Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2015eko maiatzaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2369

17/2015 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hainbat hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Honako hitzarmen hauen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

– Hitzarmena, Zarauzko Udalarekin, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan ezarritakoa betetzeko. (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetza), I. eranskinean jasotzen da.

– Lankidetza-hitzarmena, Innobasquerekin Euskadirako Demokraziari eta Herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria zabaltzeko, II. eranskinean jasotzen da.

– Lankidetza-hitzarmena, Azpeitiko udalarekin, Azpeitiko Egibar Baserrian dagoen Ingurugiro Etxea Museoa kudeatzeko, III. eranskinean jasotzen da.

– Lankidetza-hitzarmena, Trafikoko Buruzagitza Nagusia Erakunde Autonomoaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Aguraingo Udala toki-erakundearen artekoa, bide-segurtasunaren arloko informazioa trukatzeko eta datu baseetan sartzeko, IV. eranskinean jasotzen da.

– Lankidetza-hitzarmena, Errenteriako Udalarekin, EAEko polizia-kidegoek hartutako listu-laginak analizatzean jardunbide-eredu bateratuak ezartzeko, horien bidez, egiaztatzeko ibilgailuak gidatzen ari diren pertsonek drogak hartu dituzten, V. eranskinean jasotzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 14ko 17/2015 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIOAREN ETA ZARAUZKO UDALAREN ARTEKOA, HERRI ADMINISTRAZIOEN ARAUBIDE JURIDIKOAREN ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDEAREN AZAROAREN 26KO 30/1992 LEGEAREN 38.4.B) ARTIKULUAN EZARRITAKOA BETETZEKO.
(EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOARI ZUZENDUTAKO IDAZKIAK UDAL ERREGISTROETAN AURKEZTEKO LANKIDETZA).

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 8a.

BILDU DIRA:

Batetik, Josu Iñaki Ercoreca Gervasio, Herri Administrazio eta Justiziako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren ordezkari gisa, eta, bestetik,

Juan Luis Illarramendi Roteta, Zarauzko Udaleko alkate-udalburua, udal horren ordezkari gisa.

Bi ordezkariok, ondorengo manu hauek emandako eskumenak erabiliz dihardute: batetik, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua nahiz Jaurlaritzaren Kontseiluak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan aurreikusitako hitzarmenak gauzatzeko, 1996ko urriaren 29an hartutako Erabakia; eta bestetik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea nahiz, Toki Araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen Testu Bategina onartu zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretua.

Bi aldeek elkar onartzen dute eta elkarri aitortzen diote honako hitzarmen hau gauzatzeko legezko gaitasuna. Horretarako, hau

ADIERAZTEN DUTE:

30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluaren arabera, Administrazio Publikoei zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenak aurkez daitezke edozein administrazio-organotako erregistroan, dela Estatuko Administrazio Orokorrekoa, dela autonomia-erkidegoetako administrazioetakoak, dela probintzietako diputazioen, kabildoen eta uharteetako kontseiluen administrazioetakoak, dela toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 121. artikuluak aurreikusten dituen udalerrietako udaletakoak, dela gainerako Toki Administrazioko erakundeetakoak, betiere, azken kasu horretan, dagokion hitzarmena sinatu bada.

Aipatutako manu hori betetzea eta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanak erraztea da gaur sinatzen den hitzarmen honen helburua; izan ere, administrazio sinatzaileek lehendik zuten asmoa, hots, herritarrek EAEko Administrazioaren edozein organo edo erakunderi zuzendu nahi dizkioten agiriak Zarauzko Udalaren erregistroetan eraginkortasun osoz aurkeztu ahal izatea, gauzatu egiten da hitzarmen hau dela medio.

Gauzak horrela, arestian aipatutako administrazioek hitzarmen hau sinatzen dute. Hona hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmen honen helburua da: EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Zarauzko Udalaren erregistroetan aurkeztu ahal izatea.

Bigarrena.– EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Zarauzko Udalaren erregistroetan aurkezten direneko data hartuko da kontuan interesdunek epeak betetzeari dagokionez; ildo horretatik, 30/1992 Legearen 48. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hirugarrena.– Zarauzko Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) EAEko Administrazioko organoei edo administrazio horren menpeko edo hari atxikiriko zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak bere erregistroetan onartzea.

b) EAEko Administrazioari zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenei bere erregistroetan sarrera ematea, eta honako hauek idatzita gordetzea: sarrera-zenbakia, izenburua, idazkia jaso zeneko eguna eta ordua, interesdunaren datuak, eta, hala dagokionean, idazkia bidali duen organoaren izena, edo bidaltzen zaion pertsona edo organoaren izena; behar denetan, idazki edo jakinarazpenaren laburpena ere jasoko da; hori guztia 30/1992 Legearen 38.3 artikuluaren eta bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

c) Agiriok erregistroan jaso eta, beranduen, handik bi egunera, dagozkien organo edo erakundeei zuzenean bidaltzea, betiere, irteera-data idatzita egongo delarik. Agiriok ahalik eta azkarren jaso daitezen, ahal delarik behintzat, egoki iritzitako teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko dira; betiere, 30/1992 Legearen 45. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako manu eta xedapenetan aurreikusten diren berme eta betebeharrak kontuan izanik.

Laugarrena.– EAEko Administrazioak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Zarauzko Udalari, EAEko Administrazioa osatzen duten eta haren menpe edo hari atxikita dauden organo eta erakundeei buruzko informazioa ematea, bai eta informazio hori, etengabe, eguneratzea ere.

b) Zarauzko Udalari baliabide egokiak ematea, berorrek, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako zuzenbide publikoko erakundeei buruzko informazioa eman diezaien herritarrei.

c) Erregistroak antolatzeko eta informatizatzeko laguntza teknikoa eta behar den lankidetza eskaintzea.

Bosgarrena.– Baldin eta hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek euren erregistroak informatizatzeko neurririk hartzen badute, elkarri jakinarazteko konpromisoa hartzen dute, betiere, neurriok interkomunikazio sistemen bateragarritasunari eragiten badiote; horrelakoetan, administrazio sinatzaileok, aipatutako bateragarritasuna eta euren erregistroen arteko koordinazioa bermatzeko hitzarmena sinatuko dute.

Seigarrena.– Hitzarmen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera, lau urtez egongo da indarrean. Baldin eta, administrazio sinatzaileetako batek hitzarmena amaitu baino, gutxienez, bi hilabete lehenago, espresuki, kontrakorik ez badio, hitzarmen hau, besterik gabe, beste lau urtetarako luzatuko da.

Hitzarmena, ondorengo arrazoi hauek direla kausa ere iraungi egingo da: administrazio sinatzaileek adostasunez hala erabakitzen badute; edota administrazioetako batek, beste administrazioak hitzarmenean ezarritako betebeharrak nabarmenki urratu dituelako, bere aldetik hala erabakitzen badu.

Hitzarmen honen formalizazioa nahiz iraungipena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Zarauzko Udaleko iragarki-taulan argitaratuko dira.

Zazpigarrena.– Hitzarmen honen interpretazioa eta aplikazioa direla eta sor daitezkeen zalantza eta eztabaiden inguruko erabakiak hartzea Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio; erabakiok betearazleak izango dira eta haien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da.

Ados daudela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, pertsona interesdunek jatorrizko bi ale sinatu dituzte, idazpuruan esandako lekuan eta egunean.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Zarauzko Udaleko alkate-udalburua,

JUAN LUIS ILLARRAMENDI ROTETA.

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 14ko 17/2015 EBAZPENARENA
EUSKADIKO AUTONOMIA-ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILAREN BITARTEZ, ETA INNOBASQUEREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA EUSKADIRAKO DEMOKRAZIARI ETA HERRITARREN PARTE-HARTZEARI BURUZKO LIBURU ZURIA ZABALTZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 30a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorra (helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba) eta haren izenean, Herri Administrazio eta Justizia Saileko sailburua den heinean, Josu Iñaki Ercoreca Gervasio.

Bestetik, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia (helbidea: Bizkaiko Parke Teknologikoa, Laida kalea 203, 48170 Zamudio; IFK: G48997159), Alberto García Erauzkin presidenteak ordezkatuta, kargu horretarako izendatu zutena eta, hark dioenez, indarrean dagoena.

Bakoitzak dituen ahalmenez baliaturik eta elkarrekin ados daudela, alderdiek elkarri ahalmen nahikoa aitortzen diote esparru-hitzarmen hau emateko eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Innobasque irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, erakunde publiko eta pribatuek osatua, eta «Euskadin berrikuntza teknologikoaren eta ez-teknologikoaren garapena erraztu eta bultzatzeko sortua, espiritu ekintzailea eta sormena sustatuz mota guztietako euskal erakundeen lehiakortasuna eta ekonomia indartzeko lehen, bigarren eta hirugarren sektoreetan, eta euskal gizarte osoaren oraingo eta etorkizuneko bizi-kalitatea hobetzeko. Erakunde estrategikoa den heinean, Innobasqueren helburu nagusia Euskadi eraldatzeko prozesua bultzatzea, dinamizatzea eta monitorizatzea da, eremu guztietan berritzailea izango den gizarte bat sortzeko bidean».

Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailak berrikuntza publikoaren eskumena dauka, eta bereziki« Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publikoa ezartzeko eskumena politika publikoak definitu, koordinatu eta egikaritzean, horretarako, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko eta berritzeko tresnak eta ereduak diseinatuz eta garatuz, politika publikoak ebaluatuz eta gobernamendu onerako sistemak sartuz».

Gobernu onaren zutabeen artean, herritarrek bizitza publikoan parte hartzea da erronka nagusietako bat, oso konplexua izaki, erakunde demokratikoak eta politika publikoak legeztatzeko ahalmen handia duelako.

Gobernu onaren garapenean aurrera egiteko, bi alderdiek elkarlan estuan jardun dute 2014. urtean, bi erakundeentzat interes handikoa den gizarte-berrikuntzako proiektu batean, hain zuzen ere «Euskadirako demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko liburu zuria. Abiapuntu bat.» argitalpenaren elaborazioan, herritarrekin batera sortzeko prozesu baten bitartez.

Liburu zuria dokumentu ofiziala da, herritarrekin adostutako printzipio eta kontzeptuak biltzen dituena, baita ekintzarako konpromisoak ere, berehala abian jarri behar direnak herritarrek liburu zuria eraikitzeko prozesuan egindako eskaerei erantzun egokia emateko.

Innobasquek eta Eusko Jaurlaritzak herritarren aurrean onartu dituzte Liburu Zuria zabaltzeko konpromiso horiek, eta elkarlanean egin nahi dute, bi erakundeen eginkizuna gizartearen berrikuntza sustatzea delako, eta dokumentu horretan jasotako lan-ildo guztiak abiarazteko gaitasuna eta bitartekoak badituztelako.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Innobasque, lankidetza publiko-pribatuko aliantza den heinean, hainbat eragileren arteko lankidetza sustatzen duen agente naturala da –ezinbestekoa aurreikusitako lanekin aurrera jarraitzeko–, eta gainera eskarmentu zabala eta bitarteko egokiak dauzka gizartea berritzeko alorrean, oso baliagarriak Euskadin Liburu Zuriaren zabalkundeari ekiteko.

Xede horretarako hitzarmen hau sinatu dute, Euskadirako Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriaren zabalkundean elkarlanean aritzeko.

Orain arte adierazitako guztiarengatik, alderdiek esparru-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta ondorengo klausulek arautuko dute.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Lankidetzaren edukiak honako lan-ildo hauen garapenarekin du zerikusia, Euskadiko Demokraziari eta Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria. Abiapuntu bat. argitalpenean konprometituta daudenak.

Bigarren fasean Liburua Zurian sartu beharreko edukiak garatzea, zabaltzeko konpromisoan identifikatutako 10 faktoreei lotuta.

Eusko Jaurlaritzako zuzendari eta teknikariak herritarren parte-hartzearekin duten gaietan sentsibilizatu eta prestatzea, eta herritarrek egindako ekarpenak jardun-eremu horietara deskargatzea.

Herritarren parte-hartze prozesuak diseinatu eta abian jartzeko gida praktikoa garatzea.

Eusko Jaurlaritzaren sailek zabaldu beharreko parte-hartze esperientzia berritzaileak sustatzea, aholku emanez eta zabaldutako parte-hartze prozesuak ebaluatuz.

Eusko Jaurlaritzatik kanpoko agenteek sortutako esperientzia berritzaileak sustatzea, 2 edo 3 proiektu pilotu finantzatuz eta haien jarraipena eta ebaluazioa eginez.

Herritarren parte-hartzeari buruzko toki-jardunbide egokiak biltzea.

Herritarren parte-hartze prozesuak ebaluatzeko eredu bat diseinatzea, Eusko Jaurlaritzak parte-hartze prozesuen bitartez egindako zenbait ekimenen ebaluaziotik abiatuta, Liburu Zuria egiteko prozesua barne.

Euskal Administrazio Publikoaren 2030erako ereduaren prospekzio-proiektua garatzea, parte-hartzean oinarrituta.

Bigarrena.– Lankidetzaren publizitatea.

Lehenengo klausulan adierazitako 8 lan-ildoak garatzeko sustatzen diren ekimen guztiak zabaltzeko prozesuetan, Innobasque eta Eusko Jaurlaritza ekimenaren sustatzaileak direla adieraziko da.

Hirugarrena.– Innobasqueren konpromisoak.

Aurreikusitako lan-ildoak ongi garatzeko, Innobasquek honako ekarpen hauen bitartez lagunduko du.

Proiektuaren eskura teknikari talde egokia jartzea, honako eginkizun eta zeregin hauek gauzatzeko aproposa.

Adituen aholkularitza lan-ildo guztiak diseinatu, egikaritu eta jarraitzean.

Parte hartzeko saioak diseinatu eta dinamizatzea, bai Liburu Zuriaren eduki berriak egiteko bai Euskal Administrazio Ereduaren 2030erako ereduaren prospekzio-proiektua garatzeko.

Eusko Jaurlaritzako langile eta zuzendariak sentsibilizatu eta prestatzeko saioak diseinatu eta ematea.

Liburu Zurian osatu beharreko edukiekin eta Euskal Administrazio Publikoaren 2030erako ereduaren prospekzio-proiektuarekin zerikusia duten txosten eta edukiak idaztea.

Kanpoko proiektu pilotuak identifikatzeko prozesua diseinatu eta gauzatzea, laguntza materiala eta jarraipena.

Herritarren parte-hartzeko toki jardunbide egokiak biltzea.

Adituak kontratatzea, batetik, parte-hartze prozesuak ebaluatzeko eredua egiteko Eusko Jaurlaritzaren aldez aurreko ekimenen ebaluaziotik abiatuta, eta, bestetik, prospekzio-proiektuan adituen laguntza beharrezkoa izan litekeen kasuetarako.

Parte hartzeko eta laguntzeko saioak egiteko guneak lagatzea.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia sailaren konpromisoak.

Herri Administrazio eta Justizia Sailak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

Proiektuaren zuzendaritza estrategikoa eta politikoa haren ekintza-ildo guztietan, eta proiektua ongi bideratzeko beharrezko sail arteko koordinazioa.

Gardentasun eta gobernu onaren alorreko berrikuntza publikoko teknikari taldea abian jartzea, lanen zuzendaritza teknikoa egiteko, sentsibilizazio- eta prestakuntza-saioak eta parte-hartze saioak aurrera eramateko, barne- eta kanpo-pilotuak hautatzeko eta jarraitzeko, jardun-ildo guztiak diseinatu eta jarraitzeko eta Innobasqueren teknikari taldearekin elkarlan estuan aritzeko.

Innobasqueri aurrekontua ekartzea honako gastu-kontzeptu hauek finantzatzeko, bi erakundeetatik kanpo daudenak,

kanpo-adituak kontratatzea parte-hartze prozesuak ebaluatzeko eredua egiteko, Eusko Jaurlaritzan egindako parte-hartze ekimenak ebaluatzeko prozesuekin batera, gehienez 20.000 euro. Informazioa biltzeko, datuak tratatzeko, focus group eta elkarrizketak sortzeko lanak egingo dira, eta parte-hartze prozesuak ebaluatzeko modu bat probatzeko aukera emango dute teknika guztiak landuko dira. Lan horren emaitza txosten batean jasoko da, Liburu Zuriari eransteko proposatutako ebaluazio-eredua bilduko duena,

hautatutako kanpo-pilotuak garatzeko laguntzak, gehienez 20.000 euro. Herritarren parte-hartzerako 2 edo 3 proiektu berritzaile hautatzeko deialdi publikoa egingo da, eta proiektu horien arduradunei proiektuak garatzeko laguntza ekonomikoa emango zaie , aholkularitza eta jarraitzeko aukera emateaz gain. Proiektuen emaitzak ikustaraziko dira, herritarren parte-hartze prozesuak susta litzaketen beste agente batzuentzat jardunbide egoki baliagarria izan daitezen,

adituen eskutik txostenak eta azterlanak sortzea Euskal Administrazio Publikoaren ereduaren prospekzio-proiektuko lanak sustatzeko, eta lan horiek garatzeko euskarri logistikoa, gehienez 28.000 euro. Lankidetzazko lan-ildo horrek adituen ekarpenak behar ditu ekonomia- eta gizarte-prospekzioaren, sektore publikoaren antolamenduaren edota kudeaketa eredu berrien alorretan, eta finantzatu egingo da sortutako parte-hartze taldeen eskaerei jarraiki. Guneen kontratazioa eska dezake, halaber, zabalkunde publikoko saioetarako edo ikus-entzunezko euskarrian edo euskarri elektronikoan materialak sortzeko.

Hitzarmen honetan ezarritakoez gaineko ekarpenak egiteko, hitzarmenari adenda onartu beharko zaio.

Bosgarrena.– Herri Administrazio eta Justizia sailak Innobasqueri egin beharreko ordainketak.

Ordainketak egingo dira honako hauek eragindako gastuengatiko ordainketa-frogagiriak aurkeztean:

kanpoko pertsona edo enpresa adituek zerbitzuak ematea,

Innobasqueren kanpo-euskarri logistikorako edo materialak sortzeko gastuak,

hautatutako erakundeei kanpo-proiektu pilotuak egikaritzeko ordaindu beharrekoa.

Seigarrena.– Jarraipen batzordea.

Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, bi alderdiek proiektua ongi bideratzeko beharrezko lankidetza-bitartekoak ezarriko dituzte.

Nolanahi ere, eta hitzarmen honetan ezarritako konpromisoak betetzen direla bermatzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da Eusko Jaurlaritzaren eta Innobasqueren bina ordezkariz osatua. Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak izango dira, batetik, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria, organoaren presidentea izango dena, eta, bestetik, gardentasun eta gobernu onaren alorreko berrikuntza-proiektuen arduraduna. Innobasqueren aldetik, berriz, gizarte-berrikuntzaren alorreko arduraduna eta proiektuaren arduradun tekniko bat.

Zazpigarrena.– Indarraldia.

Sinatzen denetik, lankidetzarako esparru hitzarmen honek hartuko ditu indarra eta ondorioak eta 2016ko abenduaren 31ra arte iraungo du, salbu eta deskribatutako lanak lehenago amaitzen badira edota alderdietako batek hitzarmenaren amaiera iragartzen badu idazki bidez, hitzarmena iraungi baino hilabete bat lehenago.

Zortzigarrena.– Betebeharrak ez betetzearen ondorioak.

Alderdi sinatzaileetako edozeinek Hitzarmen honetan onartutako betebeharrak beteko ez balitu, haiek bete dituenari adostutakoa betetzea exijitzeko gaitasuna emango dio, edota sinatutako Hitzarmena baliogabetzekoa, eta ez betetze horrek edozein kasutan eragin dizkion kalteak ordaindu beharko ditu.

Bederatzigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau administrazio-hitzarmena da, eta bere klausuletan xedatutakoaren arabera arautzeaz gain Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoaren arabera ere arautzen da.

Jarraipen Batzordeak Hitzarmen honen aplikazioari dagokionez konpon ezin ditzakeen gai polemikoak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren menpe jarriko dira, haren uztailaren 13ko 29/1998 Lege arautzailearekin bat.

Eta aurreko guztiarekin bat datozela adierazteko, hitzarmen honen bi ale sinatzen dute, alderdi bakoitzaren eskuetan bat geratzen delarik.

Innobasqueko presidentea,

ALBERTO GARCÍA ERAUZKIN.

Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

III. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 14ko 17/2015 EBAZPENARENA
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILAREN ETA AZPEITIKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, AZPEITIKO EGIBAR BASERRIAN DAGOEN INGURUGIRO ETXEA MUSEOA KUDEATZEKO.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 30a.

BILDU DIRA:

Batetik, Ana Isabel Oregi Bastarrika, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua.

Eta, bestetik, Eneko Etxeberria Bereziartua, Azpeitiko Udaleko alkate-udalburua.

PARTE HARTU DUTE:

Lehenengoak, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko buru izanik dagozkion eskumenen indarrez eta Saila legez ordezkatuz.

Bigarrenak, Azpeitiko Udaleko alkate-udalburu gisa eta Udalaren izenean.

Bi aldeek ezagutzen diote elkarri lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko legezko gaitasuna, eta

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Ingurumenaren gaineko ezagutza bideratzeko eta sustatzeko, eta ingurumenaren arloko kontzientziazioan lan emankorra egiteko, 1986ko azaroaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politika eta Garraio Sailak eta Azpeitiko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten. Hori betez, udalerri hartan museo bat sortu zen, Egibar baserrian, ingurumen-hezkuntzaren arloko esperientzia berri baten adierazgarri.

Ondoren, esperientzia hori luzatu egin zen hurrengo urteetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailaren eta aipatutako Udalaren arteko azken hitzarmena 2012ko uztailaren 10ekoa izan zen.

Bigarrena.– 1998 eta 1999 urteetan Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak erakustokiak erabat aldatu zituen; eta ondoren, 2007an, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak aldatu zituen, Garapen Jasangarriaren EAEko Ingurumen Estrategian ezarritako 5 jomugetara egokituz. Egun, «Ingurugiro Etxea» deritzona erreferentziako ekipamendutzat hartzen da Euskal Autonomia Erkidegoan, jasangarritasunerantz jotzeko hezkuntzaren esparruan.

Hirugarrena.– Aldeek beharrezkotzat jotzen dute hasitako esperientziari jarraipena ematea, «Ingurugiro Etxea» izeneko museoan jasangarritasunerantz jotzeko hezkuntzako programa berriak garatzea sustatzeko.

Laugarrena.– Esperientzia egokiro jarraitu, kontrolatu eta sustatzeko, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta Azpeitiko Udalak lankidetza-hitzarmen hau izenpetu dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Lankidetza-hitzarmen honen xedea da Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eta Azpeitiko Udalaren arteko lankidetzaren oinarriak ezartzea, Azpeitiko Egibar baserrian dagoen «Ingurugiro Etxea» izeneko museoan egiten diren ingurumen-hezkuntzaren arloko jarduerak egoki garatzeko, 2015., 2016. eta 2017. urteetan.

Bigarrena.– Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ekarpenak.

1.– Lankidetza-hitzarmen honen xedea eraginkortasunez gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bitartez, Egibar baserria ingurumenaren arloko heziketa eta prestakuntzako lan zehatzak egiteko erabiltzea erabaki du. Baserria Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarena da, eta «Ingurugiro Etxea» museoa dago bertan.

2.– Halaber, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak konpromisoa hartzen du, lankidetza-hitzarmen honen xedea den esperientzia finantzatzeko, 2015eko urtarrilaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra bitartean «Ingurugiro Etxea» museoko ohiko gastuen, funtzionamendu-gastuen eta pertsonal-gastuen bi heren ordainduz.

Horretarako, 2015eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako Proiektuan 15.0.1.09.22.0100.2.238.99.44210.018 partida aurreikusi da, hirurehun eta hirurogei mila (360.000) eurokoa, ehun eta hogei mila (120.000) euroko hiru urtesaritan banatuta.

3.– Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari dagokio, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren bidez, «Ingurugiro Etxea» museoan egiten diren jarduerak gainbegiratzea, horretarako segimendu-batzordean adostutako programazio-esparruei eta jarduteko lerroei jarraiki.

Hirugarrena.– Azpeitiko Udalaren ekarpenak.

1.– Gaur egun Ingurugiro Etxea hezkuntza-parkea osatzen duten ekipamenduetan eta instalazioetan ingurumen-hezkuntza sustatzeko ekimenak eta jarduerak garatzea eta etorkizunean ere egiten jarraitzea.

2.– Ingurugiro Etxea museoaren administrazioaren eta aurrekontuaren kudeaketa: lokalen mantentze-lanak eta garbiketa egitea, beharrezkoak diren langileak kontratatzea eta jarduerak garatzeko behar diren materialak eskuratzea. EAEko administrazio orokorraren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak gainbegiratuko ditu aipatutako kudeaketa-lanak, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren bitartez.

3.– Azpeitiko Udalak konpromisoa hartzen du, 2015., 2016. eta 2017. ekitaldietarako, 2015eko urtarrilaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra bitarteko Ingurugiro Etxea museoko ohiko gastuen, funtzionamendu-gastuen eta pertsonal-gastuen heren bat ordaintzeko diru-kantitatea emateko.

Laugarrena.– Epeak eta ordaintzeko moduak.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Ingurugiro Etxea museoari egiten dion diru-ekarpena Azpeitiko Udalari transferituko zaio, hainbat kopurutan, ondoko aginduen arabera:

2015. urtea:

● % 50, hitzarmena izenpetu ondoren.

● % 25, urriaren 15a baino lehen, urtarril-martxoa, apiril-ekaina eta uztail-iraileko hiruhileko memoriak aurkeztu ondoren.

● % 25, 2016ko urtarrilaren 15a baino lehen, 2015. urteko likidazioa aurkeztu aurretik.

2016. urtea:

● % 50, martxoaren 1a baino lehen, aurrerakin modura.

● % 25, urriaren 15a baino lehen, urtarril-martxoa, apiril-ekaina eta uztail-iraileko hiruhileko memoriak aurkeztu ondoren.

● % 25, 2017ko urtarrilaren 15a baino lehen, 2016. urteko likidazioa aurkeztu aurretik.

2017. urtea:

● % 50, martxoaren 1a baino lehen, aurrerakin modura.

● % 25, urriaren 15a baino lehen, urtarril-martxoa, apiril-ekaina eta uztail-iraileko hiruhileko memoriak aurkeztu ondoren.

● % 25, 2018ko urtarrilaren 15a baino lehen, 2017. urteko likidazioa aurkeztu aurretik.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren segimendua.

Segimendu Batzordea.

1.– Egibar baserrian dagoen Ingurugiro Etxea museoak behar bezala funtzionatzen duela zaintzeko, segimendu-batzorde bat osatuko da. Batzordeko kideak eskubide osoko lau kide izango dira: Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak proposatutako bi lagun eta Azpeitiko Udalak proposatutako beste bi lagun.

2.– Segimendu-batzordeari dagokio:

– Jarduera-plana eta aurrekontuko aurreikuspen-plana onartzea.

– I. Eranskinean jada bildutako jarduerak luzatu edo, hauez gain, jarduera edo proiektu berriak gehitzeko beharra balietsiko du, jarduera horiek adostutako klausulen menpe geratuko direlarik.

Batzorde teknikoa.

1.– Segimendu-batzordeari aholkularitza emateko organo gisa batzorde teknikoa eratuko da. Batzorde teknikoaren kideak hauek izango dira: EAEko administrazio orokorreko organo eskuduneko Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuko burua eta teknikari bat, Azpeitiko Udalaren ordezkari bat eta Ingurugiro Etxea museoko langileen artean aukeratutako kide bat.

2.– Batzorde teknikoak bere funtzionamendua eta antolamendua erabakitzeko autonomia edukiko du.

3.– Batzorde teknikoak segimendu-batzordearen aurrean aurkeztuko ditu egokitzat jotzen dituen proposamenak, bertan aztertzeko eta, hala badagokie, onartzeko. Honako alderdi hauen ingurukoak izango dira proposamenak:

– Urtero segimendu-batzordeak onartu beharko duen urteko jarduera-plana.

– Ingurugiro Etxea museoaren antolamendu- eta funtzionamendu-eredua.

– Ingurugiro Etxea museoa Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ingurumen-hezkuntzako beste ekipamendu batzuekin koordinatzea.

– Ingurugiro Etxea museoa Azpeitiko udalerrian ingurumen-hezkuntzarako dauden beste ekipamendu edo baliabideekin koordinatzea.

– Jarduera-lerroak eta urteko programazioak.

– Ingurugiro Etxea museoan gehitu nahi diren irakas-materialak edo azalpen-materialak.

– Ingurugiro Etxea museoko langileen prestakuntza-beharrak.

4.– Halaber, batzorde teknikoak jardueren memoria bat aurkeztuko du segimendu-batzordearen aurrean, dagokion ikasturteko urriaren 1etik irailaren 30era bitarteko aldiaren ingurukoa, eta bertan honako alderdi hauek zehaztuko ditu gutxienez:

– Bisita egin duten ikastetxeen zerrenda: zehaztu egingo dira bisitaren eguna, ikasle-kopurua eta irakasle-kopurua, landutako arloak eta gauzatutako jarduera osagarriak.

– Bisita egin duten bestelako taldeen zerrenda, eguna eta pertsona-kopurua zehaztuta.

– Museoa zein egunetan egon den irekita; eta horrekin batera, egunean, astean eta hilabetean egondako bisitarien estatistika.

– Bisitei arreta eskaintzeaz gain, museoaren barruan garatutako jarduerak, hala nola: materialak lantzea, ikastetxeekin eta bestelako taldeekin izaten diren harremanak, jarduera osagarriak diseinatzea, kontzientziazio-kanpainak, bilerak, prestakuntza-jarduerak, eta abar.

– Bisitek ekipamenduaz egindako balorazioaren gaineko txostena.

– Urte, ikasturte eta hiruhileko hasieran zehaztutako helburuak eta lan-plana betetzearen gaineko balorazio propioa.

Memorian biltzen diren datuetan, sexu-aldagaia sistematikoki sartuko da, 4/2005 Legean, otsailaren 18koan, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunerakoan, 16. Artikuluak xedatzen duen arabera.

Halaber, dokumentazio, publizitate, irudi edo material orotan, ez da hizkera sexista erabiliko, ezta emakumeen diskriminazioa edo estereotipo sexistak erakusten duen irudirik ere. Halaber, balio hauek sustatu behar dira emakumeen irudiari dagokionez: berdintasuna, partaidetza orekatua, aniztasuna, baterako erantzukizuna eta genero rolen eta -identitateen aniztasuna.

Seigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Eragina 2015eko urtarrilaren 1etik izango duen arren, izenpetzen den egunean hartuko du indarra hitzarmen honek, eta 2017ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du. Azken egun horretan aurkeztu beharko da urteko azken likidazioa.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren izaera.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, bera ezartzetik etorritako arazoak ebazteko ekar ditzakeen ondorioekin.

Beren adostasunaren erakusgarri, interesdunek hitzarmenaren hiruna ale sinatu dituzte, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

Azpeitiko alkate-udalburua,

ENEKO ETXEBERRIA BEREZIARTUA.

I. ERANSKINA: INGURUGIRO ETXEA MUSEOAREN LAN-EGITASMOA (2015-2017)

1.– Hezkuntza-Alorreko Eskaintza.

1.1.– Eskolako Agenda 21.

Urola eskualdeko koordinazio-bileretan, udaletxeek eta ikastetxeek erabaki zuten «Elikadura Jasangarria» lantzea 2014-2015 ikasturtean (Garapen Iraunkorrerako 2002-2020 epealdiko Euskadiko Ingurumen Estrategiaren II. helburua), natura-baliabideak eta hondakinak arduraz kudeatzeko eredu bat lortze aldera.

Eskolako Agenda 21 programaren baitako gai hori lantzeko faseak hauek dira:

1. fasea.– Erabakia.– (ekaina-iraila-urria-azaroa).

2014ko ekaina: Koordinazio-bileretan proposatzen da zer gai landu hurrengo ikasturtean. Ikastetxeko klaustroak eta ordezkaritza-organo gorenak erabakitzen dute zer gai landu.

2. fasea.– Motibazioa, antolaketa.– (iraila-urria).

2015eko iraila-urria: Ikastetxeak Ingurumen Batzordea eratzen du, eta beharrezko ingurumen-guneak jartzen ditu haren esku; esaterako: txoko berdea, patruila berdea, etab.

3. fasea.– Diagnostikoa.– (urria-azaroa).

Kudeaketaren diagnostikoa.

Curriculumaren diagnostikoa.

Parte-hartzearen diagnostikoa.

4.– fasea.– Ekintza-plana.– (azaroa-abendua).

Diseinua: helburuak, adierazleak, ekintzak.

Plana abian jartzea: ekintzak gauzatzea.

5. fasea.– Udalaren diagnostikoa.– (urtarrila-otsaila-martxoa-apirila).

Ibilbideak, jardunaldiak, erakusketak.

6. fasea.– Ebaluazioa eta komunikazioa.– (ekaina-iraila).

2015eko martxoa-apirila: Eskola arteko foroak.

2015eko apirila-maiatza: Bi aldeek (eskola arteko foroak eta udalak) beren gain hartutako konpromisoen ebaluazioa.

2015eko ekaina:

Eskolako Agenda 21 programaren baitako jarduerei buruzko ebaluazioa ikastetxeek, eta ebaluazioari buruzko hausnarketa Ingurugiro Etxea museoak.

Eskolako Agenda 21 Buletinaren bidez jakinaraztea.

2015eko uztaila: Ingurugelarekin elkarlana, datorren ikasturteko Eskolako Agenda 21 programari buruzko udalaren diagnostiko-proposamena zehazteko.

Ingurugiro Etxea museoak, Azkoitiko Eskolako Agenda 21 koordinatzeko, Azpeitiko ikastetxeekin (4) programa gauzatu; bertan, 2.500 ikasle inguruk eta 185 irakasle inguruk parte hartzen dute urtero.

Eta hori hala egin du, urtero-urtero, programa 2003-2004 urtean abian jarri zenetik.

1.2.– Herritarrak oro har.

1.2.1.– Ikastetxeetakoak (2014ko iraila-2015eko ekaina).

1. fasea.– Ingurugo Etxea mesoaren hezkuntza-eskaintzaren berri ematea.

2014ko iraila: EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko ikastetxeetara bidaltzea, zikloka, Ingurugiro Etxea museoaren hezkuntza-programa.

2014ko iraila-2015eko ekaina: Ingurugiro Etxea museoak eskaintzen dituen gaiak landu nahi dituzten ikastetxeak harremanetan jartzea museoarekin, lanerako egunak erreserbatzeko.

2. fasea.– Lan-metodologia Ingurugiro Etxean.

Egunak aukeratu eta erreserbatu ondoren, kasuan kasuko ikastetxetik etorriko diren irakasleei banatzea ikasleentzako eta irakasleentzako propio prestatutako materiala, hautatako arloaren ingurukoa.

Ingurugiro Etxea museoak behar beste material prestatzen du, bertan landu daitezkeen 5 helburuen edukiei erantzute aldera.

(Ikus .PDF)

3. fasea.– Ikastetxeek egindako lanaren ebaluazioa.

Jarduera egin ondoren, ikastetxeak Ingurugiro Etxea museoari igortzen dizkio egindako lanaren emaitzak eta balorazioak.

1.2.2.– Herritarrak oro har (urtarrila-abendua).

Ingurugiro Etxea museora bisitan joaten direnek, museoan ikusgai dauden eduki guztiez gain, aukera dute 5 helburuen edukiari buruzko bideo orokorra ikusteko. Horrez gain, bisita nork bere kontura egin dezake, edo, nahi izanez gero, gida batek lagunduta.

Museoko liburutegi txikian ere egin ditzakete kontsultak.

Ingurugiro Etxea museotik gertu dauden beste leku edo gune interesgarri batzuei buruzko informazioa ere eskaintzen zaie (liburuxken bidez, batez ere), egunari ahalik eta etekin handiena atera diezaieten bisitariek.

2.– Herritarrentzako Jarduerak.

2.1.– Ingurumenaren Munduko Egunaren ospakizuna.

Ingurumenaren Munduko Eguna ekainaren 5ean da, eta egun berezi hori azpeitiarrekin ospatu nahi izaten dugunez, ate irekien jardunaldia antolatzen dugu:

Igarako errota: ate irekien jardunaldiak.

2.2.– Ingurumenaren Astearen ospakizuna.

Aste horretan, jarduera hauek egingo dira:

Hitzaldiak.

Haurrentzako tailerrak.

Herritar ororentzako tailerrak.

2.3.– Ingurumenari buruzko nazioarteko egunen ospakizuna.

Energiaren nazioarteko eguna (otsailak 14).

Aniztasun biologikoaren nazioarteko eguna (maiatzak 22).

Mugikortasunaren nazioarteko eguna (irailak 22).

Elikaduraren nazioarteko eguna (urriak 16).

2.4.– «Gure Inguruari Begirada bat» argazki-lehiaketa.

2002. urteaz geroztik antolatzen dute lehiaketa Azkoitiko eta Azpeitiko udalek; 2015. urtean hau izango da lehiaketaren gaia: Tokiko azokak eta produktuak.

Otsaila eta urria bitarteko epea dute lehiakideek argazkiak ateratzeko eta bidaltzeko eta, epaia, berriz, azaroan emango du epaimahaiak.

Lehendabiziko bederatzi urteetan, lehiaketaren xedea egutegi bat osatzea zen, eta, gero, bi udalerrietako etxe guztietan banatzen zen. Baina aurrekontu-arazoak direla eta, 2011. urteaz geroztik argazki-erakusketa bat antolatzen da lehiaketa irabazten duten argazkiekin.

2.5.– Argazki-lehiaketaren irabazleak jakinaraztea (azaroa).

3.– Material didaktikoa eta/edo erakusketakoa prestatzea.– (2015eko urtarrila-abendua).

3.1.– Eskolako Agenda 21 programarekin zerikusia duen materiala.

Aurten material hauek egin eta diseinatuko ditugu:

Gosaria (LH1).

Zer jaten dugu? (LH2).

Herrian eskaintzen diren elikagai ezberdinen azterketa (LH3).

Zer egiten dugu janari soberekin? (DBH1).

Oinarrizko elikagaien beharra (DBH1).

Baserrien bilakaera (DBH2).

Elikadura jasangarria (Batxilergoa).

3.2.– Museoko erakusketarekin zerikusia duen materiala (bisita aurreko, uneko eta ondorengo materiala).

2. helburuarekin (Hondakinak) zerikusia duten hezkuntza-programei buruzko materiala prestatuko da, bisita aurretik, bisita unean eta bisitaren ondoren lantzeko.

3.3.– Eskolako Agenda 21 Buletina.

Eskolako Agenda 21 programa lantzen hasi ginenetik, betidanik izan da gure helburuetako bat udalerriko familia guztiei jakinaraztea zer lan eta ahalegin egiten duten udalerriko ikastetxeek programaren baitan. Horrenbestez, urtero, ekainaren 5aren inguruan, Ingurumenaren Munduko Eguna aitzakiatzat hartuta, Eskolako Agenda 21 Buletina banatzen da postontzietan.

Buletinean adierazten da zer proiektu dituzten abian ikastetxeetan, zer konpromiso hartu dituzten beren gain eta zer proposamen egin dizkioten alkateari; proposamen horiek ikastetxe guztien artean adosten dituzte aurretik.

Aurten ere ekainaren 5ean banatuko da buletina.

4.– Webgunearen Inguruko Egitekoak (urtarrila-abendua).

Ingurugiro Etxea museoaren webgunea ekipamendutik beretik kudeatzen da.

Beharrezkoa da bloga, twitter eta facebook gaitzea, bai eta «gune birtual» bat sortzea ere, Agenda 21 programaren ingurukoak koordinatzeko museoaren eta Azpeitiko ikastetxeen artean.

5.– Langileen Prestaketa (urtarrila-abendua).

Ingurugiro Etxea Ingurumen Museoko langileek ikastaro hauetan hartuko dute parte:

Elikadura Jasangarriari buruzko ikastaroa, Eskolako Agenda 21 programaren baitan.

Webgunea erabiltzeko eta eguneratzeko trebakuntza-ikastaroa.

Ingurumen-hezkuntzari buruzko topaketetan hartuko dute parte.

Langileen premien araberako trebakuntza-ikastaroak (etengabeko prestakuntza).

6.– Harremanak Beste Zentro Batzuekin (urtarrila-abendua).

Beste zentro batzuekiko harremana etengabea da: udalerrikoak bertakoak (Burdinbidearen Euskal Museoa), eskualdekoak (Algorri Interpretazio Zentroa, Zumaia), lurraldekoak (Txingudi Ekoetxea, Irun), eta beste ingurumen-hezkuntzako zentro batzuk (Peñas Negras eta Madariaga Dorrea).

7.– Jarduerak familiekin (urtarrila-abendua).

2015eko martxoaren 22a: Uraren Nazioarteko Egunaren ospakizuna.

2015eko ekaina: Ereitea eta biltzea; baratze ekologikoak; Slow food...

2015eko urtarriletik abendura: Ikastetxeetako ikasleen gurasoentzako hitzaldiak, haiek eskatuta, ingurumenari buruzkoak batez ere (hondakinak, airearen kalitatea, oinezbusa...). Eskaera egiten duen ikastetxean ematen dira hitzaldiak.

8.– 2015: «Ideia Onenaren Lehiaketa».

Duela bi urte hasi ginen lehiaketa antolatzen, eta aurten hau dugu xede: elikadura jasangarria sustatzeko ideiak eman ditzaten bultzatzea, baliabideak zentzuz erabiltzeko beharra oinarri hartuta.

Lehiaketak bi kategoria ditu, parte-hartzaileak adinaren arabera sailkatuta:

Derrigorrezko Lehen Hezkuntzako ikasleek ikasgelaka hartuko dute parte, eta tutorea izango da aurkezten den proiektu bakoitzaren arduraduna.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek, talde txikitan aurkeztuta hartuko dute parte.

9.– Argiaren Nazioarteko Urtea.

10.– Eskola arteko Foroa (apirila).

2015eko apirilean izango da Eskola Arteko Foroa.

2014-2015 ikasturtean Eskolako Agenda 21 programan parte hartu duten ikasleek, irakasleek eta guraso-elkarteek hartuko dute parte.

Udal Foroan udalari zer gai proposatu erabakiko dute eta, horrez gain, 2013-2014 ikasturtean aukeratutako eta aurkeztutako gaiak zenbateraino bete diren aztertuko dute.

Zer ikasle izango diren bozeramaileak erabakiko dute eta materiala prestatuko dute: Powerpoint bidezko aurkezpenak, kartelak, etab.

11.– Udal-Foroa (maiatza).

Aurreko lerrokadan adierazitakoaren harira, udaletxeko osoko bilkuren aretoan elkartuko dira udal-korporazioarekin, 2014-2015 ikasturtean egindako lanen emaitzak eta proposamenak aurkezteko. Horrez gain, 2013-2014 ikasturteko proposamenak zenbateraino bete diren aztertuko dute elkarrekin.

12.– «Ideia Onenaren Lehiaketa»: Sarien Banaketa.

Udal-foroa amaitutakoan, aipatutako lehiaketa horren sariak banatuko dira.

2015eko Jardueren Laburpena:

(Ikus .PDF)

Lan-plan bera izango da 2016. urtean eta 2017. urtean, eta ekainean eta uztailean egingo diren koordinazio-bileretan aukeratzen diren gaiei buruzkoak izango dira jarduerak.

IV. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 14ko 17/2015 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, TRAFIKOKO BURUZAGITZA NAGUSIA ERAKUNDE AUTONOMOAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA SALVATIERRA/AGURAINGO UDALA TOKI ERAKUNDEAREN ARTEKOA, BIDE SEGURTASUNAREN ARLOKO INFORMAZIOA TRUKATZEKO ETA DATU BASEETAN SARTZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 27a.

BILDU DIRA:

Batetik, María Seguí Gómez, Barne Ministerioari atxikita dagoen Trafikoko Buruzagitza Nagusia Erakunde Autonomoaren zuzendari orokorrak, otsailaren 3ko 313/2012 Errege Dekretuaren bidez kargu horretarako izendatua (BOE, 2012ko otsailaren 4koa).

Beste alde batetik, Garbiñe Sáez Molinuevo, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak, kargu horretarako urtarrilaren 8ko 26/2013 Dekretuaren bidez (urtarrilaren 10eko EHAA, 7. zk.) izendatua.

Eta, bestetik, Maider García de Vicuña Quintana, Aguraingo Udaleko alkateak, udal horren izenean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (apirilaren 3ko BOE, 80. zk.) 21. artikuluak esleitzen dizkion eskumenak erabiliz.

Hiru alderdiek, beren karguak betez jarduten baitute, lankidetza-hitzarmen hau formalizatzeko behar adinako lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri eta, horretarako

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Bide Segurtasunari buruzko Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoak (aurrerantzean TBN) gauzatzen ditu aurreko 5. artikuluak trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan Barne Ministerioari esleitutako eskumenak.

Bigarrena.– Barne Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen otsailaren 17ko 400/2012 Errege Dekretuaren arabera, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari, besteak beste, eginkizun hauek dagozkio:

Bide-segurtasunari buruzko planak eta programak lantzea.

Zirkulazioko Biktimen eta Istripuen Estatuko Erregistroa garatzea eta kudeatzea, adierazleak prestatzea eta barreiatzea.

Erakunde autonomoaren eskumenak betearazteko behar diren erregistro eta datu-baseak egitea, jorratzea, mantentzea, ustiatzea eta zaintzea.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoak, Euskal Herriko Autonomiari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoarekin bat eta ibilgailuen trafikoari eta zirkulazioari buruzko Estatuko legediaren arloan Estatuaren zerbitzuak eskualdatzearen gaineko urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuarekin bat etorriz eta; bestetik, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 16.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, Trafiko Zuzendaritzak Estatuko legedia betearazteko ahalmenen gaineko eskumenak gauzatzen ditu trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren eremuan.

Laugarrena.– Bide Segurtasunaren Legearen 7. artikuluak udalei, betiere dagokien esparruaren barruan, ematen dizkien eskumenen artean hauek daude:

Beren titulartasuneko hiribideetan trafikoa antolatzea, kontrolatzea eta zaintzea, baita berorietan egiten diren arau-hausteak salatzea eta zehatzea ere, baldin eta beste administrazio bati berariaz esleitu ez bazaio.

Zirkulazioari buruzko udal-ordenantzaren bidez hiribideen erabilerak arautzea.

Bosgarrena.– Ondorioz, zabaltasun edo intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin, TBNk, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta udalek eskumenak esleituta dituzte trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan eta beroriek erabiltzeko autonomia zabala dute. Dena den, herritarren zerbitzuan diharduten administrazioen barruan daudenez, premiazkoa da beraien arteko harreman zehatz batzuk ezartzea, era horretan funtzionamendu arinagoa eta eraginkorragoa izateko eta bide-segurtasuna, izan behar dugun azken helburua baita, lortzen hobeto laguntzeko.

Seigarrena.– Harreman horietan koordinazio- eta lankidetza-printzipioak nagusi izan behar ditugu, Espainiako Konstituzioaren 103. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Asmo horrekin, funtsezko gertatzen da behar diren informazioa eta laguntza elkarri emateko betebeharra.

Zazpigarrena.– Aurreko guztiarengatik eta hiribideetan bide-segurtasunak duen garrantzia kontuan izanda, premiazkotzat jotzen da hitzarmen-esparru bat finkatzea; hain zuzen, bide-segurtasunari buruzko politiken diseinuan, betearazpenean eta bilakaeran euskal udalen parte-hartzea hobea eta eraginkorragoa izan dadin.

Esandako guztiaren ondorioz, alderdi sinatzaileek lankidetza-hitzarmen hau formalizatu dute.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da TBNren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta udal sinatzailearen artean trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko ekintza jakin batzuk, zehazki datu-transmisioari eta erregistroetarako sarbideari buruzkoak, garatzeko lankidetza sustatzea.

Bigarrena.– Trafikoko Buruzagitza Nagusiaren betebeharrak.

Udalari Ibilgailuen Erregistro Orokorrerako eta Gidarien eta Arau-hausleen Erregistrorako sarbideak ahalbidetzea. Erregistro horiek daukaten informaziorako sarbidea laugarren klausulan eta hitzarmen honen I. Eranskinean zehazten diren segurtasun-mailekin eta murrizketekin burutuko da.

Ibilgailuen erregistroan matrikulazio berriei, titulartasun- eta helbide-aldaketei eta bajei buruz dauden datuak udalari aldizka ematea, Toki Ogasunak arautzen dituen Legean ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren betebeharrak.

TBNri ezbeharrei buruzko datuak jakinaraztea, ezarritako prozedura kontuan izanik.

Euskal udalei udal-barrutian gertatutako istripuen berri ematea.

Laugarrena.– Udalaren betebeharrak.

Udalak ekintza hauek burutzeko konpromisoa hartzen du:

Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroari puntuak kentzen dituzten zehapen irmo larrien eta oso larrien berri ematea, baita gainerako zehapen larrien eta oso larrien berri ere, Bide Segurtasunaren Legean ezarritako baldintzetan. Helburu horrekin, Bide Segurtasunaren legean araututako trafikoko zehapen-prozedura zorrotz betetzeko beharrezkoak diren antolamendu- eta informatika-egokitzapenak egin beharko ditu.

Adostutako formatuan eta epeetan Ibilgailuen Erregistroari trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zerga zor duten ibilgailuen berri ematea, Toki Ogasunak arautzen dituen Legeak ezarritako kasuetan.

Udal-barrutian gertatutako istripuei buruzko datuak lantzea eta, ezarritako prozedurari jarraiki, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari horien berri ematea, horretarako beharrezko antolamendu- eta informatika-egokitzapenak eginez.

Trafiko-zehapenei buruzko Ediktuen Taulan (Trazet) alta emanda egotea.

Bosgarrena.– Datu pertsonalak babestea.

Alderdiek beren jarduerak burutzeko hauek hartu behar dituzte kontuan: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurriei buruzko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak onartzen duen Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra eta maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuak onartzen duen Gidarien Erregelamendu Orokorra, baita gerta daitezkeen aldaketak ere.

Tratamenduaren xede diren datuak hitzarmen honetan jasotako jarduerak garatze aldera beharrezko lanak egiteko baino ezingo dira erabili, eta ahaleginak egingo dira datu horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabe atzitzea galarazteko.

DGTk, organo lagatzailea den aldetik, auditoretzarako eskainiko dituen sistema eta bitarteko informatikoen bidez, udalak gauzatu beharko ditu jasotako datuen zaintza eta erabilera egokia bermatuko dituzten kontrol-jarduerak. Hori aurrera eramate aldera, DGTk konpromisoa hartzen du organo lagapen-hartzaileak aukeratuko dituen arduradunei beharrezko laguntza emateko.

Organo lagapen-hartzaileak DGTk erabaki ditzakeen kontrolatze- eta gainbegiratze-jarduera guztiak onartzen ditu; horrela, lagatako informazioa era egokian eskuratu eta erabili dela egiaztatzeko.

Kontrol eta auditoretzarako jardueren ondorioz edo salaketaren edo jakinarazpenaren bitartez, organo lagatzailearen kudeaketarako izan gabe datuen, aurrekarien, erregistroen edo txostenen erabilerarekin loturiko edozein motatako irregulartasuna detektatuz gero, berehala eginbideak irekiko dira guztiz argitzeko eta, hala egokituz gero, erantzukizunak eskatzeko.

Seigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau idatzi da Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.1.c) artikuluan ezarritakoaren babesean eta artikulu horren 2. idatz-zatian xedatutakoari jarraituz. Hitzarmenean ezarri ez den guztirako, sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak argitze aldera, lege horretatik eratorritako printzipioak beteko ditu, baita aplikagarriak diren gainerako xedapenak ere.

Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenako auzitegiak eskudunak izango dira hitzarmenaren interpretazioari, betetzeari, amaierari, suntsiarazpenari eta ondorioei buruz ager litezkeen auziak ebazteko, baldin eta sortuko den jarraipen-batzordeak beroriek ebazterik izan ez du.

Zazpigarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmena sinatzean, haren jarraipena egiteko batzorde bat ezarriko da, kide hauek izango dituena: Probintziako Trafiko buruak izendatutako ordezkari bat, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak izendatutako bat eta udalak izendatutako beste bat.

Jarraipen-batzorde horretara egokitzat joko diren teknikariak, alderdiek aukeratuta, joan ahalko dira, betiere jorratu beharreko gaien arabera.

Batzorde hori alderdietako edozeinen eskariz bilduko da, gutxienez urtean behin, gauzatutako lankidetzatik sortuko diren emaitzak eta gorabeherak aztertzeko.

Hitzarmen honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, bere funtzionamendua Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan kide anitzeko organoei buruz ezarritakoaren mende egongo da.

Jarraipen-batzordearen ardurak hauek izango dira:

Hitzarmen honetatik sortuko diren interpretazio- eta betetze-arazoak konpontzea.

Egindako lana eta hitzarmen honen bidez izandako lorpenak urtero ebaluatzea.

Hitzarmenaren betearazpenari aplika dakizkion teknologien, tekniken eta metodoen bilakaerari jarraitzea, egin beharreko jardueren aldaketa alderdiei proposatuz, betiere horrek berekin hitzarmenaren xedea aldatzea ez bakar.

Zortzigarrena.– Aldaketa.

Hitzarmen hau alderdien arteko adostasunez aldatu ahalko da haren xedea hobeto betetzeko beharrezkoa denean.

Bederatzigarrena.– Indarraldia eta suntsiarazteko kausa.

Hitzarmen hau sinatu eta hurrengo egunetik aurrera sartuko da indarrean eta urtebeteko indarraldia izango du. Isilbidez urtez urte luzatu ahalko da baldin eta arrazoi hauengatik suntsiarazten ez bada:

Alderdien arteko adostasunez, idatziz adierazita.

Hitzarmenaren salaketa, edozein unetan alderdietako edozeinek egindakoa. Bestelako erabakirik hartzen ez badute, eraginak izango ditu era frogagarrian jakinarazi eta hiru hilabetera.

Alderdietako baten borondatez, beste alderdi batek edo gainerako alderdiek hitzarmenaren klausuletako edozeinen ez-betetze larria egin dutela oinarri hartuta. Suntsiarazteko nahi hori aurretiaz jakinaraziko du; hain zuzen, hainbat jardueraren jarraipena ez kaltetze aldera, suntsiarazpenaren unean betetzeko bidean diren jardueren beharrezko jarraipena bermatuta utzirik. Bestelako akordiorik ez badute, eraginak izango ditu jakinarazi eta hamabost egunera.

(Trafikoko zuzendari nagusiak emandako sinadura eskuordetzeko Akordioa betez (HAAJ eta APEren 30/92 Legearen 16. art.)).

Trafikoko Buruzagitza Nagusia,

Arabako Trafikoko Probintziako burua,

JUSTINIANO REDONDO BERMEJO.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaria,

GARBIÑE SÁEZ MOLINUEVO.

Aguraingo alkatea,

MAIDER GARCÍA DE VICUÑA QUINTANA.

V. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 14ko 17/2015 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ERRENTERIA UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENAREN EREDUA, EAE-KO POLIZIA-KIDEGOEK HARTUTAKO LISTU-LAGINAK ANALIZATZEAN JARDUNBIDE-EREDU BATERATUAK EZARTZEKO DENA; JARDUNBIDE HORIEN BIDEZ, EGIAZTATUKO DA IBILGAILUAK GIDATZEN ARI DIREN PERTSONEK DROGAK HARTU DITUZTEN.

Errenteria, 2015eko apirilaren 22a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Jesus Maria Zubiaga Nieva, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisara.

Bestetik, Jon Txasko Orgilles, Errenteriako Udaleko Trafiko eta Garraioetako zinegotzi delegatua, azken horren ordezkari gisara.

Bi alderdiek, dagozkien karguen bidez eta eman dizkieten ahalmenak erabiliz, hitzarmen hau gauzatzeko legitimotasun eta gaitasun nahikoak aitortzen dizkiote elkarri, eta, horretarako, hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Bi administrazioak jakitun direla drogen eraginpean gidatzea gizarte-arazo bat dela eta beharrezkoak direla horri aurre egiteko gertakari horren aurkako borrokan eskumenak dituzten administrazioen arteko koordinazio eta lankidetzako antolakuntza-moduak.

Berriki onartutako apirilaren 7ko 6/2014 Legeak, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Artikulatua aldatzen duenak (azken hori martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen), lehen aldiz adierazten du drogak listuan hautemateko gailuen aldeko hautua, egiaztatu baita juridikoki seguruak direla, gidarientzat ez direla intrusiboegiak eta, poliziaren ikuspuntutik, bideragarriak direla. Egia esan, drogen eraginpean gidatzen ote den hautemateko kontrolak orokortu arte itxaron behar izan dugu arazo honi aurre egiteko; hala eta guztiz ere, bideko segurtasunerako arazorik larrienetako bat dela egiaztatu da dagoeneko.

Hain zuzen ere, lege berriaren 12. artikuluan nabarmenki aldatu da drogen eraginpean gidatzeari buruzko araudia: aurrerantzean, drogen eraginpean gidatzen den hautemateko probak listuaren bidez egingo dira, baimendutako gailu batekin, eta ondoren listu-kopuru nahikoa duen lagin bat analizatuz.

Bigarrena.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko lankidetza- eta koordinazio-mekanismo bateratuak behar dituela, polizia-kidego guztien ekintza-baliabideak optimizatzeko asmoz.

Hirugarrena.– Sinatzen duen udaleko udaltzaingoak ez duela baliabide teknikorik drogen eraginpean gidatzen ote den jakiteko analisiak egiteko beharrezkoak diren polizia zientifikoen lanak eta peritu-lanak gauzatu ahal izateko; Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateak, berriz, horretarako beharrezkoak diren azpiegiturak badituenez gero, bi aldeek egoki iritzi diote azpiegitura horiek erabiltzeari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legean aurreikusitako listu-proban lortutako laginak analizatzeko eta, horrela, drogen eraginpean gidatu izan den egiaztatu ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute eta hauek izango dira bete beharreko

ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Helburua.

Hitzarmen honen helburua da esku hartzen duten administrazioetara atxikitako polizia-kidegoek bete beharreko jardunbide bateratuak ezartzea Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko laborategietan EAEko polizia-kidegoek lortutako listu-laginak analizatzeko eta, horrela, ibilgailuen gidariak, edo trafiko-istripu batean parte hartu duten beste pertsona batzuk, edo Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legea urratu dutenak drogen eraginpean zeuden egiaztatu ahal izateko.

Era berean, beharrezko gidalerroak ezartzen dira Ertzaintzako Polizia Zientifikoko Unitateak listu-laginen analisia egin dezan, organismoan drogarik dagoen hautemateko.

Bigarrena.– Hauteman daitezkeen substantziak.

Hona hemen zer substantzia hauteman daitezkeen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren laborategietan listu-probaren bidez:

● Opiazeoak (monoazetilmorfina, morfina, kodeina).

● Kokaina (kokaina, benzoilekgonina, kokaetilenoa).

● Anfetamina (anfetamina, metanfetamina, MDA (3,4-metilendioxianfetamina), MDMA (3,4-metilendioximetanfetamina), MDEA (3,4-metilendioxietilanfetamina).

● Haxixa (THC).

● Ketamina.

Emaitza positiboa baieztatzeko masen espektrometriari atxikitako gasen/likidoen kromatografia (ME - GK) baliatzen da.

Hirugarrena.– Jardunbideak.

1.– Listu-laginak emateko baldintzak.

Hitzarmen hau sinatzen duen Udaltzaingoak bere eskualdeko Ertzaintzaren polizia-etxera eramango ditu probak; azken horiek hoztuta eta behar bezala zainduta egon beharko dute une oro, Polizia Zientifikoari bidaltzeko. Proba horien artean egon beharko dira kontrasterako listu-lagina ez ezik dagokion pertsonari egindako proban baliatutako hasierako testaren osagai guztiak ere, proben poltsa edo ontziaren barruan.

Proba horiek Udaltzaingoaren egoitzan gordeta egon beharko dute, eta une oro bermatu beharko da zaintza-katea, dagokion eskualdeko Ertzaintzaren komisariara eraman arte. 72 ordu iragango dira, gehienez ere, probak hartu zirenetik Ertzainetxera eraman arte.

Zaintza-katea behar bezala bete dela jasota gera dadin, emate-agiri bat bete beharko da, Hitzarmen honen eranskinean ageri den ereduaren araberakoa.

Behar bezala identifikatu beharko dira, betiere, bai probak eramaten dituen Udaltzaingoko agentea eta bai horien jasotzen dituen Ertzaintzako komisariako agentea ere, horien lanbide-txartelaren zenbakia emanez.

Agiri horren bi kopia sinatu beharko dira, esku hartzen duten polizia-kidego bakoitzarentzat bana; gainera, ematearen ziurtagiritzat ere balioko dute.

Ertzaintzaren komisariak Polizia Zientifikoko Unitatera igorriko ditu jasotako probak, dagokion analisia eta, ondoren, adituen txostena egin ditzan.

2.– Bete beharreko agiriak.

Analizatu beharreko laginekin batera aurkeztuko diren agirietan informazio hau jaso beharko da:

● Eskaera atestatu ireki bati dagokion edo ireki beharreko bati; azken kasu horretan hildakorik edota zauriturik (arinak zein larriak) egon den adierazi beharko da.

● Eskaeraren jatorria prebentzio-kontrol bat izan den, edo trafiko-istripua, edo trafiko-arloko indarreko araudiaren urraketaren bat.

● Listu-lagina hartu zaion pertsonaren balizko zitazioa, epaiketa azkarreko zigor-prozeduraren bidez auzipetzeko, zitazioaren data adierazita, hala badagokio.

● Lehen listu-analisian aurkitutako zantzuzko substantziak, baieztatu beharrekoak.

● Zantzuzko listu-testaren lote-zenbakia eta iraungitze-data.

3.– Analisia egiteko eta adituaren txostenaren emaitza jakinarazteko epea.

Analisia egin eta dagokion adituaren txostena idatzi ondoren, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateak eskualdeko komisariaren bidez helaraziko dio Udaltzaingoari, hiru hilabeteko epean, gehienez ere, ematea gauzatu zenetik.

Adituen txostenean ondoko datu hauek agertu behar dira:

● Azterketaren emaitzak.

● Txostenaren erreferentzia.

● Udaltzaingo instrukzio-egilearen izendapena eta diligentziak.

Laugarrena.– Alderdien betebeharrak.

Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unitateak udaltzaingoak emandako laginak jasoko ditu aurreko klausulan ezarritako prozeduraren arabera, eta horien analisia egin ondoren dagokion adituen txostena gauzatuko du. Segurtasun Sailak bere gain hartuko ditu jarduketa horien gastuak, langileen kostua barne.

Hitzarmen hau sinatzen duen udalak, berriz, bere gain hartzen du Segurtasun Sailaren laborategietan baliatutako material suntsikorraren kostua, hots, ibilgailuen gidariak, edo trafiko-istripu batean parte hartu duten bidearen beste pertsona erabiltzaile batzuk edo Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legea urratu dutenak drogen eraginpean zeuden egiaztatzeko baliatutako material suntsikorrarena.

Horrez gainera, Hitzarmen hau sinatzen duen udaleko udaltzaingoak konpromisoa hartzen du hilean behin drogen eraginpean gidatzearekin lotutako atestatuei buruzko datu estatistikoak bidaltzeko Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzara, baita udalean jartzen diren administrazio-zehapenei buruzkoak ere, trafiko-arloko indarreko araudiak ezarritakoaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zehaztuko duen bidea erabilita.

Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko sortuko da Jarraipen-batzorde teknikoa, bi kidez osatua: Segurtasun Saileko ordezkari bat eta dagokion udalaren ordezkari bat. Batzordeko lehendakaria Segurtasun Saileko ordezkaria izango da.

Batzorde horren zereginak hauek dira: hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean eragin daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.

Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez, bai eta alderdietako batek horrela eskatzen duenean ere; akordioak, berriz, adostasunez hartuko dira.

Seigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Lankidetza-hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean alda daiteke, bi alderdiek hala erabakiz gero, eta erabaki berriak gehigarri gisa erantsiko zaizkio dokumentu honi.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.

Hitzarmen hau administrazio arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea bete beharko da.

Bosgarren klausulan aurreikusitako Jarraipen-batzordeari dagozkion eginkizunei eragin gabe, hitzarmen hau garatu edota gauzatzean sor litezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren jurisdikzioaren mende jarriko dira.

Zortzigarrena.– Indarraldia eta amaiera.

Hitzarmen hau aldeek sinatzen dutenean sartuko da indarrean, eta indarraldia 2015eko abenduaren 31n bukatuko da. Hala eta guztiz ere, urtez urte luzatuko da, adierazpen beharrik gabe, alderdietako batek salatzen ez duen bitartean. Beste alderdiari idatzizko jakinarazpena bidaliz gauzatu beharko da salaketa, hitzarmenaren indarraldia edo luzapenetako edozein bukatu baino hilabete bat lehenago, gutxienez.

Hitzarmena edozein unetan baliogabetu ahalko da bi alderdiek hala adostuz gero.

Irakurri ondoren eta lankidetza-hitzarmen honetan adierazitakoarekin ados daudela erakusteko, alderdiek bi kopia sinatu dituzte, goiburukoan adierazitako leku eta egunean, bertan ezarritako klausulekin bat etorrita.

Segurtasuneko sailburuordea,

JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.

Errenteriako Udaleko Trafiko eta Garraioetako zinegotzi delegatua,

JON TXASKO ORGILLES.

ERANSKINA: EMATE-AGIRIA

................................(E)KO UDALTZAINGOA

Listu-lagina 20....(e)ko...................aren....(e)(a)n hartu zen.

Listu-proba egin duten agenteen lanbide-zenbakia: .............

Zigilua jarri eta sinatu duen buruzagitzaren lanbide-zenbakia: ..................

Non gorde den, bidali arte: ..................

Proba garraiatu eta eman duten agenteen lanbide-zenbakia: ...........

Buruzagitzaren sinadura: .........................

ERTZAINTZA

Unitate hartzailea: .......................

Proba hartu duen agentearen lanbide-zenbakia: .................

Harrera-data: ........................ Ordua: ..................

Gordetzen den tokia: ..................

.........................(e)ko Ertzaintzako instrukzio-buruaren sinadura:


Azterketa dokumentala