Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2015eko ekainaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2888

AGINDUA, 2015eko ekainaren 24koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko akuikultura- eta arrantza-sektorerako diru-laguntzetarako 2015eko deialdia egiten duena.

2007 eta 2013 artean, honakoa izan da arrantza eta akuikulturako produktuentzako diru-laguntzen erreferentziazko esparrua, Batasunekoa: 1198/2006 (EE) Erregelamendua, 2006ko uztailaren 27koa, Kontseiluarena, Europako Arrantza Funtsari buruzkoa. Erregelamenduak berak dioenez, haren helburu nagusia arrantza-politika erkidearen garapen jasangarria da, eta Erkidegoaren multifinantzaketaren bidez lor daiteke, betiere, Europako Arrantza Funtsa sortzeko erregelamenduak ezartzen dituen lehentasunetan ardazten bada finantzaketa.

2007ko abenduan, Espainiako Arrantza Sektorerako Programa Eragilea onartu zen, egiturazko neurri horien eraginaren peko autonomia-erkidego guztiak adostuta: Programak bere egiten ditu Europako Arrantza Funtsaren lehentasunezko bost ardatzak, eta 2007 eta 2013 arteko aldian arrantza-sektorea programatzeko estrategia orokorra finkatzen du. 2009an, berriz, 2009 eta 2013 arteko aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Arrantza Plan Estrategikoa onartu zen.

Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko Erregelamenduaren bidezko araudi berriari kalte egin gabe –Funtsa aplikatu egiten da oraindik, eta Europako Arrantza Funtsaren laguntza jakin batzuk egotz dakizkioke–, honakoak dira Europako Arrantza Funtsaren ildo nagusiak 2014 eta 2015erako: arrantza-ontziak behin betiko gelditzea, arrantza-ontzietan inbertsioak egitea eta selektibitatea ezartzea, kalte-ordain sozioekonomikoak ematea, akuikultura lantzea, ekintza kolektiboak egitea, merkatu berriak garatzea eta sustapen-kanpainak egitea, eta proiektu pilotuak egitea.

Agindu honen bidez, Kontseiluaren 2006ko uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamenduak arautzen dituen laguntzak hartzeko eskabideak aurkezteko epea hasi da, kontuan izanik Erkidegoko erregelamendu guztiak Europar Batasun osoan zuzenean eta nahitaez aplikatu behar direla eta estatu kideek ez dituztela zertan aldatu.

Ildo horretan, abenduaren 25eko 20/2012 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, ematen didan eskumena baliatuz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan 2015erako onartutako aurrekontu orokorren konturako laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenek diotenarekin bat,

honakoa eman dut:

EBAZPENA

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da akuikultura- eta arrantza-sektorerako diru-laguntza batzuetarako 2015eko ekitaldiko deialdia egitea. 2006ko uztailaren 27ko 1198/2006 Erregelamenduak, Europako Arrantza Funtsari buruzkoak, arautzen ditu laguntzok.

Bigarrena.– Onuradunak.

Honakoak izan daitezke agindu honetako laguntzen onuradun, laguntza motaren arabera: diruz lagundu daitezkeen inbertsio eta gastuak kontratatzen, finantzatzen edo egiten dituzten pertsona fisiko eta juridikoak, ondasun-erkidegoak, arrantza-elkarte profesionalak, arrantza-sektoreko ekoizle-elkarteak eta arrantzale-kofradiak.

Hirugarrena.– Eskakizun orokorrak.

Agindu honek arautzen duen laguntza mota bakoitza hartzeko baldintza eta eskakizun berezi eta espezifikoez gain, baldintza orokor hauek bete behar dituzte eskatzaileek:

a) Diruz laguntzea nahi duten inbertsio eta gastuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruan egitea.

b) Pertsona fisikoek, administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea laguntza eskatu aurreko bi urteetan jarraian.

c) Pertsona juridikoek, sozietatearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-esparruan izatea.

d) Diruz laguntzea nahi duten inbertsio eta gastuak eskabidea aurkeztu baino lehen ez hasi izana. Eskakizun hau betetzen dutela egiaztatzeko, aurretiko ikuskapen-akta bat egin behar du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren barruan dagokion zerbitzuak, baina, ikuskatu beharreko gaia ez badago Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, baimendutako sailkapen-sozietate batek egindako txostena aurkez daiteke aurretiko aktaren ordez.

e) Betebehar fiskalak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

f) Inbertsioek ingurumenari kalte esanguratsurik ez egitea.

g) Diru-laguntza edo laguntza publikoak hartzeko aukera galarazten duen zigor administratibo edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatik jarritakoak barne, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, seigarren azken xedapenean dioenarekin bat.

Laugarrena.– Eskabideak eta dokumentuak aurkezteko epea.

1.– 2015ean, agindu honek arautzen dituen laguntzak hartzeko eskabideak aurkezteko epea Agindua indarrean sartzen denetik hilabetekoa izango da.

Hala ere, Agindua argitaratu baino lehen aurkeztutako proiektuak epearen barruan aurkeztutakotzat hartuko dira, betiere, eskabidea dagokion ekitaldiaren barruan aurkezten bada.

2.– Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara bidali behar dira, zuzenean edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearenak, xedatzen duen edozein bidetatik, eta www.nasdap.ejgv.euskadi.net helbidean eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskuratu daitezke. Hona Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoen helbideak:

– Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza. Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila. Arrantza Egituren Zerbitzua. Concha Jeneralaren kalea 23, 2.a – 48010 Bilbao.

– Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila. Arrantza Antolamenduko Zerbitzua. Easo kalea 10 – 20006 Donostia.

3.– Agindu honek arautzen duen laguntza mota bakoitza eskatzeko dokumentu espezifikoez gain, pertsona juridikoek dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte oro har eskabidearekin batera:

a) Aurkezten dituzten dokumentu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpen bat, inprimaki-ereduaren arabera.

b) Zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituzten ziurtagiri eguneratuak. Zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak netetzeari dagokionez, laguntzak eskatzen dituztten erakundeek egin beharreko akreditaziak automatikoki egiaztatuko ditu órgano kudeatzaileak, hain baimen beharrik gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.3 artikuluko 2. paragrafoa. Estatutu Sozialen kopia konpultsatua.

c) Sozietatea eratzeko eskrituraren kopia konpultsatu bat eta identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia bat.

d) Eskatzailearen NAren fotokopia bat eta sozietatea ordezkatzeko ahalmena duela egiaztatzen duen eskrituraren fotokopia bat.

e) Hirugarrenei alta emateko inprimakia.

4.– Agindu honek arautzen duen laguntza mota bakoitza eskatzeko dokumentu espezifikoez gain, pertsona fisikoek dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte oro har eskabidearekin batera:

a) Aurkezten dituzten dokumentu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpen bat, eredu normalizatuaren arabera.

b) Nortasun-agiriaren kopia bat.

c) Hirugarrenei alta emateko inprimakia.

d) Zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituzten ziurtagiri eguneratuak.

e) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan dutela egiaztatzen duen ziurtagiri bat (erroldatze-ziurtagiria).

5.– Eskabideek ez badituzte betetzen eskakizun guztiak, hamar egunean akatsak zuzentzeko edo erantsi beharreko agiriak eransteko eskatuko zaie interesdunei, eta ohartaraziko zaie atzera egiten dutela joko dela horrelakorik egiten ez badute. Horretarako, aurrez, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak ebazpena eman behar du, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legeko 42. artikuluarekin bat.

6.– Betiere, aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta bideratzeko beharrezko jotzen dituen dokumentu edo/eta informazio gehigarriak eska diezazkieke Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak eskatzaileei, eta Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legea aplikatuko da agindu honek arautzen ez dituen gaietan.

Bosgarrena.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak espedientea osatzen duten ordenan emango zaizkie agindu hau betetzen duten eskatzaile guztiei, laguntza motaren araberako irizpide objektiboak aplikatuta ateratzen diren ehunekoak eta haien haztapena kontuan izanik. Hau da, ez da joko lehiaketara.

2.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari dagokio laguntzak ebaztea, eta, horretarako, Arrantza Egituren Zerbitzuaren ebazpen-proposamena hartuko du kontuan. Hala ere, ebazpen-proposamena ez da izango loteslea.

3.– Ebazpenaren bidez, dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren eta Europako Arrantza Funtsaren konturako laguntzak emango ditu Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak.

4.– Honakoa izango da Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpenaren gutxieneko edukia:

a) Diruz laguntzen den inbertsioaren zenbatekoa.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren eta Europako Arrantza Funtsaren kontura diruz laguntzen den zenbatekoa.

c) Aurreikusten diren jarduerak gauzatzeko epea, aurrekontuan baliagarri dagoen diruaren eta urtez urteko zenbatekoen arabera.

d) Diru-laguntzaren erabilera justifikatzeko modua.

5.– Eskabide bakoitza osorik aurkeztu eta gehienez ere sei hilabetean emango eta jakinaraziko da ebazpena. Sei hilabete igaro eta berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak onartu egin direla jo dezakete interesdunek, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legeko 43. artikuluarekin bat.

6.– Interesdunek gorako errekurtsoa aurkez dezakete Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpenaren aurka, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen aurrean, hilabetean ebazpenaren jakinarazpena hartu eta biharamunetik edo hiru hilabetean administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluekin bat.

7.– Laguntzen ebazpena banan-banan jakinaraziko da, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez, eta, gainera, agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunen zerrenda EHAAn argitaratuko da, zenbatekoak zehaztuta.

Seigarrena.– Onuradunen betebehar orokorrak.

Laguntza-lerro bakoitzeko laguntzak hartzeko betebehar espezifikoez gain, agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunek betebehar hauek bete behar dituzte oro har:

a) Zertarako ematen zaien, horretarako erabiltzea diru-laguntza.

b) Diru-laguntza erabiliz egindako inbertsioari bost urtez eustea gutxienez.

c) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Europako Batasunaren esku uztea inbertsioa eta gastua egin izana egiaztatzeko beharrezko dokumentu guztiak.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren kontrol-funtzioen esparruan agindu honen kontura jasotako laguntzen zertarakoari buruz eskatzen dieten informazioa ematea.

e) Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu baten laguntza edo diru-laguntzarik hartzen badute helburu bererako, horren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari, idatziz.

f) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako zirkunstantzia objektibo edo subjektiboren bat aldatzen bada, horren berri ematea Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari, idatziz.

g) Kontabilitate-kode egoki edo kontabilitate-sistema bereizi bat izatea finantzatutako eragiketarekin lotutako gastu eta inbertsio guztietarako.

h) 2007ko martxoaren 26ko 498/2007 (EE) Erregelamenduko 32. artikuluarekin bat, Europako Arrantza Funtsak emandako laguntzari buruzko informazioa ematea jendeari. Horretarako, plaka iraunkor bat jarri behar dute agerian, nabarmentzeko modukoa, eragiketa bat amaitu eta sei hilabetean gehienez, betiere, eragiketak baldintza hauek betetzen baditu:

– Europako Arrantza Funtsarekin batera finantzatutako eragiketaren guztizko kostua (diruz laguntzen dena) 500.000 eurotik gorakoa izatea.

– Eragiketa egitea objektu material bat erosteko, azpiegitura bat finantzatzeko edo eraikuntza-lanak egiteko.

2007ko martxoaren 26ko 498/2007 (EE) Erregelamenduko 33. artikuluaren arabera, elementu hauek izan behar dituzte onuradun izan daitezkeenentzako eta herritarrentzako informazio- eta publizitate-neurri guztiek:

– Europar Batasunaren ikurra, dagozkion arau grafikoen arabera, eta Europar Batasunari buruzko aipamen bat.

– Europako Arrantza Funtsari buruzko aipamen bat.

– Kudeaketa-agintariek aukeratutako adierazpena: «Arrantza iraunkorrean inbertitzen dugu».

Adierazpenak kartelaren % 25 hartu behar du gutxienez.

Zazpigarrena.– Inbertsioaren justifikazioa.

1.– Laguntzak ematen diren helbururako erabiltzen direla justifikatzeko, ordainketen faktura eta frogagiriak aurkeztu behar dira Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren aurrean, aurreikusten diren jarduerak egiteko epea amaitu eta hiru hilabetean gehienez ere. Jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak baino ez dira onartuko.

2.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak dokumentu gehiago eska ditzake beharrezko irizten badio.

3.– Deialdi honetan, justifikazioak aurkezteko epea 2015eko urriaren 31ra artekoa izango da, eta laguntzen onuradunek bermatu egin beharko dute diruz lagundutako inbertsioa aipatu data baino lehen egiten dela.

Zortzigarrena.– Laguntzen ordainketa.

1.– Agindu honen arabera laguntzen diren proiektu eta inbertsioak laguntza mota bakoitzari buruzko araudiak dioen bezala ordainduko dira.

2.– Ordainketa egindako inbertsioarekiko proportzionala izan daiteke laguntza-lerro guztietan, «arrantza-ontzietan inbertsioak egiteko eta selektibitatea ezartzeko» dagokienean izan ezik.

3.– Laguntzak zuzenean ordainduko zaizkie onuradunei, inbertsioaren edo gastuaren frogagiriak behar bezala aurkeztu eta hiru hilabetean gehienez ere.

4.– Diru-laguntzak 100.000 eurotik gorakoak badira, onuradunek kontuen balantzeak aurkeztu behar dituzte ordainketaren aurretik.

5.– Diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza eta diru-laguntzen esparruko itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaitu izana.

Bederatzigarrena.– Uko-egitea.

Onuradunek laguntzei berariaz uko egiteko idazki bat aurkez dezakete Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren aurrean. Horrelakorik egiten badute, ebazpenaren bidez lortutako eskubidea galduko dute automatikoki, baita laguntzaren osotasuna edo zati bat kobratzeko eskubidea ere, kasuan-kasuan, eta, jarraian, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko itzulketa-prozedura abiaraziko da, dagokionean. Administrazioak ukoa onartuko du, eta amaitutzat emango du prozedura, salbu eta beste interesdunik agertzen bada eta prozedura aurrera eramateko eskatzen badu ukoa jakinarazi eta hamar egunean.

Hamargarrena.– Laguntzak emateko ebazpenen aldaketa eta ez-betetzea.

1.– Diru-laguntzak emateko kontuan hartutako zirkunstantziak aldatzen badira edo beste erakunde publiko edo pribatu batek beste laguntza edo diru-laguntzaren bat ematen badu, horren berri eman behar zaio Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari, idatziz, eta litekeena da diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea, betiere, agindu honek ezartzen dituen gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak aldaketa-ebazpena emango du, eta diru-laguntzaren zenbatekoak doituko ditu, oinarri berriaren arabera.

2.– Betiere, onuradunek ez badute betetzen agindu honek ezartzen duen eskakizunen bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat edo diru-laguntzak itzuli behar badituzte Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin bat, diru-laguntzak emateko ebazpena ez betetzeagatiko espediente bat bideratuko du Arrantza eta Akuikultura zuzendariak, eta interesduna entzungo du. Jarraian, ebazpen bidez, adieraziko du diru-laguntzarako eskubidea galdu duela interesdunak, eta, dagokionean, hartutako laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli behar dizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenak, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluak xedatzen dutenarekin bat, dagozkion gainerako neurriak hartzeari kalte egin gabe. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, zigor-prozedura hasteko eskumena duen organoari jakinarazi behar zaizkio gertakariak.

4.– Diru-laguntzak emateko ebazpenaren zati bat betetzen ez bada eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren ustez aurkeztu eta onartutako proiektu bat bere osotasunean itxuragabetzen bada horregatik, emandako diru-laguntza baliogabea izan daiteke.

5.– Inbertsioen edo/eta gastuen behin betiko egiazko kostuak txikiagoak badira diru-laguntzak emateko onartutako inbertsio edo/eta gastuen aurrekontuak (diru-laguntzak emateko kontuan hartutakoak) baino, diru-laguntzen zenbatekoak txikitu egingo dira, Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren ebazpen bidez, eta oinarri berriaren arabera aplikatuko dira diru-laguntzen ehunekoak.

6.– Hasieran aurkeztutako aurrekontua aldatu eta handitu egiten bada, espedientea ebazpen-proposamenaren fasera iritsi aurretik bakarrik sar daiteke espedientean. Hau da, zuzendu eta igotako aurrekontua ondoren aurkezten bada, emandako laguntzen zenbatekoa ez da handituko.

Hamaikagarrena.– Bateraezintasunak.

Agindu honek ezartzen dituen laguntzak beste administrazio publiko batzuek eta erakunde pribatuek ematen dituztenekin bateragarriak dira, betiere, emandako diru-laguntzen zenbatekoen baturak ez baditu gainditzen dagozkion mugak. Mugak gainditzen baditu, berriz, Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren ebazpen bidez emandako laguntza txikitu egingo da.

Hamabigarrena.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2015ean, 3.000.000 euro bideratuko dira guztira laguntza-programa hau finantzatzeko, 2015 urteko ordainketarako aurrekontu kreditua. 1.240.200 euro Europako Arrantza Funtsaren kontura bideratuko dira, eta 1.759.800 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren kontura.

2.– Deialdi honen kontura emango diren guztizko laguntzek ezin dute gainditu aipatutako aurrekontua, ezta hura eguneratzean finkatzen dena, indarreko legediak kreditua lotzeko eta aurrekontua aldatzeko ezartzen duen araubidearekin bat. Horrenbestez, guztizko diru-kopurua agortutakoan ez da emango diru-laguntza gehiago, eta ebazpen hau baliorik gabe geratuko da ordutik aurrera. Ematekoak diren laguntzen guztizko zenbatekoa aldatzen bada edo kreditua agortzen bada, horren berri emango da, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen bidez.

Hamahirugarrena.– Laguntza-lerroak.

1.– 2015ean, kontuan hartuta aurrekontua mugatua dela, laguntza-lerro hauek lagunduko dira diruz 2006ko uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamenduak arautzen dituenen artean:

a) Arrantza-ontziak behin betiko gelditzea.

b) Arrantza-ontzietan inbertsioak egitea eta selektibitatea ezartzea.

c) Kalte-ordain sozioekonomikoak ematea.

d) Akuikultura lantzea.

e) Ekintza kolektiboak egitea.

f) Merkatu berriak garatzea eta sustapen-kanpainak egitea.

g) Proiektu pilotuak egitea.

2.– Laguntzetarako aurrekontua handitzen bada, behar ekonomikoen arabera aplikatuko da, eskabideak kontuan izanik.

Hamalaugarrena.– Arrantza-ontziak behin betiko gelditzeko laguntzak.

1.– Laguntzen helburua da arrantza-ontziak behin betiko geldi daitezen finantzatzea, betiere, arrantza-ontziak gelditzen badira arrantza-ahalegina doitzeko plan baten barruan eta plana 1198/2006 (EE) Erregelamenduko 21.a) artikuluak aipatzen duenetako bat bada.

1198/2006 (EE) Erregelamenduaren barruko laguntzak honakoetarako emango dira, besteak beste:

a) Arrantza-ontziak desegiteko edo hondoratzeko.

b) Estatu kide baten banderapeko arrantza-ontziak birmoldatzeko eta arrantzarekin zerikusia ez duten jardueretarako erregistratzeko, laugarren eta zazpigarren zerrendetan aldaketak egiteko izan ezik.

c) Arrantza-ontziak lehorrean apaingarri jartzeko, flotatu ezin dutela eta arrantzatik kanpoko irabazi-asmodun jardueretarako erabiltzen direla bermatuz.

d) Arrantza-ontziak uharri artifizial bihurtzeko, betiere, 38.2.a) artikuluko helburuak lortzen laguntzeko. Horretarako, aurrez, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatu behar da.

e) Europar Batasunak onartutako lehengoratze-plan baten barruan dauden arrantza-unitateei dagokienez, arrantza-ontziak birmoldatzeko edo Europar Batasunak onartutako larrialdi-neurriak hartzeko, 2371/2002 (EE) Erregelamenduko 5. artikuluarekin bat.

2.– Berariazko eskakizunak.

1198/2006 (EE) Erregelamenduko laguntzak hartzeko eskubidea izateko, eskakizun hauek bete behar dira:

a) Beste bat eraikitzeko baja eman ez izana ontziei eta azken bost urteetan arrantza-ontzietan inbertsioak egiteko eta selektibitatea ezartzeko laguntzarik hartu ez izana. Ontziak modernizatzeko eta erosteko laguntzarik hartu bada azken bost urteetan, prorrata temporis itzuli behar da.

b) Ontziak jarduneko arrantza-ontzidiaren erroldan eta Itsasontzien Matrikula Erregistroko hirugarren zerrendan egotea.

c) Ontziak jardunean egotea eta gutxienez 90 egunez jardun izana arrantzan behin betiko gelditzeko eskabidea aurkeztu aurreko hamabi hilabeteko bi aldietako bakoitzean, edo, dagokionean, 120 egunez gutxienez eskabidea aurkeztu aurreko urtean.

d) Ontzien egoitza-portua EAEn izatea.

e) Laguntza eskatzen duen armadorea ontziaren jabe izatea.

f) Ontziek 10 urte edo gehiago izatea. Laguntzen gehieneko zenbatekoa % 1 jaitsiko da 20 urtetik gorako urte bakoitzeko, eta ontziek 30 urte edo gehiago izatea izango da muga.

3.– Honakoak izango dira onuradunen berariazko betebeharrak:

a) Arrantza-eskubideak banaka esleitu zaizkien ontzidiei dagokienez, ontzien armadoreek konpromisoa hartzea guztizko tonaje baliokidearen % 100 egoitza-portuan uzteko zortzi urtez gutxienez.

b) Europar Batasuneko Kontseiluak onartutako lehengoratze-plan baten barruan dauden arrantza-unitateei dagokienez, baremoa % 20 handitu daiteke. Horretarako, ontziak behin betiko gelditu ostean, ontzien jabe diren enpresek ontziak behin betiko gelditu aurreko guztizko tonajearen % 100 egoitza-portuan utzi behar dute zortzi urtez gutxienez.

4.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Eskabidea. Eredua www.nasdap.ejgv.euskadi.net helbidean eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskuratu daiteke.

b) Ontziko tripulazioko kideen zerrenda.

c) Ontziaren idazpen-orria.

d) Ontziaren titularitatearen erregistroko ziurtagiria eta kargarik ez duen erregistroko ziurtagiria.

e) Eman gabe dauden laguntzak itzultzea bermatzeko banku-abala.

5.– Honakoak izango dira irizpide objektiboak eta haien haztapena:

– Ontzien adina, goitik behera –20 urte baino gehiago badituzte, gehieneko zenbatekoa % 1 jaitsiko da 20 urtetik gorako urte bakoitzeko, eta ontziek 30 urte edo gehiago izatea izango da muga–: % 30.

– Europar Batasuneko Kontseiluak onartutako lehengoratze-plan baten barruko arrantza-unitateak, betiere, ontziak behin betiko gelditu aurreko guztizko tonajea egoitza-portuan uzten badute armadoreek: % 40.

– Harrapaketa mota (harrapatzen diren baliabideen jaitsiera, goitik behera): % 30.

6.– Laguntzen zenbatekoa taula honen araberakoa izango da:

Baremoak

Kalte-ordainen gehieneko zenbatekoak

(Ikus .PDF)

Baxurako ontzidiak, itsasertzeko arraste-ontzidiak eta NEAFCeko ontzidiak (300en zerrendakoak) aurkezten dituzten proiektuak diruz lagunduko dira:

a) Oro har, laguntzaren ehunekoa diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoen % 100ekoa ere izan daiteke.

b) NEAFCeko ontzidiari dagokionez, onuradunek metaketaren emaitza diren eskubide guztiei eutsi behar diete denboraldi horretan. Baldintza hau betetzen ez badute, hartutako laguntza osorik itzuli behar dute. Europar Batasuneko Kontseiluak onartutako lehengoratze-plan baten barruan dauden arrantza-unitateei dagokienez, baremoa % 20 handitu daiteke. Horretarako, ontziak behin betiko gelditu ostean, ontzien jabe diren enpresek ontziak behin betiko gelditu aurreko guztizko tonajearen % 100i eutsi behar diote zortzi urtez gutxienez.

c) Ontziak desegiteko laguntzen gehieneko zenbatekoak % 50 jaitsiko dira ontziak arrantzatik kanpoko irabazi-asmodun jardueretarako erabiltzen badira.

7.– Dokumentu hauek aurkeztutakoan ordainduko dira laguntzak:

– Ontziak gelditu egin diren egiaztagiriak (Itsas Kapitaintzaren ziurtagiriak, ontziak aurretik zenbat egunetan jardun diren diotenak).

– Arrantza-ontzietan inbertsioak egiteko edo bigarren eskuko ontziak erosteko laguntzak itzultzeko kostuak ordaindu diren frogagiriak.

– Armadoreek tripulazioetako kideei ontziak gelditzeko laguntzak hartu izana jakinarazteko idazkien kopia bat, tripulazioetako kide guztiek sinatua.

Hamabosgarrena.– Arrantza-ontzietan inbertsioak egiteko eta selektibitatea ezartzeko laguntzak.

1.– Laguntzen helburua da bost urte edo gehiago dituzten ontzietako ekipamendua eta haien modernizazioa finantzatzea, baldintza hauetan bakarrik, abenduaren 20ko 2371/2002 (EE) Erregelamenduaren III. kapituluarekin bat. Honakoak hobetzeko egin daitezke inbertsioak, betiere, ontzien arrantza-ahalmena handitzen ez bada: ontzietako segurtasuna, lan-baldintzak, higienea, produktuen kalitatea, energiaren erabileraren errendimendua eta selektibitatea. Bestalde, ezin da eman arrantza-ontziak eraikitzeko ez haien sotoen edukiera handitzeko laguntzarik.

a) Ontzi bakoitzeko propultsio-motor bat aldatzeko diru-laguntzak eman daitezke, betiere, baldintza hauek betetzen badira:

1) Guztira 12 metro baino laburrago diren eta Batzordearen 2003ko abenduaren 30eko 26/2004 (EE) Erregelamenduaren I. eranskineko 3. taulako arraste-aparailuak erabiltzen ez dituzten ontziei dagokienez, motor berriek eta motor zaharrek potentzia bera izatea edo motor berrien potentzia txikiagoa izatea.

2) Guztira 24 metro baino laburrago diren eta a) paragrafoak arautzen ez dituen ontziei dagokienez, motor berrien potentzia motor zaharrena baino % 20 txikiagoa izatea gutxienez.

3) Guztira 24 metro baino luzeago diren arraste-ontziei dagokienez, motor berrien potentzia motor zaharrena baino % 20 txikiagoa izatea gutxienez; ontziak salbamendu- eta berregituratze-plan baten barruan egotea, 1198/2006 Erregelamenduko 21.f) artikuluari jarraituz; eta erregai gutxiago kontsumitzen duten arrantza-metodoen alde egitea.

b) Ekipamendua eta modernizazio-lanak ordaintzeko diru-laguntzak eman daitezke, betiere, baldintza hauek betetzen badira:

1) Harrapatutakoa ontzian bertan kontserbatu ahal izatea baztertzea baimenduta ez badago.

2) Neurri tekniko berriak prestatzeko edo probatzeko proiektuetan parte hartzea.

3) Arrantzak merkaturatzen ez diren espezieetan duen eragina murriztea.

4) Arrantzak itsas ekosistema eta hondoetan duen eragina murriztea.

5) Harrapari basatien harrapaketak eta aparailuak babestea, are arrantza-aparailuen materiala aldatuta, betiere, arrantza-ahalegina handitzen ez bada, arrantza-aparailuen selektibitateari kalte egiten ez bazaio eta harrapariei kalte fisikorik ez egiteko neurri egokiak hartzen badira.

c) Arrantza-aparailu selektiboetan inbertsioak egiteko diru-laguntzak eman daitezke, Europako Arrantza Funtsa indarrean dagoen bitartean arrantza-aparailuak bi aldiz ordezkatzeko ere, betiere, baldintza hauetako bat betetzen bada:

1) Arrantza-ontziak arrantza-ahalegina doitzeko plan baten barruan egotea, arrantza-metodoak aldatzen aritzea, eta baliabideen egoera arrantzan jarduteko modukoa den beste kala batera aldatzen aritzea.

2) Aparailu berriak selektiboagoak izatea eta Erkidegoko araudiaren esparruko betebeharrak baino zorrotzagoak diren ingurumen-arloko irizpide eta jardunbideekin bat etortzea.

d) Arrantza-aparailuak lehenengo aldiz ordezkatzeko diru-laguntzak eman daitezke, helburu hauek lortzeko:

1) Arrantza-aparailuak Erkidegoko legediak selektibitateari buruz ezartzen dituen baldintza tekniko berriekin bat datozela bermatzea.

2) Arrantzak merkaturatzen ez diren espezieetan duen eragina murriztea.

e) Honakoak ez dira lagunduko diruz:

1) Erabilitako material eta ekipamenduen erosketa.

2) Aurrekoak berritu bakarrik egiteko gastuak, salbu eta inbertsioak ezberdinak badira, dela teknologiaren aldetik, dela errendimenduaren aldetik.

3) Hondatutako elementuak ordezkatzeko lanak eta mantentze- eta konponketa-lanak egiteko gastuak.

2.– Berariazko eskakizun hauek bete behar dira:

a) Ontziak 5 metro luze izatea gutxienez zuten artean eta egoitza-portua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Ontziak jarduneko arrantza-ontzidiaren erroldan eta Itsasontzien Matrikula Erregistroko hirugarren zerrendan egotea.

c) Ontziek bost urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea. Salbuespen gisa, ontziek 30 urte baino gehiago badituzte, egin beharreko lanak banan-banan aztertuko dira eta, dagokionean, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 30eko diru-laguntzak emango dira gehienez ere.

d) Ontziei beste bat eraikitzeko edo behin betiko gelditzeko baja ematea ez eskaini izana.

e) Lanak diru-laguntza hartzeko eskabidea aurkeztu aurretik hasi ez izana.

f) Ontziak modernizatzeko proiektuek baimena izatea.

g) Modernizazio-proiektuen ondorioz ontzien eraginkortasuna ez handitzea.

3.– Honakoak izango dira onuradunen berariazko betebeharrak:

a) Lanak amaitu eta bost urtean ontzien jabetza ez eskualdatzea. Baldintza hau betetzen ez bada, emandako laguntza osorik itzuli behar da.

b) Lanak amaitu eta bost urteren buruan ontziak saltzen badira eta salmentak kalte-ordain sozioekonomiko bat hartzeko bide ematen badu, edo modernizazio-lanak amaitu eta 5 urteren barruan ontziei baja ematen bazaie Itsasontzien Matrikula Erregistroan, azken hamar urteetan hartutako laguntzak prorrata temporis itzultzea.

c) Ontzietan inbertsioak egiteko lanak egiteko baimena izatea. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren aurrean eskatu behar da, eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpen bidez emango edo ukatuko da, eskabidea aurkeztu eta sei hilabetean gehienez ere. Epea amaitu eta berariazko ebazpenik ez badago, interesdunek eskabideak onartzen direla jo dezakete, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legeko 43. artikuluarekin bat.

Estatuaren eskumena bakarrik diren gaietan, txosten lotesle bat egiteko eskatuko zaio Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari.

d) Interesdunek gorako errekurtsoa aurkez dezakete Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak diru-laguntzak emateko edo ukatzeko ematen duen ebazpenaren aurka, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen aurrean, hilabetean ebazpenaren jakinarazpena hartu eta biharamunetik edo hiru hilabetean administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluekin bat.

4.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Eskabidea. Eredua www.nasdap.ejgv.euskadi.net helbidean eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskuratu daiteke.

b) Ontzietan inbertsioak egiteko baimena.

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, ontziei beste bat eraikitzeko edo behin betiko gelditzeko baja ematea eskaini ez dela eta haien jabetza bost urte baino lehen ez eskualdatzeko konpromisoa hartu dela dioena.

d) Enpresen arrantza-jarduna azaltzeko oroitidazki bat eta inbertsioen alde tekniko eta ekonomikoen deskripzioa eta haien errentagarritasunaren azterketa.

e) Inbertsioen aurrekontu originalak. Egitekoa den inbertsio bakoitzeko hiru aurrekontu, lanak egiteko epeen aurreikuspena eta aurreikusitako finantzaketa-programa aurkeztu behar dira.

f) Ontzien titulartasunaren erregistroko ziurtagiriak.

g) Ontziak jarduneko arrantza-ontzidiaren erroldan eta Itsasontzien Matrikula Erregistroko hirugarren zerrendan dauden egiaztagiriak, betiere, Administrazioak ezin baditu eskuratu bere kabuz.

h) Inbertsioek arrantza-ontzien bizigarritasuna handitzen ez duten erantzukizunpeko adierazpen bat edo, bestela, teknikari eskudun batek horixe esplizitatzeko egindako ziurtagiri bat.

5.– Honakoak izango dira laguntzen zenbatekoa zehazteko irizpide objektiboak eta haien haztapena:

a) Lan-baldintzak, ontziko segurtasuna, higienea, produktuen kalitatea eta energiaren erabileraren errendimendua hobetzea, % 33,33ra arte.

b) Ingurumena hobetzea, arrantza-aparailu selektiboagoak erabiltzea, motoreak ordezkatzea, arrantzak merkaturatzen ez diren espezieetan duen eragina murriztea eta ordezko energiak erabiltzea, % 33,33 ere.

c) Teknologia berritzea eta produktuen kalitatea, energiaren erabileraren errendimendua eta harrapaketen kalitatea eta kontserbazioa hobetzea, % 33,33ra arte.

6.– Laguntzaren intentsitateak bat etorri behar du 2006ko uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamenduak, Europako Arrantza Funtsari buruzkoak, II. eranskinean xedatzen duenarekin. Sektore guztietan, inbertsioek proiektu bakoitzeko onartutako kostu hau izan behar dute gutxienez:

a) 50 GT-tik beherako ontziei dagokienez, 3.000 euro.

b) 50etik gora GT-tik 100 GTra bitarteko ontziei dagokienez, 6.000 euro.

c) 100etik gora GT-tik 150 GTra bitarteko ontziei dagokienez, 12.000 euro.

d) 150 GT-tik gorako ontziei dagokienez, 24.000 euro.

Honakoa izango da diruz lagundu daitekeen gehieneko gastua programazioa indarrean dagoen bitartean: ontziak 2007an (programazioaren lehenengo urtean) behin betiko geldituko balira izango luketen balioaren % 50. Inbertsioak ontzietako segurtasuna hobetzeko egiten badira, balioa handiagoa izan daiteke.

7.– Honakoak izango dira finantzaketa-ehunekoak:

a) 5 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako ontziei dagokienez, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 40 ere. Atunketari izoztaileei dagokienez, % 30 ere. Motor-aldaketei dagokienez, diruz lagundu daitezkeen kostuen 20 ere.

b) Salbuespen gisa, ontziek 30 urte baino gehiago badituzte, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 30 ere.

8.– Laguntza-lerro honetako lanak egin eta ordaindu izana justifikatutakoan ordainduko dira laguntzak. Horretarako, fakturak eta haiek ordaindu diren frogagiriak aurkeztu behar dira.

Hamaseigarrena.– Kalte-ordain sozioekonomikoak emateko laguntzak.

1.– Helburua.

40 urtetik beherako arrantzaleek beren lehenengo ontzia erosteko banakako sariak arautzen ditu laguntza-lerro honek. Honakoak izango dira baldintzak:

– Onuradunek 40 urte baino gutxiago izatea, 5 urteko esperientzia izatea arrantzan, edo lanbide-heziketako titulu baliokide bat, eta arrantza-ontzi bat (edo haren zati bat) lehenengoz erostea. Arrantza-ontziak 24 metrotik beherako luzera izan behar du zuten artean, eta 5 eta 30 urte bitartean izan behar ditu.

– Sariak jabetza erosteko kostuaren % 15etik eta 50.000 eurotik beherakoak izatea.

2.– Onuradunak.

Honakoak izan daitezke laguntza hauen onuradun: 40 urtetik beherako arrantzaleak, Gizarte Segurantzan Itsas Langileen Erregimen Berezian alta eman badute.

3.– Onuradunek berariazko betebeharra dute jabetza-eskritura egin eta bost urtean ontzien jabetza ez eskualdatzeko. Baldintza hau betetzen ez badute, hartutako diru-laguntzak osorik itzuli behar dituzte.

4.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Eskabidea. Eredua www.nasdap.ejgv.euskadi.net helbidean eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskuratu daiteke.

b) Ontzien egoitza-portua egiaztatzeko ziurtagiria.

c) Gizarte Segurantzan Itsas Langileen Erregimen Berezian alta eman dutela egiaztatzen duen ziurtagiria.

d) Itsas kapitainak itsasoratze-denbora egiaztatzeko egindako ziurtagiria.

e) Dagokionean, lanbide-heziketako ziurtagiria edo titulu baliokidea.

5.– Honakoak izango dira laguntzak zehazteko irizpide objektiboak eta haien zenbatekoa:

a) Onuradunen ahalegin finantzarioak: % 50.

b) Arrantzale gazteen inbertsio-proiektuaren norainokoa: % 50.

6.– Laguntzen ordainketa.

Inbertsioak behar bezala justifikatutakoan ordainduko dira laguntzak. Horretarako, erositako ontziaren titulartasunaren erregistroko ziurtagiria eta erositako ontzia ordaindu izanaren egiaztagiriak (fakturak eta ordainagiriak) aurkeztu behar dira.

Hamazazpigarrena.– Akuikultura lantzeko laguntzak.

1.– Laguntza hauen helburua da lan-instalazioak eta instalazio higienikoak eraiki, handi, horni eta moderniza daitezen eta produktuen kalitatea hobetu dadin bultzatzea, betiere, ingurumenaren gaineko ondorioak hobetuta. Inbertsioek helburu hauetako bat edo batzuk lortzen lagundu behar dute:

a) Ekoizpena dibertsifikatzea (espezie berriak haztea) edo merkatuan etorkizun ona duten espezieak ekoiztea.

b) Akuikultura-metodoek are ondorio positibo hobeak izatea ingurumenaren gainean akuikultura-sektoreko jardunbide normalek baino.

c) Akuikultura-arloko jarduera tradizionalak bultzatzea.

d) Ustiategiak harrapari basatietatik babesteko ekipamendua erostea.

e) Akuikultura-arloko langileen lan- eta segurtasun-baldintzak hobetzea.

2.– Onuradunak.

Honakoak izan daitezke laguntza hauen onuradun:

a) Mikroenpresak eta enpresa txikiak.

b) 1198/2006 (EE) Erregelamenduko 3.f) artikuluko definizioak barnean hartzen ez dituen enpresak, 750 langile badituzte edo haien negozio-zifra 200 milioi eurotik beherakoa bada.

3.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Eskabidea. Eredua www.nasdap.ejgv.euskadi.net helbidean eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskuratu daiteke.

b) Oroitidazki bat, honakoak zehatz-mehatz azaltzen dituena: egitekoak diren jarduerak, haien iraupena, proiektuen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa eta jardueren interesaren justifikazioa.

c) Jardueren azterketa ekonomiko bat.

d) Akuikultura-instalazio bat sortzeko beharrezko baimenen kopia bat.

e) Lursailen errentamendu- edo jabetza-kontratua.

f) Ura hartzeko emakida, dagokionean.

g) Babespeko zortasun-zonako baimena, dagokionean.

h) Dagokion udalaren baimena.

i) Osakidetzak egindako aldeko txosten bat.

j) Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egindako aldeko txosten bat.

k) Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Itsasaldeen Zuzendaritza Nagusiak egindako aldeko txosten bat.

4.– Baimena.

Aurreko puntuko dokumentu guztiak aurkeztu baino lehen, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren baimena eskuratu behar da, nahitaezkoa baita kontzeptu honen konturako laguntzak bideratzeko.

5.– Honakoak izango dira laguntzaren zenbatekoa zehazteko irizpide objektiboak eta haien haztapena:

a) Gaurdaino EAEn kontuan hartu ez diren hazkuntza-espezieen potentziala aztertzeko ekimenak.

b) Martxan dauden instalazioak modernizatzeko proiektuak.

Laguntza diruz lagundu daitezkeen kostuen % 40koa ere izan daiteke.

6.– Laguntza bi alditan ordainduko da gehienez ere, diruz lagundutako inbertsio eta gastuak egin eta ordaindu izana egiaztatutakoan. Horretarako, dagozkion dokumentuak aurkeztu behar dira.

Hemezortzigarrena.– Ekintza kolektiboak egiteko laguntzak.

1.– Laguntza hauen helburua da interes publikoko neurrien alde egitea –eragileek berek, ekoizleen izenean diharduten erakundeek edo onartutako beste erakunde batzuek babestuta aplikatu beharko lirateke–, helburu hauek lortzeko bereziki:

a) Baliabideen kudeaketa eta kontserbazioa modu jasangarrian hobetzen laguntzea.

b) Arrantza-metodo eta -aparailu selektiboak sustatzea eta harrapaketa osagarriak murriztea.

c) Galdutako arrantza-aparailuak itsas hondotik jasotzea, arrantza mamuari aurre egiteko.

d) Lan- eta segurtasun-baldintzak hobetzea.

e) Arrantzako eta akuikulturako produktuen merkatuen gardentasuna hobetzea, baita haien trazabilitatea ere.

f) Elikagaien kalitatea eta segurtasuna hobetzea.

g) Akuikulturako ekoizpen-zonak garatzea, berregituratzea eta hobetzea.

h) Ekoizpen-ekipamendu eta -azpiegituretan inbertitzea.

i) Gaitasun profesionalak eta prestakuntza-metodo eta -tresna berrien garapena hobetzea.

j) Zientzialarien eta sektoreko profesionalen arteko lankidetza sustatzea.

k) Erakundeek sarean lan egitea eta jardunbide egokiak trukatzea.

l) Itsasbazterreko artisau-arrantzarako finkatutako helburuak lortzen laguntzea.

m) Arrantza-zonetan sartzeko baldintzen kudeaketa eta kontrola hobetzea.

n) Kontseiluaren 1999ko abenduaren 17ko 104/2000 (EE) Erregelamenduak, arrantzako eta akuikulturako produktuen sektorean merkatuen antolaketa komuna ezartzen duenak, xedatzen duenarekin bat onartutako ekoizle-elkarteak sortzea eta berregituratzea eta kalitatea hobetzeko egiten dituzten planak aplikatzea.

2.– Laguntza hauen onuradun izan daitezke arrantzako profesionalak eta arrantzako ekoizleen elkarteak, betiere, berariazko aitorpena badute edo 104/2000 (EE) Erregelamenduari jarraituz lor badezakete.

3.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Eskabidea. Eredua www.nasdap.ejgv.euskadi.net helbidean eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskuratu daiteke.

b) Oroitidazki bat, honakoak zehatz-mehatz azaltzen dituena: egitekoak diren jarduerak, haien iraupena eta haien interes kolektiboaren justifikazioa.

c) Jardueren azterketa ekonomiko bat.

d) Ekoizle-elkarteek, negozioen kudeaketa eta zuzendaritza Euskal Autonomia Erkidegoan zentralizatu dituztela egiaztatzeko dokumentuak.

4.– Laguntzak diruz lagundu daitezkeen kostuen % 100ekoak ere izan daitezke onuradun pribatuek parte hartu gabe finantzatzen diren proiektuei dagokienez. Onuradun pribatuek parte hartuta finantzatzen diren jarduerei dagokienez, berriz, laguntzak diruz lagundu daitezkeen kostuen zuzeneko laguntzaren % 60koak ere izan daitezke. Betiere, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak erabakiko du proiektuak interes orokorrekoak diren eta, beraz, % 100 ere lagundu daitezkeen diruz edo ekimen pribatukoak diren eta % 60 ere lagundu daitezkeen diruz. Horretarako, gai hauek hartuko ditu oinarri:

a) Erakunde kolektiboen (ekoizle-elkarteen eta sektoreko ekoizle-elkarteen) eta ikerketa-institutuen parte-hartzea.

b) Interes kolektiboak vs banakoen interesak.

5.– Honela ordainduko dira laguntzak:

a) Emandako diru-laguntzaren % 50, laguntza emateko ebazpena jakinarazitakoan.

b) Gainerako % 50a (osotasuna edo zati bat), diruz lagundutako jarduerak egin izana justifikatzeko dokumentuak aurkeztutakoan.

Hemeretzigarrena.– Merkatu berriak garatzeko eta sustapen-kanpainak egiteko laguntzak.

1.– Laguntza honen helburua da interes publikoko neurrien alde egitea, kalitate- eta balorizazio-politikak aplikatzeko, merkatu berriak garatzeko eta arrantzako eta akuikulturako produktuak sustatzeko kanpainak egiteko. Neurriak alor hauetakoak izango dira:

a) Arrantzako eta akuikulturako produktuak sustatzeko kanpainak egitea.

b) Merkatuari soberakinak eta gutxi ustiatzen diren espezieak eskaintzea, normalean baztertu egiten baitira.

c) Arrantzako eta akuikulturako produktuei kalitate-politikak aplikatzea.

d) Ingurumena errespetatzen duten metodoen bidez ekoitzitako produktuak sustatzea.

e) Martxoaren 20ko 510/2006 (EE) Erregelamenduari jarraituz onartutako produktuak sustatzea.

f) Kalitatea ziurtatzea (etiketak sortzea eta ingurumenari kalte ez egiteko moduan harrapatu edo ekoitzitako produktuak ziurtatzea barne).

g) Arrantzako eta akuikulturako produktuen eta arrantza-sektorearen irudia hobetzeko kanpainak egitea.

h) Merkatu-azterketak egitea.

2.– Honakoak izan daitezke laguntza hauen onuradun: arrantza-erakunde profesionalak, ekoizle-elkarteak, arrantzaleen kofradiak, eraldaketa- eta merkaturatze-sektorea ordezkatzen duten erakundeak eta ikerketa-institutuak.

3.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Eskabidea. Eredua www.nasdap.ejgv.euskadi.net helbidean eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskuratu daiteke.

b) Oroitidazki bat, honakoak azaltzen dituena: egitekoak diren jarduerak, haien iraupena eta helburuak.

c) Proiektuaren kostuaren azterketa ekonomiko bat.

4.– Honakoak izango dira laguntzaren zenbatekoa zehazteko irizpide objektiboak eta haien haztapena:

a) Ekimena kolektiboa izatea edo, indibiduala bada, jardueraren emaitza guztion onerako izatea argi eta garbi: % 20 ere.

b) Lanpostuak sortzea: % 20 ere.

c) Arrantzako produktuen balio erantsia handitzea; bereziki, kontsumitzaileek gutxien balioesten dituzten arrain-espezieena: % 20 ere.

d) Proiektuaren merkaturatze-katean (bereziki, arrantzako harrapaketa-sektorean) dituen onurak: % 20 ere.

e) Sektorearentzako interes estrategikoa: % 20 ere.

5.– Laguntzak diruz lagundu daitezkeen kostuen % 40koak ere izan daitezke onuradun pribatuek parte hartuta finantzatzen diren jarduerei dagokienez. Betiere, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak erabakiko du proiektuak interes orokorrekoak diren eta, beraz, % 100 ere lagundu daitezkeen diruz. Horretarako, gai hauek hartuko ditu oinarri:

a) Erakunde kolektiboen (ekoizle-elkarteen eta sektoreko ekoizle-elkarteen) eta ikerketa-institutuen parte-hartzea.

b) Interes kolektiboak vs banakoen interesak.

6.– Honela ordainduko dira laguntzak:

a) Emandako diru-laguntzaren % 50, laguntza emateko ebazpena jakinarazitakoan.

b) Gainerako % 50a, diruz lagundutako inbertsio eta gastuak egin eta ordaindu izana egiaztatutakoan. Horretarako, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu behar dira.

Hogeigarrena.– Proiektu pilotuak egiteko laguntzak.

1.– Laguntza-lerro honen helburua da proiektu pilotuak babestea, arrantza-teknika selektiboagoen erabilera esperimentala barne, ezaupide tekniko berriak eskuratzeko eta zabaltzeko. Hauek izango dira proiektuen helburuak:

a) Ekoizpen-sektorearen baldintza errealetatik hurbil dauden baldintzetan, teknologia berritzaileen bideragarritasun tekniko edo ekonomikoa probatzea, horrelako teknologiei buruzko ezagutza tekniko eta ekonomikoa eskuratzeko eta zabaltzeko.

b) Arrantza-ahalegina kudeatzeko eta esleitzeko planen gaineko probak egitea (tartean, debeku-zonak ezartzea, dagokionean, ondorio biologiko eta finantzarioak ebaluatzeko) eta birpopulaketa esperimentalak egitea.

c) Arrantza-aparailuen selektibitatea hobetzeko eta harrapaketa osagarriak, bazterkinen kopurua eta ingurumenaren gaineko eragina murrizteko metodoak garatzea eta probatzea, itsas hondoan bereziki.

d) Arrantza kudeatzeko beste teknika mota batzuk probatzea.

e) Ontzi, motor, ekipamendu eta arrantza-aparailuen energia-kontsumoa eta igorpenak murrizteko eta klima-aldaketaren kontrako borrokan laguntzeko teknika hobeak esperimentatzea.

Proiektu pilotuen jarraipen zientifikoa egin behar da, ondorio adierazgarriak ateratzeko, eta ondorioak txosten teknikoetan bildu eta jendaurrean jarri behar dira.

2.– Hauek izan daitezke laguntza hauen onuradun: eragile ekonomikoak, onartutako merkataritza-elkarteak eta, erakunde zientifiko edo tekniko batekin elkarlanean, helburu bera lortzeko izendatzen den beste edozein erakunde eskudun.

3.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Eskabidea. Eredua www.nasdap.ejgv.euskadi.net helbidean eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskuratu daiteke.

b) Oroitidazki tekniko bat, egitekoa den proiektuaren norainokoa (helburuak, baliabideak, etab.) ahalik eta zehazkien azaltzen duena.

c) Proiektu pilotuaren kostuaren azterketa ekonomiko bat.

4.– Laguntzak diruz lagundu daitezkeen kostuen % 100ekoak ere izan daitezke onuradun pribatuek parte hartu gabe finantzatzen diren proiektuei dagokienez. Gainerakoei dagokienez, berriz, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 60koak ere izan daitezke. Honakoak izango dira aplikatu beharreko irizpide objektiboak eta haien haztapena:

a) Proiektuak berritzaileak izatea: % 50 ere.

b) Proiektuen interes zientifikoa: % 50 ere.

5.– Laguntzak ordainduko dira diruz lagundutako inbertsioak egin eta ordaindu izana egiaztatutakoan –horretarako, inbertsioen fakturak eta ordainagiriak aurkeztu behar dira– eta jarraipenaz arduratzen den erakunde zientifikoak proiektu pilotuari eta haren emaitzei buruzko azken txostena egindakoan.

Hogeita batgarrena.– Errekurtsoak.

Interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete agindu honen aurka, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean, hilabetean Agindua argitaratu eta biharamunetik. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabetean Agindua argitaratu eta biharamunetik.

Hogeita bigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 24a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala