Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2015eko ekainaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2857

28/2015 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hainbat hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Honako hitzarmen hauen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

– Flandriako Gobernuarekin Asmo Deklarazioa. Helburua: bi aldeetako harremanak finkatu eta areagotzea, ahalik eta lankidetza handiena lortze aldera, I. eranskinean jasotzen da.

– Hitzarmena, Zierbenako Udalaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artekoa, hizkuntza-prestakuntza eta normalizazioaren arloan, II. eranskinean jasotzen da.

– Estatutuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kolaborazio-hitzarmena sinatzeko baimena ematekoa, prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak elektronikoki izapidetu ahal izateko aurrerantzean, III. eranskinean jasotzen da.

– Trafikoko Burutza Nagusia Erakunde Autonomoarekin eta Bermeoko Udalekin lankidetza-hitzarmena. Helburua: informazioa trukatzea, bide-segurtasunaren eta datu-baseetarako sarbidearen arloan, IV. eranskinean jasotzen da.

– Euskal Herriko Unibertsitatearekin hezkuntzako lankidetza-hitzarmena Ingurumen Zientzietako Graduko, Elikagaien Zientzia eta Teknologiako Graduko, Giza Nutrizioko eta Dietetikako Graduko eta Farmaziako Graduko Ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko, V. eranskinean jasotzen da.

– Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioarekin kolaborazio-oinarriak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei elkarrizketa-laguntzaileak emateko, VI. eranskinean jasotzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 16a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 16KO 28/2015 EBAZPENARENA
EUSKO JAURLARITZAREN ETA FLANDRIAKO GOBERNUAREN ARTEKO ASMO ADIERAZPENA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAK, Eusko Jaurlaritzaren lehendakari den Iñigo Urkullu Renteria jaunak ordezkatuta,

FLANDRIAKO ERKIDEGOAK eta ESKUALDEAK, Flandriako Gobernuko ministro-presidentea den Geert Bourgeois jaunak ordezkatuta,

Hemendik aurrera, «parte-hartzaileek»,

Elkarrenganako konfiantza eta partekatzen dituzten askatasunaren, demokraziaren, justiziaren eta elkartasunaren balioak oinarri hartutako adiskidetasun- eta lankidetza-harremanak sendotu nahian,

HAU ADIERAZTEN DUTE

Alde biko harremanak sendotzeko eta areagotzeko asmoa, parte-hartzaileen artean ahalik eta lankidetzarik handiena izatearren, eta hori guztia erdiesteko:

1.– Dauden harremanak sendotu eta handituko dituzte, jardunbide egokien politikak trukatuko dituzte, lankidetza-aukera berriak aztertuko dituzte eta baterako proiektuak garatu eta bultzatuko dituzte honelako esparruetan, besteak beste:

– Berrikuntza: Ikerketa, garapena eta berrikuntza, eta arreta berezia jarriko dute honako hauetan: industria eta teknologian, osasunaren zaintzan, gizarte-politiketan eta genero-berdintasuneko politiketan, sektore publikoaren kudeaketan, azpiegituretan eta garraioan (portuak, trafikoa eta mugikortasuna).

– Lan-merkatua eta politika ekonomikoa: lanbide-heziketa, produktibitate- eta lehiakortasun-politikak.

– Ingurumena: bi parte-hartzaileek proiektuak eta jarduerak elkarrekin garatu ahal izango dituzte, bereziki ingurumenaren eta klimaren arloko politika eta legeriari buruzkoak, uren, materialen eta hondakinen tratamenduari buruzkoak zein ingurumenarekin eta energia berriztagarriekin bateragarriak diren teknologiei buruzkoak.

– Osasuna: luzaroko zainketen arloko jardunbide onak trukatuko dituzte.

– Kultura- eta sormen-sektoreak, funtsezko balio ekonomiko eta kultural gisa.

2.– Elkarrekiko lankidetza sendotuko dute eta gizarte kulturanitza eta tolerantea bultzatuko dute. Zehazki, bake-eraikuntzaren eta zientziak eraikuntza horretan duen eginkizunaren arloko ekimenak sustatuko eta esperientziak trukatuko dituzte, eta indarrak batuko dituzte bake- eta bizikidetza-programetan elkarlana sustatzeko, betiere giza eskubideak errespetatzea eta bultzatzea oinarri hartuta.

3.– Eskualdeek Europan betetzen duten eginkizuna sustatzeko ekimenen eta aliantzen esparruan –«Abangoardiako eskualdeen ekimena» esaterako– lankidetza aztertu eta bultzatuko dute.

ETA HONAKO XEDAPEN INSTITUZIONAL HAUEK ERABAKITZEN DITUZTE

I.– Parte-hartzaileek onartzen dute agiri hau ez dagoela nazioarteko zuzenbidearen mende.

II.– Parte-hartzaileek jarraipen-batzorde bat sortzea erabakitzen dute, bi gobernuen kanpoko gaietarako zerbitzuek zuzenduta, eta batzorde horrek adierazpen honetan ezarritako ekintzak aldian behin ebaluatuko ditu. Batzordeak adierazpen honetan aipatu gabeko esparruetan elkarlanean jarduteko aukerak ere aztertuko ditu, orobat.

III.– Adierazpen honek idatziz eta bereizita onartu dituzten konpromiso finantzarioetara baino ez ditu parte-hartzaileak behartzen. Edozelan ere, parte-hartzaileek izan ditzaketen gastuak urteko aurrekontuaren mende egongo dira, betiere indarrean dagoen legeria beteta.

IV.– Adierazpenak bost urteko aplikazio-epea izango du hasieran, eta epe hori tazituki berrituko da iraupen bereko aldietarako, betiere parte-hartzaile batek adierazpenaren aplikazioa eten nahi duela adierazi ezean; hori, dena den, aldia amaitu baino hiru hilabete lehenago adierazi beharko du.

Asmoen adierazpen hau amaitzeak ez die eragingo bidean dauden ekimenei, ezta jada hitzartuta daudenei ere ez.

Hiru kopia sinatuko dituzte gaztelaniaz, euskaraz eta nederlanderaz, hirurek balio bera dutela, Bruselan, 2015eko ekainaren 1ean.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Iñigo Urkullu.

Flandriako Gobernuaren izenean, Geert Bourgeois.

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 16KO 28/2015 EBAZPENARENA
HITZARMENA, HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HERRI-ERAKUNDEEN ARTEKOA, HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZA ETA NORMALIZAZIOAREN ARLOAN.
HITZARMENA, ZIERBENAKO UDALAREN ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKOA.

Parte hartzen dute:

Alde batetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren andreak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaria eta ordezkari gisa, eta

Bestetik, Marce Elorza Talledo jaunak, Zierbenako Udaleko Alkatea eta ordezkari gisa.

Adierazi dute:

I.– 10/1982 Legeak (Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak) aitortzen du herritar orok eskubidea duela euskara nahiz gaztelania erabiltzeko herri-administrazioarekiko harremanetan, eta, ondorioz, administrazioari agintzen dio eskubide hori gauza dezan.

II.– 6/1989 Legeak (Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak), hizkuntza-normalizazioari buruzko tituluan, 10/1982 Legean ezarritako printzipio eta tresnak biltzen ditu. Legeak, halaber, hizkuntza-eskakizunaren figura sortzen du; horrela, aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako lanpostuak betetzeko prozesuetan eta, oro har, hautaketa-prozesuetan, irizpide objektiboak izango dira euskara-maila baloratzeko.

III.– Urriaren 14ko 241/2003 Dekretuak (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituenak) 15.1 artikuluan ezartzen duenez, erakunde horri dagokio, Euskalduntze Zerbitzuaren bitartez, «Euskadiko administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen hizkuntza-gaitasuna sustatu, antolatu eta ebaluatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta horren garapeneko arauetan ezarritako moduan, hartara euskal administrazio publikoetan, beroriekin lankidetzan arituz, euskararen erabilera normalizatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hizkuntzaren normalizaziorako ezarritako planekin bat etorriz».

IV.– Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak) testu bakar batean biltzen ditu euskararen administrazio-erabilerari buruzko hainbat xedapen, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza-prozesuaren antolamenduari buruz Eusko Jaurlaritzak zenbait dekretutan emandako xedapenak.

V.– Zierbenako Udalak onartuta dauka hizkuntza-normalizaziorako plana, beti ere apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen du).

VI.– Hori guztia ikusita, Zierbenako Udalak Herri Arduralaritzaren Euskal erakundearen lankidetza eskatzen du indarrean dauden xedapenen arabera bete behar dituen hizkuntza-helburuak lortzeko.

Horregatik guztiagatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Zierbenako Udalak erabaki dute lankidetzan aritzea azken erakunde horren hizkuntza-normalizazioko lanetan. Horretarako, hitzarmen hau adostu dute, ondoko printzipioak eta jarduteko ildoak abiapuntu dituela.

HITZARMENAREN HELBURUA

Lehenengoa.– Hitzarmen honen bidez finkatu nahi da zein nolako harreman juridikoa izango duten Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Zierbenako Udalak beren artean, Ogasun eta Herri administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan ezarritakoetatik aplikagarriak direnei dagokionez. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Bigarrena.– Aurreko klausula horrek aipatzen duen harreman juridikoak honako jardute-esparruak izango ditu:

– Euskara-ikastaroak antolatzea: euskalduntze/alfabetatzeko eta 4. hizkuntza-eskakizunari dagokion hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak.

– Dirulaguntzak: euskara-ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko.

– Terminologia juridiko-administratiboa.

– Euskarazko administrazio-materialak prestatu eta erabiltzea.

EUSKALDUNTZE/ALFABETATZEKO ETA
HIZKUNTZA-ESKAKIZUNEKO HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZAKO IKASTAROAK

Hirugarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Zierbenako Udalaren esku jartzen ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren I. kapituluan jasotako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Laugarrena.– Ogasun eta Herri Administrazio Sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduaren bidez argitaratutako hitzarmen-eredua aplikatuz ezarritako ordu-kredituak 2006eko irailaren 30era arte izango dute balioa. Hortik aurrera, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren seigarren artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako parametroen arabera zehaztutako ordu-kreditua izango du langile bakoitzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Bosgarrena.– Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.

Seigarrena.– Zierbenako Udalak, hitzarmen hau izenpetzearen ondorioz, onartu egiten ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduko hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak jaso ahal izateko baldintzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

EUSKARA-IKASTAROETARA DOAZEN LANGILEAK ORDEZKATZEKO DIRULAGUNTZAK

Zazpigarrena.– 1.– Udal-administrazioetako langileak euskara-ikastaroetara joatea errazagoa izan dadin, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dirulaguntzak emango ditu ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko, baldin eta ordezkapen horiek beharrezkoak badira.

2.– Dirulaguntzak horiek Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren II. Kapituluan ezarritakoari egokituko zaizkio; Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

3.– Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.

TERMINOLOGIA JURIDIKO-ADMINISTRATIBOA

Zortzigarrena.– Administrazio-hizkera finkatzeko eskumena IVAPi dagokiola-eta, erakunde horrek Euskalterm datu-base terminologikoaren barruan bateratuz eta onartuz doazen termino juridiko-administratiboak jarriko ditu hitzarmen hau izenpetzen duten herri-erakundeen esku.

Zierbenako Udalak, IVAPek hala eskatzen dionean, bere eguneroko kudeaketan ohikoak diren administrazio-agirietan erabiltzen diren termino eta unitate lexikalak aurkeztuko ditu.

Zierbenako Udalak, idazten dituen administrazio-agirietan, IVAPek Euskalterm izeneko datu-base terminologikoan onartutako terminologia juridiko administratiboa erabiliko du.

EUSKARAZKO ADMINISTRAZIO-MATERIALAK PRESTATU ETA ERABILTZEA

Bederatzigarrena.– Zierbenako Udalak, IVAPekin elkarlanean, behar diren maiztasun-azterketak egingo ditu bere agirietan, eta, horrela, herri-erakunde horrek gehien erabiltzen dituen administrazio-agiri eta -espedienteak zein diren zehaztuko da. Ekimen horren bidez jakingo da zein idazki diren herritarren eta Zierbenako Udalaren arteko idatzizko harremanetan premia handiena dutenak euskara aldetik egokitzeko. Zierbenako Udalak administrazio-agirien egokitzapenean antzematen dituen behar orokor eta zehatzak jakinarazi ahal izango dizkio IVAPi; horrelakoetan, bada, hizkuntza aldetik egokitzeko hautatu diren administrazio-agiri zehatzak eskuratuko dizkio. IVAPek, berriz, administrazio-idazki horien ereduak prestatuko ditu, eta Zierbenako Udalari bidaliko aztertu eta balora ditzan.

Administrazio-idazkien behin betiko proposamen guztiak, diren aurreko lerroaldean aipatutako bidez egindakoak nahiz IVAPek bere kabuz egindakoak, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen duten herri-erakunde guztiei igorriko zaizkie.

KLAUSULA OROKORRAK

Hamargarrena.– Hitzarmen honek, sinatuz gero, aurreko lankidetza-hitzarmena ordezkatuko du, dena delako herri-erakundeak hizkuntza-prestakuntzaren eta -normalizazioaren arloan IVAPekin sinatuta leukakeen hitzarmena, esan nahi da.

Hamaikagarrena.– Hitzarmen honek urtebeteko iraupena izango du, eta berez luzatuko da urtez urte, aldeetako batek ere ez badu berariaz adierazten bertan behera utzi nahi duela.

Hamabigarrena.– Hitzarmen hau bertan behera uzteko nahia adieraz lezake aldeetako edozeinek, bere aldetik, eta, hala eginez gero, bermatu egin beharko da hasitako jarduerak amaitu egingo direla. Nahi hori adierazi eta handik hiru hilabetetara amaituko da hitzarmenaren indarraldia.

Eta adostasun frogatzat, alde biek sinatzen dute hitzarmen hau, Vitoria-Gasteizen, 2015ko otsailaren 13an.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren.

Zierbenako Udalaren aldetik, Marce Elorza Talledo.

III. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 16KO 28/2015 EBAZPENARENA
ESTATUKO ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN BITARTEZ, PRESTAKUNTZARAKO ETA IKASKETARAKO KONTRATUEKIN LOTUTAKO IZAPIDEAK BIDE ELEKTRONIKOETATIK EGITEKO.
BILDU DIRA

Batetik, M.ª de los Reyes Zataraín del Valle andrea, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren mendeko erakunde autonomoa den Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia. Urtarrilaren 13ko 155/2012 Errege Dekretuaren bidez (urtarrilaren 14ko BOE) izendatu zuten zuzendari nagusi, eta hitzarmen hau sinatzeko eskumena dauka. Hori guztia honako hauetan xedatutakoa dela bide: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6. artikuluko lehenengo paragrafoa eta hamahirugarren xedapen gehigarria, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren egitura organikoa eta erakundeen partaidetza onesten dituen abuztuaren 1eko 1383/2008 Errege Dekretuaren 6. artikulua (abuztuaren 20ko BOE).

Bestetik, Ángel Tarsicio Toña Güenaga jauna, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordez eta izenean eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoko presidentea den aldetik. Egintza hau burutzeko gaitasuna dauka, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 9. artikuluko c idatzi-zatian xedatutakoaren babesean.

Alderdi biek euren karguak betez eta daukaten ordezkaritza oinarri hartuta jarduten dute, eta elkarri aitortu diote behar besteko gaitasun juridikoa badutela, aipatutako ordezkaritzari dagokionez, hitzarmen hau sinatzeko. Horregatik, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatzen duen eta bitariko lanbide-heziketaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren 16.7 artikuluan xedatzen denaren arabera, kontratu horien prestakuntza-jarduera, hasi baino lehen, eskumena daukan Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendu beharko du.

Halaber, prestakuntzarako eta ikasketarako kontratuaren prestakuntza-alderdiak arautzen dituen abenduaren 26ko ESS/2518/2013 Aginduak, prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatzen duen eta bitariko lanbide-heziketaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretua garatuz, hau ezartzen du 6.4 artikuluan: baimena emateko eskumena autonomia-erkidegoena denean, horiek erabaki ahal izango dute eskaera eta artikulu bereko 3. paragrafoan jasota dauden gainerako izapideak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistro elektronikoaren bitartez egitea; kasu horretan, herritarrek zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 24.3 artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

Artikulu horrek hau ezartzen du: «Herri-administrazio bakoitzean, hari zuzendutako era guztietako eskabideak, idatziak eta komunikazioak jasotzeko erregistro elektronikoen sistema bat izango da, gutxienez. Herri-administrazioek, lankidetza-hitzarmenen bitartez, nork bere erregistroa gaitu ahal izango du, dagokion hitzarmenean zehaztutako beste Administrazio baten eskumeneko eskabideak, idatziak eta komunikazioak jasotzeko:»

Era berean, aipatutako abenduaren 26ko ESS/2518/2013 Aginduak, bigarren xedapen gehigarrian, betebehar hau ezartzen diete autonomia-erkidego guztiei, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistro elektronikoa erabili zein ez: autonomia-erkidegoek erregistro horri jakinarazi beharko diote, 6.4 artikuluan aurrez ikusitako aplikazio elektronikoaren bitartez, kudeaketa-esparru bakoitzean sinatu diren prestakuntzarako eta ikasketarako kontratuei buruzko prestakuntza-jarduerarako akordioak hasteko, eta, hala badagokio, aldatzeko baimen-eskaerak baiestea edo ezestea. Jakinarazpen hori 10 eguneko epean egin beharko da, prestakuntza-jarduerarako akordioa hasteko edo aldatzeko baimenaren egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoak, abenduaren 26ko ESS/2518/2013 Aginduaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, erabaki du prestakuntza-jarduera hasteko baimen-eskaerak eta artikulu bereko 3. atalean jasotako gainerako izapideak, bere eskumenekoak direnean, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistro elektronikoaren bitartez egitea.

Hirugarrena.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6.1 artikuluak gaitasuna ematen die estatuko administrazio orokorrari eta horri lotuta dauden edo horren mendekoak diren erakunde publikoei lankidetza-hitzarmenak egiteko autonomia-erkidegoetako administrazioetako organoekin, bakoitzari dagozkion eskumenen esparruan.

Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 4.1.c) artikuluak –azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitakoak– horren aplikazio-eremutik kanpo uzten ditu estatuko administrazio orokorrak autonomia-erkidegoekin egiten dituen lankidetza-hitzarmenak.

Ondorioz, estatuko administrazio orokorra, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartez (Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren mendeko erakunde autonomoa), eta Euskal Autonomia Erkidegoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren bitartez, lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko gaituta daude. Lankidetza-hitzarmen hau Sektore Publikoko Kontratuen Legearen aplikazio-eremutik kanpo geratuko da, salbu eta zalantzak eta egon daitezkeen hutsuneak argitzeko; horrelako kasuetan, lege horretan jasota dauden printzipioak aplikatuko dira.

Horregatik guztiagatik, bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Hauek dira hitzarmen honen nondik norakoak xedatzen dituzten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.

Herritarrek zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 24.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, hitzarmen honen xedea honakoa da: alderdi sinatzaileen arteko lankidetza ezartzea, prestakuntzarako eta ikasketarako kontratuaren prestakuntza-jarduera baimentzeari buruzko izapideak eta abenduaren 26ko ESS/2518/2013 Aginduaren 6.3 artikuluan jasotako gainerako izapideak egiteko, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistro elektronikoaren bitartez, jardueraren eskumena Euskal Autonomia Erkidegoarena denean, kontratu horiek formalizatu dituzten enpresen lantoki guztiak autonomia-erkidego horretan dauden kasuetan.

Halaber, abenduaren 26ko ESS/2518/2013 Aginduaren bigarren xedapen gehigarriak aipatzen duen informazioa Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari nola jakinarazi behar dion jasotzen du hitzarmenak.

Bigarrena.– Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren konpromisoak.

1.– Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak bere erregistro elektronikoa gaituko du, enpresek edo, hala badagokio, prestakuntza-zentroek, lantoki guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dituzten enpresek sinatutako prestakuntzarako eta ikasketarako kontratuei dagokienez, izapide hauek egin ahal izan ditzaten:

a) Prestakuntza-jarduera eta dagokion prestakuntza-jarduerarako akordioa hasteko baimen-eskaera bete eta aurkeztea.

b) Prestakuntza-jarduerarako akordioaren edozein aldaketa egiteko eskaera bete eta aurkeztea. Akordioa aldatzeko arrazoiek justifikatuta egon beharko dute, eta aldaketa horiek baimentzeko prozedura prestakuntza-jarduera hasteko baimena emateko prozeduraren berdina izango da.

c) Prestakuntza-zentroek abenduaren 26ko ESS/2518/2013 Aginduaren 9.2 artikuluan jasota dauden datuak jakinaraztea.

d) Prestakuntza-jardueraren amaieraren berri ematea.

Prestakuntza-jarduerarako akordioa sinatzen duten prestakuntza-zentroek edo enpresek zuzenean egin ahal izango dituzte baimen-eskaera zein a), b) eta d) letretan aurrez ikusitako izapideak.

2.– Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak bere erregistro elektronikoan sartu diren eskaeren berri eta/edo eskaera horietarako sarbidea emango dio Euskal Autonomia Erkidegoari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren bitartez, eskaerak izapidetu ditzan.

Hirugarrena.– – Euskal Autonomia Erkidegoaren konpromisoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoak erabaki du prestakuntzarako eta ikasketarako kontratuaren prestakuntza-jarduera baimentzeari buruzko izapideak egiteko Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistro elektronikoa erabiltzea, lantoki guztiak bere lurraldean kokatuta dituzten enpresek sinatutako kontratuei dagokienez. Hori horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren bitartez, ahalik eta zabalkunderik handiena emango dio aukera horri eta enpresa eta prestakuntza-zentro horiei jakinaraziko die aipatutako erregistro elektronikoa erabili beharko dutela ondorio horietarako.

2.– Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren bitartez, abenduaren 26ko ESS/2518/2013 Aginduaren 6.4 artikuluan jasotako aplikazio elektronikoa erabiliko du, agindu horren bigarren xedapen gehigarrian aurrez ikusitako komunikazio-betebeharrak betetzeko.

Laugarrena.– Koordinazio eta Jarraipen Batzordea.

Hitzarmen honen Koordinazio eta Jarraipen Batzordea sortu da, helburu hauekin: hitzarmenean aurrez ikusitako helburua betetzen direla bermatzea, helburu horien jarraipena eta ebaluazioa egitea, administrazio sinatzaileen koordinazio egokia erraztea eta sor daitezkeen interpretazio- eta betetze-arazoak konpontzea. Batzorde paritarioa izango da, eta sei pertsonak osatuko dute: alderdi sinatzaile bakoitzak hiru kide izendatuko ditu.

Batzordearen jarduteko araubidea oinarri hauek arautuko dute:

● Batzordea, gutxienez, urtean behin batzartuko da, edota hitzarmena sinatu duten alderdietako edozeinek eskatzen duenean. Batzordeko kideak teknikariekin batera joan ahal izango dira batzarretara, baina teknikariek ez dute izango ez hitzik, ez botorik.

● Batzordeburutzaren egoitza txandaka aldatuko da, Burutza hori daukan alderdi sinatzailearen arabera.

● Batzordeburutza txandaka aldatuko da, urtebeteko epealdietan. Lehenengo, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak izango du Batzordeburutza.

Aurreko arauetan berariaz araututa ez dagoen guztiari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan ezarritakoa aplikatuko da.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honek sinatzen denetik 2015eko abenduaren 31ra arte izango ditu ondorioak, eta hitzarmen indarraldia urte naturalen arabera luzatuko da automatikoki, non eta hitzarmena sinatu duten alderdietakoren batek hitzarmena denuntziatzen ez badu.

Denuntzia hori indarraldia amaitu baino sei hilabete lehenago egin beharko da, gutxienez. Alderdien asmoa beste hitzarmen bat sinatzea bada, denuntziatutako hitzarmenean onartutako konpromiso guztiek indarrean jarraituko dute, beste testu bat onetsi arte.

Hitzarmen honetan erabakitako betebeharren bat betetzen ez bada, alderdiek hitzarmena denuntziatu eta suntsiarazteko eskatu ahal izango dute, aurreko paragrafoan azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.– Eduki ekonomikoa.

Hitzarmen honek ez dauka eduki ekonomikorik. Hitzarmena burutzerakoan alderdi sinatzaileek egiten dituzten jarduerak euren aurrekontu korronteen kargura egingo dituzte, kosturik sortu gabe eta euren artean finantza-kontraprestaziorik eragin gabe.

Zazpigarrena.– Jurisdikzioa.

Hitzarmen hau administratiboa da, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 4.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera (azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitakoa). Horrenbestez, bere aplikazio-eremutik kanpo geratzen da, sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak argitzeko legean jasota dauden printzipioak eta irizpideak aplikatzea alde batera utzi gabe.

Sor daitezkeen eztabaidak bi alderdiek adostasunez argituko dituzte, laugarren klausulan aurrez ikusitako batzordean. Bestela, horrela argitzerik ez badago, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organoek eskumena izango dute hitzarmen hau burutzetik sor daitezkeen gatazkak ebazteko.

Aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, alderdi parte-hartzaileek hitzarmen hau sinatzen dute, Madrilen, 2015eko maiatzaren 19an.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia, Reyes Zatarain Del Valle.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Presidentea, Angel Tarsicio Toña Güenaga.

IV. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 16KO 28/2015 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, TRAFIKOKO BURUZAGITZA NAGUSIA ERAKUNDE AUTONOMOAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA BERMEOKO UDALA TOKI ERAKUNDEAREN ARTEKOA, BIDE SEGURTASUNAREN ARLOKO INFORMAZIOA TRUKATZEKO ETA DATU BASEETAN SARTZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 27a.

BILDUTA

Batetik, María Seguí Gómez andrea, Barne Ministerioari atxikita dagoen Trafikoko Buruzagitza Nagusia Erakunde Autonomoaren Zuzendari Orokorrak, otsailaren 3ko 313/2012 Errege Dekretuaren bidez kargu horretarako izendatua (BOE, 2012ko otsailaren 4koa)

Beste alde batetik, Garbiñe Sáez Molinuevo andrea, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak, kargu horretarako urtarrilaren 8ko 26/2013 Dekretuaren bidez (EHAA, 7. zk., urtarrilaren 10ekoa) izendatua.

Eta bestetik, Idurre Bideguren Gabantxo andrea, Bermeoko Udaleko alkateak, udal horren izenean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (BOE, 80. zk., apirilaren 3koa) 21. artikuluak esleitzen dizkion eskumenak erabiliz.

Hiru alderdiek, beren karguak betez jarduten baitute, lankidetza-hitzarmen hau formalizatzeko behar adinako lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri eta, horretarako

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Bide Segurtasunari buruzko Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoak (aurrerantzean TBN) gauzatzen ditu aurreko 5. artikuluak trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan Barne Ministerioari esleitutako eskumenak.

Bigarrena.– Barne Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen otsailaren 17ko 400/2012 Errege Dekretuaren arabera, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari, besteak beste, eginkizun hauek dagozkio:

– Bide-segurtasunari buruzko planak eta programak lantzea.

– Zirkulazioko Biktimen eta Istripuen Estatuko Erregistroa garatzea eta kudeatzea, adierazleak prestatzea eta barreiatzea.

– Erakunde autonomoaren eskumenak betearazteko behar diren erregistro eta datu-baseak egitea, jorratzea, mantentzea, ustiatzea eta zaintzea.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoak, Euskal Herriko Autonomiari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoarekin bat eta ibilgailuen trafikoari eta zirkulazioari buruzko Estatuko legediaren arloan Estatuaren zerbitzuak eskualdatzearen gaineko urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuarekin bat etorriz eta; bestetik, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 16.2 a) artikuluan ezarritakoaren arabera, Trafiko Zuzendaritzak Estatuko legedia betearazteko ahalmenen gaineko eskumenak gauzatzen ditu trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren eremuan.

Laugarrena.– Bide Segurtasunaren Legearen 7. artikuluak udalei, betiere dagokien esparruaren barruan, ematen dizkien eskumenen artean hauek daude:

– Beren titulartasuneko hiribideetan trafikoa antolatzea, kontrolatzea eta zaintzea, baita berorietan egiten diren arau-hausteak salatzea eta zehatzea ere, baldin eta beste administrazio bati berariaz esleitu ez bazaio.

– Zirkulazioari buruzko udal-ordenantzaren bidez hiribideen erabilerak arautzea.

Bosgarrena.– Ondorioz, zabaltasun edo intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin, TBNk, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta udalek eskumenak esleituta dituzte trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan eta beroriek erabiltzeko autonomia zabala dute. Dena den, herritarren zerbitzuan diharduten administrazioen barruan daudenez, premiazkoa da beraien arteko harreman zehatz batzuk ezartzea, era horretan funtzionamendu arinagoa eta eraginkorragoa izateko eta bide-segurtasuna, izan behar dugun azken helburua baita, lortzen hobeto laguntzeko.

Seigarrena.– Harreman horietan koordinazio- eta lankidetza-printzipioak nagusi izan behar ditugu, Espainiako Konstituzioaren 103. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Asmo horrekin, funtsezko gertatzen da behar diren informazioa eta laguntza elkarri emateko betebeharra.

Zazpigarrena.– Aurreko guztiarengatik eta hiribideetan bide-segurtasunak duen garrantzia kontuan izanda, premiazkotzat jotzen da hitzarmen-esparru bat finkatzea; hain zuzen, bide-segurtasunari buruzko politiken diseinuan, betearazpenean eta bilakaeran euskal udalen parte-hartzea hobea eta eraginkorragoa izan dadin.

Esandako guztiaren ondorioz, alderdi sinatzaileek lankidetza-hitzarmen hau formalizatu dute.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da TBNren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta udal sinatzailearen artean trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko ekintza jakin batzuk, zehazki datu-transmisioari eta erregistroetarako sarbideari buruzkoak, garatzeko lankidetza sustatzea.

Bigarrena.– Trafikoko Buruzagitza Nagusiaren betebeharrak.

1.– Udalari Ibilgailuen Erregistro Orokorrerako eta Gidarien eta Arau-hausleen Erregistrorako sarbideak ahalbidetzea. Erregistro horiek daukaten informaziorako sarbidea laugarren klausulan eta hitzarmen honen I. Eranskinean zehazten diren segurtasun-mailekin eta murrizketekin burutuko da.

2.– Ibilgailuen erregistroan matrikulazio berriei, titulartasun- eta helbide-aldaketei eta bajei buruz dauden datuak udalari aldizka ematea, Toki Ogasunak arautzen dituen Legean ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren betebeharrak.

1.– TBNri ezbeharrei buruzko datuak jakinaraztea, ezarritako prozedura kontuan izanik.

2.– Euskal udalei udal-barrutian gertatutako istripuen berri ematea.

Laugarrena.– Udalaren betebeharrak.

Udalak ekintza hauek burutzeko konpromisoa hartzen du:

1.– Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroari puntuak kentzen dituzten zehapen irmo larrien eta oso larrien berri ematea, baita gainerako zehapen larrien eta oso larrien berri ere, Bide Segurtasunaren Legean ezarritako baldintzetan. Helburu horrekin, Bide Segurtasunaren legean araututako trafikoko zehapen-prozedura zorrotz betetzeko beharrezkoak diren antolamendu- eta informatika-egokitzapenak egin beharko ditu.

2.– Adostutako formatuan eta epeetan Ibilgailuen Erregistroari trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zerga zor duten ibilgailuen berri ematea, Toki Ogasunak arautzen dituen Legeak ezarritako kasuetan.

3.– Udal-barrutian gertatutako istripuei buruzko datuak lantzea eta, ezarritako prozedurari jarraiki, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari horien berri ematea, horretarako beharrezko antolamendu- eta informatika-egokitzapenak eginez.

4.– Trafiko-zehapenei buruzko Ediktuen Taulan (TRAZET) alta emanda egotea.

Bosgarrena.– Datu pertsonalak babestea

Alderdiek beren jarduerak burutzeko hauek hartu behar dituzte kontuan: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurriei buruzko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak onartzen duen Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra eta maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuak onartzen duen Gidarien Erregelamendu Orokorra, baita gerta daitezkeen aldaketak ere.

Tratamenduaren xede diren datuak hitzarmen honetan jasotako jarduerak garatze aldera beharrezko lanak egiteko baino ezingo dira erabili, eta ahaleginak egingo dira datu horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabe atzitzea galarazteko.

DGTk, organo lagatzailea den aldetik, auditoretzarako eskainiko dituen sistema eta bitarteko informatikoen bidez, udalak gauzatu beharko ditu jasotako datuen zaintza eta erabilera egokia bermatuko dituzten kontrol-jarduerak. Hori aurrera eramate aldera, DGTk konpromisoa hartzen du organo lagapen-hartzaileak aukeratuko dituen arduradunei beharrezko laguntza emateko.

Organo lagapen-hartzaileak DGTk erabaki ditzakeen kontrolatze- eta gainbegiratze-jarduera guztiak onartzen ditu; horrela, lagatako informazioa era egokian eskuratu eta erabili dela egiaztatzeko.

Kontrol eta auditoretzarako jardueren ondorioz edo salaketaren edo jakinarazpenaren bitartez, organo lagatzailearen kudeaketarako izan gabe datuen, aurrekarien, erregistroen edo txostenen erabilerarekin loturiko edozein motatako irregulartasuna detektatuz gero, berehala eginbideak irekiko dira guztiz argitzeko eta, hala egokituz gero, erantzukizunak eskatzeko.

Seigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau idatzi da Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.1.c) artikuluan ezarritakoaren babesean eta artikulu horren 2. idatz-zatian xedatutakoari jarraituz. Hitzarmenean ezarri ez den guztirako, sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak argitze aldera, lege horretatik eratorritako printzipioak beteko ditu, baita aplikagarriak diren gainerako xedapenak ere.

Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenako auzitegiak eskudunak izango dira hitzarmenaren interpretazioari, betetzeari, amaierari, suntsiarazpenari eta ondorioei buruz ager litezkeen auziak ebazteko, baldin eta sortuko den jarraipen-batzordeak beroriek ebazterik izan ez du.

Zazpigarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmena sinatzean, haren jarraipena egiteko batzorde bat ezarriko da, kide hauek izango dituena: Probintziako Trafiko buruak izendatutako ordezkari bat, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak izendatutako bat eta udalak izendatutako beste bat.

Jarraipen-batzorde horretara egokitzat joko diren teknikariak, alderdiek aukeratuta, joan ahalko dira, betiere jorratu beharreko gaien arabera.

Batzorde hori alderdietako edozeinen eskariz bilduko da, gutxienez urtean behin, gauzatutako lankidetzatik sortuko diren emaitzak eta gorabeherak aztertzeko.

Hitzarmen honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, bere funtzionamendua Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan kide anitzeko organoei buruz ezarritakoaren mende egongo da.

Jarraipen-batzordearen ardurak hauek izango dira:

a) Hitzarmen honetatik sortuko diren interpretazio- eta betetze-arazoak konpontzea.

b) Egindako lana eta hitzarmen honen bidez izandako lorpenak urtero ebaluatzea.

c) Hitzarmenaren betearazpenari aplika dakizkion teknologien, tekniken eta metodoen bilakaerari jarraitzea, egin beharreko jardueren aldaketa alderdiei proposatuz, betiere horrek berekin hitzarmenaren xedea aldatzea ez bakar.

Zortzigarrena.– Aldaketa.

Hitzarmen hau alderdien arteko adostasunez aldatu ahalko da haren xedea hobeto betetzeko beharrezkoa denean.

Bederatzigarrena.– Indarraldia eta suntsiarazteko kausa.

Hitzarmen hau sinatu eta hurrengo egunetik aurrera sartuko da indarrean eta urtebeteko indarraldia izango du. Isilbidez urtez urte luzatu ahalko da baldin eta arrazoi hauengatik suntsiarazten ez bada:

a) Alderdien arteko adostasunez, idatziz adierazita.

b) Hitzarmenaren salaketa, edozein unetan alderdietako edozeinek egindakoa. Bestelako erabakirik hartzen ez badute, eraginak izango ditu era frogagarrian jakinarazi eta hiru hilabetera.

c) Alderdietako baten borondatez, beste alderdi batek edo gainerako alderdiek hitzarmenaren klausuletako edozeinen ez-betetze larria egin dutela oinarri hartuta. Suntsiarazteko nahi hori aurretiaz jakinaraziko du; hain zuzen, hainbat jardueraren jarraipena ez kaltetze aldera, suntsiarazpenaren unean betetzeko bidean diren jardueren beharrezko jarraipena bermatuta utzirik. Bestelako akordiorik ez badute, eraginak izango ditu jakinarazi eta hamabost egunera.

Trafikoko Buruzagitza Nagusia, Bizkaiko Trafikoko Probintziako buruak, Trafikoko Zuzendari Nagusiak emandako sinadura eskuordetzeko Akordioa betez (HAAJ eta APEren 30/92 legearen 16. art.), Adolfo Peñaranda Molinos jauna.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaria, Garbiñe Sáez Molinuevo andrea.

Bermeoko Udaleko Alkatea, Idurre Bideguren Gabantxo andrea.

ERANSKINA
SEGURTASUNEKO DOKUMENTUA

1.– Komunikazio-kanal baten identifikazioa.

Udalak komunikazio-kanal bat izatea (telefonoa, posta elektronikoa, etab.) bermatuko du. Horren bidez, DGT udalarekin harremanetan jarri ahalko da helburu hauekin:

– Datu-eskaerekin loturiko gorabeherak konpontzea.

– DGTko fiskalizazio- eta kontrol-arduradunek datu-eskaeren auditoriak eskatu ahal izatea, era horretan baldintzak –datuak lagatzeko zerbitzuetarako sarbidea onartzeko erabili zirenak, hain zuzen–, betetzen direla egiaztatzeko.

2.– Erabiltzaileen kudeaketa.

Puntu honetan udalak hau bermatuko du:

● DGTk datuak lagatzeko dituen zerbitzuetara sartzeko baimendutako erabiltzaileen edo kideen bizi-zikloa kudeatzea ahalbidetzen duten prozedurak ezarrita dituela (altak, bajak, erabiltzaileen baimenen aldaketak).

● DGTk hala eskatuz gero, datu-eskaerak egiteko baimendutako erabiltzaileen edo kideen zerrenda eguneratua eman ahalko duela (horri esker egiaztatu ahalko da zerrenda hori bat datorrela DGTren sarbidea kontrolatzeko sistemetan dauden datuekin).

● Datu-eskaerak egiteko baimendu dituen pertsonekin zerikusia duen edozein aldaketaren berri emango duela. Horiek horrela, langile bat lanpostuz aldatzen bada eta hor baimen hori behar ez badu, edo udaleko langile gisa baja hartzen badu, baja emango zaio DGTren datuak lagatzeko zerbitzuen erabiltzaile gisa.

3.– Sarbide-kontrola.

Udalak bermatu beharko du datu-eskaerak egingo diren lan-ekipoetan sarbidea kontrolatzeko mekanismo egokiak erabiltzen dituela. Horrela, eragotzi ahalko da baimendu gabeko pertsona bat baimenduta dagoen pertsona baten lan-ekipoan sartu ahal izatea.

4.– Datu-eskaeren auditoriak.

Beharrezko informazio guztia biltegiratu behar da (herritarraren baimena, datu-eskaeraren helburua, etab.); horren bidez, DGTk auditoria-eskaera eginez gero, udalak frogatu ahal izateko egindako eskaeren egokitzapena burutu dela.

Horrez gain, udalak bermatu behar du datu-eskaeren egokitzapena justifikatzeko premiazko informazio guztia biltzea ahalbidetzen dion prozedura duela.

5.– Informazioa biltegiratzea.

Udalak bermatuko du eskatutako informazioa behar bezala biltegiratu eta kudeatzen duela, egindako eskaera justifikatzen duten beharrezko datuak barne sartuta, informazio hori dagoen euskarria edozein dela ere.

6.– Probak eta datu errealak.

Eskatutako datuen nolabaiteko tratamendua egiten duten aplikazioak garatuz gero, udalak bermatu beharko du aplikazio horien probetan datu errealik ez dela erabiliko, berorien konfidentzialtasuna arriskuan jarri ahal baitute.

Trafikoko Buruzagitza Nagusia, Bizkaiko Trafikoko Probintziako buruak, Trafikoko Zuzendari Nagusiak emandako sinadura eskuordetzeko Akordioa betez (HAAJ eta APEren 30/92 legearen 16. artikulua), Adolfo Peñaranda Molinos jauna.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaria, Garbiñe Sáez Molinuevo.

Bermeoko Udaleko Alkatea, Idurre Bideguren Gabantxo.

V. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 16KO 28/2015 EBAZPENARENA
HEZKUNTZA LANKIDETZARAKO HITZARMENA UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIN, INGURUMEN ZIENTZIETAKO GRADUKO, ELIKAGAIEN ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIAKO GRADUKO, GIZA NUTRIZIOKO ETA DIETETIKAKO GRADUKO ETA FARMAZIAKO GRADUKO IKASLEEK KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGITEKO

Vitoria-Gasteizen, 2015eko maiatzaren 4ean.

BILDURIK

Batetik, Mailo Virto Lekuona andrea eta Javier Garaizar Candina jauna Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (aurrerantzean UPV/EHU) ordezkaritzan, lehenengoa aipatutako titulazioak kudeatzen dituen Farmazia Fakultateko dekanoa delako eta bigarrena Arabako Campuseko errektoreordea delako, betiere indarrean dagoen Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegiak jasotzen duena babestuta,

Eta, bestetik, Guillermo Viñegra García jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkaritzan, Osasun Sailaren bidez, osasun sailburuorde gisa jokatuz, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuak esleitzen dizkion eginkizunak baliatuz.

Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau izenpetzeko legez behar den gaitasuna elkarri onartuta,

ADIERAZI DUTE

Lehenengoa.– UPV/EHUren helburuetako bat da «Kalitatezko goi-mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen prestakuntza osorako eta lanerako beharko dituzten gaitasunak ziurtatzeko».

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egoki ikusten du UPV/EHUrekin lan egitea ikasleei praktika akademikoak egiteko aukera emateko haien prestakuntza akademikoarekin lotutako arloetan burutzeko. Bestalde, administrazioaren eginkizunak hobeto ezagutzeko parada ere emango die horrek.

Hirugarrena.– Kanpoko praktika akademikoak ikasleen prestakuntzara bideratutako jarduerak dira, Unibertsitateak gainbegiratzen dituena, eta helburutzat dute aukera ematea ikasleei prestakuntza akademikoan eskuratu dituzten ezagutzak aplikatu eta osatzeko, beharrezko gaitasunak eskura ditzaten lan munduan aritzeko, lana bilatzeko eta beren ekiteko gaitasuna areagotzeko.

Laugarrena.– Zehazki, curriculum-praktikak dagokion Ikasketa Planaren barneko jarduera akademikotzat hartzen dira.

Bosgarrena.– UPV/EHUk Ingurumen Zientzietako Gradua, Elikagaien Zientzia eta Teknologiako Gradua, Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradua eta Farmaziako Gradua tituluak eskaintzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Administrazio Publikoaren sektorean lan egiten du.

Seigarrena.– Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuaren 7. artikuluak honako hau adierazten du:

«1.Kanpoko praktikak egiteko, unibertsitateek eta, hala dagokionean, haiei lotuta praktikak kudeatzen dituzten erakundeek, Hezkuntza Lankidetzarako Hitzarmenak izenpetuko dituzte errege dekretu honen 2.2 artikuluan aurreikusten diren erakunde laguntzaileekin, eta praktika eskuragarriak sustatuko dituzte ezgaitasunak dituzten ikasleek egin ahal izan ditzaten aukera-berdintasunak bermatzen dituzten beharrezko baliabideak jarriz, giza-, material- eta teknologia-baliabideak hain zuzen ere». (Aurreikuspen bera ezartzen da Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudian).

Zazpigarrena.– Osasun Sailak ikasle horiei beren praktikak Ingurumen Osasun, Elikagaien Segurtasun eta Osasun Publikoaren Laborategiko programetan egiteko aukera eskaini ahal die, baita aipatutako titulazioetan ikasten diren gaiekin zuzenean lotutako lan arloetan ere.

Adierazitakoagatik, bi aldeek

ADOSTU DUTE

Hezkuntza Lankidetzarako Hitzarmen hau izenpetzea, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Hezkuntza Lankidetzarako Hitzarmen honen helburua da UPV/EHUko ikasleek Osasun Sailean egingo dituzten curriculum-praktika akademikoak arautzea, uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuak eta Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiak ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Praktikak egitea, lekua eta programa.

Praktikak egiteko lekua hitzarmen honi erantsitako I. eranskinean adieraziko da.

Iraupena eta ordutegiak ezartzean, kontuan hartuko dira praktiken ezaugarriak eta Osasun Sailak dituen aukerak, praktika-jarduerek ahalik eta eraginik txikiena izateko haren eguneroko lanean.

Dagokion ikasketa-planak ezarritakoa abiapuntutzat hartuta, tutorearen ardura izango da prestakuntza-proiektua egitea praktikak hasi aurretik. Proiektu horrek honako datu hauek zehaztuko ditu:

● Zer ikasketari dagokion praktika.

● Praktikak egingo diren erakundea eta tokia.

● Ikasketa-tutorea.

● Erakundeko instruktorea.

● Praktiken Programaren arduraduna.

● Ikasleen zerrenda, hala dagokionean.

● Hezkuntza-helburuak eta jarduerak.

Hirugarrena.– Harremana Osasun Sailaren eta ikaslearen artean.

Uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezartzen denaren arabera:

1.– Kanpoko praktika akademikoen prestakuntza-xedea dela-eta, ez dute lan-harreman bati dagokion betebeharrik izango, eta ezin izango dira lanpostu bati loturiko lan-prestazio baten ordezkotzat hartu.

2.– Administrazio publikoen, zuzenbide publikoko entitateen eta bestelako erakunde publikoen arloan, kanpoko praktika akademikoak egitea ez da meritutzat joko funtzio publikoan sartzeko, ez eta antzinatasun efektuei dagokienez hartuko edo aurretiazko zerbitzuak aitortzeko.

Laugarrena.– Praktiketarako instruktorea.

1.– Osasun Sailak instruktore bat izendatuko du ikasle bakoitzarentzat, eta haren eginkizuna izango da prestakuntza-jarduerak antolatzea, Praktiken Programaren Arduradunaren oniritziarekin eta ikaslearen tutorearekin batera.

2.– Osasun Sailak izendatuko duen instruktorea erakundeari loturiko pertsona bat izango da, eta lan-esperientzia eta tutoretza eraginkor bat egiteko behar diren ezagutzak izango ditu. Instruktorea eta Unibertsitatearen tutoretza-lanak egingo dituen pertsona ez dira bat eta bera izango.

3.– Instruktoreak Praktiken Programaren Arduradunaren adostasuna beharko du, eta «venia docendi»-aren aitortza adieraziko du, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudian finkatutako prozeduraren arabera gauzatuko dena.

Bosgarrena.– Instruktorearen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Erakunde laguntzaileko instruktoreak eskubide hauek izango ditu:

a) Bere laguntza-lana aitortua izateko eskubidea, aurreko klausularen 3. zenbakian jasota dagoen moduan.

b) Kanpoko praktikak arautzen dituen araudiari eta haien Prestakuntza Proiektuari eta garapen-baldintzei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

c) Unibertsitatera jotzeko eskubidea, informazioa eta laguntza eskuratzeko bere eginkizunetarako.

d) Unibertsitate-instalazio eta -zerbitzuak erabiltzeko eskubidea (liburutegiak, mintegiak, etab.), bere etengabeko prestakuntzari begira.

2.– Gainera, betebehar hauek izango ditu:

a) Ikasleari harrera egitea eta egin beharreko jarduera Prestakuntza Proiektuan zehaztutakoaren arabera antolatzea.

b) Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea eta praktikaren garapena bideratu eta kontrolatzea, elkarrekiko errespetuan oinarrituriko harreman baten bitartez eta ikaskuntzarekiko konpromisoarekin.

c) Bere erakundearen antolakuntza eta funtzionamendua azaltzea ikasleari, baita dagozkion araudiak ere, segurtasun eta lan-arriskuen arlokoak bereziki.

d) Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honetan zehaztutako jardueren garapena koordinatzea Unibertsitateko tutorearekin, kontuan izanik praktikaren garapen egokiari begira prestakuntza-proiektuan egin beharreko aldaketak. Gainera, praktikan zehar sor daitezkeen gorabeheren berri eman eta gorabehera horiek konpontzea, eta azterketak egiteko baimenak kontrolatzea.

e) Amaierako txostena egitea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko IV. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

f) Praktikak egiteko ikasleak behar duen prestakuntza osagarria eskaintzea.

g) Praktikak egiteko ikasleak behar dituen bitarteko materialak ematea.

h) Giro egokia sortzea ikasleak proposamenak egiteko: berrikuntzari, hobekuntzari eta ekintzailetzari begira eginiko proposamenak.

i) Erakunde laguntzailearen ateak zabaltzea UPV/EHUko tutoreari, bere eginkizunari dagozkion helburuak bete ditzan.

j) Isilpean gordetzea instruktore gisa ikasleari buruz eskura dezakeen informazio oro.

k) Ikasleari laguntzea erakundean diharduen bitartean, eta praktika-jardueretan sor daitezkeen lan-gorabeherak konpontzea.

Seigarrena.– Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kanpoko praktika akademikoetan, ikasleek eskubide hauek izango dituzte:

a) Praktikak iraun bitartean, unibertsitateko irakasle baten eta Osasun Sailean diharduen profesional baten tutoretza izateko eskubidea.

b) Ebaluaziorako eskubidea, Unibertsitateak zehazturiko irizpideen arabera.

c) Osasun Sailaren txostena jasotzeko eskubidea. Txosten horretan, zehazki aipatuko dira eginiko jarduera, haren iraupena eta, hala dagokionean, errendimendua, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko IV. eranskineko ereduaren arabera.

d) Jabetza intelektual eta industrialerako eskubidea, arloan arloko legediak ezarritako moduan, ikasleak lagapen- edo transmisio-dokumentua izenpetu duenean izan ezik.

e) Segurtasun eta lan-arriskuen prebentziorako araudiari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea. Osasun Sailak eman beharko du informazio hori.

f) Beren jarduerak burutzeko eskubidea (arlo akademikoan, prestakuntza-arloan eta ordezkatze- eta parte-hartze mailan), jarduera horien berri emanez aldez aurretik Osasun Sailari.

g) Ezintasunen bat duten ikasleen kasuan, praktikak besteen baldintza berberetan egiteko eskubidea: sarbiderako, informaziorako eta ebaluaziorako eskubidea.

h) Ezintasunen bat duten ikasleen kasuan, praktikak eta ezintasunetik eratorritako jarduerak eta egoera pertsonalak bateratzeko eskubidea.

2.– Era berean, kanpoko praktika akademikoak egin bitartean, betebehar hauek izango dituzte ikasleek:

a) Unibertsitateak kanpoko praktikak arautzeko indarrean duen araudia betetzea.

b) Praktiken Prestakuntza Proiektua ezagutzea eta betetzea, aintzat harturik erakunde laguntzaileak izendaturiko instruktorearen oharrak, unibertsitateko tutorearen gainbegiradapean.

c) Praktikak iraun bitartean, harremanetan egotea unibertsitateko tutorearekin eta gerta daitekeen zeinahi gorabeheraren berri ematea. Gainera, eskatzen zaizkien dokumentuak eta txostenak aurkeztea (jarraipen-txostenak, amaierako memoria...).

d) Adostutako egunean lanari ekitea Osasun Sailean, hezkuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea eta erakundean indarrean dauden arauak errespetatzea (funtzionamenduko, segurtasun-arloko eta lan-arriskuen prebentziorako arauak).

e) Hezkuntza Proiektua garatzea eta Osasun Sailarekin adostutako jarduerak egoki betetzea, proiektuan zehaztutako lan-lerroen arabera.

f) Praktiken amaierako txostena eta tarteko txostena, hala dagokionean, egitea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko V. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

g) Osasun Sailari buruzko informazioa isilpean gordetzea eta haren jardueren gaineko lanbide-sekretua mantentzea, praktikek iraun bitartean eta praktikak amaitu ondoren.

h) Errespetuz jokatzea Osasun Sailaren politikarekiko, UPV/EHUren ospea babestuz uneoro.

i) Indarrean dagoen araudian ezarritako beste betebeharrak kontuan hartzea.

3.– Aurreko atalean aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badira, bertan behera utzi ahal izango da praktika. Hori horrela, horren berri emango dio UPV/EHUk edo Osasun Sailak hitzarmen honen bidez sortutako Jarraipen Batzordeari, eta batzorde horrek 10 eguneko epea izango du praktika aldez aurretik bertan behera uzteko egokitasunari buruz erabakitzeko.

4.– Ikasleak huts egin ahal izango du praktika azterketarik egin behar izanez gero, eta hiru egun lehenago emango dio horren berri instruktoreari. Arrazoi akademikoek edo beste era batekoek eragindako hutsegiteak lehenbailehen jakinarazi beharko zaizkio instruktoreari edo tutoreari, eta tutorearen baimena beharko dute, hala behar izanez gero.

Zazpigarrena.– Instalazioak eta baliabideak.

Osasun Sailak bere instalazioak eta baliabideak eskainiko ditu praktikak egiteko, eta zenbat ikasle har ditzakeen zehaztuko du.

Zortzigarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.

1.– UPV/EHUk erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat du, ikasleek praktiketan eragin ditzaketen kalteei aurre egiteko.

2.– Unibertsitateak eta ikasleek ez dute inolako erantzukizunik izango balizko kalteen aurrean, erakunde laguntzaileko instruktoreak praktiken programatik kanpo emandako agindu baten ondorio izanez gero.

3.– Praktikak egiteko, ezinbestekoa izango da 28 urtetik gorako ikasleek aseguru bat kontratatzea. Aseguru osagarri hori UPV/EHUk hitzartuta duen «CUM LAUDE» istripu-poliza kolektiboa izan daiteke, edo beste erakunde batek eskaintzen duen beste asegururen bat, baldin eta, gutxienez, UPV/EHUren bidez eskaintzen diren kontzeptuak («CUM LAUDE») estaltzen baditu. Egokia irudituz gero, aipatutako adina bete aurretik ere kontratatu ahal izango da aseguru hori.

4.– UPV/EHUrekin hitzarmena duten atzerriko unibertsitateetatik etorrita erakunde laguntzailean praktiketan diharduten ikasleek istripu-poliza bat izan beharko dute, «CUM LAUDE» polizaren estaldura berberekoa gutxienez.

Bederatzigarrena.– Poltsa edo laguntza.

Ikasleek ez dute inolako diru-kopururik jasoko praktikak egiteagatik.

Hamargarrena.– Ikasleen datuak babestea.

Praktikak enpresetan egiten dituzten ikasleen datuak Hitzarmen honetan ezarritako helburuetarako erabiliko dira soil-soilik.

Hamaikagarrena.– UPV/EHUren beste konpromiso batzuk.

1.– Aurretik aipatutakoen kalte gabe, UPV/EHUk bere gain hartzen ditu konpromiso hauek ikasleei dagokienez:

a) Ikasleei azaltzea zertan eragiten dien Hitzarmen honek.

b) Ikasleek Hitzarmen honek ezartzen dizkien betebeharrak onartzea, baita aplika daitekeen araudia ere.

c) Ikasleek beren datuen erabilera espresuki onartzea, aurreko Klausulan ezarritako xedeetarako.

2.– Aurrekoaren ondorioz, ikasle bakoitzak izenpetutako dokumentuaren kopia bana emango dio UPV/EHUk Osasun Sailari.

Hamabigarrena.– Jarraipen Batzordea.

1.– Jarraipen Batzorde bat eratuko da, Ikastegiko edo tituluaren ardura duten Berezko Ikasketen bi ordezkarik eta Osasun Sailaren beste bi kidek osatuta. Horren egitekoa izango da praktikak egitean edo hitzarmena betetzean sor daitezken gorabeherei buruzko erabakiak hartzea.

2.– Batzorde hori eratzean, sinatzaileak batzordeburu izango dira txandaka, eta UPV/EHUri egokituko zaio hasierako txanda.

Hamahirugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

1.– Hitzarmen hau indarrean egongo da 2015eko abenduaren 31 arte, eta urtez urte luzatu ahalko da baldin eta sinatzaileetako edozeinek hitzarmena amaitu baino hilabete bat lehenago salatzen ez badu.

2.– Hitzarmenaren amaiera idatziz eskatuko da, eta ez du inolako eraginik izango jada abian dauden praktiken garapenean, Seigarren Klausulan praktikak aldez aurretik bertan behera uzteari dagokionez ezarritakoaren kalterik gabe.

Eta aurrekoarekin ados daudela adierazteko, hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honen bi kopia sinatu dituzte aldeek, goiburuan adierazitako lekuan eta datan.

UPV/EHUren izenean,

Farmazia Fakultateko dekanoa, Mailo Virto Lekuona.

Arabako Campuseko errektoreordea, Javier Garaizar Candina.

Eaeko Administrazioaren izenean,

Osasuneko sailburuordea, Guillermo Viñegra García.

VI. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 16KO 28/2015 EBAZPENARENA

HEZKUNTZA, KULTURA ETA KIROL MINISTERIOAREKIN KOLABORAZIO-OINARRIAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IKASTETXEEI ELKARRIZKETA-LAGUNTZAILEAK EMATEKO

Ekainaren 25eko 1027/1993 Errege Dekretuak, hezkuntza-jarduera atzerrian arautzen duenak, xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Ministerioak duela, besteak beste, hezkuntza, kultura eta ikerketa espainola atzerrian sustatzearen ardura, hezkuntza-jarduera hau kultura eta hizkuntza bultzatu eta hedatzearen eta nazioarteko lankidetzaren eremu zabalagoan sartuz.

Elkarrizketa Laguntzaileen Programan zehar; Hezkuntza, Kultura eta Kirola Ministerioa aukeratzen ditu Alemania, Australia, Austria, Belgika, Kanada, Txina, Estatu Batuak, Finlandia, Filipinak, Frantzia, Irlanda, Italia, Malta, Zeelanda Berria, Herbehereak, Portugal eta Erresuma Batua herrialdeetatik datorren hautagaiak; zuzentzen direla Irakaskuntzako ikastetxe desberdinetara: Bigarren Mailakoa, Lanbide Heziketa eta Hizkuntzetako Eskola Ofizialetara, Herrialde desberdinetakoak eta Espainako Erkidego Komunitateetara.

Programa honetako antolaketa oinarritzen da heziketa biko lankidetza-hitzarmenak, Kultura, Zientzialaria eta Teknika Espainaren eta berean herri parte-hartzaileen indarrean daudenak eta Estatu Batuetako eta Kanadarekin izenpetutako memorandumak aplikatuz.

Testuinguru honetan, azken deialdietan zeharreko programa honen arrakastak bide eman dio elkarrizketa-laguntzaile kopuruaren gehikuntza nabarmenari. Kolaborazio Oinarri honen helburua hauxe da: Hezkuntza, Kultura eta Kirola Ministerioak behar diren neurriak hartuko ditu, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak behar dituen elkarrizketa-laguntzaileen kopurua selekzionatzeko 2015-2016ko ikasturterako.

Euskal Autonomia Erkidegoak baduela irakaskuntza bere hedadura, maila, modalitate eta espezialitate guztietan legez garatu eta gauzatzearen eskuduntza, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Autonomia Estatutuak 16. Artikuluan xedatukoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak atzerriko hizkuntzak ikastea sustatu eta laguntzen duela haren kudeaketa-eremuko ikastetxeetan.

Hori guztiagatik, irizten da beharrezkoa dela Heziketa, Kultura eta Kiroleko Ministerioaren eta Euskadiaren Autonomia-Erkidegoaren ezartzea arteko kolaborazio oinarriak, Hizkuntza Laguntzaile Programaren kudeaketa zuzenerako.

Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateetako Estatu idazkariak sinatuko du (urtarrilaren 13ko 188/2012 Errege Dekretuaren bidez izendatua) Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren aldetik.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Hezkuntzako sailburuordeak sinatuko du, horretarako baimena Gobernu Kontseiluak emanda 9. ex norma, 1996ko urtarrilaren 9ko Hitzarmenean onartutakoa.

Zehazki, Euskal Autonomi Erkidegoak zuzenean finantzatutako laguntzaile-kupoari buruzko alderdiak:

OINARRIAK:

● Hezkuntza, Kultura eta Kirola Ministerioak laurogeita hemeretzi hizkuntza laguntzailera arteko ingelesez, hamar arteko frantsesez, eta seira alemanez, ehun eta hamabost hizkuntza laguntzaile kopuru bat emango du eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak destinoa emango die ikastetxeetan zerbitzuak emateko.

● Hezkuntza, Kultura eta Kirolako Ministerioak Euskadiren Autonomia-Erkidegorako aukeratutako laguntzaileen erlazio zehatza, ikasturtearen hasiera baino lehen, bidaliko du.

● Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetara sartzen diren elkarrizketa-laguntzaileek Hezkuntza, Kultura eta Kirola Ministerioak zuzenean kudeatzen dituenen baldintza berberak izango dituzte, 2005eko apirilaren 20ko ECI/1305/2005 Aginduak, konkurrentzia lehiakorreko erregimenean dirulaguntza publikoak emateko oinarriei buruzkoak (maiatzaren 12ko BOE), edo ordezkatzen duen arauak, xedatukoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aurrekontuen kontura finantzatuko da 2015-2016 ikasturtean elkarrizketa-laguntzaileen kopurua laurogeita hemeretzi hizkuntza laguntzailera arteko ingelesez, hamar arteko frantsesez, eta seira alemanez, dakarren gastua eta ondorengo kontzeptuak hartuko ditu:

● 700 euroko hileroko dirulaguntza, 2015eko urriaren 1etik 2016ko maiatzaren 31ra bitartean.

● Europako osasun-txartela ez duten hizkuntza laguntzaile horien osasun-babesa.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza-Politika eta Kultura Sailak harrera eta trebakuntza ikastaro bat antolatuko du, heziketa-zentroetan dauden Hizkuntza Laguntzaile guztiek parte hartzeko.

Kolaborazio Oinarri hauen indarraldia zortzi hilabetekoa da, 2015eko urriaren 1etik 2016ko maiatzaren 31ra arte. Epe hori urtero luzatuko da horrelako Hitzarmen baten bidez izenpetzen. Esku hartzen duen edozein administraziok berariaz denuntziatu ahal izango du kolaborazio oinarriak, gutxienez iraungitze-data baino hiru hilabete lehenago.

Kolaborazio oinarri hauen formalizazioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Alderdiek noiznahi proposatu ahal izango dute kolaborazio oinarrien berrikustea, bidezkotzat jotzen diren aldaketak egiteko.

Eta horrela jasota gera dadin, hiru ale izenpetzen dira, 2015eko maiatzaren 4an.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren izenean,

Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitatetako Estatu Idazkaria, Montserrat Gomendio Kindelán.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren izenean.

Hezkuntzako sailburuordea, Miren Arantza Aurrekoetxea Bilbao.


Azterketa dokumentala