Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2015eko maiatzaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2380

EBAZPENA, 2015eko maiatzaren 15ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, Donostialdeko Metroko Lugaritz-Easo tarteari buruzko informazio-azterlana jendaurrera ateratzeko dena.

2012an, Donostialdeko Metroko Lugaritz-Anoeta tartearen informazio-azterlana onartu zen. Bertan, Lugaritzeko geltokiaren eta Anoetako geltokiaren artean beste trazatu bat definitu zen, 4 geltoki berrirekin Lugaritz eta Morlansen artean: Unibertsitatea, Matia, Erdialdea-Kontxa eta Easo.

Gero, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, 2013an, Lugaritz eta Morlansen arteko linea berriaren oinarrizko diseinua berriz aztertzeko erabakia hartu zen. Horrek informazio-azterlan berri bat idatzi eta izapidetzea eskatzen zuen.

Informazio-azterlan horrek irtenbide bat planteatzen zuen; hau da, lurpeko tarte berri bat egitea, Lugaritzeko geltokitik Morlnaseko lurpeko tarteraino. Hiriaren beheko aldearen ingurutik igarotzen da (Antiguo, Erdialdea eta Amara), herritarrik gehienak bizi diren tokietatik, eta, horrela, trenbide-sistema eskura jartzen zaie, hiru geltoki jarrita: Bentaberri (Antiguo), Erdialdea-Kontxa eta Easo (oraingoa ordezten du).

Tarte berriak 4.170 m ditu. Hasiera Lugaritzeko geltokitik 100 m ingurura hasten da; handik, Antiguora jaisten da, eta, gero, Bentaberriko bizitegi-zabalgunearen ondotik pasatzen da. Hain zuzen ere, bertan dago lehenengo geltokia. Kostako linearen trazatu ia-ia paralelo baten bidez, hiriaren erdialdera iristen da, eta bertan kokatzen da proiektatutako bigarren geltokia. Hegoalderantz jarraitzen du, eta, gaur egungo geltokia gaindituta, Easoko geltoki berrira iristen da. Azkenik, gaur egungo trenbidearekin bat egiten du, Morlanseko lurpeko tartearen hasieran.

Tarte osoan, sestra lurpean dago, behar besteko sakonera izango du, eta ez da kalitate txarreko lurpeko materialak zeharkatu beharrik izango; era berean, bertikalean hartuta, nahikoa distantzia egongo da eraikinen zimenduetatik. Lurpeko tunel baten bidez egingo da, 130 m-ko azken tartea izan ezik, zati horretan aire zabalean eraikiko baita.

Proiektua Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek gainbegiratu dute, eta egiaztatu dute teknikoki zuzena dela eta trenbideen alorreko legeria betetzen duela, bai eta Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 11. artikulutik 16.era bitartekoetan eta indarrean dauden gainerako lege-xedapenetan ezarritakoa.

Organo honek eskumena dauka Jaurlaritzaren Kontseiluarentzat gordeta ez dauden trenbide-sareko proiektuak idatzi eta onartzeko, betiere Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 30eko 248/2014 Dekretuaren 14.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraituz (dekretu hori abenduaren 30eko 248/2014 Dekretuaren bidez aldatu zen).

Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluak ezartzen duenez, informazio-azterlana, behin betiko onartu baino lehen, jendaurrean erakutsi beharko da 30 egun balioduneko epean, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan trazatuaren ikusmolde orokorraz, ikusmolde horrek interes orokorreko alderdiei eragiten dien neurrian.

Ingurumen-organoaren iritziz, 2014ko uztailaren 15eko txostenean adierazitakoaren arabera, ez dago ingurumen-inpaktuaren beste ebaluaziorik egin beharrik, ezta urtarrilaren 11ko 1/2008 Errege Lege Dekretuan ezarritako beste izapiderik ere, baliozkoa baita Lugaritz-Anoeta tarteari buruzko 2012ko ekainaren 21eko ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Donostialdeko Metroko Lugaritz-Easo tarteari buruzko informazio-azterlana jendaurrera atertzea, Ebazpena azken aldiz argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasi eta hogeita hamar egun balioduneko epean, udal, elkarte eta partikularrek jarduketa horren edukiaz, interes orokorreko aitortzeko arrazoiez eta trazatuaren ikusmolde orokorraz alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten.

Epe horren barruan, jendeak eskura izango du informazio-azterlana leku hauetan: Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Vitoria-Gasteizko Donostia kalea 1), Donostiako udaletxean, Donostiako Easo plazan (Amarako geltokiaren atondoa) eta Interneteko www.euskadi.eus web-orrian, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari dagokion atalean.

Eta horrela jakinarazten da herritarrek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 15a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.


Azterketa dokumentala