan, 32 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta hainbat zehaztasun finkatzen dituena.

GERTAKARIAK

1.- Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen du. Hori, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen da.

2.- 2001eko martxoaren 5ean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiroko Sailak eta Santurtziko Udalak babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten (Santurtziko Udalerriko 403 gerorako antolamenduko eremuan).

3.- 2014ko abenduaren 30eko Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkariaren ebazpenaren bidez babes ofizialeko behin behineko kalifikazioa eskuratu du Santurziko udalerriko 4. Partzelan, San Juan - Rompeolas 1eko eremuko 32 babes ofizialeko etxebizitzako sustapenak. Sustapen hau Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, S.A. (Visesa) baltzu publikoak sustatzen du eta EB2-0408/14-LC-000 da bere espediente zenbakia. Etxebizitza horietako bat, hiru logelakoa, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoa da. Gainontzeko 31 etxebizitzetatik, 12 bi logelakoak dira, eta 19 hiru logelakoak. Etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.

4.- Sustapen horretako etxebizitzetatik 3 esleipen-prozedura orokorretik kanpo utziko dira, birkokapenetarako Enplegu eta Politika Sozialetako Saileko Etxebizitza Zuzendaritzak egindako eskaera aintzat hartuz. Kanpo utziko diren etxebizitzak behin behineko kalifikazioaren arabera 48, 53 eta 59 zenbakiak dauzkatenak izango dira, horietan lehenengoa, bi logelakoa da eta beste biak, hiru logelakoak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.- Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio honako Agindua ematea, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.- Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denaren arabera, lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu behar direnean, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egongo da, kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasunarekin.

3.- Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak 2011ko irailaren 14ko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduan ezarritakoak izango dira.

4.- 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honakoa izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, esleipen-prozedurari hasiera emateko Aginduaren argitalpen-dataren aurreko azken zergaldia.

5.- Arestian aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen du, pertsonek edo bizikidetza-unitateek babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dutela. Baldintza hau betetzen dela ulertzen da agindu hau argitaratzen den datan Etxebiden erosketako eskatzaile moduan alta emanda badaude. Baldintza hori betez gero, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan parte hartu ahal izango dute, hori eragozten duen arau- edo hitzarmen-xedapenik ezean.

6.- Agindu horretan honakoa ere esaten da: prozeduran sartzea borondatezkoa izango dela, eta hasiera Aginduan zehaztutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko dela. Egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa ere adierazi ahal izango dute era horretako etxebizitzak esleitu gabe geldituz gero.

7.- Esleitzeko modua egoera ezberdinen araberakoa izango da: prozeduran sartutako eskatzaile kopurua sustapeneko etxebizitza kopurua baino handiagoa bada, esleipena notarioaren aurreko zozketa publiko bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko Aginduko 31tik eta 41era bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera. Aldiz, etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak 42tik eta 44ra bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.

Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Santurziko udalerriko 4. Partzelan, San Juan - Rompeolas 1eko eremuko babes ofizialeko 32 etxebizitzen esleipenari hasiera ematea; udalerri hori Bilbo metropolitanoko eskualde egituran kokatzen da. Etxebizitzetatik 3 esleipen-prozedura orokorretik kanpo utziko dira, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Etxebizitza Zuzendaritzak egindako eskaera aintzat hartuz.

Kanpo utziko diren etxebizitzak, behin behineko kalifikazioaren arabera 48, 53 eta 59 zenbakiak dauzkatenak izango dira.

Bigarrena.- Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.

Hirugarrena.- Esleipen prozeduran honako pertsonek edo bizikidetza unitateek parte hartu ahal izango dute: Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan altan egon eta erosketa eskatzen dutenek, betiere, bertan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.- Izena emateko eskaeran aukeratutako udalerrietako bat Santurtzi izan beharko da.

Bosgarrena.- Etxebizitzaren titular izango diren pertsonetako batek 3 urtez Santurtzin erroldatuta egon behar du edo 18 urtez azken 30 urteetan Agindu hau argitaratzen den datan, horrela jasotzen baita Santurtziko Udalak 2015eko martxoaren 9an egindako eskaeran.

Seigarrena.- 2013. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituek, desgaitu psikikoek edo genero-indarkeriaren biktima direnek nahikoa dute 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea.

Zazpigarrena.- Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan agindu honetan eta aplikatu beharreko arauetan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta unitateek, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan erosketa-erregimenean inskribatuta badaude. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza unitateek sustapen honetako esleipen prozeduran parte hartu nahiko balute, 2015eko irailaren 7a eta 18a bitartean (biak barne) dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute:

- Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Gran Via 85, behea, 48011-Bilbao.

- Postaz: Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Gran Via 85, 6. solairua, 48011-Bilbao.

Etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira bosgarren ebazpenean jasotzen den errolda baldintza betetzen ez duten eta Santurtzin erosketako etxebizitza eskatzen duten gainontzeko eskatzaileen artean esleituko lirateke, horrela jasotzen baita Santurtziko Udalak 2015eko martxoaren 9ko idatzian egindako eskaeran.

Zortzigarrena.- Sustapeneko etxebizitzetatik 1, hiru logelakoa, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonei egokituta dago. Etxebizitza hori, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat dagoen bizikidetza unitateen artean esleituko da. Etxebizitza horiek honako ordenan esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie, gero bi makulu nahitaez behar dituzten pertsonei eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.

Etxebizitza egokituak esleitu gabe geratuko balira, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonarik ez dagoen bizikidetza unitateen artean esleituko dira, baldin eta egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa adierazi badute.

Bederatzigarrena.- Egokitu gabeko 31 etxebizitzetatik 12 bi logelakoak dira eta 19 hiru logelakoak.

Hamargarrena.- Eskatzaileen kopurua sustapeneko etxebizitzen kopurua baino handiagoa denean, esleipena notarioaren aurreko zozketa bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31tik eta 41era bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera.

Etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak Agindu horretako 42tik eta 44ra bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.

Hamaikagarrena.- Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira, eta onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke hilabeteko epean Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 19a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala