Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2015eko ekainaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2887

AGINDUA, 2015eko ekainaren 17koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Interlehian programa, nazioarteko lizitazioetan parte-hartzen laguntzekoa, 2015. urterako arautzen eta deitzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomiak % 50en inguruko irekitasun-maila du eta, ondorioz, ekonomia irekia dela esan daiteke; horrenbestez, sentikorra zaio munduko merkataritzaren bilakaerari, eta bereziki eragiten dio Europako ekonomiaren portaerak, esparru horretan biltzen baititu gaur egun haren kanpo-merkatu nagusiak.

Egia da EAEko enpresak ohituta daudela atzerrira joan eta lehian aritzera; baina nazioarteko lizitazioak eta, bereziki, alde anitzeko finantzazioan diharduten erakundeek kudeatu eta finantzatutako lizitazioak merkatu arrotza eta ezezaguna dira enpresa gehienentzat. Merkatu horrek, gaur egun, 100.000 milioi dolarretik gorako bolumena du.

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei merkatu horietarako urratsa ematen laguntzeko xedea hartuta, Interlehian programa jartzen da indarrean, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresek nazioarteko lizitazioetan parte har dezaten sustatzeko.

Enpresen arteko lankidetza bultzatzen du programak eta balioetsi egiten ditu enpresek hitzarmen eta partzuergoen bidez abiatzen dituzten ekimenak; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa gehienek ez dute tamaina handirik eta nazioarteko lizitazio gehienetan eskaintza zabala egitea irizpide erabakigarria izan ohi da.

EAEko enpresei merkatu horretan sar daitezen bultzatzea da laguntza-programa honen helburua; ondorioz, aurrekontua agortu bitarteko deialdi irekiaren prozedura dirudi erabil daitekeen egokiena. Prozedura horri ezarrita, enpresek, lizitazio bat abiatu dela jakiten dutenean –beti da zalantzazkoa emaitza, baina interesgarria izan behar du hasiera batean–, parte hartzeko ahalegina egitea erabaki dezakete, baldin eta gastuen zati bat finantzatzeko laguntza eska dezaketela baldin badakite.

Sail honetako Nazioartekotze Zuzendaritzak dituen beste laguntza-programa batzuetan gertatzen den moduan, plangintzak izan behar du enpresek nazioartekotzearen alorrean abiatzen dituzten ekimen guztien oinarria. Horregatik da, hain justu, plangintza aurkeztea laguntzak eskatzeko ezinbesteko baldintza. Berariaz, eta programa honen baitako laguntzak emateko, gainerako enpresek baino balioespen hobea izango dute haien nazioartekotze-estrategia nazioarteko lizitazioetan parte hartzean oinarritzea erabakitzen duten enpresek.

Premia handia dago, gero eta handiagoa, baliabide publikoak EAEko gizarte osoan oro har eta, bereziki, haren ekonomian eragin handia izateko aurreikuspena duten proiektuak laguntzen erabiltzeko. Hori horrela, proiektuak baloratzeko irizpide batzuk ezartzen ditu Interlehian programak; zehazki, haztapen-faktore batzuk eta gutxienez lortu beharreko puntuazio bat finkatzen ditu, laguntza eskuratu ahal izateko.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak 26.4 artikuluan arautzen du sailburuen eskumena dela, besteak beste eta Jaurlaritzako kide diren aldetik dituzten eskumenei kalterik egin gabe, haien sailei dagozkien gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak ematea.

Eta horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Eranskinean adierazitako edukiarekin onartzea Interlehian programaren 2015. urterako deialdiaren arau-oinarriak, programaren xedea izanda Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek nazioarteko lizitazioetan parte har dezaten sustatzea, haien nazioartekotzea bultzatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 17a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
ARAU-OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea eta denbora-eremua.

1.– Agindu honen xedea da egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresak (hemendik aurrera, euskal enpresen) 2015. urtean egiten diren nazioarteko lizitazioetan parte har dezaten sustatzea, haien nazioartekotzea bultzatzeko. Estatu espainiarretik kanpoko erakunde publikoek deitutako lizitazioak izan behar dute, eta enpresak banaka edo lankidetzan aurkez daitezke horietara. Interlehian laguntza-programa hau 2015. urtean izango da indarrean, harik eta haren funtsak agortzen diren arte.

2.– Agindu honetan, kontratistak hautatu eta esleipenak egiteko lehia-prozesu formal eta publikoak izango dira lizitazioak, ondasunak, obrak eta zerbitzuak eskuratzeko eskaintzak eskatu, hartu eta ebaluatzen dituztenak.

3.– Itzuli beharreko diru-laguntzak emango ditu Interlehian programak, eta haien helburua izango da diru-laguntza horien onuradunek obra-kontratuak, herri-lanen kontzesioak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzeko lizitazioetan parte har dezaten sustatzea.

4.– Agindu honetan, Sektore Publikoko Kontratuen Legeak 6. eta 7. artikuluetan arautzen dituenak izango dira obra-kontratuak eta herri-lanen kontzesioak; hori horrela,

– Obra-kontratuak dira obraren bat egitea, adierazitako lege horren I. eranskinean zerrendaturiko lanetako bat egitea edo sektore publikoko entitate kontratatzaileak zehaztutako beharrizanak betetzeko edozein bitarteko erabiliz obra bat gauzatzea helburutzat duten kontratuak. Prestazio horietaz gain, kontratuak, hala egokituz gero, dagokion proiektua idaztea ere jaso ahal izango du.

Obratzat joko da ondasun higiezin bat xede duten eta eginkizun ekonomiko edo tekniko bat betetzeko egiten diren eraikuntzako edo ingeniaritza zibileko lan batzuen emaitza.

– Obra publikoen emakida-kontratuaren bidez, emakidadunak arau horren 6. artikuluan aipatzen diren prestazioetako batzuk egingo ditu, lehendik ziren eraikuntzak berriztatzea eta konpontzea barne, bai eta eraikitako elementuak artatzea eta mantentzea ere. Emakidadunaren aldeko kontraprestazioa izaten da obra ustiatzeko eskubidea ez besterik, edo eskubide hori eta prezioa jasotzekoa.

Nolanahi ere, kontratua gauzatzeak dakartzan arriskuak kontratistaren kontura izango dira. Kontratuak honako eduki hau izan dezake:

a) Obra egokitzeko, eraberritzeko eta modernizatzeko lanak, zerbitzuak behar bezala emateko, edo bera euskarri duten jarduera ekonomikoak gauzatzeko behar diren ezaugarri tekniko eta funtzionalei egokitzeko.

b) Obretako bakoitzak eduki behar dituen elementuek eskatzen dituzten lehengoratze- eta konponketa-lanak, hain zuzen ere, obra horien bitartez eman behar diren zerbitzuak eta gauzatu behar diren jarduerak betekizun ekonomikoen eta sozialen arabera eman eta gauzatu ahal izateko.

Obra publikoen emakida-kontratuak aurreikus dezake emakidadunak obrak proiektatu, gauzatu, artatu, lehengoratu eta konpondu behar dituela, betiere obra nagusiaren osagarri badira edo hari lotuta badaude eta beharrezkoak badira eraikinak bete beharreko helburua betetzeko eta bere funtzionamendua eta ustiaketa hobeak izateko. Horrez gain, obrekin zerikusia duten ingurumen-jardunak, kontratuan aurreikusitakoak ere, gauzatu behar ditu emakidadunak. Obra nagusiaren osagarri diren obrak edo hari lotutakoak ekonomikoki ustiatu edo aprobetxatzeko modukoak badira, emakidadunari dagokio ustiamendu edo aprobetxamendu hori, obra nagusiaren ustiapenarekin batera; betiere, dagozkien baldintza-orrietan ezarritakoaren arabera.

5.– Agindu honetan, hornidura-kontratuak izango dira Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 9. artikulukoak, hau da, objektutzat dutenak produktu edo ondasun higigarriak finantza-errentamenduan hartzea, errentan hartzea –erosteko aukerarekin zein gabe– edo eskuratzea.

Gorputzik gabeko jabetza eta balore negoziagarriei buruzko kontratuak ez dira hartuko hornidura-kontratutzat.

Nolanahi ere, ondorengo kontratu hauek hornidura-kontratutzat joko dira:

a) Enpresa hainbat ondasun hurrenez hurren eta unitateko prezioka entregatzera behartzen duten kontratuak, ondasun kopuru osoa kontratua egiteko unean zehaztasunez mugatu gabe, ondasunak eskuratu behar dituenaren premien arabera egiteagatik entregak.

b) Xedetzat telekomunikazio-ekipamenduak edo -sistemak edo informazioa tratatzeko ekipamendu eta sistemak eta horien dispositibo eta programak eskuratu eta errentan hartzeko kontratuak dituztenak, baita programak erabiltzeko eskubidea lagatzekoak ere, neurrira garatutako ordenagailu-programak eskuratzeko kontratuak izan ezik, horiek zerbitzu-kontratutzat joko dira eta.

c) Fabrikazio-kontratuak, enpresak horien bidez entregatu behar dituen gauzak (edo gauza) entitate kontratatzaileak aldez aurretik ezarritako ezaugarrien arabera egin behar direnean, nahiz eta entitate kontratatzaileak bere gain hartu horretarako behar diren materialak osorik edo hein batean entregatzeko betebeharra.

6.– Agindu honetan, zerbitzu-kontratuak izango dira, kontratatzaile baten beharrizanak asetzeko xedea duten jardueren multzo bat (prestakuntza, hezkuntza, ingurumena, espazio-plangintza, lurralde-garapena, kalitatea, ingeniaritza, informatika, laguntza teknikoa, etab.) kontratatzen dutenez gain, Sektore Publikoko Kontratuaren Legearen 10. artikuluko kontratuak, objektutzat egiteko prestazio bat dutenak, jarduera bat gauzatuz gauzatzen dena, edo obraz edo horniduraz besteko emaitza lortzera bideratutako egiteko prestazio bat dutenak. Lege horren II. eranskinean zerrendatzen diren kategoriatan banatzen dira zerbitzu-kontratuak.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek (ETEek) jaso ditzakete Agindu honetan arautzen diren laguntzak. Banaka aurkeztu daitezke edo batera, aldi baterako enpresa-elkarketetan, eta plangintza estrategiko bat izan behar dute beti. Batzordearen 2003/361/EE Gomendioak arautzen duenari erreparatuta zehaztuko da ETE kontzeptuaren definizioa.

2.– Laguntza hauek eska ditzakete, era berean ETE izateko baldintzak betetzen ez dituzten enpresek, baldin eta eskatzen duten laguntzaren xede den proiektuak traktore-lan handia egin baldin badezake EAEko enpresa txiki eta ertainentzat –ezaugarri hori frogatzeko, onuradun izan daitezkeen enpresen zerrenda eta inpaktu ekonomikoaren zenbatespena aurkeztu behar dute–, edo berariaz xede horrekin enpresarien aldi baterako elkarte bat osatzen baldin badute.

3.– Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 59. artikuluak arautuko ditu enpresa-elkarte horiek, eta, berariaz, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Elkartearen kideen erdiak baino gehiagok bete behar dituzte artikulu honen 1. puntuan arautzen diren baldintzak.

b) Berariaz eratutako enpresa-elkarteren bat baldin bada lizitatzailea, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen enpresak aurkeztu behar du diru-laguntzaren eskaera. Elkarteko liderra izan behar du enpresa horrek, eta hura izango da Administrazioarekiko solaskidea eta harremanetarako kontaktua, proiektuaren garapenaz eta kudeaketaz arduratzeko.

c) Modalitate horretan aurkezten diren proiektuek izaera horrekin aurkezten direla adierazi behar dute enpresa liderrak aurkeztuko duen eskaeran; gainera, enpresa lider horrek eta elkartean parte hartzen duten gainerako erakundeek izenpetu behar dute hura. Elkartean parte hartzen duen erakunde bakoitzari dagozkion jarduerak eta aurrekontuak adierazi behar dira.

4.– Hala ere, aurkeztu diren lizitazioan esleipendun gertatzen ez baldin badira soilik jasoko ditu laguntza haren onuradun diren erakundeek.

5.– Baztertu egingo dira ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean ez dauden erakundeak.

6.– Ezin dute onuradun izan, era berean, herri-administrazioekiko lotura duten erakundeek eta administrazio instituzionaleko erakundeek.

7.– Ez dira diruz lagunduko zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden erakundeak, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean dauden erakundeak ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak jaso dituztenak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenetan seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Gastu hauek lagun daitezke diruz:

a) Baldintza-orriak eskuratzea eta haiek eskuratzeko bidaia.

b) Eskaintza aztertu eta prestatzea.

– Barne-gastuak, hau da, erakunde eskatzaileko langileek emandako denboraren soldata-kostuak.

– Kanpo-aholkularitzako gastuak.

– Euskaratik/gaztelaniatik eskaintza aurkezteko hizkuntzarako itzulpenak.

– Eskaintza-lekurako bidaiak.

– Eskaintza-lekuan egindako egonaldiak.

– Behin-behineko bulegoa alokatzea eskaintza-lekuan (ez dira sartuko funtzionamendu-gastuak, hala nola, telefonoa, ura, argindarra eta antzekoak).

c) Produktua xedeko merkatuan erregistratzea.

– Jabetza industriala.

– Homologazioak.

– Ziurtagiriak.

d) Plikak irekitzeko ekitaldira joateko bidaia.

2.– Berariaz uzten dira laguntzatik kanpo prezio publikoen bidezko zerbitzuei edo ordaindutako jarduerei dagozkien gastuak.

3.– Lizitazioa argitaratu eta eskaintza ekonomikoa ireki bitarteko gastuak soilik onartuko dira.

4. artikulua.– diru-laguntzen mugak.

1.– Erakunde eskatzaile bakoitzak bi proiektutarako laguntza jaso dezake gehienez deialdi honetan, bai banaka, bai beste enpresa batzuekin elkartea osatuz; hala ere, nahi adina eskaera egin daitezke.

Alde horretatik, enpresen aldi baterako elkarteen osaera haren kideen % 40an aldatu behar du gutxienez eskaintza elkarte berak ez duela egin ulertzeko.

2.– Onartutako gastuen % 50 estal ditzakete laguntzek eta, gehienez, 50.000 euro proiektuko, banakako proiektua baldin bada. Enpresen aldi baterako elkarteen kasuan, egoitza autonomia-erkidego honetan duten enpresek proiektuan duten partaidetzaren zenbatekoarekin lotuko dira muga horiek.

3.– Barne-gastuetarako laguntzek, 3.1.b) artikuluan adierazitakoek, ez dituzte muga hauek gaindituko:

– Obrak: Proiekturik idatzi behar ez baldin bada, % 20 bitarte, eta proiektuak idatziz gero, % 50.

– Hornidurak: Aurkeztutako gastu osoaren % 20 arte.

– Zerbitzuak: Aurkeztutako gastu osoaren % 50 arte.

5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Interlehian programak 300.000 euroko baliabide ekonomikoak ditu esleituta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko Aurrekontu Orokorretan daude izendatuak. Deialdi honen kargura aurrekontu-ekitaldi honetan emango diren laguntzak ez dira izango artikulu honetan finkatutako zenbatekoak baino handiagoak, edo berau eguneratzearen ondoriozko zenbatekoak baino handiagoak; betiere, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eskatutako laguntzen guztizkoa kontuan izanik, eta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak beste laguntza-programa batzuk burututakoan, aurrekontu ahitu gabeko diru-kopururik geratzen bada, eta horiek ebatzi baino lehen. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da informazio hori, Industria sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez.

Zenbateko hori agortzen baldin bada, ez da diru-laguntza gehiago emango, eta, beraz, handik aurrera, xedapen honek ez du ondoriorik izango. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da informazio hori, Industria sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez.

6. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Laguntza hauek bateragarri dira beste herri-administrazio batzuek edo erakunde pribatuek, agindu honetan jasotako helburu berberarekin, emandako laguntzekin, baldin eta laguntza batean eta bestean diruz lagundutako gastu-kontzeptua berbera ez bada.

Diruz lagundutako gastu-kontzeptua berbera bada laguntza batean zein bestean, enpresa onuradunak horren berri eman behar dio Nazioartekotze Zuzendaritzari. Halakorik gertatzen baldin bada, diru-laguntzetatik guztira jasotako kopurua ezin da izan onartutako kostu osoaren % 50etik gorakoa edo, gehienez, 50.000 eurokoa proiektu bakoitzeko, eta, muga hori gaindituz gero, gainditutako zenbatekoan murriztuko da agindu honen bidez jasotako laguntza.

2.– Nolanahi ere, Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 28ko 1407/2013/EB Erregelamenduan ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren esparruan ematen diren laguntza horiek eta ildo beretik emandako bestelako jarraibide eta xedapenak arautzen ditu arau horrek.

7. artikulua.– Prozedurari hasiera ematea.

1.– Publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioen baitan eta prozedura ireki baten esparruan emango dira Agindu honek nazioarteko lizitazioetan parte hartzeko arautzen eta deitzen dituen laguntzak, harik eta ezarritako aurrekontua agortzen den arte. Ordenari jarraituz egingo da hori, espedienteak osatzen diren uneari erreparatuta.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo eguneko 09:00etan hasiko da eskaerak aurkezteko epea eta 2015eko urriaren 15ean amaituko da, 12:00etan, edo, 5. artikuluan arautzen den moduan, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.

2.– Nazioartekotze Zuzendaritzara zuzenduko dira Agindu honek arautzen dituen laguntzak eskuratzeko eskaerak eta gainerako dokumentazio osagarria, eta haiek aurkezteko aukera hauek izango dira: zuzenean aurkeztea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak araututako bitarteak erabiliz aurkeztea, eta herritarren arretarako Zuzenean bulegoetan aurkeztea.

3.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskaera, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta Agindu honen 8. artikuluan adierazten diren agiriak jaso behar ditu. Xedapen honekin ematen den eskaera-eredua erabili behar da, eta haren hurrengo artikuluan zerrendatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztuko da.

4.– EAEko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta Sailarekin izaten dituzten ahozko zein idatzizko harremanetan hizkuntza horietan hartuak izateko eskubidea dute enpresek.

5.– Diru-laguntzako eskaera bat aurkezten baldin bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Erakunde eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu behar dute eskaerarekin batera:

a) Lizitazio-iragarkiaren kopia.

b) Aurkeztu nahi den obra, hornidura edo zerbitzuetako proiektuaren memoria xehea, lizitazioaren deialdi publikoaren kopia batekin batera.

c) Aurreikusitako gastuen aurrekontu xehea.

d) Enpresa edo erakunde eskatzailearen plangintza estrategikoa.

e) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia. Aldi baterako elkartea eratuz lehiatzen diren enpresaburuek betebehar solidarioa izango dute, eta enpresaburuen elkartearen izenean ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatuko dute, kontratutik sortutako eskubideez baliatzeko eta betebeharrak betetzeko ahalorde askirekin, harik eta kontratua amaitu arte.

f) Aldi baterako enpresa-elkarte bateko liderra bada erakunde eskatzailea, elkarte hori osatzen duten guztien izenak, jarduera eta aurrekontuko egoerak eta partaidetzak azaldu behar dira.

Elkarteko kide diren enpresen partaidetza zehaztuko da eskaeran, eta haietako batek elkartearen lider-izaera izango du. Azken hori arduratuko da proiektuaren garapenaz eta kudeaketaz, eta bere gain hartuko ditu Administrazioarekiko solaskidetza- eta harreman-eginkizun guztiak. Berariaz adieraziko da alderdi hori elkartearen enpresa liderrak aurkezten duen eskaeran, enpresa horrek ez ezik, gainerako erakunde parte-hartzaile guztiek sinatuko dute eskaera.

g) Honako alderdi hauek egiazkoak direla adierazten duen erantzukizun-aitorpena:

– Eskatzailea enpresa txiki edo ertain bat baldin bada, ETEek bete beharreko baldintzak betetzen dituela adierazi behar du, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioak, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoak, arautzen duenari erreparatuta [2003/361/EE] (Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala L-124 seriea, 2003-05-20koa, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenak).

– Herri Administrazioekin loturarik edo mendekotasunik ez dutela, eta ez direla Administrazio Instituzionaleko kide.

– Beste instituzio publiko edo pribatuei proiektu berarentzat eskatutako eta/edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda.

– Minimis arauak betetzen direla adierazi behar da aitorpenean, eta aurreko bi urte fiskaletan jasotako laguntza publikoak zehaztu behar dira.

– Erakunde eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

– Oso enpresa handia bada, Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasuna bermatzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan xedatutakoa bete behar du.

3.– Enpresa eskatzaileak gezurrezko daturen bat jartzen baldin badu erantzukizunpeko adierazpenean eta/edo ez baldin baditu jakinarazten bere proiektuan gertatzen diren aldaketa funtsezkoak, administrazio- eta zigor-arloetan indarrean dauden zehapen-erregimenak ezarriko zaizkio.

4.– Nolanahi ere, aurkezten diren eskaerak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat joko dituen dokumentu eta/edo argibide guztiak eska diezazkioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak enpresa eskatzaileari. Arau honetan zehazki aurreikusita ez dagoenari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa beteko da.

5.– Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo dokumentazio osagarriko agiriren bat falta dela hautemanez gero, errekerimendua egingo zaio interesdunari, akatsa zuzendu edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzan 10 egun balioduneko epean. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela; eta horretarako dagokion ebazpena emango da, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean.

9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Onuradunak izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeei emango zaizkie diru-laguntzak, eta balorazio-irizpide hauen arabera finkatuko da haien zenbatekoa:

● 1. irizpidea: Plangintza estrategikoaren kalitatea. Bereziki, balioespen hobea izango dute haien nazioartekotze-estrategia nazioarteko lizitazioetan parte hartzean oinarritzen duten enpresak. 30 puntu arte.

● 2. irizpidea: Aurkezturiko proiektuaren konplexutasuna. Aintzat hartuko da zenbat enpresak parte hartzen duten, zer jatorri geografiko duten, proiektuak zer trakzio-gaitasun duen euskal enpresetan, euskal ETEek zer protagonismo duten eta aurkeztu behar den eskaintzaren zailtasun objektiboa. 35 puntu arte.

● 3. irizpidea: alde anitzeko finantzazio-erakundeen finantzaziorik jasotzen den ala ez. 25 puntu arte.

● 4. irizpidea: Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Beken programari edo nazioartekotzea sustatzen duten beste agentzia batzuen antzeko programei laguntzea erakunde eskatzaileak eta elkartutako enpresak. 7 puntu arte.

● 5. irizpidea: Gizarte-erantzukizuna. Erakunde eskatzailearen eta elkartutako enpresen konpromisoa emakumeen eta gizonen berdintasuna, euskara, ingurumena eta, oro har, gizarte-erantzukizunaren esparruko alderdiak sustatzeko. 3 puntu arte.

2.– Agindu honen 4. artikuluan arautzen diren laguntzen % 70 arteko zenbatekoa esleituko zaie 50 eta 69 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten proiektuei.

3.– Agindu honen 4. artikuluan arautzen diren laguntzen % 85 arteko zenbatekoa esleituko zaie 70 eta 79 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten proiektuei.

4.– Agindu honen 4. artikuluan arautzen diren laguntzen % 100 arteko zenbatekoa esleituko zaie 79 puntu baino gehiagoko balorazioa jasotzen duten proiektuei.

5.– Baztertu egingo dira 50 puntu iristen ez dituzten proiektuak.

10. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko organoa.

1.– Berariaz xede honetarako sortutako ebaluazio-organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta esleipen-proposamenak gertatzea ere.

2.– Nazioartekotze Zuzendaritzan sektore-programez arduratzen den pertsona izango da ebaluazio-organoko presidentea. Organoko kide izango dira Zuzendaritza horrek izendatutako hiru teknikari, eta horietako batek idazkari-lanak egingo ditu. Ebaluazio-organoaren eraketa baliozkoa izango bilerak egin, gaiak aztertu eta erabakiak hartzeko, baldin eta presidentea eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta, gutxienez, gainerako kideetakoren bat bertaratzen baldin bada. Atal honetan arautzen ez diren alderdiak arautzeko, izaera subsidiarioz beteko dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. tituluko II. kapituluko xedapenak.

3.– Nazioartekotze Zuzendaritzako teknikariek egingo dituzte eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak, eta, lan horiek egin ondoren, txosten teknikoen bidez aurkeztuko zaizkio emaitzak ebaluazio-organoari. Alderdi hauek jasoko dituzte txosten teknikoek: plangintza estrategikoaren balioespenaren eta kalifikazioaren xehetasunak, onartzen diren gastu hautagarriak eta eskaerari dagozkion balorazio-irizpideen haztapena.

4.– Administrazioaren zerbitzu teknikoen eta adituen laguntza balia dezake eratzen den organoak bere eginkizunak betetzeko.

11. artikulua.– diru-laguntzak ematea.

1.– Eskaerak aztertu eta baloratu ondoren, ebaluazio-organoak Nazioartekotze Zuzendaritzara igorriko du diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena, eta proposamen horretan adieraziko ditu lortutako puntuazioa eta diru-laguntzen zenbatekoa, ekintzak egiteko baldintzak eta epeak, eta eskaerei dagozkien proiektuak betetzeko beharrezkoak diren gainerako baldintzak.

2.– Nazioartekotze zuzendariak hiru hileko epea izango du, eskaera jaso ondorengo egunetik aurrera, prozedura ebazteko administrazio-ebazpena eman eta jakinarazteko. Diru-laguntza emateko baldintza izango da haren onuraduna ez izatea, gerora, lizitazioaren esleipenduna. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraikiz.

3.– Enpresa interesdun bakoitzari jakinarazi behar zaio laguntzak emateko ebazpena, eta urtero argitaratuko da esleipendunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4.– Erakunde eta enpresa onuradunei agindu honetan araututako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze-prozedura edo zigor-prozedura amaitzea.

5.– Laguntza hauek eskatzeko aukera izango dute agindu honetan arautzen diren baldintzak bete eta 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera deitutako lizitazioetara aurkeztu diren erakundeek, baita lizitazioa ebatzia baldin badago ere; hala ere, azken egoera hori ematen baldin bada, eskatzaileak eskaeran, 8. artikuluak agintzen duen dokumentazioaz gain, laguntza justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar du, agindu honen 12. artikuluan zehaztuta ageri dena.

12. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Diruz lagundutako gastuak eta lizitazioaren emaitza agirien bidez egiaztatu ondoren egingo da ordainketa, Nazioartekotze zuzendariak ordainketari dagokion administrazio-ebazpena eman ondoren. Onuradunak 30 eguneko epea izango du, lizitazioaren esleitze-datatik aurrera, egindako gastuak egiaztatzen dituzten agiriak aurkezteko.

2.– Agiri hauek aurkeztu behar dira gutxienez: egindako jardueren memoria edo txosten bat; kontratazio-mahaiak egindako ziurtagiri bat, kontratuaren esleipenari buruzko erabakiak jasotzen dituena; esleitze-ebazpenaren jakinarazpenaren kopia bat; eta fakturen eta ordainketen taula bat, enpresaren edo erakundearen IFZ eta sozietate-izena, fakturen igortze-datak, kontzeptuak eta zenbatekoak (BEZik gabe) eta ordaintze-datak adieraziko dituena. Ez da 50 eurotik beherako fakturarik onartuko.

Nominak eta TC1 eta TC2 agiriak aurkeztuta egiaztatuko dira agindu honetako 3.1.b) artikuluak adierazten dituen barne-gastuak.

3.– Edozein unetan eska dakioke erakunde edo enpresa onuradunari hark aurkeztutako dokumentuetako datuak –eta, bereziki, agindu honen 8. artikuluan adierazten den deklarazioan bildutako datuak– egiazkoak direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta informazio osagarria.

13. artikulua.– Erakunde eta enpresa onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako baldintza hauek ere bete behar dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren erakundeek:

1.– Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Onuradunak ez baldin badio berariaz eta idatziz uko egiten diru-laguntzari hura eman zaiola jakinarazi ondorengo hamabost eguneko epean, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.

2.– Nazioartekotzearen jardun-alorreko eskumena duen sailak egoki irizten dituen egiaztapen oro egin ditzake diruz laguntzen diren proiektuen garapena eta gauzapena egiaztatzeko. Nolanahi ere, aurreko artikuluaren xedea betetzeko beharrezko irizten den informazio guztia emateko betebeharra dute enpresa onuradunek.

3.– Haren xede zehatza betetzeko erabili behar dute diru-laguntza enpresa onuradunek.

4.– Fakturen eta ordainketen taulan adierazten diren behin betiko fakturak artxibatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura gordeko dira, 4 urtez.

5.– Enpresa onuradunen betebeharra izango da Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, haien eginkizunen baitan, jasotako laguntzei buruz eskatzen dieten informazio oro ematea.

6.– Helburu berberarekin, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jaso dituzten diru-laguntzen eta laguntzen, diru-sarreren eta baliabideen berri eman behar dute.

7.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza edo egoeraren aldaketa jakinarazi behar da.

14. artikulua.– Laguntzen aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen baldin badira, diru-laguntzak emateko ebazpena ere alda daiteke; betiere, diru-laguntzaren helburua beteta dagoela ulertzen bada eta, hala dagokionean, aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak jaso direla ulertzen bada, eta, betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko arauan ezarritako gutxieneko betekizunak bete badira. Hori horrela, Nazioartekotze zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitzeko.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak ez baldin baditu betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan xedatutakoa, agindu honek eta betetzekoak diren gainerako arauek agintzen dizkioten betebeharrak eta ebazpenak ezar ditzakeen baldintzak, ez-betetze horri buruzko txostena egingo du organo eskudunak, eta, ondoren, interesdunari entzungo dio. Hura entzun ondoren, ebazpen bidez adieraziko du diru-laguntza eskuratzeko eskubidea iraungi zaiola, eta, hala badagokio, baita jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dituela, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeei buruzkoak, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen dutena aintzat hartuta. Horrez gainera, egoki diren gainerako akzioak abiaraziko dira. Zenbateko horiek diru-sarrera publikoak izango dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Ez-betetze osoko egoera izango da onartutako aurrekontua beherantz desbideratzea, baldin eta desbideratze hori % 25etik gorakoa baldin bada. Horren salbuespen bakarra izango da enpresak behar bezala egiaztatzea, sailaren iritziz, bere konpromisoak betetzeko jardun argi eta garbia izan duela erakunde onuradunak.

3.– Nazioartekotze zuzendariari dagokio ez-betetzearen ondoriozko espedientea hastea eta horri buruzko erabakia hartzea.

4.– Itzulketa eskatzeko prozedura hastearen arrazoia administrazio-arloko arau-haustea dakarren gertakariren bat izan baldin bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zehapen-prozedura abia dezan.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala